www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Geroko Gero
Pedro Antonio Aņibarro
(c. 1820), 1923

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Blanca Urgell.

Iturria: Gueroco guero, Fr. Pedro Antonio Añibarro (Blanca Urgellen edizioa). Euskaltzaindia, 2001

 

 

aurrekoa hurrengoa

ADIBIDEA

 

        Urrengo buruetan Axularrek ifini zituan gauza batzuk laburtuko dira, ta larga beste batzuk, euren irakurtzatik askok on baño kalte geiago aterako leukeelako; ta lenago bere onen ganean esa-mesak izan direalako.

 

 

31. BURUA

 

Aragizko pekatuak dakartzan kalteak ta itsutasuna.

 

 

1 §.

 

        Beste bizioetan ainbeste kalte egiten badau luzementuetan ibilteak, geroko penitenzia ta erremedioak largeteak, zer egingo dau desoneskeriako pekatuan? Bizio onetan gelditu zan gure naturaleza argalago, gaixoago, gatxera jausiago ta makurtuago, beste bizioetan baño, pekatu jatorrizkoen ondoan. Ta, baldin sustraiak ta erroak ezarten baditu biotzean, gatx izango da atera ta kanporatutea.

        Esakizun asko dago bizio onen ganean: lenengo esango dira egiten dituan kalte negargarriak, emoten dituan zereginak ta lanak, ta dakartzan burukomin, atsekabe ta negarrak. Eta gero gatx andi au osatuteko sendagarriak, purgak, erremedioak, bide ta bitartekoak.

        Ezta eztakianik gure arimako arerioak direala iru: mundua, deabrua, aragia. Iruroetarik gaistoena, azartuena, arriskatuena, lotsabagena da aragia. Au da etxeko lapurra, barruko arerioa, beti gugaz dagoana, zedena zulean, sitsa oialean, arra urdaian ta aragian legez, gau ta egun geugan dagoana, beti gu tentatzen, beinbere geuganik bota ezin dogula. Errazago da pekatu onen ganean berba egitea, ta gorde bear gareala esatea, gordetea baño, diño Baleriok.

        Aragia argala da, ta sendoa. Argala defendietako; sendoa tentatzeko ta palagetako. Abe ta eutsigarri asko, grazia ta zeruko laguntza ta eskua bear da ez jausteko, ez laprast egiteko bizio madarikatu gogaikarri zitel tentagille onetan. Edozein gauza, ta okasiñorik txikiena, da asko jausi eragiteko. Agaiti ziñoan San Agustinek, kristiñauaren gerrarik andiena ta gogorrena kastidadearen gerrea zala. Bada, onetan beti dirau, eguneangoa da; baña bitoria ta benzimentua gitxitan, banaketan, urri, meatz. San Agustin berak diño: Deabruak sare asko baditu bere arimak kojietako; baña, orrez guztiaz, eztau ainbeste arima galduten, zelan bizio onegaz: emen ifinten ditu bere sareak, amuak, lakioak, asmu ta asmorik andienak. Beste bizioetan banakak artzen ditu; baña emen piloka, andizka, eunka.

 

 

2 §.

 

        Andiak dira aragiak, ta aragiaren naigura oker erabageak egiten dituan kalteak. Eta kalte prinzipalenetarik bat, lenengoa ezpada bere, da adimentua ilundu ta itsututea. Amoreturik dagoan batek eztakus, eztaki zer darabillan; bere gogo guztia aragian dauka; jatean, edatean, oean datzanean, atan dago pensetan; eztauko bestetan gogorik; bere solasak, bere amesak bere an ditu; eztau gura beste batek beste gauzarik esan dagion; itsuturik dago, ero zoraturik, zenzun bage, errazoitik aterarik. Agaiti lenagoko poetak pintetan eben Kupido, amorentasuneko jainko guzurrezkoa, ume txiki ta itsuturik. Itsu, ez ekusalako. Seiña, adimenturik ez eukalako. Eta Plutarkok diño gatx dala amorentea izatea ta zenzunean egotea.

        Alangoa, ez desonreak, ez jenteen esateak, ez ondasunak ondatuteak, ez fama txarrean geldituteak, ez loa galtzeak, ez ezerk bere, eztabe atzeratuten pekaturik. Basa-asto amurutsua legez, begiak itsuturik, eiztarien artetik igaroten da; edozein arriskuetan sartzen da. Bere amudio errazoibageaz bai, bere amorentasunaz bai, baña ganekoaz ez dau konturik.

        Usoa legez da alakoa. Usoak eztau beste egaztiak legez edatean burua gora jasoten. Edango dabena, abereak legez, arnasarik artu bage, burua goratu baga, beingoan edaten dau. Beste egaztiak edaten daben guztian burua gora jasoten dabe. Eta esan lei naturaleza berak alan erakusten deutsela. Bada, orduan daukee pelligrurik andiena, orduan dagoalako geldirik urera begira; bai ta orduan dagoz eiztariak zelatan, begira, ezkutaturik, zain; ta abereak bere dagoz irazarririk, zur ta kontuan; ta edaten daben ur txorta bakotxean, ingurura, batera ta bestera begiratuten dabe ta burua goratuten dabe, guardia egiteko balegoz legez, ta begira ea iñor agiri dan.

        Baña usoak eztau alakorik egiten, auspaz dago ase artean; eztau bitartean bururik jasoten, ez alboetara begiratuten. Eta onetan da agiri usoaren inozenzia ta sinpletasuna; bada, arriskurik geienean dago ardurabageturik, zabarturik. Au berau jazoten da desonestu bategaz. Arerioa zelataka dagoanean, tentagille asmutsua zainago dagoanean, orduan dago ardura, kontu ta bildur gitxiagoaz, bere atsegiñaz baño beste gauzaren konturik eztaukalako.

        Ziro enperadore agintaria ain itsuturik ifini eban Apama emakume desonestuak, ze egiten eban beragaz gura eban guztia. Belarrondokoak alde bietan emoten eutsazan; batean bizarretik, bestean belarriti tiratuten eutsan; ume txiki bat legez zerabillan solaska. Eta enperadore andi au guztira etorren ero bat eginik; agiñak irriturik ta barreka egokan begira; espillura legez egoan ari begira: a poztuten zanean, bera bere poztuten zan; ta triste ikusirik, tristetu. Eta emakume gaistoak bere burua batzuetan berariaz aserraturik legez ifinten eban; ta orduan enperadore zoroak egiten zituan asmu ta palagu guztiak berari kontentu emoteko. Amorioa zan nagusia; no zan to; emakumea gizon; olloa ollar. Emen da agiri ze itsu, sor, gortua ta itsutua ifinten daben persona bat desoneskeriako pekatuak, alango enperadorea orrenbestera eldu bazan.

 

 

3 §.

 

        Zalengo Greziako parte batzuetako errege batek, ikusirik desoneskeriako pekatuak egiten zituan kalte andiak, ta batezbere ilundu, erotu, itsututen ebala gizonaren zenzuna, errazoia, adimentua ta argia, guztiak au ezagutu egientzat ifini eban lege estu bat: baldin iñor jausten bazan pekatu onetan, begiak atera egioezala; barruan pekatuaren bildur bage itsutu zireanak, kanpotik bere peneagaz itsuak gelditu zitezen guztien aurrean. Ain estua zan lege au, ze ez eben balio libretako, ez enpeñurik andienak, ez bitartekoak, ez aide ta adiskideen erreguak, ez urreak, ez ondasunak, ez munduan zan gauzarik. Uts egiten ebanak iges egin eukean, albaeban, baña bein eskuratu ezkero, ez egoan parkaziñorik, begiak galdu bear zituan.

        Errege onek lege au orren irme gorde eragiten eban denporan, jazo zan errege onen semea jaustea pekatu onetan. Erregeak bere semearen uts egite au jakin ebanean, Jangoikoak daki ze damu andia artu eban. Alde baterik bere aitetasunak, semeari eutsan maitetasunak atzeratzen eban, eskuak estuten eutsazan, ta esaten eutsan etzala ondo ikusia aita batek bere semeari begiak ateretea. Besteti, barriz, justiziak erakusten eutsan legea gorde bear zala, ta bati parkatuaz beste batek azartasuna artuko ebala. Eta eretxirik indartsuago zala justiziaren errazoi au, semea galduko baeban bere, erabagi ta agindu eban justizia egin zedilla ta bere semeari begiak atera egioezala.

        Erreinuak jakin ebanean bere erregearen agindu au, guztiak batu, ta batera joan zirian erregututera erregeari, arren, parkatu egiola bere semeari. Bada a legea komunagaiti egina zala; ta komunak ain errege justu onaren amoreagaiti, aldi atan bere zuzena kendu ta kitutu gura ebala. Komunaren erreguak ta semeaganako asko-naiak estura andian ifini eben; baña geiago legea austeak. Uste eban ta iruditen jakon ez ebala bere koroia seguru izango, baldin txikientzat legez andientzat bere justizia egiten ezpaeban. Eta alan, jira, bira, itzul, pensamentu ta gogoeta bere artean eginik, azkenean idoro eban bide bat bere kaltekoa, baña semearen kastigua arinduteko ona. Oker obe, itsu baño.

        Agindu eban barriro, alango pekatuan iñor aurrerantzean jausten bazan, atera egioela aitari bere begietarik bata, ta semeari beste bat. Eta alan, bien artean kaltea jasorik, legea kunpli zedilla. Zelan agindu, alan kunplitu zan. Aitak eta semeak euren begietarik bana galdu ebeen. Eta gero andik ara geratu zan legea baiezturik, semea kastigaturik, erreinu guztia arriturik; ta alango utsegiteetara jausten zana, parkaziñoa erdetsiteko esperanzaren ate guztiak itxirik.

        Alabagarria zan errege au, ta bai ifini eban legea bere: zerren gaixotasunari egokiona zan. Denpora gaisto onetan bere oñean ta indarrean balego lege au, edo beronen antzeko bat, ez litekez ikusiko etxeetan ta errietan ainbeste kalte negargarri. Itsutasunaz itsutasuna osatuko liteke; gorputzezkoaz arimakoa sendatuko liteke; ta bakotxak gordeko leuka bere burua, alakorik ez egiteko. Bada, desoneskeriak egiten daben lenengo kaltea ta kolpea da, adimentua itsutu, ilundu, nastu ta zoraturik ifintea.

 

aurrekoa hurrengoa