www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Geroko Gero
Pedro Antonio Aņibarro
(c. 1820), 1923

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Blanca Urgell.

Iturria: Gueroco guero, Fr. Pedro Antonio Añibarro (Blanca Urgellen edizioa). Euskaltzaindia, 2001

 

 

aurrekoa hurrengoa

27. BURUA

 

Aserrea amatetako beste erremedio batzuk,
laburrago ifiniak.

 

 

1 §.

 

        Sufrimentua ta pazienzia eukiteko, bata besteaz ez aserratuteko ta bakean biziteko, konsideratu daigun, Adanen seme guztiok, batez bere kristiñauok, bat gareala, ta gorputz onen burua Jesu Kristo gure Salbagillea dala. Alan diño San Pablok: Gorputz bat gara guztiok Jesu Kristogan, ta bata bestearen zatia. Bada onela, alkar maite izan bear dogu, gorputzeko zatiak alkar ondo artu, alkartu ta maitetuten direan legez.

        Gorputzeko zatietan ez da enbidiarik, ikusi ezinik, benganzarik. Oñak serbituten dau eskua, ta eskuak oña. Oñak beaztopa edo estropezua [egina] gaiti, ezteutso eskuak kolperik emoten. Agiñak miña usegiteagaiti, nok agaiti ateretan ditu aginak? Begiak leku goragoan dagoz oñak baño; baña, orrez guztiaz, begiak maite ditue oñak, eztitue desprezietan: al daien guztian alkarri lagunduten deutsee; eta, baldin alkar ondo artuko ezpadira, euren kaltera etorriko liteke. Begiak argituten ezpadituez oñak, oñak estropezuaz minduko dira, ta begiak negartu.

        Sabelak jaten ezpadau, zankoak argalduko dira; eta bai sabela bera bere tximurtu. Ez laguntzeaz, ez konpondu, ez ondo artuteaz batek bere buruari kalte egiten deutso. Eta beragaiti, au ikusirik, gorputzeko zenzun ta zati guztiak alkar ondo artu, lagundu ta maitetuten dira. Eta batak edo besteak uts egiteren bat eukiagaiti, alkarri parkatu, sufrituten deutse. Onela guk bere, bada, alkarri sufritu ta parkatu bear deutsagu; ta amorea euki ta erakusi; garealako gorputz bateko zatiak ta parteak.

 

 

2 §.

 

        Baita aserre ta gorrotoa oztuteko on da esku-lan bat egitea, bearrari ekitea; beste gauza baten pensetea, ta gogoa aldatu ta zabaltzea. Alan egin eroiala diñoe, Klimas zeritxon batek. Koleraren gaixotasunaz ukuturik asmetan zanean, aldatuten zan beste egitekoetara; asten zan kanta-soñuka; ta onela, bere gatxa ta aserrea aztuten jakazan; ta soseguan gelditu.

        Bai ta erremedio ona da aserrea atzeratuteko, gogoratutea zeu bere uts egite askotan jausten zareala; ta orregaiti eztozula zeure buruaren kontra emoten. Erremedio au gogoan eukan Senekak, esan ebanean: Egon diteke aserratu bage injuria ta bidebageak artzen dituana, baldin ordu berean badirautso ixilik bere artean bere buruari: Nik bere egin dot nosbait beste onenbeste. San Gregoriok diño: Ura suaz amatetan dan legez, alan gorroto ta aserrea, bakotxak bere utsegiteak gogoratuaz. Bada, lotsatuten da, edo lotsatu bear liteke, besteri ez parkatuteaz, berak parkakizun edo parka bear geiago edo ainbeste dabenak. Ezta zurtasuna, faltetan jausten danak faltetan uts egiten dabena estutu ta kastigetea. Zerren, bestela, berak bere bere burua gorrotatu ta kastigatu bearko leuka.

 

 

3 §.

 

        Bai ta aserrea ta gorrotoa kenduteko on da adiskide bat, Mezenas bat alboan eukitea. Ak, iluntzera ta jaustera zoazanean, aserreak itsuturik zorakeriaren bat egitera zaroazanean, soñekotik tiratu leizu, abisatu ziñei, esan leizu jausterik gorde zaitezala. Gizon bat joian bein gogo ta asmo guztiaz prestaturik beste bat iltera; ta, ikusirik bere adiskide batek zelan joian, itandu eutsan: Nora zoaz orrela armaturik? Eranzun eutsan: Urlia iltera. Eta, zer izango da baldin ak zu ilten bazaitu? Ez nintzan orrezaz gomutatu. Adiskideak onela atzeratu ta biurtu erazo eutsan.

        Askotan egin eutsan ofizio au Zesar Augusto enperadoreari Mezenas bere adiskideak. Eta guztiz bere egun baten agintari onek koleran itsuturik emon eban sentenzia gaisto bat, ta bere aginduz jente andia eroien galdutera; orduan Mezenas bere adiskideak eskribidu eutsan, ta biraldu eutsan kartea eskutik eskura, bera jente artean urrin egoala, ta bakarrik zirautsazan berba laburrok: surge carnifex: jagi zaite karnizerua, ikusi egizu zer egiten dozun berdugu orrek. Enperadoreak, artu ebanean a karta ain laburra ta ain zuzena, nok egina zan, izenik ezpazeukan bere, ezagutu eban bere adiskidearen letrea ta eskua. Artu eban parte onera, ta bertati, bere falta ezaguturik, aserreak eragin eutsala ikusirik, parkatu eutseen guztiai.

        Asko balio dau adiskide leial on bat bere alboan eukitea, ak egiak esan daiozan; ta ezer esan baga bere, ukonduaz ukutu ta begiaz keñu egin dagion. Bada, batzuetan geiago egiten dau kiñu siñu batek, miñak baño. Gauza bat egitera zoazanean, eta zeure adiskideak dirautsunean eztagizula egin bear ezpada, atzera zaite a egiterik. Bada, orduan obeto dakus zure adiskideak zuk baño; bada, zu zagoz atara erabagirik, pasiñoturik, itsuturik, ta eztozu dan guztia ikusten. Baña zure adiskideak eztauko pasiñorik, argi ditu begiak, ta dakus dan legez ta bear dan legez.

        Ez jat eguño neure adiskidearen abisuaren kontra egin dodan gauzarik ondo jazo. Medikuak bere, munduko onena bada bere, gaixorik dagoanean beste medikuen eskuetan itxiten dau bere burua; bestez baliatu ta gobernetan da, bere buraz fiatu bage. Koleran dagoan bat, gaixorik dago. Bada, osatu gura badau, begiratu ta obeditu begio bere adiskideari; goberna bedi aren konsejuz, adibidez ta abisuz; bada, atan idoroko dau ona, ta ez bestela.

        Azkenez, da erremedio ona ez aserratuteko ta aserreak dirauskun gauzarik ez egiteko, gogoratutea eta geure artean pensetea ze gauza ona, gozoa ta baliotsua dan ez disputan sartzea, ez benganzaren billa ibiltea ta bakean egotea. Ze neke da arerioari parkatutea? Ez bapere, diño San Juan Krisostomok: bada, ezta orretarako itxasorik igaro bearrik, ez bide luzerik ibilli, ez mendi ganera igon, ez dirurik gastatu, ez gorputza zatitu, ez beste nekerik bear, ezpada gura izate bat, borondatezko nai bat, ta ez besterik. Baña lan andia ta pena nekegarri latz garratz mina da ez parkatutea, ea nondik eta zelan bengauko dan beti asmetan ibiltea. Eta ezpabere, gogoratu egizu ta gomuta zaite arako alkar ikusi ezinik, aserraturik, arerioturik ta bengatu ezinik ibilli zarean denporaz; eta gero bakean, areriotasun bage egon zarean edo zagozanaz; ta ikusiko dozu ze diferenzia dan bien artean, zeinbat doian bataganik bestera. Ikusiko dozu len aldi askotan laguntza batzuetarik alderatu bear zenduala, an zegoalako zure arerioa. Bai ta ikusiko dozu len zengozala gerran eta orain, biktoria irabazirik, bakean. Bada, San Krisostomok diñoan legez, areriotasuneko bitoria eztago bengetean, ez orde kitua biurtzean ta bibidertutean, ezpada parkatutean ta injuriak biotz onez sufrietean. Bada, orduan zure arerioa, zeure burua ta deabruak goiartuten dozuz; eta arimea ta gorputza bere bakean, soseguan, seguruan ifinten dozuz. Eta au da erremedio, bitarte ta bide ona, andia ta alabagarria, zeinbat lasterren, gerora begira egon baga, areriotasuna largetako, bakean biziteko ta ez aserratuteko.

 

aurrekoa hurrengoa