www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN DOTRIÑA

 

GRIÑA TA PASIO TXARRAI
EMAN BEAR ZAIEN ILDURA,
EDO MORTIFIKAZIOAREN GAÑEAN

 

Si quis vult post me venire, abneget semetipsum. Math. cap. 16

 

        Ekusi degu aurreko dotriñan zenbat bekatu, zein estaliak, ta gutxitan barkatzen diranak gertatzen diran, guk gure griña, ta pasio txarrak ukatzeko, ta ilduratzeko arretarik izan gabez. Gaur ekusi bear degu zer dan, eta zenbat eratakoa gure griña, ta pasioen ukatzea, ildura, ta eziera au. Au ekusi ondoan begiratuko du bakoitzak, zer utsegiñ duan alde onetatik bere Jaun ona amatzeko aginte andiaren kontra. Enzun arreta andiarekin.

 

* * *

 

        Ez da Kristauaren egiñ bide guztien artean estuagorik gure griña, ta pasioak ukatzeko, ilduratzeko, ta ezitzeko egiñ bidea baño. Nai duenarekin irten artean ez due pakearik eman nai: beti ari dira palakatzen, eta losentxan gure borondatea, ta au berenganatzen badue, are gaiztoago, ta indartsuago egiten dira. Argatik arreta, ta kontu andiarekin artu bear dira griña, ta pasio txarrak ukatzeko, ilduratzeko, ta ezitzeko neurri onak: ta neurri oek artzeari deitzen zaio ildura, edo mortifikazioa. Bi eratan da au, S. Agustiñek dionez; bata kanpokoa, ta gorputzari dagokana; bestea barrengoa ta espirituari dagokana.

        Egiñ zuanean Jaunak gizona, egiñ zuan gorputza animaren lagun, ta jauregi ederra izateko, ta apaindu zuan, Jaunak berak baizik eziñ asma zitzakean adiña edertasunekin; ta atzenean prestatu ziozkan Zeruan atsegiñ-kontentu guztiz andi, ta zoragarriak. Baña erori zan Adan bekatuan, ta Adanen gorputz eder ura bertatik geratu zan abereen antzeko egiñik. Comparatus est jumentis insipientibus, et similis factus est illis. Len ezaguera onaren mendean umil arkitzen zana, geroztik da gure etsairik errebesena. Da Mundua, Demonioa, ta infernua bera baño gaiztoagoa. Da gertatzen diran gaiztakeria guztien, edo geienen sutegia. Da Jaungoiko beraren Seme bakar Jesus Jaungoiko-gizona gurutzean illerazi zuana. Da atzenean mundu guztia nasturik, engañaturik, llilluraturik, edo zoraturik, nai duan eran, darabillen etsaia. Etsai izugarri au ilduratzea, ezitzea, ta menderatzea da Kristauaren egiteko andia, ta ildura, edo mortifikazio mota aurrenekoa. Au ikasi nai badegu, ez degu kontuz begiratzea besterik, zer gisatan ilduratu, ta mendera ekarri izan dituen beren gorputzak Santuak, eta anima birtutetsuak. Ekusiko ditugu oek, batzuetan loa ukatzen beren buruai, Jaunaren aurrean beillan, beren utsegiteen gañean negarrez, edo Jaungoikoaganako amorioz erazekiak. Ekusiko ditugu besteetan; oi biguiña kendurik, lur otzaren, arbazten, edo ol utsaren gañean lo egiten. Ekusiko ditugu batzuetan soñeko zakar-lakatz bat besterik gabe, naiz izan jatorri guztiz prestukoak. Ekusiko ditugu besteetan zurdaz, edo auntz illez egindako soñekoa larruaren urrena jauntzirik, ta au zan anziñako zilizioa: ta oraiñ onen ordean ipintzen due askok larruaren kontra alanbrezko katea bat barrenontz puntak dituala. Zilizioaren ildura usatua izan da txit anziñatik andien, eta txikien, aberatsen, eta beartsuen artean. Jakob Patriarkak, Dabid Erregeak, Makabeoak, S. Juan Bautistak erabilli zuen zilizioa. Jeremias Profetak deadar egiten zien jendeai: jaunzi zaitezte zilizioz: egizue negar, eta adia: Accingite vos cilicio, plangite, et ululate. Judith andre prestu, pijo, ta ederrak, alargundu zanean, aldegin zuan munduaren zorakerietatik, gelditu zan bere etxean, garbitasun, eta penitenzian bere egunak bukatzeko: jaunzi zuan zilizioa, Eskritura Santak esaten digun bezala. Au bera egiñ due Lege berriko Santu eta anima on birtutetsu askok. Ekusiko ditugu batzuetan beren buruak azotez zeatzen soñekoak, eta pareteak odolez betetzeraño, besteetan barau gogorrak ateratzen, doi doia bizirik egoteko diña jaten, eta edaten duela. Esan gidazu, Kristaua, baldin denbora guztietako Santuak, edo anima birtutetsuak, ta aen artean batzuek bataioan artu zuen graziaren soñeko zuri-ederra galdu etzuenak, onenbat alegiñarekin ilduratzen bazuen gorputza zer egiñ bear ez genduke guk, egiñ ditugun adiña bekatu, ta gaiztakeriaren ondoren? Ta ezpadegu biotzik gorputza ilduratzeko, ta ezitzeko nola iritxi uste ditugu, Santuentzat, edo anima onentzat prestaturik dauden, Zeruko atsegiñ-kontentu miragarriak? Baldiñ ainbeste kostatzen bazaizte oek anima onai: guk nai ginduke doarik? Geiegi balio due, Kristaua, aiñ erraz, eta merke iristeko. S. Paulo Apostoluak esaten digu: Jesu-Kristorenak diranak ilduratu, ta gurutzefikatu duela gorputza bere gura ta naikunde txarrakin. Qui sunt Chti, carnem suam crucifixerunt cum vitiis, et concupiscentiis. Ta bere buruaz dio: kastigatzen det nere gorputza, ta ipintzen det ezaguera onaren mendean, erakutsirik besteai Zerurako bidea, nerau galdu ez nadiñ. Castigo corpus meum, et in servitutem redigo, ne forte, cum aliis praedicaverim, ipse reprobus efficiar. Ekusten det, nere Kristauak, ez dirala guztientzat egokiak aditzera eman ditudan ildura, ta penitenzia andiak; ekusten det gañera gutxik duala aek eskatzen duen bezeiñ espiritu andia. Ekusten det atzenean asko dala Kristauarentzat bere gorputza ilduratzea, ezitzea, ta menderatzea, Jaunaren Lege Santa, ta gañerako bere eginbideak gordetzea eragotzitzen dituala bere griña ta pasioak galanki nekatuaz, dala apainduriak utziaz, barautuaz, edo beste eratan. Gorputzari ildurarik asko ematen dioe gure nekazari prestuak geienak beintzat; baldin egiten dituen nekeak Jaunari eskeñiaz, ta Jaun beraren onra, ta gloriarako egingo balira; ta jai egunetan Jainkoaz aztuko ezpalira zenbait. Ildura, ta mortifikazio mota onen premia geiago due aisian, eta eraz bizi diran jendeak; ongi badu alabaña potxok zaldalea, ta nekatzen ezpada, edo etxean, edo kanpoan, zertan, edo artan, ez dira faltako ostikokak, arrantzak, eta oitura gaiztoak. Ala gertatu da oraindañokoan, ta ala aurrera-ere gertatuko da munduak dirauen artean. Itz batean: Zerura nai badegu, era batera, edo bestera gorputza nekatu, ta mendean iduki bear degu, amilderazi ez gaitzan bekatuen zingiretan. Jesu-Kristorenak diran anima, ilduratu, ta gurutzefikatu due aragia bere gura, ta naikunde txarrakin, dio S. Paulok: Qui sunt Chti, carnem suam crucifixerunt cum viytis, et concupiscentiis.

 

* * *

 

        Ona da, ta ona ezezik guztiz bearra gorputzaren ildura, edo mortifikazioa, ekusi degun bezala, baña askoz obea da, dio S. Agustiñek, askoz preziotsuagoa, ta goiagoa bigarrena, edo barrengo mortifikazioa. Pretiosius, et sublimius. Barrengo ildura, edo mortifikazio guztia biurtu diteke iru gauzatara. Lenengoa da gure gorputzari, sentiduai, griña, ta pasioai ukatzea eskatzen dituen atsegin-kontentuak, ta ongi eraman Jaunagandik, edo lagun urkoagandik egun oro datozkigun, samintasunak, eta gurutzeak. Bigarrena: gure griña, ta pasioetatik jaiotzen dan, gogo, ta nai guztia utzitzea. Irugarrena gure lan, ta gauza guztietan giari artzea Jaunaren nai, edo borondatea. Ez dezu zuk aditzen noaski, Kristaua, gauz oen otsa baizik; ta zuri dagokizun adiña aditu ditzatzun, enzun ezazu kontuz oraiñ adieraztera noana.

        Iru gauz oetatik lenengoaren gañean esaten digu S. Bernardok gauz eder bat. Geren buruakin egiñ bear degula, dio Santuak, eri baten kontua artuta zai dagoanak egiten duana. Onelako kontua daukanak ukatzen dio eriari kalte egingo dion guztia, naiz negar egin dezala; baña on egingo dioen gauzak arrerazten diozka alegiñean, naiz eriaren gustoak ez izan. Au bera da guk geren buruakin egin bear deguna. Ukatu jan-edan gaiztoak: ukatu begien begiratze arroak, edo ariñak; ukatu belarriai kanta zikiñen, itz anima galgarrien, ta erausi gaiztoen aditzea; ukatu eskuai keñada, ta ukitzen bear ez diranak. Ukatu soñekoen arrotasun, ta apainduria ez dagozkigunak, dantza, jolas, eta ibillera zoroak. Eta egun oro naiz etxean, naiz kanpoan arkitzen ditugun, samintasunak artu bear ditugu, gure animaren eritasunak sendatzeko datozkigun sendagaiak, ta edariak bezala. Ona barrengo ildura edo mortifikazioaren malla bat. Baña nor da egungo egunean bere anima eriari era onetan kontu egiten diona? Nor era onetan ukatzen diozkana bere buruari gorputzak, sentiduak, griña, ta pasioak gure dituen atsegin kontentuak? Nor, Jaunagandik, edo lagun urkoagandik datozkigun gurutzeak ongi artzen, ta biotz prestuarekin daramaizkiana?

        Barrengo ildura, edo mortifikazioak eskatzen du gañera gure griña, ta pasioetatik datorkigun gogo, eta naia osotoro ukatzea, utzitzea, gurutzefikatzea. Au da geren amorio, ta borondatea, esan oi zaion gaixoaren ukatzea. Au iristeko guk jarraitu bear diogu Santuak, eta gizon jakintsuak ederki erakutsia utzi diguen bideari. Ara nolakoa dan bide au. Gure griña ta pasioak batzuetan nai due debekatua dan gauza larria, egiñ dezagun kontu edanean osotoro igarotzea, lagun urkoari kalte andiren bat etortzea, seigarrengo mandamentuaren kontrako atsegiñ loiak. Ekusia dago, beartuak gaudela bekatu larrairen azpian gauz oetan gure gogo, ta naia osotoro ukatzera, ta gurutzefikatzera Jaunaren beldur Santuarekin. Norbaitek niri jarraitu nai badit, uka beza bere burua, dio Jesu-Kristok. Abneget semet ipsum. Gure griña, ta pasioak nai due beste batzuetan debekaturik dagoan gauzaren bat, baña berez larria ez dana. Egiñ dezagun kontu gere buruak edertzeko gezur txiki bat esatea, gurasoai bizitasun piskaren batekin erantzutea, lagun urkoaren falta barreatuak kontatzea, apaintzeko kontu geiegi ipintzea. Gauz oetarako gogo, ta naia ukatu bear du Kristauak, bere griña, ta pasioen mendean bizi nai ezpadu. Gauza txikietan, ta egun oro, edo sarritan gertatzen zaizkigunetan ukatzen badegu gure gogo, nai, edo borondate txarra, erraz gero garaitzen da gauz andietan; baña jarraitzen badiogu gure gogoari gauza txikietan, txikiak diralako aitzakian; laster au bera gertatuko da andietan-ere. Ala esaten digu Espiritu Santuak. Ala erakusten digu egun oro gertatzen danak. Aurrenean asi oi dira utsegiterik andienak-ere gauza txiki batetik. Begiratze goixo bat, sarritxo itzegite bat: apaindu nai geiegi bat, berandutxo etxeratze bat, lagun urkoren utsegite txikien gañean erausian egote bat, ta beste onelako milla gauza, aurrenean txit erraz utzi zitezkeanak, ekarri izan ditue ondoren guztiz negargarriak. Argatik gauza txikiak dirudienetan-ere kontuz ukatu bear degu, gure griña, ta pasioetatik datorkigun, gogo, ta nai txarra.

