www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

ZORTZIGARREN ERAKUSALDIA

 

Aldareko sakramentu guziz santuaren desagrabioen festibidadearen gañean.

 

Caro mea vere est cibus, et sanguis meus vere est potus. Joan 6.

 

        Gure fedeko misterio guzien artean goyena, miragarriena, ta Jainkoaren guganako amorioa guziena agertzen duana da, nere Kriastauak, Aldareko Sakramentu guziz beneragarria. Sakramentu onetan arkitzen da gure Jesus ona gurekin egoteagatik, guri bere ondasunak emateko, ta atzenean gure janari, ta edari egiñik. Au onela izanik, dan bezala, nork uste izan zezakean Sakramentu orretan ekusi bearra zala ezin konta al eskergabekeria, txarkeri, ta bidegabe? Etzan egiaz erraz onelakorik gogoratzea ere, baña ala gertatu da. Elizaren asieratik asi ziran hereje batzuek misterio andi au ukatzen, S. Ignazio Martiriak Esmirnakoai gaztigatzen dienaz, ta geroztik beti beregandik bialdu ditu infernuak Sakramentu oni gerra egiteko batzuek, edo batzuek. Anziñako denboran Berengario, ta geroago Wiklef, Karolostadio, Zuinglio, Ekolonpadio, ta Juan Kalbino. Egungo egunean zenbatek jarraitzen dioe Juan Kalbinori Franzian, zenbatek Inglaterran? Izan due oen jarraikiñak ausardia Sakramentua ganibetaz ebakitzeko, iltzez urkabean josteko, Sakramentuar odola zerion bezala, ta alaere odol preziotsua kasorik egin gabe: izan due ausardia Sakramentua Elizetatik arturik zaldiai zaldaletzat janerazteko. Arriturik, ta ezin sinisturik bezala gauz oek aditzean arkitzen zerate bearbada zuek, baña adiezazue Tillemont deritzan Brabanteko erri batean gertatu zana orain eun da ogeita amalau, edo amabost urte bezala. Erri onetan sartu zan Mos de Txatillon Franziako Erregeren jenerala Españaren kontra, bere mendeko soldaduakin. Jeneral Kalbinista onek etzien barkatu donzellai, etzien barkatu Relijioan gorderik arkitzen ziran Birjiñai, etzien barkatu Elizai. Zer geyago? etzion barkatu Aldareko Sakramentu guziz beneragarriari ere, bada Elizetan arkitu zituan forma konsagratuak jan-erazi ziezten bere zaldiai! Ekusten dezue nere Kristauak, zer bidegabe, ta txarkeri izugarriak eraman dituan Jesusek Sakramentu orretan? Oen ordez bada, guk berari zor zaizkan esker onak, ta adorazioak emateko, egiten da Espaiñian leku askotan gaur zuek egiten dezuen festibidade Desagrabioen izenarekin. Argatik asmoarekin nator zuei begien aurrean ipintzeko onetarako zenbait bide egoki. Lenago agertuko degu Sakramentu oni dagokan doktriñako puntua.

        Aldareko, edo Komunioko Sakramentua da zazpietatik bata, ta au aditzen degu Laugarrena Komunioa esaten degunean. Komunioko Sakramentu txit Santua zertako da, galdetzen du doktrinako liburutxoak; ta erantzuten du: Guk bear bezala artu, ta gure animen janari izan dedin, ta grazia ugaritu, ta geitu diezagun. Komunioko Sakramentuan zer artzen da? Jesu-Kristo Jainko, ta gizon egiazkoa, Aldareko Sakramentuan egiaz dagoana. Ongi komulgatzeko zenbat gauza bear dira? iru gauza. 1.a zer artzen, edo errezibitzen dan jakitea. 2.a barau naturala, edo ezer artugabe egotea. 3.a bekatu larri, edo mortalik batere gabe, ta Jainkoaren grazian egotea. Ona zuek gauz onen gañean gutxien gutxiena jakin bear dezuena. Goazen orain agertuaz gauz oek berak.

        Komunioko Sakramentua guk bear bezala artu, ta gure animen janari izan dedin, ta grazia ugaritu, edo geitu diezagun. Gorputzak janaririk gabe ezin iraun dezake, ta ezin egingo ditu bear diran gauzak. Gisa onetan gure animak ezpadu noizean beiñ bederik bere janaria, motelduaz joango da Zeruko bidean, ta atzenean ilko da igaro bear duan bidea igaro gabe. Argatik Jesus onak utzi digu gure animen janaritzat bere gorputza, ta edaritzat bere odola. Caro mea vere est cibus, et sanguis meus vere est polus. Janari, ta edari au ongi prestaturik, ta biotz garbiarekin artzen ditugula, ugaritzen due animako grazia, uzten due anima indar berriz betea Zeruko bidean aurrera joateko: gutxitzen dira gaitzera griña gaiztoen bizitasuna, ta askotan gorputzeraño ere zabaltzen dan atsegiñ, ta kontentuak uzten ditu Jesusek bera ongi artzen duanaren animan. Jauna: Apaizak artzen due Jesusen odola, baña Apaiz ez diranak ez due artzen esandezake orain gauzen berri ongi ez dakianen batek. Elizaren asieran guziak artu oi zuen Jesu-Kristo orain Apaizak bezala ogiaren, ta ardoaren antz, edo espezien azpian, ta gaurko egunean ere ala artzen due dio Benedikto XIV. Orienteko Elizan, edo artzen due forma konsagratua Jesu-Kristoren odolean bustirik kutxarean. Baña emen ez due Apaiz ez diranak aspaldiko denboretan Jesus artzen ogiaren akzidenteen azpian baizik. Alaere nola ostian arkitzen dan Jesusen odola komulgatzen dan guziak artzen du au gorputzarekin batean.

        Apaizak Konsagrazioko itzak esan artean ostia ez da ogi piska bat besterik, baña konsagrazioko itzak esaten dituan bezala, lenago ogi zan ostia gelditzen da Jesu-Kristoren gorputz egiñik, izan dedilla Apaiza naiz ona, naiz gaiztoa baldin egiaz Apaiza bada. Konsagrazioko itzen birtutez jartzen da ostian Jesu-Kristoren gorputza, baña ez gorputz illa, piztu zan alabaña beñere ez iltzeko, baizikan bizia, ta nola gorputz biziari dagokan odola, jartzen da odola ere gorputzarekin Jesu-Kristoren gorputzari itsatsirik, ta uniturik arkitzen da beraren anima, ta jartzen da au ere ostian gorputzarekin batean. Atzenean Jesusen gorputz animai uniturik arkitzen da Jesusen Jainkotasuna, ta nola Semea, Aita, ta Espiritu Santuarekin Jainko bat dan, Trinidade guziz Santua arkitzen da ostia konsagratuan. Au obeto adituko dezu gogora ekartzen badezu katea batekin gertatzen zatzuna. Eldu giozu, ta tira katea baten aurreneko mallari. Zuk bati eltzen diozu, ta tiratzen, baña guziak zeregana ekarriko dituzu, zeren aurrenekoari itsatsirik arkitzen diran besteak. Eta au bera gertatzen da Aldareko Sakramentuan era miragarriago batean. Esaten ditu Apaizak konsagrazioko itzak ostiaren gaiñ: puntu artan bertan an dago Jesu-Kristoren gorputza. ltzen birtutez gorputza bakarrik jarriko lizake, baña nola Jesusen gorputzari ditxeozkan gauzak diran odola, anima, ta Jainkotasuna, gorputzarekin batean an dira gauz oek guziak.

        Kalizan Apaizak itzak esan artean, ez dago ardoa, ta ur piska bat besterik, baña Konsagrazioko itzak esaten dituan bezala, lenago ardo zana egiten da Jesu-Kristoren odol, ta odolarekin batean jartzen da gorputza, anima, Jainkotasuna, ta Trinidade iru personak. ltz batean guzia esango det: ostian arkitzen da Jesu-Kristo guzia Zeruan duan edertasun guziarekin, ta Kalizan ere bai: Jesu-Kristo guzia hostia guzian, ta guzia hostiaren puskarik txikienean: Jesu-Kristo guzia Zeruan, ta guzia Aldareko Sakramentuan: ostia erdiratzen da, ta ez da erdiratzen Jesu-Kristo. Gauza miretsitzekoak egiaz, baña errazak Jainko Guzialdunarentzat!

        Jauna ongi dago ori guzia, baña esan begit, Apaizak ostia goora jasorik erakusten duanean, zer ekusten degun. Batzuek esaten due, au dotrinan galdetzean, ekusten duela beren Jauna, edo ekusten duela Jesu-Kristo. Baña engañatzen dira, Jesu-Kristo alabaña gorderik, ta ezkutaturik arkitzen da, ta ala ez izatera nola animatuko giñake beraren aurrean jartzera? Beste batzuek eranzuten oi due ekusten duela ogia, ta au gaistoago da. Au da alabaña nolere bait uste izatea ostia Konsagratuan oraindik badala ogia, Luterok esaten zuan bezala, ez da bada ekusten Sakramentua erakusten danean ogirik, zeren ya ez dagoan. Ekusten dana da ogiaren antza, ogiaren kolorea, edo zuritasuna, biribiltasuna, ta luze zabala, ta ogiaren soñeko, ta akzidente oen azpian sinisten, ta adoratzen degu Jesu-Kristo Jainko, ta gizon egiazkoa. Asko degu onenbesterekin, ta gutxi esan badegu ere itzegiteko gai onentzat, geyegi bear bada askorentzat. Goazen oraiñ agertzera Jesusi zor zaizkan esker onak, ta benerazioa emateko zenbait bide eder, ta egoki. Eta onetarako eskatu degiogun Birjiña guziz Santari bere laguntza Aingeruarekin esaten diogula. Abe Maria.

 

Caro mea vere est cibus, et Sanguis meus vere est potus. Joan. 6.

 

        Aldareko Sakramentuan Jesus onak gure amorioz ekusi dituan txarkeri, ta bidegabeen ordez zor diozkagun esker onak, ta adorazioak emateko bide asko dira. Baña guzien artean zuentzat egokienak izango dira oek. 1.a maiz siniste, edo fede bizi batekin bisitatzea Jesus ona Sakramentatua. 2.a maiz bera artzea, baña artzea ongi prestaturik.

 

 

§ I.

 

        Jesus onak, gugatik gurutzean bizitza emanik igarotzen zuala gurutzeko eriotza gogorra, nai izan zuan gure artean gelditu; ta milla ta zortzi eun, ta geyago urte onetan Aldareko Sakramentuan arkitzen da beñere gu utzi gabe. Atsegin poz andia Jesus onarentzat bere umeakin egotea, berak adierazirik daukan bezala. Deliciae meae esse cum fuis hominum. Emendik gauza txit ederra, ta Jesusen gogokoa da maiz gu bera bisitatzera joatea. Bisita oek bear bezala egiteko gogora ekarri bear dezu benik beiñ nora zatozen, ta norekin itzegitera. Baldin sinistea galdu ezpadezu ezagutuko dezu zoazela Errege guzien Erregea, Aingeruz, Serafin, ta Txerubinez inguratua dagoana bisitatzera bere Elizan, edo etxean. Ekarri bear dezu gero gogora Jesusek Sakramentu orretan daramana; bada igarotzen ditu denborarik geyenak azturik, ta bakarrik; ta atzenean gauz oen damu, ta atsakabe andia artzen dezula, milla esker eman, milla agur egin bear diozkatzu. Au da, nere Kristauak bide guziz ederra Jesus desagrabiaturik uzteko. Baña bide au zenbatek artzen due? Zenbat etortzen zaizka Jesusi bisitak egitera?

        Betor nondik nai gizon aberats bat, aren etxean izango dira bereala ongi etorri egitera errian zerbait dirala deritzen guziak. Betorkio nori nai urrutitik adiskide bat; etorri berria aditu orduko anda adiskidea ekustera, ta nekez edo ezin bestez alde egingo du aren ondotik. Edozein ongille aberats guziak edo asko joan oi zaizka eskerrak ematera, ta maiz ekustera, batezere zerbaiten ustea bada. Baña etorririk gure Jesus ona Zerutik lurrera, izanik Jesus ona gauza guzien jabea, ta ezin geyagoraño aberatsa, izanik atzenean ezin geyagoraño ongillea nor etortzen zayo ekustera, ta berarekin itzegiten ordu laurden bat bederik igarotzera?

        Argatik espadasun andiakin esaten digu Sakramentu artatik gaur: Zuek badezue denbora egunak, ta asteak igarotzeko erausian, zuek badezue denbora edanean, ta jokuan zeren animak galtzeko: Zuek badezue denbora zeren gogokoakin egoteko. Ta izanik ni zuen egillea, zuek-gatik gizon egin ta gurutzean bizitza eman nuana, ta zuekin egotera, ta ondasunez beterik uztera etorririk nagoana azturik ni; oblivioni datus sum; bacarric ni, ego autem relictus sum solus. Nonda, nonda, nere Kristauak, gure fedea? orren bakarrik usten degunean gure Jesus ona?

        Etortzen zerate, egiaz, Jai egunetan Meza enzutera. Baña nola egoten dira geyenak? Egoten dirade Errege guzien erregeren aurrean daudela sinisten duela? ez, ez geyenak beintzat, baizik Jesusi iseka egitera etorri balira bezala; batzuek begiak armatu batera, ta bestera begiratuaz; besteak itzegiten; batzuek auzabalka, bezteak ordu erdi bat ezin igarorik. Au da, nere Kristauak, Jesusi zor diozkagun esker onak, ta adorazioak ematea? Au da desagrabiatzea? ez baizik herejeak baño bidegabe andiagoak egitea!

 

 

§ II.

 

        Ez al gera, nere Kristauak, emendik aurrera oraindaño bezala egongo Jesus ona bakarrik utzirik! ta etortzen geranean siniste, ta arreta obeagoarekin egongo al gera! onela Jesus onari zor diozkagun esker onak, ta benerazioak emateko. Baña badegu beste bide bat onetarako aurrenekoa baño ere egokiagoa, au da maiz, ta bear dan eran artzea Jesus ona Komunioko Sakramentu Santuan. Bazekusen Jesusek onak neke, ta tentu lanak garaituaz igaro bearrak zirala beraren umeak Zeruko atsegin kontentuen artean bizitzeko. Neke oek batzuek datoz etsaiaren aldetik. Tentatzen du etsaiak anima gaixoa andik, ta emendik, batzuetan tristuraz, besteetan aserrearen suarekin: batzuetan kutiziaz, besteetan aragiaren gura gaistoakin. Ta etsai amorratuaren aldetik datozen neke ok gutxi balira bezala, tentatzen ere due anima gaixoa bere lagun urkoak ere: tentatzen du batzuetan errierta, ta ateleka gaistoakin, besteetan itz bidegabekoakin, edo asmazio gaistoakin.

        Beste nekerik ez danean berekin izango du animak nork nekatu, beti izango du alabaña bere burua, ta aragi gaitzerako griñaz betea, ta onez gañera nekea beti du Jainkoaren Legeko gauza guziak zuzen egitean. Neke oen guzien azpian gu illik ez gelditzeko zer egin zuan Jesus onak? zer? Jainko ezingeiagoraño ongilleak baizik ezin egin zezakean gauz arrigarri bat, edo Aldareko Sakramentuan gure janari, ta edari egiñik gelditzea, onela janari Zeruko onen indarrarekin aisa eramateko Zeruko bidean degun neke guzia. Nere gorputza janaria da egiaz, ta nere odola edari, esaten digu berak. Caro mea vere est cibus, et sanguis meus vere est polus; gorputz au jaten, ta odol au edaten duanak izango du betiko bizitz doatsua. Habet vilam aeternam. Ta atozte, deitzen digu Sakramentu artatik, atozte nere umeak: venite ad me: atozte nere Legearen kargarekin neketan zautenak, nik emango dizuet, zuek karga ori aisa eramateko bear dezuen indar guzia. Venite ad me omnes, qui laboratis, et onerati estis, et ego reficiam vos. Begira orain, Kristaua, nolako bide ederra dan Jesus ona Komunioko Sakramentuan maiz artzea, berari atsegin egiteko ta zor diozkagun esker onak emateko.

        Baña egiten dezu au anima bekataria? etzera zu aspaldiko denboretan pazkoatik pazkoara egon oi Komunioko mayera gabe, ta orduan ere zere Artzayaren edo Justiziaren beldurrez? Etzabiltza igesi bezala, ta beti atzera Jesus ona artzera etorzeko? Ah triste zere galgarria! Baziñaki zenbat ondasun Zeruko gaitzen dezun! bazinaki zer naigabea ematen diozun zere Jesus onari! ta zer sentenzia izugarria Aldare artatik ematen duan! Adiezazu zer esaten dizun, zuri, ta guziai. Egiaz, egiaz esaten dizuet: Amen amen dico vobis: espadezue nere gorputza jaten, ta odola edaten, ez da zuetan izango graziaren bizitza ederra, ta gero Zeruko bizitza doatsua. Nisi manducaveritis carnem filii hominis, et biberilis eius sanguinem. Baña ez da aditu bear maiz Jauna artzea diodanean edozein gisatan artzea, baizik ongi prestaturik, ta biotz garbiarekin onela ongi prestaturik dauden animetan jarririk bere ondasun guziak eman nairik arkitzen da Jesus ona; ematen duala duan guzia, bada ematen du bere gorputza, odola, anima, ta Jainkotasuna. Beldurgabe diot, esaten du S. Agustiñek: izanik gure Jainkoa, dan bezala guzialduna, eman degun baño geyago ezin eman zegikegun. Dicere audeo, quod Deus cum sil omnipotens plus dare non potuit. Izanik gure Jainkoa Jakiunde utsa, etzuan jakin zer geyago eman. Cum sit sapientissimus plus dare nescivit. Izanik atzenean gauza guzien Jabea, ta ezin geyagoraño aberatsa, etzuan izan zer geyago eman. Cum sit ditissimus plus dare non habuit. Au guzia ematea da Jesusen atsegin kontentu andia bere umeai, oek ongi prestaturik arkitzen diranean, baña bekatuaren loyez beterik dijoan biotzean? Onela dijoanak Jesus onari berriz bere alegiñean gurutzeko eriotza ematen dio esaten du S. Pablok. Rursum sibimelipsis crucifigentes filium Dei: bere gain artzen du Jainko biziaren Semearen odola: reus erit corporis, et sanguinis Domini: jaten, ta edaten bere kondenazioko sentenzia juditiun sibi manducat et bibit.

        Ta oek dira gure arteko askok, Sakramentu orretan Jesusek ekusi dituan eskergabekeri, txarkeri, ta bidegabeak desegiteko ematen diozkeen esker onak, adorazio, ta atsegin kontentuak, herejeak baño ere bidegabe andiagoak egitea, gaizki Jauna artuaz. Ala artzen dezu zuk gizon edo emakume birauen oitura madarikatu ori uzten ez dezuna. Ala zuk zere lagun urkoarekin itz egin naigabe, zer esana ematen dezula bizi zerana. Ala zuk gizon edanean, jokoan, alferkerian zabiltzana. Ala zu zerekiko lizunkerien oitura edo bekatuaren perillak utzi nai ez dituzuna. Konfesatzen zera, ta bear bada maiz, baña bekatua uzteko asmoen iduripen uts batekin eta onela zoaz gerotik gerora geyago berrituaz Jesusen neke oñazeak zeregan danez. Rursum sibimetipsis crucifigentes filium Dei. Ay! nere Kristauak ta zein premiazkoa dan gaurko festibidadea! bada onenbeste ekusten du, onenbeste darama ez herejeetatik bakarrik baita gugandik ere.

        Ta alaere zu Jesus ona isill isillik Sakramentu orretan guzia ekusten dezula! Zu zere Justiziaren ezpata zorrotza magitik atera nai gabe! Zu nondik mugituko gaituzun bizitza eder bat egitera, ta biotz eder garbiakin zugana etortzera! Bedeikatua izan bedi Jauna zure Miserikordia, ta pazienzia gurekin izandezuna. Orain ezagutzen ditugu ongi zure ontasunari egindako txarkeri eta bidegabeak. Lotsaz beterik arkitzen gera gure esker gabekeri oni begiraturik. Urrikaldu zaitez arren guzaz: ukitu itzatzu biotz oek, damuz desegin ditezen; iguzu arren zure lagunz ugaria, emendik aurrera zu biotz garbiarekin artuaz birtutez birtute joateko, zure Sakramentu orrek guretzat dakartzian ondasunak ez galtzeko, eta onela iristeko betiko bizitza doatsua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa