www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Geroko Gero
Pedro Antonio Aņibarro
(c. 1820), 1923

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Blanca Urgell.

Iturria: Gueroco guero, Fr. Pedro Antonio Añibarro (Blanca Urgellen edizioa). Euskaltzaindia, 2001

 

 

aurrekoa hurrengoa

41. BURUA

 

Gerotik gerora dabiltzenak salatuten ditu
euren konzienzia gaistoak.

 

 

1 §.

 

        Santo Tomasek diño, ta geuk dakusku ta dazaugu, Jangoikoak gure barruan ereinik ta landaturik daukala jakin bear doguna jakiteko ta egin bear doguna egiteko bear dogun argia ta azia. Norberak bere barruan ta beragan dauko Jangoikoak emoniko zuzengille, gidari ta argigille bat. Onek darakusku zer dagokun ondo eta zer dongero, nos goazan oker ta nos zuzen. Bai ta al guztiaz aurreratuten gaitu, ta mugitu, on egitera, ta atzeratu pekaturik.

        Dotoreak Sinderesis deituten daben argi natural ta argigille au da gure konzienzia edo errazoi geurezko naturala. Ez da munduan berau baño gidari, erakusle, argi-egille oberik. Naturalezaren erara, legez ta etorkizunez jatorku konzienzia au; bakotxak geugan dogu; ta guztiok mugitu, abiatu, konsejatu, zuzendu ta argituten gaituz ezagututeko zer egin bear dogun, zer larga bear dogun. San Juan Krisostomok diño Jangoikoak gizona sortu ta egin eban ordutik emon eutsala lege naturala. Eta, zer da lege naturala? Da bakotxaren konzienzia, norberak bere barruan daukan ezagera ta argi bat, jakiteko zer dan zuzena ta zer okerra, zer ona, zer deungea; alakoz eze, konzienzia onegaz argiro ezagututen da gauza gaistoa dala pekatua, ta gauza ona birtutea; au alan dakigu dala, irakasirik geure buruak, geure adimentuak, lege naturalak ta konzienziak.

 

 

2 §.

 

        Onetan da agiri maite gaituela geure Jangoikoak. Bada, geugan, geure etxe barruan, besteetara itundu, itaundu, konsejatzera joateko premiña bage emoten deusku konsejaria, maixua, erakuslea, gidaria, zein dan konzienzia. Eta onegaiti, kondenetan dira lege natural onen erara bizi eztirian jentil fedebageak. Merkatariak, tratudunak egiten ditue saldu-erosi nastuak, tratu gaisto bidebageak, lukreriak, engañuak pisuan, neurrian, prezioan. Gero doaz konfesore edo besteetara itandutera, ea tratu aek justuak direanez, egin al balitekez. Eta doaz motibu ta premia gitxiaz. Bada, ain argiro ezagutzen da tratu txar eragotziak direala, ze besteren billa ibilli bage, itanduko baleuskioe euren konzienziari, onek erakusiko leuskioe egia. Ta andik kondenatuko leuke euren burua; bada, euren konzienzian idoroko leukee, eskribiturik balego legez, itanduten daben guztiaren eranzuera.

        Adituten badeutsagu konzienziari, bera da asko ez uts egiteko, artez ta zuzen ibilteko, dakialako bear dana, ta bere egitez guztia [dalako] onera emona. Eta Santo Tomasek diñon legez, onari egiten deutso arpegi ona, begirarte gozoa; baña gaistotasunari arpegi iluna ta aserratua. Onegaiti, konzienziari jarraiturik, onen buruz ta adibidez gobernatu ta gidatuten dana ondo doa, zuzen dabil, eztau utsegingo. Baña bestela, bere konzienziaren kontra dabillana oker dabil, triste, ilun ta barruko bake bage.

        Ta errazoiaz da alan. Bada, zelan zankoa, besoa edo gorputzeko zati bat bere lekutik ta iunturatik lokaturik, aterarik, aldaturik, makurturik dagoanean, eztauko batek sosegurik bere tokira biurtu arteraño; alan, bere konzienziari atzea emonik, ez jaramonik, ez jarraiturik pekatuan dagoanean bere, orduan dago bat bere lekutik kanporaturik, aterarik bere konzienziak erakusten deutsan bidetik; eta ezin sosegatu da alan dagoan bitartean. Bere bide ta tokian dagoanean, zelan dagoan pekaturik ez dabenean, orduan dago bat pozik, kontentu, bakean, bere gustura.

