www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI TA AMAZAZPIGARREN ERAKUSALDIA

 

Adirazten da lenengo lekuan Jauna adoratzeko degun zor andia.

Urrena Jaun berari eskerrak emateko deguna.

 

Dominum Deum tuum adorabis,
et illi soli servies.
Deuterom. 6, et Math. 4.

 

        Gure lan, eta egiteko guztien artean andiena, edo obeto esateko bakar bakarra da gure Jaun Jaungoikoa ezagutzea, adoratzea, ta serbitzea. Adoratuko dezu zure Jaun Jaungoikoa, ta ura bakarrik serbituko dezu, esaten zaku Eskritura Santan. Alaere egiteko au da guztien artean aztuena, ta beti geroko utzitzen deguna! Ta gauza negargarria! Egiteko oni benaz ekiñ baño len etorri oi da eriotza, ta galtzen dira betiko ezin konta al anima! Au gerta ez dakigun, eta denbora berean Jauna serbitzean arkitu ditekean, neke guztia gozatzeko, ta arintzeko da, egun oroko asi degun, jaiera, edo debozioa. Ongi begiratzen badiogu jaiera oni ta jaiera ontarako ipintzen diran gauzai, au da Kristauari dagokan bizitza onaren zimendua bezala; ta beragatik alik ongiena agertzea, azaltzea, adiraztea dagokana. Jaiera onen lenengo gauza da Jaunaren aurrean jartzea, edo sinistea, Jaunaren aurrean gaudela, ta begira dagokigula. Gai onen gañean zan aurreko dotrina. Bigarrena da Jaun bera umilki adoratzea, ta egin dizkigun ontarte, ta mesedeaz eskerrak ematea ta onen gañean izango da gaurko dotrina. Ekusiko degu aurrena: Jauna adoratzeko degun zor andia. Ekusiko degu urrena Jaun berari eskerrak emateko deguna.

        Gure Jaun Jaungoikoa da gauza guztien Asiera, ta Iturburua, guztien Iraupena, ta Fiña, ta Exzelenzia, edo Gainde onegatik zor diogu onore, ta onrarik garaiena, goiena, ta andiena. Onra au ematen zaio Jaunari era askotan, eta era oetatik batari deitzen zaio adorazioa. Adoratzeko guk Jauna egiaz, eta bear dan eran, bear dira iru gauza. Lenengoa da: ezagutzea Jauna dala guztiaren Asiera; ta Iturburua, guztiaren Iraupena, ta Fiña. Baña ezaguera ezer ezta ezaguera utsean geratzen bagera. Bigarren gauza da: biotz umill batekin aditzera eman nai izatea Jaunaren Exzelenzia, edo Gainde au, ta gure ezer eza, ta Jaunari zor diogun mendetasun osoa. Au da adorazioaren biotza, ta anima bezala. Atzenean biotzaren sasoi on au aditzera eman bear da gorputzaren siñaleren batekin: egin dezagun kontu auspez, edo belauniko Jaunaren aurrean jartzen gerala, edo burua markurtuaz. Iru siñale oek usatzen ditu Eliz Ama Santak Jauna adoratzeko, ta anziñako Patriarkak-ere usatu zituen. Ezagutzeko orain guk Jauna adoratzeko degun zor andia, asko da begiratzea zein dan gauza guztien Asiera, ta Iturburua? Nork gordetzen dien duen izatea gauza guztiai? Zertarako egiñak dauden guztiak? Goazen iru gauz oek banaka ekustera.

        Orain bederatzi milla urte danean Jaungoikoaz osterontzean etzan ezer-ere. Etzan Zerurik, etzan izarrik, etzan eguzkirik, etzan illargirik, etzan Aingerurik. Etzan, lurrik, arririk, arbolarik, ez eta gizonik-ere, sei milla urte bezala dira alabaña gizon jakintsuen kontuetan mundu au izaten asi zala, lau milla Jesu-Kristoren jaiotzaraño, eta bi millaren aldean Jesu-Kristo jaio zanetik gaurdaño. Ezer-ezaren illunbean beraz arkitzen ziran Jainkoaz osterontzeko gauza guztiak orain bederatzi milla urte danean, eta geroztik-ere. Nork atera ditu gauz oek beren ezer-ezetik? Nork egiñak daude, galdetzen digu Isaiak Profetak? Quis creavit haec? Nork Zeruak, izarrak, Eguzkia, ta illargia? Nork Aingeruak? Nork lurra; ta lurrean arkitzen diran gauzak? arraiak, egaztiak, arbolak, ganaduak, itsasoak, ibaiak, iturriak, gizonak? Quis creavit haec? Egiñ, edo agertu ote dira berenez? Baña ezer-ezak eztu al, edo eskurik, eztu indar, eta kemenik ezer egiteko. Nor bada gauza guztiak atera ditu ezer-ezaren illunbetik? Quis creavit haec? Nork ezpada gure Jaun Jaungoiko Guzialdunaren eskuak? Gauzen asieran egin zituan Zerua, ta lurra, ta oetan arkitzen diran gauzak, dio Moisesek. Gizon batetik gizonaren jatorria zabaldu du lurraren gaiñ guztian dio S. Paulok. Nork lagundu zion Jaunari gauz oek guztiak egiten? Nork erakusi zion zer ta nola egin, dio Isaiak Profetak? Quis adjuvit Spiritum Somini? aut quis consiliarius ejus fuit, et ostendit illi? Etzuan ez Jaunak gauz oek guztiak egiteko nai izatea besterik bear. Esan zuan egin bedi au, egin bedi ura, ta bereala agertu zan guztia egiña. Ekusten dezu, Kristaua, zein dan guaza guztien Asiera, ta Iturburua? Ekusten dezu nola guztiak datozen gure Jaun Jaungoikoagandik?

        Ta munduari, ta munduan arkitzen diran gauzai nork gordetzen ote die duen izatea? Nork ote dauka gauza guztien, eta bakoitzaren kontua? Nork, egin zituan Jaungoikoak berak baizik? Jaun onen nai, eta Letart edo Probidenziaren aritik itxikirik, eta txintxilik arkitzen dira gauza guztiak. Ezin iraun dezakee, dan unerik, eta denboraren punturik txikienean-ere, Jaunaren nai, eta esku indartsuak gordetzen ez dituala. Guztiak bereala biurtuko lirake aziñako beren ezer-ezean. Argatik Jakintsuak esaten dio Jaunari Eskritura Santan: Nola ezerk-ere iraun lezake, Jauna, zuk nai ez izatera? Quomodo posse taliquid permanere, nisi tu voluisses? Jaunak beraz gordetzen gaitu, edo puntu oro berriro ematen digu gauza guztioi degun izatea, Jaunak dauka gauza txiki, ta andien kontua; ta Jauna da guztien iraupena.

        Zertarako egin ote zituan Jaunak mundua, ta munduko gauza guztiak? Egin zituan Jaun beraren naia egiteko, bakoitzak bere eran: egin zituan beraren onra, ta gloriarako. Universa propter semetipsum operatus est Dominus. Argatik Dabid Santua, bekatariai ez, beste gauza guztiai otsez dagote, ta deitzen die guztiai Jauna laudatzera. Deitzen die Aingeruai, eguzkiari, illargiari, izarrai, ta oen argiari. Deitzen die dragoiai berai, suari, abazuzari, elurrari, ta izotzari. Deitzen die mendiai, arbolai, abereai, ta egaztiai. Deitzen die gizon birtutetsu guztiai, Errege, Prinzipe, ta lurreko Andiai, gazteai, eta zarrai. Hymnus omnibus Sanctis eius. Ona, Kristaua, ona nola gure Jaun Jaungoikoa dan gauza guztien Asiera, ta Iturburua; guztien Iraupena, ta Fiña, ta ona nondik datorkigun Jaun bera adoratzeko zor andi bat.

        Sinisten ditugu egia oek! eta alaere izan gera gu, izan geran bezalakoak? Zenbat, eta zenbat egun joan zaizkigu, Jaungoikoa danik-ere ongi oroitu gabe? Zenbat, eta zenbat denbora, Jaun oni agur umillik egin gabe? Ta Jaunaren etxean, edo Elizan bertan gaudenean-ere, kontuz, eta biotz umillarekin egin ote diozkagu, dagozkan agurrak? Zenbat bider gorputzez Elizan egonagatik, gogoz, eta biotzez Jaunagandik urruti ibilli gera? Zenbat egoten dira Elizan bertan, au zabalka, erdi lo, edo nagiak ateratzen? Zenbat mezatako denboran bertan zokoetan belaunikatu-ere gabe, edo geienaz belaun bata lurrean duela? Zenbat gazte Eliz inguruan ibiltzen dira pelotan, edo bestela deadarka, Meza denboran bertan? Ta zenbat bider egoten dira ostatuetan jendeak, Jaunaren alabanzen denboran? Zenbat emakume mezatan, edo meza ondoan erausian, asteko ipuiak, eta Jaungoikoaren etxeari ongi ez dagozkan, gauzak kontatuaz? Au da, nere Kristauak, gure Jaun Jaungoikoa adoratzea? Ez ote da au iseka egitea jaun berari? Lotsa gaitezen, nere Kristauak, onenbeste gure utsegitez. Oitu gaitezen, Jauna sarritan adoratzera. Oitu gaitezen Elizan umiltasun, eta errespeto andiarekin egotera, Jaunari noizean bein agur umillak egiñaz. Aiena bitez betiko Elizako erausiak, eta modu dongeak. Egin bezee Erriko buruak, ta erakusleak dagoten eran kontu, galerazteko, Jaunaren onra, alabanza, ta errespetoa gutxitzen duen, oitura, ta usadio gaiztoak. Onela eranzungo diogu ongi, gure Jaun Jaungoikoa adoratzeko degun, zor andiari. Goazen orain, Jaunari, egin dizkigun, eta egun oro egiten ari zakun ontarte, ta mesedeaz, eskerrak emateko degun, beste zor, eta egin bideari begiratzera.

        Ontarte, edo mesedeak artu dituan baten eginbide, ta zorrak asko dira, ta oetatik bat da ontarte berak gogoan idukitzea, ta ongilleari biotz ezaguera onez beterikako batekin eskerrak ematea. Ala erakusten digu fedearen argiak, izan zaitezten esker onekoak, esaten digu S. Paulok. Ala erakusten digu, gizonari Jaunak eman zion, ezaguera, eta argiak; ta ala erakusten digue atzenean zentzurik ez duen abereak, eta egaztiak berak; oroitzen dira alabaña abereak beren eran, ongillearen eskuak egin zien, onaz; ta egaztiak egun oro eguantzaren zai daude beren egille ona laudatzen asitzeko, eta eskerrak berari emateko. Ta ontarte, edo mesederen bat artu duan edozeñek eskerrak zor badiozka bere ongilleari nolakoa, ta zeiñ andia izango ote da, gure Jaun Jaungoikoari eskerrak emateko degun, Zorra? Au nolerebait ezagutzeko iru gauzari begiratu bear diogu: Nor dan gure ongille au? Zenbat eta andiagoa, goiagoa, ta argiagoa dan alabaña ongille bat, anbat andiagoa da, ta balio geiago du ontarte, edo mesedeak. Nor geran gu? Ta zer ontarte, edo mesedeak egin dizkigun ongille maitagarri onek? Iru guaz oei kontuz begiratu ezkero, erraz ezagutuko degu, zeiñ andia dan, Jaunari eskerrak emateko degun, zorra. Asi gaitezen lenengotik.

        Nor ote da gure ongille au? Da ongille au Jaungoiko guzialduna bera, gauza guztien Egille, Jaun, ta jabea; betikoa, iñoren bearrik ez duana, berez, eta beregan beti doatsua. Da Errege guztien Erregea. Da arako izate ezin geiagoraño eder, eziñ geiagoraño on, eta maitagarri ura, zeñaren edertasuna ekusteak betiko doatsu egiten dituan Zeruko Aingeruak, eta anima onak. Ta Jaun andi onek nai izan du gure ongilletzat jarri? Jaun andi onek egin dizkigu ainbeste on, eta mesede? Baldin gauza, berenez andiak ez diranak-ere, anditzen, ta balio goienekora igotzen badira Erregeren eskutik datozenean zer esango degu, Errege guztien Erregeren eskutik artu ditugun, anbat ontarte, ta mesedez? Ta zein andia izango da, Jaun andi oni eskerrak emateko emendik datorkigun, zorra?

        Ta nor gera gu, edo zer, Jaun au era onetan guzaz oroitzeko? Zer da, Jauna, gizona, zuk ainbesteraño gizona altxatzeko esaten dio Job Santuak Jaungoikoari. Quid est homo, quia magnificas eum? Zer, ezpada lurreko auts piska bat, gorputzaren aldetik begiratzen bazaio? Zer ezpada loiez, zikinkeriaz, eta arrez beterikako ontzi nazkagarri bat? Ontzi bat egun oro loia sortzen duana, loia gabe ezin iraun dezakeana? Zer, ezpada goizean jaiota arratsaldeko igarturik dagoan lorea? Ta animaren aldetik begiratzen badiogu, zer da gizona, sortzen daneko Jaunaren etsaiaren siñalea, edo bekatu jatorrizkoa berekin dakarren, gauza besterik? Ta alaere guzaz oroitu da Jauna? Egin dizkigu ainbeste ontarte, ta mesede?

        Ta nolako ontarte, edo mesedeak? Au ongi ezagutzeko banaka ekusi nai lirake mesede oek; baña errazago kontatuko lirake itsasoan arkitzen diran ur tanta, ta are-aleak: lenago lurraren gañean diran belar, eta arbolak, Jaunaren esku ongilleak egin dizkigun mesedeak baño. Argatik oetatik batzuei bakarrik begiratuko degiekegu. Idiki, ta zabaldu itzatzu bada, Kristaua, zure animaren begiak, ta osotoro aitu ezpada zure ezagueraren argia ekusiko dituzu, zure Jaun Jaungoikoak egin dizkitzun, ta beti egiten ari zatzun mesede andiak. Zure Jaun, ta ongille onek atera zinduan ezer-ezetik utzirik beste ezin konta al beren ezer-ezean. Non ziñan oraiñ milla, oraiñ berreun, edo oraiñ eun urte? iñon-ere ez, edo ezer-ezaren illunbean? Non ziñan, esaten dizu Jaunak, non, lurraren zimenduak ezarten ni ari nintzanean? Ubi eraz, quando ponebam fundamenta terrae? Jaun onek egin zinduan bere antzera, ta berarekin batean Zeruan bizitzeko, ta prestatu zizun Zeruko erri zoragarria. Jaun onek gordetzen du zure bizitza; ta emen bizi bear dezun arteko prestatu zuan zuretzat munduko etxe eder galant au, zuk bear dituzun gauza guztiakin. Badira etxe onetan urre-zillarrak, diamanteak, arri fiñak: badira beiak, ardiak, ta illez, edo lumaz janzirik dabiltzan beste gauzak. Badira iturriak, ibaiak, itsasoak, eta oetan arraiak. Ta leku batean arkitzen ez dana, arkituko da bestean. Bearrean, edo premian arkitzen bada norbait, ori da edo zeren nekatu nai ez duan, edo zeren ori dagokion bere onerako. Jaun au egin zan gizon, zu bekatuaren, eta etsaiaren mendetik ateratzeko; eta eman zuan bizitza gurutzean. Jaun onek bataioko Sakramentuarekin kendu zizun Adanen bekatuaren, edo bekatu jatorrizkoaren mantxa; ta egin zinduan bere Elizaren ume, utzirik beste asko fedearen argirik ez duen jendeen artean. Jaun onek eman dizkitzu ainbeste laguntza Sakramentuen, liburu on, edo dotrinen bidez. Jaun au jarri zan aldareko Sakramentu guztiz Santuan, zure animaren janari, ta edari egiñik zuri emateko bere gorputza, bere odola, bere anima, bere biotza, ta bere Jaungoikotasuna bera. Jaun au da atzenean zu ainbeste bider bekatuan erortzetik gorde, ta, zu irintsitzeko zabaldurik zegoan, infernuaren eztarritzar izugarritik atera zaituana. Itz batean ezta zure bizitzaren denboran unerik, eta punturik izan, zeñean zuk Jaun Ongille onen eskutik mesede andiren bat artu ez dezun. Beti ta leku guztietan iduki zaitu itsasoan arraia urez inguratua dagoan eran, bere ontarte, ta mesedez alde guztietatik inguratua. Esan gidazu orain, Kristaua, baldin edozeiñ ongilleri eskerrak zor bazaizka: nolakoa izango da, gure Jaun Jaungoiko, ta Ongille onen andiari eskerrak emateko degun, zorra? Alaere, gauza miragarria, ta ekusten ezpaliz, sinistu ezin litekeana! Jaunari eskerrak eman ordean, aztu gera egin dizkigun mesedeaz! Ta aztutzea gutxi baliz bezala, mesede beraz baliatu gera Ongille maitagarriaren kontra altxatzeko! Atozea zu, aditzen zauden Kristaua, zenbat bider begi oriez, zenbat bider belarriaz, zenbat bider esku-oñaz, zenbat bider zure gorputzaz, zenbat bider misto zorrotz orrezaz baliatu zera zure Jaun Jaungoikoaren kontra bekatu egiteko? Zenbat bider, Jaunak eman zizun osasuna, itxura, ta ondasunak: zenbat bider Sakramentuak berak, dotrinak, eta beste gauz onak biurtu dituzu zure animaren puzoi, eta zure Ongille Andiaren kontrako lanza? Au da gure Jaunari zor diogun eranzuera? Haeccine reddis Domino, popule stulte, et insipiens? Noiz-ere bait biur gaitezen gerengana, nere Kristauak: ezagutu dezagun Jaunari eskerrak emateko degun zor andia, ta eman degiozkagun sarritan, batez-ere goiz-arratsetan. Egunaz-ere maiz oroi gaitezen Jaun beraz, ta egiten dizkigun mesedeaz. Onela iristeko oraindañoko eskergabekerien barkazioa, ta ongi aurrera bizitzen gerala, betiko gloria. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa