www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI TA ZORTZIGARREN ERAKUSALDIA

 

Baña gure fin goi-miragarriaren gañean laugarrena.

 

Porro unum est necesarium. Luc. 10.

 

        Ekusi genduan atzo gure Jaun Jaungoikoak egin gaituala, ez munduko txorakerietan gure egunak igarotzeko, ez aragiaren atsegin lizunetan zentzugabeko animalien eran loitzeko, ez munduko izan, edo ondasun lausoetan biotza ipintzeko, baizik emen Jaun bera maitatzeko, ta gero Zeruko erri eder artan Prinzipe izateko. Au da beraz, nere Kristauak, gure fin goi, andi, ta miragarria? Au da gure egitekoa, ta onetarako ipiñi gaitu gure Egille onak mundu onetan? Ezin ukatu dezakegun egia da au. Jesu-Kristo gure Jaunak jaten zuan bein batean Lazaroren etxean, ta Lazaroren arreba bata Marta zeritzana txit kontu, kezka, ta arreta andiarekin zebillen Jesu-Kristori jana emateko bear ziran gauzak prestatzen. Maria Magdalena beste arreba geldi geldirik zegoan animako gauzetan bere gogo, ta biotza zerabiltzkiala, ta Martak egin zuan zerbait samintzera bere aizpak laguntzen etziola ekusirik. Esan zion Jesu-Kristok Martari: Marta Marta kezkaz beterik zaude, ta arazo askorekin asaldatzen zera. Solicita es, et turbaris erga plurima. Baña zaude jakiñik, egiteko bat bakarra dala egiteko bearra. Porro unum est necesarium. Elizaren gurasoak itz oek artzen ditue guri agertzeko gure animak salbatzeko egitekoa, zein egiteko andia bearra ta bakarra dan, ta au nolere bait agertzeko adirazi nai dizuet 1.a Egiteko au dala Kristauaren egiteko guzien artean bearrena, andiena, edo obeto esateko bakarra. 2.a Ta egia au onela izanik ere, egiteko au dala beste guzien artean gutxiena begiratzen, ta ezertan artzen dana: ta emendik atera dezakegu zein gutxi salbatzen diran. Birjiña txit Santa! argi itzatzu gure biotzak, ta iritsi ezazu gure biotzak mugituko dituan laguntza andi indartsu bat, bertatik guk gure animen egiteko andi oni ekiteko.

 

 

§ I.

 

        Ezagutzeko zuk, Kristaua, nolakoa dan zure anima salbatzeko egiteko au, ez dezu begiratu besterik zer egin duan gure Jaun Jaungoikoak, zer Jesus maitagarriak, zer Zeruko Santuak egiteko oni dagozkala. Ta au gutxi bada, begira ezazu, egiteko onetan dagoela edo betiko zorionekoa, edo betiko zori gaiztoko izatea: edo betiko ondasunak, ta atsegin kontentuak, edo betiko nekeak, betiko ayak! betiko su, eta garrak.

        Zer egin ez du gure Jaun Jaungoikoak gure animak Zerurako bidean ipintzeko? Eternidadetik bere gogoan artu zuan traza au, ta ekusirik Adanen bekatuarekin galdurik gizona, bidaldu zuan mundura bere Seme bakarra, emen guri erakustera zer ta nola egin bear degun, gure animak Zeruratzeko, ta atzenean egiteko onek mugitu zuan bere Seme bakarra Judu gogorren atzaparretan uztera. Atozea Kristaua: zer egitekoa bada, zein andia izango da zure anima salbatzeko egiteko au, Jaungoikoa egiteko onek mugitu duanean, bere Seme bakarraren bizitzari ez barkatzera?

        Zer egin ez du zure Jesus onak egiteko oni dagokala? Zer odolezko izerdiak, zenbat oñaze, zenbat bidegabe etzuan igaro, gure animak salbatzeko, gu bekatuaren loyetatik ateratzeko? Begira giozu bere esku-oñetara, buru Sagradura, bere kostadu, ta gorputz guztira, ta ekusiko dezu guztia urraturik, ta zauri bat egiñik, zure anima ori salbatzeagatik.

        Zer egiteko da bada gure animen egiteko au, Jainko beraren Seme Jesus ona era onetan ipiñierazo duanean? Nai ta ez, nere Kristauak, egituko guztien artean andiena, bearrena, edo obeto esateko, gure egiteko bakarra. Ezaguera onek sar erazi ditu ainbeste Donzella eder, eremuetan, ta pareteen artean, ta igaro ditue beren egunak beren gorputzak azotez, barauez, ta beste neke askorekin ezitzen dituela. Ezaguera onek bidaldu ditu ainbeste gizon andi, jakintsu bakardadeetara, an beren bizitza guztia animari dagozkan gauzetan igarotzera. Ezaguera onek ipiñi ditu ainbeste milla martiri karzeletan, kateen artean, labe gorietan, gurutzeetan, ta leoyen artean, ta ezaguera onek neke oek guztiok gozatu, ta arindu diezte. San Ignazio Martiriak, iltzeko zegoala, martirioa igarotzeko ansiaz esaten zuan: «oraintxe bai, oraintxe asitzen naiz Jesu-Kristoren diszipulu, edo ikasle izaten»: Nunc incipio Chti esse Discipulus. Sua, gurutzea, animalia aserreak, ezurrak ausitzea nere gorputzaren zatiak, ta gorputz guztia zeatzea; ta atzenean Deabruaren neke-oñaze guztiak, atozte, zion Santuak, atozte neregaiñ, Jesu-Kristorekin izateagatik bakarrik. Tantum ut Chto. fruar.

        Ekusten dezu Kristaua, edo aditzen dezu zer nolakoa dan gure animak salbatzeko egiteko au? Ezpadezu oraindik ongi ekusten, ta aditzen, atoz nerekin gauz oni beste alde batetik begiratzera. Gure siniste onak erakusten digun egia da, edo izango zerala betiko zori onekoa Zeruan, edo betiko zori gaistokoa infernuan. Ez dago emen bi gauz oetatik iges egiteko biderik. Zure animaren egiteko oni ongi jarraitzen badiozu, beste egiteko ta gauza guztiak oker irteteak ez du ezer esan nai: ill bitez aldeak, aitu bitez adiskideak, ta ongilleak; eraman bitza urak zure lurrak, ganadu, ta ondasunak, gera zaitez larru gorrian: gutxi esan nai du onek, baldin anima salbatzen badezu; zureak dira alabaña orduan Zeru eder oriek, zureak ango zelai ederrak, zureak ango ondasunak, itz batean: zurea da Jaungoikoa, ta Jaungoikoagan gauza guztiak. Baña ay! baldin zure anima salbatzeko egiteko oni ongi begiratzen ezpadiozu, zer esan nai du beste egiteko guztietan ongi irteteak? Irabazi bitez erriak, Probinziak, Erreñuak, bildu bitez Indietan diran urre, zillar, perla, diamanteak: egin bitez etxe eder berriak, zer aterako dezu, Kristaua gauz oetatik, baldin zure anima galdua badaukazu? Zer? ezpada, emen nekeak, kezkak, arantzak, ta gero beti betiko suak, ta garrak? Zer probetxu du gizonak mundu guztia beretzearekin, baldin galtzen badu bere anima? esaten digu Jaunak berak. Quid prodest homini si mundum universum lucretur animae vero suae detrimentum patiatur? Erraz bada emendik atera dezakezu, ta erraz sinistu dezakezu, zure anima salbatzeko egiteko au dala beste egiteko guztien artean andiena, bearrena, edo obeto esateko gure egiteko bakarra, ta gañerako guztiak aurkeriak, edo ezer ez. Porro unum est necesarium.

 

 

§ II.

 

        Egia au ain argiro agiri, ta ekusten dana izanik, nork sinits lezake, mundu guztia edo beintzat Kristau guztiak egiteko andi oni ez dagozkala gau ta egun? Baña ahi! txit gutxi dira lan onetan nekatzen diranak. Nekazaria arto, ta gariaren billa nekatzen da gogotik; auzitaria badabil etxez etxe bere auzia irabazteko paper, ta argi billa, eguraldi ona, edo gaistoa dan begiratu gabe. Komerziantea bada, zer kontuak ez ditu ateratzen bere bizimodua galtzeko beldurrez? Itsasoan dabiltzanak zenbat neke, zenbat ikara, zenbat perill igarotzen ditue emen beren buruak zerekin bizi ez duela ekusi ez ditzaten? Baña, non, ta nor da, nere Kristauak, egungo egunean, bere anima salbatzeko egiteko andi onetan onenbat kezka, ta izerdi artu nai duena? Zoaz gazteetara, begira giezu oen asmoai, ta ezagutuko dezu zartzerako uzten duela lan au. Zoaz zarretara, ta ekusiko dezu oetatik batzuek gazteak baño gaizkiago bizi dirala batzuek, besteak arkaitzari lapa baño itsatsiagoak arkitzen dirala kutiziari, ta kutizia bazkatzen duen irabazbide, ganadu, diru, grano, edo onelako kontuai, ta animako egiteko au dala gerorako, edo umeak ongi ipintzen diranean, edo beste egiteko andirik ez danean asitzeko uzten dana. Esan dezakegu noaski Dabid Santuak bere denboran ziona. Doi doya arkitzen dala gauz onik egiten duanik bear bezala beintzat. Non est qui faciat bonum, non est usque ad unum. Ain da andia gure itsumena, gure nagitasuna, edo zorakeria animari dagozkan gauzetan. Ah! nere Kristaua, ta gu nekatzen bagiña betiko Zerua irabazteko, betiko nekeak, ta betiko su, eta garrak irabazteko nekatzen geran adiña! Zenbat neke, kezka, ta naigabe igarotzen ez du aragiaren atsegin loyen ondoren dabillenak? Zenbat kezka, zenbat neke kutiziosoak bere ondasunak aurreratzeko? Zenbat neke lagun urkoari txarkeria egiteko deretxa billa dagoan biotz zimurrak? Galtzen da loa, ta ez da begiratzen nekeetan bakoitza bere asmoarekin irteteko. Atozea, Kristaua, atozea era onetan bizi zeran anima, betiko su, eta garrak irabazteko artu dituzun neke oriek guztiak artu izan bazindu Zerua irabazteko, zeiñ santidade andian jarririk egongo etziñan gaurko egunean?

        Ona, nere Kristaua, zer nolako arduragabetasunarekin begiratzen diogun gure animak salbatzeko egiteko andiari. Zer dator emendik? Zer? Geyeñak eriotza negargarri bat izatea. Alferrik engañatu nai ditugu geren buruak, nere Kristauak, gero gerorako utziaz gure animaren egiteko andia. Zerbait sayatzen danak ere arkitzen ditu bere aldapak, sasiak, ta larrak, ta nekatu bear du aldapa goora dijoan baten eran. Regnum Coelorum vim patitur. Indarka ari bear du bere griña ta pasio animagalgarriak eskuratzeko, ta ezitzeko. Baña neke oek guztiak arintzen ditu, ta gozatzen Espiritu Santuaren graziak, betiko ondasunen usteak, ta barrengo pakeak. Jaunari nai dakiola gu bertatik asitzea gure salbazioko lan andi onetan biotz osoarekin. Eskatu degiogun onetarako bere laguntza Birjiña Maria txit Santa bitarteko degula.

 

aurrekoa hurrengoa