        Gure griña, ta pasioak nai due batzuetan berez bekatu ez dan gauzaren bat. Egiñ dezagun kontu bergera batean loreak, frutak, belar usai gozodunak ekustea, ta miratzea: lagun artean ipui, edo kontu garbiak gatzarekin esatea, ta beste onelako gauza asko ez dira gaiztoak, eta bear dan fiñ onarekiñ egiten diranean, izan ditezke onak. Alaere bere gogo, eta nai txarrak ukatzen, eta gurutzefikatzen ikasi nai duanak, saiatu bear du, batzuetan bederik, bekatu ez diran gauzetan-ere bere gogoak eskatzen diona ez egitera. Ala egiñ zuan Dabid Erregeak beiñ batean. Gerran zebillen Filisteoen kontra, ta egarriak estuturik esan zuan bere soldaduen aurrean: O! ematen balit norbaitek Belengo putzuko ura! Au aditu zuenen artetik irten ziran iru zaldun txit indartsuak, ta Filisteoen erditik igaro ziran Belengo putzura, eta ekarri zuen, Dabidek ainbeste nai zuan, ura. Ekusirik Dabidek zenbat kosta zan ur ura, etzuan edan, baizik eskeñi zion Jaunari. Etzan gauza gaiztoa ura edatea, egarriak zegoan edan nai zuana, ta Errege zan; baña alaere ilduratu, ta garaitu nai izan zuan bere gogo, ta naia. Era onetan saiatzen bagiña gure gogoetak, ta naikundeak ukatzera berenez bekatu ez diran gauzetan, kemenik gabe geratuko lirake gure griña, eta pasioak, edo beintzat erraz garaituko ginduke gauza debekatuen eske asitzean.

        Gure griña, ta pasioak eskatzen due beste batzuetan berez gauz ona, ta Santa dana. Egiñ dezagun kontu sarritan, eta ongi prestaturik konfesatzea, sermoiak aditzea, meza nagusiak entzutea. Nork eztakus gauz oek dirala txit onak? ta oetarako jenioa, ta griña txit ederra? Alaere ukatu bear degu gauz oetarako gogo, eta naia, gauza berak egitea utzi gabe. Badakizu, edo jakiñ nai dezu nola? Egiten ditugula gauz on oek, ez gure gogo, ta naiagatik: ez gure jenioari atsegiñ emateagatik, baizik Jaunaren borondateari, ta gure animen onari begiraturik.

 

* * *

 

        Era onetan ukatu ondoan gure griña, ta pasioetatik datozkigun gogoak, ta naikundeak ez da besterik bear barrengo ildura, ta mortifikazioa ederki egiteko, ezpada artutzea Jaunaren nai, ta borondatea gure lan, eta gauza guzien giari. Ez degu ezer-ere egiñ bear, ez degu nai izan bear, lenik begiratu bage zer nai duan gure Jaun onak, ta beraren borondatea ezagutzean itsu itsuan jarraitu bear diogu, dala guretzat samiña, edo dala gozoa Jaunak nai duana. Jauna da alabaña gure Jabea, gure Egillea, gure Eroslea, ta Ongille andia. Jaun au leku guztietan arkitzen da guri laguntzeko, ta gure onari begiratzen. Nork ez du bada Jaun onen borondatea bere giari ipiñiko? Nere Jaun Jaungoikoa! Non izan da oraindañokoan, non nere fedea? non nere zentzua? Ez det nik oraindaño nere gogoa, nere naia beste giaririk ezagutu! Joan dira nere urteak kearen eran, eta Zerurako bidea ongi ezagutu gabe! Erakusi gidazu, zure borondate santua egiten: egiñ bedi au Zeruan, egiñ bedi lurrean, eta mundu guztian. Amen.

        Begira-zazu oraiñ, Kristaua, zer utsegiñ dezun zere griña, ta pasio txarrak ilduratu, ta gurutzefikatu gabez. Begira bigarrena: zenbat denbora onetan bizi zeran zabarkeria onetan, eta Jaungoikoaganako onginai, ta amoriozko afektoak egiaz, eta biotzetik egiñ gabe. Eta beragatik saia zaite oitura, griña ta pasio txarrak ilduratu, ta gurutzefikatzeko; presta zaite konfesio on bat egiteko; au egiñaz, eta aurrera Jaunaren laguntzarekin bizitza onari jarraitzen diozula, iritsiko dezu Zeruko gloria. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa