www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

BERROGEI TA SEIGARREN ERAKUSALDIA

 

Adierazten da lenbizia:

Zer prestaerarekin etorri bear degun Jaunaren itz santua entzutera.

Bigarrena: Nola entzun bear degun.

Irugarrena: zer egiñ bear degun itz santua entzun ezkero.

 

In mansuetudine suscipite verbum insitum,
quod potest salvare animas vestras.
Jacobi 1.

 

        Entzun ezazue biotz umill, eta manso batekin, zuen animak salbatu ditzakean, Jaunaren itza, esaten digu Santiago Apostoluak. Azkeneko Erakusaldian aditu zenduen, zer aditzen dan Jaunaren itzaren izenez, eta nolako mesedea dan, Jaunak bere Elizari itz au utzi dion, eran utzitzea. Aditu zenduen gañera, nolako aserrea agertu digun Jaunak beraren itz santua entzuten ez duenen, eta gaizki entzuten duenen kontra. Gaur, gai oni dagokan bukaera emateko, aditzera emango det, lenbizia, zer prestaerarekin etorri bear degun Jaunaren itz santua entzutera. Bigarrena, nola entzun bear degun. Irugarrena, zer egiñ bear degun itz santua entzun ezkero. Goazen iru gauz oek banaka ekustera.

        Jaunaren itz Santua da, animaren soroan Aita Zerukoak ereiten duan, azi ederra, eta izen au ematen dio Jesu-Kristok berak: Semen est verbum Dei: Aziak, dan onenak, eta bikañenak-ere, frutu ugariak emateko, eskatzen du lur ongi prestatua, eta maneatua. Ereiñ ezperen artoa, garia, edo beste edozeiñ azi etze dagoan lur batean arantzak, eta belar gaiztoak atera gabe, eta beste maneadurak eman gabe; zer frutu aterako dezu? Zure frutua izango da ereiñ zenduan azia galtzea, eta urte guziko gosea. Au bera gertatuko da, eta gertatzen da Aita Zerukoak gure animen soroetan ereiten duan itz Santuaren aziarekin, zeren bear dan prestaerarekin etortzen ez geran. Au ederki aditzera ematen digu Jesu-Kristok ereillearen parabolan. Erein zuan ereille onek azi ederra, baña puska bat erori zan bidearen aldean, eta oñpean galdu zuen andik zebiltzan bidezkoak. Beste puska bat erori zan arrien gañera, eta igartu zan. Beste puska bat erori zan arantzen artera, eta bereala ito zuen oek. Bakarrik frutua eman zuan lur onean erori zanak.

        Zer egiñ bear ote da bada prestaera eder batekin Jaunaren itz Santua entzutera etortzeko? Iru gauza, Kristaua. Lenengo lekuan egiñ bear dan gauza da biotzeko sorotik lar, arantza, ta belar gaiztoak kentzea, au da, aldebat utzitzea arazo, irabazi, eta munduko beste gauzen gogorazio, ta kezkak. Au ez egitera, Jaunaren itz Santua eroriko da lur etzean, eta arantzen artean, eta ez du fruturik emango. Jesu-Kristok berak arantzen izena ematen dio munduko ondasun, irabazi, eta beste gauzen gogorazioai. Doktrinak, eta sermoiak enzutera etorteko egiñ bear dezun bigarren gauza da, zertara etorri bear dezun begiratzea. Au kontuz egiten badezu, nai ta ez gogoratuko zatzu Jaunak erakutsi, ta aditzera eman nai dizuna enzutera etorri bear dezula; au da Errege guzien Erregeak, zure ongille andiak zure onerako itzegin nai dizuna entzutera. Baña au egiñ ordean baldiñ bazatoz zertara zatozen begiratu gabe, edo gauza berriren batzuek aditzeko pozarekin, nola nai dezu dotriñetatik, eta sermoietatik frutua ateratzea? Dotriñak eta sermoiak enzutera etortzeko egiñ bear dezun irugarren gauza da sortzea zere biotzean gogo, eta egarri andi bat, Jaunak biotzera esan nai dizuna aditzeko eta egiteko. Gosea gorputzeko osasunaren siñalea izan oi dan bezala, era berean Jaunaren itza gogo ta egarri andiarekin enzutea da animako osasunaren siñalea dio S. Juan Krisostomok. Sicut esurire est sanitatis corporalis inditium, ita et studio magno audire divina eloquia bonae animae valetudinis certissimum est argumentum. Olloak, txitak, eta beste egaztiak bazka botatzen zatenean gogo andiarekin, eta alkarren leian joan oi dira bazkagana; ardiak era berean joaten dira gatzagana baldiñ au artetxean txintxilik ipintzen bada zakutxoren batean, zeren gatzak gaitz askotatik sendatzen, eta gordetzen dituan. Eta zu Kristaua, etzera gogoz etorriko Jaunaren itz Santua, eta dotrinak entzutera? Eztakizu, itz Santu au dala animen bazka? Au dala animak sendatzeko, eta bekatuaren eritasunetatik gordetzeko gatza? Egizu kontu, leku onetatik datorren guziarentzat astean beiñ botatzen dirala perlak, diamanteak, belarritako, eta ebilla ederrak; atozea, etziñake gogo, eta egarriarekin etorriko? Uste det baietz. Atozea, eta dotrinetan, ta sermoietan Jaunak isurtzen dituan ondasunen aldean zer dira emengo perlak, diamanteak, eta apainduria guziak? Zer gorotza baizik? eta ez dezu begiratu bear, nor dan predikatzen duana, zure gogokoa, espiritu gutxikoa, edo aundikoa dan, baizik zer eta noren partetik aditzera ematen dizun. Denda batera zoazenean ez dezu begiratzen saltzen dagoana nolakoa dan, baizik erosi nai dezun oiala, edo tela ona, edo gaiztoa dan, merkea, edo garestia dagoan. Ona nolako prestaerarekin etorri bear dezun dotrinak, eta sermoiak enzutera. Prestaera onen faltaz zer ondasunak ez ditugu galdu oraindaño? eta mirestsitzen gera mundua dabillen eran ibiltzea? Baña ez gaitezen geiegi onetan luzatu. Dakuskun, nola enzun bear degun Jaunaren itz Santua, edo berbera dana, dotriñak eta sermoiak.

 

 

§ II.

 

        Azia ereiteko lurra prestatzea gauza bearra da, baña ezta asko frutuak iristeko; ereiñ bear da gañera azia, eta ereiñ bear da aziari dagokan eran, eta denboran. Eta era berean Jaunaren itz Santua enzuteko biotza prestatu-ondoan, entzun bear da ez nola nai, baizik ongi. Zer aditzera eman nai ote du Jaunaren itza ongi enzuteak? Enzutea Jainko beraren itza bezala, enzutea Jaungoikoaren itzari zor diogun begiramentu, eta errespetoarekin; enzutea atzenean biotz manso, ta umill batekin. Aditzen dezu, nola enzun bear degun Jaunaren itz Santua? Aditzen dezu itzen otsa, baña asko geiago ez. Atoz nerekin enzun dituzun itz oek aditzera eman nai duena ekustera.

        Jaunaren itz Santua ongi enzuteko enzun bear da benik beiñ Jainko beraren itza bezala. Dotrinetan, eta sermoietan esaten zakuna da Jaunak bere lege santan aditzera eman diguna, eta Predikarien bidez itzegiten digu Jaunak berak. Izan bedi dotrinak, eta sermoiak egiten dituana S. Pedro, S. Pablo, San Juan Krisostomo, S. Anbrosio, itzegiten du onen autik Jaunak. Izan bedi Judas bezalakoa, ala ere Jaunak itz egiten du predikatzen duanak Jaun beraren lege Santa aditzera ematen duanean. Etzerate, ez, zuek itzegiten dezuenak, baizik zuen Aita zerukoa da zuetan itzegiten duana, esan zien Jesu-Kristok Apostoluai. Non estis vos, qui loquimini, sed Spiritus Patris vestri qui loquitur in vobis. Baldiñ era oentan enzuten ezpaditugu dotrinak, eta sermoiak, zer frutu atera dezakegu? Frutu atera ordean erraz gerta liteke kalte andia ateratzea, dala ezertan arzen ez dala Jaunak aditzera ematen diguna, dala gerengan esaten degula: etxerako-ere ona lizake au. Jaunarren itz Santua ongi enzuteko enzun bear da gañera zor diogun begiramentu, eta errespetoarekin. Baldin sermoia asitzean lo jartzen bazera, eta noizean beiñ au zabalka batzuek egitera atzera lotsatzen bazera; baldiñ dotrinan, edo sermoian erausian bazaude, edo Elizatik irtenda joaten bazera zimitoriora, edo bazterren batera, au da nolerebait Jainkoaz, eta beraren itz santuaz iseka egitea. Au da adiraztea etsaiarena, eta etsaiarentzat markatua zaudela; eta beldur izan zaite, orrela Jaunaren itz santuagandik igesi zoazenen batean eraman etzaitzan berekin gorputz eta anima. Nere Kristauak, nork sinis lezake, Katolikoen artean au gertatzen dala? Elizaren aurreneko denboretan aiñ errespeto andiarekin enzuten zan Jaunaren itz Santua, non emakumeak-ere txutik egon oi ziran San Agustinek dionez, eta Santuak eritxo zeudenai eginda oi zien eseri zitezela.

        Izan dira Santuak Eskritura Santa buru utsean baizik irakurritzen etzuenak, zeren Eskritura Santan Jaunak itzegiten digun. Eta guk eztegu begiramentu, eta errespeto andiarekin enzungo Jaunaren itz Santua?

        Atzenean errespeto andiarekin ezezik biotz manso, eta humillarekin-ere enzun bear da Jaunaren itza ongi eta dagokan eran enzun nai badezu, ala esaten digu Santiago Apostoluak. Ta zer esan nai ote digu biotz manso, eta umillarekin enzute onek? Esan nai du, enzun bear degula Jaunaren itza sinisten degula dotrina, eta sermoietan aditzera ematen zakuna umilki, ta prest ipinzen degula biotza Jaunak aditzera ematen diguna egiteko, izan dedilla au naiz gozoa, naiz samiña, naiz lakatza, naiz leuna. Sasoi onetan arkitzen zan Dabiden biotza zionean. Nere Jaun Jaungoikoa! prest arkitzen da nere biotza zuk aditzera eman nai didazuna egiteko, prest arkitzen da bai. Paratum cor meum, Deus, paratum cor meum. Samuelek esaten zion Jaungoikoari, itz egin beza Jauna, et aona ni emen prest berorren itzak enzuteko. Loquere Domine, quia audit servus tuus. Era onetan enzun izan bagindu dotrinak, eta sermoiak, zeiñ frutu ugariak ez ginduan aterako oraindañoko gure urteetan? baña, nor dira egungo egunean biotz umill, eta mansoarekin dotrinak, eta sermoiak enzuten dituen Kristauak? Askok ezin sinistu due Jaunaren partetik adirazten dana, beren uste, oitura, edo gogoaren kontra bada, eta denbora berean edozeñ gauza sinisten due nork nai esan dezala beren gustokoa danean. Itzegin bedi bear dan eran itz loi desonestoak esateko, keñada lotsagarriak egiteko, gauetan berandu etxeratzeko, jai egunak ausitzeko oituraren kontra. Itzegin bedi, amarren premiziak egiteko, Kristau bakoitzak duan obligazioaren gañean, eta izango dira batzuek, edo batzuek aiñ ezibageak, eta adiurre gaiztokoak animari dagozkan gauzetan, non sinistuko ez duen dotrinetan esaten dana ukitu ditudan gauz oen gañean. Baña itzegin begie beren gogora dan ez jakiñenak, ozta dotrina dakien batek, eta sinistuko due S. Anbrosioren, S. Agustiñen, eta Santo Tomasen esana baño obeto. Oei deitzen die Jaunak seme errebesen, edo Jaungoikoaren Lege Santa aditu nai ez duenen izenarekin: Filii notentes audire legem Dei. Zuek, nere Kristauak, zuek zerok egia onen testigu ipintzen zaituet. Ekusten dezu, Kristaua, nola enzun bear ditugun dotrinak, eta sermoiak? Dakuskun bada oraiñ, zer egin bear degun oek enzun ondoan.

 

 

§ III.

 

        Lurra ondo prestatzea azia ereiteko, eta ondoren kontuz ereitea gauza bearra da fruturik izango bada; baña ezta oraindik asko abustura iristeko. Azia erein ondoan estali bear da erne dedin; erneta-ere gorde bear da kontuz piztietatik, bidezkoetatik, ganaduetatik, eta gañera denbora egokietan eman bear zaizka bere maneadurak, eta jorrak. Eta ona nere Kristauak, dotrinak, eta sermoiak enzun ondoan guk egin bear deguna Jaunaren itz santuak gugan bere frutu ederrak ematea nai badegu. Estali bear dira biotzean pensamentu onakin eta gogoan erabilliaz dotrinan aditu diran gauzak, erne eta errotu ditezen. Atozea ezperen, baldin Jaunaren itza aditu ondoan bereala utzitzen badiozu zure gogoari nolanai ibiltzen leneko atsegin loien ondoren, edo beste munduko gauzetan; baldiñ Elizatik irtenda bereala etxerako bidean, eta etxean bertan asitzen bazera ergelkerietan, eta itzketa alferretan, zer frutu aterako dezu dotrinetatik, eta sermoietatik? Fruturik batere ez, edo txit gutxi, zeren Jaunaren itz Santua erne baño len biotza betetzen dezun munduko gauzen arantzaz, edo gogorazioz. Au gerta ezdakizun emendik aurrera, kontuz biotzean gorde ezazu Jaunaren itz Santua, Elizan, bidean, eta etxean erabilzu gogoan. Eztezu iñoiz ekusi zer egiten duan ardiak, eta idiak larrean ibilli ondoan? Asitzen da auzmarrean, eta ederki txikituaz len jan duana, igarotzen du urdallera. Au bera egin bear dezu zuk, nik, eta beste edozeñek Jaunaren itz Santua aditu ondoan, San Agustiñek esaten digun bezala: Quae audistis cogitate... Quae comedistis ruminate, sic enim eritis animalia munda, et apta epulis Dei. Era onetan asiko da ernetzen, eta errotzen Jaunaren itza zure biotzean, eta kontu egin bear dezu piztiak, bidezkoak, eta ganadua, au da etsaiak, zure griña txarrak eta lagun gaiztoak galdu ez dezeen, eta atzenean berriz, eta berriz dotriñak eta sermoiak enzunaz, Zerurako bidean saiatuaz lagundu bear diozu Jaunaren itzak zure biotzean asi duan obrari.

        Ar ezazue bada, esango dizuet berriz ere Santiago Apostoluarekin, ar ezazue biotz umill, eta manso batekin zuen animak salba ditzakean Jaunaren itza: In mansuetudine suscipite verbum insitum, quod potest salvare animas vestras. Enzun ezazu itz santua lurra lenago prestatzen dezula; enzun ezazu Jainko beraren itza bezala begiramentu, eta errespeto andiarekin; enzun ezazu umilki sinisten dezula, eta prest jarzen zerala Jaunak aditzera ematen dizuna egiteko. Enzun ezazu, eta kontu egin azi on au ez galtzeaz. Zuk era oentan ekusiko dituzu frutu ederrak, eta iritxiko dezu onen ondoren betiko bizitza doatsua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa