www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

BEDERATZIGARREN ERAKUSALDIA

 

Adirazten da, nola Birjiña txit Santa, Jaungoikoaren, eta gure Ama maitagarria Zerura jasoa, edo altxatua izan zan gorputz, eta anima.

Urrena, zer guk egin bear degun bera onratzeko.

 

        Gero ere eldu, edo etorri zaku arako egun andi ura, zeñean mundu onetatik jasoa izan zan Zerura Birjiña txit Santa Jaungoikoaren, eta gure Ama maitagarria. Festa onek garaitzen ditu Santuen beste festa guziak, dio S. Agustiñek. S. Jeronimok esaten digu, ez dala munduan ekusi egun andiagorik. Orregatik Eliz Ama Santak nai du, Kristau guziak postutzea egun andi onetan! Postu gaitezen guziok egun onetan, dio Mezaren sarreran: Gaudeamus omnes. Au guk ongi egiteko, begiraldi bat eman bear diogu gaurko Misterioari, eta Misterio oni dagozkan gauzai. Urrena ukituko det, zer egin bear degun Birjiña txit Santa onratzeko? Asi gaitezen bertatik.

 

 

§ I.

 

        Gure Salbatzaliea, piztuta berrogei garren egunean, igo zan Zerura, eta beraren Ama maitagarriak jarraitu nai zion biotz osoz; baña nola zan Kristau guzien laguntza, eta atsegin-kontentua, Semeak nai izan zuan emen geratzea Ama, Eliz Ama Santari laguntzeko bere nekeetan.

        Askoren iritzian, ogei ta iru urte igaro zituan eta bitarte onetan izan zan Apostoluen, eta Kristau guzien Erakuslea, giari, eta Bitarteko andia. Urtebatzuetan bizitu zan Jerusalenen; baña Juduak ekusirik, nola Apostoluak zabaltzen zuen Jesusen legea, altxa zuen Elizaren kontra ekaitz izugarri bat: Apostoluak zabaldu ziran mundearen lau aldeetara, eta Birjiña txit Santa joan zan S. Joanekin Efeso zeritzan erri andira. Gutxitu zan ekaitz ura, eta S. Juan Damaszenok dionez, biurtu zan Jerusalena, eta an bizitu zan ill arte guzian. Ez da gizonaren mingaña gai, adierazteko, norañoko birtute, eta Santutasunera igo zan Ama miragarri au, mundu onetatik irten zaneko. Sortua izan zan Adanen bekatuaren mantxarik gabe, eta ainbeste doayekin edertu, eta apaindu zuan ordutanik Espiritu Santuak, non beraren edertasunak garaitzen zuan Aingeru, eta Santu guzien edertasuna. Bere sortzetik ezaguera osoarekin arkitzen zan, eta asi zan Jauna amatzen, eta amorio au unetik unera andiagoa zan, animako grazia, ta doayak andiagoak ziran eran. Nork esan, eta nork ezagutu ere, noraño ugarituko ziran Birjiña txit Santaren birtute, eta Santutasuna egun bakoitzean? Eta noraño igoko zan emen lurrean bizitu zan urteetan? Bizitu zan alabaña, geyenak erakusten duenez, irurogei, ta amabi urtetan.

        Alderatu zitzayon Birjiña txit Santari deserri onetatik Zerura igotzeko denbora, eta Aingeru batek aditzera eman omen zion noiz au gertuko zan. Zabaldu zan berri au, eta naigabe andia artu zuen Kristauak, zeren Ama maitagarri au zan guzien atsegin, eta poza, eta laster au gabe ekusiko ziran; baña arintzen, eta gozatzen zitzaten neke, ta naigabe au, oroiturik, bere Semeagana zijoala, eta izango zala beraren aldean gure bitarteko, eta laguntzalle andia. Leku guzietatik elkarren leyan bezala, joan bide ziran Kristauak beraren azkeneko bendizioa artzera. San Juanek, Jesusek gurutzetik aditzera eman ziona egiteko, ezin utzi zezakean, Birjiña txit Santa azkeneko ordu oetan. Beste Apostoluak urrutietan zebiltzan Jesusen berriak ematen, eta askoren. iritzian mirariz arkitu ziran, Santo Tomas ez besteak, Jerusalenen. Aditzera eman ziezten Elizaren gobernuari zegozkan asko gauza: alaitu zituan beren egitekoan ari zitezen gogo, eta biotz andiarekin eta agindu zien Kristau guziai bere laguntza. Erazeki ziran argiak, eta negar egiten zuen guziak. Irten ziran Aingeru guziak Zerutik, Birjiña txit Santari arako bidean laguntzera. Ekusi zituan, nola zetozen; orduan, lenaz gañera, erazeki zitzayon Jaunaren amorian: eta aldegin zuan erbeste onetatik. Bereala bete zuan gela, eguzkiak baño geyago distiatzen zuan, argi batek. Etxe artan zeuden guziak, eta era berean Jerusalenen, eta inguruan bizi ziran Kristauak onratu zuen Ama maitagarri onen gorputza, Jaungoiko-gizonaren denbora bateko bizilekua bezala. Ara joan ziran, eri guziak sendatu ziran, eta S. Juan Damaszenok dio, Juduak berak ere etzirala geratu Birjiña txit Santaren ontarte, eta mesedeak dastatu, edo progatu gabe. Elizako gurasoetatik batzuek ezin sinistu zuen, il zala Birjiña guziz Santa, eta oetatik bat izan zan S. Epifanio: zerren eriotza dan bekatuaren saria, S. Pablok dion bezala, eta Birjiña txit Santak etzuan izan bekaturik, ez jatorrizkorik, ez berak egiñik, ez andirik, ez txikirik. Gañera, izanik Birjiña au Jaungoiko beraren Ama, nola sinistu diteke eriotzaren mendean utzi naiko zuala bere Semeak? Alaere Elizaren iritzia da, egiaz il zala; baña Elizaren gurasoak dioe, Mariaren eriotza etzala izan, gurearen eran, bekatuaren ondorena, eta pena; etzuan alabaña izan bekaturik: baizik il zala, zeren Jaunaren naya zan Adanen ondorengo guziak eriotzaren nekea igarotzea. Il zan Jesus bekaturik ezin izan bazezakean ere: eta era berean il zan beraren Ama ere; baño etzan il eritasun, edo gaitzen bategatik, baizik Jaungoikoaganako ongi nai, eta amorioaren indarrez. Orregatik esan zuan S. Ildefonsok: edo ezuala il bear Birjiña txit Santak, edo il bear zuala Jaunaren amorioz.

        Ez dago erabakia, non obira zuen; baña S. Juan Damaszenok dio, Jerusalenen il zala, len esan dedan bezala, eta Getsemanin obiratu zuela. Eraman zuen obira, eta an ipiñi zuen Aingeruak, eta Apostoluak kantantzen zuela beraren onran. Iru egunez aditu ziran an Aingeruen soñu, eta kantak, eta Apostoluak gau, ta egun txandaka gorde zuen obia. Irugarren egunean geratu ziran osotoro Aingeruen kanta, eta soñuak eta denbora artan agertu zan an Santo Tomas. Oni erakusteko Birjiña txit Santaren gorputza, kentzen due obia estaltzen zuan arria, eta ekusirik, an zeudela, ipiñi zitzaizkan zapiak, eta oek usai gozoa alde guzietara zabaltzen zuela, baña etzegoala gorputzik; arrituen eran geratu ziran, eta sinistu zuen, etzuala nai izan Jesusek bere Ama maitagarria geratzea obian usteltzen, eta arren bazkatzat, baizik piztu, eta eraman zuala beregana. Au da Elizako gurasoen iritzia, eta Eliza guziarena ere bai. S. Agustiñek dio: izutzen naiz, Birjiña txit Santa arren mendean geratu zala gogoratze utsarekin: Perhorresco.

