www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Geroko Gero
Pedro Antonio Aņibarro
(c. 1820), 1923

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Blanca Urgell.

Iturria: Gueroco guero, Fr. Pedro Antonio Añibarro (Blanca Urgellen edizioa). Euskaltzaindia, 2001

 

 

aurrekoa hurrengoa

55. BURUA

 

Zegaiti ain denpora laburrean egiten dan
pekatuari dagokion infernuan ain kastigu andi ta luzea

 

 

1 §.

 

        Ustez dirudi ta esan lei bidebagea edo injuria egiten jakola pekatari bati, denpora labur gitxi baten egin eban pekatuagaiti, ainbat denporako kastigua emote[a]z. Baña, baldin ondo gogoratuten badogu, ikusiko dogu ez jakala orretan bidebagerik egiten. Eta bai pekatu mortal danik txikienari bere, justuro, zuzen ta ondo dagokala emoten jakon sekulako penea, kastigua ta infernua. Kastigu ta pena au ezta infinitoa, neurribagea, berezko indartasun guztiaz; bada, alako pena ezin jaso lei kriatura batek. Baña da neurribagea, irautez ta iraupez, sekula akabatuko eztana.

        Onetarako Santo Tomasek bere irugarren partean emoten dituan iru errazoietarik lenengoa da: Denpora gitxi laburrean egiten dan pekatuari emoten jako betiraun guztiko kastigua, beragaz ofenditzen dalako Jangoiko bat ezin geiagoan andia, miragarria, amai-azkenbagea. Bada orrela, kastigua bere atzenbagea, akabatu, amaituko eztana izan bear da.

        Baldin lurreko errege bati belarrondoko bat emoten deutsanak, merezi badau kastigu andiagoa, beste edozeini emoten deutsana baño: alan kastigu andiagoa dagokio, mereziko dau, Jangoiko berari, mundu ta zeru guztiko errege, egille ta jabeari emoten deutsanak. Bada pekatariak, beragan danez, au egiten dau pekatu mortalean jausten dan guztian. Emen munduan bere askotan, denpora gitxi labur baten egiten dan gaistakeriari, lapurkeriari, eriotzeari, emon daroioe kastigu andia ta luzea: destierrua, galerak, karzela urte askotakoa, ta bai eriotzea bere.

        Au alan dala ezagutuko da, begiraturik gizonaren pekatuagaiti egin zan pagamentua, satisfaziñoa, kitutasuna. Bada, onetarako Jangoikoaren Semea gizon egin bear zan, emon ta ixuri bere odol balio andikoa, ta krutze baten il. Ze gatx ikaragarria ezta izango pekatua, onenbeste erremedio kitugarri eskatuten badau? Pagu neurribagetik atera giñei, pekatuaren neurribageko zorra.

        Bizi garean artean kitutu giñeiz geure pekatuak, baliatuten bagara Jesu Kristoren merezimentu, pena ta eriotzeaz. Bada, pekatuari badagoko pena ta kastigu neurribagea, onen kitusaritzat eskeñiten dogun pagamentua Jesu Kristoren merezimentuakaz bere, neurribako baliokoa da. Baña bizi gare[a]n artean, ezpadogu pagua ta kitutasun au egiten, errazoiaz emongo deuskue infernuan muga ta neurribageko kastigua, pena sekulakoa, akaberarik izango eztabena.

 

 

2 §.

 

        Denpora gitxian egiten dan pekatuari emoten jako kastigu luzea ta sekulakoa, zerren orretarako eztan begiratuten, bekatua egiten emoten dan denpora laburrari, ezpada pekatu egiteko euki zan gogoari, borondateari, maliziari ta Jangoiko berari egin jakon ofenseari. Bada, pekatu beragaz dagoala ta pekatu egiteko gogoaz dagoala ilten danak, geiago bizi izan baliz, pekatu geiago egingo eban. Gura eban geiago bizi, pekatu geiago egiteko. Akabetan jako bizitzea, baña ez pekaturako gogoa, naia, borondatea.

        Onelakoai jazoten jake, gaubez kandela argitan jokoan dagozanai gertatzen jakeena. Largatzen dabe jokoa, akabatzen jakeelako kandelea. Onek iraun baleu, jokoak bere iraungo eban. Alan dira, bada, pekatuan ilten direanak bere. Iraun erazo izan al baleutse geiago bizitzeari, pekatu geiago egingo eben, San Gregorio andiak diñon legez. Gura eben beti bizi, beti pekatuari jarraituteko; ta onegaiti beti-betiko kastigua emoten jake. Bada, San Gregorio berak diñolez: Errazoi da, justiziari dagokiona da, ondo ta zuzen egiña da, eztidilla bein bere kastigu baga egon, bein bere pekaturik bage egon gura ez ebana. Onegaiti bada, errazoiaz emoten jako betiraun guztiko pena ta kastigua lasterka baten egin zan gaistakeriari: zerren pekatu egitean igaroten dan denporea laburra bada bere, ori egiteko borondatea luzea ta betikoa dan.

        Eta batzuetan batzuk esaten badabe bere, pekaturik urten gura dabela, beste bein egiteko gogorik ez dabela: baña obraz ta egitez kontrara erakusten dabe. Bada, pekatuan bizitzea akabetan dabe; ta beragaiti akabatuko eztan kastigua ondo dagokie.

 

 

3 §.

 

        Santo Tomasek diño, denpora gitxi labur piskan egin zan pekatuari dagokiola kastigu andi luze sekulakoa, pekatua ta pekatuaren errua, orbana, mantxa, errastua, ondakiña geratuten dalako sekulako garbitu ta kendu baga. Ezin parkatu liteke, ez garbitu pekatua, Jangoikoaren grazia bage, penitenzia egin bage; ta il ezkero biok falta dira, ezin egin litekez, ezta denporarik. Bada orrela, pekatuaren pena ta kastiguak bere iraun bear dau betiko. Eztator ondo dagoan pekatua, ta dagoan kastigu bage.

        Merkataritza, tratua, saldu-eroste bat laster egiten da. Baña bein egiñak betiko dirau: saldua saldurik, erosia erosirik gelditzen da betiko. Buruan kolpe bat emoten deutsuenean, kolpea laster dago eginik; baña osotutea, sendatutea nekez, luzaro, edo iños bere ez. Osatu ezkero bere, geratuten da geienetan markea, señalea. Onela, pekatuaren saldu-erosia ta kolpea arin egiten da. Baña geldituten dan mantxea, markea, señalea, errua, zorra ta obligaziñoa sekulako gelditzen da. Zorra egiten da, pagua ez. Igaroten da kolpea, eta geldituten da ondokoaren ondakiña, errastua, mina.

        Aror, bada, erakusirik, geratuten dan ondokoagaiti, arin laster ta denpora labur gitxian egin zan pekatuari emoten jakon sekula betiko iraungo daben pena ta kastigua. Emoten jakon legez sekulako gloria ta saria, denpora gitxi laburrean egiten dan obra on bati.

 

aurrekoa hurrengoa