www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Geroko Gero
Pedro Antonio Aņibarro
(c. 1820), 1923

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Blanca Urgell.

Iturria: Gueroco guero, Fr. Pedro Antonio Añibarro (Blanca Urgellen edizioa). Euskaltzaindia, 2001

 

 

aurrekoa hurrengoa

48. BURUA

 

Sarri konfesatzeak dakartzan onak.

 

 

1 §.

 

        Ikusirik persona asko direala nagiak, atzeratuak, lotuak, gogo gitxikoak sarri konfesetako, berba egingo dot buru onetan, ta erakusi, zeinbat on ta ondasun dakartzan askotan ta sarri konfeseteak; eta zeinbat kalte, gitxitan, meatz egiteak; au ondo gogoraturik, abiatu, aurreratu, prestatu ta oitu dedin bakotxa, sarri ta ondo konfesetara.

        1. Lene[n]go errazoia sarri konfesetako da, konfesinoak pekatuan dagoanari bere pekatu guztiak parkatuten deutsezalako; grazian eztagoanari grazia, ta grazian dagoanari ta santua dagoanari geituten deutsalako grazia, birtutea ta santutasuna. Onetara eranzungo dau batek: Zelan ori alan izan diteke? Zelan konfeseteak azi, askotu, andiagotu lei grazia ta santutasuna lenagokoaren ganean? Bada, konfesiñora elduten dana pekatuan dago, pekaturen bat dau; eta ezpaleu sekula egin, ez leuka konfesatu bearrik. Baña, orrez guztiaz, esan lei azi ta geituten dabela grazia, len euka[na]ren ganera. Bada, presona asko datoz konfesetara pekatu mortalik baga, pekatu benial edo txikerrakaz; bai ta asko datoz lenagoko konfesiñorik oraingora pekatu borondatezkorik arean bage egin eztabenak. Batzuei ta besteai geituten jake grazia; eta pekatu mortalean dagoanari emoten badeutso grazia, edertasuna, parkaziñoa, zer egingo eztau graziazko estaduan dagoan bati? Ze grazia ta ondasunak emongo ezteutsaz arima bati, Jesu Kristoren odol, merezimentuakaz nasturik dagoan sakramentu santu onek? Emen emoten dan graziarik txikienak, munduko ondasun guztiak baño geiago balio dau; ta beste munduan bere, emendik grazia geiagoaz doianari gloria geiago emoten deutse.

        2. Bigarren errazoia sarri konfesetara abiatuteko da, askotan konfeseteak arindu, gitxitu, laburtuten dabelako Purgatorioko pena, ta pena aetan egon bear dan denporea. Ondo konfesetan danari parkatuten jako ta gitxitu zor daben penarik zati bat. Eta ainbeste bider konfesa liteke bat, ta ain ondo, non eldu liteke santua izatera ta zor guztia kitutu ta ordetutera.

        Purgatorioko neke-pena, laztasun ta suan ondo pensetan dabena zaletuko da sarri konfesetara; zeruzko garbitegi onetan bere faltarik txikienak ikuztera, lenbait len konfesetera. Bada, mundu onetako penarik ikaragarrienak eztabe zer ikusi, Purgatorioan igaroten dan penarik txikienaz. Orregaiti bada, oitu ta ekandutu bear gara sarri ta kontuz konfe[se]tara.

        3. Irugarren errazoia da, sarri ta ondo konfeseteak aserrerazoten deutsalako deabruari, kendu bere indarrak, ebagi bere sareak, amuak, lakioak; iges eragiten deutso deabruari; ifinten dau zorabiaturik, zer egin eztakiala. Bekatuan egonik, denpora luzean konfesatu bage dagoan ariman esku andia dau deabruak: an bizi da; aren jabe, nagusi, agintari ta gobernari da. Baña bekatu egin ta bertati konfesetan danari bildur andia deutso; aldegiten da beraganik; ezta agaz fiatzen.

        Zeuk bere ezteutsazu zeure sekreto bat fiatzen persona barritxu, min luze, ao zabal, erausle, berba asko diñozan bati. Bada, Espiritu Santuak diñolez: Adiskidearen sekretoa zabaldu, kannporatu, agertu, salatu ta erakusten dabenak galduten dau iñok agan daben sinistea, eztau merezi iñok gauza ezkutaturik fiatu dagion. Alan bada, deabruak bere dakusanean zuk zeure biotzeko pekatu ezkutatua agertuten deutsazula konfesoreari, ezta zugaz fiatzen, galtzen dau zugan daukan fidantzea ta sinistea. Ikusirik zeure burua salatu ta agertuten dozula konfesiñoan, largatzen zaitu; etzaitu andik atxina len beste bider tentatzen pekaturako; dakusalako eztabela probetxurik aterako, ta ak egiten deutsun guztia konfesoreari agertuten deutsazula.

        Gitxitan konfesetan direanak dira deabruaren egokiak, adiskideak ta serbitzari fielak, leialak; oneek dira bere sekretario sekretoak, ixilak ta denpora luzean euren biotzean pekatua ezkutaturik ta gorderik euki daroenak. Beragaiti bada, bear zenduke zeinbait lasterren konfesatu, alango ugazaba gaistoaren sekretario sekreto-gordegilla ta serbitzaria ez izateagaiti, ari damua ta naibagea emoteagaiti, ari ernegarazo ta gogaierazoteagaiti.

        4. Laugarren errazoia zegaiti sarri konfesatu bear dan da, osoro askotan konfesetan danaren biotzean eztirialako pekatuak gogortuten, sustraituten, barruregi errotu ta sartuten. Esango dozu: Asko dakusguz sarri konfesetan, bai ta lenagoko gaistakeriara biurtzen; jausi ta jagi dabilz; garbitu ta andik laster loituten dira. Zetarako da, bada, sarri konfesetea, garbitu ta ezainduten ibiltea? Ze probetxu dan, diñozu? Bada, dirautsut andia dala. Bada, sarri jausten badira, laster jagiten dira; askotan gaixotuten badira pekatuaz, askotan osatuten dira. Eta osaturik, sendaturik, indarturik dagozan bitartean, jagiak, garbituak dagozanean, dei egin leie Jangoikoak; il leitekez orduan; eta bai salbatu. Eta alan, batean jausi, bestean jagi dabillanak, arriskua badauka bere galduteko; baña ez beti jausirik dagoanak lainbeste.

        Egia da konfesetan zareanean euki bear dozula ez barriro pekatura biurtzeko gogo ta borondate sendo egiazkoa. Baña alan konfesatu ta bere, zeure argaltasun [ta] griña gaistoz biurtuten bazara pekatura, eztozu orregaiti atzeratu bear konfesiñorik. Bada, onela etzara gogortuko, ustelduko, arrituko pekatuan. Sarri garbitu ta erabilten dan ezpatea, prest dago arin garbituteko. Baña gitxitan dabillana, lurrean edo ezkotasunean datzana, ugertuten da, magiñan josirik ta oraturik legez dago; alangoz eze, nos gero bear dozunean, ezin aterarik zabilz; arerioak zugaz gura dabena egin lei. Au berau jazoten jako denpora luzean konfesatu baga dagoanari, pekatuan ugertua, artua, oratua, josia, gogortua, eransia dagoanari. Gaixotasuna jatorkonean, eriotzea aurrez aur ifinten jakonean, arerioaz batuten danean eztago oiturik, eztago prestaturik; ta prestatu ta abiatuten dan bitartean, egiten dau arerioak berea, ta gura dabena.

        Dabid profeta santuak diño: Gaubaz egin ta ateretan nituan nire pekatuen kontuak ta gogoetak; ta gero iñarreaz, izuzkiaz igaroten neban neure konzienzia. Bada, iñarreaz sarri igaroten dan etxea, erraz garbituten dan legez; eta urtean bein baño garbitzen eztana, nekez ta gatx garbituten dan legez, dituan sastamarra, auts, amaraun ta loikeriak gaiti: alan, sarri konfesetan dana laster, arin, erraz garbituten da; baña nekez gitxitan egiten dana; zerren luzekor ta berandukor, nagi, nasai, epelai pekatu ta loikeria asko eransi, oratuten jakazan. Beraz, sarri askotan garbitu eta konfesatu bear da.

        5. Boskarren errazoia sarri konfesetako da, konfesiñoaren bitartez biztu ta kobretako graziazko egoeran zengozanean egin zenduzan gauza onak, zeintzuek zirian ordu atan obra biziak, meritugarriak, eta gero pekatu egiñaz il ta amatau zirean. Au ondo adituteko, jakin bear dozu lau erako, moldeko edo suerteko obra idoroten direala, orain gure konturako ondo datozenak.

        Lenengoak dira obra edo egite biziak; eta dira graziazko egotaldian edo pekatu mortal bage zengozanean egin zenduzan obra onak. Bigarrenak dira obra iltzalleak, eriotzea-emolleak, arimea ilten dabenak, eta dira pekatu mortalak. Irugarrenak dira obra illerazoak, ilduak, ilduratuak, loak artuak, sortuak; eta dira arako graziazko estaduan egin zirean obra on guztiak, pekatu mortalean gero jausi ezkero, geldituten direanak illik legez, bizitzarik ezpaleukan legez, ta zeruko gloriara eroien bidetik kanporaturik, alderaturik geldituten direanak; esturik, loturik legez. Bada, obra illeratu, lotu, loak artu oneek biztu, bizkortu, barrirotuten dira ondo konfeseteaz. Konfesiño santuak kendu ta ebagiten deutsee pekatuak ifini eutsezan lokarriak, kateak, eragozgarriak.

        Laugarren obrak dira egite illak: eta dira pekatu mortal eriotsuan zagozala egiten dozuzanak. Pekatu mortalean zagozanean egin daroazuz gauza on asko: barauak, oraziñoak, limosnak ta beste obra miserikordiazkoak. Oneek guztiok berez, bere egitez ta izatez dira obra onak. Baña presona il batek ezin leikean legez obra bizirik, ta zu orduan illik zagozalako graziaren bizitzea baga, gai onetan zure egite on guztiok dira illak, balio gitxikoak ta zeruan sarituko eztireanak. Eta alan, errukigarria da pekataria bere alper-egiteagaiti bere: bada, pekatu mortalean dagoanean, bizitzarik eztabe bere lan egite onenak. Beste kalterik ezpalego bere, onegaiti bear zenduke zeinbat lasterren konfesatu.

        Onetara esango dau batek: Ori orrela bada, pekatuan nagoan bitartean ez dot atera bearrik baraurik, ta utsak izango dira nire oraziñoak, deboziñoak, errosarioak, mezenzutea ta beste egite onak. Ez, eztira orduan bere larga bear; orduan dira bearragoak, Jangoikoak lagundu daizun pekaturik urteten; orduan bere zerbait balio dabe, zerurako ta zeruan sarituteko ezpadira bere, baña bai lagunduteko biotza bigunduten, munduko ondasunak erdetsiteko, graziako bidera ekarteko, pekatu gitxiago egiteko, pekatuan ez gogortu ta ez ustelduteko, ekandu onetara egiteko, ta beste makina bat gauzarako. Alan erakusten dau Santo Tomas dotoreak. Jangoikoak bere ontasunagaiti aetarik artuten dau bidea, obra onak egiten dituanari, pekataria ta pekatuan datzana bada bere, on egiteko, eskua emoteko, argiak biraltzeko, bide onera ekarteko, falta jakana betetzeko. Eta bitartetasun ta laguntza onegaz abiatu, asi ta prestatzen da pekataria grazia irabazteko.

        Orregaiti bada, dana dala, ta pekatuan bazagoz bere, egizu on, ez larga oraziñoak ta deboziñoak; bada, aldez edo moldez zerbait balioko deutsue; baña ez konfesatu baziña legez. Eta alan, obe da denpora alik gitxienean bere pekatuan ez egotea ta sarri konfesetea.

        6. Seigarren errazoia zegaiti sarri konfesatu bear dogun da, zerren urtean bein baño konfesetan eztanak, dirudi nai ta nai ez, bearturik, premiñaturik, borondatearen kontra konfesetan dala; ta adietara emoten dau, bearturik ezpalego, ez litekela orduan bere konfesatuko; eta onelakoen konfesiñoak entero gitxi balio dau. Komunki pekataria pekatu egin barrian bildurrago, estuago, larriago, antsiatuago dago, andik urte bete baño. Bekatu baten jausten zareanean, albait lenen ta ordu berean konfesatu bear zintekez. Bada, luzetuten badozu, aztuteko peligruan ifinten zara; eta ez bakarrik ori, baña bai ta pekatu geiagotan jausteko arriskuan, diño San Gregorio dotoreak.

        Itanduko bazeunskio luzaro gaixorik dagoan bati, ea zelan eztan osatuten. Eta eranzungo baleuskizu alan dagoala osagarri bat ez artuteagaiti, osagille bati ez deituteagaiti, mirarituko zintekez, ta errazoiaz esango zeunskio ero zoro burubage bat dala. Alan da, bada, zenzunbagea, konfesoreagana, arimeko medikuagana ez joateagaiti urte guztian, ain denpora luzean, garizuma edo aste santugiño arimako gaixotasunean dagoana bere. Buruko min batek, kalentura sukar andi batek edo beste gaixotasun bizi kontrako batek artzen zaituanean, bertati, bereala, lenbait len zoaz erremedioaren billa, osagillerik onenari deituten deutsazu. Zegaiti, bada, gorputzeko gaixotasunean egiten dozuna eztozu arimeagaiti egingo? Orren gitxi balio dau ta orren gitxitan dozu zeure arimea?

        Zorrak dituanak, baldin prestua, kontuzkoa bada, poztuten da aek kitutzeaz, zeinbat lasterren pagatzeaz. Pekatuak zorrak dira; ta onegaiti egunero dirautsagu Jangoikoari: Parkatu eiguzuz gure zorrak. Eta, zelan maiordomo edo otsein batek, baldin kontu onak, zuzenak, garbiak emon gura badeutsaz bere ugazabari, eztan egoten urtearen buru ta azkeneraño kontuak ikusi baga ta bere nagusiaz berba egin bage: alan guk bere, baldin gure arimeko kontuak emon gura badoguz kontuz, ziur, artez, ondo ta zorrotz atera ta kitutu, eztogu urtearen kabugiño, garizumagiño larga, itxi ta luzetu bear. Konfesiñoa da Jangoikoaz berbatu, kontuak emon ta pagatzea.

        Eta zuk, esan ta uste izanagaiti garizuman edo Pazkoan konfesatuko zareala; orduan kontuak atera ta emongo dozuzala, orduan zorrak kitutuko dozu[za]la, engaña zindekez, uts egin ziñei uste uts orretan. Zer dakizu iraungo dozunez bizirik garizumagiño? Orain zuk gura eztozu; eta gero Jangoikoak gurako zaituanez? Jangoikoak eskeñi ta promestuten deutsu zeure pekatuen parkaziñoa, baldin ondo konfesetan bazara, nosnai, edozein denporan, garizuma ondoan bada bere; baña ezteutsu promestuten, ez segurantzarik ta baiezkorik emoten, itxarongo deutsula garizumagiño.

        Gauza arrigarria, ta zorakeria guztien [ganeko] erokeria da, pekatu mortalean egonik, gau bat igarotera benturatutea, arriskatutea. Bada, asko doaz arratsean sendorik oera, ta eztira bizirik goxean jagiten. Peligruan ibilli gura dabena, peligruan galduko da, diño Espiritu Santuak. Bada orrela, seguruan jokatuteko, ezta urte osoan pekatuan egon bear, ezpada lenbait len, laster ta sarri konfesatu.

        7. Zazpigarren errazoia sarri konfesatuteko da, alan konfeseteak biotzari emoten deutsan atsegin, konsolamentu, poz ta zabaltasunagaiti. Meatz, gitxitan, berandu konfesetan danari, gatx nekezkoa egiten jako konfesetea; lotsa da, bildur da, estura larrituan ikusten da. Alangoak egunetik egunera, gari[zu]maren asieratik azkenera luzetuten dabe konfesetea; eta batzuetan denpora ori bere largatzen dabe. Eta au berau egin daroe gaixotuten direanean bere: egun baterik bestera luzatuten dabe; beti geroko uste falso engañagarriaz: gero Jangoikoak gogoa ta astia emongo deutseela; gero burua obeto eukiko dabela; egun batzuetan larga legiela; epe ta denpora obe bat etorriko dala. Eta onelako luzementuetan dabiltzeela, zeinbat eta zeinbat konfesiño bage ilten eztira?

        Gitxitan orraztuten danak, lenengo orraztutean, lenengo aldian orrazia nekez igaroten dau, min egiten deutso; ulleak nasturik, izurturik, alkar oraturik daukazalako. Baña sarri orraztuten danak eztau gatxik idoroten, eztau minik artuten, erraz orraztuten da. Onela bada, erraz orraztuten da bere ariman, urtearen buruan sarri ta denporaz konfesetan dana: pekatuak ditu gogoan; guztiaz gomutetan da; laster konzienziako billakuntza egiten dau; guztiak agertuten ditu konfesiñoan; guztiez salatuten da; eztau eragozpenarik aurkituten; guztia jatorko eraz ta erraz; eztau minik artzen; dendatuten da pozik konfesetara.

        Enzutea, jakitea ta ikustea bera, sarri konfesetan dala bat, asko da besteak a eukiteko ontzat, prestutzat; eta bai uste izateko, gitxitan konfesetan dana eztala kristiñau debotoa, kontuzkoa, begiratua. Bada, bere buruaz ta bere arimaz kontu ona emon gura dabena, ondu ta obetu bere bizia, jadetsi bere pekatuen parkaziñoa, seguratu bere salbaziñoa, geitu grazia, iges egin Purgatoriotik, goiartu deabrua, benzutu tentaziñoak, ez gogortu pekatuan, ez galdu bere egite onen saria, ta irabazi bakea, pozkaria ta zerua, konfesatu bedi sarri, ta ondo prestaturik; larga baga konfesiñoa gerotik gerora; luzetu baga garizuma ostera; ta batez bere konfesetan dala iru Pazkoetan, Ama Birjiña Abustukoan ta Domnus Santuetan. Au, nagien nagienak; baña persona kontuzkoak, illero; birtuosoak, amabostean bein; espiritualak, astero; edo konfesariak dirautsen denporan.

 

aurrekoa hurrengoa