 

 

3 §.

 

        Ez da konzienzia dongea baño gauza gaistoagorik, ez erregarriagorik; bera da azote, zigor ta borrerurik gogorrena. Alan diño San Agustinek, Jangoikoaz berba egiten dabela: Agindu zenduan, Jauna, ta alan da: konzienzia txarra, bera da buruarentzat pena ta kastigurik andiena. Eztago ibairik ta ez urjolarik lurra alan daroanik; ez da zedenik zula alan desegiten dabenik; ez da arrik urdaia ta aragia alan jaten dabenik; ez sitsik oiala alan zatitzen dabenik, zelan konzienzia gaistoak noberaren burua.

        Arra da konzienzia barruan dagoan pekatua; ta arrak legez, gau ta egun dago ausika, dedarka ta jaten geure barrua. Eta ain gose da, ze ezta beinbere ase betetzen, ez aspertuten, ez bere faltak gogora ekartzetik geldituten. Dabid erregeak besteren emazteaz uts egin [e]banean, alegin guztiak, itzul-inguruak, igesbideak egiten zituan uts egite a estalduteko. Eta ez ori, iñoren bildurrik eukalako, bada errege zan; ezpada bere konzienziak salatuten ebalako, bere barruak zikadak, kisketadak, dedarrak emoten eutsazalako.

        Konzienziak ezteutso parkatuten, ez Aita Santuari, ez enperadoreari, ez erregeari, ez beste munduan dani. Eta guzti au egiten dau gure onerako, gu pekaturik atzeratuteko. Geure gurasoak baño maiteago gaitu geure konzienziak. Aita batek bere semea bein, bitan, irutan, amar bider zemaitu dabenean, badakus eztabela fruturik ateretan, eztala onduten, eztala zenzunduten, largetan dau, ezteutso jaramoten. Baña ez konzienziak, eztau beinbere largatzen, itxiten, etsiten.

        Gerra andia egiten deusku geure konzienziak, ta esetsi, erasoten deusku, ta onela puska bat atzeratuten gaitu pekaturik; bestela galduak giñean, egingo eban gureak. Orregaiti dino San Krisostomok: Konzienziaren zemaia, menazua, deadarra, deia, eranzuera da ankla angura bat, ta aingura santua ta ona, pekatuen ondarretik ta an itotzetik gordeten gaituana; ta itxasoan anklak ontzia legez gaukazana.

 

 

4 §.

 

        Baña diferenzia andia dago konzienzien artean; asko doa baterik bestera. Konzienzia batzuk dira irazarriak, sentikorrak, minberaak, estuak, kontuzkoak; ta beste batzuk lotiak, illak, nasai zabalak, ardurabageak. Zapata bat dozunean neurri justu doi estuan, ezin sufrituko dozu barruan arearik txikiena; baña, baldin oñetakoa badago zabal, leku fra[n]kua dauko, oña mindu bage, ez bakarrik area, bai ta arritxoak, oialak bere eukiteko.

        Diferenzia berau dago konzienzia onaren ta gaistoaren artean bere. Konzienzia onak, justuak ezin sufritu dau pekatu benial bat bere; baña gaistoak, zabalak, nasaiak eztauko mortalakaz bere konturik. Askok, diño San Anbrosiok, ainbeste pekatu egiteaz, pekatuan beti egoteaz, atara ekanduteaz, oituaz ta atan gogortuaz, lo-zorroak arturik egonaz, eztituez euren konzienziako pekatuak sentitzen. Espiritu Santuak diño: Gaistoak, pekatuen oxin ondarrean sartu ezkero, galduten dau sentimentua, eztauko antsiarik, ardurarik, bildurrik.

        Señale ona da pekatuaren zauria, llagea sentitzea; ta señale txarra ez sentietea, diño San Anbrosio berak. Bada, sentimentua galdu ezkero, diño santuak berak, dolorea ill ezkero, aragia atara egin ezkero ta usteldu ezkero, ez da erremediorik, eztago osagarririk, utsak ta alperrak dira medizina sendagai guztiak. Au berau da mundu onetan pekatariak euki leian zorigatxik andiena, kastigurik gogorrena, estadurik peligruzkoena, egoterik gaistoena: pekatuan egonik ez sentitzea, Jangoikoaren arerio izanik, ez bildurrik eukitea. Alakoak konzienziaren ausika gitxi enzuten dau, lo gitxi orregaiti galduten dau. Baña eztago, ez, onelakoa alde guztiz kezka bage: danik gaistoenari bere, nosik bein baño ezpada bere, salatuten dau bere konzienzia gaistoak. Eta San Juan Krisostomok diñoan legez: Gura baleu bere, konzienziak ezin parkatu lei; bere dedarrak ta saladurak erakusten ditu. Bada, San Anbrosioren esatez: Konzienzia eztagoanean oiturik berba egiten, eztaki alanbere ixilik egoten, beti daragoio, beti da iñardun; eta kanpoan ta agirian berba egiten ezpadau bere, baña bai an bere barruan.

        Konzienzia da beinbere loak artuten eztaben serbitzari bat, katarrotu ta motelduten eztan predikari bat; ta beti onera garoazan gidari zuzengilla bat. Konzienziak ezteusku iges egiten: beti darraigu, gerizeak gorputzari legez. Eztago iños alperrik; erreprensiñoak emoten deuskuz; agiraka jagoku, ausika eranzuten dagoku. Batez bere pekatu egin ezkero, orduan jagiten da, orduan atzamarka egiten dau, orduan dira txilioak, deadarrak, kejak eta minak, orduan emoten ditu otsak, olesak, kolperik andienak.

        Bada, San Krisostomok diñoanez: Zelan ordiak ardaoa irunsiten dabenean eztau sentitzen andik eldu jakan kaltea, orduko gozotasunak, edatean artuten daben atsegiñak itsututen deutsalako adimentua; baña gero, moskorra joan jakonean, dazau bere utsegiña, falta ta desonrea. Alan, pekatariak pekatu egiten dabenean eztakus, eztazau andik eldu jakon kalte ikaragarria, pekatuaren atsegiñak ilundu dabelako, itsutu, konortebagetu dabelako, ta ainbeste, ze ezta orduan gatxez gomutetan. Baña gero, igaro danean pekatua, jagiten da konzienzia, ta ain biziro ta latzki salatu ta aserratuten jako, ze atsegin guztia azturik, ifinten dau pekataria damuz ta naibagez beterik.

 

 

5 §.

 

        San Agustinek diño iru gauzak ateraten dabela gizona bere etxerik; eta dira emazte gaisto oñolaria, itoxura ta kea; eta onela, konzienzia gaistoak bere ateretan dabela pekataria bere sosegutik. Andra gaisto ernegaria, itoxura edo itogiña ta kea dan lekuan eztago gusturik, ez atseginik, ez bakerik; ez eta konzienzia txarra daukanen biotzean onik. Pekataria sartuten bada bere barruan, bere konsideraziñoan, bertati ango keak aterako dau kanpora, azpituko dau tristurak.

        Kanpoan arerioak, pelligruak, arriskuak, persekuziñoak dituana laster doa etxera, segurura, bere burua gordetera. Baña etxean dituanak arerioak, naibageak, kontrakorrak, persegillak, itoxura, kea, andra gogaikarria, zer egingo dau? Nora joango da? Non izango dau konsuelurik? Kanpoan arerioak, etxean gerrea daukanak, non idoroko dau bakea? Non? Bere barruko kamaran, bere konzienzian, an bear dau gelditu, gorde, konsolatu, arindu, gozotu, poztu. Baña, baldin bere barruko kamaran, etxeko barruenean, bere konzienzian bere idoroten badau arerioa, itoxura, kea ta saladurea, zer egingo dau orduan? Norako da? Sartu arren bere konzienziako barruan, eztau aurkituko bakerik, sosegurik. An bertan batuten jako bere arerioa; ta areriorik andiena, etxetarra dana. Arerioaren iges dabillala, topatzen dau bere arerioa, diño San Agustinek. An alde guztietarik esetsi, lotu ta katibututen dau. Bere burua bere arerio dau; berak [bera]ganik ezin iges egin dau. Ondo diño, bada, San Agustin berak, eztagoala konzienzia gaistoa baño gauza penagarriagorik, arerio gogorragorik. Bada, an ez egonik Jangoikorik, ezin egon liteke zorionik, bakerik, gozotasunik, konsolamenturik, pozik.

        Gaixorik, mindurik, barrua gaixorik daukan persona bat, poztu liteke denpora labur batean kanpoko jenteen artean; baña gitxi alan iraungo dau; bereala barruko gatxak esetsiten deutso, triste ta jausia ifinten dau. Alan tristetuten dau pekatuan dagoana bere konzienziak, barruko arrak, gaixotasunak. Dakusunean pekatari bat, diño San Anbrosiok, dagoanean pekatu egiten, jan-edanetan, solasan, gorputzari nai dituan atseginak, olgurak, pozkariak, gozotasunak emoten, usteko dozu an dagoala gloria, paraisua, ase betea, ta eztagoala zer geiago deseatu. Baña, baldin itanduten badeutsazu ea zelan joakon bere barruan, bere konzienzian, esango deutsu deungero dagoala, eztagoala kontentu, ezteutsala bakerik emoten bere konzienziak, sepultu[ra] atsitu bat baño kirastuago daukala bere barrua. Bada, Isaias profeta santuak diñoan legez: Gaistoak itxaso amurratu irakin bat dirudie; eztabe bakerik, ez sosegurik; ainbeste ola, baga, ekatx ta ur korrontak emoten deutse, ze ganez egiten dau, estu, larri, ikara dabil bere artean.

        Salomonek diño, gaistoaren konzienzia ta barru aldea burdiaren txirritola legez dala. Burdi kargatua beti doa txirrinka, bere karga andia ezin jasorik legez kexaka; alan, pekataria bere kejatzen da bere konzienzian, bere pekatuen karga pisu astuna ezin jasorik legez; onek neketu, azpitu, zapalduten dau; onek bere soñuaz, otsabarraz, erreprensiñoaz tristetu, mindu, lotsatu, penatuten dau.

        Beinbaten filosofo batek, diño Senekak, erosi zituan zapata batzuk fiaturik ta denpora gitxi barru zapatariari pagetako. Eta abiatu zan bere berbea kunplietera epea eldu zanean. Baña aror non, bidean enzunik il zala diruak bear zituan zapatagillea, biurtu zan pozik bere diruaz etxera, uste izanik orrenbestez kitutu zituala; ta euki zituan diruak beragan denpora baten. Baña bitarte orretan ainbeste erre, jan, estutu ta salatuten eban bere konzienziak ze, ezin sufriturik, joan zan bere diruak arturik zapatari difuntuaren etxera; ta an egotzi zituan zapata-diruak, ziñoala zapatari beragaz berba egiten baleban legez: Beste guztientzat il bazara bere, oraindiño bizi zara niretzat; artu egizuz, bada, zeure zapateen diruak, ta itxi egidazu bakean. Pagu kitua egin artean ez eban bakean itxi bere konzienziak: gerra egin eutsan. Oraingo jentea ezta orren sentikorra, ez orren konzienziaduna, ez orren begiratua ta ardurazkoa bakotxari berea biurtzeko. Urteak doaz, konfesiñoak doaz aurrera, konzienziaren zikadai jaramoten ez jako, dedar egiten da pulpituan ta konfesonarioa[n] errestituziñoa edo kondenaziñoa; ezta parkatuten pekatua, ezpada biurtzen gauza ostua, baña gitxik egin daroe, ta asko kondenetan dira onegaiti.

 

 

6 §.

 

        Gaistoa, beste areriorik bage, bere konzienziak berak salatuten dau, penatu, estutu ta kastigetan dau. Igaro danean atsegiña, gustua, kontentua, an da bereala konzienziaren naibagea, nekea, atseginbagetasuna. Bekatua, llaga edo sarna atz-egillea legez [da]: atz egitean atsegin artuten da, ta gero min. Alan gelditzen da, bada, pekatuaren atsegiña igaro danean bere, konzienziaren mina ta naibagea. Kalentura sukar andiaz zagozanean, atsegin artzen dozu ur otza edateaz, baña gero, edan ondoan gatxa geiturik, izaten dozu atsegiñaren atsekabea. Au da fruta ondo eldubagearen jateak aginetan itxiten daben garratz min samina.

        Presondegian dagoanari emoizu gura daben guztia jaten ta edaten; egiozu al dan guztia bera poztuteko, baña ezta beinbere agaiti osoro poztuten; eztakialako zeren begira dagoan. Bada, San Juan Krisostomok diñoan legez: Karzelan dagoana eztau itxiten geroko kastiguaren bildurrak atsegin artuten, ez aurrean dituen gauza gozoetan gusturik artzen.

        Urkamendira kondenaturik dagoana askozaz lenagotik penatzen da; urkamendiaz gogoratuten dan guztian ikaratuten legez da. Au berau jazoten jako pekatuzko konzienzia gaistoa daukan bati. Nos eta asten dan bere gogoa poztuten lagunakaz solaska, ordu berean gomutetan da bere pekatuaz; orduan salatuten dau bere konzienziak; alakoz eze, ezin dateke atsegin osorik, konsuelu beterik eukitea pekatari batek bere pekatuan dirauan artean.

        Onelakoak peligrurik eztagoanean bere, uste dau dagoala. Ikusiko dozu askotan lapur edo gizon-iltzalle batek, asmetan dabenean justizia, bereala bere buruz, iñor bere atzean ez bere billa ez ibilli arren, bere konzienziak salaturik, iges egiten dau, ezkutatzen da, bildurtzen da, uste dau bere billa dabiltzela.

        Gaistoak uste dau, bere akordurik eztagoanean bere, beragaiti berba egiten dabela, bere gaistakeriak esaten dagozala. Gaistoa beti dago sospetxan, beti da bildur, beti dago lotsaturik. Gau ilunean bakarrik dabillana, peligrurik ez izan arren, latz, bildur, izu, ikara da. Alan da gaistoa bere, ezeren peligrurik ez izanagaiti, bere konzi[enzi]ak, bere barruak salaturik, dago ikaraturik, bildurturik, izuturik.

        Lauoñeko edo txarria, beste abereak egiten eztabena, oraindiño minik artu baga, ukututeaz bereaz asten da irrinzika kejatzen. Eta au da, bere urdai gizena baño beste gauzarik, ez ullerik, ez lumarik, ez narrurik, ez beste defensarik eztaukalako; bere izatez ta naturalez da bildur, ta oratuten deutsenean, uste dau ilteko artuten dabela. Onela bada, konzienzia txarra daukanak bere, sentitzen dabenean gatx gitxi bat, buruko min bat, bildur da il eztidin, bizitzea kendu eztaion Jangoikoak. Bada, eztakus beragan ezer balio daben defensarik, ezpada bere bizitza argal ilkorra, ta au galdu ezkero, betiko galdua ta kondenatua da.

 

 

7 §.

 

        Job santu andiak diño: Gaistoak beti dauka bere belarrietan bildurraren soñua, konzienziaren latztasuna ta saladura; bakean danean bere, uste dau gerran dagoala, arerioak dabiltzala zelatan bere billa, bera preso artzeko. Au da mundu onetan bere, beste mundukoaz ganera, pekatariaren kastigua, bildurtasuna, segurutasun bage beti ibiltea. Kastigu onegaz zemaitu ta menazatu zituan Jangoikoak bere mandamentuen ausitzalleak, zirautseela: Baldin enzuten ezpanozue, nire esanak bete, nire aginduak kontuz gordeten ezpadozuez, jakingo dozue, beste iñok zuek persegitu bage, jarraitu bage, peligrurik ta areriorik euki bage iges egingo dozuela, bildurrez beteko zareala, bakerik zeuroen barruan beinbere izango eztozuela.

        Alan egin jakon ikara andi bat Kain gaistoari, Abel anaje ona il ebanean. Abiatu ta asi zan Kain iges egiten munduaganik, esaten ebala: Egin da enea, galdua nas, ez dot igesik, topetan naben guztiak ilgo nabe. Zer diñozu, Kain? Noren bildurra dozu? Nok ilgo zaitu? Ez Adanek, ez Ebak, bada, orreek zeure aita ta ama dira; ta beste iñor bere eztago oraindiño munduan. Noren bildur zara, bada? Ez besteren, ezpada zeure buruaren, zeure konzienziaren baño. Konzienzia bera beste areriorik bage da asko, bildur ikara andiaz ibilteko.

        Adanek, pekatu egin ebanean ta asmau ebanean Jangoikoak deitu gura eutsala, iges egin eban, gorde ta ezkutatu zan. Eta, zegaiti ori? Ete ekian zer gura eutsan Jangoikoak? Bekian, diño San Agustinek. Eta nondik ekian? Bere konzienziak adirazorik. Ez eukan beste testigurik, ez beste salatzallerik, bere konzienzia baxen; baña ori eban asko. Eta alan, berak bere buruz ta berez bere utsegiña ezaguturik ta errudun zala jakinik, igesbidea bilatu eban.

        Agaiti diño San Isidoro obispo ta dotore andiak: Persona erruduna, faltatsua, eztago beinbere seguru; bada, bere konzienziaren zikadak, akulluak beti darabil kolpeka. Onen ganean diño San Anbrosiok: Eztot idoroten iñok kondenatu ebala Judas Jesu Kristoren saltzalle traidore gaistoa; ez Pilatosek, ez erriak, ez bestek; baña gaistoagotzat idoroten dot, berak bere burua kondenatu ebala. Bada, sentenzia guztien ganeko sentenzia, beste guztiak igaro ta aztuten dituana da, norberak bere buruari emoten deutsana, bere konzienziak benzuturik ta kondenaturik.

        Eta emen da agiri eztala antsi, eztala inporta beste iñok ez jakitea zure utsegite ta pekatua; baldin zeuk badakizu, konzienzia bera da testigurik asko. Ezta arentzat leku ixilik, ezkuturik, estaldurik. Bada, Senekak diñolez: Ze probetxu da gordetea, ezkutatzea, jenteen begietarik iges egitea? Konzienzia onak agirian, ta guztien aurrean ta begietan ibilli gura dau; seguru ta fidaturik dago an bere. Baña konzienzia gaistoak eztau iñon bere segurantzarik idoroten, ez etxean, ez kanpoan, ez bakarrik dagoanean, ez besteen laguntzan dagoanean. Zure obrak, egitekoak onak badira, zuzenak eta prestuak, jakin begiez guztiak; baña gaisto okerrak badira, desonrakoak ta desonragarriak badira, zer doa bestek ez jakitean, baldin zeuk badakizuz? Zeure burua, zeure konzienzia da testigurik seguruena, artezena, egiazkoena. Beste guztiak uts eginagaiti, ak ezin uts egin lei, ezin engaña diteke, zuzen esango dau dakiana, artez eta legez salatuko dau.

        Onegaiti diño Seneka berak, zeure buruaren bildur geiago izango dozula, beste zure pekatuak dakiza[na]rena baño: besteetarik iges egin ziñeike, baña ez zeuganik. Zerren pekatua bera da bere buruarentzat pena ta kastigu. Job santuari jazo jakazan kalte, galdute, zorigatx guztietan, bat edo batek iges egiten eban abisetako, ta barriren baten kontua berari emotera. Alan iges egiten dau, bada, pekatariagan bere konzienziak ta konzienziaren mandatariak, barriak ekartera, abisetako ta esateko zeinbat kalte etorri jakazan ta zeinbat on galdu daben pekatu egiteaz.

 

 

8 §.

 

        Konzienziak ofizio asko ditu: bera da alkate, bera da testigu, bera da salatzalle, bera da defensaria. Eta ain da fina ta egiatia, ze berak milla testigutzat balio dau. Ain da arteza, ziurra, justua, leiala, ze ezin mundu guztiak irabazi, nastu, guzurtu, engañatu ta ez beste aldera itzuli lei. Eztago dirurik, ez faborerik, ez enpeñurik, ez interesik, ez bitartekorik, ez adiskiderik, konzienzia bere egiatik makurtu, okertuko dabenik.

        Onen ganean, beti legez, ederto berba egiten dau San Juan Krisostomoren urrezko miñak, diñoala: Munduko tribunalak, justiziak nastuten dira; testiguak ukatuten dabe, eskribauak irabazten dabe, alkatea diruz itsututen da, justiziakoak, letraduak gobernetan dira mesedeakaz, interesaz, eskupekoaz; eta, uste dozunean eurakaz ondo zagozala, orduan zagoz eureetarik kanporaturik; uste dozunean irabaziko dozula, galduten dozu. Baña konzienziaren tribunalean, audienzian, adizainean ezta alango bidebagerik egiten; zuzen dabil guztia, eztago okerrik, uts egiterik, errakuntzarik, engañurik. Bada, beste guztiak uts egin arren, bere fabore ta aldera emon arren, konzienziak berak autortuten dau erruduna kulpante dala; konzienziak berak bere burua salatuten dau, ta bai bere kontra sentenzia emon bere.

        Kanpoan egin leiz milla tranpa, engañu ta probantza egiaren kontrakoak: errudunak esan lei errurik eztaukala, ukatu lei egia, ta esan alako gauza gaistorik egin eztabela; guztia dala guzurra, falsia, enbustea; baña an bere barruan, bere konzienzia beti egian egongo da. Testiguak uts egin lei ta guzurra esan, baña ez konzienziak. Oni itandu eiozu, onegaz berba egizu, beragaz itundu zaite, ta beronek esango deutsu nor zarean; emen espillu baten legez zeure burua ikusiko dozu; etzaitu engañatu[ko], ta ez zuk bera bere.

        Gatxen bat[ek] artzen zaituanean, an da bereala zure konzienzia; eta bizi guztian egin dozuzan pekatu guztiak dakartzuz gogora; guztiak ditu presente aurrean. Bai ta esango deutsu zeinbat kalte etorri jatzuzan eurak egiteagaiti. Onela, Joseren anajeak Ejitora joan zirianean ta ango estura andian ikusi zirianean, bertati gomutatu zirian ogei urte lenago egin eben pekatuaz; ta alkarri zirautsen: Ondo mereziturik doguz gatx guztiok, justu da, errazoia da geiago bere sufrietea, egin genduan pekatu eskergeagaiti geure anajea saldurik.

        Gogortade andia, billaukeria dollor prestueza, traiziño ezaina egin genduan geure anajeaz. Berein erregu egin euskun; berein negar egin zituan; eurok zirian asko biotzik gogorrena samurtu ta bigunduteko; baña gureak etzirian bigundu, etzirian errukitu, ezkenduan enzun; saldu genduan gure anaje maitea. Agaiti gabilz, bada, gu bere emen Ejiton estuturik, salaturik, naibageturik ta arrisku andian. Onelan zirautsen alkar batak besteari; onela salatuten zituan euren konzienziak.

        Eta guztiz bere, Ruben anaje nagusiak egin eutseen besteai kargu andia, esaten eutseela: Ez neutsuen nik orduan esaten, etzengiela orrelako gogortaderik, orrelako pekaturik, ez traiziñorik anaje gaztearen kontra? Etzengiela saldu? Etzenduen enzun gura; orra bada, non dozuen orain zuek bere zeuroen merezidua, zeuroen ordea, kastigua ta pagua. Apekatu agaiti etorri gara onetara; a eldu ta etorri jaku geure ganera. Okasiñoa eldu zan ordu berean, jagi zan anaje oneen konzienzia, an agertu zan, ez eban faltatu, salatu zituen, arpegian emon eutseen euren gaistakeriaz. Eta ori, San Juan Krisostomok diñolez, iñok orretara beartu baga; konzienzia berak bere borondatez agertu, atera, kanporatu ta autortu eban ainbeste urtean estaldurik, ezkutaturik, ixilik euki eben pekatua.

        Au da konzienziaren ofizioa: aztua gomuterazoten dau; denpora luzea igaro arren kastigetan dau, min ta naibagea emoten dau; eta eragoten dau len baño geiago, geroko luzementuetan ibilli baga, bide on baten jarri gaiteala. Bai ta dirausku, au egin arteraño ezteuskula bakean itxiko, ta ez gaitu itxiten bere.

        Aror bada, non konzienzia berak egiten deuskun gerreagaiti, ta etxe barruan dagoan kerik, itoxurarik ta peleagaiti, bereala gaurganik bear dogun, gerora begira egon bage, abiatu kentzera geure konzienziatik pekatu, erru ta utsegite guztiak; ta onela gelditu bakean, soseguan, segurutasunean.

 

aurrekoa hurrengoa