www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Geroko Gero
Pedro Antonio Aņibarro
(c. 1820), 1923

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Blanca Urgell.

Iturria: Gueroco guero, Fr. Pedro Antonio Añibarro (Blanca Urgellen edizioa). Euskaltzaindia, 2001

 

 

aurrekoa hurrengoa

46. BURUA

 

Zeruko bidea errazago da infernukoa baño.

 

 

1 §.

 

        Onen aurreko buruan esan danaz agiri da Jangoikoaren lege santuaren kargea arina dala, ta jasoteko erraza. Baña kargea da, ta karga izanik segurubere nekeren batzuk eukiko ditu; eta, barriz, infernuko bidean dabiltzenak idoroko ditue atsegiñak, gozorotasunak. Orain, bada, dakusgun ea zeinek daben gozo, poz, atsegin edo neke pena, naibage geiago, zeruko bidean dabillanak ala infernukoan. Baña, duda baga, infernuko bideari darraionak neke geiago, karga astunago darabil. Eta orrenbeste ze, karga astun au ezin jasorik, ziñoan Dabid profeta santuak: Ene pekatuak igaro, erdibitu ta mindu dabe nire burua; ta karga astun batek legez zapaldu, beeratu, azpitu nabe guztiau.

        Onegaiti dirautse Jangoikoak karga onegaz astundurik, arikaturik, gogaiturik dabiltzenai: Erdue nigana nekepeturik, astundurik zagozan guztiok, ta nik arinduko zaituedaz; nik, karga astun ori kendurik, beste arinago bat emongo deutsuet. Onetan esan gura dau, San Agustinen ustez: Kenduko deutsuet kargea; baña etzaituet karga baga itxiko. Kenduko deutsuet karga gaistoa, ta emon ona; kenduko deutsuet mundukoa, ta emon zerukoa.

        Birtuteak, Jangoikoa serbieteak baukaz bere neke ta aldats gorak; ta bai pekatuak bere bere atsegiñak, gustuak, kontentuak. Baña, alanbere, birtutearen neke penak gozoagoak dira, pekatuaren atsegiñak baño. Alan diño San Agustin berak: Gozoago, eztitsuago dira, diño, oraziñoan izan oi direan negarrak, komedian, dantzetan, solasetan, munduko olgura atseginezkoetan dabiltzanen barreak baño. Ikusiko dozu persona deboto bat okelu ezkutu batean negarrez ta zizpuruka oraziñoan dagoala. Bai ta ikusiko dozu oraziñorik, deboziñorik, gauza onetarako gogo apur bat eztaukan bat, beti jente artean, barriketan, jokoan, dantzan, olguretan dabillan bat. Bada, orain zuri eretxiko jatzu ezetz; baña bere ixilian ta ezkutuan oraziñoan dagoana beroago, pozago, kontentuago dago bere barruan, munduko atsegiñetan dabillana baño. Jangoikoak bere graziaz ta mesedez gozotu, eztituten ditu deboziñoan dagoanaren negarrak; ta persona berak bere asmetan ditu gozotasun zeruzkoak negarren ondoan. Dolorez dago, ta doloreak emoten deutso atsegiña, diño San Agustinek.

        Dakusunean arima bat negarrez urtuten bere pekatuen damu egiazkoaz, usteko dozu triste jausia dagoala; baña ezta alan; bada, pozik dago, poz arren poz negar egiten dau. Eztira, ez, negar guztiak doloretik datozan[ak]; badira gozotasunetik jaioten direanak bere, diño San Anbrosiok. Arima debotoen zizpuruak oraziñoan ta penitenziazko nekeetako negarrak, pozetik, atseginetik etorri dira. Onetariko negarrak dira larrosa lorak aranza artean. Egur ezeak egiten dau negar ta egiten dau garra; sua datxaka ta ura dario. Onela, presona on garbi deboto jangoikoti batek nasturik ta batera eukiten ditu negarra ta barrea, nekea ta atsegiña, tristura ta poza; kanpoan triste, barruan poz; eta barruko pozak goituten dau kanpoko tristetasuna. Zerren tristura a bere naiaz ta borondatez, bere onerako artuten dau; ta aren ondoren itxaroten dau pozkaria.

        Alakoagaiti diño Elexa santeak, nekean deskansua, beroan freskura, negarrean atsegiña emoten dabela Espiritu Santuak. Alangoagaitik diño Dabid santuak, bere eskuetako nekeak jango dituala. Lan bear bat egiten dabenak andik jatorkan irabazia jaten dau, ta ez lana bera. Ta onegaiti diño Dabidek, arima justuak bere eskuetako nekea, bearra ta lana jaten dabela. Errazoiaz diño ori; bada, justu men batek neke atan, janari gozo bat jatean legez, artzen dau atsegiña ta gustua.

        Kristiñau on batek jaten ditu mundu onetan bere nekeak, lan, bearrak; ta beste munduan oneek dakarren irabazia, saria, frutua. Zergaiti ze, neke aetan, barau egitean, oraziñoan egotean, negar egitean, eperra jatean baño gozotasun andiagoa artzen dau. Dabidek ziñoan: Nire gaubeko ta egunezko ogia, negarrak izan dira. Ogiz ase betetzean baño, atsegin geiago artuten neban negar egitean.

        San Agustinek diño: Pekatari gaistoak munduko andikerietan, arrotasunean, apaindura banerizkoetan, ondasunetan artzen dabe atsegiña; baña Jangoikoaren serbitzari onak karzeletan, presondegietan, nekeetan, gatxeetan. Ta santuak gozotasun ta poz geiago ta beteago artzen dabe Jangoikoagaiti igaroten dituezan neke, krutze, minetan, gaistoak lurreko gozorotasunetan baño. Bada, San Agustinen esatez, andiagoa da arimaren konsolamentua, gorputzarena baño; barrukoa, kanpokoa baño; adimentu ta gogoarena, sabelarena baño.

 

 

2 §.

 

        Zelan gaistoak, munduko atsegintasunetan, danzetan, amorentasunean, jan-edanean ta beste pozkarietan dabiltzenak, eztaben ikusten barauaren, oraziñoaren, birtutearen barruko mamiña, kanpoko azala baño, eztabe probatuten penitenziazko gauzeetan estaldurik, barruturik, gorderik, ezkutaturik dagoan atsegiña, ona ta gozarotasuna.

        Desoneskerian itsuturik dabillanak eztau uste bizio onetara emon baga bizi al leitekela. Eta badirautsazu asko direala pekatu oni eztarraioenak, eztau sinistu gura. Jokolari batek, biraogille, auzilari, edale, dantzalari ta beste onetarikoak uste dabe, aetan dala atsegin guztia. Eta birtuteak, santutasunak, Jangoikoa serbitzeak, mandamentuak gordeteak ez dabela bapere gusturik, ezpada naibagea, tristura, atsekabea. Baña engañetan dira: eztakie zer diñoen. Eztabe eguño probatu, eztabe iños Jangoikoa serbitu; ta onegaiti diñoe gatx dala ori egitea, bizitza garbi on bati jarraitutea. Probatu eztaben janaria gorro[ta]tuten dabe; ez dazauen gauza despreziaten dabe. Gatx da itsu batek kolorearen barria eukitea; gorria bada, zuria, baltza, nabarra bada erabagitea.

        Santu guztiak esan, erakusi ta eskribitu dabe, Jangoikoaren buztarri santua arina dala, aren legea erraza dala. Beraz, onei, probatu ebenai legez sinistu bear deutseegu, ta ez onen barririk, pruebarik euki bage, deungero berba egiten dabenai. Jangoikoaren lege santua kontuz gorde daben guztiak diñoez milla alabanza legearen fabore.

        Deabruak emoten deutseez bere serbitzari gaistoai atsegin ta kontenturen batzuk. Zer, bada, Jangoikoa izango [da] ain gogorra, eskasa, laburra, prestueza bere serbitzari maiteai gozotasun, atsegintasun, olgurazko pozkariren bat ukatuko deutseena? Deabru madarikatuak bere adiskide zorigaistokoai baño, atsegin andiagoak, beteagoak emongo ez al deutsaz Jangoikoak bere adiskide fiel maiteari?

        Eta eztot orain berba egiten beste mundukoaz: angoaz ez da dudarik. Bada, an gaistoak izango dira sekulako penatuak, kastigatuak, minduak; onak, barriz, betiko zorionduak, sarituak, gloriatuak. Bakarrik diñot orain mundu onetakoaz; eta diñot, mundu onetan bere onak atsegin gozoagoak, ugariagoak dituela, gaistoak baño, deabrua ta pekatua serbietan dabenak baño.

        Egiau emon eutseen adirazotera Jangoikoak Malakias profetaren aotik jente batzuei, zirautseela: Biurtu zaiteze nigana, bide onean ifini zaiteze, ta ikusiko dozue ze diferenzia andia dagoan onaren ta gaistoaren artean; Jangoikoa serbitzen dabenaren ta deabrua serbietan dabenaren artean. Esan baleu legez: Beste mundura igaro baño len, ango sari ona artu baño len, orain emen mundu onetan onduten zarean ordu berean ezagutuko dozue onaren ta gaistoaren diferenzia; bataren poza ta bestarean tristura; bataren bakea ta bestearen gerrea; bataren atsegiña, konsuelua, kontentua ta gozotasuna; ta bestearen naibagea, atsekabea, biotz-jausia, gogaitasuna; bataren amorea, gustua, biotz zabala, ta bestearen atzerapena, ernegua ta bakebagetasuna. Bai ta ezagutuko dozue gaistoak baño zorion, poz ta atsegintasun geiago dabela onak munduan bertan.

        Egun baten itandu eutsen Apostoluak Jesu Kristori: Jauna, guk itxi ta larga ditugu gauza guztiak zure amoreagaiti, ta jarraitu deutsugu; zer emongo deuskuzu, ze sari izango da gurea, onenbestegaiti? Eranzun eutsan Jesus maiteak: Egiaz dirautsuet, seguratzen zaituet, nigaiti itxiten dituanak bere etxea, bere anajea, arrebea, aita ta ama, artuko dituala emen munduan, larga dituan gauzak gaiti eun bider geiago; ta gero beste munduan betiko bizitzea ta gloria. Aramen zelan aitetuten daben mundu onetako saria ta etorkizunekoa; eta zelan, bataz ta besteaz diferenzia eginik, esaten daben Jangoikoak bere amore, bere Ebanjelioagaiti zerbait itxiten dabenari, emongo deutsala mundu onetan bertan bere eun bider geiago, ta gero zeruan sekulako gloria. Emen da agiri, mundu onetan bere Jangoikoaren serbitzariak daukala saria, alogera, pagua, atsegiña ta zoriona.

 

 

3 §.

 

        Batek jakin gurako dau, ea au zelan jazo litekean. Bada, eztakusku Jangoikoak emen mundu onetan onai, justuai, santuai orrelako gauza andirik emoten deutseela; ez eta kargurik, onrarik, andikeriarik, aberastasunik ta ondasun ugaririk. Eta askotan kontrara, dakusguz onak gaistoak baño pobreago, beartsuago, premiñaz, minez, gaixotasunez beterik. Zelan, bada, adituko da emongo jakeela mundu onetan bere, larga dabeena baño eun bider geiago? Ezta gatx eranzutea. Adietan da Jangoikoak onai emoten deutseezala alako doeak, graziak, mesedeak, ondasunak ta aberastasun espiritual arimazkoak eze, eurok dira munduko atsegin gorputzezko guztiak alkar batera baturik baño andiagoak, egiazkoagoak, balio geiagokoak.

        Jangoikoaren esker, mesede, atsegin ta gozotasunak arima barrukoak dira. Eta barruko atsegiñak preziatuagoak, estimagarriagoak, beteagoak dira, kanpotik gorputzak dituenak baño. Santu guztiak zoriondu, doatsutu, lagundu, mesedetuten ditu Jangoikoak, diño San Agustinek. Baña non? Barruan, biotzean, ariman, iñok eztakusan lekuan.

        Baldin itxiten badozuz kanpoko atsegiñak, lurreko gauzak, gorputzeko olgurak, emongo jatzuzan arima barrukoak izango dira eun biderturik geiagotuak, askotuak, andiagoak, gozoagoak. Eta, baldin gorputzarenak largarik, probatuko bazenduz arimarenak, nazkagarriak irudingo litxakezuz gorputzarenak. Andik ara, len on ta gozo egiten jatzun atsegiña ta gustua etzenduke gura izango, ez ikusi, ez aitetu bere: gorroto artuko zeunskio. Bada orduan, alangoz argituko liteke zure adimentua ta aldatu zure lengo gogoa, ze irudituko litxakezu, usteko zenduke lenik zireanetik beste kolore bat artu dabela gauza guztiak.

        Jangoikoaren serbitzariak dirudie kanpotik pobre, despreziagarriak, eze[re]zak, atsekabetuak, erdi illak. Baña, San Pablok diñoan legez, barruan darabilde gorderik bizitzea, zein dan Jesu Kristo; illik legez dagoz, baña biziro bizi dira Jesu Kristogan. Eta Jesu Kristok eukan legez bere jangoikotasuna barruan estaldurik, ta kanpotik zirudian pobre beartu txiki bat, alan aren serbitzariak ta adiskideak bere euren Jaunari darraioela, dirudie kanpotik gauza gitxi ta ilun tristeak, baña euren barruan pozik ta gozotasunez beterik dagoz.

        O ze andia dan, ziñoan Dabidek, Jangoikoak kristiñau fiel ta berari bildur deutsenentzat gorderik, ezkutaturik, estaldurik daukazan gozorotasunak, maitetasun ta zorionak. Ain andiak ze, probatu dabenak baño ezin ezagutu ta jakin lei zelakoak direan. Ikusi egizue, diño Dabid berak, ze gozoa, ze maitegarria dan Jangoikoa: bada, ezta askori dirudien beste latz eta gatx. Oraindiño emon zarean legez deabrua serbitzen, emon zaite emendik aurrera Jangoikoa serbietara, ta orduan ikusiko dozu ze gozoa, ze zalegarria, ze eztitsua, ze atseginez betea dan gure Jangoiko maitea.

        Birtuteak, prestutasunak, ondo biziteak dakarren legez poza, kontentua, gozotasuna, bakea, alan pekatuak, bizioak, gaistakeriak dakardez eurakaz naibagea, tristura, disgustu, atsekabe andiak, gogaikarriak, minduak; eta, ain andiak eta latzak eze, baldin infernurik ezpalego bere, pekatua bera berez da ain ezaina, itsusia, bere buruarentzat ain penagarria ta kastigua; ta onegaiti gorde bear gindekez pekatu egiterik.

        Jokolari batek interes baga, txantxetan, irabazteaz probetxurik eztabenean bere, ez [galduteaz] kalterik, orrez guztiaz atsegin artzen dau irabazteaz ta naibagea galduteaz. Zerren irabazteak berez dakarren atsegiña, ta galtzeak damua. Onela, bizitza ona egiteak, zerurik ezpaliz bere, berez dakar kontentua ta atsegiña; ta gaistoa izateak, infernurik ezpalego bere, berez dakar nekea, naibagea, bildurra.

 

 

4 §.

 

        Batzuk uste dabe pekatua gozoa dala, gustu onez beterik dagoala; baña ezta alan. Bada, batetik, aren atsegintasuna ezta egiazkoa, ezpada uts ustekoa, engañuzkoa; ta au bere ezta ez pekatuarena, ez pekatutik jaioten dana; ezpada pekatariarena, pekatari beraganik ta pekatuaren eragingille deabruaganik datorrena. Txakurrak bidean idoroten daben azur gogor leorra gozoro darabil aoan, ez azurrak beragaz dabelako maminik edo koiperik, ezpada erabilli utsez, txakur berari aotik odola erionik, gero odol agaz batean azur siku a on gozo iruditen jakolako. Alan bada, pekatariari bere iruditen jako bere pekatu leorra on, gozo ta eze, ez zerren pekatuak berak beragan ontasunik, gozotasunik daukan, ezpada pekatariak daukalako bere gogoa ta biotza pekatu atan ifinia; eta deseo ak emoten deutso gogo ta gustua pekatari ari.

        Beinbaten israeltarrak egon zirian ain egarriak illik ta igarorik, ze Jangoikoak, aen premiña ikusirik, emon eutsen arri atx baterik aterarik, iturri-ur fresko bat. Eta gero, atarik edan ebenean, esan eben a ura etzala ez ura, ezpada ura baño obea ta munduko ardao guztiak baño gozoagoa, ta eztiaren parekoa. Eta, zek emon eutsa[n] ur ari gozotasun, eztitasun zalegarri a? Euren deseoak ta egarriak, egartsurik egoteak; zerren, bestela, beste urak legez zan a ura. Onela bada, emoten deutso pekatuari bere gozotasuna gure gogoak, naiak, deseoak, egarriak ta deabruak. Ez dau pekatuak beragan ezpada ustezko, irudipenazko, engañuzko gozotasunik.

        Eta deabruak pekatuari emoten deutsan gozorotasun azalezkoa bere, nai ta nai ez emoten deutso, ez borondatez. Baldin bestela eragin al balei pekatu, ez leuskio emongo munduan dan atseginik txiki, izpi, apurrena. Arraintzalleak egozten dau amua uretara, edo kañaberaz, edo butroietan jateko batzukaz; baña ez ori arraiñaren errukiz, ez ari jaten emoteagaiti, ezpada ezin bestela engañatu, atzitu, eskuratu ta beragandu leizalako. Alantxe deabru asmutsu gaistoak bere emoten deutsaz pekatariari atsegin ta gozaldi batzuk, ez emon naiz, ez gogo onez, ezpada ezinbestez, ezin bestela atzemon, atxitu, segurutu dituelako pekatariak.

        Eta deabruak emon daroan engañamentuzko gozotasun ak bere, danik andienak bere, gitxi irauten dau, baña asko ondoko pena ta atsekabeak. Pekatuaren atsegiñaz berba egiten ebala, Sofar Job santuaren adiskideak ziñoan: Mundua danetik ona, gizon[ak] gizon direanetik oraindiño, dakust ta dakit gauza bat, eta da: gaistoen alabanzea laburra dala; ta oraindiño laburrago, ta izpi txiki bat legez, ipokrita falsoen poza ta atsegiña. Ipokritaren santutasuna legez da pekatariaren atsegiña ta poza. Ipokritak kanpotik dirudian legez santua, debotoa, baña barrutik da gaistoa, arrotua, maliziatia; alan bekatariak bere kanpotik, azaletik dirudi dagoala pozik, kontentu, atseginez betea, baña barruan triste dago, ilun ta jausia.

 

 

5 §.

 

        Gaistakerian dabillanak, mundu onetan bere, atsegin baño naibage ta neke geiago igaro ta irunsi bear dau. Lapur batek zeinbat neke, bildur ta ikara igaro bear eztitu, bere lapurkeria egiteko? Arerioturik dagoan batek zeinbat naibage, zeinbat gogo triste igaro bear eztitu, bere arerioaz bengetako? Engañatzalle falso batek zeinbat gogoraziño, asmu, itzul-inguru egin bear eztitu, bere falsiaz baliatzeko? Desonestu batek zeinbat egun triste, gau txar, zeinbat lotsaria irunsi bear eztitu, amorentasunean dabillan bitartean? Guzurtiak zeinbat guzur, zeinbat labankeria, zeinbat berba eder saldu bear eztitu, bere guzurra estalduteko, edertuteko, egiatzat emoteko?

        Beti legez, emen bere ederto berba egiten dau San Juan Krisostomok: Persona ederrak ta etxura onekoak ez dau kanpoko edergarri ta apainduraren bearrik ondo eretxiteko; bada, bera beragan da ederrik asko ondo iruditeko. Baña etxura txarrekoak, ezainak, itsusiak bear ditu estalgarri asko, bernizadura, soñeko eder galantak; ta oneek guztiokaz bere, obeto egingo leuka etxean egotea; an legoke edertoenik. Ala jazoten da birtuteaz ta bizioaz, santutasunaz ta dongetasunaz, egiaz ta guzurraz.

        Egiak, birtuteak ez dau apaingarriren bearrik: bera da ederrik asko. Guzurrak bai: onek edergarri ta estalgarri asko bear ditu; ta, orrez guztiaz, ezta beinbere ondo edertuten, estalduten. Baldin guzurtiak bere guzurra egiatzat igaroko badau, asko neketu bear da: bateri ta besteari zer eranzungo daben asmatu bear dau lenagotik; gogo, akordu, gomute onean egon bear da. Zerren esan oi dan: Errena baño, guzurtia lenago kojietan da; guzurrak oñak eta zanak labur ditu.

        Zer esango dogu, bada, desoneskeriako bekatuan sarturik dabillanaz? Bekatu loi zikin lotsagarrizko onetan artzen dan atsegiña, egia esateko, ezta atsegiña, ezpada naibagea, atsekabe ta penea. Ikusiko dozu gizon gazte bat ta batzuetan, gaistoago dana, zar bat bere bai, gaubak galdurik, ondasunak urturik, gorputza argaldurik, biotza jausirik, bere onra ta kreditua gitxiturik, emakume galdu bati darraiola. Bai ta ikusiko dozu beste persona on garbi onestu bat, onelako pekatu ezainetarik igeska dabillan bat. Orain, bada, bi oetarik zein uste dozu dagoala pozago, kontentuago, atseginduago? Zeinek igaroten ete ditu gaubak ta egunak geldiago, tristura gitxiagoaz? Eztago ori itandu bearrik. Zeuk autortuko dozu mundu onetan euki dozuzan gatx eta naibage guztiak, edo beintzat geienak, batera edo bestera, aldez edo moldez etorri jatzuzala desone[s]keriako pekaturik. Eta, baldin egia esan gura badozu, pekatu aetan atsegin baño, naibage ta disgustu geiago euki zenduan. Eta au berau jazoten da beste era guztiko pekatuetan.

        Ez da gaistakeria baño gauza nekezkoagorik; eta ez artan artuten dan nekea baño gauza galduagorik. Bada, ezta neke atan [beste] fruturik bilduten, ezpada kaltea, desonrea, atsekabea. Orregaiti San Pablok itanduten eutseen bizio onetan ibilli zirian batzuei: Ze frutu, ze irabazi euki zenduen orduan, orain aitetutera bere lotsa zarean pekatu loi atan?

        Bekatuaren kastigu andienetarik bat da lotsea. Artuten dozu deabru gaistoa nagusitzat, ugazabatzat, ta lotsa zara esaten aren agindupekoa zareala. Gaistoa zara, baña gura eztozu gaistotzat euki zaiezan. Zeuk egin dozun pekatua eztozu aitatu gura; desonratzat dozu a izentatzea. Errukigarria[k] ta on bearrak dira gaisto okerrak. Bada, euren adiskideak bere, agirian ezpada bere, bere kontra berba egiten dabe ixilka, kapapetik, ezkutuan. Baña gizon prestu, on, garbi, zuzen bategaiti guztiak, bere areriogiñokoak bere, euren biotzetan bada bere, ondo berba egiten dabe.

        Baña, orrez guztiaz, alan bada bere, gura[go] dabe gaistoak euren lotsa, desonra ta neke guztiaz kontrako bidean ibilli, bide onean, artez ta zuzenean neke bage baño. Gauza asko egin leiz Jangoikoaren serbizioan neke labur arin gitxiaz. Ze neke dago egiaz berba egitean? Testimonio falso guzurrezkorik ez eregitean? Kristiñau lagunari parkatutean? Juramentu, birao, ernegurik ez egitean? Kontra[ra] bai, bestela egitean neke andia dago. Bada, guzurrak, testimonio falsoak, biraoak ta arerioaz benganza artuteak makina bat buruko min, okasiño ta errierta biztu, erne, sortuten ditu. Eta, alanbere, gurago dogu infernutik infernura joan, zerutik zerura baño. Mandamentu santuak kunpli, bete ta gordeteko eztogu neketu bearrik, ez beintzat austeko lainbeste; ta, orrez guztiaz, neke, latztasun, gatx guztiakaz bere, naiago dogu infernura joan, neke bage zerura baño.

        Ez eban bein santu batek deungero esan, askotan infernura joateko artzen dogun neke erdiaz irabazi giñeikela zeruko gloria. Santu beronek ikusirik, neskatxa bat bere bekokia zabaldu, argitu ta edertuteko ulleak goitik tiraturik ta aterarik min asko artuten ebala; eta bere garria bedartuteko estu-estuan erabillala, esan eban: Bidebage ta injuria egingo leuskio Jangoikoak neskato oni, baldin erakeria onetan artuten daben neke ta minagaiti emoten ezpadeutso infernua. Bada, persona batzuk neketu ta penatuten direan legez zerura joateko, alan beste batzuk arikatu, neketuagoten dira infernua irabazteko.

