www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Geroko Gero
Pedro Antonio Aņibarro
(c. 1820), 1923

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Blanca Urgell.

Iturria: Gueroco guero, Fr. Pedro Antonio Añibarro (Blanca Urgellen edizioa). Euskaltzaindia, 2001

 

 

aurrekoa hurrengoa

5. BURUA

 

Geroko zorian, arriskuan ta bada ezpada
menturazkoan menturaturik galduten gara.

 

 

1 §.

 

        Zelan dan gure Jangoikoa ain ona, biotz-bera, errukiorra, pazienzia ta miserikordia andikoa, esaten dozu: Askori itxadon deutso ta itxadoten deutso zartu utsezko puntugiño, naturaleza berak berea egin arteraño; ori danez, ez dot orandiño zer estutu, bada menturaz alan egingo dau nigaz bere. Menturaz diñozu? Eta eztakizu menturak menturaren jokoak, inguruak, jira-birak ta tornuak dituela?

        Iru menturaz mueta, iru erako menturak idoroten dodaz gai onen ganean. Lenengoa da bekatu egitetik ta pelligru askotik gorde ta atzeratuten gaituana. Agaitik esan oi dogu: Eztot bekaturik egin gura, zerren menturaz, atan nagoala, neure azken egunak artu neinke. Eztot ostu gura, zerren menturaz Justiziak lotu, azotatu edo urkatu nei. Eztot jokatu gura, zerren jokoa ezta errenta, menturaz galdu nei. Eztot eskuetan dodanaz jabetu gura, zerren menturaz gero, gura dodanean, ez dot izango zegaz kitutu. Alan esaten eutsen Ebanjelio[ko] birjiña zur aituak, orio eske etorri zirian birjiña ero nagiai: Ezteutsuge emon gura, zerren menturaz ezkenduke geuretzat bere bear doguna (Math. 25). Alan Datan ta Abiron euren lagun batzuekaz lurrak ondatu ta irunsi zituenean, andik igesi egin eben inguru atan egozanak esaten eben: Goazan emetik, zerren baldin emen bagagoz, menturaz besteak legez irunsi geinkez gu bere lurrak (Numer. 16). Au da mentura ona, etorkizuneko menturaz gaistotik ta galbidetik gordetan gaituena.

        Bigarren mentura bere ona da; eta da bekatu egin ondokoa, ostekoa, gaisto-egiñak ordetu ta kitutu gura izanik dabillenena. Ikusirik galduak goazala, Jangoikoaren aginduak ausi doguzala, esaten dogu: Egiñak egin, ez geiago. Aurrerantzean obeto gura dot bizi; Jangoikoari zin-ziñez, egiaz, biotzko damuaz gura deutsat parkaziñoa eskatu. Zerren menturaz onela parkatuko deust, izango dau nigaz errukia. Berba egikune onez usatu eban Daniel profetak bere, esan eutsenean Nabukodonosor erregeari: Alde egin zaite lengo bide deungetatik ta egizuz limosnak, izan zaite biotz beraa, bigun ta errukitsua beartsuaz, eta menturaz onela Jangoikoak parkatuko deutsuz zeure bekatuak (Daniel 4). Alan Ninibe uri andiko erregeak bere, enzun ebanean aserre zala bere ta bereen kontra Jangoikoa, agindu eban erri guztia ifini zedilla deboziñoetan ta penitenzietan, guztiak barau egiela, eta abere mutu zenzunbageai bere etzegiela emon jatekorik, ez edatekorik, esaten ebala: Nork daki zemaitu ta menazatu bagaitu bere geure Jangoikoak, eta esan badau bere aserre dala gure kontra, ea gure damua ta penitenzia ikusirik, itzuliko danez beste aldera, bigunduko jakonez bere aserrea, ta itxiko gaituanez kastigatu ta astindu baga? (Jonoe 3). Esan baleu legez: Errazoiaz da gure Jangoikoa gure kontra aserre, errazoiaz zemaituten gaitu ta dirausku kastigatu, apurtu ta ondatu gura gaituzala. Baña, orrez guztiaz bere, emon gaitezan deboziñozko gauzeetara; len gaistakerian legez, orain gauza onak egitera abia gaitezan, ta menturaz onela biotza ausiko jako, errukituko jaku ta parkatuko deusku. Alan esan eutsan ontzi-maixuak bere, ekatxa zebillenean, Jonas profetari: Ze lo-zorrok artu au, gizona? Zelan atz lo? Eztakusk itotera goazala? Jagi adi ortik, ifini adi oraziñoan, egiozak eskariak eure Jangoikoari, eta menturaz onela iges egingo joguk pelligru onetik (Jonoe 2). Alan Jakob aitaurrenak bere, bere anajeaz aserre zanean, biraldu eutsezan bere anajeari aurretik presenteak, doiak, esaten ebala (Genes. 32): Menturaz onela mesede ta presenteakaz parkatuko deust, menturaz oneen bitartez adiskidetu ta baketu[ko] gara. Au da bigarren mentura ona, ontasunean emoten dana, uts egiñak sendotuten ditua[na]rena.

        Baña ba beste menturaz gaisto bat, irugarren bat, luzementuak billatuten dituena, atzerakuntzetan dabillena, ta ondamendiak ta pelligrua baxen eztan lekuan bere, segurantzak idoro gura dituena. Esan jatzu zartuten asi zareala, eriotza bien erdian ifini zareala, begiak ilunduten asi jatzuzala, bideko iru partetatik bi igaro dozuzala; eta baldin orrela zagozala zeure azkeneko egunak artuten bazaitu, ez menturaz, ezpada ziur kondenatuko zareala. Baña zuk eztozu onelakorik sinistu gura, ta ez enzun bere. Lenago bai zeure nai-guraz batean, iruditen jatzu menturaz eztala alakorik izango. Eta esan bearrean menturaz alan izango da, menturaz kondenatuko nas, esaten dozu: menturaz ez nas kondenatuko, menturaz ezta alakorik jazoko.

 

 

2 §.

 

        Lenengo guzurra, lenengo andreak esan eban. Itandu eutsan deabruak Ebari, ea zegaitik ez eban jaten Parabisuaren erdian zegoan arbola ederraren frutu gozo atarik. Eranzun eban: Eztot jaten, zerren esan deust Jangoikoak, baldin jaten badot, menturaz ilgo nasala (Genes. 3). Eta, egiaz, Jangoikoak ez eutsen alakorik esan; ez eutsen menturarik aitetu. Garbiro, argiro ta ziur esan eutsen jaten eben egun berean ilgo zala; esan gura dau ilkorra egingo zala, ilkizun izango zala (ibi.). Menturaz a Ebak berak geitu, asmatu ta eransi eban; eta geitura ta eransiera onegaz bere burua ta bere ondorengo guztiok galdu ginduzen.

        Andra ezkondu batek bere senarra eztanaz edo ezkonbageak bear eztanaz bekatu egiteko gogoa artzen dabenean, ezkondua gomutetan da bere senarraz ta bai ezkondubagea bere emetik etorriko jakon desonra, lotsaria ta kalteaz. Baña orregaitik bere menturatzen dira bata ta bestea, esaten dabela: Menturaz senarrak jakingo eztau; menturaz ez nas seindun geratuko. Lapurrari bere, ostuten doianean, gogoratuten jako eskuak ezarten badeutsez, gitxienean bereak emongo deutsezela, presondegian lotuko dabela, azotatuko dabela. Baña onek bere laster konsoletan dau bere burua, esan oi dabela: Menturaz ez nabe presotuko, ez nabe asmatuko, ezteust iñok jakingo. Alan bada, guk bere, gerotik gerora gabiltzenok, poztuten doguz geure buruok ta esaten dogu: Menturaz oraindiño itxadon deustenak itxadongo deust orain bere. Menturaz orain ezpadot bere, izango dot aurreranzean ondo egiteko gogoa. Eztira oraindiño denpora guztiak igaro.

        Bago bai emen mentura franko ugari, eta ez esperanza urri eskasik. Zer da au? Non da zenzuna? Non da gomutea? Zer egin da adimentuaz? Zeure salbamentua, ainbat joatzun gauza, betiraun guztiko adu on edo gaistokoa izatea ifini dagizula menturan? Eztozu pensetan mentura orrek menturaz mentura gaistoa emongo deutsula? Eta norberak daben guztia menturatzea erokeria andia dala?

        Menturaz onen ganean ederto berba egiten dau San Juan Krisostomok era onetara: Esaten dozu ta esango dozu: Jangoikoak askori emoten deutso pribilejio au, gaztetan gaisto izanagaitik, itxadoten deutsela zartu ditezen arteraño, ta orduan bear dan bide onean ifinirik ta penitenzia eginik, salbetan dira. Zer, bada, zuri alako pribilejiorik, mesederik eta graziarik emongo ete deutsu? Esango dozu: Menturaz bai, zerren batzuetan gertatzen da. Egizu gogoeta, zeure arimeari dirautsazula, ta pensatu egizu, kontrara bere jazo litekela. Eta esazu: Zer izango da itxadoten ezpadeust? Esango dozu oraingiño: Eta zer izango da itxadoten badeust? Itxadon leizu. Baña obeago ta seguruago da, itxadongo ezpaleutsu legez bizitea ta gobernatzea (Sn. Juan Chrisost. hom. 22 tom. 4). Era onetara, diño San Agustinek bere (in psal. 77): Baldin Jangoikoak galdu ezpaditu gaistoak, seguru da, ziur ta duda bage da, eztituela galduko onak. Zegaitik eztogu bapere dudarik eztabena autuko? Zegaitik eztogu, menturak ta bada ezpadak itxirik, seguruan jokatuko? Esan oi dogun legez, menturaz itxadongo deuskula Jangoikoak, esan daigun (jazo liteken gauza da) ameneko itxadongo ezteuskula; ta goberna gaitezan itxadongo ezpaleusku legez; eta onela ez menturan, ezpada seguruan izango gara.

 

 

3 §.

 

        Segurutzat dot Infernura doazan geienak gero baten menturan ta zorian ifinirik, atan fiaturik ta atan uste utsaz engañaturik joaten diriala. Beintzat alan joan zan arako Ebanjelioko aberatsa. Bada, San Lukas ebang.ak diñolez (12): Aberats oni urte ona etorri jakan, bildu ta batu zituan ondasun ta frutu ugariak ta asko, eta ifini zan bere arteko gogoetak egiten, ziñoala: Zer egingo dot orain? Norako dodaz onenbeste ogi, ardao, garau, frutu ta ondasun? Ez dot eukiko lekurik bere eurok gordeteko. Baña bakit zer egingo dodan, dirautso barriz bere buruari: lengo garautegiak, ardantegiak, okeluak, salak ta kamarak anditu ta zabalduko dodaz, toki, leku asko egingo dot. Eta gero sosegatuko nas, ardura guztiak largarik atsegintasun ta pozkariz ase beteko nas, diñodala neure artean: Orain sosega nadin, jan dagidan, edan dagidan, zerren ez dot ezeren bearrik, ez dot gerokoren pelligrurik; badot etorkizunerako bear dodan betegarri guztia.

        Asmu ta kontu uts ero oneetan zebillela aberats arrotu au, kontuak ondo atera baga, enzun eban Zerutik dei bat zirautsala (ibi.): A, ero zoroa, buru zenzunbagea, zer ago esaten? Ze gogoeta darabilk? Egin iok iriak; gaur eskatuko jata eure arimea, gaur gorputzetik aterarik eroango deube. Eta gero orduan bildurik daukazazan ondasunak norentzat izango dozak? Eroa deituten dau aberats au, ta errazoiaz: bada, zer da zorakeria andiagorik, geroko denporaz, bestearen eskuan ta menturan dagoanaz, bere eskuan ta seguruan baleu legez dispondu ta ordendutea baño?

        Ikasi daigun, bada, besteren buruan zenzundunak ta begiratuak izatea: atera dagigun segurutasun bat besteen pelligrutik, artzen dogula Espiritu Santuak emoten deuskun konsejua, dirauskula (Eccle. 5): Biurtu zaiteze lasterren Jangoikoagana; bekaturik jagi zaiteze, ta ez egizue egunetik egunera berandutu ta luzetu. Bada gitxien uste dozuenean, aztuagorik zagozanean, neurria beteko da, Jangoikoa aserratuko da; eta gero benganzazko egunean, eriotzako denporan galdu ta apurtuko zaitu. Dirudi au adierazo gura ebala Espiritu Santuak esan ebanean (Prov. 3): Eztagiozula esan zeure adiskideari doiala ta datorrela, biar emongo deutsezula: baldin badozu emotekorik, emoiozu bertatik. Esan gura dau egingo dozun mesedea, dagizula laster, geroko zorian ta menturan itxi baga, luzemendutan ta joan etorrietan ibili baga.

        Aldi baten itandu eutsen Alexandro andiari, ea zelan irabazi zituan ainbat biktoria, anbat ondasun ta aberastasun, ainbeste erri ta erreinu. Eta eranzun eban laburki: Ez ezer luzetuaz, ez ezer bere biaramonerako itxiz. Ez eban beinbere urrengo egunerako larga, egun berean egin al leikean zereginik. Etzan sekula gerokoan fiatu; ta onela ain irabazi andiak egin zituan.

        Ez gaitezen, bada, gu bere gerokoan fiatu. Zergaitize geroko atan, mentura bat al baditeke bere, baña ez segurantzarik; eta zorakeria andia da, seguru bear dogun gauzea menturazko bada ezpadan ifintea, biaramoneko itxaromen ta pelligruan itxitea.

 

aurrekoa hurrengoa