www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Geroko Gero
Pedro Antonio Aņibarro
(c. 1820), 1923

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Blanca Urgell.

Iturria: Gueroco guero, Fr. Pedro Antonio Añibarro (Blanca Urgellen edizioa). Euskaltzaindia, 2001

 

 

aurrekoa hurrengoa

51. BURUA

 

Gerotik gerora luzamentuetan dabillanak
egiten deutso bidebagea bere buruari,
lagunari ta munduko gauza guztiai
.

 

 

1 §.

 

        Baldin luzaro pekatuan egoteaz, irauteaz ta gerotik gerora ibilteaz egiten badeutsegu bidebagea ta injuria Jangoikoari ta angeru santuai; jakina da, alan egiten deutsegula geure buruari bere bidebagea ta kaltea. Bada orduan, pekatu mortalean gagozanean, baldin ilgo bagintekez, sekula betiko galduak ta kondenatuak izango gintekez.

        Guk dogun areriorik andiena geure burua da. Ezteusku geure buruak baño beste iñok kalte ta bidebage andiagorik egiten. Geuk geure buruak galduten doguz, infernura botetan doguz. Ez dogu iñogaz aserratuteko errazoi andiagorik, zelan geure buruaz; ez dogu besteri zer errurik ezarri: geurea da errua, geu galtzen gara.

        Eztakit non dogun geure adimentua ta zenzuna, eta zetan pensetan dogun; bada, doguzan beste gauza guztiak, gura dogu onak izan ditezen; eta bakarrik geure bizitzea, konzienzia ta arimea gura dogu gaisto ta txarra. Esaidazu, diño San Agustinek, zer da gaistoa, txarra ta dongea gura zendukeana? Ez egiaz ezer. Nai etzenduke euki emazte gaistoa, semealaba gaistoa, otsein serbitzari gaistoa, ez alkandora txarra, ez soñekoa, ez oñekoa. Zelan, bada, gura dozu bizitza ta konzienzia gaistoa? Edolabere oñetako kaltzerdi edo zapa[ta] baten baño, kontu ta ardura geiago euki egizu zeure arimeaz. Zelan, bada, dozu ain gitxitan, ain azturik zeure arimea? Zelan, gura izanik gauza guztiak onak, dozu bizitza gaistoa, konzienzia gaistoa, arima pekatuan illa?

        Baldin zure etxean dagozan gauza guztiak berba egin al balegie, zure kontra deadar ta txilioa egingo leukee, diño San Agustin berak. Zure soñekoak, zure zapatak, zure gauza guztiak esango leuskizue: Zeure arimea baño maiteago gozuz; zuk gura dozu gu onak izatea; alan guk bere nai dogu zu ona izatea. Zuk gura dozu zeure etxeko guztiak, zeure serbitzariak onak izan ditezen; guk bere gura dogu zu ona izan zaitezan; nagusi ugazaba ta ugazabandre onak eukitea. Baldin zeuk dozuzan gauza guztiai itanduten badeutsazue, zer dan zuk dozun gauzarik preziatuena, baliodu[ne]na, maiteena, eranzungo deutsue, zeure bizitzea ta arimea dala; bada, biziagaiti munduan dan guztia largako zenduke. Zelan, bada, gura izanik beste gauza guztiak onak, nai dozu, dozun gauzarik maite preziatuena gaistoa izatea? Ezin emon ziñei beste errazoi, atxakia ta igesbiderik, ezpada deabruak itsutu, ilundu, engañatu, zorabiatu zaituala; eta zu zareala zeinegaitik Sofonias profeta santuak esan eban: Itsuturik ibilli zirian, pekatuan jausi ziriala, Jangoikoa aztu ebeelako.

        Guzti onegaiti, egunetik egunerako luzementuetan zabiltzan bitartean, pekaturik urteiteko, zeure buruaren arerio kubrela zara. Bada, ondo ta garbiro bizi zeintekezala, deungero bizi zara; ta ori, zeure erruz, zeure nagitasunez; ta onetan bidebagea ta kaltea zeure buruari egiten deutsazu; zeure burua galduten dozu; zeu zeuretzat egiten zara areriorik gogorrena, gaistoena, kaltetsuena, zitelena.

 

 

2 §.

 

        Onela bada, gerotik gerora ibilteaz ta egoteaz pekatuan, bidebagea egiten deutsazu zeure lagun projimuari bere. Askok esan daroe: Baldin gaistoa banas, neuretzat nas gaistoa; eztabe ene pekatuak iñor infernuratuko: bakotxak bereak jasoko ditu. Egia da, bakotxak bereak jasoko dituala. Baña eztiñozu ondo, etzareala zeuretzat baxen gaistoa; ez jatorkola ortik iñori gatxik, ez kalterik. Bada, zelan ona askorentzat dan on, alan gaistoa bere askoentzat da gaisto ta kaltegarri. Zeure bizitza gaistoaz, ejenplu ta adibide deungea emonaz, besteri bere, pekaturako zuzenbidea emoten deutsazu. San Agustinek diño: Besteen aurrean, agirian ta jenteak dakusala ta dazauela deungero bizi danak, bere alderik, beragan danez, aurrean dagozan ikusle begiratzalle guztiak ilten ditu, pekatura dakarz. Beragaiti bada, zeure buruari ez eze, besteai bere zeure pekatuaz ta bizitza txarraz kaltea ta bidebagea egiten deutseezu. Zeinbat bider zure pekatuak gaiti etorri eztira beste asko lapurkeriak, desoneskeriak, biraoak ta gaistakeriak egitera? Zeinbat bider kastigatzen eztitu Jangoikoak beste inozente justu errubageak ta erri guztia zure pekatuak gaiti, ez infernuko kastiguaz, ezpada mundukoaz?

        Lagun urkoari ez eze, bai ta kalte egiten deutsezu munduko kriatura errazoirik eztaukenai bere, bidebage ta injuria egiten deutseezu, pekatuan dirauzun bitartean. Etxeko jaunari bidebagea egiteaz ta desonratzeaz, etxetar guztiak sentitzen dabe, familia guztia desonretan da. Pekatuan egoteaz, Jangoiko mundu guztiko etxeko jauna ofenditu, desobeditu, lotsatu ta desonraturik, desonretan dozuz bere etxe onetako kriatura guztiak, arrigiñokoak: bada, guztiak dira jaun andi onen etxetarrak, familiakoak eta zerbaiterako serbietan dabenak, gauzarik txiki pitiñenak badira bere. Zure pekatuaz guztiak ukutu ta joten dira; guztiak injuriaturik geratuten dira.

        Bada, Dabid errege ta profeteak diñoan legez: Zure serbiziorako ordenatuak, sortuak dira; ta zure agindura ta zure oñeen azpiko ifiniak. Pekatuan zagozan bitartean, direanak zure kontra ta euren egillearen fabore jagiko litekez, Jaunak lizenzia emongo baleutsee. Eguzkiak, illargiak ta izarrak ez leuskizue argirik emongo, ez itxasoak arraiñik, ez lurrak fruturik; ez animaliak narru, ezne ta ullerik zu janzi ta janarituteko; gizonak, abereak, kriatura guztiak zure kontra jagiko litekez. Zerren egoera gaisto orretan zagozan bitartean, zara Jangoikoaren arerio, deabruaren serbitzaria, pekatuaren azpikoa, munduan dan kriaturarik billauena, txikerrena, ezerezena. Eta eztator ondo, ezer bere eztana zerbait danak serbietea; ta txiki pitin dollorrenak andiagoa bere azpian euki ta erabiltea.

        Bai ta bere bidebagea egiten deutseegu munduko kriatura guztiai pekatuan egonaz, zerren guztiak gure pekatuak gaiti Jangoikoak kastigatu zituan ta kastigetan ditu. Ainbeste kastigatzen ditu ze, diño dotore batek, eguzkiak, illargiak ta munduko beste kriatura guztiak galdu eben gizonaren pekatuagaiti bere bertute, izate ta balioaren zazpigarren partea ta zatia. Eta alan, errazoiaz aserratu liteke eguzkia pekatariaren kontra, dirautsala: Ni zugaiti ilundu ta itsaltu ninduan Egilleak. Bada, orain argi banago bere, len neukan argi argitsuago. Abereak ta animalia adimentubageak esan leioe: Zugaiti Noeren denporako urjola andian ondatu, gitxitu, ito ginduzan. Lurrak esan leio: Len garbia nintzan, frutu ta fruta eder gozo ugariak emoten nituan, ta zure pekatuak gaiti aranzaz, elorriz, sasiz, bedar txarrez bete nas, meatu, erbaldu, indarbagetu nas. Eta Abakuk profeta santuak diñolez: Orman josirik ta oraturik dagozan arriak prest dagoz pekatariaren kontra emon, esetsi, eraso, jaurt egin ta jagiteko. Espiritu Santuak Salomonen aotik erakusten dau, egunen baten ta azkeneko denporan alan egingo dabela; lurrean direan guztiak pekatarien kontra jagiko direala. Orain bere egingo leuke, baleuke Jangoikoaren lizenzia, baimena ta eskubidea orretarako, zu astinduteko, goiberatu ta kastigetako.

        Pekatariak orain guztiai egiten deutsen legez gerra, alan orduan pekatariari direanak emongo deutse ordea, pagu ta saria bera; moneda berean biurtuko deutse pagamentu ta kitutasuna; ta galanto bengatuko dira, ta kitutu, orain egiten jakeen injuriaz, bidebagetasunez.

        Onegaiti bada, ta ainbeste bidebage ta ofensa egiten jakeelako Jangoikoari, noberak bere buruari, lagun projimuari, angeruai, zerupe guztian dagozan kriatura guztiai, bear genduke urrindu pekaturik, ez jausi bertan, negartu len eginak, biurtu Jangoikoagana, gorde bere lege santua, kontuz bizi, artu bildur andi bat pekatuari, ez ibilli luzementuetan, ez larga gerotik gerora penitenzia, urten len bait len pekaturik, bide onean jarri, ta erabagi biotz-biotzetik ez beste bein pekaturik egitea.

 

aurrekoa hurrengoa