        Eta pekatuaren ta infernuko pena ta neke gogor ori ez jake pena iruditen; baña bai zeruko bidekoa: au asko sentitzen dabe; au gatx, nekezkoa ta entero latza egiten jake. Amorentian, adiskidetasun txarrean, lapurkerian, jokoan, gau ta egunak arin erraz, gitxi sentitu bage igaroten dozuz; denporarik luzeena labur egiten jatzu; gozoro, pozik, gogo onaz daroazu; onetarako etzagoz gaixorik; atarako badozu osasuna, indarra, gogoa. Baña barau egiteko, oraziñoan edo elexan egoteko, gaixoak ikustera joateko, sermoi bat enzuteko, libru deboto bat irakurteko, latztasun txiki bat gorputzean erabilteko argala zara, gaixorik zagoz, buruan min dozu, eztozu astirik. Jangoikoagaiti danik nekerik arin txikerrena igaroteko, bertati gogaituten zara, aserratzen zara; baña deabruagaiti errazak, gozoak, sufrigarriak egiten jatzuz gaubak galdutea, otz-beroak, gose-egarria, neke pena guztiak.

        Ikusiko dozu andre gaisto bat asten dala agiraka, txilioka, dedarrez, negarrez, biraoka, erneguka, atzamarka bere senarrak, geiegi ganez eginik ta aserraturik, belarrondoko bat emon deutsalako. Baña au berau, edo burua austen badeutso bere galai amorante desonestu maite dabenak, ixilik igaroten dau; jausirik edo bestela a mina artu dabela edertu ta estalduten dau. Senarraren kolpe txikiaz agiraka asten da, ta ez amorantearen andiaz, kontrara dabillala. Alan gu bere gabilz kontrara, ta irainduten gara Jangoikoaren serbizio santuan igaroten dogun neke apurraz, barau batez, injuria batez; ta ez deabruaren serbizioan igaro, irunsi ta artuten dogun neke gogor, astun, gogaikarriaz: au ezer ezta; onek ezer eztirudi; arin ta gozo egiten jaku.

        Au alan uste [do]gu, diño San Juan Krisostomok, deabruak kargea jasoten lagunduten deuskulako. Baña etorriko da denpora, zeinetan deabruak laguntzarik egingo ezteuskun ta zeinetan ezagutu[ko] dogun, ta bai probatu bere, ze astun ta andia dan infernuko bidean igaroten dan kargea. Zul bat andi, astun, pisuduna bada bere, oxin edo ibai bateko uretan erraz mugitu, meneatzen da, arin ta eskuz alde batera ta bestera iruli, itzuli ta erabilten da. Baña uretik kanpora, leorrean, ezin ori egin ziñei; emen da agiri, emen probatu ta ezagutzen da zein andia, astuna, pisutsua dan. Au berau jazoko da bizitzaren bazterrean, leorrean, azkenean: orduan ikusi ta jakingo da zelakoa dan pekatuaren karga ta astuntasuna, ze andia dan deabruaren serbitzuan ta infernuko bidean igaroten dan nekea ta latztasuna.

 

 

6 §.

 

        Jangoikoaren serbitzuko bidea, gogo onez dagoanarentzat izanik leuna, gozoa, erraza, zabala, deabru gaisto asmutsuak gura eztau zabaltasun on oni begiratu daiogun; bakarrik nai dau begiratu daiogun an dagozan neke, aldasgora, gatxtasun gitxiai. Eta barriz, beste aldera, zelan deabrua serbitzeak dituan neke asko, eztau gura deabruak aei begiratu daioegun; eta bai atan dagozan atseginai. Onela judeguak Ejitoko katibutasunetik urten ebenean, libre, pozik, atsegindurik, zeruko janari gozoz gozoturik, ase beterik ebiltzenean, zerren etorri jaken aragia jateko nai-gura zalegarri bat, asi zirean esaten biurtu gura ebela Ejitora, bere lenagoko katigutasunera, an aragiz, porruz, kipullaz, berakatzez ase betetzeko.

        Ez eben gogoratuten kautibutasun atan igaro zituezan gogortadeak, menpetasuna, neke andiak; ezpada bai esku artean eukeen eskastasun urri apurra edo deseo erabagekoa. Bada, au da deabruaren malizia ta asmua: ifinten deusku begien aurrean pekatuaren gozorotasuna, baña ez emendik datorren naibagea. Pintatzen deusku birtutearen nekea, baña ez irabazia ta sari ona, ez bere edertasun polita.

        Baldin birtutea ta bizioa, birtutearen ta bizioaren joan-etorriak, gora-berak, onak eta gatxak ifiniko bagendukez balanza bitan, ta gogoratu bear dan legez, eztot uste idoroko litekeanik munduan, pekatu egin leikenik.

        Esango dozu, badituela birtuteak ta Jangoikoa serbitzeak bere pena ta nekeak, ta bai pekatuak ta pekatuan ibilteak bere gustu, olgura ta atsegiñak; ta orrela obe dala pekatuaren atsegiña, birtutearen atseginbagetasuna baño. Ez orrelakorik. Bada, San Agustinek diñoanez: Birtutearen neke penak laburrak dira; eta bai pekatuaren atsegiñak bere. Baña birtutearen neke laburrak ondoan dau gloria luzea ta sekulakoa; eta bai pekatuaren gustu laburrak bere kastigu andia, luzea, sekulakoa. Beraz, obe da birtutearen atseginbagetasuna, pekatuaren atsegiña baño.

        Neke penaz arikaturik, inguraturik, beterik dagoan batek, baldin gero, ondoan, ostean itxaroten badau irabazi andi bat, kargu, onra, ondasun andi bat, ezer bere sentitzen eztituan legez neke guztiok: alan atseginetan dabillanak bere, baldin oneen azkenean ta ondoan itxaroten badau kastigu andiren bat dagoala beretzat gorderik, ezin dateke atsegin aetan atsegin oso, bete, egiazkorik eukitea. Lenagotik bai, orduan atsegiña atsekabe biurtzen da.

        Urkamendira daroen gizon bat, janaria onak, edari obeak eukiagaiti; ta urkamendirako bidea leuna, ederra, erraza, zabala, ederturik, apaindurik, bitxiturik ikusiagaiti, ze atsegin artu lei aetan guztietan? Alakoari esan leio San Agustinegaz: O gizon gixagaixoa, ez egizu begiratu nondik igaro bear dozun, ezpada nora zoazan. Ez eiozu begiratu urkamendiko bide ederrari; baña begiratu egiozu urkamendi berari, gelditu ta il bear dozun lekuari.

        Alan bada, zuk bere pekatu bat egitera zoazanean, ez eiozu begiratu pekatu egitean artzen dozun atsegiñari, ezpada pekatuari darraion kastigu ta infernuari, atsegin onek zaroazan lekuari, ta emongo deutsun naibageari. Bekatu egitera doian batek gogoratuko baleu ze neke, pena ta kastigua igaro bearko daben aren ondoan, ostean ta jarraian, ze gozotasun, ze gustu, ze atsegin artu leio pekatuari?

        Birtuteak, santutasunak, Jangoikoa serbitzeak, bizitza on bat egiteak ondoren ona dau; ta neke gitxi bat badau bere, laburra ta arina da; ta labur au bere arindu, gitxitu, gozotu, erraztuten dau geroko sari onak, irabazteak, ondasun ugariak, segurutasunak, gloria betikoak; pozik, gogoz, maitetasunaz ta borondate onaz egoteak; ta batez bere Jangoikoa serbitzetik datozen mesedeak, laguntza ta poztasunak. Baña pekatuetan, ta pekatuen olgura ta atsegiñetan ibillirik, oneek guztiok datoz kontrara: euroetan atsegin txiki ta laburra; ta gero naibage ta neke andi, latz, garratz, luze ta sekulakoak.

        Eta alan, errazoi guztiok ondo begiraturik, pensaturik, gogoraturik, bakotxa bere balanza ta neurrian ifinirik, argiro erakusten da errazago dala zeruko bidea, infernukoa baño; ta infernuratuko danak neke pena geiago igaro bear dituala, zeruratuko danak baño. Au alan izanik, zerutik zerura, bizitza on batik beste obeagora joateagaiti bere, bear genduke gaurganik asi bizitza on garbi santu bat egitera; ta Jangoikoaren lege santuko buztarri ta karga arin leun erraza geure gogo ta biotz guztiaz artu, autu, besartu, laztandu, maitetu, jarraitu ta jaso; ta gero damutu ta garbaituko ez jakun legez, bizitza on barri zeruzko bat egitera abiatu, prestatu, ekin, eragon aspertu baga, nagitu, otztu, epeldu, atzeratu baga.

 

aurrekoa hurrengoa