www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

ABENDUAREN
LENBIZIKO IGANDERAKO 1.a

 

Bakoitzak eriotzaren une edo puntuan
igaro bear degun juizioaren gañean.

 

Erunt signa in sole et Luna, Luc. 21

 

        Abenduaren lenbiziko igandea degu gaur, Kristaua; eta beartua nago zuri denbora onen berriak ematera. Eliz Ama Santak Pazkoaren aurretik ipiñi zuan berrogei eguneko baraua, guk argenzan Jesus bildots mantxarik gabea biotz garbiarekin, eta denbora ari deitu oi diogu garizuma. Era berean ipiñi zuan eguerriren auretik beste garizuma bat, Jesusen jaiotzarako presta gindezen gure bekatuen damuarekin, barau, Konfesio ta Komunioarekin, eta deitzen zaio denbora oni Abendua. Batzuen iritzian ipiñi zuan usanza eder au S. Pedro Apostoluak berak; baña Aita Santu Benedikto XIV dionez, ipiñi zuan S. Gregorio andiak.

        Garizuma au leku batzuetan atsitzen zuen S. Martin egunetik, besteetan Santu guzienetik: leku batzuetan barautzen zan egun oro, beste batzuetan astean iru egunez; eta zenbait lekutan Pasioko denboran bezala aldareak estalzen, ta janzi beltzakin esaten ziran Mezak: orain ere utzitzen du Elizak Gloria kantatzea, eta Mezak esaten dira janzi morearekin. Eta gañera Komunio Santua artzen zuen Kristauak gutxienez igandeetan. Ona, Kristaua, zer dan, eta zertarako ipiñi zuan Eliza Ama Santak Abendua. Nai luke orain ere Eliz Ama Santak, denbora santu onetan guk utzitzea betiko bekatua, ta bekatuaren bideak, eta Jesusek erakutsi digun Zerurako bideari jarraitzea arreta andiarekin. Onetarako gaur itzegiten digu, azken-kontutako egunaren aurretik agertuko diran, siñaleen gañean. Agertuko dira, dio S. Lukasekin, eguzkian eta illargian egun aren siñale oek: Erunt signa in sole et luna. Asiko da itsasoa orroaz, eta guziak ibilliko dira arriturik, erkiturik eta beldurturik, zer ekusi bear ote dan munduarekin. Emendik artu oi da azken-kontuetako edo juizioko egunaren gañean, gaurko egunean itzegiteko bidea. Baña bi dira, nere Kristaua, zuk eta nik eta guziok igaro bear ditugun kontuetako egunak, edo juizioak. Batari deritza bakoitzarena, eta au izango da, eta izaten da eriotzaren une, edo puntuan bertan. Orduan ongi irteten dana, gerokoan ere ongi irtengo da. Bigarrenari deritza guziena, eta au izango da, munduaren bukaeran. Autsetan biurtuko dira etxeak, erriak, erreñuak, basoak eta ganaduak. Auts biurtuko dira gizon eta emakume guziak. Agertuko da Zerutik Aingeru bat, eta tronpeta batekin otsegingo du: altxa ill guziak, eta atozte kontuak ematera. Adituko da ots au Zeruan, infernuan eta bazter guzietan. Anima onak jatxiko dira Zerutik, eta sartuko dira bere goreputzetan atsegin andiarekin; baña gaiztoak irtengo dira infernuko su eta garren artetik eta sartuko dira beren gorputzetan gogoaren kontra eta madarikazioa dariela, eta utziko ditue ordutanik erretzen eta kiskaltzen. An bilduko dira gizonak ezezik Aingeru onak eta gaiztoak ere. Agertuko da Jesu-Kristo guzien Juez, eta kontu arzallea bere Ama maitagarriarekin; emango die guztiai dagoten sentenzia; idikiko da lurra; eta amilduko dira guziak infernuan, Luzifer eta Aingeru gaiztoakin batean. Itxiko dira orduan infernuko ateak, eta betikotasun gustian ez dira idikiko. Igoko da Jesus onakin Zerura: atozte, esango die, nere Aitaren bedeinkatuak, atozte, arrezazue munduaren asieratik zuentzat prestaturik dagoan Zeruko Erreñua.

        Bi juizio oek maiz eta kontuz gogoan erabilli bagindu, etzan ez, izan dan bezalakoa izango gure bizitza, eta etziran izan diran adiña izango gure bekatuak; baña gertatu zakuna da munduko iduripen, eta utsaren ondoren lilluraturik gere egunak igarotzea eta kontuetako egunean ondo irteteko bear dan eran ez bizitzea. Aurrera ere au bera gerta eztakigun, bekataria, itzegin nai dizut gaur, bakoitzak eriotzaren une, edo puntuan igaro bear degun juizioaren gañean, eta aditzera emango dizut, zeñ izugarria dan bekatariarentzat.

        Birjiña txit Santa bekatarien Ama gozoa, ekusten dezu zuk zeñ kontu estuak eman bearrak geran eriotzako une izugarria datorkigunean. Ekusten dezu, zeñ aztuak bizitu geran geroko kontu oez, eta zeñ ongi irten gaitezkeala, bizita on, eta eder bat artzen ezpadegu. Baña nola zuzenduko gera gu onetarako zuk ez laguntzera? Zu zera, Ama maitagarria, gure esperanza, spes nostra; argitu itzazu bada gure adimentuak, eriotzako orduan igaro bear degun juizioaren izugarritasuna ezagutzeko: esna itzazu gure biotzak garai onean gure kontuak zuzentzeko, eta emengo egunak ongi bukatzeko; egin dezakezu bai au guzia, ta geiago iristen dituzula guretzat onetarako bear ditugun Zeruko laguntza ugariak. Au da gaur eskatzen dizugun mesedea, Aingeruarekin batean esanaz: Abe Maria.

        Ill bearrak, eta Jaunaren aurrean kontuak eman bearra gera, bekataria. Ala erakusten dizu zure fede santak, eta sinisten degu Katoliko guziok. Erabakia dago gizonarentzat beñ illzea, eta ondoren kontuak ematea: guziok agertu bearrak gera Jesu-Kristoren jarleku, edo Tribunalaren aurrean dio S. Paulok. Beraz zu ere, bekataria, iltzen zeranean, agertuko zera Jesu-Kristoren jarlekuaren aurrean, eta juzgatua izango zera zure bizitzari dagokan eran. Eztakizu Jesu-Kristo gizona danez jatxiko dan, edo ez anima bakoitza juzgatzera. Baietz dio Aita Santu Inozenzio III, beste askok uste due ezetz; baña berdin da zuretzat Jesu-Kristo gizona danez jatxitzea, edo ez jatxitzea zu juzgatzera, zeren Jaungoikoa danez arkituko dan zu iltzen zeran lekuan, eta an bertan juzgatuko zaituan. Zein izugarria izango dan juizio au bekatariarentzat ezagutzeko, begira zaiezu arretaz, orduan igaroko zaizkitzun gauzai. Asi zaite nerekin batean.

 

 

§ I.

 

        Egizu kontu, bekataria; jartzen zerala azkeneko asnasetan; ordua datorrenean irteten dala gorputzetik zure anima. Utziko dezu orduan zure gorputz ori arren bazka izateko. Utziko dituzu zure adiskideak, onrak, arrotasun, eta apaindurak; utziko dituzu emengo izan, edo ondasunak ainbeste nekerekin bildu dituzunak; utziko dituzu gorputzaren atsegin mota guziak, eta igaroko zera denboratik betikotasunera. Pauso au utsegiten badezu betiraunde guziko utsegiña izango da. Arkituko dezu zere burua bakardade ikaragarri batean, egin zinduan obra on eta gaiztoak bai, baña beste lagunik ez dezula. Asiko zera alde guzietara begiratzen. Ekusiko edo ezagutuko dezu zure goien dagola Jauna bere jarlekuan zuri kontuak artzeko, zure azpian infernua, zure alde batean infernuko dragoia, zu irintsitzeko prest; eta bestean Aingeru guardakoa. Nork esan ta adiratzi, bekataria, sarrera onetan zuk igaroko dituzun kezkak, beldurrak, eta estutasunak? Non dira denbora batean Jaungoikoren lekuan amatzen zinduan idolo, edo adiskide aek? Non dira zure anima galerazten zizuen urlia aek? Asiko da infernuko dragoia, edo deabrua, zu salatzen. Bekatari au esango dio Jaunari; bekatari au izan da soberbia bera; onek nai zuana egiten etzuenen kontra, bere biotzean gorderik iduki du beti gorrotoaren, eta bengantzaren sua; ez dio onen mingañak barkatu lagun urkoaren onrari, ta bazter guzietan zabaldu ditu gorrotoaren txingarrak. Bekatari onek, bere denbora igaro du aragiaren atsegin lizunen ondoren. Ez dio barkatu bere buruari loitzen zuala eskuka zikiñakin; ez dio barkatu ez ezkongaiai, ez ezkonduai; ez die barkatu abereai berai ere; eta bere losentxakin galdu ditu ainbeste anima. Alferrak izan dira onentzat zure Sakramentuak eta itz Santua; alferra zure odol preziotsua. Bekatari au izan da besteren gauzari askotan atzaparra egotzi diona; saldu-erosi itsusietan sartu dana; zure legeak agintzen zionik, edo ez du eman, edo eman du txarrena gogoaren kontra. Bekatari onek bataioko egunean eman zuan nigandik aldegiteko, eta zu biotz osoz amatzeko itza; eta bere denbora guztian izan da nere serbitzari eta adiskide andia. Onek eman zuan bekatutik eta bekatuaren bideetatik aldegiteko itza, eta bere egunak igaro ditu gaiztakeriaren bideetan. Onek eman zuan munduaren arrotasun eta zorakeriak utzitzeko itza, eta bizitu da arrotasun eta zorakerien ondoren. Juez guziz zuzena, anima au bere bekatuakgatik nerea izan da oraindaño; eta erabaki ezazu nerea izan bear duala aurrera ere betiko. Au ta geiago dio S. Agustiñek gai onetan, ta S. Bizente Ferrerrek kontatzen digu, gazte bat espirituz eraman zuala Jaunak juiziora. Bereala asi zitzaizkan demonioak begien aurrean ipintzen egin zituan bekatuak. Añ andia izan zan artu zuan ikara, non beregana zanian egin zituan penitenzia txit gogorrak.

        Eta zuk, bekataria, dakusazunean zere burua gisa onetan, noronz itzuliko dituzu zure begiak? Aingeru guardakoagana? Baña Aingeru guardakoa bera izango da zure bigarren salatzallea. An agertuko du zenbat alegiña egin duan zu bekatuaren bide, eta lagun gaiztoetatik ken-erazteko; zenbat gogorazio, edo pensamentu on bidaldu dizkizun bizitz on bat artzkeo, eta guzia izan dala alferra. Jauna, esango dio Jesu-Kristori: Zuk dakizu iseka egiten zuela zure urrikimentuaz, eta baliatu nai izan ez duala zure odol preziotsuaz: altxa zaitez Jauna zure Zuzentasunaren ezpatarekin, eta eman zaiozu dagokan saria: exeat condemnatus.

        Irugaren salatzallea izango da zure barrengo ezaguera bera, edo konzienzia. Aditurik demonioak, eta Aingeru guardakoak zure kontra esan duena, izuturik, eta ezertako kemenik gabe geratuko zera, eta nai ta nai ez zure barrenak esango dizu, zuriak dirala agertu dituen bekatuak: eta oen oroipena izango da zuretzat oñazerik andiena, eta infernuko ar ozkariaren anz bat. Naiago izango zenduke une onetan, mendi guziak zure gañera erortzea, eta oen artean lerturik ezer ezera biurtzea, ezen ez estutasun onetan zere burua ekustea; baña ezin diteke au, eta nai ta ez aditu bear dituzu Juezak egingo dizkitzun karguak.

 

 

§ II.

 

        Eta zein da Juez au? Jesus, Jaungoiko, ta gizon egiazkoa, ezin geiagoraño jakintsua, eta zuzena. Juez bat bakoitzari emango diona bere saria, egiñ dituan obra on, edo gaiztoai dagoten eran. Juez onen aurrean ez due ezer balioko, ez ondasunak, ez jakiundeak, ez bitartekoak; eta esaten dizu Ezekiel Profetaren autik: juzgatuko zaitut zure bizitzaren eran eta begien aurrean ipiñiko dizkitzut zure bekatu nazkagarriak. Judicabo te juxta vias tuas, et ponam contra te omnes abominationes tuas (Ezech. 7). Begiratuko diot, esaten digu Sofoniasen autik, Jerusaleni, edo animari argia arturik, au da nere jakiundearen argiarekin. Scrutabor Jerusalem in lucernis (Sophon. 1). Begiratuko die bada Jaun onek, bekataria, zure utsegite guziai, eta etzaio ezkutatuko batere. Ekusiko ditu zure animaren ezkutuenean lotsaz gorderik dauden bekatu oriek; ekusiko ditu zure zabarkeriaz egin dituzun utsegiteak. Scrutabor Jerusalem in lucernis. Ekusiko du nola eranzun diezun zure estadu, edo karguaren egin bideai. Ekusiko ditu zuk bekatu txikitzat artzen zinduan ergelkeriak, erausi eta itz alferrak, eta guzien kargua artuko dizu, S. Matheok dionez. Ekusiko ditu zure obra onak, eta begiratuko die nola eta zergatik egiñak diran. Scrutabor Jerusalem in lucernis.

        1. Ekusirik era onetan zure itz, pensamentu, eta obra guziak asiko zatzu bere karguak egiten. Nik, esango dizu, nere ontasunez egin zindudan ezerezetik, eta egin zindudan ni ezagutzeko, amatzeko, eta betiraunde guzian nerekin batean Zeruan bizitzeko. Nola erantzun diozu mesede oni?

        2. Nik prestatu munduko etxe eder au, lurrean egon bear zenduan bitartan zure bizileku izateko, eta ornitu nuan zuk bear zinduan gauza guziaz, eta emendik irteten ziñaneko prestatu nuan Zeruko erri eder ori. Nola erantzun diozu mesede oni? Ah! Eskergabea, lurreko gauzaz baliatu zera nere kontra altxatzeko.

        3. Nik eman nizkitzun oroipena, adimentua, ta borondatea nizaz oroitzeko, ni ezagutzeko, ta amatzeko, eta oez baliatu zera bekatuaren bideak, eta atsegin lizunak amatzeko.

        4. Nik eman nizkitzun begiak, belarriak, mihia, eskuak, oñak Zerurako bideari kontuz jarraitzeko, eta oez baliatu zera, bekatua bekatuaren gañean egiteko.

        5. Ni, ekusirik zu Adanen bekatuarekin galdua, jatxi nintzan Zerutik, egin nintzan gizon, ta gurutzean eman nuan zugatik nere bizitza: begira zaiezu, eskergabea, nere esku-oñetan, eta saietsean arkizen diran siñale oei. Zer geiago egiñ bear nuan zugatik? Eta nola erantzun diezu mesede oei?

        6. Nik utzi nizkitzun Elizan zazpi Sakramentu zu nere graziaz eta birtutez betetzeko. Eta zuk biurtu dituzu zure puzoi. Zenbat bider egin dituzu konfesio gaiztoak edo lotsaz, edo zeren bekaturako bideak uzteko biotzik etzenduan.

        7. Ni, zuganako onginai, ta amorioz geratu nintzan Aldareko Sakramentuan zuri emateko nere gorputza, nere odola, eta naizan guzia. Nola eranzun diozu nere onginai ta amorio oni? Ah! doakabea, Judasen eran jartzen ziñan nere maian.

        8. Nik bidaldu nuan nere Aineruetatik bat zu gordetzeko, eta Zerurako bidean giatzeko; nik ipiñi nituan nere Elizan zuri Sakramentuak, eta nere itzaren ogia emateko eskudunak: nik deitu dizut ainbeste bider Zerurako bidera, eta ez dezu aditu nai izan nere deirik. Ez da zugan arkitzen obra onik, eta zure bizitza guzia loitua dago bekatuz. Eta au gutxi baliz bezala galdu dituzu ainbeste anima nere bizitzaren kostuz erosi nituanak. Au da niri zor zeñidan eskerra? Bekataria, zer eranzungo diezu kargu oei? Mututurik geratuko zera, eta begiratuko dezu alde guzietara, urrikimentuaren billa bezela: baña nor urrikituko da zuzaz dio Jeremiasek. Quis miserebitur tui Jerusalem (cap. 15). Ez zure Aingeru guardakoa, ez zure izeneko Santua, ez, bekataria, Ama Birjiña guziz Santa, zeren denbora zanean, enzun gor egin diezun. Begiratuko ote diozu zure kontra leoi aserre baten eran dagoan Juez ari? Baña nork izan ausardia onetarako? Job Santuak oroiturik Jaunaren ordu onetako aserreaz dio: Nork eman lekikedan infernuko su, eta garren artean ezkutaturik egotea, zure aserrea igarotzen dan bitartean? (Cap. 14): eta S. Juan Krisostomok dio, errazago irozo litezkeala eziñ konta al oñaztar, edo arraio, ezen ez Jesusen aurpegia aserraturik ekustea. Infinita satius est fulmina sustinere, quam illam miten faciem nos aversantem videre (Homil. 47 ad populum). Ez dago bada, bekataria, zuretzat iñondik ere laguntzarik, eta aditu bearra zera zure bizitza dongeari dagokan sentenzia.

 

 

§ III.

 

        Oraindaño ixillik egon naiz, esango dizu; baña oraiñ etorri da alde-aldetik nere aserrea zure gañean ixurtzeko ordua: eta juzgatuko zaitut zure bizitzari dagokan bezala. Nunc de proponquo effundam iram meam super te... et judicabo te juxta vias tuas (Ezech. 5). Zuk ez dezu gorde nai izan nere lege garbia: nik orain uzten zaitut Satanasen mendean, betiko. Zuk ez dituzu ezertan artu, nik zuretzat irabazi nituan Zeruko bizitza doatsua, eta atsegin-kontentuak, eta nik bidaltzen zaitut betiko su eta garren artera; in sempiternum. Zoaz madarikatua, nigandik, zoaz: in ignem aeternum. Itsatsiko zaio infernuko dragoia eta amilduko dira infernuan.

 

 

§ IV.

 

        Aditzen dezu Kristaua, zeñ izugarria izango dan guretzat eriotzako puntuan igaro bear degun juizioa? Zer egin al dezakegu guk orduan ongi irteteko? Ez dago, ez dago beste biderik ezpada oraiñ denbora degunean Jaunagana biurtzea, eta bizitza berri garbi bat egitea. Oraiñ gure alde degu Aingeru guardakoa: orduan izango da gure salatzalle. Oraiñ gure alde da Birjiña txit Santa: orduan ez digu balioko beraren bitartekotasunak. Oraiñ Jesus Aita urrikaritsua bezala deiez dagokigu: orduan Juez zuzenaren eran dagokigun sentenzia emango digu. Au onela izan, eta ez dituzu gaurdanik urratuko bekatuaren kate oriek? Ez dezu artuko Zerurako bide ederra?

        Bekataria, zer gaitz egin dizut nik zuri, zuk orrenbeste bidegabe niri egiteko? Esaten dizu Salbatzalleak. Quid feci tibi? Gaitz egitea ote zan zu ezerezetik egitea? Gaitz egitea ote zan zugatik gizon egitea, eta gurutzean bizitza ematea? Gaitz egitea ote zan zugatik Aldareko Sakramentuan geratzea? Zer gaitz egin dizut bada zuk utzitzeko, eta bekatuaren bideai jarraitzeko? Quid feci tibi?

        Nere Salbatzalle maitagarria, asko da: aitortzen det nere eskergabekeria itsusia: erabaki det gaurdanik utzitzea bekatua, eta bekatuaren bideak. Lagunzakizkit, Jauna, zu amatzen, eta serbitzen; onela iristeko zuk neretzat irabazi zenduan betiko bizitza doatsua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa