www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI TA BOSTGARREN ERAKUSALDIA

 

Baña gure fiñ-goi-miragarriaren gañean lenengoa.

 

Ecce nunc tempus acceptabile,
ecce nunc dies salutis.
2 ad corrint. c. 6.

 

        Noiz artean, bekataria, noiz artean izango zera aiñ pisua, eta nagia zure animari dagozkan gauzetan? noiz artean usarrean, eta muturka ari bear dezu lurraren gañean, zertarako zure egille onak egin zaituan begiratu ere gabe? Zergatik aunatzen zera, gezurra, engañioa, ta iduripen utsa besterik ez diran, gauzen billa? Zeri zagozkala amatzen dituzu Munduko gauza uts-zirzillak, eta atsegin lotsagarriak? Era onetan deadar egiten zuan denbora batean Dabid Santuak. Ta zer? Dabidek bere denboran ziona, ez ote da egiaz, eta bidez esango, Kristaua, zuzaz, eta geyen geyenaz? Zenbat, eta zenbat izango dira alabaña gaistakeria, ta bekatuen oituran urte asko oetan oatuak bezala arkitzen diranak? Zenbat bekatuaren berrizkaturen mendean bizi diranak, len konfesioan bota zituen gaistakeriak berriro zakurraren eran jaten dituenak? Zenbat bekatuaren bide, ta perilletan begi bietaraño ondatuak daudenak? Zenbat, edanerako griña gaistoa utzi nai ez duenak? Zenbat, birau, edo madarikazioak botatzen dituenak? Zenbat guraso, ume, ta mirabeai dotrina, ta Zerurako bidea erakusteko konturik, eta arretarik ez duenak? Zenbat gazte errebesak, eta gogorrak eren guraso, ta nagusi, edo etxekoandreakin? Zenbat, litxarreria, losentxa, gezurra, eta tranpa beste gabe bizi diranak? Zenbat beren itzegite, begiratze, ta keñada Iotsagarriakin animen eralle, ta etsayaren miru biurtu diranak? Zenbat, eta zenbat lagun urkoaren izen on edo famari beti ozka, ta aginea ari zaizkanak? aren gauza guziak beztutzen, okertzen, alde gaistora botatzen dituenak? Zenbat, eta zenbat esaminarik ongi egin gabe, damurik, eta ontzeko asmo oso gabe konfesioko Sakramentura, ta Jaunaren mayera etortzen diranak? Esan diteke alde aldean Dabidek ziona: Aldegin due guziak Jaunagandik, ia galdu dira denbora berean Jaunarentzat. Ezta arkitzen gauz onik bear bezala beintzat egiten duanik. Non est usque ad unum. Badakus au guzia Eliz Ama Santak; badakus bere umerik geyenak, mendi gaiñ batetik amilka datorren arkaitzaren eran, amilduaz dijoazela betiko su, eta garren osiñera; ta Ama onak bezala, pena, samintasun, eta naigabez beterik, otsegiten die bere ume errebesai S. Paulorekin batean. Ona, dio, ona, Jaunak bere urrikimentuaren ondasunak ixuri oi dituan denbora. Ecce nunc tempus acceptabile. Ona zuen animak garbitzeko, sendatzeko, ta Zerurako bidean ipintzeko eguna. Ecce nunc dies salutis. Enzun itzatzu bada, Kristaua, zure Ama on Elizaren deyak. Presta zaite zure Jaunaren grazia, ta adiskidetasuna iristeko denbora Santa onetan; ta lan andi onetan zuri laguntzeko begien aurrean ipiñiko dizkitzut, gure siniste onak erakusten dizkigun, zenbait egia indartsu. Ekingo diot saill oni, Birjiña txit Santa gugatik naigabez, eta penaz betea bitartekotzat aututzen dedala, ta uste det, Kristaua, etortebazera kontuz, eta Jaunagana biurtzeko nai andiarekin, begiratuko dizula bekatarien Ama maitagarri onek urrikimentu andiarekin. Gaur itz egingo det gure Fin goi-miragarriaren gañean, ta begien aurrean ipiñiko dizkitzut pensatzeko gai oek. Lenbizia: Norgandik dezun, ta zertarako dezun izate ori? Bigarrena; zer neurriak artu dituan zure Jaun Jaungoikoak zuk zure fin, eta betiko doatasuna iritxi dezazun. Irugarrena, zer neurriak artu dituan Jaun berak gerorako. Atoz, Espiritu Santua; atoz beartsuen gurasoa; atoz doayen emallea: argi itzatzu gure adimentuak, ezagutu ditzagun gure eskergabekeriak. Mugi itzatzu gure biotzak oen gañean negar egiteko, ta bizitza on bat artzeko. Ta zu Birjiña txit Santa, gugatik ainbeste pena, ta samintasun ekusi, ta ekusten dezuna, zu zera munduko baga, ta perillen artean gure Norte izarra; zu Aingeruen Erregiña, ta illuntasun, ta atsakabez inguraturik arkitzen diranen argi ederra, ta atsegin-kontentua. Zu ondunai duen bekatarien bitarteko andi, ta Ama gozoa. Izan zaite bada arren gure giari, ta laguntzalle asitzera goazen lan andi onetan. Au da guk umilki eskatzen dizugun ontarte, edo mesedea, Aingeruarekin diogula.

 

ABE MARIA

 

Ecce nunc tempus acceptabile,
ecce nunc dies salutis.
2 ad corrint. c. 6.

 

 

§ I.

 

        Gure fede Santak erakusten dizkigun egietatik bat da, Kristaua, dezun izate ori ez dezula zerez, ez eta ustekabean sortua ere. Begira ezazu bada lenengo lekuan Norgandik dezun, ta zertarako? Orain sei milla urte etzan Jainkoaz osteronzean ezer ere. Etzan oraindik mundurik, etzan izarrik, illargirik, eguzkirik, Zerurik. Etzan lurrik, eta lurrean arkitzen diran gauz oetatik batere. Etzan gizonik, eta emakumerik. Nork egin ote ditu gauz oek guziak, galdetzen digu Isaias Profetak? Quis creavit haec. Ta galdu ezpadezu zuk, Kristaua, zure sinistea, ta zentzua, nai ta ez aitortu bear dezu, gauz oek ez dira berak berenez agertu; ezin alabaña ezereza atera diteke berez bere ezerezetik. Aitortuko dezu, gauzen asieran guzia egin zuala Jaunak, Eskritura Santak dion eran. Aitortuko dezu atzenean edozeñ gizon sortzen danean ezer ezetik egiten duala bakoitzaren anima. Ta zuk aitortuko ezpazenduen egia au, gauza guziak deadar egiten due: Jauna egiñak dirala, ez berenez sortuak. Ipse fecit nos, et non ipsi nos. Nork gañera dauka gauz oen guzien, eta zure kontua? Nork gordetzen die eren izatea? Nork ezpada Jaunaren esku guzi-aldunak? Nola Jauna iraun lezake ezerk ere zuk nai ez izatera? dio Eskritura Santak. Quomodo posset aliquid permanere, nisi tu voluisses? Jaunagandik dezu beraz, Kristaua, dezun izate ori? Jaunaren eskutik beraz beti itxikirik, eta txintxilik arkitzen zera, iraungo badezu zure izate apur orretan? Ta, Zertarako eman ote dizu zure Jaun Jaungoikoak izate ori? Eman ote dizu ezer ezaren ondoren zere egunak igarotzeko? Eman ote dizu munduaren losentxa, ta gezurrai jarraitzeko? Eman ote dizu munduko idolo engañagarriak, onrak, arrotasunak, izanak adoratzeko? Eman ote dizu gorputzaren atsegin-kontentuen ondoren lau oñekoen eran, edo are zikiñago bizitzeko? Ez, Kristaua, ez. Zirzillegiak dira gauz oek guziak zuretzat. Gauz andiagoetarako egin zinduan Jaunak; bada egin zinduan bera ezagutzeko, amatzeko, serbitzeko; ta betikotasun, edo eternidade guzian doatsu berarekin batean Zeruan izateko. Au erakusten digu gure fede garbiak, au sinisten degu Kredoko misterioak sinisten ditugunean.

        Aditzen dezu, Kristaua, zertarako eman dizun Jaunak, dezun izate ori? Aditzen dezu, zein dan zure fiña, ta zure biotzaren muga? Baria nork esan, Kristaua, zein fin prestua, zein goi, eta miragarria dan gure Jaun Jaungoikoa ezagutzea, amatzea, ta serbitzea? Jaungoiko bat ezin geyagoraño eder, on, eta maitagarria? Jaungoiko bat, bere edertasuna agertze utsarekin betiko doatsu egiten dituana Zeruko Aingeruak, eta ango anima guziak? Jaungoiko bat atzenean, begien itxi-idiki batean agertuko balitzate infernuan arkitzen diran Deabru, ta anima galduai atsegin-kontentuetan biurtuko litukeana aen neke-oiñazeak, aen suak, eta garrak, aen samintasunak. Nork esan, diot berriz, zein fin prestua, zein goi, ta miragarria dan Jaun au ezagutzea, amatzea, serbitzea? Ay! Kristaua! Ez due Zeruko Aingeruak, Kerubin, eta Serafinak zuk dezun baño fin goyagoa, ta Jaungoikoak berak ezin eman zegikezun fin goyago, eta egiteko prestuagorik. Ezpadezu nere esana sinisten, galde giezu Elizako guraso, ta jakintsuai, ta eranzungo dizue ezerezak dirala munduko Erregeen koroak, erak, eta onrak, zure Jaun Jaungoikoaren serbitzari izatearen pare. Eranzungo dizue Jaungoikoa serbitzea dala egiaz Errege izatea.Servire Deo regnare est.

        Au onela izan, Kristaua, eta alaere bizitu zera oraindaño zertarako munduan zauden begiratu gabe? Au onela izan, eta alaere zure oraindañoko urteak igaro dira zuk dakizun eran? Arkituko ote dezu, urte orien guzien artean bat bederik zure Jauna ezagutzen, eta serbitzen igaroa? Baña zer diot nik urte bat? Arkituko ote dezu egun bat bakarra ere bear bezala zure Jaungoikoa serbitzen igaroa? Zein gauza lotsagarria! Ezaguerarik, eta zentzurik ez duen gauza guziak izaten asi ziran une, edo puntutik beti ari dira beren Egille onak eman zien egitekoan; beti darraizka Egille berak ipiñi zien finari. Ez dira beren lan, eta egiteko onetan aspertzen. Sei milla une aldean da egin zituala Jaunak Zerulurrak, eta oetan arkitzen diran gauzak, ta bakoitza ari da nor bere lan, eta jardueran. Eguzkia, illargia, ta izarrak ez dira beñere aspertu beren argi ederrak ematez. Lurra ari da arbolak, loreak, frutuak, urrea, zillarra, ta beste ondasun asko bere errayetatik bidaltzen; eta au bera gertatzen da gu ez beste gauza guziakin. Ta zu, Kristaua, ezaguerarik, eta zentzurik ez duen gauzak baño beerago jetxi zera? Ez dezu ezagutu zure Jaungoikoak egin dizun onra; egin dezu zere burua zentzugabeko animaliakin bat; eta aen anzeko biurtu zera. Homo, cum in honore esset, non intellexit; comparatus est jumentis, et similis factus est illis. Ta zerbait lizake zentzugabeko animalien antzeko izatea: ezagutzen du alabaña idiak bere jabea; ta astoak bere Jaunaren trisipua, dio Isayas Profetak; baña zuk, eskergabe gaistoa, ez dezu ezagutzen, ez dezu amatzen, eta serbitzen zure Jaun Jaungoikoa; ta ez dezu begiratu ere zertarako eman dizun Jaunak dezun izate ori.

 

 

§ II.

 

        Andia da, ta goi-miragarria, Kristaua, Jaunak zuretzat nai izan duan fiña; ta jakiñ ezazu fin oni dagozkan bezalako lagunzak prestatu zituala zuretzat Jaun berak. Prestatu zituan benikbein gorputzaren aldetik emen bearko zinduan lagunza guziak. Zu jayo baño len egiña zeukan zuretzat munduko etxe eder galant au. Etxe onen tellatuak izarrez beteak dauden, Zeruak dira. Etxearen azpia oñpean daukazun lurra. Emengo argia egunaz eguzkia da, ta gauaz illargia, ta izarrak. Ez dira beñere urratzen tellatuak; eta ala oek nola beste emengo gauza guziak Jaunaren kontura daude. Etziñan etxe utsean sartu mundu onetara etorri ziñanean. Baziakian zure Egille onak, etxearen ezezik beste gauz askoren premia izango zenduala emen bizitzeko; ta ongi ziakianak bezala, ornitu zuan etxe au gauza guziaz. Egin zituan lurpean urrea, zillarra, diamante, eta arri fiñak. Egin zituan lurraren gañean ardiak, beyak, egaztiak. Egin zituan iturriak, ibayak, itsasoak. Egin zituan oetan nortaki zenbat arrai-mota. Egin zituan arbolak, fruta gozoak, eta ezin konta al lore eder. Ta au guzia ezer ezpaliz bezala, eman zien lurrari, aizeari, suari, ta urari bear adiña indar berenez, edo laguntzen zayela zure jan-edanak, soñak, eta beste premiak eskatzen duena egiteko. Norentzat egin ditu, Kristaua, zure Jaunak gauz oek guziak? Norentzat zuretzat baizik? Arriturik geratzen zan Dabid Erregea Jaunak guretzat prestatu zituan gauzai begira jarririk, «Gure Jaun Jaungoikoa, zion: zein miragarria dan mundu guzian zure izena! Zer da gizona, zu gizonaz era onetan oroitzeko? Gloriaz, eta onraz bete dezu, ta zure eskuetako obra miragarrien gañean ipiñi dezu. Constituisti super opera manuum tuarum». Gerta diteke, Kristaua, zu bearrean arkitzea, baña ori izango da, zeren zure aldetik egin bear zendukeana egiten ez dezun, edo zeren ori dan zuri ongiena dagokizuna Zerurako bidean. Au da egia bat sinistea galdu ez duanak, ezin ukatu dezakeana. Egia bat Jaunak Eskritura Santan ezarri, eta denbora guzietan obraz agertu diguna. Ez kezka geyegitan ibilli, jan edanerako, ta janzirako bear dezuenaren gañean. Nolite soliciti esse. Begira airean dabiltzan egaztiai. Ez due oek ereiten ezer, ez eta biltzen ere aletegi, edo graneroetara. Ta alaere zuen Aita Zerukoak bazkatzen ditu bear duen jana emanaz. Begira, kanpoetan jayotzen diran lirioak nola azitzen diran. Ez dira batere nekatzen soñerako bear duenaren billa, ez due onetarako ardatzean ere egiten. Alaere etzan oek bezeiñ ederki apaindu izan Salomon bera bere jakiunde, ondasun, eta alegin guziakin. Ta gaur bai, eta bigar ez dan, edo surtara botatzen dan belarra onela janzitzen, eta apaintzen badu Jainkoak, zenbatez andiagoa izango da Jaun berak zuez daukan kontua? Ez bada kezketan ibilli esanaz: Zer jango, ta edango degu, edo zerekin estaliko gera? Galde oek guziak federik ez duen jendeen galdeak dira. Badaki zuen Aita onak, gauz oen guzian bear zeratena. Billa ezazue lenengo lekuan Jaungoikoa; kontuz egin ezazue beraren Lege Santak agintzen duana; eta animako ondasunaz gañera emango zaizkitzue gauz oek guziak. Haec omnia adjicientur vobis.

        Ekusten dezu, Kristaua, zeiñ lagunza eder-andiak prestatu dituan zure Jaun Jaungoikoak, zure emengo premia guziak estaltzeko? Ta eztakizu laguntza oek dirala zuk errazago, ta gogo obearekin Jaun bera amatzeko, ta serbitzeko? Badakigu, dio S. Paulok, Jaungoikoa amatzen duenai gauza guziak laguntzen diezala onerako. Ta zure kaltetan, eta zere animaren puzoi biurtu ez ditzatzun emengo laguntza oek, artu zituan Jaunak neurri guztiz miragarriak. Debekatu dizu lurreko onra, ondasun, eta beste edozeñ gauzetan biotza ipintzea; ta bakarrik gauz oezaz baliatzea nai du bera amatzeko, eta serbitzeko laguntzen duen bezanbat. Gañera eman zizun zori on, eta doatasunaren eresi andia, ta egarri bat Jaungoiko beraren edertasun paregabeak bakarrik ase, ta bete dezakeana. Alferrik nekatuko zera emengo onra, losentxa, ta goimallen ondoren. Alferrik erkiturik ibilliko zera ondasunak ezin bildurik. Alferrik desegingo zera munduak eman ditzakean atsegin billa. Alferrik aunatuko zera munduko era, estimazio, adiskidetasun, eta zorakeriai jarraitzen llilluraturik, eta itsuturik. Gauz oek guziak iritxiko bazindu ere zure biotza geratuko lizake len bezeñ utsa, ta zori on, edo doatasunaren egarria ase gabe; zeren Jainkoa bakarrik dan biotz orren betegarria. Au beregan ekusi zuan Salomonek. Ezta izan munduan Errege onen pare ipiñi ditekeanik jakiundean, ondasunetan, onra, eta izen andian, eta alaere utsa izan zan au guzia beraren biotza betetzeko. Asi zan eguzkiaren azpian gertatzen diran gauza guzien ezaguera iristen, ta neke onen ondoren dio: guzia dala ezereza. Ecce universa vanitas. Asi zan Jauregi ederrak, berjerak, loreak, arbolak ipintzen; ta ekusi zuan oek utsa zirala biotza betetzeko. Asi zan ondasunak biltzen, eta beste Erregek ez adiña bildu zituan. Asko da esatea aren denboran zillarrari, ezer balio etzuan gauzari bezala begiratzen zitzayola. Baña etzuan oetan ere arkitu utsa, ta barrengo kezka, ta nekea besterik. Vidi in omnibus vanitatem, et a fflictionem animi. Asi zan musika, ta kantariak bere jauregian ugari ipintzen, eta orobat gertatu zitzayon. Ekin zion atzenean gorputzaren beste atsegin ez garbiak billatzeari. Ez nien begiai ukatu gura izan zituen gauzetik batere, dio berak; eta ez nion eragotzi nere biotzari prestatu niozkan gauzetan nai zituan atsegin guziak artzea. Nork izango ditu, dio, nik adiña atsegin, eta kontentu? Quis... deliciis affuet ut ego? Inguruko Errege, ta Prinzipeen alabak. beregana zituan: eta nornai arriturik utziko duan gauza da Eskritura Santak diona, zazpi eun emazte izan zituala Erregiñen izenarekin; eta irureun beagokoak. Ta munduko atsegin-mota guziak era onetan dastaturik, zer atera zuan Salomonen biotzak? Zer ezpada betiko bere burua, ta bere izen andia biurtzea? Zer ezpada emakumeen losentxen goisoakin llilluratzea, itsutzea, ta farragarri biurtzea? Zer, ezpada betiko galdu zalako beldur andi bat utzitzea. Aitortu zuan Errege onek guzia zala utsaren utsa, eta ezer eza. Vanitas vanitatum, et omnia vanitas. Ona, Kristaua, zeñ neurri ederrak artu dituan zure Jaun onak, munduan zure onerako prestatu dituan laguntzak, zere puzoi biurtu ez ditzatzun. Atozea orain, Kristaua; egiñik zure Jaun Jaungoikoak zuretzat munduko etxe eder galant au; orniturik, eta apaindurik etxe au zuk bear dituzun gauza guziaz, laguntza oezaz baliatu ote zera zure Egille ona ezagutzeko? bera amatzeko, ta serbitzeko? Zure animaren zori on, eta doatasuna billatzeko? Esan beza zure oraindañoko bizitzak. Zer egin dezu zure artasunean? Zer errebeskeria, ta ibillera gaiztoa besterik? Zer gaztedasunean? Ay! zure adiñ au zikinkeria, itz loi, eskuka, keñada, ta gauz are itsusiagoen ainzira, edo osin bat bezala izan da! Zer egiten dezu zartasunean sartu ezkero? zentzatu bearrean, ekin diezu irabazi naspillaz beteai, tratu gaiztoai, kutiziari; ta era onetan zure onerako Jaunak emandizkitzun emengo gauza, ta lagunzaz baliatu zera Jaungoiko beraren kontra altxatzeko. Ez ote zera noiz erebait zentzatuko?

 

 

§ III.

 

        Orain adirazi dizkitzudan lagunza oek gorputzari dagozkan laguntzak dira, geyenak beintzat. Ta izanik oek diran bezeñ andiak, eta miragarriak, zer izango dira, Kristaua, zure animari Zerurako bidean laguntzeko prestatu dituanak? Adan zure lenbiziko gurasoa bekatuan erori zanean, galdu zuan berekin bere ondorengo guzientzat Jaunaren grazia, ta adiskidetasuna. Galdu zuan grazia onek ematen zion Zeruko ondasun, eta atsegin kontentuen esku, ta deretxa guzia. Gelditu zan bere animan elbarritua bezala; ta denbora berean gelditu zan Jainkoaren aserre, ta madarikazioaren azpian, eta etsai galgarriaren mendean. Ta nola Adanen bekatua, eta bekatuaren ondorenak jatorriz igarotzen diran Adanen ondorengo guzietara, zu ere zere sortzetik geratu ziñan Jaunaren madarikazioaren azpian, bekatuaren loiez betea, ta Zerurako gauz onik batere ezin egin zentzakean eran. Urrikitu zan guzaz gure Aita ona; eta ainbesteraño maite izan ginduan non eman izan zuan bere Seme bakarra gizon egiteko; gizon egin da gurutzean bizitza emateko; ta era onetan Jaungoikoaren,eta gizonaren arteko pakeak egiteko. Ala dio S. Paulo Apostoluak. Sic Deus dilexit mundum, ut filium suum unigenitum daret mundo. Eman zuan bada, Kristaua, zure SalbatzaIleak zugatik bere bizitza; prestatu zuan zuretzat zure zori ona, doatasuna, edo betiko Zerua iristeko bidea. Prestatu zuan gañera Salbatzalle berak batayoko Sakramentuan, bere eriotzaren frutu gozoak, eta ondasunak zure animan ixurtzeko bidea; ta deitu zinduan Sakramentu onetara, ta denbora berean bere fede, ta lege Santara. Ay! ta ezagutu bazentza zein ontarte, ta onra andia dan au! Zer dira munduko onra guziak utsa, ta ezer eza baizik onen pare ipintzen badituzu? Zer dira munduko ondasunak? Zer dira munduko jatorri, eta aldetasun andien izena duenak? Zer atzenean emengo lekurik altxatuenai zuk batayora deitua izatean dezun onra, ta mesedearen aldean? Ozta artu zenduan batayoko Sakramentua, puntu berean geratu ziñan Adanen bekatuaren loietatik garbitu, ta Zeruko graziaren doai, eta birtuteen soñeko ederrarekin apaindua. Ordutanik artu zinduan Jaunak bere adiskide, ta semetzat, eta egin zinduan Zeruko Erreñuaren, eta ango atsegin kontentuen jabegai, edo heredero. Ta au guzia zugatik, ta bera zuk ezagutzeko, ta amatzeko egin duan Jaunak, zer gañera ez du egin? Eman dizkitzu bere lege Santaren Ministroak, zuri Zerurako bidea erakusteko. Eman dizu bere Aingeruetatik bat, zure sortzetik asita zu ill artean kontu egin degizun edo zaitu zaitzan. Eman dizkitzu ainbeste Zeruko grazia, ta laguntza bekatutik aldegiteko, ta Zerurako bideari jarraitzeko; ta grazia, ta laguntza berriak, eta ugari izan ditzatzun, utzi dizkitzu Sakramentuen iturri beñere agortzen ez diranak; oen artean Aldareko Sakramentu guztiz miragarria. Sakramentu orretan gorderik dago, zuri zure premia guzietan laguntzeko; zurekin biotzez biotz itzegiteko; ta zurekin bizitzeko. Sakramentu orretan dago zure biotzean issurtzeko bere onginai, amorio, ta gozotasunaren ondasunak, Zeruko grazia, eta laguntzak; ta guzia batean esateko, Sakramentu orretan dago zure Salbatzallea, bera dan guzi guzia zuri emateko. Arritzen da S. Agustin Jaunaren onginai, ta amorio onezaz, eta dio: izanik gure Jaungoikoa dan bezala Guzialduna, ezin alaere eman digun baño geyago eman izan zuan. Izanik ezin geyagoraño jakintsua, etzuan alaere jakin zer geyago guri eman. Ta izanik ezin geyagoraño aberatsa, ta gauza guzien jabea, etzuan izan zer geyago eman. Plus dare non habuit. Ona, Kristaua, zein lagunza miragarriak prestatu dizkitzun zure Jaun onak, Jaun bera zuk amatzeko, ta serbitzeko; ta era onetan betiraunde, edo eternidade guzian doatsu zu izateko. Baña esan gidazu, Kristaua, esan gidazu arren: Jaunaren onginai, ta amorio baztergabekoak prestatu dizkitzun lagunlza oek guziak zertan geratu dira zurekin? Zer frutu atera dezu? Ay! eskergabekeriaren itsusia! Zenbat eta onginai, ta amorio geyagorekin begiratu dizun zure Aita onak; zenbat eta era, ta laguntza geyago prestatu dizkitzun bera serbitzeko, ta betiko bizitza doatsua iristeko; anbat geyago aztu zera zere ongille andiaz, eta animaz, eta zori onaz! Etzaitu, doakabea, mugitu zure Jaun Jaungoikoa serbitzera, ez Jaun bera gizon eginda zure billa etorteak, ez beraren gurutzeko eriotza gogorrak; ta artara mugitu ordean zere alegin guziakin aritu zera zure Salbatzallea berriro gurutzean josten. Batayoko Sakramentua artu zenduanean, deitu zinduan bere fede, ta lege Santara; utzirik beste ezin konta al fedearen argirik ez duen jendeen artean: artu zinduan bere adiskide, ta semetzat; ta ozta ezagueran sartu ziñan, ausi zenduan, eta ausiaz zoaz orduan artu zenduan lege Santa. Zer esango degu egin dituzun konfesio, ta komunio gaistoaz? Zer, ezpada Jaunak zure onerako prestatu dituan lagunza guziaz baliatu zerala beraren kontra altxatzeko, ta bekatua bekatuaren gain egiteko? Zer, ezpada Jaunaren lagunza guziak desegin dirala zure biotz eskergabearen kontra itsasoaren bagak bazterraren kontra desegin oi diran eran ? Ta, zu sendatzeko Jaunak ipiñi dituan gauzak, zere kalterako biurtzen badituzu. Zer perillean etzaude Kristaua? Baña ez gaitezen geyegi geratu emen. Goazen aurrera.

 

 

§ IV.

 

        Baldin zure Jaun Jaungoikoak egin bazaitu, Kristaua, bera ezagutzeko, amatzeko, serbitzeko, ta betiraunde, edo eternidade guzian doatsu berarekin Zeruan izateko: baldin emen bizi bear dezun denbora piska onetarako prestatu badizkitzu ainbeste laguntza, ta ondasun ta zure onerako artu baditu aiñ neurri andi, ta miragarriak; zer neurriak etzituan artuko zu iltzen zeraneko? Zer ondasunak, eta atsegin-kontentuak etzituan zuretzat prestatuko? Deserri, ta negarren ibar onetan ainbeste ondasun zuretzat prest ipiñi duan zure Jaunak, zer egingo etzuan Zeruko zure erri doatsuan? Baña emen bizi geran artean ezin au ongi ezagutu dezakegu. Eraman zuan beiñ Jaunak S. Juan Ebanjelista Zerura, ta Santuak dionez utsak dira emengo urre ziIlarrak, emengo diamante, ta arri fiñak Zeruko erriaren edertasunaren pare ipintzen badira O! Israel, dio Baruk Profetak: zeiñ andia dan Jaunaren etxea, ta beraren doatasunaren lekua! Andia da, ta ez du bukaerarik; goya da ta ez du mugarik, edo bazterrik. Eraman zuan Jaun berak S. Paulo ere erri aren ekustera; ta andik etorri ondoan itzegiten du, arriturik zer esan ez dakian baten eran: Ez ditue, dio begiak ekusi; ez ditue belarriak aditu; ta ez dira gizonaren gogora ere, Jaunak bere maitatzalleentzat prestatu dituan ondasunak. Oculus non vidit, nec auris audivit, nec in cor hominis ascendit, quae praeparavit Deus iis, qui diligunt adventum ejus. Ta sinistu diteke, Kristaua, ondasun onen miragarriak, ondasun betikoak, ta zuretzat Jaunak prestatu dituanak, doarik, edo atsegin zirzill lotsagarri bategatik ainbeste bider saldu dituzula? Begira ondo, Kristaua, begira arren nora zoazen. Zure Jaun Jaungoikoa amatzea, ta serbitzea da zure lan, eta egiteko guzia. Ezin asma diteke egiteko gozoagorik, eta onragarriagorik, ta au egitearekin zori onekoa zu betikotasun, edo eternidade guzian. Zu igoko zera zuretzat prestaturik, eta ederki apaindurik dagoan Erri eder orretara. Zuk iritsiko dezu Jaunak bere maitatzalleentzat gorderik daukan saria, ta zu biziko zera atsegin-kontentuen artean nekeren, pena, ta naigaberen beldur gabe. Zure Jaunaren jarleku, edo Tronutik irtengo da atsegin miragarrien ibai, edo itsaso bat, eta edango dezu edan al guzia, ta beti edango dezu edatez beñere aspertu gabe. Inebriabuntur ab ubertate domus tuae, et torrente voluptatis tuae potabis eos. Baña baldin zure Jaun Jaungoikoa amatu, ta serbitu ordean Jaun beraren kontra bizi nai badezu. Baldin zure zori on, eta doatasuna billatzen badezu oraindaño bezala emengo onra, arrotasun, atsegin, eta ondasunetan, gertatuko zatzu Salomoni gertatu zitzayona, edo ezer ez, eta utsaren ondoren zere burua galtzea. Gertatuko zatzu ipuyetako zakurrari gertatua bera, edo okelaren gereiz utsari ortzak egoztea. Gertatuko zatzu atzenean betiko su, eta garren osiñean zere burua ondatzea. Nai ta ez, Kristaua, edo betiko doatsu izango zera, edo betiko doakabe; eta bioetatik.bat autu dezakezu. Ta autu naiko ote dezu betiko doakabe izatea? Ez arren, Kristaua, egin onelako zentzugabekeriarik. Zentza zaite noiz ere bait, begira zertarako egin zaituan zure Jaun onak; ta biur zaite beragana. Ona denbora egokia guzirako. Ecce nunc tempus acceptabile, ecce nunc dies salutis.

        Aditu dezu Kristaua, zertarako egin zaituan zure Jaun Jaungoikoak; edo egin zaituala, Jainko berak eman zegikezun fiñik goyen, eta miragarrienerako. Aditu dezu, zer laguntzak prestatu dituan Jaunak, zuk zure egitekoan jarduteko, ta zere fiña iristeko. Aditu dezu atzenean, zer neurriak artu dituan Jaun berak zu iltzen zeraneko, nor bazera zu. Emendik atera bear dituzun frutuak asko, ta andiak dira; baña bearrenak, oraiñ aditzera emango dizkitzudan, oek. Lenengo frutua da: kontuz eta zere Jaun onagana biurtzeko asmoarekin etortzea egun oetan Jaungoikoaren itza aditzera. Jainkoaren itza aditu nai ez duanak berekin darabil etsayaren marka. Bigarren frutua, konfesio on bat egiteko, ta gaizki egiñak berritzeko prestatzea. Zerurako bidean jarri nai badezu, egin bear dezu zure animaren lurrean, nekazari batek, sasiz, larrez, arantzaz josia dagoan, lur bat soro biurtzeko egiten duena. Ez du etze dagoan lurrean azirik ereiten; kentzen ditu lenago sasiak, larrak; ondeatzen du, eta garbitzen sustrai gaistoetatik, ta gañera, karea, edo simaurra emanaz, ipintzen du azia ereiteko aro, ta sasoyean. Ta au bera da, Kristaua, zure animaren lur ori soro biurtzeko zuk egin bear dezuna. Etze daukazu lur ori ainbeste denbora onetan; bekatuen sasiak, ta arantzak estali due guzia oitura gaistoen, bekaturako bide, ta perillen, griña, ta jenio txarren erroak, eta zañak josia daukee; ta Zerurako labore gozoak or egin nai badituzu, lanberritu bear dezu kontuz, garbitzen dezula lar, eta arantza orietatik; ondeatu bear dezu esaminaren, eta damuaren atxurrarekin; erre, edo ebaki bear dituzu bekatuaren sustrai, eta bideak; eta au egin artean beti etze geratuko da zure anima; beti izango dira zure konfesioak iduripen, eta zarata utsak. Novate vobis novale, nolite serere super spinas. Ez da asko au ere Kristaua, zure animaren soroak frutu, ta labore onak emateko. Etze egon dan lurrari frutu onak eman-erazteko, larrak, arantzak, eta sustrai gaistoak erretzeaz gaiñera egin bear zaizka beste gauz asko; inguratu bear da esiz, paretez, edo lubakiz; erein bear da azi ona, ta bere denboretan eman bear zaizka bere jorrak, eta beste maneadurak. Era berean egin bear dezu, Kristaua, zure animaren lur orrekin. Bekatuaren loyak, bideak, sustrayak kentzeaz gañera inguratu bear dezu Jainkoaren beldur Santuaren, lagun onen, eta ongi bizitzeko asmo sendoen esiz, edo paretez; erein bear dezu gero obra onen azia, kontuz eranzuten diezula zere bizimoduari dagozkan gauzak, eta leyalki gordetzen dituzula Jaunaren, eta Eliz Ama Santaren Mandamentuak. Itz batean ezin zure animaren soro orrek frutu onik eman dezake ezpadezu zuk biotzik bizitz on batean neurri sendoak artzeko: eta ezin artean kontesio onik ere egin dezakezu. Ta au da Kristaurik geyen geyenakin igarotzen dana.Garizuman, Misioetan, eta beste denboretan aditzen ditue gure fedeko egia izugarriak ekusten ditue bere biotzak guztiz loituak, eta bekatu mota geien zapoz, sugez, piztiaz beteak; izutzen dira, ta bear bada negar andiakin aitortzen ditue beren gaistakeriak, eta alaere ez dira garbitzen, eta bekatutik irteten. Zergatik, uste dezue? Zeren ongi miratzen bada oen barrenak, ez duen biotzik osotoro, ta betiko utziko, bekatura amilderazten dituen, bideak, itzegiteak begiratzeak, keñadak, batzarre, edo billera gaistoak, adiskidetasunak; festak, dantzak, ta beste onelako ibillerak. Zeren biotzik ez duen osotoro, ta betiko ukatzeko bekatuaren berrizkaturaren azpian darabiltzan griña, oitura, ta jenio txarra. Argatik egun oro ekusten da, irauten duela oitura, ta jenio gaistoak obiraño. Zeren atzenean biotzik ez duen bizitza onaren neurri egokiak, indartsuak, eragilleak artzeko. Jan-edanera geyegi itsutu dan bat artzen duanean gotaren kolpe gogor batek; deituko dio sendatzalleari, artuko ditu sendagayak, utziko ditu janean geyegiak; baña esaten bazayo osotoro, ta betiko utzi bear dituala, illuntzen da, ta ez du biotzik onenbeste bere buruari ukatzeko. Ta ona, Kristaua, zuri oraindaño gertatua. Eztago Jaungoikoagana egiaz biurtzerik; eztago bekatutik irteterik, ezpadagu biotzik betiko utzitzeko bekatua, ta bekatuaren bideak; eta artzeko bizitza onean irauteko bear diran neurriak. Jaunari nai dakiola zuen, eta nere biotzak bere grazia indartsuarekin ukuitzea, egiaz beragana biurtzeko. Jaunari nai dakiola bera amatzen, eta serbitzen degula guk gure egunak bukatzea. Era onetan doatsuak izango gera beti beti iraungo duan, Zeruko glorian. Ad quam &.

 

aurrekoa hurrengoa