        Baña nork adirazi, Birjiña txit Santa, piztuta Zerura jasoa, edo altxatua izan zanean, nola onratua izan zan? Irten ziran Zeruko Aingeruak, S. Bernardok dionez, Birjiña txit Santari Zerurako bidean laguntzera: irten zan Jesus bera ere, eta eman zion bere besoa Ama maitagarriari, eta Semearen besoan berea ipiñirik asi zan Zerura igotzen. Añ ederki apaindua, eta alako eran argi egiten zuala zijoan, non arriturik elkarri galdetzen zioen Aingeruak: Nor ote da munduko basotik, Jesusen besoan berea ipiñirik, onenbeste onra, eta atseginegin igotzen dan andre au? Quae est ista, quae ascendit de deserto, deliciis affluens, innixa super dilectum suum? (Cantic. 8). Aingeruetatik milloyak, eta milloyak zijoazen Manaren igoera onetan, batzuek aurretik, besteak beraren inguruan: elkarren leyan jotzen zituen soñu gozoak, eta kantatzen zituen Birjiña Mariaren alabanzak. Atrebituko naiz esatera, dio S. Pedro Damianok: Audacter dicam: igoera au Jesusena baño ere askoz onra, ta gloria geyagokoa izan zala; zeren Jesusen besoan berea ipiñirik igo zan Maria, baña Jesus igo zanean Aingeruak bakarrik bidera irten zitzaizkan. Au aditzen da, uzten degula alde bat Jesusek Jaungoiko-gizonak bezala berekin duan, onra, eta gloria: Salva filii majestate.

        Eta Zerurako igoeran gisa onetan onratua izan bazan, zer izango zan zori oneko erri artara igo ezkero? S. Pablok an egon ondoan, etziakian, zer esan, eta arriturik zegoanak bezala, esan zuan: ez begiak ekusi, ez belarriak aditu, ez gizonak iritsi du, nolako ondasunak prestaturik dauzkan Jaunak bere adiskide, ta serbitzarientzat. Eta ondasun añ miragarriak prestatu bazituan, bera amatzen duen guzientzat, zer etzuan egingo bere Ama maitagarriarentzat? Ama onek bakarrik Aingeru, eta doatsu guziak baño geyago amatu zuan Jaunak, nolako onrak, eta ondasunak etzituan bada prestatuko Ama onentzat? Il zan unean bertan, atsegin-kontentuen sari añ ugaria eman zion beraren animari, non doatsu guziena bat eginda ere, ezer ez dan Ama miragarri onen animak artu zuanaren aldean: eta animak artu zuan sari oni zegozkan bezalakoak izan ziran piztuta Zerura igo zanean izan zituan onrak. Jaso zuan, doatsu, eta Aingeru guzien tokiak baño askoz gorago, S. Agustiñek dion bezala: eta bere Semearen eskuyean ipiñi zion bere Trono, edo jarlekua. Trinidade guziz Santak egin ziozkan agur, eta ongi etorriak nork adirazi bear bezala? Aita betikoak begiratzen dio bere alabarik maiteenari bezala: Semeak bere Ama guziz maitagarriari bezala: eta Espiritu Santuak bere jauregi, eta bizileku beste guzien artean ederrenari bezala. Atoz, esaten dio Trinidade txit Santak; atoz zure goyende, edo dignidadeari, eta zure santutasunari dagokan koroa artzera: Veni, coronaberis (Cantic. 4). Izan zaite Aingeruen, eta gizonen Erregiña: zure santutasunaren modu ederrakin gia-itzatzu gauza guziak, eta betiraunde guzian erregiña-ezazu Aingeruetan, eta gizonen biotzetan: Specie tua, et pulchritudine tua intende prospere procede, et regna (Psalm. 44). Eman zion, dio S. Anselmok, esku guzia Zeruan, eta lurrean: ta ez da Birjiña onek ez dezakean gauzarik: alaitu ditzake alabaña gogaiturik bizi diran bekatariak berak ere, eta piztu dezake oen biotzetan Zeruaren uste, edo esperanza: Nihil imposibile, cui posibile est relevare in salutis spem desperantes. Eta S. Pedro Damianok dionez, Manaren eskuetan ipiñi zituan Jaunak bere Urrikaltasun, edo Miserikordien gordairuak. Orregatik esaten dio S. Agustiñek: Zu zera pekatarien uste, edo esperanza bakarra: zure bidez uste degu bekatuen barkazioa, eta zugan ipintzen degu geroko sariaren esperanza. Orra, nere Kristaua, gaurko Misterio andia, eta oni dagozkan gauzak. Au guzia aditu, eta ez gera esnatuko Ama maitagarri au onratzeko? Baña zer ote da guk onetarako egin bear deguna? Au da orain ekusi bear deguna.

 

 

§ II.

 

        Aditu dezu, Kristaua, Birjiña txit Santa, Jaungoikoaren, eta gure Ama maitagarria, il bazan ere Jaunaren naya egiteko, etzala obian geratu usteltzen, baizik laster piztu zala, eta bere seme, ta Zeruko Aingeru guziakin igo zala Trinidade guziz Santaren aldera. Aditu dezu nola onratua izan zan. Egin zuan Aingeruen, eta gizonen Erregina: eman zion Zeruan, eta lurrean esku guzia, eta beraren eskuetan ipiñi zituan Jaunak bere, Urrikimentu, edo Miserikordien ondasunak. Sinisten degu au, eta Ama maitagarri au ez degu onratuko?

        Onetarako lenengo lekuan jayera andiarekin deitu bear diogu gure premietan. Bigarrena era berean esan bear da Errosario Santua, bada berak erakutsi zion Santo Domingori, herejeak, eta bekatariak Zerurako bidean ipintzeko. Irugarrena, beraren onran sarritan artu bear dira Sakramentuak, eta enzun bear da Jaunaren itza. Jaungoikoarena danak, enzuten du Jaungoikoaren itza, dio Jesu Kristok: argatik ez dezue zuek enzuten, zeren Jaungoikoarenak etzeraten: Propterea vos non auditis, quia ex Deo non estis (Joan 8). Laugarrena, aldegin beraren onran bekatutik, batezere garbitasunaren kontrako itzegite, eta modu lotsagarrietatik. Atzenean, beraren onran utzi bear ditugu bekaturako bide, eta perillak; bestela zer onra emango diogu Birjiña txit Santari, baldin gugan danez berriro gurutzean ipintzen ari bagera beraren Seme maitagarria, S. Pablok dion bezala?

        O Ama guziz maitagarria! Berandu bederik, erabaki degu zu era onetan onratzea, eta zugana gatoz gure otoiz, edo erregu umillak Eliz Ama Santarekin egitera.

        Agur Aingeruen, eta gure Erregiña, Miserikordiazko Ama! Salve Regina, Mater Misericordiae. Zeruko Erregiñak bezala guzia dezakezu, eta zure eskuetan ipiñi ditu ondasun guziak: eta Ama Urrikaritsu, edo Miserikordiazkoak bezala, gure alde egin nai dezu, al dezun guzia, nolako uste, edo esperanza ez degu zugan ipiñi bear?

        O! Birjiña guziz Santa! zure aurrean gaude gaur, gure eskergabekeri, eta bekatuen lotsaz beteak alde batetik, baña alaitzen gaitu zugan artu degun uste, edo esperantzak, eta Elizarekin diogu: Agur, vicitza gozo, eta esperanza gurea! Vita, dulcedo, et spes nostra: salve.

        Gu gera Ebaren ume deserrituak: galdu ginduan gure lenengo ama onek, eta erbeste onetan bizi gera, aren bekatuaren ondoren samiñak aunatzen gaituela; baña zu zera Jaungoikoaren beraren Ama, eta denbora berean gurea ere bai, eta eman dizu Jaunak, gure nekeak arintzeko esku guzia. Zuri deyez gaude bada Ebaren ume deserrituak negarrez, eta adiaz zugana suspiratzen degu negarrezko ibar onetan: Ad te clamamus exules filii Evae: ad te suspiramus gementes, et flentes in hac lacrymarum valle.

        Norgana joan al gaitezke, zugana baizik, o Maria! Ea bada bitarteko gurea, zure begi urrikaritsu oriek biurtu itzatzu gugana: Eja ergo, advocata nosIra, illos tuos misericordes oculos ad nos converte.

        Emengo neke, eta gurutzeak, ta emengo premiak arintzea, ta gozatzea, nai degu, baña askoz geyago, gure egunak ongi bukatzea, eta zure Seme Jesus maitagarria betiraunde guzian ekustea, eta zurekin batean alabatzea. Erakuskuzu bada deserri onen ondoren Jesus zure sabeleko frutu bedeikatua: Et Jesum benedictum fructum ventris tui nobis post hoc exilium ostende.

        O guziz beraa! o Piadosa! o Maria Birjiña gozoa! erreguezazu, gugatik, Jaungoikoaren Ama Santa, zure Seme Jesusek agindu digun betiko bizitza iritsi dezagun. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa