www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Geroko Gero
Pedro Antonio Aņibarro
(c. 1820), 1923

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Blanca Urgell.

Iturria: Gueroco guero, Fr. Pedro Antonio Añibarro (Blanca Urgellen edizioa). Euskaltzaindia, 2001

 

 

aurrekoa hurrengoa

32. BURUA

 

Aragizko pekatuak dakartzan beste kalte batzuk.

 

 

1 §.

 

        Desoneskeria, lujuriazko edo aragizko pekatua ain da gauza itsua ta itsugarria, ze ezteutso begirunik, ez errespetorik aidetasunari, urkotasunari, ikusi zan legez Amnon ta Absalon Dabiden semeakaz, Neron enperadore ta beste agintari askogaz. Ezta ernegurik, juramenturik, biraorik, guzurrik, falsiarik desonestu batek egingo eztabenik. Bein bizio onetan itsutu ezkero, lenago egiatiak, finak, berba onekoak, moduzkoak, lotsatiak zirianak, gero egiten dira guzurtiak, azartuak, lotsabageak, ernegatuak, zitelak, biraotiak, juramentugillak.

        Bada, euren guraria ta deseoa kunplitzeagaiti eskeñiten dabe asko, baña kunplitu gitxi; egiten dituez milla juramentu, promes ta eskentza, emon eun berba; baña eurena egin ezkero, eztabe ezeren konturik; eztabe berbarik, esanik, juramenturik betetan; guztia austen dabe; eztazaue adiskiderik; eztauke lotsarik; txantxetako gauzatzat artzen ditue juramentu beneragarrienak. Alakoz eze, etorri zan Platon esatera, euren jainko utsak bere disimulatzen zituela amurutsu amorenteen juramentuak eta promesak. Eta gaurko egunean ezta zer fiatu alakoen juramentuetan. Bada, amanzebatuak euren atsegiñen billa dabilz, ta ez euren juramentu ta promesen kunplitzeaz.

 

 

2 §.

 

        Desoneskeriako bizioaz itsutu ezkero, len pazienziadunak, maitetsuak, bakezaleak zireanak bere, gero eureena egiteagaiti datoz izatera traidoreak, biotz gogorrekoak, krubelak, gogorrak, iltzalleak ta zitelak. Dabid erregea zan len ain santua, ona, biguna, biotz-beraa ta errukiorra, eta bere areriorik andienai beti on egiten ta parkatuten ekiana; jausi ezkero desoneskeriako pekatuan, beste bat zirudian; ta etorri zan il eragitera Urias bere adiskide maitea ta kapitai leiala, bere emazteaz ezkontzeagaiti.

        Jakobo ermutar penitente santua, urte askotako penitenzia latz arrigarriak egin ezkero, deabru ta aragiaren tentamentuak benzutu ezkero denpora luzeetan, milagro miragarriak egin ezkero, azkenean jausi zan pekatuan berak osatu eban emakume bategaz; ta bere pekatu lotsagarria estaltzeagaiti, il eban andrakume au; baña gelditu zan ain damuturik pekatu egiñaz ze, sarturik sepultura baten, igaro zituan zazpi urte, zulo batik jateko puska bat emoten eutseela nosik bein.

        Emen esan giñei Jesu Kristo gure Salbagille maiteak Kalbarioko bidean Jerusalengo alabai esan eutseena: Au jazoten bada egur ezeaz, arbola frutudunaz, zer gertako da egur igarraz? Baldin Dabid erregea ta beste santu asko, ainbeste denporan egon izan zirianak benzuten euren griña txarrak, goiartuten aragiaren tentamentuak, eziten euren gurari gaistoak, egiten penitenzia nekezkoak, gau ta egun oraziñoan, oneek guztiok aragiak itsuturik ta zoraturik jausi bazirian pekatuan: zer jazoko da Jangoikoaz, munduaz, konzienziaz konturik euki baga, deboziño apur baga ta nai daben erara bizi direanakaz? Eta zer, bekatu egiteko okasiñoaren billa edo bertan sarturik dagozanakaz?

        Ezin geiagoan andia da aita batek bere semeari deutsan amorio naturala; eta, orrez guztiaz, etorri dira guraso asko euren semeak iltera, edo beste bategaz ezkontzeagaiti, edo besteaz pekatu onetan jausteagaiti. Katilina Erromako gizon gaisto batek ez eukan seme bakar bat baño; ta ori bere ya adinara eldua, obedillea, bere agindukoa, ona, prestua ta ondo azia. Orrez guztiaz, betetzeagaiti bere gustu txarra Aurelia eritxon andra loi bategaz, il eragin eban bere seme au. Zerren au bizi zan artean, etzan beragaz batu gura Aurelia. Beste onenbeste diño Elianok jazo zala Lenilla eritxan andra andikiaz. Emakume gaisto onek pekatu egiteagaiti bere otsein serbitzari bategaz, salatu zituan bere seme proprioak erregearen aurrera, esanik bere traidoreak ziriala; ta andik egiaz edo guzurrez probanzak eginik, il zituezan; ta gero, iñoren bildur baga gelditurik, amore itsuaz itsuturik bizi zan amorentasunean bere otsein mutilaz.

        Onegaiti diño Aristotelesek, ondo egin ebeela lengo poetak, Marte ta Benus alkarregaz ezkondurik; bada, Marte zan gizon gerraria, ta Benus emakumea, amorentasunaren erregiña. Gerra ta amoreaz egin zituezan senar-emazteak. Bada, amorentasunetik beti edo geienetan erne, sortu ta jaioten dira gerrak, erriertak, ikusi ezinak, auziak, testigantza guzurrezkoak, gorrotoak ta enredoak. Amoreaz asten da, ta gorrotoaz azkendu: adiskidetasunatik areriotasuna jaioten da; amoreaganik, amorebagetasuna. Emen da agiri ze andia dan deabru gaistoaren asmua; bada, izanik ain kontrakorrak amorea ta gorrotoa, adiskidetasuna ta areriotasuna, alkarregaz batu, bildu ta ezkonduten ditu; bata besteaganik ateretan dau.

        Aragizko atsegin ta amorentasunean ezta ikusten, ezpada danzea, barrea, jan-edatea, solasa; ta, orrez guztiaz, deabru asmutsuak gauza guztiok moldean legez aldatuten ditu bere aldera: amorea gorrotora, bakea gerrara, barrea negarrera, dantzea erriertara ta jolasa ta dantzatik, Herodesegaz egin eban legez, ateretan dau eriotzea. Onegaiti ziñoan Salomonek, atsegiñaren ondoa ta azkena zala atsekabea, naibagea ta negarra. Amore mundutarrak berea egiten dabenean, desegiten da, gorrotoan biurtzen da. Au da azi onetarik sortuten [dan] garau ta frutua; bada, pekatu onek egiten ditu aserrekorrak, gogorrak, gerrariak, len mansoak, umillak, bigunak, baketiak zirianak.

        Esakizun ezta desoneskeriako pekatuari darraiozan kalteak. Eureetarik bat, ta ondo negargarria ta mina, da kendutea sosegua ta barruko bakea. Nok esan lei zeinbat naibage, atsekabe, ta zeinbat gau ta egun txar igaroten dituan desonestu batek? Beti dabil tristerik, gogaiturik, igeska bere lagun prestuetarik; azturik bere egin bearrak, loa galdurik, bere artean errerik, aserraturik, beste guztirako gogo bage. Beti darabil gogoan ea zer diñoen besteak beragaiti, ikusi ete daben arako galaiaren etxean sartuten, edo arako pekaturako daukan lagunaz berba egiten. Eta zerbait bere kontra esan dabela enzuten badau, kiskaldu ta erreten da bere artean, gorrotoan sartuten da bategaz ta besteaz. Bada, gura leuke besteak bere itsuak bera legez izango balira; eta iñok ez ezagutu ta ez esan, ez oartu, ez ikustea bere gauzarik.

        Guztiak darabilde aotan, guztiai deritxe deungaro aren bizimodu eskandalosoa; batak alde batik, besteak bestetik salsa nastuak, esamesak darabildez aren kontra. Bere amoranteak bere ekarten deutsaz barri txarrak: nok zer esan daben, zelan ta zer diñoen; errian dabillan otsa ta zer esana; eta onela, direanak ta eztirianak dirautsaz bere lagunak; bada, onelakoak atarako dira obeak, ta ez bestetako. Ze bizitza gaisto gogaituago, au baño? Atsegin labur arin bati zeinbat negar ta naibagek darraioen! Emen infernua, ta gero beste munduan infernua. Larga, bada, pekataria, bizitza gaisto orri, larga lagun txar ori, biurtu zaite bein edo bein Jangoiko maiteagana, egizu lengo gaistakerien penitenzia, ixildu egizuz zeure konzienzia orren deadarrak, deiak, kisketadak konfesiño jeneral guztiroko baten bitartez, ta artu egizu gogoan orain urrengo buruetan emotera noatzuzan erremedioak urteiteko bizio ezain lotsagarrizko orretarik.

 

aurrekoa hurrengoa