www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Geroko Gero
Pedro Antonio Aņibarro
(c. 1820), 1923

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Blanca Urgell.

Iturria: Gueroco guero, Fr. Pedro Antonio Añibarro (Blanca Urgellen edizioa). Euskaltzaindia, 2001

 

 

aurrekoa hurrengoa

23. BURUA

 

Aserrea ta gorrotoa amatetako
irugarren erremedioa da,
ez orduan porfiatu, tematutea,
kolera igaro artean ixillik egotea.

 

 

1 §.

 

        Irugarren erremedioa ez aserratuteko ta kolera amatauteko da Libio filosofoak bere dizipulu ikasle Teodosio enperadore agintariari emon eutsana, zirautsala: Bakit, agintari jaun andia, aldi askotan aserratu ta koleran sartuko zareala. Bada, ordurako adibide on bat emon gura deutsut. Alan zagozanean, ez egizu porfiatu, ez tematu, ez kejatu, ez bertati abiatu: itxozu puska bat, ez albaitanez ezer egin, ez esan, ez aurreratu ezertara, A. B. K. ta onei darraioen letrak esan artean edo aek esateko denporea[k], bitartea[k] ta astia[k] dirauan artean, al dozun pazienzia, epetasuna eukirik.

        Onetara diño Espiritu Santuak, errierta denporan, eztaizula aotik txitik atera laster. Konseju ta adibide berau emon eutsan Atenedoro filosofoak Oktabio Augusto enperadoreari, beronen etxerik urteteko egoala. Eta enperadoreak ain gogoz artu eban adibide au, ze urte bat geiago euki eban bere jauregian ta laguntzan bere konsejerutzat. Beste askok bere gorde dabe adibide au, idoro dabe aserrearen kontrako osagarritzat, erakusi dabe esatez ta egitez, ona dala kolera denporan apur bat itxadotea, balanzan legez gelditzea, ez beingoan ebagitea, ez ezer esatea. Konsejari txarrak dira kolera ta forfia.

        Senekak bere diño aserrea ezi ta goiartuteko, erriertea ebagiteko erremedio andia ta segurua dala piska bat sosegetea, itxarotea, ez porfiatzea, ez eragotea. Bada, Zizeronek diñoanez, eztau gizon aserratuak beinbere eukiko bear dan neurria kontuan egoteko; arriskuan dago gitxi edo askotan uts egiteko. Eta alan, aserre zareanean, bildur izan zaite, etzaite aurreratu; ez egizu orduan egin, gogoak emoten deutsun gauzarik. Bada, orduan itsu edo zoro adimentubagea zagoz: deserrazoia bere, arrazoizko irudituko jatzu. Marinalak denpora ona danean bide egiten dau; baña ekatx denporan geldi dago. Alan, zu bere, aserre zagozanean, denpora txarrean zagoz, ekatx denpora da, ta orduan zagoz geldi, zagoz kaian edo portuan, zagoz etxean, sosega zaite, ez ezer egin, ez esan, denpora ederra eldu arteraño, aserrearen ekatxak dirauan bitartean.

        Bada, Menandrok diñoan legez, aserraturik egiten dozun guztia idoroko dozu gerorengo, deungero egin dala. Bai ta Senekak bere badiño, aserrearen ta erriertaren azkena ta akaberea dala damuzko negarraren asierea. Herodes izen onetako lenengo errege jentilak il eban Mariamnes bere emaztea koleran zeloak gaiti, gogoak emon ta berpetati, ta ain laster, laburki ta arin ze, munduak jakin ebaneko, egin zan kolpea. Baña gero, aserrea ozturik ta obeto informaturik, jakin ebanean egia, ta erru bage il ebala, ain min ta damu bizia artu eban, ze etorri zan erotuteko puntura, ta etxeko bazter guztietan ebillan zorabi[a]turik, negarrez ta deadarrez bere emazte[a]ri deiez ta bere billa, onetan bere lengo zorakeriaren ganera beste andiagoa egiten ebala.

        Aserrean ta koleran zagozanean, egiten dozuz erokeria asko, ta gero, aserrea igaro jatzunean, jatortzu erakeria orren damua, ta nai zenduke egin ezpazendu. Eta alan, len bestearen kontra aserratzen ziñean ori, zatoz zeure buruaren kontra aserratutera, diño Senekak. Aserrearen egiteak eztira beinbere onak ta osoak: beti datoz zerbait eskas, urri, artzaren ta txakurraren umeak direan legez. Bada, amak koleratsuak direan legez, alan dira umeak bere faltatsuak: artzaren umeak illak legez gogorrak, ta txakurrarenak itsuak sortuten dira.

        Andizkatua da Artxita Tarentino, bere burua koleratua ezaguturik, esan eutsalako bere lagun bati: Zeatu, manatu, apurtuko zindukedaz, baldin aserre ezpanengo. Esker onak emon eiozuz ene koleran egonari ze, bestela, artuko zinduan zeure egunak. Bai ta alabetan da Platon famatua, zerren bere adiskide bati, bere koleran bere mutila zeatu eutsana kastigatu ez egian bildurrez, barruan sartu zituan eskuak. Begira zelan filosofo jakitun, zur, adimentudun oneek gordeten zirian euren aserreetan: bildurtasun andiaz gobernetan zirian euren aserraldietan. Bada, bazekien gizon koleran sutua, zoro baten antzekoa zala, ez egoala beragan, etzala gizon.

        Orregaiti diño San Basiliok, zorakeria labur bat zala aserrezko ira ta kolerea. Eta uste eban Platonek bere, gizon aserratuaren ta adimenturik jausiaren erokeriak ez ebeela beste diferenziarik, ezpada batek gitxiago ta besteak geiago irautea baño. Bada, aserratuari lasterrago igaroten jako bere aserretasuna, zoro-zoroari bere erotasuna baño. Baña ganerakoan, bata aserre ta bestea ero direan bitartean, ain ondo lotu, estu leie bata zein bestea. Bada, orduan biak dira bardinak, biak dira ero zoroak.

        Eta zelan dan erokeria andia, zoraturik, adimentua galdurik dagoanari prediketea, konseju emotea ta polito berba egitea; alan da bardin erokeria ez txikia, aserre andian itsutua, sutua ta errea dagoanari, alan dagoanean, moduzkotasunaz berba egitea; bere arerioari parkatu daiola esatea. Bada, bere bero atan, koleraren lenengo oratutean, abiaduran ta indarrean, ezta bere buruaren jaun, ez jabe. San Agustinek diño: Aserrez beterik ta itsuturik dagoana, eztago prestaturik konseju onak artzeko. Kontrara bai, orduan alako gauzarik iñok adirazo ta aitatzen badeutso, aitetute berak ernegarazoten deutso, erneguz erre ta biraoka asten da. Eta alan, baldin aserre dirianen edo auzitan dabiltzanen artean onik atera, bakeak egin edo adibide onik emon gura badozu, ez bereala lenengo egunean ekin: itxozu, larga egizu, baldin gura bozu kolpe segurua emon, puska bat otzitutera, alkar batutera ta bat egitera. Medikuak bere ezteutso gaixoari, gorarengo puntuan dagoanean, ezinbestez baño purgarik emoten.

        Onegaiti, bada, ondo da onelakoetan Libio filosofoak emon eban adibidea artutea: aserre danean, apur bat itxarotea, piska baten ezer egin baga igaro, larga ta itxitea. Zerren, Stazio poeteak diñon legez, porfiak, tema, aserreak eztau gauzarik ondo egiten, guztia asten dau dongero, ta akabetan dau deungago. Larga bear da, bada, piska bat oztu ta igaroten. Bada, au da aserrea amatetako irugarren erremedioa, ak dirauan artean ez ezer egitea, ez esatea, ez aurreratutea; ta geldi ta ixilik egotea.

 

aurrekoa hurrengoa