www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN ERAKUSALDIA

 

PAZKOETAKO BIGARREN JAYEAN

 

Adirazten da, nolakoa izan zan Jesusen piztuera eta nolakoa izan bear lukean gure animen piztuerak. Urrena, nolako piztuera izan oi dan Kristaurik geyenena Pazkoetako denbora onetan.

 

Surrexit vere: Luc. 24.

 

        Pazkoa goizean piztu zan Jesus, ta agertu zitzaten Magdalenari, S. Pedrori, eta Emausko gaztelura Jerusalendik irten ziran Jesusen bi ikasleai. Biurtu ziran oek Jerusalena Apostoluak zeuden etxera, eta arkitu zituen oek piztuera beraren gañean itzegiten: Piztu da egiaz, zioen, eta agertu zayo Simoni, edo Pedrori: Surrexit vere, et apparuit Simoni. Emaustik biurtu ziranak ere esan zuen gertatu zitzatena, eta guziak poztutzen ziran beren Maisuaren berri onakin. Atzo itzegin nuan Misterio onen gañean. Jesusen piztuerak aditzera ematen digu, S. Paulok dionez, gure animen piztuera: orregatik gaur itz bi esan nai dizkitzuet onen gañean. Aditzera emango det lenengo lekuan: nolakoa izan zan Jesusen piztuera, eta nolakoa izan bear lukean gure animen piztuerak. Urrena, nolakoa izan oi dan Kristaurik geyenena Pazkoako denbora onetan. Enzun, Kristaua, arretaz.

 

* * *

 

        Jesu-Kristo ill zan egiaz gorputzaren aldetik, eta iru egun igaro zituan obian. Era berean gure animak, Jesusen anzera piztuko badira, ill bearrak dira bekaturako, eta bekatu diran gauza guzietarako. Au aditzera ematen digu batayoko Sakramentuak, batezere Elizaren lenengo denboretan eman oi zan eran, batayoa artzen zuana alabaña osotoro sartzen zan urean, adirazteko, ill zala, eta obiratu gizon zarra, bere bekatu, eta griña gaizto guziakin. Au bera aditzera ematen digue batayoko egunean eman ginduan itzak. Urlia, esan zizun Elizak, gaurdanik betiko uzten dituzu Satanas, eta Satanasekin batean beraren lagun, eta langilleak, zeñak diran mundu galdua, edo munduan bizi diran gaiztoak, eta aragiaren gura txarrak? Abrenuntias Sathanae? Bai, beti-betiko uzten ditut, eranzun zenduan: Abrenuntio. Urlia, esan zizun berriz, gaurdanik betiko uzten dituzu Satanasen lan, eta obra guziak, nola diran bekatua, eta bekatuaren bideak? Et omnibus operibus ejus? Bai, betiko uzten ditut, esan zenduan: Abrenuntio. Urlia, esan zizun irugarren aldian: gaurdanik betiko uzten dituzu Satanasen arrotasun, eta zorakeriak, dala janzian, janean, edanean, eta beste gastuetan, dala atsegiñ, eta jolasetan? Bayetz, eranzun zenduan: Abrenuntio. Eta orra nola batayoko egunean illa geratu ziñan, Kristaua, bekatu diran gauza guzietarako: beraz gisa berean ill bearrak gera, Pazkoetan piztuko bagera Jesu-Kristoren anzera. Illak, eta illak ezezik obiratuak geratu giñan Jesu-Kristorekin batayoa artu genduanean, esaten digu S. Paulok: Consepulli enim sumus cum illo per baptismum in mortem (Ad Galat. 8). Jesu-Kristo piztu zan egiaz, eta añ ariña geratu zan noranai ibiltzeko, non begien itxi-idiki batean joan zitekean lekurik urrutienera. Gisa berean Jesu-Kristorekin pistutzen dan anima alaitzen da beraren Lege Santa gordetzeko, eta beraren izenean edozeñ neke igarotzeko: ez du ikaratzen, ez goseak, ez egarriak, ezerk ere. Jesu-Kristo piztu zan egiaz, eta aldegin zuan obitik. Eta era onetan bekatutik graziaren bizitzara piztu nai duan animak aldegin bear du bekatuaren obitik, edo bideetatik, etxe, eta lagun gaiztoetatik: aldegin bear du munduko zorakeri, ta perilletatik: bestela bekatuen obian geratuko da. Atzenean piztu zan Jesus egiaz, eta piztu zan beñere ez iltzeko: eta gisa berean bekatutik graziaren bizitzara egiaz piztutzen danak, ez du biurtu bear bekatuaren obira. Ez det esan nai, ez ditekeala erori mundu onetan dagoan bitartean; baizik esan nai det, artuko dituala grazian irauteko neurri egokiak, eta jarraituko diola bizitza eder, ta garbi bati. Au ez egitera ez da egiaz piztutzen bekataria. Orra Kristaua, nolakoa izan bear lukean gure animen piztuerak. Dakuskun oraiñ, nolakoa izan oi dan denbora onetan Kristaurik geyenena.

 

* * *

 

        Iru piztuera-motaren berriak ematen dizkigu Eskritura Santak. Piztuera bata da Jesu-Kristorena, eta ekusi degu, nolakoa izan zan au, eta onen anzekoa izan bear lukeala gure animen piztuerak ere. Baña asko ote dira Pazkoako denbora onetan Jesusen anzera piztutzen diranak? Asko ote dira bekaturako illak bezala geratu diranak? Asko ote dira batayoko egunean emandako itzak gorde nai dituenak? Asko ote dira bekatuaren obia betiko utzi nai duenak, eta bizitza onean irauteko neurri egokiak artu nai dituenak? Ez noski.

        Ekritura Santak dakarren beste piztuera-mota da Lazarorena. Ill zan Lazaro, eta obian usteldurik, edo ustelzen arkitzen zan. Piztu zuan Jesu-Kristok egiaz, baña ez betiko baizik gero illtzeko. Era onetan piztutzen dira ez gutxi Pazkoako denboran. Aditzen ditue, fedeak erakusten dizkigun egia izugarriak: ezagutzen due, beren bizitza gaiztoarekin galdu duela Jaunaren adiskidetasun, eta grazia, eta arkitzen dirala beti betiko su eta garren artera erortzeko zorian. Asitzen dira bekatutik irteteko neurriak artzen, eta damuz, eta negarrez biurtzen dira beren Aita Zerukoagana. Orra esaten dio orduan onelako bekatariari: piztu zera, sendatua zaude; ez geyago bekaturik egin: Noli amplius peccare. Baña zer gertatzen da? Garizuman lo bezala zeuden gura, eta griña txarrak asitzen dira pazkoa ondoan esnatzen: badabil bekataria beldur gutxirekin, eta arkitzen ditu milla perill leneko bekatuetara biurtzeko: perillak etxean, perillak auzoan, perillak bideetan, eta perillak lagun artean: iltzen, edo oztutzen zaizka bizitza onari jarraitzeko egin zituan asmo andiak, eta ez dauka sarritan Sakramentuak artzeko gogorik. Atzenean biurtzen da bekatura: eta bear bada len baño ere gaizkiago bizi da, eta amilka dijoa infernura: El fiunt novissima hominis illius pejora prioribus. Ala esaten digu Jesu-Kristok bekatuaren berrizkaturaren gañean.

        Eskritura Santak dakarren irugarren piztuera-mota da Samuelena. Saul Erregeren kontra altxa ziran Filisteoak, eta prest arkitzen ziran gudan edo pelean asitzeko. Ekusi zituan Saulek, eta izutu zan. Jakin nai zukean, zer egin bear zuan estutasun artan, eta galdetu zien Apaizai, eta Profetai; baña ordurako aserretua zedukan Jauna, eta etzion eranzun nai izan, ez Apaizen, ez Profeten bidez. Bere adiskide andia izan zuan Samuel Profeta, baña lentxeago ill zan au. Estu zan Saul, eta billatu zuan andre azti, edo sorgintzat zeukeena eta erregutu zion piztu zegiola Samuel. Agertu zan Samuel, eta aditzera eman zion, zeñ gaizki irtengo zan gerra artan. Etzan Samuel egiaz piztu geyenak erakusten duenez, baizik aren animak artu zuan beraren gorputzaren anz, eta iduria, Jaunak ala nai izanik, ez aztiaren alegiñaz. Itz batean Samuelen piztuera etzan egiazkoa, baizik iduri utsa. Eta onelakoak izan oi dira Kristaurik geyenen piztuerak Pazkoa-denboran, iduri utsak. Sarritan negar egiten due askok garizuman: bearbada berritzen ditue konfesioak, eta dioe ez geyago, ez bekaturik. Edozeñek uste izan dezake, bekatari oek piztu dirala egiaz bekatuen obitik; eta alaere gutxi dira onela piztutzen diranak. Zergatik au? Zeren biotzik ez duen betiko uzteko bekatuaren bideak, etxeak, eta lagunak: zeren biotzik ez duen, urratzeko beren oitura gaiztoak, lagun urkoari berea emateko, eta obra onai jarraitzeko. Orregatik onelako bekatarien negarrak izan oi dira anzuak, eta obretan agertzen ez diranak. Ez ote gera noizbait bekatuen obitik irtengo?

        Nere Kristaua, ez gaitezen engañatu: piztu gaitezen Jesu-Kristorekin, ez nolanai, baizik egiaz, piztu gaitezen, eta jarraitu degiogun bizitz eder bati. Piztu bazerate Jesu-Kristorekin, billa itzatzue Zeruko ondasun, eta atsegin-kontentuak, esaten digu S. Paulok: Si consurrexistis cum Chto, quae sursum sunt quaerite (Ad Colosens. c. 3). Onela iritsiko degu betiko bizitza doatsua. Amen.

 

 

PAZKOAKO IRUGARREN JAYA

 

        Egun au jai. erdia da, eta gure errietan goizean Meza enzunda, joaten dira geyenak lanera. Emendik dator Arzayarentzat nekea, zer egun oetan egin dezakean, ezagutzen. Asko aldetara sayatu naiz, eta atzenean autu det modo bat jayerdi guzietarako, eta da; Meza nagusian, eta al baliz goizekoan ere bai, egitea goizeko, (edo arratseko) jayera. Nik (edo nere ordez bestek) esaten du liburutik, edo paperetik, eta nik diodana bera eranzuten due Mezatan daudenak. Gisa onetan denbora berean erakusten da dotrinaren parte bearrena, eta bekatutik aldegiteko, eta obra onak egiteko bidea: eta uste det, modo onek gañerako Sermoi guziak baño on geyago ekarri duala. Emen ipiñiko dira jayera biak.

 

GOIZEKO JAYERA

 

Jauna adoratzea.

 

        Nere Jaun Jaungoikoa! Zu zera gauza guzien Asiera, eta Iturburua, guzien Iraupena, eta Muga, edo Fiña, eta ni naiz nerez ezereza, eta dedan izate au zure esku ongilleak emana da. Ala ezagutzen, eta aitortzen det, eta adoratzen zaitut umiltasun, eta errespeto guziarekin.

 

Jaunari eskerrak ematea.

 

        Milla esker Jauna oraindaño egin dizkidatzun mesede guziakgatik. Milla esker zeren ezerezetik egin ninduzun, eta egin zu emen ezagutzeko, amatzeko, serbitzeko, eta gero betikotasun guzian zurekin batean Zeruan doatsu izateko. Milla esker, zeren zure Seme Jesusen odol preziotsuarekin Adanen bekatuaren mendetik atera, eta zure Elizaren ume batayoan egin nazun. Milla esker atzenean, zeren, igaro dan gau onetan bizitza gorde didazun.

 

Jaunari pensamenlu, itz, eta obrak eskeintzea.

 

        Eskeintzen dizkitzut, Jauna, gaurko nere pensamentu, itz, eta obrak. Betor, Jauna, zure lagunza, eta grazia, egin ditzadan nik gaurko nere lanak, zuk nai dezun eran, eta zure onra, ta gloriarako.

 

Examina, eta egun guzirako asmo onak.

 

        Atoz, o Espiritu Santua, atoz beartsuen gurasoa, atoz doayen emallea: argi ezazu nere adimentua, nik nere utsegiteak ezagutzeko: mugi ezazu nere biotza, oen gañean damutzeko.

 

        Gogora ekartzu oraiñ denbora piska batean, lenengo lekuan, bartdanik, edo azkeneko konfesiotik, oraindaño Mandamenturen bat autsi dezun, edo ez?

        Urrena, arako Mandamentu geyena autsi oi dezun ura gorde dezun?

        Irugarren lekuan, orrako zure griña, edo pasio txar nagusien ori eskuratzeko, eta ezitzeko sayatu zeran, edo ez?

        Arrezazu asmo oso bat, arako geyena autsi dezun Mandamentu ura ez autsitzeko, eta zure griña, edo pasio txar nagusien ori ezitzeko, eta eskuratzeko...

        Arrezazu zure bitartekotzat Birjiña txit Santa, Aingeru goardakoa, S. Jose, eta zure izeneko Santua...

        Egitzu oraiñ fede, esperanza, karidade, eta kontriziozko afektoak.

 

aurrekoa hurrengoa