www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Geroko Gero
Pedro Antonio Aņibarro
(c. 1820), 1923

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Blanca Urgell.

Iturria: Gueroco guero, Fr. Pedro Antonio Añibarro (Blanca Urgellen edizioa). Euskaltzaindia, 2001

 

 

aurrekoa hurrengoa

49. BURUA

 

Gerotik gerora luzamentuetan dabillanak
egiten deutso bidebagea Jangoikoari
.

 

 

1 §.

 

        Santo Tomasek diño, gizonak pekaturik egin ezpaleu, etzala Jangoikoaren Semea gizon egingo; ta agiri da ezetz: bada, gizondu ezkero, beti ebillan pekatariakaz; euroen laguntzan ebillan; euroen etxeetara, bilkun ta maira joaten zan; eurokaz jan, edan, solastu ta berba egiten eban, guztiak beraganduteko. Orrenbestez, eze eskriba ta fariseo mali[zi]otsuak aotan erabillen, deungero esaten eben, ziñoela: Zer da au? Zelan da au? Eztirudi ondo, onelako presona errespetagarria lagundutea pekatariakaz, gizon gaisto galdu konzienziabagekoakaz; beti dabil euroen artean; eztau beste iñogaz traturik; galdua izatea da asko, bere adiskide izateko.

        Eta orrenbestera eldu zan fariseoen murmuriau, ze Jesu Kristok esan bear eutsen ta adirazo irudintza batzuk, erakusteko zegaiti ebillan pekatariakaz, berba egiten eutseela onela: Zuek diñozue pekatariakaz nabillala, eurakaz jan, edan ta berba egiten dodala. Eta ondo diñozue: alan da, egia da. Baña etzaiteze miraritu. Eun ardi dituan arzain batek, eunetarik bat galduten jakonean, larogeta emeretziak larga ta doa galdu bakar aren billa; ta idoroten dabenean, atsegin ta poztasun andiago emoten deutso ardi galdu topatu onek, beste guztiak ikustea baño. Jakin egizue, bada, pozkari andiagoa artuten dala zeruan bere, penitenzia egiten daben pekatari batez, larogeta emeretzi justu penitenziaren premiarik ez dabenez baño.

        Bai ta amar diru dituan andra batek, euroetarik bat galduten dabenean, argia erexegiten dau, etxe guztia arakatuten dau; gero barriz topetan dabenean poztuten da; asten da bere auzoai barri on au emoten, ta oneek dirautsee atsegin dabela, izan dedilla ordu onean: beragaz batera poztuten dira. Jakin eizue, bada, Zeruko angeruak bere poztuten direala asko, pekatari baten biurrereaz, penitenzia egiteaz, diru galdu au idoroteaz.

        Antz, irudintza, bardintza onekaz erakusi ta adierazoten dau Jesus maiteak, andia dala gure Jangoikoak daukan deseoa gu salbetako; ta onetan artuten dabela atsegiña ta poza. Au darakus diñoanean, kontentu geiago dabela pekatari baten penitenziaz, larogeta emeretzi justuen justutasunaz baño.

 

 

2 §.

 

        Egia da, bentaja ta aurre andia daroiola justuak pekatariari, onak gaistoari, garbiak ezain loi zikiñari; eta obe dala soñeko barri osoa, zar zatartu zatitu adobatu gelgela baño. Zegaiti, bada, esaten da, orrez guztiaz, atsegiñago dabela Jangoikoak pekatariaren penitenziaz, justuaren justutasunaz baño? Onetara onela eranzuten dau Santo Tomasek: Ainbatik ainbatean, ta nolabait ta berez, obe da inozenzia edo errubagetasuna, ta beinbere ezaindu ta loitu bage egotea, loitu ezkeroko garbitasuna baño. Baña, orrez guztiaz bere, diño Jangoikoak atsegiñago dabela pekatari beragana biurtuaz, penitenziaz garbituaz, jausi ezkero jagiaz, beste beinbere jausi eztanaz baiño. Bada, onelakoa komunki geiago ta zindoago abiatuten da onera, beti justua, mena ta ona izan dana baño. Bekaturik egin eztabenak, ez dau ezeren bildurrik; baña bere pekatuen penitenzia egiten ta erremediatzen dabillana, beti da bildur, estututen da, arduratuten da, gogoz ta beroz premiñatzen da, kontuz dabil; ta alan dabillala, igaroten da askotan, beti justua izan dana baño aurrerago. Au ikusi zan Dabid santuaz, San Pedro ta San Paulogaz, Santa Maria Madalenaz ta beste askogaz; ta egin zirean beste beti justuak izan zireanak baño santuagoak; ta etorri pekatuan jausi baño len izan zireanak baño obeak izatera.

        Ainbatik ainbatean, obea da soñeko osoa, zatitu zartua baño. Baña alango zatia, apaindura, atala ta zabalera emon leikio, ze gero zabalera, geiera ta zati ak, soñeko barriak baño balio geiago euki leikian. Onegaiti diño San Gregoriok: Kapitai batek geiago estimatu ta preziatuten dau, gerrarik iges egin ezkero, barriro biurturik, balentia andiak egiten dituan soldadu bat, beinbere iges egin eztabena ta balentiarik iños egin eztabena baño. Onela, nekazari batek bere gurago dau, maiteago dau bedar txar asko euki zituan lurra, ta gero garbitu ezkero, frutu asko dakarrena, iños bedar gaistorik euki eztabena ta fruturik bere eztakartzana baño.

        Era onetara, bada, gure Jangoiko maiteak bere maiteago dau, pekatu egin ezkero, gogo osoaz ta borondate sutuaz egite on santuetara emoten dana, pekatu egin eztabena, ta obra onak bere otz, epel, nasai egiten dituana baño. Eta diño, maiteago dabela alako pekatari egiaz, finki ta gogoz penitenzia egiten dabena, beste penitenzia bearrik ez daben larogeta emeretziak baiño. Ta ori da, len pekatari galdu gaistoa izan zana, egiten dalako gero penitenziaren bitartez justuago, sutuago, santuago, maitetsuago, beti onak izan direanak baño.

 

 

3 §.

 

        Bai ta bere maiteago, estimatuago dau Jangoikoak penitenzia egiten daben pekataria, penitenziaren premiñarik eztabena baño, zerren peligruan, arriskuan, galdu ta ausi aginian ibilli direan gauzak idoroteaz, atsegin, kontentu ta poz geiago artzen dan, beti seguruan seguraturik, gorderik, peligru bage egon direan gauzak ikusteaz baño.

        Gerraren ostean estimetan da bakea; ekatxa igaro danean preziatuten da eguraldi ederra; gaixotasuna joan danean maitatzen da osasuna; otzaren ondoan beroa. Eta, zeinbat eta geiago, andiago, nekezkoago izan dan gerrea, ekatxa, gaixotasuna ta nekea, ainbat eta gozoago, preziatuago, estimagarriago gero ondoko atsegiña, poza, gozotasuna. Zer gura dozu geiago? San Agustinek dino. Baldin atsegiña atsegin izango bada, gozorotasuna gozo, lenagotik bear da apur bat neketu, arikatu, mindu. Gatxaren barririk ez dabenak, eztaki osasuna preziatzen. Lo-gura eztanari, ez jako loa gozo egiten; ez eta jan-dana bere, ase bete aspertua dagoanari. Ta onegaiti edale on batzuk billatuten dituez jate gatzituak egarria biztuteko; ta bizturik, galantoago, gustosoago edateko. Orregaiti ordenatu zan, etzegiola esposo barriari bereala ta egun batzuetan bere esposa emon; nekez izana obeto estimatu egiantzat, edo laster emona gorrotau ez egian.

        Arzain bat geiago poztuten da ardi galdua idoroteaz, talde osoan, seguruan, onean alan dagoala jakiteaz ta ikusteaz baño. Aita batek pozkari andiago artuten dau, denpora luzean mututurik egon dan seme baten aotik berba bat enzuteaz, bere seme guztiak ederto berba egiten enzuteaz baño. Onegaiti, Ebanjelioko bere ondasun, diru ta senipartea jan-edanetan, desoneskeria ta gaistakerian urturik ta ondaturik, galdua, ezindua, desegiña biurtu zan seme gaisto gastalari ondatzalleari, egin eutsan bere aitak fiesta andiago, beti bere etxean, bere laguntzan, bere agindura egon zan beste semeari baño. Etxekoa beti seguruan ekusalako, baña bestea galdutzat ikusirik, kobratu ebalako. Auxe berau egiten dau gure Jangoiko maiteak, artuten dabela konsuelu ta atsegin andia damuturik, ondurik beragana biurtzen dan pekatariaz; galdu ezkero idoroten dabelako; peligruan, ondakizunean, arrisku ta bide okerrean ebillana seguratzen dabelako.

 

 

4 §.

 

        Pekatariaren penitenziaz atsegin andia artzen dau gure Jangoikoak; ta ori dator pekatariaganako daukan amoreagaiti. Eta Terenziok diñoalez: Maitemaite direan personen arteko aserreak, erremuskadak, erriertak izan oi dira askotan, lengo maitetasun ta adiskidetasunean sendoago, barrurago, irrimeago geldituteko. Alkarregaz berbatu baga, ikusi baga egon direan denpora atan bere, alkartuteko deseo[a] azi ta geiagotuten jake. Alan bada, nolabait guk aditzeko moduan, Jangoikoari bere aziten jako, bekataria beragandu ta beretuteko deseoa ta borondatea, pekataria beraganik aldeginik ta igeska dagokan bitartean. Eta dirudi ta esan lei, eztagoala kontentu, ez dabela onik, berea egin artean. Bada, bitarte atan atetara etorririk legez beti deiez oleska jagoko; ta ori luzero ta beinbere esperanza galdu bage, Isaias profeta santuak diñoan legez. Urte batean, bitan ta amarrean ate ondoan itxaroten dago.

        Ta alanbere, bere burua sor ta gor egiten dau; geroko bere egin-bidea luzatuten dau. Gauza ezaina, itsusia, sentigarria da, adiskideari deiez dagotzunean, ez eranzutea, ez jaramotea, ateetan itxaroten gogaiturik eukitea; eta bereala emon zeunskion eranzuera ta egin ziñaikion mesedea, geroko luzetutea.

        Bada orrela, gauza ezaina ta dongero egina izango da, ain maite zaituan Jangoikoari ta adiskideari, zure penitenzia egiteaz, zu beragana biurtzeaz ta etorriaz ainbeste atsegin artuten dabenari; beti zure billa ta deiez dabillala dakizunari, ez jaramotea, ez eranzutea, itxedoten eukitea, enzun-gor egitea, geroko luzetuaz ta ez bertati eranzuteaz. Dirudi, baldin Jangoikoak ezergaz euki ta artu al balei sentimentua, onegaz artuko leukala.

        Au alan izanik, esan bear da, andia dala luzamentuetan dabillan pekatariak, alan ibilte atan ta bitartean, Jangoiko maiteari egiten deutsan bidebagea, iraina, eskerbagetasuna ta billaukeria. Eta alako bidebagerik ez egiteagaiti bere, eleuke bekatariak ibilli bear luzementuetan, gerotik gerora largarik Jaunagana biurtzea.

 

aurrekoa hurrengoa