www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

BERROGEI TA BIGARREN ERAKUSALDIA

 

Adirazten da lenbizia:

Zer aditzen dan dotrinaren izenez, eta zeiñ gauza bearra dan Zerurako.

Bigarrena: Eliz Ama Santaren alegiñak dotrina guri ikas-erazteko.

Irugarrena: Askoren aitzakiak dotrinara ez etortzeko, eta emendik datozen kalteak.

 

In mansuetudine suscipite verbum insitum,
quod potest salvare animas vestras.
Jacobi 1.

 

        Noizbait, noizbait asitzera noa, nere Kristauak, aspaldi nai izan dedan lanean, edo Kristau aziai dotrina azaltzen, eta adirazten. Kristau zerbait adiñean aurreratu dirañak obeto jakin, eta aditu bear ditue dotrinako gauzak aurrak baño; eta jakiunde oen argiarekin jarraitu bear dioe Zerurako bideari, bekatutik, eta bekatuaren bideetatik aldegiñaz, eta Jesu-Kristoren Lege eder-garbia gordeaz. Kristau aziai argitasun au ematea, eta Zerurako bidean arretarekin ibiltzeko esnatzea da Eliz Ama Santak animen arzaiai eskatzen dien gauza bat; eta ona zergatik sall oni ekitera noan. Ez naiz dotrinako gauzak ukitzearekin kontentatuko, baizik aditzera emango ditut gañera Jauna amatzeko, eta serbitzeko ditugun bide, edo motibo andietatik zenbait. Enzun ezazue bada biotz manso, ta umill batekin zuen animak salbatu ditzakean, Jaunaren itza, esaten digu Santiago Apostoluak: In mansuetudine suscipite verbum insitum, quod potest salvare animas vestras; eta au bera eskatzen dizuet nere aisera onetatik. Onetara kuturtu ditezen zuen biotzak, aditzera emango dizuet gaur, lenbizia: zer aditzen dan dotrinaren izenez, eta zein gauza bearra dan. Bigarrena, Eliz Ama Santaren alegiñak dotrinako gauzak guri ikas-erazteko. Irugarrena, askoren aitzakiak dotrinara ez etortzeko, eta emendik datozen kalteak. Enzun nazazue kontuz.

 

* * *

 

        Dotrinaren izenez aditzen da Jesu-Kristoren lege Santa galde, ta erantzute laburretara biurtua, eta era onetan arkitzen da Aita Asteteren liburu ederrean. Bere sarreran itzegiten du Kristauaren izate, izen, eta siñalearen gañean. Gero lau partetan erakusten dizkigu, Kristauak jakin bear dituan, gauzak. Lenengoan zer sinistu bear degun, eta onetarako dira Kredoa, ta Artikuluak. Bigarrenean erakusten digu, zer Jaunari eskatu bear diogun, eta onetarako dira Aita Gurea, Abemaria, ta Salbea. Irugarrenean erakusten digu, zer egin bear degun Zerurako, eta onetarako dira Jaunaren legeko amar Aginteak, Elizako bostak, eta Miserikordiazko obrak. Gañera animaren etsaien, bekatuaren, eta birtuteen gañean dakartzian gauzak laguntzen due asko, zer egin bear degun jakiteko. Laugarren Partean erakusten du, zer artu bear degun, edo zazpi Sakramentuak, eta oen ondoren ukitzen ditu zenbait gauz on.

        Ezagutzeko, zeiñ gauza bearra dan Zerurako dotrina jakitea, begira Kristaua, zertako egin zinduan Jaunak? Zenbat gauza bear diran zuk zuri dagokizuna egiteko, eta nola guzia erakusten dizun dotrinak bere lau Parteetan. Zertako egiñ zinduala Jaunak uste dezu? Egin zinduan bera ezagutzeko, eta ezaguturik amatzeko, eta serbitzeko, eta gero betikotasun guzian berarekin batean doatsu izateko. Emendik atera ezazu, zure lan, edo egitekorik andiena, ta bearrena, edo bakarra dala zure Jaungoikoa ezagutzea, ta ezaguturik amatzea, ta serbitzea. Zenbat gauza bear dira zuk zure lan au ongi egiteko? Iru gauza, eta irurak iristeko bidea ederki erakusten dizu doktrinak bere lau Parteetan. Lenengoa da ezagutzea fedearen argiarekin zein maitagarria dan gure Jaungoikoa, eta ezaguera onekin esnatzea bera amatzeko, eta serbitzeko, edo bera amatu, ta serbitu-nai egiazko bat sortzea biotzean. Esan gidazu, nola amatuko, ta serbituko dezu zure Jaungoikoa, ta beraren Seme Jesus, ezpadezu ezagutzen, zein ona, eta maitagarria dan? Eta nola, zure biotzean sortzen ezpada gogo, ta nai egiazko bat? Ezin datekean gauza da ori. Eta nondik, eta nola ezagutuko dezu Jainkoaren ontasun, eta maitagarritasun paregabea? Dotrinaren lenengo Partea, edo zer sinistu bear dan jakitearekin. Gauza guziak nolerebait ari dira guri adierazten, zein maitagarria dan gure Jaungoikoa; baña ezaguera au ezta asko guk bear dan eran bera amatzeko, ta serbitzeko. Jaun au da gu Zerurako egin ginduana. Jaun au da, gu Adanen bekatuarekin galduak ekusirik, gizon egin zana, gurutzean bizitza eman zuana. Jaun au da bere Eliza ainbeste nekerekin altxa zuana, bere umeen artean artu gaituana, eta Zerurako bidea berriro prestatu diguna. Zein on, eta maitagarria ez da, au guzia gure alde egin duan, Jauna? Baña maitagarritasun au da fedearen argiak bakarrik erakusten duana, sinisteko erakusten dizkigun, gauzetan, batezere Kredoan, eta fedearen Artikuluetan. Eta ona zein gauza bearra dan Kredoa, ta fedearen Artikuluak ongi jakitea, ezagutzeko Jaunaren maitagarritasuna fedearen argiarekin, eta ezaguera onekin mugitzeko bera amatzera, ez bakarrik gauza guzien Egillea bezala, baita ere zeren fedeak erakusten digun aldetik dan ezin geiagoraño on, eta maitagarria.

        Jaungoikoa amatzeko, ta serbitzeko ezta asko bera ezagutzea, ta amatu, ta serbitu nai izatea, bear da gañera artarako eskua, ala, edo indarra. Izan dezakezu zuk Jerusalengo leku Santuak ekusteko nai andi bat, baña ezpadezu oñetan indarrik pausorik emateko, eta ezpadezu gañera ez zaldirik, ez ontzirik, etzera ara joango beñere. Era berean ez dezu zuk zure Jaungoikoa bear dan eran amatuko, beraren maitagarritasuna ezagututa-ere, ezpadezu artarako esku, al, eta indarrik, edo berbera dana Jaunaren grazia, ta Zeruko laguntza, ta indarra. Jaunaren graziaren izenez aditzen da arako Espiritu Santuak animari bataioan, edo konfesioko Sakramentuan, edo beste edozein Sakramentutan ematen dion doai miragarri ura. Au da animaren bizitza, eta santutasuna, eta deitzen dio Jesu-Kristok eztaietako soñekoa. Au da gu Jainkoaren Seme, Jesu-Kristoren senide, eta Zeruaren jabegai egiten gaituana. Grazia au gabe egiten diran obra guziak, berenez onak diranean-ere, dira illak, zeren sustraia illa dagoan: eta emendik gauza bearra grazia au guk gure Jaungoikoa amatzeko, ta serbitzeko. Gañera graziaren izenez aditzen dira Jaunak bekatutik aldegiteko, ta obra onak egiteko adimentura bidaltzen dituan argiak, eta biotzari egiten diozkan ukitzeak; deitzen zaio grazia oni Zeruko laguntza, ta indarra, eta grazia au-ere gauza bearra da guk gure Jaungoikoa amatzeko ta serbitzeko. Au gabe ez gera gai, edo ez gera gauza pensamentu on bat-ere egiteko, ez eta Jesus esateko-ere, dio S. Paulok. Nemo potest dicere Dominus Jesus nisi in Spiritu Sancto. Eta nondik, eta nola jakingo du Kristauak Zeruko grazia oek iristeko bidea? Nondik? Dotrinaren bigarren, eta laugarren Partetik. Bigarren Partean erakusten zaku, zer eskatu bear diogun Jaunari, eta nola eskatu bear diogun, eta onetarako da Aita gurea, arako Jesu-Kristok berak bere Elizari utzi izon erregu miragarri ura. Erregu onetan eskatzen diozkagu Jaunari betiko bizitza doatsua, animako grazia, eta emen bizitzeko bear ditugun gauza guziak. Eta nola gure erreguak askotan izan oi diran edo epelak, edo gaizki egiñak, Eliz Ama Santak erakusten dizkigu Abe Maria, eta Salbea, Birjiña txit Santaren bitartekotasunarekin iristeko bear deguna. Laugarren partean erakusten zaku, zer artu bear degun. Bazekusan Jesu-Kristok, bataioko Sakramentuan guri graziaren bizitza eman arren, gu izango giñala argalak, onerako nagiak, eta gaitzera makurtuak, eta eman zigun grazian iraun, eta aurreratu gindezen ipiñi zituan beste Sakramentuak, batez ere Komuniokoa. Au da bizitzako arbolaren fruta egiazkoa, eta au sarritan, eta debozioz artzen dala bizi diteke Kristaua, bekatuaren eriozaren atzaparretan erori gabe, Jesu-Kristok berak esana utzi zuan bezala. Bazekusan gañera Jesu-Kristok, Kristaurik geienak galduko zuela bataioan artu zuen graziaren bizitza, eta geratuko zirala animaren aldetik illak, eta piztu zitezen ipiñi zuan Konfesioko Sakramentua. Ona, nola dotrinaren bigarren, eta laugarren Partea jakitearekin dakian Kristauak, nola, ta zer bidez iritsiko dezakean Jauna amatzeko, ta serbitzeko bear duan, grazia, al, eta indarra.

        Ezta hau-ere asko guk gure Jaungoikoa amatzeko, eta serbitzeko. Egizu kontu, ezagutzen dezula zuk gure Jaun Erregea, eta badezula bera serbitzeko nai, edo deseo andi bat, baita artarako modua-ere. Ezta asko au zuk Errege serbitzeko; jakin bear dezu onetarako, zer zuk egitea nai duan Erregek, eta au jakiñik ederki serbi dezakezu. Au bera gertatzen da Jainkoa amatzearen, eta serbitzearen gañean. Ez da asko ezagutzea, zein on, eta maitagarria dan Jauna, ez eta bera amatzeko nai utsa ere. Ezta asko zuk artarako bear dan esku, al, eta indarra izatea; jakin bear dezu gañera, zer zuk egitea nai duan Jaun onek. Eta nola jakingo dezu au? Dotrinaren irugarren Partetik. Parte onetan erakusten dira, guk egitea Jaunak nai duan gauzak; emen Jaunaren Legeko amar Aginteak, Elizako bostak, eta miserikordiazko obrak. Oen ondoren erakusten digu dotrinak aldegin bear diegun animaren etsaiak, zer dan bekatua, bekatu kapitalak, oen kontrako birtuteak, eta beste zenbait gauza egoki Jauna serbitzeko zer egin bear degun jakiteko.

        Oraindaño ukitu ditugun gauzak jakitea Kristau guziai dagotena da. Oez gañera jakin bear ditu bakoitzak bere estadu, ta karguari dagozkan eginbideak. Ala esaten digu Santo Tomasek: Singuli autem tenentur scrie ea, quae ad eorum statum, cel officium spectant. Ekusten dezu, Kristaua, zeiñ gauza bearra dan dotrina? Zein bearra onek bere lau Parteetan dakarrena jakitea? Jakiunde au da Jaungoikoaren, eta aren Seme Jesu-Kristoren ezaguera ematen diguna, eta ezaguera onetan dago betiko bizitza doatsua, dio S. Juanek, au da betiko bizitza doatsua iristeko bidea: Haec est vita aeterna, ut cognoscant te solum Deum verum, et quem misisti Jesum Christum. Jakiunde au da, guri agertzen diguna gure Jaunaren ontasun neurririk, eta bazterrik ez duana Kredoan, eta Artikuluetan. Jakiunde au da Zerurako bidean bear degun argitasun guzia ematen diguna. Jakiunde au da Erregeak, Prinzipe, ta gizon andiak, Obispo Jaunak, eta Aita Santuak-ere, Zerurako badira, guk bezala ikasi, beren biotzean gorde, eta obretan erakutsi bear duena. Jakiunde au da Eskritura Santak ainbeste laudatzen, eta aiñ gora altxatzen duana. Nai izan nuan, eta eman zat zentzua, dio jakintsuak Eskrituran. Optavi, et datus est mihi sensus. Eskatu nion Jaunari, eta etorri zan nigana jakiundearen espiritua. Erreñuak, eta Erregeen jarlekurik andienak baño geiago estimatu nuan, eta onen pare ipiñirik munduko ondasun guziak ez nituan ezertan iduki. Divitias nihil esse duxi in comparatione illius. Arri eder-preziotsuak ez nituan ezertan artu onen aldean. Urrea, dan garbiena, eta fiñena-ere, ondar ale bat bezala da jakiundearen pare, eta loia iduringo du onen aurrean zillarrak. Omne aurum in comparatione illius arena est exigua, et tanquam lutum aestimabitur argentum in conspectu illius. Ongi: eta au onela bada, dan bezala, etzera saiatuko, Kristaua, dotrina ederki ikastera? Dotrinara etortzera aldezun guzian, eta zere mendekoak bidaltzera? Baña asko degu gaurko. Uste nuan baño geiago luzatu naiz lenengo puntuan, eta beste biak ukituko ditut urrengo Erakusaldian. Enzun ezazue, nere Kristauak, biotz manso, ta umil batekin, zuen animak salbatu ditzakean, Jaunaren itza. In mansuetudine suscipite verbum insitum, quod salvare potest animas vestras. Jaunari nai dakiola Zeruko jakiunde au guk iristea, eta onekin bizi gerala Jaunaren grazian gure egunak bukatzea. Au da nik opa dedana guziontzat Aitaren, eta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa