www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI TA EMEZORTZIGARREN ERAKUSALDIA

 

Jaun Jaungoikoari zor diozkagun esker on-humillen gañean.

Artu ditugun ontarte edo mesedeen ezaguera ona.

 

Memento creatoris tui in diebus juventutis tuae. Ecclesiastes 12.

 

        Artu ditugun ontarte, edo mesedeen ezaguera ona da birtute bat Jaungoikoak berak gizonari eman ziona esker onekoa izateko bere ongilleakin. Birtute onen mallak dira: 1.a gogoan idukitzea egin zaizkigun mesedeak. Ongilleari dagoka egiten duan mesedeaz aztutzea, ta artzalleari beñere, ez aztutzea, esan zuan Senekak. Hoc inter duos Beneficii lex est, alter statim oblivisci debet dati, alter accepti nunquam 2.a Eskerrak ematea ongilleari. 3.a denbora egokia datorrenean aitortzea egin zakun mesedea, ezagutua izan dedin ongillea. Ongilleak ez du ezkilla jotzen ibilli bear, ta era onetan ibiltzeak adirazten du ez duala mesedea egin, lagun urkoaren onagatik, baizik beste fin zimurren bategatik, ta itsusten, ta ezer ezera biurtzen du mesedea, edo mesede izan zitekean gauza; baña ontartea edo mesedea artu duanak deretxa egokia datorrenean aitortu bear du bere ongilleak egin dion mesedea, ta ongille beraren prestutasuna. 4.a Ongilleari ongi nai izatea, ta al dan eran ordañtzea, edo argatik alegiña egitea. 5.a Mesedeari erantzun da ere, erantzun ezpalitzaio bezala, gogoan idukitzea, ta ongilleari borondate eskerdun bat gordetzea; au da biotz prestu bati dagokan gauza.

        Birtute onen kontra bizioa da eskergabekeria, ta baditu onek-ere bere mallak. Lenengoa da egin zakun mesedeaz aztutzea, ta au da ganaduak, edo zentzugabeko animaliak berak egiten ez duena. 2en malla da eskerrik ez ematea, edo esker gaiztoak ematea. Ain dira zenbait gai onen gañean esker gaiztokoak, non egiten zaten mesede guztia ezertan ez daukeen. 3en malla da denbora egokian antustez, edo soberbiaz ez aitortzea artu degun mesedea. Badira ongille mota batzuek egin dituen mesedeak, edo mesedeen iduripenak leku guztian erausitzen dituenak, baña isillik uzten dituela mesede apur aen ordaiñ artu dituen esker onak; ta era onetan badira mesedeak artu dituenen artean batzuek ain antuste andikoak, ain arroak, non uste duen geiegi beeratuko lirakeala egin zaizten ontarteak aitortu, ta ongillea alabatzearekin. 4.a Artu ditugun ontarteai ez erantzutea erantzun genezakeala. 5.a Gure ongilleentzat afektorik ez gordetzea. Emendik ezagutu dezakegu mundu onetan ongille egiazko gutxi arkitzen dala, eta esker gabez beterik daudela leku guztiak. Ta zer izango da begiratzen badiegu alde batetik gure ongille andi Jaun Jaungoikoak egin dizkigun ontarteai, ta beste aldetik zer gisatan erantzun diegun ontarte oei? Ai! nere Kristauak! izanik gure Jaungoikoa gure ongille ezin andiagoa, alaere doi doia arkitzen du gure artean, egin dizkigun ontarteaz ongi oroitzen danik! Espadasunez beterik arkitzen da mundua eskergabeen kontra; baña begiratzen badegu, zenbat ontarte, ta zeñ andiak egin dizkigun Jaunak, non arkituko degu gu gerok baño eskergabe andiagorik? Ezagutu dezazun-bada, Kristaua, zure Jaunari zor diozuna, ta oitu zaitezen sarritan esker on-humillak berari ematera oroi zaitez. 1.a nola ezer ezetik atera zaituan, ta zertarako. 2.a zu jaio orduko nola prestatu zizun zure bizi lekua, ta bear dezun guztia. Oroi zaitez atzena, nolako Jauregi eder-zoragarria apaindu dizun Zeruan, munduko etxe onetatik ateratzen zeraneko.

 

 

§ I.

 

        Asi zaite, Kristaua, zure sortzearen aurreko denbora guztiai begiraldi bat ematen, ta zuk ekusiko dezu ezer ezaren illuntasunean egon zerala oraindik denbora gutxi dan artean. Zer ziñan ezperen mundu au Jaunak egin zuan arteko eternidade guztian? ezer ez zu, ezer ez zure gurasoak, ta zure aurreko guztiak. Zer ziñan zu, ta zer giñan gu guztiok, gure Jaungoiko gauza guztien Egille andiak mundu au egin zuan denboran? Ezer ez. Non ziñan, esaten dizu Jaunak, Ubi eras quando ponebam fundamenta terrae? (Job cap. 38). Non ziñan, lurraren zimenduak ezartzen ni ari nintzanean? Baziñakian zuk orduan jaioko ziñanik, edo zenbat egunean iraungo duan zure bizitzak? Zer giñan orain lau milla, orain milla, edo orain bost eun urte-ere? Ezer ez, etzan munduan gure berririk-ere. Zer giñan atzenean orain eun urte danean? Ezer-ez oraindik. Nork atera ginduan bada ezer-ezaren illunbe onetatik? Ez gerok egiaz; ezer-ezak alabaña ez du ezer egiteko eskurik. Ez gizonak, ta ez Aingeruak-ere; oek-ere albaña ezer-ezarekin ezin dan gauzarik txikiena molda dezakee? Nork atera gaitu bada gure ezer-ezetik? Nork ezpada gure Jaun Jaungoiko guzialdunak?

        Gu geren ezer-ezean utzirik, egin zitzakean Jaunak beste ezin konta al anima gu ez bezalakoak, ta guztiz leialki beren Egille ona serbituko zuenak. Ta alaere aek utzi zituan beren ezer-ezean, ta egin ginduan gu! Oraindik amaren sabelean sortu baño len, ezagutu zindudan, ta nere onginai betikoarekin begiratu, ta maite izan zindudan, esaten digu Jaunak. Jeremias, Profetari esan zion eran. Priusquam te formarem in utero novi te (Jerem. c. 1) In charitate perpetua dilexi te (cap. 31).

        Ekusten dezu, Kristaua, nola oraindik orañago ezer-ere ez giñan? ta gure berririk batere munduan etzan? Ekusten dezu nola ezer-ez onetatik nai izate utsarekin atera gaituan gure Jaun Jaungoikoak? Ta atera, beste ezin konta al utzitzen dituala betiko beren ezer-ezean? Ta zertarako ezer-ezetik atera, ta ipiñi ote gaitu munduan gure ongille maitagarriak? Ez gaitu egiaz emen ondasunak biltzeko ipiñi, Ebenjelioko aberats kutiziosoak erakusten digun bezala. Ez gaitu egin gure gogo, ta biotzak ipintzeko munduaren atsegin loi, arrotasun, ta zorakerietan. Ez, ez, Kristaua: gauza goiago, andiago, ta miragarriagoetarako egiñak gera: au da emen ezagutzeko, ta amatzeko gure Jaun Jaungoikoa, ta beraren Seme, ta gure Salbatzallea, ta gero bizitzeko beti betiko atsegin kontentuen artean Zeruan. Onetan dago gizonaren izate guztia, ta gure doatasuna. Izan zaitez Jaungoikoaren beldurrekoa, ta gorde itzatzu beraren aginteak; au da alabaña gizonaren izan guztia, esaten digu Eskritura Santak. Deus time, et mandata ejus observa: hoc est enim omnis homo (Ecclesiastes cap. 12).

        Atozea oraiñ Kristaua, zu ezer ezetik atera, ta gauza añ andietarako egin zaituan zure Jaungoikoari, ez diozu zor dezun izatea, ta zu zeran, ta izan al zaitezkean guztia? Ez diozu zor sarritan beraz oroitzea, ta esker on humillak ematea? Baña au are obeto ezagutu dezazun oroi zaitez bigarren lekuan, nola zu jaio orduko emen prestatu zizun zure Egille onak zure bizi lekua, ta bizitzeko bear dezun guztia.

 

 

§ II.

 

        Egin zinduan zure Jaunak emen bera ezagutzeko, amatzeko, ta beraren aginteak gordetzeko: ta bizi zeran denborarako prestatu zizun etxe eder-galant bat, ta bear dezun guztia. Nai dezu ekusi nolako etxea prestatu zizun? «Zabalitzatzu bada zure begiak, ta begira eguzkira, begira illargira, begira izarrez betea dagoan gañ orretara: begira-ezazu lurraren lau bazterretara: begira aizera, begira itsasora, ta alde guztietara. Orra zure Egille onak zuretzat prestatu zuan etxe eder-galanta. Etxe onen tellatuak, izarrez beteak dauden Zeruak dira. Etxazpia da, zere oñpean dadukazun, mundu guztia. Pareteak elementuak dira, ta gelak erriak. Etxe onetako kriseluak, edo argiak, egunaz eguzkia, ta gauaz illargia, ta izarrak dira. Tellatuak ez dira beñere urratzen; txutik daude beti pareteak, ta etxeko argia Jaungoikoaren kontura dago».

        Etxe eder galant au zaitzen du beraren Egille Jaungoikoak. Jaun andi onek airean bezala dauzka, Isaias Profetak dionez. «Egiak, aldapak, mendiak, itsasoak, ta mundu guzi guzia iru beatzekin. Iru beatz oek dira Jaunaren Jakiundea, ontasuna, ta eskua. Noiz, nola, ta zertako gauzak egin bere jakiundeak erakutsi zion Jaungoikoari. Bere ontasunak eragin ziozkan bear zan garaiean; eta egin zituan bear bezala bere esku ongillearekin.

        »Etzan gure Jaungoikoa kontentu geratu, guretzat etxe eder galant au apaindurik ipintzearekin. Baziakian Jaunak, ezurrez, ta aragiz jantziak, egin ginduala, ta etxeaz gañera beste gauza asko bear genituala. Orregatik etxea egin orduko, egin zituan lurpean urre zillarrak, diamanteak, ta arri fiñak; lur gañean beiak, ardiak, eperrak, ollaskoak, ta illez, ta lumaz jantzirik dabiltzan egaztiak, ta gauzak. Egin zituan iturriak, egin zituan ibaiak, egin zuan itsasoa, ta au, ta ibaiak arraiez beteak. Au guztia ezer ezpaliz bezala, eman zien gure Jaungoikoak lurrari, aizeari, suari, ta urari bear adiña indar berenez, edo laguntzen zaiela egiteko gure jan-edanerako, soñerako, ta beste gauzetarako bear degun guztia. Emen gure bazterretan arkitzen ez diran gauzak arkitzen dira besteetan, ta andik ekartzeko, legorrez ekartzekoak diranean, badira bideak, zaldiak, mandoak, edo idiak: ta itsasoz ekartzekoak diranean badira ontziak, eta ontziak. Bearrean arkitzen bada norbait, ori izango da berak egin gabez egin bear duena; edo zeren ori dan orduan ari ongiena dagokan Zerurako bidea».

        Idiki itzatzu bada noizbait-noizbait, Kristaua, zure begiak, ta ekusirik zure Egille onak zuretzat apaindu zuan etxe eder galant au, ta etxe onetako gauzak, lotsa zaite, zeren Jaunaren ontarte oez aztu, edo beraren kontra bekatua bekatuaren gain egiteko baliatu zeran. Ezagutu ezazu ongi, nolako eskerrak zor diozkatzun.

 

 

§ III.

 

        Etzaitezela ordea munduko etxe eder oni begira llilluraturik geratu. Oroi zaitez erbestean bizi zerala: ta erbesteturik gauden denboran onen etxe eder-galanta, ta ainbeste gauza guretzat prestatu baditu gure Egille onak nolako Jauregia, edo bizilekua izango da Zeruko Jerusalen, ta Jaungoiko beraren Erri zoragarrian guretzat prestatu duana? Ai! baña nork au adierazi? Ala ere alde onetatik zere jaunari diozun zor andia zerbait ezagutu dezazun, Kristaua, altxaitzatzu zure begiak Zeru orietara. Zeñ eder ematen due oriek gau argi batean izarrak beren lekuetan distiatzen, ta argi egiten duela? uste dezu oriek dirala Jaungoiko beraren Erria? Oriek doatsuen Jauregia? Utsegiten dezu, engañatzen zera. Zeru oriek Jaunaren bizi lekuaren ataria besterik ez dira.

        Zoaz bada, Kristaua, goorago, ta goorago, ta ekusiko dezu Erri bat añ andi-eder-zoragarria, non gure adimentuak ezin ongi iritsi lezakean. Ekusiko dituzu Erri onen murallak, ta ez dezu jakingo zer esan aen edertasuna dakusazunean. Muralla oen lenengo arri errenkada da jaspea, baña ez emengo jaspe illun oen antzekoa, baizik kristala bera baño garbiagoa, ta argia igarotzen zaiona. Ala dio S. Juan Ebanjelistak. Bigarren errenkada da Saphiro deritzan Zeru koloreko arri eder bat, ta au ere kristalaren eran argia. Irugarrena Txalzedoniako arri eder baten antzekoa, au da brasa erazekia dirudiana. laugarren errenkada da esmeraldazkoa. Bostgarrena da S. Juanek Sardonix deitzen dion arri zuri-gorritara ematen duan bat. Seigarren arri errankada da Sardio deritzan beste arri eder batekikoa. Zazpigarrena da Krisolito esaten zaion arria, au da urrezkoa, ta kristalak bezala argi ematen duana. Zortzigarren errenkada da Berilo deitzen dioen berdetara ematen duan arri eder bat. Bederatzeigarrena da Topazio esaten zaion beste arri mota bat. Amargarrena errenkada, S. Juanek dionez da Txysophraso, berdetara, ta urrekolorera ematen duana. Amaikagarren da jazintoa, jazmin kolorekoa. Atzenean gañeko arri errenkada da amethysto esaten zaion arri mota prezioso bat, ta guztiak kristalaren eran argi egiten duenak. Muralla eder onek goora duan neurria da eun, ta berrogeita lau beso. Atozea orain, Kristaua, zeñ gauz eder miragarria izango ez da Zeruko gure erria murallak onen argiak, ederrak, ta zoragarriak diranean? Ai ene! ta au ala izanik azturik zorioneko gure erri artzaz, munduko gauza lauso, ta loietan ondaturik bezala bizi gerade! Zer da au, nere Kristauak, non da gure sinistea?

        San Juan Ebanjelistak Zeruko erriaren murallak arri eder-preziotsu aekin egiñak daudela, adirazten digunean, ez degu sinistu bear arrizko murallak dirala; baizik arri eder aek izendatzen dituala guri nolere bait agertzeko zeñ miragarria dan Zerua murallaren eran inguratzen duan edertasuna.

        Amabi ate ditu Erri onek: sortaldetik, edo Eguzkia sortzen dan aldetik iru; nortaldetik iru; eguerditik iru, ta eguzkia sartzen dan aldetik beste iru. Ez dira ate oek puskaz egiñak, baizik margarita deritzan arri bat-osoarekin bakoitza, ta kristalik ederrenak, ta garbienak baño geiago argi egiten, ta distiatzen due. Zoaz Kristaua, zoaz gogoz, ta biotzez ate oetatik barrena. Beti zabalak daude Jaungoikoaren bildots Jesus Jaungoiko-gizonaren odolean beren animak garbitu dituen guztientzat. Ekusiko dezu erri artako plazak, ta kaleak, ta doatsuen Jauregiak urrezkoak dirala, edo urre guztiak baño ederragoak, ta kristalik garbienak baño argiagoak. Platea civitatis aurum mundum, tanquam vitrum pertucidum. Ekusiko dezu Jaungoikoaren, ta Jaungoiko gizon Jesus maitagarriaren jarlekutik irteten, ta zabaltzen dala erri guztian atsegin, gusto, ta kontentu guztien ibai bat, doatsu guztiak atsegiñez betetzen dituana beñere gogoan jo gabe, ta beñere aspertu gabe. Ekusiko dituzu ango plazaren erdian, ta ibaiaren erz bietan arbola aiñ ederrak, ta aiñ ugari fruta ematen duenak, non ill oro fruta berria dakarten. Deitzen zaio arbola oni bizitzaren arbola. Asko lizake arbola onen fruta, ta naiz ostorik txikiena probatzea, munduan diran eritasun, ta gaiz mota guztiak, ta eriotza bera aienatzeko. Et folia ligni ad sanitatem gentium. Ekusiko dezu atzenean, ez dala an eguzkiaren, illargiaren, ta izarren argi bearrik. Zori onekoak, edo doatsuak alabaña eguzkiaren eran argi egingo due, S. Matheok dionez: ta nola argi egingo du Jaungoikoaren Ama Birjiña guztiz Santak? nola Jaungoikoaren bildots Jesus maitagarriak? Nola atzenean Jaungoiko beraren izate ederrak? Claritas Dei illuminavit eam (Videsis cap. 21 et 22 Apocalipsis).

        Ona nere, Kristaua, ona zure Egille onak zuretzat prestatu duan jauregi ederra. Esan gidazu orain, esan gidazu arren. Zer eskerrak ez diozkagu zor onenbat ontarte egin digun gure Jaun Jaungoikoari? Nola egon algaitezke sarritan esker umillak eman gabe gure ongille andiari? Asko da gure oraindañoko zabarkeria: asko da eskergabekeriaz: oitu gaitezen goiz arratsetan Jaunari eskerrak ematera, Zerurako bideari jarraitzera, iristeko beti iraungo duan ango bizitza doatsua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa