www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

BERROGEI, TA LAUGARREN ERAKUSALDIA

 

Adierazten da lenbizia:

Zeiñ marka gaiztoa dan dotrinak, eta Jainkaoren itza ez entzutea, eta nor diran marka onekin dabiltzanak.

Bigarrena: zeiñ marka, edo siñale ona dan dotriñak, eta Jainkoaren itza ongi entzutea, eta nor diran marka onekin arkitzen diranak. Zer frutu emendik atera bear degun.

 

In mansuetudine suscipite verbum insitum,
quod potest salvare animas vestras.
Jacobi 1.

 

        Enzun ezazue biotz umill, eta manso batekin, zuen animak salbatu ditezkean, Jainkoaren Itza, esaten digu Santiago Apostoluak. Gure biotzak sasoi eder onetan ipiñi naiez, lenengo bi Erakusaldietan itzegin dizuet zerbait dotriñak, eta Jainkoaren itza entzutearen gañean. Aditu zinduen azkenekoan Eliz Ama Santaren alegiñak dotrina guri ikas-erazteko. Aditu zinduen gañera askoren aitzakiak dotrinetara ez etortzeko, eta emendik datozen kalteak. Gaur aditzea eman nai dizuet, lenbizia, zeiñ marka gaiztoa dan dotrinak, eta Jainkoaren itza ez entzutea, eta nor diran marka onekin dabiltzanak. Bigarrena, zeiñ marka, edo siñale ona dan dotriñak, eta Jainkoaren itza ongi entzutea, eta nor diran marka onekin arkitzen diranak. Bukaeran ukituko det emendik atera bear dan frutua. Entzun nazazue kontuz.

 

* * *

 

        Zer marka ote da dotrinak, eta Jainkaoren itza ez entzutea? Marka guziz gaiztoa, et izugarria, au da alabaña infernuko unaiak bere mendean, eta beretzat daukan taldearen marka. Ala esana utzi zigun Jesu-Kristok Ebanjelioan. Argatik zuek, esan zien beiñ Juduai; argatik zuek entzuten ez dituzue Jainkoaren itzak, zeren Jainkoarenak etzeraten: Propterea vos non auditis, quia ex Deo non estis. Jesu-Krsitoren itz oetatik argiro ezagutzen da, dotrinak, eta Jainkoaren itza entzun litekeala, ez entzutea dala infernuko unaiak beretzat bildu duan taldearen marka, edo siñalea.

        Nor ote dira marka izugarri onekin dabiltzanak? S. Gregoriok iru taldetan ipintzen ditu, eta talde bakoitzak badu dagokan marka. Lenengoa da dotrinak, eta Jainkoaren itza entzun litzakeala entzuten ez dituenen taldea. Non audientium. Eta, zuek ongi dakizuen bezala, andia izan oi da erri bakoitzean talde au. Ez dira noaski izango emen ere lautatik bat dotrinetara, eta Jainkoaren itza entzutera etortzen diranak, eta oek geienean batzuek berak; gañerakoak, gaixo, edo eri arkitzen diranak ez, beste guziak iges egin oi due dotrinetatik, eta Jaunaren itzagandik, eta bizi dira etsai galgarrien markarekin, eta aren lenengo taldean, S. Gregorik dionez: Non audientium. Ez da au gauz izugarria, nere Kristauak? Nola gertatzen ote da au Kristauen errietan? Entzun ezazue, nola.

        Batzuek iges egiten due dotrinetatik, eta Jainkoaren itzagandik, zeren biotzik ez duen bekatutik, eta bekatuaren bideetatik aldegiteko, eta Jainkoaren itzak onetara deituko dien. Gertatzen da gurekin S. Agustiñi gaizki bizitu zan denboran gertatzen zitzaiona. Ezagutzen zuan Santuak, zein gauz ederra zan birtutea; baña etzuan biotzik bekatuaren atsegiñ lizunak betiko utzitzeko, eta beldur zan Jaunak bereganatu, edo atxitu zezan, eta ekusi zezan bere burua ainbeste maite zituan atsegin, eta kontentu gabe. Ala esaten dio berak Jaungoikoari: Timebam, ne caperes me. Onen antzeko gauza bat gertatzen da bada asko bekatarirekin, batezere oitura gaiztoetan ondatuak bizi diranean. Ezagutzen du litxarrerian bizi danak, ezagutzen du adiskidetasun gaiztoetan nastua dagoanak, ezagutzen du gorrotoan dagoanak, gauz ona, eta ederra dala Jaungoikoa serbitzea, eta beraren lege santa gordetzea, baña ez du biotzik oraindik orretarako bear dana egiteko; eta Jaunaren itza entzutera badator, beldur da, estutu, ta beartu dezan itz onek, utzi nai ez litukean, oitura txarrak utzitzera.

        Beste batzuek igesi dabiltza dotrina, eta Jaunaren itz santua enzutetik, zeren oituak dauden, goizeko Mezaren bat entzun da, jai egunak nola nai igarotzera, edo etxean, edo edanean, ta lasaikerietan, edo basoak, ardiak, eta beiak ekusten, ta idoloak bezala adoratzen. Onelakoak dira ontzak bezala. Ontzak iges egiten du argiagandik, eta ozta agertzen da eguantzaren argitasuna, ezkutatzen da tellatuetako zuloetan, edo aritz, edo gaztaña-zarren baten barrunbean, eta ez da andik irtengo arratseraño. Ala bizi dira asko Kristau beren denbora guzian: iges egiten due arikako argiagandik, eta iltzen dira Zerurako bidearen berririk ongi ikasi gabe. Zeiñ gauza ikaragarria era onetan Jaungoiko aserratuaren aurrean agertzea!

        Beste batzuek ez dira etortzen dotrinak, eta Jainkoaren itza entzutera araso, eta egitekoen aitzakiarekin. Baña aitzakia onek ez du batere edertzen Jaunaren begietan beraren itz santua entzuteko zabarkeria, eta gogoaren flata. Iñoiz, edo berriz gerta diteke egitekoak egiaz eragoztea Elizara etortzea Jaunaren itza entzuteko denboran, baña sarritan, eta oituraz? Au ezin datekean gauza da. Zeer? Ez degu denbora arkitzen nai degun gauza guzirako? Ez degu denbora arkitzen feriara, ostatura, basora joateko? Nola ez degu arkitzen dotrinak, eta Jainkoaren itza entzuteko? Gañera, zertarako egin zinduan, Kristaua, zure Jaunak? Etzinduan egiñ bera ezagutzeko, amatzeko, ta serbitzeko, eta gero betikotasun guzian berarekin batean Zeruan doatsu izateko? Beraz zure egitekorik andiena, ta bearrena, edo obeto esateko bakarra da zure Jaungoikoa ezagutzea, amatzea, ta serbitzea; gañerako egiteko guziak onen pare ipintzen badituzu, ez dira aurren jolasak besterik, S. Agustiñek esan zuan bezala. Bildu itzatzu, nai badezu, lurrak bere sabelean ezkutaturik dauzkan urre, zillar, eta ondasun guziak; egin zaite lurraren gañean arkitzen diran ardien, beien, basoen, ta berazeen jabe: zer probetxu aterako dezu ondasun oetatik guzietatik galtzen badezu zure anima? Esaten dizu Jesu-Kristok: Quid prodest homini si mundum universum lucretur, animae vero suae detrimentum patiatur. Ona nor diran etsaiak bere markarekin lenengo taldean darabiltzanak. Non audientium. Jesu-Kristok berak aditzera ematen digu oekin egingo duana, ezpadira zentzatzen. Guraso prestu batek prestatu zuan afari andi bat, dio Jesu-Kristok: deitu zituan asko. Gauza guziak prest arkitzen ziran denboran, gaztigatu zien, zijoazela afaritara; baña etzitzaikan joan, ematen zuala bakoitzak bere aitzakia. Batak esan zuan, erosi det baserri bat, eta urase ekustera joan bear det. Besteak esan zuan, bost idi-ustarri erosi ditut, eta aek progatzera noa. Besteak esan zuan, ezkondu naiz, eta ezin noake. Aditurik aitzakia oek, esan zion guraso prestu ark morroiari: oa kale, ta plaza orietara, eta ekarri itzak arkitzen dituan beartsu, eri, urgun, ta itsu guziak. Ala egin zuan morroiak. Maia bete zanean esan zuan nagusiak: Nik esaten dizuet: Dico autem vobis, nik deitu ta etorri ez diran orietatik batek-ere ez duala progatuko nere afaria. Nemo virorum illorum, qui vocati sunt, gustabit caenam meam. Itz oetan aditzera ematen digu, ez degula progatuko Zeruko atsegin-kontentuen afari andia, aitzakiakin iges egiten badegu dotrina, eta Jainkoaren itzagandik.

        Etsaiak beretzat markatua darabillen, bigarren taldea da, S. Gregoriok dionez, dotrinak, eta Jainkoaren itza entzun arren, Jaunak adierazten dienari biotzean lekurik ematen ez dioenena. Non acceptantium. Nere Kristauak, ez degu ezer egiten dotrinak, eta Jainkoaren itzak entzutearekin, Jainkoak adirazten diguna egiten ezpadegu; ez dira justuak Jaunaren begietan beraren lege santa nola nai aditzen duenak, dio S. Paulok: Non enim auditores legis justi sunt apud Deum, baizik justu ta onak izango dira lege onek erakusten duana egiten duenak: Sed factore legis justificabuntur. Eta Jesu-Kristok berak esaten digu: Zori onekoak Jaunaren itza entzuten duenak: Beati, qui audiunt verbum Dei, et cutodiunt illud. Emendik, Jaunaren itz santua aditu ta, biotzean leku ematen ez dioenak, ez due Jesu-Kristoren artaldeko marka, baizik etsaiaren bigarren taldekoa: Non acceptantium: ta talde au ere ez da noaski txikia, ongi begiratzen badegu, nola entzuten duen askok Jaunaren itza. Nai dezu, Kristaua, aditu au? Zaude bada kontuz, eta adiezazu esatera noana.

        Batzuek entzuten ditue dotrinak, eta Jainkaoren itzak, eta entzuten ditue gustoz azaletik dijoazenean, eta Birjiña txit Santaren bitartekotasun, eta urrikimentuaren, eta betiko bizitza doatsuaren gañean itzegiten danean. Nork alabaña gauz oek gustoz adituko ez ditu? Baña dotrinak argiro begien aurrean ipintzen baditue gertatu oi diran, edo erraz gerta ditezkean okerrak, orduan ez ditue gustoz aditzen, gai artan erren egiten duenak, eta onela aditu lekuan, beren gogoa, ta biotza itzultzen ditue beste aldetara, aurpegiko mantxak, eta zimurtuak agertzen zituan ispilluagandik emakume batek begiak kendu oi zituan bezala. Onelako Kristauak dira, Isaias Profetak dionez, Jaunaren lege ederra dan bezalakoa aditu nai ez duenak; Filii nolentes audire legem Dei, eta berengan esaten duenak: ez guri orrelako gauza gogorrik esan, baizik gauza beratxoak, eta gustokoak: Loquimini nobis placentia. Beste batzuek gustoz entzuten ditue dotrinarik zorrotzenak-ere giarrean ukituak izan ditezen artean. Itzegin bedi kutiziaren kontra, deadar egin bedi tratu gaiztoen, eta lagun urkoa odol ustutzeko asmatu diran bideen kontra; nolako gustoarekin ez dago edalea gauz oek aditzen? Emen ote dira urlia, eta sandia, dio beregan. Itzegin bedi edanean igarotzeko oitura lotsagarriaren kontra; agertu bitez, erriai, etxeai, umeai, eta animai emendik datozkien kalteak, esan bedi oitura au sartzen bada, dala minantze bat ezin sendatu ditekeana, edo txit nekez sendatzen dana. Gauz oek entzuten ditu kutiziaren suarekin erkitua dagoanak poz andiarekin, eta duan damua da, sandia, ta berendia Elizan ez arkitzea. Au bera gertatzen da beste bekatu askoren gañean itz egiten danean. Gustoz entzuten ditue beren txanda datorkien artean; baña au datorrenean, eta Jaunaren itzak giarra ukitzen dienean, sumintzen dira, aienatzen due biotzetik Jaunaren itza, eta bear bada aserratzen zate Predikariaren kontra. Egiten due onelakoak zezenak plazan suzko banderillakin beiñ baño geiagotan egiñ izan duana. Egozten diozkee susko banderillak, eta bere miñarekin botatzen ditu askotan beregandik lepardatzari dardar eragiñaz. Au bera egiten due askok Jaunaren itzarekin, giarreraño igarotzen bazate; botatzen due berengandik suzko banderilla baliz bezala. Au askotan gertatzen da baña batezere esaten danean, biurtu bear dala erriari, edo lagun urkoari sisatu zaiona; utzi bear dala gorrotoa, itzegin bear dala etsaiarekin, Jaunak agintzen duan denboretan, modu onean, utzi bear dirala betiko bekaturako bide, eta perillak, onelako etxetan sartzea, urliarekin, edo sandiarekin itzegitea. Beste batzuek ain dira beren iritzirai itsatsiak, non beren uste okerra argiro agertu arren, ezin sinistu duen, eta arkituko dira noaski zenbait ain zakarrak, ain moldakabeak, eta jakiñezak, non fede gauzak-ere sinistuko ez dituen, bere uste, eta usanzaren baten kontra badira. Gaur aditu deguna egia bada, etzeagok guretzat Zerurik, dio batek, eta erantzuten dio bere antzeko batek: Ah! txoroa; ara igo ezkero zerbait esan bear die. Zer esango degu onelakoaz? Zer, egunaren erdian estropozoka dabiltzan itsuak dirala baizik? Isaiasek zion bezala: Impegimus meridie quasi in tenebris. Au gertatu oi da ez gutxitan batezere amarrenen, gorrotoaren, eta besterena biurtu bearraren gañean itz egiten danean. Enzun ezazu, Kristaua, Españako erri batean gertatu zan Jaunaren kastigu izugarri bat. Arrats batean kaleetan predikatzen zijoan Misionari bat, eta etxe baten parean igarotzean otsegin zuan: Ah! emakume doakabea! Ai! beldur naiz, ogei ta lau orduren barrunbean auts biur zaitezen. Balkoian zegoan neskatxa bat guraso prestuen umea, baña gazte batekiñ adiskidetasun gaiztoan bizi zana. Predikariaren itz oek igaro zioen biotza batetik bestera; sartu zan barruna, ta asi zan damu andi batekin negar egiten. Andik laster an zan beste urlia, eta jakiñik gertatu zana, asi zan Predikariaren kontra erausian, eta atzenean bekaturako bideak ematen. Ekusirik ezin kuturtu zuala neskatxa, atera zuan puñal bat, onez ezpazan gaitzez nai zuana eragiteko. Orduan esan zion neskatxak, zoaz gelara, eta itxozu an. Geratu zan Birjiña txit Santaren imajiña baten aurrean; asi zan negarrez eskatzen gorde zezala arren perill artatik. Onela igaro zuan gaua; eta nola gazte aren deirik izan etzuan, sartu zan gelan, eta gauz arrigarria! arkitu zuan illa, eta auts biurtu zan guzia. Orra zer dan Jainkoaren itz Santua, aditu ta, biotzetik aienatzea, ta orra nola txikia ez dan etsaiak bere markarekin darabillen taldea: Non acceptantium.

        Etsaiak beretzat markatua daukan irugarren taldea dira S. Gregoriok dionez, Jaunaren itza entzunik Zerurako bidea artu duenak, baña atzera bekatura, eta etsaiaren aldera biurtu diranak. Recibivantium. Marka au da guzien artean izugarriena, zeren berekin daraman eskergabekeria guziz itsusi bat. Argatik S. Pedrok dio, onelakoak dirala gorakoak bota, eta atzera jaten dituan zakurra bezala: Canis reversus ad suum vomitum, edo lokazdi batean irabiatua dagoan zerria bezala: Et sus lota in volubrato luti. Etsaiak marka onekin darabillen taldea da guziz ugaria; gutxi dira alabaña Jaunaren itzak, Zerurako bidean iñoiz, edo berriz ipiñi ez dituanak garizuma edo Misioren batean bederik, ta oetatik geienak nekatzen, eta asperten dira Jaungoikoa serbitzeaz, eta igarotzen dira berriro bekatuaren mendera, eta etsaiaren taldera. Kontentu izango nintzake, dio Aita Kalataiudek, Misioetan Jaunaren grazian jarri diranetatik amarretatik bik iraungo balue bizitza onean. Baña gai onetan ez det nai zuek zerok beste testigurik. Zuek ezagutu dituzue biraugilleak, ta juramentuak nola nai egiteko oitura duenak. Ezagutu dituzue jai egunetan bearrean aritzeko, eta dotrinetatik iges egiteko oitura duenak. Ezagutu dituzue edanean igarotzeko griña lotsagarria duenak. Ezagutu dituzue itz loi-desonestoak esateko, eta ipui zikiñak kontatzeko erraztasuna duenak. Ezagutu dituzue errikotik, eta auzoetatik litxarrerian gau, ta egun ari diranak. Ezagutu dituzue lagun urkoaren izen onari, edo famari ozka, ta aginka ari zaizkanak. Ezagutu dituzue gurasoak, errietako buru, eta kargudunak zabarrak bere egin-bideetan. Oek guziak, edo geienak noizbait esnatu zituan Jaunaren itzak garizuma, edo misioren batean, eta sartu ziran konfesio onaren bidez Jesu-Kristoren artaldean. Esan gidazue orain oetatik zenbat ezagutu dituzue bekatuaren berrizkaturan erori gabe iraun duenak? Ez dezazuela esan, nik gogor itzegin dizuedala; baizik zerengan deritzazuena, eta aitortuko dezue, gutxi dirala Jaunaren grazian dirauenak, eta guziz ugaria dala etsaiaren irugarren taldea. Ekusi degu, nere Kristauak, zein marka gaiztoa dan dotrinak, eta Jaunaren itza ez entzutea, eta nor diran marka onekin dabiltzanak. Ukitu dezagun orain, zeiñ marka, edo siñale ona dan dotrinak, eta Jainkoaren itza ongi enzutea, eta nor diran marka onekin arkitzen diranak.

 

* * *

 

        Dotrinak, eta Jaunaren itz Santua ongi entzutea da Jainkoaren ume autuen, eta Jesu-Kristoren artaldearen marka; eta ezta asko au jakitea, zeiñ ederra dan marka au, ezagutzeko? Da benik beiñ Jainkaoren ume autuen marka, ala dio alabaña egia bera dan Jesus maitagarriak: Jainkoarena danak entzuten ditu Jainkoaren itzak, esaten digu: Qui ex Deo est, verba Dei audit. Da gañera Jesu-Kristoren artaldearen marka, eta berak au ere esana utzi zuan. Ni naiz, dio, Arzai ona: Ego sum Pastor bonus. Nik ezagutzen ditut nere ardiak, eta oek ere ezagutzen naue ni. Cognoscunt me. Baditut beste batzuek oraindik artalde onetan arkitzen ez diranak; ekarri bear ditut aek ere, eta entzungo due nere deia, eta guziak egingo due artalde bat, eta izango due Arzai bat: Vocem meam audient, et fiet unum ovile, et unus Pastor. Ona zeiñ marka ona dan dotrinak, eta Jaunaren itza ongi entzutea? Baña zeiñ ote dira marka onekin arkitzen diranak? Oek dira Jaunaren itzaren gose, eta egarria duenak, al duenean entzuten duenak, eta Jaunak adirazten diena kontuz egiten duenak. Irauten badezue nere itzean, edo itz onek erakusten duana egitean, zuek egiaz izango zerate nere ikasleak, dio Jesu-Kristok. Si vos manseritis in sermone meo, vere discipuli mei eritis. Zori onekoak; dio berriz Jainkoaren itza entzuten, eta gordetzen duenak: Beati, qui audiunt verbum Dei, eta custodiunt illud.

        Zer frutu emendik atera bear degu? Lenengo frutua sortzea biotzean dotrinak, eta Jaunaren itza enzuteko nai andi bat, eta al dezunean etortzea. Jateko gogorik batere gabe arkitzen dana, ez dago ongi bere osasunan; eta era berean ez dago ongi bere animan Jaunaren itz Santauren nai, edo gogorik ez duana. Bigarren frutua biotza prest ipintzea Jaunak aditzera eman nai diguna ongi entzuteko. Itzegizu, Jauna, ta emen dago zure serbitzaria, zuk diozuna entzuteko, ta egiteko, esaten zion Samuel Profetak Jaunari. Loquere Domine, quia audit servus tuus. Au bera esan bear diogu Jaunari, beraren itz Santua entzuteko jartzen geranean, eta ez degu begiratu bear nor dan Predikaria, baizik noren izenean datorren. Irugarren frutua, Jaunak aditzera ematen diguna gogoan ongi erabiltzea, eta egiteko arreta artzea. Au izango da Jaunaren itza entzuea Santiagok dion bezala, edo biotz mansoarekin: In mansuetudine. Au izango da etsaiaren marka gaiztoa kendurik, Jesu-Kristoren artaldeko marka ederra artzea: eta onekin irauten badegu, iritsiko degu, guretzat ainbeste nekerekin gure Arzai onak irabazi zuan, Zeruko gloria. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa