www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI TA AMALAUGARREN ERAKUSALDIA

 

Adirazten da lenengo lekuan, zeñ andia dan gure Jaungoikoa

Bigarren lekuan, zeñ andia beraren al, eta eskua.

Atzenean, zeñ andia beraren Jakiundea.

 

Ambula coram me, et esto perfectus. Genes. 17.

 

NOTA: Aurrena esango dira goizeko jaieran dauden gauzak, Komunioko liburuko laugarren partean, ogeita zortzigarren Erakusaldian arkitzen diran eran; ta ondoren egingo da platikatxo au.

 

        Aditu dezue, Kristauak ta batez-ere etxeetako buruak goizetarako artu bear lukeen jaiera. Nai nuke jaiera onen oitura zabaldu litekean etxe guzietara, baña ez det onenbat on iritsi uste, lenago ongi ezagutzen ezpadezue jaiera au, ta onen puska bakoitza, ta au ezagutu ondoan Jaunaren laguntzarekin batean benaz asitzen ezpazerate Zerurako bideari jarriatzen. Goizeko jaieran esaten diran gauzak ain dira bearrak, ta balio andikoak, non ezin utzi nitzakean banaka, ta al dedan ongiena, ta argiroena adirazi-gabe.

        Goizetik Kristauak aurrena egin bear duan gauza da: honestidadearekin, ta orazioren batzuek esanaz jeiki, ta Jaunaren aurrean jartzea, esaten duala: Oroi zaitez nere anima Jaunaren aurrean arkitzen zerala, ta begira dagotela zure itz pensamentu, ta gauza guztiai. Ta gurasoak, edo gurasoaren ordez bestek bere etxekoakin jaiera au egiten badu, esan dezake: Oroi gaitezen Jaunaren aurrean arkitzen gerala, ta begira dagotela gure itz, pensamentu, ta gauza guztiai. Jaunaren aurrean gaudela, ta Jauna begira dagokigula leku guztietan, ongi sinisteak guztiz asko laguntzen du egiten ditugun gauz onak ongi egiten, Jaunak bidaltzen dizkigun neke, ta gurutzeak ongi eramaten, ta bekatuagandik aldegiten. Argatik goizeko jaiera asitzen da, Jaunaren aurrean gaudela oroitzetik.

        Goizeko jaieran bezala, beste gauzak egitean-ere oitu zaitezen zu, kristaua, Jaunaren aurrean zaudela, ta Jauna begira dagokizula, sinistera: gaur egia onen gañean itzegin nai dizuet. Onetarako adiraziko dizut. 1.a Zeñ andia dan gure Jaun Jaungoikoaren izate miragarria. 2.a Zeñ andia beraren al, ta eskua. 3.a Zeñ andia beraren jakiundea. Iru gauz oek zuk ongi ezagutzen, ta sinisten badituzu, aisa ezagutuko dezu, edozeñ lekutan zaudela zuk beti arkitzen zerala zere Jaunaren aurrean, edo obeto esateko zure Jaunagan beragan: beti zaudela Jaunaren eskutik zinzilika bezala: ta beti Jaun beraren begi ekusleak ekusten zaituela. Enzun nazazu arretarekin.

 

 

§ I.

 

        Gure sinisteak erakusten digun gauza da, gure Jaun Jaungoikoaren izate miragarria ain dala Andia non ez neurririk, ta ez mugarik izan dezakean. Andia da, ta andia neurririk, ta bukaerarik-gabe dio Baruk Profetak. Au nolerebait ezagutzeko, begira giezu Jaun onek egin ta begien aurrean dauzkagun gauzai. Andiak dira itsasoaren osiñak, ta bazterrak: andiak dira lurreko zelaiak, aldapak, mendiak; andiak dira gure gañean arkitzen diran odeiak, izarrak, ta eguzkia. Andiak dira Zeru eder oriek. Baña zer dirala uste dezu gauza oek guztiak, diran bezeñ andiak izan da-ere, Jaungoikoaren izate andiaren aldean, edo pare ipintzen badituzu? Ezer ezpalira bezala dira guztiak Jaunaren izatearen aldean. Zeruaren erpiña baño goragokoa da Jaungoikoa: infernuaren ondoa baño ondoragokoa: igarotzen ditu lurraren bazter, ta muga guziak, ta itsasoa baño zabalagoa da, dio Job Santuak.

        Ekusten ditugun gauza oezaz gañera, nai izate utsarekin egin litzake zure egille andiak beste gauza berriak, ta berriak beñere nekatu, ta bere eskua, ta indarra gutxitu gabe: egin litzake Zeru berriak, itsasoak, izarrak, eguzkiak, ta aek guztiak-ere ezer ez bezala izango lirake Jaunaren izate andiaren aldean.

        Izate guztiz andi onek bada betetzen ditu berak egin dituan leku oek guztiak, ta era berean beteko lituke leku berriak ta berriak egiten eternidade guztian ariko baliz ere. Ez da bada, Kristaua, ez da, ez Zeruan, ez lurrean, gure Jaunaren izate andia ez dagoan lekurik ez txikirik, ez andirik, ez illunik, ta ez argirik. Ain da andia, ain da neurririk, bazterrik, edo mugarik ez duana. Emendik atera-ezazu, Kristaua, edozeñ lekutan zaudela zu, naiz bakarrik, naiz lagunakin, naiz etxean, naiz soroan, naiz mendian, beti beti arkitzen zerala zure Jaungoikoaren aurrean, edo obeto esateko, Jaunaren izate andi-baztergabekoaren barrenen, itsasoan arraiak urez inguratuak arkizen diran baño askoz obeto, ta era miragarriagoan inguratzen zaituala Jaunak. Egia au, beste askoren artean, ederki agertu zien S. Paulo Apostoluak Athenasko jendeai. Eraman zuen oek Apostolua Arkopago deitzen zioen Tribunal batera (au zan gaitz gilleak juzgatzen zituen Juezen Tribunala) ta an guztien aurrean esan zien: Athenasko jendeak: ekusten zaituet gauza guztietan beste jendeak baño superstizio, edo bear ez diran adorazioetara jarriak, bada idolo, edo Jaungoiko gezurrezkoak adoratzea gutxi baliz bezala, or igarotzean ekusi det nola daukazuen aldare bat ezagutzen ez dezuen Jaungoikoarentzat ipiñia; an letraz ezarririk dago: Ez dakigun, edo ezagutzen ez degun Jaungoikoarentzako Aldarea. Ignoto Deo. Zuek bada, Athenasko jendeak, zuek ezagutu gabe adoratzen dezuen Jaungoiko onen berriak orain ematen dizkitzuet. Ez da ez Jaungoiko au gugandik urruti arkitzen; beragan bizi gera, beragan mugitzen gera, ta beragan gaude. In ipso enim vivimus movemur et sumus (Acta Apost. 17).

 

 

§ II.

 

        Au onela da, nere Kristauak: ta alaere bizitu gera gure Jaungoikoaz ain aztuak? Jaungoiko beraren aurrean, ta Jaungoikoaren izate guztiz andi, ta baztergabekoaren barrenen, ta erraietan bezala bizi gera, mugitzera, ta gaude: ta alaere izan degu ausardia beraren kontra bekatu egiteko? Baña geiegi luza ez gaitezen. Goazen ekustera zeñ andia dan Jaungoikoaren esku eta ala.

        Andia leku guztiak betetzen dituana, ta baztergabekoa da Jaungoikoaren izatea, ta izate oni dagokan bezalakoa da beraren al, eta eskua; da alabaña gure Jaungoikoa, gauza guztiak egin zituan egille andia, ta egin zituana ezer ezetik, ta iñoren laguntza gabe, nai izate utsarekin. Da egin zituan gauza guztiai beren izatea gordetzen, ta dan gauzarik txikienarenari-ere kontu egiten dion Jaungoikoa.

        Bai, nere Kristauak: gure Jaungoiko maitagarria da gauza guztien Egille andia. Jaungoikoak egiñak dira Zeru oriek diran bezeñ andiak, ederrak, zabalak. Jaungoikoak egiñak dira Zeru orietan ekusten ditugun eguzkia, illargia, ta izarrak. Jaungoikoak egiñak dira itsasoak, ibaiak, iturriak. Jaungoikoak egiñak aizeak, sua, mendiak, zelaiak, lurra, ta itz batean esateko mundu guztia, ta Zeruaren goienetik asi ta lurraren ondoraño arkitzen diran gauza guztiak: ta oek egin zituan bezeñ erraz, edo aisa egin ditzake, berak nai izatera, beste munduak, ta munduko, oraingoa baño-ere andiagoak, ta ederragoak. Onetarako duan al, ta eskua batere laburtu, ta nekatu gabe. Egia au ezpadakizu, Kristaua, galde egin giezu astoai berai, dio Job Santuak, ta erakutsiko dizue: galde Zeruko egaztiai, ta esango dizue: galde itsasoan dabiltzan arraiai, ta aditzera emango dizue. Nork ez daki, Jaunaren eskuak egiñak dirala gauza oek guztiak.

        Gauza oek guztiak egiteko, etzuan izan Jaungoikoak gairik-batere, baizik egin zituan ezer-ezetik, ta au da Jaungoiko guzialdunak bakarrik dagikeana. Egin dezakee Aingeruak, ta egin dezakee gizonak-ere lore baten antz, edo itxura zurean, olean, urrean, edo zillarrean; baña ez au, ta ez beste gauzarik egin dezakee onetarako gairik ez duela. Gure Jaungoikoak guzialdunak bezala egin zituan bada gauza guztiak ezer ezetik, ta batere gairik gabe. Ex nihilo (Macha. 7). Etzuan ez iñoren laguntzaren bearrik izan onetarako: Nork lagundu zion, dio Isaias Profetak, edo nor izan zan Jaunaren konsejari, ta erakutsi zion zer ta nola egin? (Isaiae 40) Asko izan zan, dio Dabid Erregeak, egin bide au, eginbedi ura esatea, bereala egiñik agertzeko. Ipse dixit et facta sunt: ipse mandavit et creata sunt.

        Gure Jaun Jaungoikoak bere al, ta esku miragarri au agertzen digu gañera egin dituan gauza guztiai beren izatea gordetzen diela, ta guztien kontua daukala. Ez luke mundu onek, ez eta munduan diran gauzetatik batek-ere puntu edo instante batean-ere iraungo Jaunaren al, ta eskuak gordeko ezpalu. Guztia bere anziñako ezer-ezera biurtuko lizake. Ala dio Jakintsuak Eskritura Santan. Nola iraun lezake, Jauna, ezerk-ere zuk nai ez izatera? Guomodo autem posset aliquid permanere, nisi tu voluisses? (Sap. 11). Gauza guztiak bada Jaungoiko Guzti-aldunaren eskutik artu izan due beren izatea, ta iraungo badue, puntu, edo instante bakoitzean berriro artuaz dijoaz, ta esku altsu-ongille artatik zinzilika arkitzen dira. Gañera egin dituan gauza guztiaz, ta dan txikienaz kontu dauka. Begira Zeruko izarrai, begira itsasoan diran are aleai, lurreko arbola, ta belarrai: begira aideko egaztiai: oek guztiak egiñak dauzka berak nai duan neurrian, berak nai duan adiña, ta berak ongi iritzi dio pisuan (Sap. 11). Ta guztiaz berdin dauka bere kontua, dio Eskritura Santak (Sap. 6).

        Begira oraiñ Kristaua zen andia dan gure Jaungoikoaren al, ta eskua! ta zeñ esker gabeak, ta geren galgarriak izan geran oraindañokoan! Jaungoiko Guzialdun-ongille onen eskutik artu degu degun izatea: izate au ezer-ezera biurtuko da Jaun berak gordetzen ezpadigu: instante oro, ta leku guztietan beraren eskutik zinzilika arkitzen gera; ta alaere ez degu nai Jaungoiko maitagarri onezaz oroitu, ta berak eman ta gordetzen digun izateaz baliatzen gera beraren kontra bekatu egiteko. Zentza bagindez oraiñ bederik!

 

 

§ III.

 

        Ekusi degun bezeñ andia, edo obeto esateko ezin ekusi ta ezin adirazi ditekean bezeñ andia da gure Jaungoikoaren ala ta eskua. Ta ez da batere laburragoa beraren Jakiundea. Begira dagoka beti gure Jaungoikoa bere izate on maitagarriari, ta izate onetan prefekzioai. Ekusten du nola dan Jaungoiko bakar bat, ta iru Persona Aita, Semea, ta Espiritu Santua. Ekusten du nola dan Aitagandik Semea, ta Aita ta Semeagandik Espiritu Santua. Bere izate-andi-ederra, ta bere perfekzioak ekusteaz gañera, guztiz argiro ekusten ditu, beste gauza guztiak igaroak, gertatzen diranak, gertatuko diranak, ta gerta alditezkeanak. Beti beti, ta batetan ekusten ditu, dio Eskriturak, eternidadetik eternidaderañoko gauza guztiak (Eccle. 39). Berdin da Jaunaren begi ekusleentzat gaua nola eguna: berdin argitan, edo illunbean, bakarrik, edo lagunakin; zokoan, sasian, gelan, mendian, edo beste edozeñ lekutan gauza egitea. Au ongi sinisten zuanak bezala, Jauna, esaten zuan Dabidek. Nora aldegingo det zure jakiunde orregandik? «Nora iges egingo det zure aurpegitik? Zeruaren goienera banoa, an zaude zu: infernura jeisten banaiz, an arkitzen zaitut, ta egaztia bezala, goizean egoak arturik, joaten banaiz itsasoaren urrutieneko bazterretara, ezin alaere zugandik ezkutatuko naiz» (Psal. 138.

        Ekusten dezu orain, Kristaua, zeñ andia dan Jaunaren jakiundea? Ekusten dezu nola begira dagoten gure asmo, gure naikunde, gure gauz on ta gaizto guztiai? Eguzkia bera baño askoz argiagoak dira Jaunaren begiak, dio Eskritura Santak; alde guztietatik begiratzen, ta ekusten ditue gizonen bide, ta ibillera guztiak baita itsasoaren ondarrean ta gure biotzetako zokorik ezkutatuenean zer dagoan-ere. Ni, nerau naiz testigu, ta Juez, dio Jeremiasen aoaz (Jerem. 29)). Sinistu ote degu oraindañokoan egia au? Ez noaski bear dan eran; au ongi sinistera alabaña ezin egin gintzakean egin ditugun adiña utsegite, ta bekatu: ta ezin izan gindezkean izan geran bezeñ nagiak, ta zabarrak Zerurako bidean. Sinistu dezagun bada fede bizi batekin, nere Kristauak, Jaunaren aurrean arkitzen gerala beti, ta edozeñ lekutan: Jaunaren aurrean, zeren Jaunaren izate andi baztergabekoa leku guztietan dagoan. Jaunaren aurrean, zeren beraren al, ta esku neurri guztiak baño andiagoa leku guzitetan guri degun izatea ematen, gordetzen, ta guri bere laguntza, ta ondasunak emateko prest dagoan. Jaunaren aurrean gaude atzenean, zeren begira dagoten leku guztietan gure itz, pensamentu, ta gauza guztiai.

        Nai dezu bada zuk, Kristaua goizeko jaiera, ta egiten dituzun lanak ongi egitea? Oroi zaitez maiz, maiz, maiz Jaunaren aurrean arkitzen zerala, ta begira dagokizula beti; ta leku guztietan, ta mugituko zera kontuz, ta ongi egiten dituzun gauz onak egitera. Ala gertatu zitzaion Dabid Santuari. Gorde ditut Jauna esaten dio zure aginteak, ta legea, zeren nere bide, ta ibillera guztiak zure aurrean ta begietan arkitzen ziran. Servavi mandata tua, et testimonia tua, quia omnes viae meae in conspectu tuo (Psalm. 118). Nai dezu bekatuaren perilletik ateratzea, ta bekatura beñere ez biurtzea? Oroi zaitez sarritan Jauna begira dagokizula, oitu zaite biotz ori beragana jasotzera. Ala Susana Andre prestuak egin zuan, zar berde bik elkar artuta bekatura amilderazteko bidean, ta bizitza galtzeko perillean bere burua ekusirik. Obeago det, esan zien zuen atzaparretan bizitza galtzea, Jaunaren aurrean, ta begietan bekatu egitea baño. Melius est mihi absque opere incidere in manus vestras, quam peccare in conspectu Domini (Daniel 13). Nai dituzu atzenean atzeratu gaitzerako zure griña txarrak? Sarritan bada fedearen argiarekin gogora ekartzu begira dagoala zure Jaun Jaungoikoa, ta beragana biotza jasorik dei zaiozu S. Pedroren eran; gorde nazazu nere Jaun maitagarria, galdua naiz bestela. Itz batean. Zabiltza, esan zion Jaunak Abrahani, eta esaten digu guri-ere, zabiltza nere aurrean, ta zu izango zera bear bezalakoa, edo birtute, ta santidadez jauntzia. Ambula in conspectu Domini, et esto perfectus. Jaunari nai dakiola gure biotzak jaiera onetara mugitzea, ta beraren laguntzarekin batean bizitza on bat egitea, iristeko gero beti iraungo duan Zeruko gloria. Ad quam &.

 

aurrekoa hurrengoa