www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

LENENGO ERAKUSALDIA

 

JESUSEN PIZTUERAREN GAÑEAN

 

Surrexit, non est hic. Marc. 16.

 

        Poztu zaitezte egun andi onetan Jesus maite dezuen animak. Bukatu dira Jesusen odolezko izerdiak. Bukatu dira azoteak, eta gurutzeko neke, ta oñaze izugarriak. Ill da Jesus guri zigun onginai, eta amorio geyegiz, dio S. Paulok: Propter nimiam charitatem; baña irugarren egunean piztu da, berak esan zuan bezala. Piztuera au da gaurko pozaldi, edo festaren gaya. Au da festa guzien festa, dio S. Gregorio Nazianzenok: au da Jaunak egin, edo prestatu digun egun andia: poztu gaitezen egun onetan esaten digu Eliz Ama Santak: Haec dies quam fecit Dominus, exultemus, et laetemur in ea. Au bear dan eran guk egiteko, aditzera emango dizuet Misterio gozo-miragarri au. Urrena, ukituko det egun onetan egin bear gendukeana. Enzun arreta andiarekin, Kristaua.

 

 

§ I.

 

        Gure Jesus ona etorri zan Zerutik lurrera, Zeruko bidean gu ipintzera. Egin zan gizon, eta ogei, ta amairu urte igaro zituan bide.au erakusten ala itzez, nola obraz. Gure erospen, edo Redenzioko obra andia egiteko gauza bearra zan gurutzean bere bizitza ematea, eta Adanen, eta gure bekatuen zorra ateratzea. Beñ baño geyagotan aditzera eman zien au Apostoluai; baña denbora berean esan zien piztuko zala. Asi ziran Juduen arteko lenenak Jesusi bizitza kenerazteko aitzakien billa, eta guziaren berri ziakianak bezala, esan zien beñ Jesusek Jerusalengo Elizan: ea, urraezazue Eliz au, eta nik iru egunen barrunbean berriro altxako det: Solvite templurn hoc, et in tribus diebus excitabo illud (Joan. 2.°). Itz oetan aditzera eman zien, alperrik zebiltzala berari bizitza kendu nayez: zeren illerazten bazuen ere, iru egunen barrunbean piztuko zan.

        Egin zuen Juduak asmo zuena. Milla txarkeri, eta bidegaberen ondoren illerazi zuen gurutze batean lapur biren erdian Jesus Munduaren Salbatzallea. Belzez janzi zan Zerua, asi zan dardaraka lurra: idiki ziran obiak, eta arriak berak, ekusirik beren egillea gurutzean zegoan eran, naigabez bezala erdiratu ziran. Jose Arimateakoa, Juduen artean gizon andi, eta aberatsa, Jesusen ikaslea zan, baña isillik. Onek egiña zeukan aitz bizian obi berri bat, besterekin kutsatu gabea, eta Jesus il zanean, joan zan Pilatosegana eta eskatu zion aren gorputza bere obi berrian ipintzeko baimena, eta eman zion. Baimen onekin eraman zuan Jesusen gorputza bere obi artara: balsamoz, eta usai gozoko likurtaz ganzutu zuan, eta arlosa andi batekin itxi zuan obirako bidea. Oroitu ziran Juduak, nola Jesusek esan zuan, illerazten bazuen ere, iru egunen barrunbean piztuko zala, eta beldurtu ziran, Apostoluak gauaz ostuta, esan zezeen piztu zala. Orregatik joan ziran Pilatosegana, eta eskatu zioen, agin zezala, iru egun aetan gorde zedilla arretaz obia. Esan zien Pilatosek, badituzue zeren guardiak: zoazte, eta gorde ezazue obia. Ala egin zuen Juduak: obiaren arlosari ezarri zioen beren sillua: ipiñi zituen nai zituen begirale, edo guardiak, eta oek gau, ta egun egon ziran obia zaitzen.

        Baña nor, edo zer da gizona Jaungoikoari eragozteko nai duana egitea? Esan zuan Jesusek, illeraziko zuela Juduak, baña irugarren egunean piztuko zala. Orregatik gauza bearra zan Jesusek agindu zuana egitea, alako eran, non edozeñek ezagutu zezakean, egia garbia zala esan zuan guzia; ta ala egin zuan oraiñ ekusiko degun bezala. Igande goizean, eguna argitu baño len, edo argitzeko denboran piztu zan Jesus, berak aditzera eman zuan eran: au da biurtu zan anima gorputzera, eta egin ziran bat geyago, edo beñere ez iltzeko: eta obiaren sarrera arlosaz itxia bazegoan ere, irten zan andik. Nola gerta zitekean au? Nola? Txit erraz: guzialduna, edo Omnipotentea da alabaña Jaungoikoa, eta nai izate utsarekin egin zezakean au guzia, eta geyago.

        Piztu zan unean bertan asi zan lurra ikaraz; jatxi zan Zerutik Aingeru bat: tximisten eran argi egiten zuan beraren aurpegiak, eta elurra bezeñ zuria zan aren soñekoa, edo jantzia: eta nork nai ekusi zezan, etzegoala Jesus obian, baizik piztu zala, kentzen du obia itxitzen zuan arlosa, eta esertzen da beraren gañean. Ekusten due au guzia Juduen guardia, edo begiraleak, eta beldurrez geratzen dira kordegabe. Berengana ziranean, joan ziran Apaiz nagusietara, eta aditzera eman ziezan gertatu zana. Sinistu ote zuen Jesusen piztuera? Ez etzuen sinistu, zeren gorrotoaren lañoak itsutuak zeuden: eta sinistu bearrean, ugari eman ziezan guardai dirua, esan zezeen aek lo zeudela, Apostoluak ostu zuela Jesusen gorputza. Aitzakiaren farragarria! Lo bazeuden guardiak, nola ekusiko zituen Apostoluak beren Maisua eramaten?

        Asko, eta geyegi ere bazan au, Misterio au zenzua duan edozeñi sinisterazteko; baña etzan onenbesterekin kontentatu Jesus ona. Pazkoa goizean eguna argitu baño len, irten ziran Jerusalendik Santa Maria Magdalena, eta bere lagunak, Jesusen gorputza usai oneko likuriakin ganzutzera; denbora aetan alabaña Ejipton, eta Juduen artean berrogei egunetan balsamoz egiten zituen illen gorputzak. Joan ziran obira, eta arriturik geratu ziran, ekusirik, idikia zegoala, eta etzala an arkitzen Jesus: lasteregin zuen Apostoluetara, eta esan ziezan gertatzen zana. Biurtu ziran obira, eta ekusi zituen bi Aingeru, eta oetako batek esan zien: Ez beldurtu: Nolite timere: badakit Jesusen billa zatoztela: ez dago emen, piztu da alabaña berak esan zuan bezala: Surrexit enim sicut dixit (Math. 28). Egun onetan bertan agertu zitzaten Magdalenari, S. Pedrori, eta Emausko gaztelura zijoazen ikasleai. Agertu zitzaten gañera Aposloluai jaten zeudela, eta janere zuan berakin. Aldi oetan etzegoan an Santo Tomas, eta beste Apostoluai gertatu zana esan bazioen ere, ezin sinistu zuan: Ezpadet nik ekusten, esan zien: ezpadet nik ekusten beraren eskuetan iltzeen siñalea, eta ukitzen ezpadet nere eskuakin beraren sayetsa, ez det sinistuko diozuena. Andik zortzigarren egunean Apostolu guziak ateak itxirik zeudela, sartu zan Jesus, eta esan zien: Pakea zuekin: Pax vobis: esan zion Tomasi: ekartzu zure beatza onara, eta ekusi itzatzu nere eskuak: ekartzu eskua, eta ukitu ezazu nere sayetsa, eta etzaitezela izan sinitsgaitza. Arrituaren eran geratu zan Tomas, eta esan zion Jesusi: Nere Jaun, eta Jaungoikoa! Dominus meus, et Deus meus! ltz oekin argiro agertu zuan Santo Tomasek, Jesus zala Jaungoiko, eta gizon egiazkoa. Zerbait geroago agertu zitzaten Jesus Galilean, S. Paulok dionez, bost eun, eta geyago laguni (1 ad Corint. 15). Zer geyago? Jesus piztu zanean, asko piztu ziran illen artetik: joan ziran Jerusalena, eta agertu zitzaizten beren ezagunai. Ainbesteraño zabaldu, edo barreatu zan Jesusen piztuera, non gizon jakintsu askok dioenez, Pilatosek gaztigatu izan zuan Erromara gertatu zana.

        Orra, Kristaua, Eliz Ama Santak gaur aditzera ematen digun Misterio andia. Orra zenbat gisatan agertu zuan Jesusek, il bazan ere guri onginayez, piztu zala berak esan zuan bezala. Au ala ez agertzera, etzuan iñork ere sinistuko, Jesus zala Jaungoiko, eta gizon egiazkoa, eta Munduaren Salbatzallea, eta alperrikako gauza izango zan Jesusek esan, eta egin zuan guzia. Piztu ezpada Jesu-Kristo, alperrikako gauza da guk erakusten deguna, baita gure fedea ere, dio S. Paulok: Si Christus non resurrexit, inanis est praedicatio nostra, inanis est et fides nostra. Dakuskun oraiñ, zer egin bear gendukean egun andi onetan, eta gure aurrerako bizitzan.

 

 

§ II.

 

        Il zan Jesus Jaungoiko, ta gizon egiazkoa, gu bekatuaren mendetik ateratzeko, eta piztu zan beñere ez iltzeko. Au da egia bat gure fede Santak gaurko misterioan erakusten diguna. Au onela izan, eta ez ditugu utziko gaurdanik betiko bekatuaren bideak? Au onela izan, eta ibilli naiko degu amilka bekatuaren bideetan? Ea, sarritan sinistu ezazu, Kristaua, gaurko Misterioa, edo berbera dana sarritan egitzu Akto fedekoak.

        Ill zan Jesus, guri betiko bizitza, eta atseginkontentuak emateagatik, eta piztu zan agindu digun guzia emateko. Nolako uste, edo esperanza ez degu iduki bear bada Jesus onagan, bera giari, eta, laguntzalle degula, iristeko Zeru eder orietan bizitzea? Egitzu bada Akto esperantzakoak. Atozea, emengo atsegin lotsagarriakgatik galdu naiko dituzu Zeru eder ori, eta zere burua amildu nai dezu beti-betiko su, eta garren artera?

        Il zan Jesus guganako onginai, eta amorio geyegiz, dio S. Paulok: Propter nimiam charitatem; baña piztu zan gurekin beti bizitzeko, eta gure animen janari izateko. Zeñ on, eta maitagarria ez da izango gure Aita au, guretzat alakoa bada? Egitzu bada, Kristaua, sarritan Akto karidadezkoak, eta bera onratzeko aldegizu bekatutik, eta lagun, eta etxe gaiztoetatik. Onela egingo dezu Eliz Ama Santak gaur aditzera ematen diguna, eta iritsiko dezu betiko bizitza doatsua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa