www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMABIGARREN ERAKUSALDIA

 

Zeñ gauza gaizto, eta samiña dan bekatua, adirazten digu Trinidadeko bigarren Persona, Aita Betikoaren Seme-Jaungoikoa Zerutik jatxita gizon egiteak. Misterio miragarri au da oraingo Erakusaildiaren gaya.

 

Dereliquisti Dominum Deum tuum...
Scito, et vide, quia malum, et amarum est
reliquisse te Dominum Deum tuum.
Jerem. 2.

 

        Utzi dezu zuk, bekataria, zure Jaun, eta Jaungoikoa: eta garizuman asko egia izugarri aditu badituzu ere, etzera bekatuaren lo astun orretatik esnatu. Jakizu bada, esaten dizu Jeremiasek, eta ekusi ezazu, gauza gaizto, eta samiña dala, zuk zure Jaun, eta Jaungoikoa utzi izan dezun eran utzitzea. Ekusi zenduan azkeneko igandean, Jaunak gizona egin zuanean, zertako egin zuan, eta nolako doayak eman ziozkan. Ekusi zenduan, nola bekatuan erori zan, eta zeñ ondoren samiñak etorri ziran, eta datozen bekatu artatik. Jan zuan Adanek Paradisuko arbola baten fruta debekatua, eta bereala bota zuan Jaunak Paradisutik, eta len eritasun, eta eriotzaren beldur gabe bizi zana, geratu zan ezin konta al gaitz, neke, eta eriotzaren mendean. Atzenean galdu zuan Jaunaren grazia, eta zuzentasun orijinalaren doai miragarria, baita Zerurako eskubide guzia ere. Eta nork eztakus, ondoren oek dakartzian bekatua dala gauza guziz gaizto, eta samiña? Eta ondoren oek ekarri zituan sagar, edo fruta debekatu bat dastatze, edo progatzeak, ez Adanentzat bakarrik, baita guretzat ere, fedeak erakusten digun bezala.

        Egia au bera adirazten digue, gizona Zerurako bidean berriro ipintzeko Jaunak artu zituan neurri miragarriak. Oen artean lenengoa da Trinidadeko bigarren Persona, Aita betikoaren Seme-Jaungoikoa gizon egitea. Misterio au izango da gaurko Erakusaldiaren gaya. Enzun bada arreta andiarekin, Kristaua.

 

* * *

 

        Autsi zuan Adanek Jaunaren Agintea, len esan dezun eran, jakiundeko arbolaren fruta debekatua jaten zuala. Ozta Adanek egin zuan bekatu au, igerri zuan Jauna zetorkiola, eta ezkutatu zan arbolen ostartean. Deitu zion Jaunak Adani, esaten ziola: non zera? Ubi es? Eranzun zion Adanek: aditu det, Jauna, zure otsa, eta lotsatu naiz, zeren soñekorik gabe arkitzen nintzan: orregatik ezkutatu naiz. Esan zion Jaunak: eta nork aditzera eman dizu, soñekorik gabe, edo larru gorrian zeundela, debekatu nizun fruta jateak baiziç? Eranzun zion Adanek: laguntzat eman didazun emakumeak eman dit, eta jan det. Orra noiz danik asi zan gizona bere utsegitea edertu, edo gutxitu nayez. Orduan esan zion Ebari: zergatik egin dezu au? Eranzun zion Ebak: sugeak engañatu nau. Orra Ebak ere besteri egozten dio bere bekatuaren oben, edo kulpa guzia. Biurtzen da Jauna sugearen, edo obeto esateko Demonioaren kontra, eta esaten dio: Madarikatua izango zera: nik gerra bizia ipiñiko det zure, eta andre baten artean: gerra zure ume, eta andre aren semearen artean: andre ark bere semearen bidez zapalduko du zure burua: Inimicitias ponam inter te, et mulierem, et semen tuum, et semen illius: ipsa conteret caput tuum (Genes. 3). Itz oetan Jaunak aditzera eman zuan, etsai galgarriak gure lenbiziko gurasoak galdurik utzi bazituan ere, bidalduko zuala Munduaren Salbatzallea, eta onek zapalduko ziola etsayari burua. Zeñ ona, eta Urrikaritsua gure Jauna! Aserre zegoan gizonaren kontra, zeren autsi zuan ipiñi zion Agintea; baña ekusten zuan, Adan eta Eba, eta oetatik etorriko ziran ondorengo guziak geratuko zirala Zerutik erbestetuak betiko, eta joan bearrak zirala betiko su, eta garren artera. Ekusten zuan Adanek, eta Ebak ezin desegin zezakeela egin zioen bidegabe izugarria, zeren gizonaren alegin guzien gañetikakoa zan. Beste aldetik etzuan nai, Luzifer berearekin irtetea. Zer asmatu zuan Jaunaren ontasun, eta urrikimentuak? Asmatu zuan bide bat berak bakarrik asma zezakeana; au zan Trinidadeko bigarren Persona Zerutik lurrera jatxitzea, gizon egitea, eta Adanen, eta ondorengo bekatuen zorra pagatzea. Ainbesteraño amatu ginduan Jaunak, dio S. Juanek, non eman zuan bere Seme bakarra: Sic Deus dilexit mundum, ut filium suum unigenitum daret (cap. 3).

        Baña gisa onetan Jaunak bere Semea bidaltzea agindu bazuan ere, etzuan bereala bidaldu; nai zuan alabaña gizonak ezagutzea, zeñ gauza gaizto, eta samiña dan bere Egille, eta Aita ona utzitzea bekatuaren atsegin-apur bategatik. Alaere ez uste izan, Kristaua, munduaren asieratik Salbatzallea etorri artean ill ziran guziak galdu zirala: ez, zeren Jaunak begiraturik Jesusek denboraz igaroko zuan gurutzeko eriotzari, eman zien Adan, eta Ebari baita ondorengoai ere bekatutik irteteko, eta bizitza ona egiteko bear zuen Zeruko lagunza, eta grazia, baña Jaunaren grazian iltzen ziranak ere etzijoazen Zerura, baizik Abrahanen linbora: an egoteko Salbatzalleak atera zitzan artean. Etziran Zeruko ateak gizonarentzat idiki Jesusek Zerura igotzean zabaldu zituan artean.

        Bitarte onetan anima onak, Patriarka, eta Profetak oska zegozkan Jaunari, bidal zezala agindu zuan Mesias, edo Salbatzallea. Esan zien beiñ Jaunak Isayasen autik. Enzun ezazu Dabiden etxea: Audite ergo domus David: Birjiña bategandik sortu, eta jayoko da Seme bat, eta deituko zayo Manuel: Ecce virgo concipiet, et pariet filium, et vocabitur nomen ejus Emmanuel (Isaiae c. 7). Bazetozen, eta bazijoazen era onetan mendeak mendeen edo sekulak sekulen ondoren; baña gero ere lau milla urteren buruan bete ziran Jaunak beregan markatuak zeduzkan denborak. Orduan Trinidade guziz Santak bidaldu zion Birjiña txit Santari bere Aingeruetatik bat Nazaret zeritzan Galileako erri batera, eta Aingeru au zan S. Gabriel. Sartu zan Aingerua Birjiña txit Santa zegoan gelara, eta itz egin zion era onetan S. Lukasek dionez: Agur graziaz betea, Jauna da zurekin, bedeinkatua zera andre guzien artean: Ave gratia plena, Dominus tecum. Arriturik geratu zan Birjiña txit Santa agur añ onragarria Aingeruagandik aditu zuanean: nastu zan beregan dio S. Lukasek, eta gogoan zerabillen, zer esan nai ote zuan agur onek: Turbata est in sermone ejus, et cogitabat, qualis esset ista salutatio. Argatik esan zion Aingeruak: Ez beldurtu Maria: Ne timeas Maria: Zu zera andre guzien artean autua, eta Jaunari agradatua: zuk sortuko, eta egingo dezu Seme bat, eta deituko diozu Jesus. Seme au Jaunaren begietan izango da Andia, eta Jainkoaren Seme izendatuko da, eta egiaz izango ere da. Emango dio Jaunak Dabiden jarleku, edo tronua. Errege izango da beti Jakoben etxean, eta etxe onek, edo beraren erreñuak ez du bukaerarik izango. Et regni ejus non erit finis. Dabiden jarlekuaren, eta Jakoben etxearen izenez aditzera ematen zuan Aingeruak Jesu-Kristok bere odol preziotsuarekin altxako zuan Eliza, eta Eliz onetan beti izango zuan agintea. Erantzun zion Birjiña txit Santak: Nola izango da ori, ezpadet nik ezagutzen gizonik, eta garbitasuna gordetzea Jaunari agindu badiot? Quomodo fiet istud, quoniam virum non cognosco? Orduan esan zion Aingeruak: Nik esan dizudana ez da aditzen gizonaren obraz, eta zure garbitasunaren kaltearekin. Espiritu Santua jatxiko da zugana, eta berak egingo du Misterio au nai izate utsarekin: Spiritus Sanctus superveniet in te, et virtus Altissimi obumbrabit tibi. Zugandik jayoko dan Santua, Jaungoikoaren Seme izendatuko da. Orra zure aide Isabel, adiñean aurreratua badago ere, aurdun arkitzen da: anzua dala uste due, eta alakre sei illabeteko Semea sabelean dauka: jakin dezazun, ez dala Jaungoikoak ez dezakean gauzarik: Quia non erit imposibile apud Deum omne verbum.

        Alaitu zan Birjiña txit Santa Aingeruaren itz oekin. Triñidade guzia beraren baimenaren zai, edo begira zegoan Enkarnazioko Misterioa egiteko: Orregatik S. Bernardok itzegiten dio era onetan: Aditu dezu, Birjiña txit Santa, Aingeruak ekarri dizun mandatua, eta ekusten dezu, zure baimenari itxedoten dagoala; ez arren luzapenik ipiñi. Au eskatzen dizue Adanek, eta beraren ondorengoak: au Abrahanek, Dabidek, eta zure aurrekoak; au mundu guziak. O! andre guzien artean ederrena! Itzegizu, eta aditu dezagun zure otsa. Zergatik zaude ixilik ? Baña itzegitera dijoa, enzun dezagun zer erantzuten dion Zeruko mandatuari. Ona ni, esaten dio umiltasun andiarekin; ona ni Jaunaren serbitzaria; egin bedi nigan zuk diozuna, eta zuk diozun eran: Ecce ancilla Domini, fiat mihi secundum verbum tuum. Ozta aditu zan arako egin bedi ura Mariaren autik, orduan bertan egiña geratu zan Enkarnazioko Misterio miragarria, Espiritu Santuaren obraz. Misterio au da, Trinidadeko bigarren Persona, Aita betikoaren Seme bakarra Birjiña txit Santaren sabelean gizon egitea, edo aragiz janzitzea Espiritu Santuaren obraz. Uzten ditut, geyegi luzatu ez nadin, gañerako Misterio oni dagozkan gauzak.

        Esan zadazu oraiñ Kristaua, zertako artu ditu Jaunak arazo, eta egiteko oek guziak? Zertako beeratu zan gizonaren janzia artzeraño? Jaungoiko Guzialduna aur biurtu zan, eta bizitu Birjiña txit Santaren sabelean! Au guzia egindu Jaunak, gizona bekatuaren mendetik ateratzeko. Orra zeñ gauza gaizto, eta samiña dan guk gure Jaun, eta Jaungoikoa utzitzea, Jeremiasek esaten digun bezala: Scito, et vide, quia malum, et amarum est reliquisse te Dominum Deum tuum. Kristaua, eta ezaguturik au guzia, ez ote degu negar egingo, Jauna ainbeste bider bekatuarekin utzi degun bezala utzitzeaz ? Egin dezagun au, nere Kristaua, biur gaitezen gure Aita onagana, onela iristeko gure bekatuen barkazioa, eta gero betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa