www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Geroko Gero
Pedro Antonio Aņibarro
(c. 1820), 1923

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Blanca Urgell.

Iturria: Gueroco guero, Fr. Pedro Antonio Añibarro (Blanca Urgellen edizioa). Euskaltzaindia, 2001

 

 

aurrekoa hurrengoa

19. BURUA

 

Zeinbat kalte egiten daben juramentuak
ta juramentu egiteko ekanduak; eta zelan
bear dan zeinbat len oituzko usadio au larga.

 

 

1 §.

 

        Zelan gure lenengo aitak gure naturaleza au bere bekatuaz orbandu, ezaindu, arrazatu ta gaixotu eban, andik gara aserrekorrak, sentikorrak ta on bearrak. Andik gara ontasunera baño gaistakeriara ta dongetasunera jausiagoak, makurtuagoak ta emonagoak. Andik dogu adimentuan itsutasuna, memorian argaltasuna, borondatean malizia. Andik eldu bere da guzurrak esatea, alkar ez sinistutea, batak besteagan segurantzarik, konfiantzarik ez eukitea, ta beti sospetxa ta bildurrean ibiltea. Eta au kalte andia da alkarren artean bizi bear dabenentzat; eta ain andia non, beti alan segurutasun, fidanzia baga bizitea, ezta bizitea. Bada, kalte andi au erremedietako idoro eban Jangoikoak bide bat, zein dan juramentua. Dakutsunean ezteutsuela sinistu gura, ta bear danean sinistu zagizen, egin ziñei orduan juramentu egiaz ta premiñaz: ekarri ziñei zeure esanaren agertzalle edo testigutzat Jangoikoa, guzurrik esan ezin leikena ta gauza guztien barria dakiana. Eta onelan, testigu onegaz batera emon dagien fedea ta sinistea diñozun esanari. Onetarako esan eban Jangoikoak (Deuter. 6): Zeure Jangoikoaz bildur izango zara, eta egingo dozu aren izenaz juramentu.

        Eztozu egin bear juramentu jainko falso uts guzurrezkoaz; zerren atan bidebagea egin ziñeio Jangoiko egiazkoari, beroni dagokan onra besteri emonaz. Bada, juramentu egiten dozunean dakartzu Jangoikoa zeure esanaren testigutzat; ta onetan adierazoten dozu Jangoikoa dala egiatia, mena, arteza, guztia daikeana ta dakiana, eta izanik au onra andia Jangoikoarentzat, eztator ondo alango onrarik besteri emotea. Egia da egin leitekela juramentua Zeruaz, lurraz, santuaz ta beste kriaturaz bere: aei ez jake Jangoikoari dagokan onrarik emoten, alango agurrik egiten; ta egiten bada aek aitaturik ta izentaturik juramentu, ori da Jangoikoaren kriatura miragarriak direan aldetik.

        Dirudi orain lege barrian ezin juramenturik egin leitekela iñolakoz, ez iñogaz; bada, Jesu Kristok dirausku ebanjelioan (Math. 7): Esan begie besteak gura dabena, baña nik dirautsuet iñoskotan juramenturik eztagizuela. Onen antzera ta erara diño Santiago Apostoluak (Jacob. 7): Guztien gañetik erregututen deutsuet, neure anaje maiteak, juramenturik bapere eztagizuela, ez zeruaz, ez lurraz, ez bestez; eta izan bedi zuen berba-egikuna: ez, ez; bai, bai; ez edo bai. Bada orrela, dirudi eztala iños juramenturik egin bear. Alan da, egia da ta alan dirudi. Ezta juramenturik bapere egin bear, premia egiazkoa eztanean ta egia bestela probau al ditekenean. Baña premiña danean ta egia probau ta baieztuteko beste biderik eztanean, egin diteke juramentu. Bada, juramentua bere etorkiz, berez ta izanez, Jangoikoa onratuteko itxi zan; ta bere finez ta zuzen bidez ordenatu zan egiari indarra ta balioa emoteko; auziak aldegiteko; diferenziak, dudak, bada ezpadak erabagiteko, akabatuteko; bakea sortu ta sartuteko; ta aserreak ebagiteko. Orregaitik diño Dabid santuak (Psal. 52): Alabatuak izango dira Jangoikoaz juramentu egiten dabeenak. Enda San Pablo Apostoluak diño (Hebre. 6): Gizonak, eurak baño andiagoaz egiten dabe juramentu, ta orregaz akabetan dira euren arteko disputak, diferenziak ta auziak, juramentuaren bitartez. Zerren juramentu emon ezkero, egiaztu ezkero, auzirako lekurik eztago.

        Beragaiti gauza ona ta santua, ta Jangoikoak berak ordenatua da juramentua. Baña, orrez guztiaz, egin lei bekatu juramentuan. Bada, gauza ona ta ezin geiagoan santua bada bere komuniño beneragarria artutea, baña adietan da ondo ta santuro errezibietea, eta ez bestela. Alan da, bada, gauza santua ta ona juramentua bere, baña ori, ondo egiten danean, egiaz, gauza onaren ganean ta premiñaz egiten danean.

 

 

2 §.

 

        Juramentuak ondo, zuzen ta bear dan legez egiña izateko, iru gauza, iru lagun ta kondiziño bear ditu; eta dira: egia, premia ta ona edo zuzena. Alan diño Jeremias profetak (cap. 4). Lenengo, juramentua bear da egin egiaz, ziur ta seguruzko egiaz, eta ez dudan. Bada, bestela egiten dan juramentua, dan gauzarik txiker ezer ezen baten ganean izanagaiti bere, bekatu mortala izango da.

        Guzurraz juramentu bat egitea, munduak alangotzat ezpadau bere, bekatu andiagoa da, lagunaren ondasuna ostutea baño, desoneskeria bat egitea baño; bada, juramentuak Jangoiko bera bere presonan ukututen dau, eta beste bekatuok ez jakoz ainbeste eldu ta urreratuten. Imini balegi errege batek legea, biziaren penan eztagiola iñok iñori belarrondokorik emon; ta orrez guztiaz, jazoko balitz emotea; alangoak bidebagea egingo leuskio Erregeri, bere lege edo agindua ausi ebalako. Baña oraindiño andiago egingo leuskio, errege berari bere presonan emonik. Alan da, bada, guzurrez juramentu egitea; atan Jangoikoa bera bere personan ukututen da. Bada, Jangoikoa aitatu ta izentatuaz, guzurraren aitor, agertzalle ta testigutzat ekartea da; eta au da bekatu andia, ezaina ta lotsabagea. Beragaiti, bada, juramentu egitean kontuz ta ondo begiraturik egin beozu; eta beti egiaz, beti zeure ustez ziur-ziur dakizula, dudarik baga zagozala.

        Bigarren bear dana da, premiaz ta bearturik baño ez juramentutea: ezta asko egiaz ta egiaren ganean egitea; orrez geiago, begiratu bear da eztedilla egin alperrik, utsean, ezerezkeriaren ganean, aurrera ta atzera begiratu baga, aidean ta ganora baga. Juramentuaz baliatu bear da purgaz legez. Purga garratz mina ezinbestez, gaixorik zagozanean, premiña dozunean baxen artuten eztozu; ta orduan bere, alik gitxiena; eta baldin bera baga igaro albadaizu, eztozu artuten. Alan egin bear da, bada, juramentuaz bere: ezin geiagoan, premiaz, bearturik, zeure fama ta onrea joatzunean, justiziak atara beartu ta zakartzanean. Zergaitik ze, bestela, ez edo bai asko danean, esate bakarrak balio dabenean juramentu egiten badozu, egiaren ganean balitz bere, bekatu beniala edolabere edo gitxienez egingo dozu. Ezta idoroten egin ebala San Pablok eguño juramenturik, ezpada eskribituz edo paperean. Zerren eskribietan dan gauza obeto pensatuaz ta gogoratuaz ifinten da, bereala solasean esaten dana baño; bai ta bere atan egiaz ta premiaz egin bear dozu juramentua.

        Irugarrena: ezta, ez, asko egiaz ta premiaz juramentu egitea; bada, orrez geiago, egin bear da gauza onaren ta justuaren ganean, ta ez gatx ta deungero egiteko asmoan. Egiten dozunean juramentu, ausi bear deutsazula persona bati burua, edo beste gaistakeria bat egin bear deutsazula, gai onetan bekatu egiten dozu alango juramentua egiteaz, ta beste bekatu bat a juramentua kunplieteaz; juramentu txar au eztozu kunplitu bear. Bardin, juramentu egiten dozunean gauza on batzuk ez egiteko: pobreari ezer ez emoteko, iñori ez ezer ordeaz emoteko, Elexa Santeak beartuten zaituenean baño ez baraurik egiteko, edo astegunean mezarik ez enzuteko, bekatu egiten dozu onetariko juramentua eginaz, ta etzagoz kunplietara bearturik, ta obe da ez kunplietea.

        Baita bere juramentu egiten badozu ezer bere balio eztaben gauzeen ganean, ta euretarik ezpadator kalterik, ez eta kunplituaz probetxurik, zelan dirian: maian jarritean, etzareala lenengo jarriko; etxean sartutean, etzareala aurrezko sartuko; edatean, eztozula lenengo edango; onelango juramentua egiteaz eztago bekaturik, beintzat mortalik, ez eta ez kunplitzeaz bere. San Pedrok esan eutsan bene-benetan, juramentu eginik legez, Jesu Kristori (Joan. 13): Ezteustazuz sekula niri oñak garbituko. Eta, orrez guztiaz, itxi eutsan garbituten; ta ez eban onetan bekaturik egin. Bada, onelango juramentuetan emoten da aditzera, geure aldetik dagoanaz, kortesiaz, alan gura gendukela. Baña itxi giñei geure burua benzututera bekaturik baga, San Pedrok itxi eban legez.

        Eta juramentu batzuk begiratuten daben legez orain presenteko gauzai, ta beste batzuk etorkizunekoai ta gerokoai, guztietan bear da egia. Eta etorkizunekoak egin bear dira gauza onaz, malizia baga, engañu baga, eta kunplietako usteaz, gogoaz, borondateaz, baldin kunplitzeaz kalteren batzuk, iñok len uste eztabenik, sortu ta agertuten ezpada, Herodesek juramentu egin ebanean agertu, jazo ta gerta zan legez.

        Herodesek, benturaz gogoan gatxik ez zeukala, eskiñi, opa, agindu ta promestu eutsan neskatxa dantzari bati, emongo eutsala eskatuten eutsan guztia. Eta orduraño ondo egoan juramentua. Baña, aror non gero, eskatu eutsanean San Juan Bautistaren burua, galdu eban juramentuak indarra; etzan bete ta kunplidu bear. Dira beste juramentu asko, batzuk zemaituzkoak edo menazuak eginik; beste batzuk maldiziño edo biraozkoak, gurasoak euren umeai, nagusiak euren otseñai egin daroakeezanak. Guraso ta nagusien birao oneek beti dira bekatu, adibide txarra, eskandaloa ta bekaturako bidea emoten deutseelako. Bada, andik ikasten dabe umeak bere biraoak, añenak, madarikaziñoak ta infernuko berbakuntzak esaten; ta are geiago, gurasoen biraoak geienetan edo beti elduten dira umeetara, geldituten dirialako madarikaturik, Noeren lloba Kanaan madarikaturik gelditu zan legez.

 

 

3 §.

 

        Juramentuan dan gauzarik txar deungena, galdugarriena, arrisku ta pelligruzkoena da, onetarako artuten dan usadio ta ekandua: premiña baga, egia ala guzurra dan begiratu baga, makilla bat edozein jo ta astinduteko eskuan beti darabillana legez, aoan juramentua, berba guztietan juramentua erabiltea. Ez eta bai asko dan lekuan, berba bat esan ta enzuteaz guztia eginik egoana, nor ezta larritu, bildurtu, ikaratuten enzunik: Kristoren pasiñoa, Kristoren gorputza, Jangoikoaren odola, ta beste onetarikoak? Nori ez jakaz buruko ulleak laztuten? Espirituak berak diño (Eccle. 25): Juramentu asko egiteak, beti biraoka egoteak laztuten ditu buruko ulleak; eta kristiñau onak alangorik ez enzuteagaiti, belarriak itxiten dituez, burua beste aldera biurtuten dabe.

        Juramentu asko egitea, beti biraoka ta erneguan egotea infernuko usantza da, ta infernuan egin oi dan berbakuntza madarikatua da. Bakotxa bere berba-egikunan ezagututen da nongoa dan: franzes berba egiten badau, Franziakoa dala; espaiñolez berba egiten badau, espaiñarra dala. Onelan, bada, bakotxa bere madarikaziño, birao ta añeneetan da ezagun nongoa dan, infernukoa dala. Eta San Pedrori, bere Maixua ukatu ebanean, zirautseen legez (Math. 16): Eztozu zer ukatu, Jesusen diszipuluetariko zara, zure berba egitean agiri dozu, ezagun zara. Alan esan lekikio biraogille bati, ernegari bati, juramentu ta madarikaziñoa darion bati: Zu aetarikoa zara, infernukoa zara, erneguan ta biraoan adierazoten dozu, ezagun zara. Bada, ori da infernuko berbakuntza, betiko soñua, an ta angoen artean usatzen dana. Infernuan dagozanak, ezin sufriturik ango min andi garratzak, pena ta naibage latz arrigarriak, beti dagoz ernegaturik, gogaiturik, birao ta maldi[zi]ñoka; alan dirausku San Joan Ebanjelistak (Apocal. 8): Pena ta nekeak estuturik, gau ta egun dagoz biraoka Jangoikoaren kontra.

        Kristiñau onak, birtutetsuak, jangoikotiak oitu ta ekanduten dirian legez orainganik emen lurrean, gero Zeruan egingo daben ofizioa egiten ta ikasten, Jangoikoa alabatzen, zeruzko berbak esaten; alan infernurako bidean dabiltzanak bere asten dira orainganik infernuko ofizioa egiten, erneguak, biraoak ta madarikaziñoak egozten ta ezarten.

        Ikusikozuz guraso ta ugazaba askok laketu edo itxiten deutseela euren seme alabai, otseñai, serbitzariai, gura dituezan birao ta añen guztiak esaten, artan damurik, lotsarik artu baga, arpegi ilun itsal bat erakutsi baga, ta askotan ontzat artu ta enzuten dituezala, kastigurik emon baga eta eragotzi baga. Oneek ta onelangoak dira eskribau fariseoak legez, zeintzuk laketu ta gura izan eben egin egioezala Jesus gure Salbatzalleari, ta aren izen santuari, etxekoak ta beste guztiak gura zituezan injuriak, irainak, burlak ta mensprezio guztiak. Fin gaistoaz egin eben oneek, ta alan egingo dabe alangoak dirianak bere.

        Infernura joateko señale andienetarik bat da juramentu ta biraoak egiteko ekandu ta usadioa eukitea. Usantza au daukenak badauke bere lotsea beste bekatuak konfesetako, baña ez papere lotsarik, atzerapenik, ez ardurarik biraoak esan dituela konfesetako, aitortu ta agertuteko. Alangoak, konfesetara datozanean, ta itanduten jakenean ea ze bekatu egin daben, bertati, baneriaz legez ta onra balitz legez, juramentu ta biraoak iminten dituez aurrez aur lenengo asitean. O, Jangoiko maitea, zuk begi onez begiratu egiezu, ta erremediatu egizuz alangoak; ukutu egizu euren biotza, ta argitu euren adimentua, ezagutu dagien bein edo bein euren ekandu txarra, bada bestela, egin dau aenak, galduak izango dira.

 

 

4 §.

 

        Jangoiko beraren onra ta bere izen santuarena ain dabiltz batera alkarturik, baturik ta ur ze, baldin Jangoikoaren onra ifinten bada legeko lenengo aginduan edo mandamentuan, bere izen santuari dagokanaz berba egiten da bigarrenean. Andia da Jangoikoaren izen santu adoragarriari zor jakan onrea, egin bear jakan agur, buru makurte ta begiramentua, eta egin bear jakan alabanza ta andizketa beneragarria. Beraz, onela, andia, ezaina ta lotsagarria izango da bere izen santua utsik, alperrik, premiña baga, ganora ta lotsa baga, egiaz ala guzurrez dan konturik egin baga erabilteaz egiten dan bekatua.

        Bazenkus gizon batek, mezako kaliza aldaretik arturik, bertan edozeini, agiri dirian arlote, prestuez, billau, eskean dabiltzanai ta beste era guztiko jenteai emoten deutseela kantoi ta ardantegi guztietan edaten, zer esango ete zenduka? Bertati suak arturik, esango zenduke ori zala luterotasuna ta herejiaren antzekoa, gauza deunge ezaina, ta eztakizula ze kastigu ordenatu bear litxakion alangoari. Bada, kaliza baño gauza andiago ta onra geiago zor jakona da Jangoikoaren izen santua. Eta kaliz bat orrela darabillenak kastigu latza merezi badau, zer zorko jako Jangoikoaren izen santua ain sarri, ain ardura ta lotsa gitxiaz, ain alper utsik ta kontu gitxi eginik erabilteko ekandu deungea dabenari?

        Juramentu egitea da, diñogun gauzaren bat sinisterazoteko ta baieztuteko Jangoikoari deitutea, izentatutea, aitatutea, Jangoikoa agertzalle, testigutzat ekartea, ifintea. Eta baldin diñozuzan berba sinple, alper, ezerezkeria guztietan deituko bazendu errege edo beste jaun andi errespetagarri bat testigutzat, mereziduko bazenduke emon egizun edozein kastigu, darabiltzulako alango persona ain estimaziño ta kontu gitxian: zer mereziko dozu, eta ze kastigu ondo etorriko da, orretarako ta gomutaziño, aitatze ta izentaziño guztietarako Jangoikoa bera, errege guztien erregea, testigutzat dakartzunean juramentu egiten dozun bakotxean?

        Ezin esan lei ze andia ta ezaina dan atan Jangoikoari egiten jakon bidebagea, iraina ta ofensa; eta bekatariak berak bere bere buruari dakarkion kalte ta zorigatxa. Agaiti diño Espiritu Santuak (Ecl. 25): Etzaite oitu, ez ekandutu, zeure aoan sarri erabilten juramentua, bada, jauste asko, beaztopa ta arrisku dago orretan. Berba ta barriketa asko egin daroanak euki oi dituan legez peligruak, batean ezpada bestean, bere berba larretan uts egiteko ta bidez kanpora ibilteko; alan juramentu asko egiten dituanak bere, begiratu baga, ardura ta konturik baga, dauko pelligrua juramentu batzuk dongero egiteko. Adiña pelligru ta arrisku dauke eze, onelango ekandua dabenak, begiratu baga egiaz ala guzurraz dan, prest ta erabagiak dagoz egiaren ganean legez, guzurraren ganean juramentu egiteko: onelangoak juramentu egiten daben bakotxean bekatu egiten dau, ta infernuko bidean ta ondamendian bere burua ifinten dau.

        Orregaiti Salomonek, ondo ekizanak legez juramentu egiteko ekandu ta usadioari darraiozan kalteak, esan eban (Eccles. 23): Juramentu asko egiten dabena gatxez, gaisotasunez, zorigatxez, bekatuz ta gaistakeriaz beteko da, eta ezta aren etxetik alde egingo zorigatxa, an izango da jazoera ta gertaldi txarra, idoro ta aurkituko da bear eztana. Eta alan, kontuan bagagoz ta baldin ondo oartuten badogu, enzun ta ikusiko dogu persona ernegariak, biraogillak mundu onetan bere jazoera deunge asko euki daroela; ta ernegu oneek dakardezala beste bekatu ta dongetasuneetan jausi ta ondatutera, eta azken adu gaistoko bat eukitera.

 

 

5 §.

 

        Bekatu andia, ta ondo andia, ezaina ta probetxubagea da juramentua, ta juramentu egiteko ekandua ta usadio zitela. Oraindiño ostutea ta desoneskeria baño bere ezainago dirudi: bekatu oneek eztira ain mirarituteko, zerren euroetan atseginen bat, gustu ta probetxuren bat aurkituten da. Baiña juramentuan ezta probetxurik, atsegintasunik, ez gusturik.

        Baita bere gauza desonragarria ta lotsagarria da juramentua. Bada, berba guztietan juramentu egiten dabenak, adietan emoten dau guzurtia dala, ta bere esanai, testigu baga, sinisterik ezin emon lekikioela. Gizon bati, diñozan berba guztietan esetsi ta kontra emongo baleuskio batek, eta [e]sango baleuskio, ezteutsugu sinistuten, alperrik zagoz berbaz, ekazuz testiguak baldin gura badozu sinistu daizugun, gai onetan desonra lotsagarria emongo zeunskio. Era onetara, berba guztietan juramentuten dabenak, ta juramentuaz bere berba guztiak probatu, baieztu, sinisterazo ta ontzatu gura dituanak, bere buruari desonra emoten deutso: bada, ikusirik ezteutsela sinisten, dakarz testiguak, au da juramentuak, eurokaz batean sinistu dagiontzat.

        Jente prestuak, egiatiak ta menak damu artuten dabe euren berba bakar bati sinistu gura ezteutsenean, ta juramentu egitera beartuten dituenean. Eta, baldin zu alan beartuten bazaituzte, zeuk daukazu errua, zeuk orretarako bidea emoten dozu; alan diño San Juan Krisostomok (homil. 9. act. apost.), zerren ain prest ta erraz juramentu eginik, beragaiti ain sarri artara beartuten zaitue. Munduak balekus, diño San Krisostomo berak (ibi 5), eztozula papere juramenturik egiten, ta ez guzurrik esaten, eta beti egiaz, kontuz ta ziur berba egiten dozula, ta fama onean bazaituzte, sinistu egidazu orduan zure berba uts bakar bati, ta kiñu ta siñu bati bere, siniste geiago emon leuskioela juramentu, birao ta ernegu asko egiten dituzanari baño. Baña, zelan zarean guzurtia, guzur utsa, faulerua, barritxua ta berba-lapiko bat, beragaitik ezteutsue sinisten; ta orregaiti, zerorrek bere, zeure guzurrak sinisterazo gura izanik, juramentuak ta madarikaziñoak esan oi dozuz.

        Baña, zeinbat eta zuk juramentu geiago, ainbat eta nik gitxiago sinistuko deutsut. Bada, guzurra gorroto eztabenak eztau gorroto izango juramentu guzurrezkoa; eta guzurra esateko atzerapena eztabena, guzurraren ganean bere juramentu egitera ezta atzeratuko. Eta bein guzurrean probau ezkero, jazo oi dan legez jente juramentutsuakaz, ez jake andik atxina alangoai sinisterik emoten. Eta au da guzurtien kastigua, egia diñoenean bere, ez iñok sinistea; eta eztau merezi bere sinistu dakion. Bada, esan oi dan legez: otzara, zesto, otarra bat egiten dabenak, egin leiz eun bere; guzur bat diñoanak, esan leiz geiago bere. Egiatiari guztia sinisten jako, guzurtiari arean bere ez.

        San Pablo Apostolua ain egiaz biurtu bazan bere ta santutasun andiaz prediketan asi bazan bere, orrez guztiaz, Jerusalenera joan zan lenengo aldian igeska ebiltzen beraganik bere lagun Apostoluak, ez jakazan fietan, zergaiti ze, uste eben lengoa zala ta le[n] legez euren kontra ebillela. Alan da, bada, guzurtia, bein guzurrean artu dana, eta bai beste edozein faltatan topatu dana bere. Ez jako andik aurrera alangoari belu berandugiño, puska baten, aspaldi baten probau arteraño sinisterik emoten, ta emon bere bear ez jako.

        Ez eta ez jako absolbiziñorik eta parkamendurik emon bear bein, bitan ta geiagotan juramentu egiteko ekandu txarra kenduko dabela konfesoreari berba emonik, barriro konfesetara biurtzen danean bapere ondu baga, alegiñik egin baga, ekandu ta usadio deungea kendu baga. Zelan amorentasun ta okasiño desonestuan sarturik [dagoana] edo iñoren gauza osturik daukena ezin absolbitu leiz, adiskidetasun txarra alde egin artean ta gauza ostua al badai biurtu arteraño; alan, juramentu egiteko ekandu gaistoa dabenak bere, ezin absolbitu leiz usadio deungeak dir[a]uan bitartean ta kenduteko pruebak egiten eztituan artean. Bada, orduan bekatuaren estaduan, egotaldian ta tokian dago. Au gogoratu bear dabe konfesoreak, alangoak belaunetara datorkazanean, bada eurai au dagokie.

        Eta dirudi onena izango litekeala bein erakustea, irakastea ta adierazotea alango juramentugillai, zein arrisku ta pelligru andian dagozan; eta gero gitxi baten absolbiziñoa luzatutea: doazala orduan, ta datozala barriro obeto prestaturik ta obeturik andik amost egunen epean, ta bitartean, abiatu ditezela euren ekandu gaistoa larga ta kendutera. Gero, barriz, biurtuten dirianean, badakus obetu diriala, alegin ta ardura andiaz edo kendu, edo gitxitu dabela usadio txarra, gai onetan absolbitu leiz, bestela ez.

 

 

6 §.

 

        O, neure Jangoiko maitea! zer izango da nigaz? nire min guztia dago juramentura oitua, ekandu onetan sartua ta zartua, guztia artara emona, eztakit bestela berba egiten. Zer egingo dot bada? Zelan erremediatu ta osatuko nas gatx zorigaistoko onetarik? Kendutera gatx au egin gaitezan, dirausku San Juan Krisostomok; betiko bota daigun aotik oituzko, ekanduzko usadio gaisto au, ezi daigun miña, laburtu berbak, kontuz berba egin ta, gura badogu, kendu giñei. Bada orretarako, diño santuak berak, arean bere gasturik ezta bear, ez neke latzik artu bearrik, ez denpora luzerik emon bearrik, ez aldats andirik igaro bearrik. Gogo sendo on bat artutea, egiaz ta bene-benetan gura izatea da asko; orrenbestegaz dago eginik; auxe da asko aldegiteko ekandu deungau. Oitu zara berba asko esaten, ekandutu zara berba guztietan juramentuak ezarten? Oitu ta egin zaite orainganik esaka gaistook aldegiten. Gura bozu, egin ziñei; ta baldin egiten ezpozu, adigarri da eztozula gura.

        Esango deustazu: Gura neuke, bada, erbestetu ta urrindu niganik ekandu oituzko au, ta indazuz sendagarri batzuk orretarako. Ona emen: lenengo erremedio osagarria da, artutea goxean gogo, asmo ta borondate egiazko sendo bat, egun atan juramenturik ez egiteko, miñaz kontu eukiteko; eta, baldin jazoten bajatzu orrez guztiaz jaustea, emon zeure buruari pena edo kastiguren bat, dala bularra jotea, dala lurra mun egitea, limosna egitea, jatekoa gitxitutea, denpora luze baten ixilik berbatu baga egotea, Jesus askotan esatea, Maria santisimari zerbait errezetea, ta onelako neke ta laztasunen bat egitea. Eta orduan onelan saiatu ta abiatuten zareanean, zure nai gura baga, ekanduak goiarturik jausten bazara juramentuetan ta uts egiten badozu, eztozu onetan errurik, ez bekaturik. Bada, au jazo liteke ta izan diteke ekanduaren indarraz, ustekabean, borondatearen kontra ta erru baga.

        Bigarren erremedio edo osokaia juramentu egiteko usadioa itxiteko da esatea juramentuaren ordez, juramentuaren lekuan berba-egikun au: bai seguru, ez seguru; alan da, ezta onelan; egia dirautsut, sinistu egidazu, ez nagizu geiagora beartu. Onelan gure Salbatzalleak berba egin oi eban: egiaz, egiaz esaten deutsuet. Onelan berba egizu, bada, zuk bere; ta zagoz juramenturik egin baga. Egongo zindeke egin baga, baldin juramenturik egiten eztozun egunean, amar eskutu irabazteko segurantza ziurra bazeunko. Bada, amar eskutu baño askozaz geiago balio dau zure arima Jesusen odolaz irabaziak.

        Bijoa, bada orrela, urrin juramentua, ta berau egiteko ekandu gaistoa, infernuko berbakuntza igar ezain gozobage au; arimea galduteko baxen ezer balio eztaben au. Eta betor gaurganik, geroko luzetu baga, egiaz berba egiteko ta, juramentu guztiak itxirik, ez eta bai, ez seguru, bai seguru esateko usadio ta ekandua. Bestela berba egiten dozun bitartean, jakinik zagoz arrisku bildurgarrian bizi zareala, infernuko bide zabalari darraiozula, ta azkeneko orduan estura larrian aurkituko zareala.

 

aurrekoa hurrengoa