www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI TA BIGARREN ERAKUSALDIA

 

KOMUNIO GAIZTOEN GAÑEAN

 

Adirazten da lenengo lekuan, zeñ bekatu itsusia dan Komunio gaiztoa.

Urrena, emendik aterako degu, zeñ gauza gaizto, eta samiña izango dan guk gure Jaun, eta Jaungoikoa utzitzea, eta beragana biurtu nai ez izatea; bada emendik dator komunio gaiztoak egitea.

 

Dereliquisti Dominum Deum tuum....
Scito, et vide, quia malum, et amarum est,
reliquisse te Dominum Deum tuum.
Jeremiae 2.

 

        Utzi dezu, bekataria, zure Jaun, eta Jaungoikoa, eta seta izugarri batekin iraun nai dezu bekatuaren bideetan, datorrela datorrena. Jakizu bada, esaten dizu Jeremiasek: jakizu, eta ekusi ezazu, gauza gaizto, eta samiña dala zuk zure Jaun, eta Jaungoikoa utzi dezun eran utzitzea. Scito, et vide, quia malum, et amarum est reliquisse te Dominum Deum tuum. Nondik nai begira dedilla, gauza gaizto eta samiña da guk gure Jauna utzitzea, eta beragana ez biurtzea; baña au ezagutzeko biderik errazena da, bekatuak berekin dakartzian ondoren gaiztoai begiratzea. Ondoren oen artean laugarren lekuan ipiñi ginduan konfesio gaiztoak, eta oen gañean itzegin det zerbait. Konfesio gaiztoai darraite komunioa, eta ekusia dago, nolakoa izan ditekean konfesio gaiztoaren ondorengo Komunioa. Orregatik gaurko Erakusaldia izango da Komunio gaiztoaren gañean. Aditzera emango det lenengo lekuan, zeñ bekatu itsusia dan Komunio gaiztoa? Urrena, emendik aterako degu, zeñ gauza gaizto, eta samiña dan guk gure Jaun, eta Jaungoikoa utzitzea, eta beragana biurtu nai ez izatea. Enzun bekataria arreta andiarekin.

 

* * *

 

        Zuk, bekataria, galdu dezu zure Jaungoikoa, eta zure anima: eta ez dituzu utzi nai bekatuaren bideak: ura bezala edaten dituzu konfesio, eta Komunio gaiztoen bekatuak. Ay! eta baziñaki zeñ bekatu itsusia dan Komunio gaiztoa! Nai dezu au aditu? Zaude bada arretaz.

        Bekatu itsusi asko gertatu dira, eta gertatzen dira munduan, eta oen artean agitz itsusia izan zan Judasen Jesus saltzea. Judas zan Jesus onak auts-artetik atera zuan gizon bat. Altxa zuan onra andietara: artu zuan bere ikasleen artean, eta bere mayan iduki zuan denbora luzean. Zer geyago? Egin zuan bere Apostolu, eta Elizako kargudun andi. Eta nola eranzun zien Judasek onra, eta mesede andi oei? saldu zien Juduai bere maisu, eta Ongille andia, eta ipiñi zuan aen atzaparretan adiskidearen idurian. Bekatu au orduraño munduan gertatu zan bekaturik itsusiena zan, dirudianez, eta S. Leonek dio, gaiztakerien artean aurreko lekua dagokala: Privilegio perfidiae obtinet in facinore primum locum. Añ itsusia iritzi zion Judasek berak ere, non izuturik urkatu zuan bere burua. Ipintzu oraiñ, Kristaua, Judasen bekatuaren aldean zure Komunio gaiztoen bekatua. Zeñ ote da itsusiagoa? Askoz itsusiagoa da zure bekatua: Judasek alabaña beñ bakarrik saldu zuan bere Ongille andia; baña zuk saldu dezu sarritan, edo Komunio gaiztoa egin dezun aldi guzietan. Judasek saldu zuan Jesus, argatik bere bizitza eman etzuen denboran; baña zuk saldu dezu, zugatik bere bizitza eman ezkero. Judasek salda zuan Jesus ogei, ta amar dirutan; baña zuk saldu dezu atsegin lotsagarri bategatik, edo obeto esateko ezer ezean. Judasek saldu zuan Jesus, jakin gabe, Jesus zala Jaungoiko, ta gizon egiazkoa, eta Munduaren Salbatzallea; baña zuk aurtasunetik dakizu, eta sinisten dezu, Jesus dala Aita betikoaren Seme bakarra, Trinidadeko bigarren Persona, eta Jaungoiko egiazkoa: eta alaere izan dezu ausardia, bekatuz loitua zaudela beraren mayan jartzeko, eta saltzeko. Nork eztakus oraiñ Judasen bekatua baño askoz itsusiagoa izan dala zurea? Baña zoaz aurreraxeago, ipintzu zure bekatua Juduak Jesus illeraztean egin zuenaren pare, eta ekusiko dezu, Juduena baño ere itsusiagoa dala zurea.

        Juduak Judas Patriarkaren odolekoak ziran, eta odol onetatik jayotzekoa zan Salbatzallea. Denborak bete ziranean, etorri zan, eta ogei, ta amairu urte igaro zituan oen artean: sendatu zituan eriak, argitu itsuak, eta piztu illak. Alaere etzuen ezagutu nai izan beren Salbatzalletzat, eta aintzakotzat iduki bearrean, munduan dan gizonik gaiztoenari bezala begiratu zioen, eta atzenean illerazo zuen gurutzean. Guziz izugarria, eta itsusia izan zan Juduen eskergabekeri au, baña ongi begiratzen badezu, Kristaua, bekatu askoz itsusiagoak dira zure Komunioak. Juduak artu zuen Jesus Getsemaniko baratzan: lotu, eta eraman zuen Jerusalena, eta egin ziozkeen bidegabe andiak. Atozea, eta zuk ez dezu askotan artu Jesus bera zure ortzen artean? Ezdezu loturik sartu infernuko dragoyaren lizean, edo bekatuz zikindua zendukan barrunbe orretan? Loturik, diot, sartu dezula, zeren ipiñi dezun, egin nai zizkitzun ontarte, edo mesedeak ezin egin zitzakean eran. Juduak azotez urratu, eta aranzaz koroatu zuen Jesus, eta zuk zugan danez, ez diozu egin ori, eta geyago? Doña Santxa Karrillori agertu zitzayon Jesus zauriz betea, eta odola zeriola: eta esan zion: orra zertako diran Komunio gaiztoak. Juduak Jesus baño nayago izan zuen Barrabas, gizon gaizto, eta erallea: Ill bedi Jesus gurutzean, deadar egin zuen: eta zuk nayago izan dezu zure biotzean bizitzea Salanas, ezen es Jesus. Juduak beren gañean artu zuen Jesusen odola, etorri al zitezkean neke, eta ondoren guziak ezertan artu gabe: eta arreizkero badarraite leku guzietan Jaunaren aserre, ta madariakazioa: eta zuk zere gañean artu dezu odol ura bera, dakizula emendik datorrela animaren betiko galera. Juduak illerazo zuen Jesus; eta au bera egin dezu zere alegiñean, S. Paulok dionez; eta egin dezu ez beiñ bakarrik, baizik askotan. Juduak atzenean etziakien ongi, Jesus zala Aita Betikoaren Semea, eta Jaungoiko egiazkoa. Au aditzera eman zuan Jesusek berak gurutzean zegoala, bere Aitari esan zionean: Aita, barkagiezu, ez dakie alabaña zer eguzten duen (Luc. 23): eta S. Paulok dio, etzuela gurutzean illeraziko, nor zan ezagutu balue (1.ª ad Corint. c. 11); baña zuk, Kristaua, guziaren berri dakizula, Komunio gaiztoak egin dituzu, eta zure Aita, ta Ongille andia ainbeste bider illerazo dezu zere alegiñean. Ez dezu ekusten oraiñ, Juduen bekatua baño izugarriagoa dala, zuk Komunio gaiztoarekin egin dezuna? Orregatik esan zuan S. Agustiñek biguñagoak izan zirala Juduak. Milius peccaverunt Judaei.

        Baña gutxi da oraindaño esan dedan guzia S. Paulok dionaren aldean. S. Pauloren iritzian batayoa ezkero bekatu egiten duanak, beregan danez berriro gurutzean ipintzen du Jesus, eta kentzen dio bizia bere alegiñean, eta kentzen ezpadio, ori da, zeren piztu zan beñere ez iltzeko, eta ezin ill ditekean: Rursum crucifigentes sibimetipsis filium Dei? Eta zer ote dio Komunio gaiztoa egiten duanaren gañean? Dio benik beñ, Jesusen gorputza, ta odola gaizki artzen dituanak, bizitza kentzeko alegiña egitea gutxi baliz bezala, ekiten diela Jesusen gorputz, eta odolari, eta oben, edo kulpadun ekiten dala oen kontrako bidegabe itsusiarekin: Quicumque manducaverit panem hunc, vel biberit calicern Domini indigne, reus erit corporis, et sanginis Domini (1 ad Corint. c. 11). ltz oetan aditzera ematen digu Komunio gaiztoaren itsustasuna alako eran, non bekataririk gogorrena ere arriturik gera ditekean. Au guk ongi ezagutzeko, demagun Aita batek, bere semeari dion amorioagatik, igarotzen dituala ezin konta al neke, ta naigabe, eta atzenean semeak egin dituan gaiztakerien barkazioa iristeko, ematen duala urkamendian bere bizitza. Aditzen du semeak au guzia, eta bere gaiztakerien damuz korde gabe geratu bearrean alako amorruan jartzen da bere Aitaren kontra, non ill ezpaliz, berak ilko lukean. Laster ekiten du Aitagana ateratzen du obitik; askatzen du gañibetaz gorputza, eta jaten diozka errayak. Esan zadazu: asma diteke Seme onen eskergabekeri, eta gogortasuna bezeñ itsusirik? Ezetz esango didazu. Atozea, eta ez dakizu, au bera egin dezula Komunio gaizto bakoitzean? Jesus da gure Aita maitagarria, guri ongi nayez Zerutik lurrera jatxi zana. Gu bekatutik atera, eta Zerurako bidean ipintzeko, igaro zituan ainbeste neke, eta oñaze, eta eman zuan gurutzean bere bizitza. Guganako onginai, eta amorio geyegiak eragin zion au, dio S. Paulok: Propter nimiam charitatem. Egia onen berri aurtasunetik izan zenduan, eta siniste onetan bizitu zera; baña zer egin dezu? Zere bekatuen damuz negar egin bearrean, berriro gurutzean ipiñi, eta ill nai izan dezu, eta ill dezu zere alegiñean, S. Paulok dion bezala. Ekusi dezu, eziñ ill dezakezula, eta amorratuaren eran egin diezu beraren gorputz, eta odolari ozka, eta sartu dituzu bekatuz loitua daukazun barrunbe orretan, edo Satanasen lizean. Arritu zaitezte Zeruak, eta desegin Zeruko ateak, esan dezakegu Jeremiasekin: Obstupiscite Caeli, et portae ejus desolamini. Orra, zer aditzera ematen digun lenengo lekuan S. Paulok Komunio gaiztoaren gañean. Reus erit Corporis, et sanguinis Domini. Zer geyago ote dio Apostolu Santuak gai onetan? Dio, Komunio Santua gaizki artzen duanak jaten, eta edaten duala bere betiko galera: Qui enim manducat, et bibit indigne, judicium sibi manducat, et bibit (1.ª ad Corint. C. 11). Gauz arrigarria! Izan Sakramentu ori animaren bizitza ugarizten duan janaria: izan betiko bizitzaren arbola! eta alaere Komunio gaiztoa egiten duanak jaten du betiko eriotza, eta galera! Judicium sibi rnanducat, et bibit!

        Ondoren au beste askorekin dator, guk gure Jaun ona utzi degun eran, utzitzetik. Emendik atera ezazu, Kristaua, zeñ gauza gaizto, eta samiña dan Jaun au utzita beragana biurtu nai ez izatea. Scito, et vide, quia malum, et amarum est reliquisse te Dominum Deum tuum. Zer egiñ al dezakegu kalte oek desegiteko, etaZerurako bidean jartzeko? Ez dago beste biderik, ezpada egindako bekatuen damuz; gure Aita onagana biurtzea, seme ondatzallearen eran eta aurrera aldegitea bekatuaren bideetatik. Andiak dira gure bekatuak, baña andiagoa da gure Aitaren ontasuna. Egin dezagun au guk bertatik, eta ez digu ukatuko gure bekatuen barkazioa: eta emango digu betiko bizitza doatsua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa