www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

GARIZUMAREN
BIGARREN IGANDERAKO

 

Gorputzak izango duan betiko zori on, eta doatasunaren gañean.

 

Domine, bunom est nos hic esse. Math. 17.

 

        Beti aditu bear ote dira leku onetatik bekatarien kontrako gauz illun, eta izugarriak? Ez ote zate zerbait esan bear, bekatua, eta bekatuaren bideak utzirik Jaunaren lege Santa gordeaz bizi diran animai? Ez ote zate gozagarriren bat eman bear, alaitu ditezen Zerurako bidean? Baietz dirudi, eta ala egin zuan Jesus onak S. Pedro, S. Juan, eta Santiagorekin.

        Aditzera eman ziezten Jerusalenen igaro bearko zituan nekeak, eta gurutzeko eriotza: eta nai ta naiez illuntasunez beteko ziran berri oekin Apostolu oen biotzak; baña alaitu, ta oraiñ esatera noan eran. Artu zituan berekin, eta joan zan mendigañ batera. Iruren aurrean jarri zan era miragarri batean. Aurpegiak argi egiten zion eguzkiaren eran, eta soñekoak añ ederrak, eta zuriak zeuzkan, non elurra bera zirudien. Agertu ziran Moises, eta Elias, eta itzegin zuen, Jesusek munduaren onerako igaro bear zuan eriotzaren gañean; joan ziran andik Moises, eta Elias, eta jarri zan Jesus len oi zan eran, edo ezkutatzen zuala mirari andi batekin bere doatasunari zegokan edertasun guzia; S. Pedrok esan zion: Jauna gauz ona, eta atsegin andikoa da emen egotea: Bonum est, nos hic esse: egin ditzakun iru leku, bata zuretzat, bestea Moisesentzat, eta bestea Eliasentzat. Ozta au esan zuan S. Pedrok, agertzen da odei guziz argi bat, eta denbora berean aditzen da turmoiaren otsa: eta itzegiten du Aita Zerukoak era onetan: au da nere Seme maitea; onegan izan da betikotasun guzian nere atsegin-kontentua; enzun, eta egiñ ezazue erakusten dizuena: Hic est filius meus dilectus, in quo mihi bene complacui: ipsum audite. Turmoiaren otsarekin izutu, eta auspez lurrera erori ziran iru Apostoluak. Jesusek, bere eskuarekin ukitzen zituala, esan zien: altxa zaitezte, ez ikaratu, eta ez iñori esan ekusi dezuena, piztu nadiñ artean. Zer aditzera ematen ote digu misterio onek? Aditzera ematen digu, Jesus dala Aita betikoaren seme maitea, gugatik gizon egiñ, eta gurutzean bizitza eman zuana. Aditzera ematen digu gañera, emengo neke, ta gurutzeak Jaunaren izenean daramaizkianak izango duan betiko zori on, eta doatasuna. Zori on, eta doatasun au bi gisatara da. Bata da gorputzari dagokana, eta au izango da gaurko itzaldiaren gai guzia. Aurrena aditzera emango det, nolako bizi lekua prestaturik daukan Jaunak bere serbitzarientzat. Urrena, nolako doaiakiñ apainduko duan Jaunak zori oneko bakoitzaren gorputza. Atzenean, nolako atsegiñ-kontentuak izango dituan zori onekoak bere gorputzeko sentidu bakoitzean. Enzun nazazue arreta andiarekiñ zuek, Jesu-Kristoren lege eder garbia gordetzen dezuen anima onak, eta beude besteak utzi nai ez dituen gura gaizto, ta atsegiñ lotsagarrien lokaztian. Baña onetan asi baño len billa dezagun Espiritu Santuaren argia, arturik bitarteko Birjiña txit Santa Aingeruarekiñ batean esaten diogula. Abe Maria.

 

 

§ I.

 

        Gure fede santak erakusten digun egia da, prestaturik daukala Jaunak bere serbitzarientzat betiko zori on, eta doatasuna, Fedeak erakusten digu gañera, doatasun au izango duala, ez animak bakarrik, baita gorputzak ere, zeren animaren neke, eta obra onetan lagun izan zan. Ala sinisten degu guziok. Gorputzaren doatasun au nolerebait ezagutzeko, begira, Kristaua benik beiñ nolako bizilekua zuretzat prestatu duan Jaunak.

        Zer bizileku prestatu dizula Jauna, uste dezu, nere Kristaua? Bizileku au da Aita Zerukoaren jauregia bera; bizileku au da Zeruko Jerusalen ederra. Bizileku onen anditasunari begiratzen badiozu, ez du neurririk, eta ezer ez da mundu guzia, aren pare ipintzen badezu. O Israel, arriturik dio Baruk Profetak: Zein andia dan Jaunaren etxea! Zeiñ andia beraren bizilekua! Andia da, eta ez du bukaerarik: guziz goia eta neurririk, edo mugarrik ez duana: Magnus est et non habet finem: excelsus, et inmensus.

        Eta bizileku onen edertasunari begiratzen badiozu, ezta adimenturik au ongi ezagutzeko, ta are gutxiago mingañik, dan bezalakoa aditzera emateko. S. Paulo eraman zuan beiñ Jaunak bizileku onetara, eta andik jatxi ondoan eztaki zer esan, eta arriturik dagoan baten eran esaten digu, ez due begiak ekusi, ez due belarriak aditu, ez gizonaren adimentuak iritsi, nolako ondasunak prestatu dituan Jaunak bere serbitzarientzat. Eta beste batean zion, ekusi zituala gizonak ezin adirazi litzakean gauza miragarriak. S. Joani erakutsi ziozkan Aingeru batek Zeruko erria, eta erri onen edertasuna, eta au nolerebait guri adirazteko baliatu zan emengo arri ederren, edo urre, arri, eta kristalaren izenaz, ez zeren onelako gauzarik an arkitzen dan, baizik zeren ezin guk ezagutu dezakegun Zeruko erriaren edertasuna, emengo gauz ederren laguntzarekin baizik. Eta zuek, anima onak, emengo gurutze, ta samintasunen artean Jesusi jarraitzen diozuenak: zuek beartsu, ta emengo erarik gabe bizi zeratenak altxa itzatzue zuen gogo, eta biotzak Zeruronz, eta begira S. Joanekin batean, zuentzat Aita Zerukoak egiñ duan bizileku ederrari.

        Txit ederra, eta apaindua dago, agiri dan, Zeru ori. Izarrak, ta eguzkiak argi egiten, eta distiatzan due era miragarrian, eta txit eder ematen due, baña jakizu, ori guzia ez dala zure bizilekuaren ataria baizik. Zoaz, Kristaua, goorago, eta arkituko dituzu Zeruko erriaren murallak. Lau eskiñetara, edo kuadroan egiña dago erri au dio S. Juanek: Civitas in quadro posita est: eta inguratzen due muralla guziz eder amabi arri-errenkadarekin egiñak. Lenengo errenkada da jaspe guziz garbia, kristalaren eran argia igarotzen zaiona. Bigarren errenkada da Zeru-kolorea duana, eta S. Juanek deitzen dio Safiro. Irugarrren errenkada da brasa erazekiaren anza duana, eta deitzen dio S. Joanek: Kalzedonio. Laugarrena da esmeralada. Bostgarrena, zurigorria, eta deitzen dio S. Juanek Sardonix. Seigarrena da S. Juanek Sardio deitzen dion arri eder bat. Zazpigarrena urre-kolorea duana, eta deitzen dio Santuak Krisolito. Zortzigarrena da berde dirudiana, eta deitzen dio berilo. Bederatzigarren arri-errenkada da Topazio. Amargarrena da urre-kolorea berdearekin nastua duana, eta deitzen dio S. Juanek Krisofraso. Amaikagarrena da kazmin kolorea duana, eta deitzen dio Jazinto. Amabigarrenari deitzen dio Ametisto. Arri-errenkada bakoitzak izango ditu ezin konta al milloi legua; guziak dira puskagabeak, edo osoak, eta argi egiten due kristalaren eran. Eta añ ederrak badira murallak, zer izango da erria bera?

        Erria bera zer uste dezu? Urre garbia dio S. Juanek, eta ez nola nai urrea baizik, da kristalak bezala argi egiten duana: Ipsa vero Civitas aurum mundum simile vitro mundo. Lau eskiñetara egiña da len esan dedan eran, eta bere lau aldeetan ditu amabi ate, au da, alde bakoitzean iru. Ate bakoitza da margarita deritzan arri preziotsuz egiña, eta ez puskakin, baizik arri osoakin, eta distiatzen due guk esan al baño era miragarriagoan. Amabi ate oek beti daude idikiak ala gauez, nola egunez, Jaunaren graziaren soñeko ederrarekin dijoazen guzientzat. Sar zaite Kristaua ate oetatik. Zer ekusiko dezu? Ekusiko dezu, erria ezezik, erri onetako kaleak, plazak, eta leku guziak dirala urre garbia, S. Juanek dionez: Et platea civitatis aurum mundum.

        Aditzen dezu, Kristaua, nolako bizilekua prestatu dizun zure Jaun onak? Ez da izan munduan Erregerik Jauregi añ eder, ta galanta izan duanik. Baña zer diot nik añ eder ta galanta? Munduko urre, zillar, diamante, ta beste arri ederrak: munduko erreñu guziak ikaz puska bat, edo gorotza besterik ez dira zure bizilekuaren aldean. Alaere, o Adanen umeen itsumen negargarria! lur piska baten ondoren ainbeste gerra egiten, eta ainbeste odolezko ibaiak ixurtzen dira, eta denbora berean aztutzen gera Zeruko erri zoragarriaz. Noiz artean iraun bear ote du gure zorakeriak? Baña goazen aurrera, ta dakuskun, nolako doaiakin apainduko duan Jaunak zori onekoaren gorputza.

 

 

§ II.

 

        Zori oneko, edo doatsua, lurrean bizi dan bitartean ere, da Jaunaren etxea; beraren bizileku, edo Eliza bezala, eta Espiritu Santuak edertzen, eta apaintzen du animaren aldetik bere doaiakin. Zer izango da gorputz, eta anima Zerura daramanean? Zer izango da Jaunak bere edertasun neurririk, ta mugarik ez duana erakusten dionean? Ez da Jauna kontentatuko anima era onetan doatsu egitearekin, baizik gorputza ere janziera guziz eder batekin apainduko du Aita Zerukoaren umeari, Jesu-Kristoren señide, eta Espiritu Santuaren bizilekuari dagokan eran.

        Lau doai izango dira, doatsuaren gorputzaren apaindura au, Elizako gurasoak erakusten diguenez. Lenengoa da argitasunaren doaia. Doai onekin janziko da doatsuaren gorputza, eta argi egingo du eguzkiaren eran, dio S. Mateok: fulgebunt sicut Sol: eta au izango da apaindura bat beñere urratuko ez dana, apaindura bat betikotasun guzian beti berri egongo dana: apaindura bat munduak asma ditzakean janziera guziak baño ederragoa. Bildu bitez diamante, eta arri mota eder guziak: bildu urrerik garbiena, et soñeko gai preziotsuenak; egin bedi oraindaño agertu diran guziak baño janziera txukunago bat. Alaere janziera au ezer ez, edo itsusia izango litzake, edozeiñ doatsuk Zeruan izango duan apainduraren aldean.

        Doatsuaren gorputza apainduko duan, bigarren doaia da alako aro, ta sasoiean geratzea, non iñondik ere eziñ izan dezakean kalte, eta nekerik txikiena ere. Ez due otzak, eta beroak: ez due puzoiak, ezpatak eritasunak, eta eriotzak berak ere indarrik doatsuaren gorputzaren kontra, S. Juanek esaten digun bezala: Mors ultra non erit, neque luctus, neque clamor, neque dolor erit ultra.

        Irugarren doaia izango da añ bizi ta ariña geratzea doatsuaren gorputza, non begien itxi-idiki batean joan ditekean nora nai nekerik gabe Aingeruak joan oi diran eran. Emendik doai onekiñ joan liteke doatsua, batzuetan Jesus onaren, besteetan Birjiña txit Santaren aurrera, eta milloika igaro litzake leguak gogorazio, edo pensamentuak bezala. Orregatik esan zuan Isaiasek, artuko dituela egoak arranoen eran, eta ibilliko dirala batere aunatu gabe: Asument pennas, ut aquilae, volabunt, et non deficient.

        Laugarren doaia izango da añ garbi, ta me geratzea, non ezerk eragotziko ez dion edozeñ lekutan sartzea: Jesus ona Apostoluak arkitzen ziran lekuan, ateak itxiak zeudela sartu zan bezala: eta ala nai izatera sartuko lizake lurraren erraietan, eta an ezkutaturik dauden urre, zillar, eta arri ederrak ekusi ondoan irtengo lizake erraz, eta nai bezala.

        Esan gidazu oraiñ, Kristaua, zeñ Enperadorek, zeñ Errege, edo Erregiñak izan du onelako doairik bere apaindura ta janzi ederrakiñ? Eta apaindura au emango dio Jaunak doatsu bakoitzari, munduan dan beartsuena, eta aztuena baliz ere. Kristaua, eta apaindura au beste saririk ezpaliz ere ez da asko zu Zerurako bidean gogotik ibiltzeko? Eta zer esango degu, zori onekoak gorputzaren sentiduetan izango dituan atsegiñ-kontentuai begiratzen badiegu? Atoz, Kristaua, eta oei ere eman degiegun oraiñ begiraldi bat.

 

 

§ III.

 

        Doatsuaren animak, ekusirik Jaungoikoaren edertasuna, ainbesterañoko atsegiña izango du, non gañez egiñik, zabalduko zaion bere sentidu guzietara, Dabidek dion eran: Cor meum, et caro mea exultaverunt in Deum vivum. Baña izango da gañera sentidu bakoitzak, berari berezkiro dagokan atsegiñ, eta kontentua.

        Begiak gordetzen ditu doatsuak, bekaturako bidea dakarten gauzak ekustea debekatzen diela: eta neke onegatik izango due begiak sari txit ugaria. Ekusiko due Jaunaren erriko edertasun guzia. Aiñ miragarria da au, non emendik ekusi albagentzake, arriturik ez giñake jate, ta erateaz ere oroituko dio S. Bizente Ferrer'ek. Ekusiko ditue eziñ konta al doatsu, argi egiten duela bakoitzak eguzkiaren eran? Ekusiko due Birjiña txit Santaren, edertasuna. S. Dionisio Areopajitak ekusi zuan Birjiña txit Santa artean lurrean bizi zala, eta añ argia, ta ederra iritzi zion, non esan zuan andiagorik eziñ ekusi zitekeala zori onekoen artean ere. Eta Marina Eskobat beneragarriak, ekusirik Birjiña guziz Santaren edertasuna, esan zuan, ekuste utsagatik ere nekatu gindezkeala eziñ konta al urtetan. Eta zer izango da Jesus maitagarria ekustea? Ekusi zuanean S. Pedrok Jesus mendiaren gañean, eguzkiak bezala argi egiten zuala, Jauna, gauz ona, eta atsegiñ andikoa da, zion, emen gu egotea. Bonum est nos hic esse. Eta zer esango zuan, Zeruan duan edertasun guzian ekusi balu?

        Belarriai ukatzen die Jaunaren beldur Santuan bizi danak itz loiak, ipui zikiñak, eta lagun urkoaren kontrako elaberriak enzutea, eta neke onegatik adituko ditu Zeruko Serafiñen, eta Aingeruen kanta gozoak. S. Franzisko Asisi, illuntasunez, edo tristuraz zegoan batean, agertu zitzaion Aingeru bat txerrebataren anza zuan gauzaren batekin. Uztai, edo arkuarekin egin zuan soñua asitzeko keñada bat, eta ainbesterañoko atsegiña artu zuan Santuak, non illko zan kontentuz, utzi ezpalu Aingeruak bere soñu gozoa. Zeruko kanten gozotasunarekin milloika joango dira urteak, denbora piska bat balira bezala. Hau ezagutzeko ongi, enzun ezazu, Kristaua, Nafarroan Erlijioso bati gertatua. Dabidek kanta batean dio: Jauna, milla urte zure aurrean atzo igaro zan eguna bezala dira: Mille anni ante oculos tuos, tanquam dies hesterna, quae praeteriit (psal. 89. v. 41). Erlijioso batek eziñ aditu zuan itz oetan Dabidek diona, eta erregutu zion Jaunari, eman zegiola gauz onen ezaguera. Aditzen du konbentuaren aldean karnau edo txori baten kanta txit gozoa, eta txoriaren kanatari zerraikala sartu zan basoan barrena. Gerotik gerora gozoago zeritzan kantari, eta iru ordu bezala igaro zituala zeritzan denboran, biurtu zan konbentura, eta arkitu zan zer gertatzen etziakiala. Konbentua etzan len zana, ez eta Erlijiosoak ere. Abade edo konbentuko buruak galdetu zion, noiz irten zan: eranzun zion iru ordu bezala izango zirala. Galdetu zion berriz, zeñ zan orduan Abade, edo buru: eranzun zuan, urlia. Joan ziran liburuetara, eta ekusi zuen irureun urte zirala, urlia ura Abade izan zala. Agindu zion Abadeak Erlijioso ari ar zezala Jauna: artu zuan, eta bereala ill zan. Eta txori aren kantak anbat atsegin eman bazion esan dedan Erlijiosoari, zer atsegin artuko ez du doatsuak betiraunde guzian Aingeru, ta doatsuen kanta, eta soñuak adituaz?

        Belarriai bezala, ukatzen diezte Jaunaren serbitzariak beste sentiduai ere ongi ez diran gustoak, ala sudurrai, ausapaiai, nola eskuai, ta gorputz guziari: eta ildurazio onegatik izango ditu betiko atsegin garbiak.

        Orra, Jesusen lege Santa gordetzen dezuen anima onak, orra nolako zori on, edo doatasuna prestatu dizuen Jaun onak, gorputzarentzat. Alai zaitezte bada, alai zaitezte betiko atsegin, eta ondasun oen ustearekin. Igaroko dira laster emengo neke, eta samintasunak. Igaroko dira munduak, Demoniak, eta griña txarrak ematen dituen gurutze guziak, eta sartuko zerate betiko pakea gozoan. Igaro da, esango dizue Jesus onak; igaro da munduko nekea: Jam hiems transiit, eta etorri da zuentzat betiko doatasunaren udaberria.

        Eta zu, bekatari ainbeste urte aetan zere doatasunaz azturik bizi zerana, ez ote zera oraiñ ere esnatuko bekatuaren lozorro orretatik? Gaurdanik betiko adio esan nai diozu Zeruko edertasun guziari? Betiko adio Zeruko atsegin guziai? Ai! ta baziñaki zer galtzen dezun! Ea nere, Kristauak, denbora da ezagutzeko zertan dagoan gure zori ona. Billa dezagun arretarekin: bizi gaitezen Jesus onak erakusten digun eran, onela iristeko beti iraungo duan bizitza doatsua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa