www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Geroko Gero
Pedro Antonio Aņibarro
(c. 1820), 1923

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Blanca Urgell.

Iturria: Gueroco guero, Fr. Pedro Antonio Añibarro (Blanca Urgellen edizioa). Euskaltzaindia, 2001

 

 

aurrekoa hurrengoa

47. BURUA

 

Konfesiñoa gerotik gerora luzetu bear ezta.

 

 

1 §.

 

        Baldin Eskritura santea ondo irakurten badozu ta kontuz gogoratuten badozu, ikusiko dozu eztala eguño pekatu mortala egin dabenetarik salbatu, ez salbatuko bere, aldez edo moldez, nolabait konfesatu bage. Mundua danik ona, lege ta denpora guztietan usatu da ta usatuten da konfesetea. Lege naturaleko konfesetea zan oraingoaren geriza, antz irudin adigarri bat. Lege naturalean asko zan biotz-damuaz batera, ta gogoa arturik ez beste bein pekatura borondatez biurtuteko, au erakustea kanpoko señaleren bategaz, zelan zan begiak jasotea, belauniko ifintea, kolpeak bularrean emonik, Jangoiko berari konfesetea ta parkaziñoa umiltasunaz eskatutea.

        Jangoikoak deitu eutsan Adani, pekatu egin ebanean; ta itandu eutsan ea non zegoan. Itandute au ez eban egin Jangoikoak jakinezaz, ezpada Adanek bere pekatua ezaguturik, konfesatu edo autortu egientzat. Eta ez ebalako argiro ta artez autortu; atxakia ta itzulbidez bere pekatua edertu ebalako, bere emazteari errua egotzirik, ta onek deabruari; osoro ta argiro agertu ta autortu ez ebalako, kastigatu eban Jangoikoak, gatxez, kaltez bera ta bere ondorengoak beteten zituela; baña nolabait, inguruka bazan bere, konfesatu ebalako bere uts egitea, parkatu eutsan; eta argiroago autortu baleu, bearbada kastigu gitxiago emongo eutsan.

        Molde ta era onetara irakurten da itandu eutsala Jangoikoak Kain gaistoari, Abel bere anaje ona il ebanean, zirautsala: Kain, non da Abel zure anajea? Eta zergaiti itandu eutsan onela? Bere pekatua gogoratu egientzat; ta gogoraturik, konfesatu egientzat. Baña konfesatu ez ebalako, ukatu ebalako, gelditu zan zorigatxez beterik, errukigarria ta on-bear eginik, mundutik erbesteturik ta jenteen arterik igeska ibillirik, ta azkenean kondenaturik. Bada, Adan ta Kain bere seme au, lege naturaleko denporakoak zirian; lege eskribiturik, ez irakaslerik ez oi zan denporan bizi zirian.

        Baña naturaleza beraren argiak erakusten dabelako errazoiak darakuskun erara bizi bear gareala; dongero egitea largarik, Jangoikoa ta lagun urkoa maite izan bear dogula, ta Jangoikoari geure utsegiteak, okertasun, gaistakeriak autortu bear deutsaguzala; onegaiti etzan lege natural, berezko, errazoizkoan bere iñor salbetan, nolabait edo eraren batez, kanpoko señaleakaz ta barruko damuaz pekatuak konfesatu, autortu bage. Egia da ez egoala orduan oraindiño konfesatzeko zirimonia señalaturik, Santo Tomasek erakusten daben legez. Bada, asko zan biotzeko damu egiazkoaz, ta damu ta garbai onen señale adigarriren bat kanpotik erakustea ta adierazotea. Etzan orduan oraindiokorren beste konfesiño molderik, ez erremedio eskribituz ifinirik.

        Baña gero, mundua puska bat geitu ta askotu zanean, lege naturaletik lege eskribitura Moisesen denporan eldu zanean, asi zan beste konfesiño era bat. Etzan orduan asko bakotxak bere barruan eukan damua gura eban señaleaz kanporatu, erakusi ta agertutea. Erakusi ta adietan emon bear zan barruko damua ofrenda, eskeintza ta sakrifizioakaz; ta ez nolanai ta bakotxak gura zituanakaz, ezpada orretarako lege eskribituak izentatu ta señalatzen zituanakaz. Baziran lege zar eskribitu onetan sazerdoteak ta Elexako kargudunak. Eta pekatuan jausten zanak bear eban pekatu agaiti, damutu ta geiago ez egiteko borondateaz sazerdoteen aurrean eskeñi ofrenda ta sakrifizio, ta onegaz adirazo pekataria zala. Alan aginduten zan Lebitiko[aren] kapitulu batzuetan; bai ta euroetan izentatzen zirian pekatuai egokien pena, ofrenda ta sakrifizioa.

        Etzan orduan orain legez pekatuak konfesatuteko agindurik, ez zelan autortu bear zirian, ez nos, ez zeinbat pekatu egin eben esateko premiñarik. Asko zan orduan, damu egiazko bategaz legeak aginduten eban legez ofrenda ta sakrifizioa egitea; au zan orduko konfesiñoa. Dabid erregeak egin zituanean desoneskeriako pekatua ta gizon on bat iltea, lotsaz ta bere burua ez agertzeagaiti, Glosak diñoan legez, etzituan egin legeak aginduten zituan sakrifizioak eta penitenziak, arik eta Natan profeta santuak zemaitu ta arpegian bere bekatuaz emon arteraño. Baña beragan biurtu, damutu ta lotsea kendu ebanean, egin eban legeak agindurik eukana umiltasun andiaz; ta onenbestez irabazi eban parkaziñoa.

 

 

2 §.

 

        Orain lege barrian, Ebanjelioa ta kristiñau fedea zabaldu danean, gagoz bearturik, premiñaturik konfesetara geure pekatu mortal guztiak, euren neurri ta zirkunstanzia guztiak sazerdote konfesore bati. Konfesiño au lege zarrekoa baño santuagoa, obea, seguruago, indartsuagoa, balio geiagokoa da. Bada, oraingo konfesiñoko absolbiziñoko berba gitxi bat[z]uei emoten deutse indarra ta grazia Jesu Kristoren merezimentu, pasiño ta eriotza santuak. Damu egiazkoaz, propositu sendoaz ta argirotasunaz konfesatu ta sazerdoteak absoluziñoa emoten dabenean, an da bereala Jesu Kristoren bizitza ta eriotzako merezimentu guztia, balioa, grazia, mesedea ta pekatu guztien parkaziño osoa.

        Gauza bigaitik batez bere esan lei oraingo konfesiñoak birtute, grazia, indar ta baliotasun geiago daukala, lege zarrekoak baño. Lenengo, oraingo konfesiñoa izanik sakramentu egiazkoa, berak berez beragan dauka indarra grazia emoteko. Ez alan lege zarrekoak: bada, onek emoten eban grazia zan, zelan zeukan prestaerea, deboziñoa, disposiziñoa batek. Baña oraingo konfesiñoak eta sakramentuak emoten deutse gure prestamentuari dagokan grazia, eurak euretan dauken graziagaiti, Jesu Kristoren merezimentuetarik datorkioena, baldin gu ondo prestatzen bagara.

        Bigarren errazoia da, zerren orduko konfesiñoak, baldin emongo baeban grazia, euki bear eban batek kontriziño fiña, egiazkoa; zelan dan artuten dan damua pekatu egiñaz ta ofendituaz Jangoikoa bere ontasun maitegarriagaiti. Baña oraingo konfesiñoko sakramentuan, obea bada bere kontriziño au, asko da atriziñoa edo bildur damua, zelan dan damua artzea pekatu egiñaz, beragaz zerua galdu ta infernua irabazi dabelako, infernuko penak gaiti, pekatuaren ezaintasun ta kalteak gaiti; emendik asten dala pekataria Jangoikoa amatzen, pekatua gorro[ta]tuten ta beste bein pekatura ez biurtzeko gogoa ta borondatea artuten.

        Ez dau zer ikusi lengo konfesinoak oraingoaz. Eta asko osatu ta garbituten ezpadira euren arimako pekatu, gatx ta gaixotasunetarik da, ondo prestatzen eztirealako sakramentu onetarako; ta ez beronek birtutea, grazia ta indarra eztaukalako edozein pekatu parkatuteko, edozein pekatari santututeko. Onegaiti itandu lei, Jeremias profeteak bere denporan legez: Zer da au? Ez ete da erretxinarik, triarkarik, osagarririk Galadko errian, edo medikurik an bertan? Zelan, bada, ene erriko alabaren llaga zauria osatuten ezta? Esan gura dau: Kristiñau errian arimeko gaixotasuna osatu ta sendatuteko ain erremedio andia, osagarri ain egiazkoa eta mediku osagille au, ta konfesiño ta konfesore dan errian, zelan orrez guztiaz idoroten dira ainbeste llaga, zauri, gaixotasun? ainbeste pekatu ta gaistakeria? Eta, zelan eztira lenago sendatu ta osatuten? Zelan urterik geienean edo osoan, ta bearbada geiagotan, pekatuen gaixotasunean usteldurik, atsiturik, kiratsturik irauten dabe? Glosak eranzuten dau: Eztira osatuten, abiatuten eztirialako, orretarako gogorik artuten eztabelako, konfesiñorik igeska dabiltzelako, konfesore medikuaren osagarriak, adibide santuak artutera joaten eztirialako, bear dan prestaeraz konfesetan eztirialako.

        Arimako gatxerik osatuteko erremedio sendagaia da konfesiñoa. Ontzia galdu ezkero itxasoan, ze bide, bitarte, erremedio izan lei marinal batek? Ol edo zul zati bati oratutea, ta agaz baliaturik ta lagundurik, igeri leorrera eldutea. Ontzia galdu ezkero oratuten dan ol aren erakoa da konfesetea, pekatuan ito aginean dabillan pekatarientzat. San Lukasen aotik diño Jesusek: Baldin penitenzia egiten ezpadozue, guztiok galdu ta ondatuko zaree. Bada, penitenziaren parteetarik lenena ta bearrena da konfesiño santua: beragaiti, galdu ta kondenatu etzaitezan, bearturik zagoz ondo konfesetera.

        Bekatua da arimaren zauria, llaga, anditua. Anditua, zaldarra, sustarra irazten danean, kanpora istanda egiten danean, esperanza da osatuko dala. Baña barruan geratuten danean, materia edo zorna gogorturik, peligruzkoa da. Alan izango da, bada, peligrutsua, lotsaz ta borondatez konfesatu bage barruan geratu ta gogortuten dan pekatua bere. Onegaiti itandu ta eranzuten dau San Gregorio andiak: Zer da pekatuak konfesatu ta autortutea, zauria ta zaldarra istandatu ta irazitea baxen? Eta, zer egiten dogu pekatua konfeseteaz, ezpada barruan egoan gatxa ta gaixotasuna agertutea?

        Pekatuan jausi ezkero, lenengo erremedioa konfesetea da. Zerren, ezin dateke kontriziñorik, damurik, garbairik konfesatu bage; edo ezin konfesaturik, konfesetako borondate ta gogoa bage. San Agustinek diño: Obra onaren asierea, obra gaistoa[k] konfesetea da.

 

 

3 §.

 

        Obra onaren asiera, baldin bada obra gaistoak konfesetea; konfesiño au zelan, ze erara egin bear ete da? Itandu egiozu Jeremias profeta santuari; bada, onek Jerusalengo erriaren ganean egin zituan negar, zispuruen bigarren kapituluan darakus, esaten dabela: Ixuri, zabaldu ta egotzi egizu zeure biotza ura legez Jangoikoaren aurrean.

        Adirazoten dau: Lenagoko pekatuen damuaz ta geiago ez egiteko borondateaz, Jangoikoak bere lekuan ifinirik daukan konfesorearen aurrean konfesa zaite, egotzi, bota, ixuri egizuz an esan, egin ta pensatu dozuzan pekatu guztiak. Eztiño egotzi daizuzala zeure pekatuak orioa legez, koipea legez, eztia legez edo ardaoa legez. Zelan, bada? Ura legez. Bada, eztago jatekorik, edatekorik ura baño garbiago ta osoago irazi, ustu ta egozten danik. Eztia ustu edo iraziten dozunean, edo orioa, zerbait geldituten jako ontziari. Ardao[a] ustuten dozunean, alik ondoen egin arren, zer edo zer geldituten da, usaiña ta kolorea baño ezpada bere. Baña uretik ezta geratuten, ez usaiñik, ez kolorerik, ez loirik: dan guztia ustu, garbitu ta ateretan da. Alan bada, guk bere pekatuak konfesetan doguzanean, bear dogu geure gogoa, borondatea ta biotza gaistakeria guztietarik ustu, utsitu, irazi, garbitu, ura egon dan ontzia legez, ondakinik, arearik, ondarrik, pekatuen usaiñik, ez atsik bapere baga gelditu.

        Bai baña, konfesiño au zeinbaterik zeinbatera egin bear ete da? Asko ete da geroko luzaturik, urtean bein konfesetea? Dudarik, bada ezpadarik eztago, bearturik, premiñaturik gagozala konfesetara: Jesu Kristoren agintea da; bada, itxirik bere Elexa santan sakramentu konfesinoko au, ta emon ezkero pekatuak parkatuteko eskubidea sazerdote konfesoreai, esanik dago onei autortu, agertu, konfesatu bear badeutseguzala pekatuak. Konfesatu bear gara, bada, edonos bere. Jakina da, konfesatu bear gareala eriotza orduan, eriotzako peligruan ikusten gareanean, dakigunean ezin konfesatu izango gareala denpora luzean, edo sekula. Bai ta dirudi, bein Jesu Kristok ifini ezkero konfesiñoko agindua, euki ebala intenziñoa ta borondatea konfesa gindezela batzuetan, eriot[z]ako peligruan ez gengozanean bere, konfesiñoti etozen on ta ondasunak gaiti. Onegaiti Elexa Ama Santeak euki dau onetan beti kontu andia; eta artu ditu bere neurriak, bai ta agindu bere, konfesa gaitezala, eriotzako peligruan ez egon arren; zelan denporak, alan emon ditu ordenamentu diferenteak.

        Lenago, Apostoluen denporan ta oneek il ezkero lenengo fededunen denporetan, ain deboziño andia, sutua, beroa zan, ze egunero komulgetan zirian; ta orretarako, pekaturik eukeenak egunoro konfesetan zirian. Baña gero, deboziñoa oztuten asi zanean, agindu eban San Fabian Aita Santuak, sarriago ta geiagotan izango ezpazan bere, urtean iru bider iru Pazkoetan konfesaturik, komuniño santua artu gengiala. Gerorengo denporetan orrenbeste otzitu, epeldu, gitxitu, amatau zan deboziñoa, non Inozenzio irugarrenak agindu bear izan eban urtean bein edolabere edo gitxienez konfesatu gindezela, ta artu komuniño santua Garizumako Pazkoa loratuan. Eta beragaiti orain, eriotzako arriskuan ezpagagoz bere, bearturik gagoz urtean bein edolabere konfesetara. Eta urteango konfesiño au egin oi da komunki Garizuma ondoko Pazkoan edo lenagoko egunetan, zelan dan usanza. Zerren orduan artu bear dogu komuniño santua, ta Jesu Kristoren Gorputz beneragarria artuko dabena, baldin badago pekatuan, lenik konfesatu bear da.

        Baña nor izango da kristiñau artean, urtean bein bakarrik baño konfesatuko eztanik? Urte osoan egongo danik bisitatu bage bere konzienzia; ikusi baga zelan dagoan bere arimea, artu bage sakramentu santu onek emoten dituan graziak, osasuna, indarra ta arimazko ondasun ugari zeruzkoak? Edo zara kristiñau ona, edo gaistoa. Ona bazara, zelan iraungo dozu onean konfesatu bage? Gaistoa bazara, zelan ondu ta pekaturik urtengo dozu konfesatu bage? Esango dozu: Elexa santeak ezteust aginduten, ezpada urtean bein baño konfesetea; bada, orrela ondo nabil, ez geiagotan edo sarriago konfesatuagaiti. Egia da Elexa Ama Santeak agindu, premiatu, beartuten etzaituela geiagotan; baña ezteutsu eragozten. Lenago bai, gura leuka geiagotan konfesatuko baziña. Eta onegaitik diño urtean bein gitxienez; gitxienez, edolabere diño, adietan emoteko gura leukeala geiagotan, sarriago bere egingo bazendu. Bada, andiak dira konfesiño ondo egiñetik datozan onak, probetxuak, irabazteak; bai ta bere meatz, belu, berandu, gitxitan konfeseteaganik sortuten direan kalteak, atzerapenak ta zorigatxak, urrengo buruan erakusiko direan legez.

 

aurrekoa hurrengoa