www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

ABENDUAREN
LENDABIZIKO IGANDERAKO 2.a

 

Azken juizioko egunaren gañean.

 

Erunt signa in sole et Luna, Luc. 21

 

        Noiz artean enzungor egingo diezu, bekataria, zure Jaun onak bidaltzen dizkitzen gaztiguai? Noiz artean iseka egin bear dezu Jaun beraren ontasun, pazienzia, eta urrikimentuaz? Noiz artean zure Jainkoaren ordean maite izan bear dituzu emengo gauza zirzillak, onrak, izanak, eta aztu bear dezu zure zori onaz? Noiz artean lau oñekoen eran bizi nai dezu aragiaren atsegin lizunen ondoren? Zaude gutxi bat, eta enzun itzatzu Eliz Ama Santaren deiak. Deitzen dizu, eta begien aurrean ipintzen denbora onetan mundu guziaren Juez Jesu-Kristoren etorrera. Agertuko dira, esaten dizu S. Lukasekin; agertuko dira etgorrera onen siñaleak eguzkian, illargian, izarretan; eta itsasoaren bagen orroakin izango da lurrean jendeen asaldazio, eta ikara. Erkituko, ta igartuko dira gizonak, zer mundu guziari gertatuko ote zaion begira daudela; izarrak berak-ere alabaña beren lekuak, eta ibillera ederra galdurik orpoetatik atera dirala iduringo due. Orduan ekusiko du mundu guziak gizonaren semea, edo Jesu-Kristo odei batean datorrela esku, eta majestade andian. Gauz oek asitzen diranean begira goronz, eta altxa buruak, zeren aldean arkitzen dan zuen erredenzioa, eta Zeruko Erreñua. Begira pikoari, eta arbola guziai: frutua ematen asitzen diranean, ezagutzen dezue, aldean dala uda. Era berean gauz oek gertatzen dirala dakutsuenean, jakin ezazue, alderatu dala Zeruko Erreñua. Egiaz esaten dizuet, Juduen jatorria aitu baño len gertatuko dirala gauz oek. Ona, Kristaua, zer berriak ematen dizkitzun gaur Eliz Ama Santak S. Lukasekin. Berri ikaragarriak bekatariarentzat, baña berri Jesu-Kristok berak emanik S. Lukasek letraz ezarriak.

        Jesu-Kristoren abendu, edo etorrerak dira bi; igaro zan bata, etorkizun arkitzen da bestea. Aurrenekoan agertu zan jaunzi umillean, gugatik gurutzean bizitza ematera, ta gure, ta bere Aita Betikoaren arteko pakeak egitera. Bigarren etorreran agertuko da mundu guziaren Jaun, eta Juezari dagokan anditasun, eta gloria guzian. Begiratzen dio Eliz Ama Santak alde batetik Jesu-Kristoren aurreneko etorrerari, eta poztutzen da, abenduko Meza, ta errezoak adierazten duen bezala. Begiratzen dio beste aldetik Jesu-Kristoren bigarren etorrerari, eta Kristaurik geienen bizitza lotsagarriari; ta ekusirik oen gañera datozen betiko suak, eta garrak; betiko nekeak, eta negarrak, naigabetzen da, ta uzten du gloriaren kantatzea eta zenbait lekutan beltzez jauntzierazo oi zituan aldareak-ere, aste santuaren aurretik egiñ oi dan bezala. Argatik asitzen da gaur bere ume guziai otsegiten, azken-kontuetako egun ikaragarira begien aurrean ipintzen diela. Zertarako egiten ote du au Eliz Ama Santak? Zertarako, gu bekatutik, eta bekatuaren bideetatik kenerazteko baizik? Eliz Ama Santak nai duana eitera mugi zaitezen zu Kristaua, itzegingo ditzut gaur azken-kontuetako, edo juizioko egun andiaren gañean. Aditzera emango dizut lenbizia, munduaren bukaeran etorriko dala Jesu-Kristo guziok juzgatzera, ta bakoitzari dagokan saria ematera. Bigarrena, zertarako dan Jesu-Kristoren etorrera andi au. Irugarrena, zer siñaleak agertuko diran etorrera onen aurretik. Enzun nazazu kontuz bekataria.

 

 

§ I.

 

        Bagabiltza oraiñ mundu onetan bakoitza bere bidean, eta geienak Jaunaren egun andiaz aztuak. Batzuek onra, antuste, eta arrotasunaren aizeai darraiztela; besteak ondasun, eta irabazien ondoren, usura, tratu zikiñ, eta kutiziaren gogorazioetan erkituak bizi dirala. Besteak gorputzaren atsegiñ lizunen billa usarrean bezala. Baña erabakia dago gizonarentzat iltzea beiñ eta ondoren juzgatuak izatea, dio S. Paulok: Statutum est hominibus semel mori; et post hoc judicium. Jesu-Kristo Jainko, ta gizon egiazkoa da gure kontu artzalle, eta Juez guztiz Jakintsu, zuzen, eta Guzialduna; ez zeren Aita, eta Espiritu Santua-ere Juez izango ez diran, Trinidadeko iru Personak alabaña esku, eta podere bat due, eta irurak Juez izango dira; baizik zeren juez izatea jakiundeari dagokan gauza dan, eta era onetako gauzak Semeari berezkiro ditxeozkanak bezala aditzera ematen diran Eskritura Santan. Gañera Jesu-Kristo izango da bada gure kontu artzalle, ta Juez, ez Jainkoa dan bezanbat bakarrik, baita gizona danez-ere. Jesu-Kristo ipiñia dago bizien, eta illen Juez, dio S. Pedrok: Ipse est, qui constitulus est a deo judex vivorum, et mortuorum. Eman zion Semeari juzgatzeko eskua, zeren gizona, edo gizonaren Semea dan, dio Jesu-Kristok berak: Potestatem dedit ei judicium facere, quia filius hominis est. Itz oetan aditzera eman zuan Jesu-Kristok, S. Agustiñek dionez, zala gure Jueza Jainkoa dan eta gizona dan bezanbat.

        Iltzen zeranean, bekataria, zure gorputza geratuko da obian arren baza izateko, baña anima joango da Jesu-Kristori bizitza guziko kontuak ematera. Bere jakiundearekin, argia bere eskuetan artuta bezala, miratuko ditu zure obra onak, eta gaiztoak, zure itzak, pensamentuak, eta lan guziak; zure zabarkeriak, eta bekatu itsusiak. Ala adirazten du berak Sofonias Profetaren autik: Scrutabor Jerusalem. Era onetan miraturik zure bizitza guzia, emango du dagokizun sentenzia, S. Juanen autik esaten digun bezala: Dabo unicuique vestrum secundum opera sua; ta zu joango zera irabazi dezun lekura. Ill zan aberats kutiziaz betea, ta jatxi zan aren anima infernura; ill zan Lazaro beartsua, ta joan zan onen anima Abrahanen aldera. Onela bakoitzaren anima eriotzaren ondoren Jesu-Kristoren aurrean agertzea, eta juzgatua izatea da bakoitzaren juizioa, eta partikularra deitzen dioguna; eta juizio au ezta betikotasun guzian ez aldatuko, ez desegingo.

        Bakoitzaren juizio onez gañera izango da munduaren bukaeran beste bat guziena esaten zaiona. Bukatuko da mundu au bere iduripen, zorakeria, losentxa, eta tranpa guziakkin; eta orduan munduaren Salbatzallea, bere Ama maitagarriak, Zeruko Aingeru ta doatsu guziak inguratzen duela, odei eder batean etorriko da biziak, eta illak, edo onak, eta gaiztoak juzgatzera. Au anziñatik aditzera eman zuen Isaiasek, Zakarias, Habakuk, Dabid, eta beste Profetak. Au adizera eman zuan S. Juan Bautistak. Au aditzera eman zuan beiñ, berriz, eta askotan Jesu-Kristok berak. Au atzenean aditzera eman zuen Apostoluak, Kredoaren zazpigarren Artikuluan esan zuenean: Andik etorriko da biziak, eta illak juzgatzera. Eta dotrinak Jesu-Kristoren gizatasunari dagozkan Artikuluen artean zazpigarrena ipintzen du gaurko misterio onen gañean, diola era onetan: Zazpigarrena sinistea, etorriko dala biziak, eta illak juzgatzera, esan nai du: onai gloria ematera, zeren aren mandamentu Santuak gorde zituen, eta gaiztoai pena betikoa, zeren gorde etzituen. Ona, bekataria, misterio bat zuk, nik, eta guziok siniten deguna. Baña siniste oni dagokan eran bizitu gera? Eta gaur bertan nola bizi ote gera? Baña goazen aurrera. Dakuskun, zertarako dan Jesu-Kristoren etorrera andi au.

 

 

§ II.

 

        Baldiñ eriotzaren une, edo puntuan bertan juzgatua izango bada bakoitza; baldiñ orduko juizio, eta sentenzia ezpada betiraunde, edo eternidade guzian aldatuko, edo desegingo, zertarako ote da bigarren juizio guziena deritzana? Eta zertarako azkeneko egun andi artan Jesu-Kristo zerutik lurrera etortzea? Gauz andi, eta askotarako izango da Jesu-Kristoren etorrera au, eta benik beiñ mundu guziari adierazteko, zeiñ Letart, edo Probidenzia jakintsu, eta zuzena izan duan gauza guzietan. Ala dio S. Agustiñek: Facturus publicam justitiae suae fidem. Oraiñ ekusten, aditzen, eta gertatzen diran gauzakkin miretsitzen gera, eta bear bada esaten degu: Nola du Jaunak pazienzia? Nola gertatzen dira gauza oek? Ekusten degu, Katolikoen errietan ugari ereiten dala Jainkoaren itzaren azia, ta geiena erne-ere gabe galtzen dala, eta denbora berean Asian, Afrikan, Amerikan bazter andiak arkitzen dirla nork itz Santu au aditzera eman ez duela. Ekusten degu gaiztakeriak, lapurretak, urdakeriak gañez egiñ duala munduan. Ekusten ditugu erri asko galduak, erriaren onari dagozkan, neurriak artu gabez. Ekusten degu, beldur gabe egiten dirala bekatuak, zeren Jaunak bereala ematen ez duan geienean bakoitzari dagokan sentenzia, Eskritura Santan esaten zakun bezala: Quia non profertur cito contra malos sententia, absque timore ullo filii hominum perpetrant mala. Ekusten dira munduan zenbait gizon, eta emakume etxean guztiz bearrak, eta adiñik onenean iltzen dirala, utzirik umeak buru gabe, eta bizimodurik ikasi gabe; eta denbora berean beste gizon edo emakume bat etxean, eta errian kaltea besterik egiten ez duana, adiñ andira iristen dala, ta bultzaka-ere ezin beste mundura bidaldu duela. Ekusten dira beiñ baño geiagotan Kristau onak neke, gurutze, eta samintasun andien artean, eta gau, ta egun nekatzen dirala-ere ezin iritsi duela arto puska bat beren, eta umeen gosea iltzeko; ta beste batzuek, bekatuaren bideetan baizik nekatzen ez diranak, eta ejemplo gaiztoa ematen duenak; eta alaere osasunan, eta ondasunetan nai bezala arkitzen diranak, eta bear bada munduak alabatzen dituala. Iltzen danean, artzen du oetako bakoitzak irabazi duan saria, baña eztakigu, zer igarotzen dan orduan eta ekusten diran gauzak arrituak bezala utzitzen gaitue. Ala gertatu zitzaion Dabidi, ekusirik gaiztoak eraz, eta ondasunez beteak. Ala gertatu zitzaion Job Santuari-ere, eta zion: Zergatik bizi dira gaiztoak, eta izan dira ondasunez beteak? Quare ergo vivunt impii, et sublevai sunt, sonfertatique diviliis. Argatik etorriko da Jesu-Kristo azken kontuetako egunean, eta aditzera emango dio mundu guziari, nolako jakiundez, eta zein neurri zuzen, eta miragarriakin iduki duan guziaren kontua.

        Etorrera au izango da gañera mundu guziaren aurrean biur dakion Jesu-Kristori zor zitzaion, eta gaiztoak ainbeste eratan galdu dioen onra. Nork eztaki, nere Kristauak, zenbat alegiña egin, eta egiten duen Satanasek, Juduak, herejeak, Kristau gaiztoak Jainkoaren Seme, eta munduaren Salbatzalle Jesus maitagarriari dagokan onra kentzeko? Esan bezee ezperen emen gizonen artean ekusi zituan bidegabeak. Esan bezee eman ziozkeen azoteak, arantzazko koroak, eta gurutzeko eriotzak. Esan bezee gurutzean zegoan denboran, eta gero egin ziozkeen iseka, ta desonrak. Esan bezee atzenean geroztik hereje, ta Kristau gaiztoetatik ekusi dituan txarkeri, ta bidegabeak. Orain ixillik dago, baña egun andi artan agertuko da mundu guziaren aurrean gure Jaun, Errege, ta Jueza bezala, ta alatzat ezagutuko, ta adoratuko due, ez onak bakarrik, baita gaiztoak-ere gogoaren kontra bederik. Begiratuko dioe gurutzean illerazo zuenari, eta geratuko dira mutuen eran: Omnis iniquitas oppilabit os suum.

        Jesu-Kristo gure Jaunak bere onrari ezezik begiratu nai dio bere adiskide, eta serbitzarien onrari ere; eta beragatik Jesu-Kristoren azkeneko etorrera izango da onen onrarako, eta gaiztoen lotsatzeko. Bizitza au da gau illun bat bezala, eta onek dirauen artean ez dira askotan ezagutzen onak, eta gaiztoak. Sartzen da Elizan bere denbora birauen, gorrotoaren, kutiziaren, murmurazioaren bekatuetan garotzen duan emakume bat, ta jartzen da andre, modestia, errespeto, eta beste modu ederretan bizi dan, baten aldean. Sartzen da beste emakume, edo neskatx ergel ura. Sartzen da arako askorentzat bekaturako biska, ta lazo izan dan neskatx ez garbi ura, ta jartzen da birtutearen bidean bizi dan baten ondoan. Sartzen da gizon erriaren, eta lagun urkoaren gauzetan beti sisatzen ari dan bat. Sartzen da arako, otsoaren eran animak galtzen dabillen, mutil ura, eta jartzen da Jaunaren beldur santuan bizi diran gizon, eta mutill presturen batzuen aldean. Eztakigu nor dan, eta askotan onra, ta alabanzarik andienak daramazki gaiztoak, eta ona geratzen da zokoan aztua. Baña bizitza onetako gaua igarotzen danean, agertuko du Jesu-Kristok nor nor geran; ta agertuko du alako eran, non bakoitzak argiro ekusiko duan bere bizitza guzia, eta besteena: bere eta beste guzien obra on, eta gaiztoak, baita biotzeko lekurik illunen, eta ezkutatuenak-ere. Ala esaten digu S. Paulok: Illuminabit abscondita tenebrarum, et manifestabit consilia cordium. Baldin noizbait utsegiteren batzuek gertatu bazitzaizkitzun, eta gero Jaunagana biurtuik bizitza onari jarraitu badiozu, ez dezu lotsarik batere ekusiko, zeren ondorengo damuaren, negarren, konfesio, ta obra onen edertasunak estaliko dituan zure bekatuak ta estaliko ez nola nai, baizik txit eder dirudien eran. Ala ekusi zuan Marina Eskobar beneragarriak Santa Maria Magdalena. Zori onekoak, dio Dabidek, beren utsegiteak barkatuak, eta estaliak dauzkeenak. Beati, quorum remissae sunt iniquitales, et quorum tecta sunt peccata. Baña baldin enzungor egin badiezu Jaunaren gaztiguai; baldin bekatuaren bideak ez utzitzeagatik igesi ibilli bazera Jaunaren itzagandik; orduraño biotzean korapillatua, eta ezkutatua iduki arren zure gaiztakeria, ekingo dizue erditzeko miñak, Oseas Profetak dion bezala, eta zure lotsa andiarekin agertuko, ta ekusiko dira zure bekatuak mundu guziaren aurrean. Colligata est iniquitas Ephraim, absconditum peccatum ejus. Dolores parturientis venient ei. Ai! zu gizon erriaren gauzak ixillka sisatzen bizitu zerana, edo kargudun izan zeranean zere lanari baizik begiratu ez diozuna! Ai! zu zar berde, edo mutill zañ-ezurretaraño gaiztakeria igarorik zaudena! Orain ixillik, eta ezkutuan daude zure sisatzeak, zure zabarkeriak, eta emendik etorri diran kalteak; orain estaliak bezala daude zuk zere bakarrean, eta bein batarekin, gero bestearekin egin dituzun bekatu zikiñak; baña badator kontuen egun andia, ta ezta gauza ain estalirik, non ta agertuko eztan, ain ezkutaturik non jakingo eztan dio Jesu-Kristok. Nihil enim est opertum, quod non revelabitur, et occultum quod non scietur. Ai! zu emakume, edo neskatx, aurtasunetik ergelkeriari, jolas, eta ibillera lizunai ederretsi zeniena; itsusiak, eta nazkagarriak dira zuk zere bakarrean, zuk zure lagunakkiñ, zuk urliarekin, eta sandiarekin egin dituzun lanak. Ezkutuan daude orain lan oriek, baña badator guzia agertuko duan ordua: Nik agertuko ditut, dio Jaunak, zur lan itsutsi oriek, eta ipiñiko ditut mundu guziaren begietan: Revelabo pudenda tua in facie tua, et ostendam gentibus nuditatem tuam. Ain andia izango da bekatariak orduan artuko duan lotsa, non naiago izango lukean infernuko zokorik illunenean ezkutatua egotea.

        Ezta onenbesterekin kontentatuko Jesu-Kristo. Onen artean izango dira asko berak onak izateaz gañera beste asko Zerurako bidean ipiñi zituenak, dala erakuste ederrakkin, dala ejenplo onakkin: egin dezagun kontu Apostoluak, Elizako gurasoak, Erlijioko ordenen buru-nagusiak, Predikari, ta konfesoreak, ta guraso kontuzkoak. Ill ziran oetatik asko, ta illko dira betiko azkeneko eguna baño len, baña utzi zuen Zerurako azi ederra, ta azi au erneaz, errotuaz, zabalduaz joango da; eta eztaki munduak noraño ugaritu diran, edo ugarituko diran azi onen frutuak. Era berean gaiztoen artean asko, edo geienak izango dira, berak gaiztoak izateaz gañera beste askori infernurako bidea erakutsi ziezanak, edo liburu gaiztoakin, edo itzez, edo ejenplo gaiztoz: oetatik dira herejeen buruak, aur inozenteai bekatua erakusten diezanak, guraso, eta errietako kargudun zabarrak, bekaturako biska, eta lazoak prestatzen dituen mutill, neskatx, eta beste bitartekoak. Oek illta-ere geratuko da infernurako azia; ta azi au erneaz, eta zabalduaz joango da, eta eztakigu norañoko kalteak ekarriko dituan. Baña Jesu-Kristok, onai dagoten onra guzia emateko, eta gaiztoak osotoro lotsatan ipintzeko, mundu guziaren aurrean agertuko du, zenbat anima irabazi zituen batzuek, zenbat galdu besteak, zenbat mesede egin zuen onen erakuste, ta ejenplo onak, zenbat kalte gaiztoenak.

        Atzenean Jesu-Kristoren etorrera au izango da onak atsegin-kontentuz, ta gaiztoak penaz beterik utzitzeko, ez bakarrik animaren aldetik, baita gorputzaren aldetik-ere. Egin bazituen onak Zerurako irabaziak, eta gaiztoak infernurakoak, gorputzak-ere lagun izan zituen irabazi oetan, eta beragatik nai du Jaunak, denbora betetzen danean piztu ditezen oek, eta animakin batean parte izan dezeen edo atsegin-kontentuetan, edo penetan, eta eman nai die sari au mundu guzia begira dagoala. Zeiñ poz andia anima onentzat egia oek gogoan erabiltzea! Baña denbora berean zer pena! Zer illuntasuna, eta tristurak gorputzaren atsegin lizunak, ibillera gaiztoak, eskuka loiak, keñada lotsagarriak, itz desonestoak utzitzeko biotzik ez duan, bekatariarentzat! Orra, Kristaua, zertarako izango dan bigarren juizio guziena deritzana, eta azkeneko egun andi artan Zerutik lurrera Jesu-kristo etortzea. Noiz izango ote da etorrera au? Galde au egin zioen Jesu-Kristori Aposloluak, baña atzeratu zien beren jakin-naia esaten ziela: eztagokizue zuei Aita Zerukoak beregan gorderik dauzkan denborak jakitea; Aitak berak baizik eztu egun, eta ordu aren berririk, ez eta Zeruko Aingeruak berak-ere. Alaere Jaunak aditzera eman zituan Eskritura santan zenbait siñale, ta oek orain ukitu bear ditugu, laburtxo bederik.

 

 

§ III.

 

        Jesu-Kristo gure Jauna munduari kontuak artzera etorri dedin baño len agertuko dira asko siñale. Entzun itzatzu oetatik batzuek. Lenengo siñalea, baña urrutikoa. Altxako dira jendeak jendeen, Erreñuak Erreñuen kontra; izango dira gerrak, gosea, izurria. Siñale au aditzera eman zigun Jesu-Kristok berak, baña siñale onekin ezta mundua konturako. Bigarren siñalea: ugarituaz joango da Kristauen artean gaiztakeria, ta bekatua, eta oztuaz Jainkoaren, eta lagun urkoaren onginai, ta amorioa. Zabartuko dira gurasoak, eta umeak izango dira eskergabeak. Zabartuko dira, dio S. Hypolito anziñako martiriak, animen arzaiak, eta jendeak izango dira errebesak beren artzaientzat. Siñale au ere eman zigun Jesu-Kristok berak. Irugarren siñalea: munduaren bazter guzietan, Erreñu, Probinzia, eta erri guzietan aditzera emango da gure Lege Santa. Oraindik leku, ta bazter asko dira, batezere Amerikan, ezagutzen ez diranak, ta gure legearen berririk ez duenak, baña munduaren bukaera baño len aditzera emango zate guziai. Siñale au-ere aditzera eman zigun Jesu-Kristok. Laugarren siñalea: Ante-Kristoaren, arako Jaungoikoaren, Jesu-Kristoren, eta Eliz Ama Santaren etsai ikaragarri aren etorrera. Etsai au agertu baño len Kristau-talde andiak aldegingo due, S. Paulok dionez Eliz Ama Santagandik: Veniet discessio primum. Eztakigu, Kristaua Eliz Ama Santagandik aldegite au igaro dan, edo etorkizun dagoan; dakiguna da, goizaldeko bazter guziak, edo orientekoak aldegin zuela, eta Mahomaren zorakeriai darraiztela. Guk dakiguna da txit anziña ez danean, aldegin zuela Prusiak, Sueziak, Dinamarkak, Inglaterrak, Olandak, eta Alemaniako bazter askok. Guk dakiguna da, gure egunetan aldegin duala Franziako Erreñuak. Era onetan ainbeste nekeren kostuan Jesu-Kristok ipiñi zuan Eliza gutxituaz, eta bakardade negargarri batean geratuaz dijoa. Ai! ene! eta zer izango ote da Españaz oraingo eran badiraue gaiztakeriaren ujaldeak! Gañera Ante-Kristo etorri baño len, edo denbora aetan utziko zaio kateatik infernuko dragoiari, edo Aingeru gaiztoen, eta bekatari guzien Errege Satanasi. Jesu-Kristo ill zanean jetxi zan Zerutik Aingeru bat katea andi bat eskuan zuala, eta gaiztoen Errege au loturik ipiñi zuan infernuaren ondoan, S. Joanek dion bezala: Et ligavit eum, eta ala egongo da azkeneko denboretaraño; baña orduan utziko zaio bere sareak, eta lazoak zabaltzen. Sartuko da Ante-Kristoagan, eta onek aren laguntzarekin egingo ditu, nortaki zer kalteak? Egingo ditu Ante-Kristoak bere laguntzallearekin gauza miragarriak, ta mirari, edo milagroen iduripenak. Aterako ditu lurraren, eta itsasoaren azpitik urrea, zillarra, perlak, diamanteak, eta era onetan izango ditu bere eskuan jendeak llilluratzeko, eta engañatzeko bide egoki guziak. Engañatuko ditu batzuek losentxakin, eta ondasunakkin; engañatuko ditu besteak nekeen, eta eriotzaren beldurrez. Ain denbora negargarriak izango dira oek, non Zerurako autuak diran animak berak-ere engañatuak izateko perill andian egongo diran. Ala esan zuan Jesu-Kristok berak. Kenduko ditu Sakramentuak; kenduko ditu Meza Santa, Elizetako kantu, errezo, eta gauz on guzia: aginduko du, ezagutu, ta adoratu dezeela Jainkotzat; baña Jesu-Kristok denbora danean utziko du ill otza; eta amilduko da infernura sufre erazekizko ainzira, edo osin batera, dio S. Joanek: In stagnum ignis ardentis sulfure. Iru urte, ta erdian iraungo du, Damielek dionez, Elizaren neke onek, eta askoren iritzian Ante-Kristoa illa izango da Olibeteko mendian, nondik Zerura igo zan Jesu-kristo.

        Bostgarren siñalea: agertuko dira Henok, eta Elias Profeta, eta predikatuko due Ante-Kristoaren kontra, eta onek illko ditu. Oen gorputzak kale, edo plazetan etzango dira obirik gabe iru egun, ta erdian, dio S. Joanek, eta denbora onen ondoren piztuak izango dira. Seigarren siñalea: Juduak etzuen ezagutu nai izan Jesu-Kristo Mesias, edo Salbatzalletzat, eta illerazo zuen gurutzean. Bekatu onen penan bizi dira itsutuak, eta gogortuak, eta Mesias, edo Salbatzalle berri baten ustean, baña aditurik Eliasek emango diezten berriak eta ekusirik Munduan gertatzen diran gauzak, ezagutuko due beren itsumena, eta darameen bide okerra, eta biurtuko dira Jaunagana, artzen duela gure lege Santa. Au anziñatik aditzera eman zuan Malakias Profetak, eta Jesu-Kristok dio: etorriko da Elias, eta gauza guziak biurtuko ditu beren lekura: Elias venturus est, et restituet omnia. Azken kontuetako egunaren siñale oekin elkarren leian eren bekatuak damuz, eta negarrez desegiten ariko dirala bekatariak, esan liteke, baña ezta ala gertatuko. Iltzera dijoan eriak bere argi, edo alai uneak izan oi dituan eran izango ditu bear bada munduak-ere bere argi uneak, eta au asko adiña izango da bekatariak beren gura-txarren ondoren ibilteko; eta batzuek isekaz galdetuko due, dio S. Pedrok: Non da ainbeste bider esan zakun Jesu-kristoren etorrera: Ubi est promissio aut adventus ejus? Jesu-Kristok berak esaten digu, gaiztoak Noeren denboran munduaren urezko bukaera sinistu etzuen eran, ez duela ezagutuko, ta sinistuko azkeneko egun andiaren etorrera ere. Aiñ andia da bekatuak, eta griña txarak animaren begietan zabaldu oi duen lañoa, edo gandua!

        Zazpigarren siñalea: aserratuko dira bekatarien kontra Zerua, lurra eta gauza guziak. Illunduko da eguzkia, eztu argirik emango illargiak, izarrak galduko due eren ibillera ederra. Eroriko dira izarrak, edo izarren antza duen suak, eta ibaiak, ta iturriak saminduko, ta galduko ditue. Itsasoa asiko da orroaz mundu guzia irintsi bear balu bezala. Asaldatuko da aizea, eta erasoko die bekatariai turmoiakkin, tximista, oñaztar, eta arri ikaragarriakkin; lurrerako ditu asko etxe, ta torre, eta arbolak sustraietatik aterako ditu. Lurra, bekatariak bere gañean idukitzez aspertua balego bezala, asiko da dardaraz; erdiratuko, edo askatuko da asko lekutan, eta irintsiko ditu etxeak, erriak, eta an arkitzen diran gauza guziak. Asiko da infernua lurraren zulo oetakoren batetik kea dariola; botako ditu beregandik langosta mota batzuek aiñ amorratuak, eta puzoitsuak, non bost illabetean ibilliko diran bekatariai darraiztela. Zulatuko ditue, eta oek emango duen oñazea izango da dio S. Juanek, arrubioak ematee duanaren antzekoa. Zoratuen eran ibilliko dira jendeak, nora iges egin eztakiela; erkituak, eta igartuak iduringo due. Begiratuko dio auzoak auzoari, senarrak emazteari, gurasoak umeari, eta batak besteari, eta arrituak geratuko dira elkarren itxura dakustenean.

        Zortzigarren, eta azkeneko siñalea: agertuko da suzko ibai, edo ujalde bat bazter guzietara zabalduaz joango dana. Au aditzera eman zuen Isaiasek, Dabidek, eta beste Profeta batzuek. Jaunaren aurretik agertuko da sua, inguratu, eta erreko ditu beraren etsaiak, dio Dabidek. Ignis ante ipsum praecedet, et inflamabit in circuitu inimicos ejus. Igesi ibilliko dira su onegandik gizonak. Sartuko dira torre, eta gazteluetan; igoko dira mendien gañera, ezkutatuko dira lize-zuloetan, baña alferrik, zeren, noranai dijoazela, eta non nai ezkuta ditezela, atxituko dituan su erretzalle ark. Erreko, ta auts biurtuko ditu gizon guziak ala onak, nola gaiztoak; oek oñaze andiakin, baña onak edo oñazerik gabe, edo noizbait izan zituen utsegiteai dagoten neurrian bakarrik nekatzen dituala. Auts biurtuko ditu erriak, jauregi, ta torre guziak. Auts biurtuko ditu urrea, zillarra, perlak, diamanteak. Auts biurtuko ditu arraiak, onziak, portuak. Auts biurtuko ditu ganaduak, egaztiak, arbolak, eta atzenean mendiak berak, eta aitzak-ere auts biurtuko ditu. Lurra, ta lurrean arkitzen diran gauza guziak erreko dira, dio S. Pedrok: Terra autem, et quae in ipsa sunt opera exurentur. Au izango da mundu onen bukaera, eta orduan etorriko da Jauna bizien, eta illen juzgatzera.

        Ekusten dezu, Kristaua, nolako berriak ematen dizkigun gaur Eliz Ama Santak? Aditu dezu, mundu onen bukaeran etorriko dala Jesu-Kristo guziok juzgatzera, ta bakoitzari dagokan saria ematera. Aditu dezu, zertarako dan Jesu-Kristoren etorrera andi au. Aditu dituzu atzenean etorrera onen aurretik agertuko diran siñaleak. Au onela izan, eta oraindañoko gure urteak igaro ditugu munduko gauza zirzill, eta aurkerien ondoren? ta galdu ditugu gure animak; galdu gure Jaungoikoa, ta betiko ondasunak? Esna gaitezen, eta lenbait len biur gaitezen gure Aita onagana. Biur zaite esaten digu: Revertere: zai dago, dio Isaiasek, guzaz urrikaldutzeko: Expectat, ut missereatur vestri. Ekin bada, bekataria, zure egiteko oni batere luzatu gabe; iristeko era onetan Jaunaren grazia, eta beraren grazian irauten dezula betiko gloria. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa