www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI TA BATGARREN ERAKUSALDIA

 

Bizitza ontzeko asmo oso, eta eragillea sortu gabez egiten diran konfesio gaiztoen gañean.

 

Dereliquisti Dominum Deum tuum...
Scito, et vide, quia malum, et amarum est
reliquisse te Dominunt Deum tuum,
Jerem. 2.

 

        Utzi dezu, Kristaua, zure Jaun, eta Jaungoikoa, eta beragana biurtzeko neurri egokiak artu lekuan, ez dituzu ezertan artu nai zure Aita onaren deiak. Jakizu bada, esaten dizu Jeremiasek; jakizu, eta ekusi ezazu, gauza gaizto, eta samiña dala, zuk zure Jaun, eta Jaungoikoa utzi izan dezun eran utzitzea: Scito, et vide, quia malum, et amarum est, reliquisse te Dominum Deum tuum. Egia au begien aurrean ipintzen digue, beste gauz askoren artean, bekatuari darraizkion ondoren samiñak. Oen artean laugarren lekuan ipiñi ginduan konfesio gaiztoak, eta azkeneko bi erakusaldietan itzegin det, lotsaz, edo beldurrez bekatuak konfesatu gabe utzita, egiten diran konfesio gaiztoen gañean. Baña askoz geyago dira, bizitza ontzeko asmo oso, eta eragillea sortu gabez egin oi diranak. Orregatik gaur aditzera emango det, benik beñ nor diran bizitza ontzeko asmo osorik gabe konfesatzen diranak. Urrena, emendik aterako degu, zeñ gauza gaizto, eta samiña dan guk gure Jauna utzitzea. Enzun arretarekin.

 

* * *

 

        Konfesioko Sakramentuarekin gure bekatuen barkazioa iristeko, aitortu bear ditugu gure bekatuak; eta au ere ez da asko; baizik gauza bearra da egindako bekatuen damu egiazkoa aurrera bekaturik beñere ez egiteko asmo oso eragillearekin. Asmo au da bekatu guzietara, larrietara beintzat zabaltzen dana, eta eragillea. Asmo osoa, esan nai dei, biotz guzitik jayoa, eta alako sasoyan ipintzen duana bekataria, non prest jartzen dan, ezergatik ere aurrera bekaturik ez egiteko, ez eta bizitzagatik, edo eriotzagatik ere. Asmo, bekatu guzietara, larrietara beintzat zabaltzen dana; emendik ez da asko bekatu au, edo ura ez egiteko asmoa, baizik bear da, bekatu larririk beintzat batere, eta beñere ez egiteko asmoa. Atzenean, Konfesioko Sakramentuak eskatzen duan asmoa, da eragillea, au da asmo bat, bekataria esnatzen, eta azkartzen duana, aurrera bekaturik ez egiteko neurri egokiak artzera. Emendik bizitza ontzeko, eta aurrera bekaturik beñere ez egiteko asmo oso-eragille gabe konfesatzen diranak, egiten ditue konfesio gaiztoak. Goazen, nor diran oek, ekustera.

        Bizitza ontzeko asmo oso-eragille gabe konfesatzen dira benik-beñ dotrina, eta ongi konfesatzeko prestaera ikasi nai ez duenak. Kristauak, gaitzaren, eta onaren ezagueran sarizen danetik, artu bear du Zerurako bidea, fede, esperanza, eta karidadearen birtuteaz baliatzen dala. Artu bear ditu Sakramentuak, eta atzenean eranzun bear die bere estadu, eta karguen egin-bideak. Eta nola au egingo du, ezpadu arretarik ipiñi nai dotrina ikasteko, eta bere estadu, eta karguak dituan egin-bideak ezagutzeko? Zenbat, eta zenbat onelako ez dira arkituko estadu bakoitzean? Zenbat errietako kargudunen artean? Onelakoak bada konfesatu oi dira bizitza ontzeko asmo oso-eragille gabe. Jauna, edozeñ estadu, eta errietako karguetan bear dira estadu, ta karguaren artzalleak, bestela bereala bukatako lizake guzia. Ala da, baña estadu eta karguren bat artzen duanak ikasi bear ditu bekatu larriaren azpian bere eginbideak. Ala erakusten digu Santo Tomasek: eta au egin gabez, asko bizi dira gaizki.

        Bizitza ontzeko, eta aurrera bekaturik ez egiteko asmo oso-eragille gabe konfesatzen dira bigarren lekuan, bekaturako bide, eta perill urkoak uzteko biotzik ez duenak. Ala erakusten digue Teologoak, eta Espiritu Santuak dio: perilla nai duana, perillean bukatuko da: Qui amat periculum, in illo peribit. Alaere asko dira bekaturako bide, eta perillak utzi gabe bizi diranak, ala konfesioaren aurretik, nola ondoren. Urliarentzat bekaturako bide, eta perill urkoa izan zan etxean, edo auzoan duan mutill, edo neskatx ori: era berean arako etxe artara joatea, bizi dan lekuan bizitzea, lagun gaiztoakin biltzea. Sandiarentzat bekaturako bide, eta perill urkoa izan da erriz erri erakerian ibiltzea: ezkontzeko itza eman zionarekin egotea. Alaere ez due izan biotzik perill oetatik aldegiteko: eta aditzera eman due, konfesatu dirala bizitza ontzeko asmo oso-eragille gabe.

        Bizitza ontzeko asmo oso-eragille gabe konfesatzen dira iaugarren lekuan, besteri bekaturako bidea ematen dioen itz loi, edo modu gaiztoak utzi nai ez dituenak. Batek bere anima galtzea gauza izugarria da: zer protxu aterako du gizonak mundu guzia irabaztearekin, galtzen badu bere anima? Quid prodest homini, si mundum universum lucretur, animae vero suae detrimentum paliatur? Anima bat bakarra du, eta au galtzen badu, non arkituko du aren ordaña, dio Jesu-Kristok: Quam dabit homo commutationem pro anima sua? Baña bere anima galtzeaz gañera lagun urkoarena ere galdu nai izatea, au da Jesu-Kristok bere bizitzaren kostuz irabazi zituan animak saltzea Satanasi, eta Jesusen odol preziotsua alperrikako gauza biurtzea. Añ gauz itsusia da au, non Jesusek berak dion: Ay! bekaturako bidea ematen duanaren zori gaiztokoa! Vae homini illi per quem scandalum venit! Bekatu au ez du ezertan artzen munduak, eta ezertan artu lekuan, zenbat eta anima geyago bekatuan amilderazten diran, anbat, atsegin geyago artzen due bekatariak. Begira ezperen, zer gertatzen dan leku guzietan. Zoaz soroetara, bideetara, plazetara, zer ekusiko dezu? keñada itsusiak, jolas gaiztoak, ipui zikiñak. Zoaz etxeetara, batezere jai arratsetan? Ekusiko dezu, gauetan geratzen dirala zenbait edanean, jokoan, eta gertatzen dirala modu itsusiak. Era onetan lagun urkoari bekaturako bidea ematen diezanak, ez oi due izan biotzik modu gaizto oek osotoro uzteko, eta beragatik konfesatzen dira bizitza ontzeko asmo oso-eragille gabe.

        Bizitza ontzeko asmo oso-eragille gabe konfesatzen dira laugarren lekuan, lagun urkoari onran, izen onean, edo beste ondasunetan egindako kalteak desegiteko, edo jabeari bere gauza biurtzeko arretarik ez duenak. Onelako bekatariak beñ baño geyagotan adituko zuen beren arzai, edo konfesoreagandik, desegin bear dirala osan ditudan kalteak, eta gauza biurtu bear zayola jabeari, baña ez due izan biotzik au egiteko, egin zezakeela. Beraz oek, konfesatu diranean ez due izan, bizitza ontzeko asmo oso-eragillerik, ez dira alabaña esnatu artarako neurri egokiak artzera. Orregatik S. Franzisko Jabierrek, S. Karlos Borrormeok, eta Ritualak berak erakusten dige, ez dakiela eman onelakoai absoluziorik. Eta zenbat era onetako Kristau arkituko dira erri bakoitzean? Batzuek kalte egiten dioe lagun urkoari onran, aurpegira eranzuten diozkeela bere, edo aurrekoen tatxaren batzuek; besteak izen on, edo faman, egozten diozkeela ez dituan utsegiteak, edo agertzen dituela barreatuak ez diranak. Eta ez ote dira arkituko anima añ galdu, ta galgarriak, non lagunai esaten diezan besteri eragindako bekatua? Noiz onelakoak desegingo ditue kalte oek? Badira beste batzuek erriari kalteak eginda, bekatu oek ezertan artzen ez dituenak: badira zorrak leku askotan izan arren, arretarik ipintzen ez duenak oei erantzuteko. Oek guziak konfesatu oi dira; bizitza ontzeko asmo oso-eragille gabe.

        Asmo au gabe konfesatzen dira bostgarren lekuan bekaturako oitura garaitzeko sayatzen ez diranak. Gerta diteke bizitza ontzeko asmorik sendoena artu arren, gero alako tentazioak ekitea, edo alako perillean ustekabean batek bere burua ekustea, non erraz irristatu litekean; baña konfesatuta, tentazio txit esturik gabe, edo perillera borondatez joanda, lenekora biurtzen bada, aditzera ematen du, bizitza ontzeko asmo oso-eragille gabe konfesatu zala. Demagun, urliak duala etxe galant bat, ala lurrez, nola basoz; baña bere alperkeriaz galdu du guzia: ez du urtearen erdirako artorik: eta billa dabil auzoetan: baña nola biurtzen ez dakian ematen zayona, ez dioe ezer eman nai. Ekusirik bere burua gisa onetan, jartzen da bere soroai begira eta dio: ay soroak, soroak! nere alperkeriaz galduak. Laster beste modutan jarri bearrak zerate, eta ez gera arto gosearen beldur izango. Au guzia esan arren, ezpadu arretarik lurrak maneatzeko, simaurtzeko eta iñaurkiñak biltzeko, zer esango degu onelako nekazari alperraz? Esango degu, ez duala artoa ugari izateko asmo oso-eragillerik, baizik iduri utsa. Eta au bera esan bearrak gera bekatariaz, baldin konfesatu ondoan sayatzen ezpada arretarekin, bere oitura gaiztoak garaitzeko. Alperrik ibilliko gera gure nagitasuna gañ txuritzen, au da egia bat ezaguera zuzenak nori nai begien aurrean ipintzen diona.

        Bizitza ontzeko asmo oso-eragille gabe konfesatzen dira seigarren lekuan, beren estadu, eta karguaren egin-bideai eranzuteko arretarik ez duenak. Izan dedilla Erretore, Alkate, Diputadu, guraso bat zintzoa, amar mandamentuak, eta Elizaren bostak ez autsitzeko: baldin bere karguari dagozkan gauzetan arduragabe bizi bada, ez da konfesatuko bizitza ontzeko asmo oso-eragillearekin.

        Azkenean bizitza ontzeko asmo oso-eragille gabe konfesatzen dira lagun urkoaganako gorroto, edo gorrotoaren siñaleak utzi nai ez dituenak; ez due alabaña Salbatzallearen lege Santa gordetzeko asmo osorik. Zer agintzen digu gure Salbatzalleak? Agintzen digu, maite izan ditzakula gure etsayak:Diligite inimicos vestros: on egin zayezue, dio, gorrotatu zaituenai: Et benefacite his, qui oderunt vos.(Math. 5). Onginai ta amorio au, egiazkoa ba da, agertzen da obretan: laguntzen dio lagun urkoari, premiak ala eskatzen duanean bederik, eta ez du erakusten gorrotoaren siñalerik: barkatzen dio etsayari biotz osoarekin. Onginai, ta amorio au gabe bizitu diranak ez due izan, konfesatu diran aldietan, bizitza ontzeko asmo oso-eragillerik. Eta zenbat arkituko ez dira oetatik erri bakoitzean? Badira etxeak lagun urkoaganako gorrotoa jatorriz bezala gordetzen duenak, eta su au itzali gabe igarotzen da gurasoetatik umeetara, eta beste ondorengoetara. Badira, azaria olloaren zai egon oi dan bezala erari itxedoten daudenak lagun urkoari txarkeria egiteko. Badira etsayaren berri onak aditzean naigabetzen, eta berri gaiztoak enzutean poztutzen diranak. Badira, era datorrenean lagun urkoaren kontra itzegiteko, ozka, ta aginka bezala asiko diranak, aren onra, ta izenari utsiki egiten dioela. Ez da oentzat janari añ gozorik, nola dan etsayaren utsegiteak esatea, eta aditzea. Badira etsayari diosala ukatzen, edo muzinka egiten dioenak. Oek guziak konfesatzen dira bizitza ontzeko asmo-eragille gabe. Orra, nere Kristaua, nor diran asmo oso-eragille gabe konfesatu oi diranak.

        Ekusten dezu, zeñ ondoren samiñak datozen, guk gure Jaun ona utzi degun eran uztetik? Ekusten dezu, zeñ egia garbia dan Jeremiasek esaten diguna? Au da gauza gaizto, eta samiña dala guk gure Jauna utzitzea? Scito, et vide, quia malum, et amarum est reliquisse te Dominum Deum tuum. Atozea, eta orain ere etzera zere Jaunagana biurtuko? Ez dezu ekusten, zer galtzen, eta zer irabazten dezun eskergabekeri itsusi orrekin? Ay! galtzen dezu zere Jaungoikoa: galtzen dituzu betiko atsegin kontentuak. Zer irabazi dezu bizitza lotsagarri orrekin? Zer, ezpada Satanasekin infernuan erretzen, eta gogaitzen egotea? Zentza zaite noizbait, biur zaite zure Aita onagana, eta bera amatzen, eta serbitzen dezula, zuk iritsiko dezu betiko bizitza doatsua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa