www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

ZAZPIGARREN ERAKUSALDIA

 

Korpus Kristi, edo festaberri egunerako.

 

        Aldareko Sakramentu guziz miragarrian Jesus onak agertu, ta agertzen digun amorio bazter gabeari nolerebait eranzuteko, ipiñi zuan Eliz Ama Santak gaurko pozaldi, edo festa, eta deitzen diogu Korpus Kristi-eguna, zeren Jesusen gorputza onratzeko autua, eta siñalatua dagoan: eta euskaldun-erri askotan deitzen dioe: Besta, edo festa berri; zeren, ostegun santuz Sakramentu miragarri orren festa egiten bada ere, ipiñi nai izan duan gañera Eliz Ama Santak gaur egiten dana: eta ez da festa guzien artean ederkiago, eta anditasun geyagorekin egin oi danik. Eliz Ama Santak nai duana guk ongi egiteko, itzegin nai dizuet gaur fest onen gañean. Aditzera emango dizkitzuet lenengo lekuan festa onen berriak. Urrena, zer dan guk Jesus onratzeko egin bear deguna, Asi gaitezen bertatik.

 

 

§ I.

 

        Jesus, Aita Zerukoaren Seme bakarra, Trinidadeko bigarren Persona, jatxi zan Zerutik lurrera, edo egin zan gizon Birjiña txit Santaren sabelean, gizon galdua Zerurako bidean ipintzeko, eta Aita betikoaren, eta gizonaren artean pakeak egiteko. Onetarako eman bear zuan gurutzean bere bizitza, eta alderatu zitzayon obra andi au bukatzeko, eta bere Aitagana biurtzeko ordua. Ostegun santu arratzean, gurutzean bizitza eman bear zuan bezperan, gañez egin zion guganako onginai, eta amorioak, eta ume zurtzen eran gu ez uzteagatik, asmatu zuan, bere Aitagana joanda ere, denbora bertan gurekin, eta gure artean bizitzeko, eta bere ondasun guziak gure biotzetan ixurtzeko bidea. Bide au izan zan ipintzea Aldareko Sakrametu guziz miragarria, eta Sakramentu onetan geratzea munduak dirauen bitartean. Berak, Lege berriko Aita Santu, eta Apaiz Nagusiak bezala esan zuan lenengo Meza, eta eman zien Apostoluai lenbiziko Komunioa. Gañera Meza esateko, eta Sakramentua emateko eskua utzi zien Apostolu berai, eta oen ondorengo Oibispo Jaun, eta Apaiz guziai. Nik oraiñ egin dedana, esan zien, egizue zuek ere gero, nizaz oroitzen zeratela: Hoc facite... ineam. Commemorationenm (1 ad Corint. 11). Itz oek emandako eskuarekin Lege berriko Apaizak egiten due, eta ematen Sakramentu miragarri ori.

        Nork esan, eta nork ezagutu ere norañoko onginai, eta amorioa agertu, eta agertzen digun gure Jesus onak Sakramentu orretan? Ez da erraz. Alaere zerbait igerriko dezu, begiraldi bat ematen badiezu iru gauz oei: zeñ gauza miragarriak egiten dituan Sakramentu orretan: zer ematen digun: eta nolako txarkeri, eta bidegabeak pairatzen, eta ekusten dituan. Zer ote da Sakramentu miragarri orretan Jesus onak egiten duana? Lenengo lekuan, Apaizak konsagrazioko itzak esaten dituan unean bertan, jartzen da Sakramentuan Jesus Jaungoiko, ta gizon egiazkoa, naiz izan Apaiza ona, naiz ez, naiz Katolikoa, naiz herejea. Gauz arritzekoa! Gizon baten otsera jatxitzen da Jesus Zerutik lurrera, eta jatxitzen da Apaizak nai duan denboran, eta adiñatan. Bigarrena: ezin konta al Elizetan egun oro jartzea, eta egotea Jesus, Zeruko bere jarlekua utzi bage. lrugarrena, Konsagrazioko itzak esaten diranean, len ogi zana biurtzea Jesu-Kristoren gorputz, eta len ardo zana bere odol. Laugarrena, konsagrazioko itzak esan ezkeroz, ez geratzea Sakramentuan ogirik, eta ardorik, baba bai ogi-ardoen anz, eta iduriak. Bostgarrena, ogiaren eta ardoaren iduriak ainbeste indar izatea, nola duen ogi-ardoak. Seigarrena, ostia batek duan bezeñ toki txikian jartzea, ta egotea Jesu-Kristo Jainko, ta gizon egiazkoa. Zazpigarrena, ostia erdiratzen, eta puskatzen danean, ez puskatzea Jesu-Kristoren gorputza, eta puskatu ordean osorik arkitzea puskarik txikienean ere. Zortzigarrena, Jesus ona bizirik, eta Zeruan dituan doai, eta edertasun guziakin jartzen bada ere, illaren eran egotea Sakramentuan, ezkutatzen dituala bere doayak ogiaren, eta ardoaren iduriakin odei batekin bezala. Ekusten dezu, Kristaua, zeñ gauz andi, eta miragarriak egiten dituan Jesus onak Sakramentu orretan? Orregatik ederki dio Santo Tomasek, Sakramentu au dala mirari guzien artean andiena, eta esan diteke mirari guzien miragarritasuna berekin duala. Eta au guzia guri ongi nayez egiten duan Jesusen onginai, eta amorioa norañokoa izango da?

        Zoaz orain, Kristaua, aurreraxeago, eta begira zer ematen digun Jesusek Sakramentu orretan. Zer ematen digula, uste dezu? Jaungoiko Guzialdun batek eman dezakean guzia; ematen digu alabaña Jesus onak bere gorputza, bere odola, bere anima, bere Jainkotasuna, itz batean bera dan guzia, eta ezin geyago eman dezake, S. Agustinek esan zuan eran: Plus dare non potuit. Zer onginai, eta amorioa ez da Jesus onari au guzia eragiten diona?

        Eta zer esango dezu, zer txarkeri, ta bidegabeak Sakramentu orretan ekusi, ta ekusten dituan begiratzen badezu? Arriturik geratuko zera, Jesus onari gurekin gertatu zayona, ekustean. Ez det itzik esan nai Juduen, jentil, eta herejeen gañean, zer alabaña oetatik itxedon, edo uste izan zezakean Jesus onak, bidegabeak baizik? Baña bere adiskide, eta senidetzat autu zituanetatik ekusten duan adiña txarkeri ekustea? Au da gauza bat, ekusi, ta ekusten ezpaliz ezin sinistu litekeana. Gau, ta egun, gurekin egon nayez Sakramentu orretan arkitzen da Jesus, baña gutxi dira beragana agertzen diranak, eta esan dezake, tellatuko zuloan bakarrik dagoan txoria bezala dagoala: Factus sum sicut paser solitarius in tecto (Psalm. 101). Sakramentu orretan dago gure animen janari, eta edari biurturik, guri emateko bere ondasun guziak, eta bera dan guzia; baña asko dira beragandik igesi dabiltzanak: asko bekatuz loituak dijoazkionak. Eta bekatu larri, edo mortal gabe arkitzen diranak ere, asko bizi dira epeldasun andian, eta Jesus onaren Zeruko janaria artzeko gose gabe. Epeldasun oni, goragalea ematen duan gauzari bezala, begiratzen dio, Obispo Jaun bati S. Juanekin gaztigatu zion eran. Alaere, nola bere atsegiñ, eta kontentuak dituan anima onakin, oei begiraturik ez gaitu utzi, eta or dago Sakramentu orretan, eta egongo ere da munduaren bukaeraraño. Nork oraiñ ez du ezagutuko, Aldareko Sakramentuan Jaunak agertzen digun onginai, eta amorioa dala bazterrik, neurri, eta mugarik ez duana? Orregatik esan zuan S. Juanek, ezin geyagoraño amatu ginduala: In finem dilexit eos: eta S. Zirilo Alexandriakoak deitzen dio: onginai, ta amorioaren miraria: Miraculum amoris.

        Jesusen onginai, eta amorio baztergabe oni alik ongiena eranzuteko, eta onratzeko Sakramentu miragarri ori, ostegun Santu egunean anziñatik egiten dio Eliz Ama Santak bere oroipena, eta festa. Baña alde batetik Jesusen neke, oñaze, eta gurutzeko eriotza gogoan darabill orduan eta bestetik agertu ziran hereje batzuek, Sakramentu miragarri ori ukatzen zuenak, oen artean Berengario, Angers deritzan erri andi bateko Arzedianoa, eta zirudian gauz egokia egun bat berezitzea, ta siñalatzea Sakramentu miragarri orren onran. Ala Jaunak aditzera eman zion, Juliana zeritzan, Liejako monja birtutetsu bati. Agertu zitzayon illargi bat alde aldean betea, baña ez osotoro: illargi onek aditzera ematen zuan Eliza, eta akatsak egun berezi baten gabea, edo falta, Sakramentuari onra andiak emateko. Etzuan Julianak aditzen, zer esan nai zuan ikuskarri onek, eta sarritan agertzen bazitzayon ere, denbora luzean etzion iñori ere esan gertatzen zitzayona. Aditzera eman zion Jaunak, zer esan nai zuan illargiaren akatsak. Agertu zion Julianak, zer igarotzen zitzayon, Kanonigo jakintsu bati, eta onek itzegin zien Liejako Obispo Jaunari, eta beste gizon andi askori, eta asi zan alde aetan Korpus-Kristi, edo festa berria esaten diogun au, oraiñ bost eun, eta irurogei, ta sei urte, eta andik urte batzuetara Aita Santu Urbano laugarrenak agindu zuan, egin zedilla festa au Eliza guzian; baña onetara nolerebait beartu zuan Aita Santu au, Bolsenan denbora artan gertatu zanak. Meza esaten ari zan Apaiz bat, eta ezin sinistu zuan, Sakramentu orretan jartzen dala, eta dagoala Jesus maitagarria. Ordurako esan zituan konsagrazioko itzak, eta ostia ekusi zan odola zeriola, eta mantxatu ziran Korporalak. Joan zan Aita Santua Bolsenara; ekusi zituan Korporalak, eta agindu zuan, egin zedilla urte oro Korpus Kristi deritzan festa.

        Eztakigu, Aita Santu onek beronek, edo ondorengoren batek ipiñi zuan egun onetako prozesio ederra; baña badakigu, anziñatik egiten dala Eliza guzietan eta onra andian erabiltzen dala kale, eta plazetan Sakramentua, herejeen ausardi zentzugabea lotsaturik gera dedin. Karlos bostgarrenaren denboran gertatu zan Bienan orain esatera noana. Karlos prozesioan zijoan argi erazekiarekin: Sakramentua zeraman Magunziako Kardenalak, eta Palioa Prinzipe, edo Inperioko lenenak txandaka. Andi oen artean baziran Luteroren setari jarraitzen zioenak, eta etzuen Palioa eraman nai izan beren txandan. Naigabe andia artu zuan Karlosek, eta barreatu zan gertatu zana. Orregatik, dirudianez, Trentoko Konzilioak eskomikatu zituan, Sakramentu orretan onratu, edo prozesioan erabilli bear ez dala Jesus, daraustenak: Anathema sit. Gaur ezezik beste egun batzuetan ere egiten dira Sakramentuarekin prozesioak eta oetatik bat da Minerba esaten zayona. Bada Erroman toki bat Minerba izendatzen dana. An arkitzen da Santo Domingoren ordenakoen Eliza bat, Santa Maria Minerba gañekoa deritzana, eta Eliz onetan ipiñi zan Kofradia bat Sakramentua onratzeko, eta ill oro lenengo igandeetan egiten zan Sakramentuarekin Prozesioa. Emendik etorri zan, ill oro Elizetan Sakramentuarekin egiten dan prozesioari, Minerbaren izena ematea. Erri oetan Minerba egiten da irugarren igandeetan, zeren lenengoetan egiten dan Arrosarioko prozesioa. Orra nere Kristaua, Korpus Kristi eguneko Pozaldi, edo festaren berriak. Dakuskun oraiñ, egun onetan, eta beste onen anzekoetan Jesus onratzeko guk egin bear deguna.

 

 

§ II.

 

        Egun onetan, gure Salbatzallea onratzeko, egin bear degun lenengo gauza da, gure biotzak ongi garbitzea, eta prestatzea Sakramentu miragarri ori artzeko. Ala adirazten digu Aita Santu Urbano laugarrenak. Au bera aditu bear da Minerba egunetarako ere. Erri askotan itzaliaz omen dijoa jayera eder au: eta ez da zer miretsi aituaz badijoaz Jesusen adiskide, eta maitatzalleak, eta Kristaurik geyenak bizi badira bekatuaren bideetan oatuak bezala. Zu, nere Kristaua, etzaitezela egin zenzugabe oetatik bat, eta onra ezazu biotz osoz zure Jesus ona, prestaera ederrarekin sarritan arizen dezula. Bigarrena, Sakramentuarekin Prozesioa egiten danean, zabiltza begiramentu, eta modesti andiarekin. Irugarrena: Eliza garbitu, eta apaindu bear da alegiñean: bideak estaltzen dira usaibelarrez, eta leyo, ta pareteak ere apaintzen dira al dan eran. Leku batzuetan prozesioan joan oi dira bi gazte ederki janziak, arrosa ostoz zareak beterik, Jauna dabillen bidean botatzeko, baña ez dira loreak bota bear prozesioan dijoazenen aurpegira, edo bizkarrera, baizik bidera. Gizonak joan bear due kandela erazekiakin eta ezkillak jotzen dira prozesioa bukatu dedin artean. Laugarrena: ekusten duenak Jauna naiz egun onetako prozesioan, naiz erietara dijoanean belaunikatzen dira, ala oñezkoak, nola zaldizkoak, baita kotxean dabiltzanak ere. Ala agintzen due Españako legeak.

        Era onetan onratzen bagendu guk gure Salbatzallea, zer ontarte, eta mesedeak ez lituke ixuriko Kristau guzietara? Baña ay! gerraren aitzakian, oztu, edo itzali da askoren siniste, edo Fedea: igesi dabiltza Jaunaren itzagandik, eta Sakramentuetatik: eta ez due gogorik Jesus maitagarria onratzeko, Eliz Ama Santak prestatzen dizkigun, bide ederretan ibilliaz. Badakizue erri batzuetan noraño galdu, eta okertu omen diran asko? Igerri due, indargabe arkitzen dala Eliza, Sakramentua arrerazteko bear dan denboran, eta beldurgabe geratzen dira Pazkoetan ere konfesio, eta komuniorik artu gabe, bearbada urteetan. Badakit, txit gutxi dirala emen doakabe oetatik; baña itsaskorra da gaitz au, eta egin dezagun alegiña Jesus onratzeko Sakramentu miragarri orretan, dala prozesioak egiten diranean beraren onran, dala sarritan Sakramentuak artuaz, eta bera adoratzera etorriaz. Emendik etorriko diran ontarteak ezagutzeko, enzun, Kristaua, testamentuko kutxarekin Jerikoren inguruan egin zan prozesio batekin gertatua.

        Israelitai agindu ziezten Jaunak berentzat Kanaango lur gizenak. Arako sarreran zegoan Jeriko zeritzan erria, murallaz inguratua. Jerikotarrak ziran gudari, edo gerrari sendoak, eta Israeltarrak aronz abiatzen ziraneko, prestatuak arkitzen ziran aen kontra peleatzeko, eta erria gordetzeko. Josue zan Israeldarren buru, eta agintaria, eta Jaunak aditzera eman zion, artuko zuela Jeriko, baña egin bear zuela Jaun berak esango ziena. Zazpi egunetan, beren armak janzirik, zure gerrariak inguratuko due erria, prozesioan dijoazenak bezala. Gerrarien ondoren joango dira zazpi Apaiz jubileoko tronpetakin soñua jotzen duela (tronpet oekin aditzera ematen zan, noiz sartzen zan jubileoko urtea). Zazpi Apaiz oen ondoren beste Apaizak eramango due testamentuko arka, edo kutxa, eta gero gañerako jendea, baña lenengo sei egunetan ez du iñork ere itzik esan bear, erriaren inguruan zabiltzaten bitartean; baña Apaizak soñua joko due zazpigarren egunean, besteetan bezala joango dira ala gerrariak, nola gañerakoak: tronpetariak joko due soñua beste egunetan baño indar geiagorekin: eta armadun, eta armagabeak oju egingo due al duen indarrarekin. Orduan desegingo, ta lurrerako dira murallak: sartuko dira errian zuen gerrariak, eta ilko ditue arkitzen dituen erritarrak, zarrak, eta gazteak, gizon, eta emakumeak, bai ta bizia duen beste gauzak ere. Au, ta geyago esan zion Jaunak Josueri. Egin zuen lsraeldarrak Jaunak esana zazpi egunetan; azkeneko egunean erori ziran murallak, sartu ziran lsraeldarrak, eta bukatu zituen Jerikotarrak. Ekusten, edo aditzen dezu, Kristaua, Jerikoren inguruan testamentuko kutxarekin gertatua? Zer ote zan kutxa au? Kutxa au zan Legeko bi olak, eta mana gordetzeko, egin zan kutxa eder bat. Kutxa au zan Aldareko Sakramentuaren anz, eta iduria. Eta kutxa au prozesioan Jerikoren inguruan erabiltze utsarekin lurrera baziran ango murallak, eta desegin etsayak, zer egingo ez du Sakramentuak berak, onratzen badegu prozesioetan, sarritan etortzen bagera bera adoratzera, eta prestaera onarekin artzen badegu? Egin dezagun au arretaz, bizi gaitean Jesus onak erakusten digun eran, eta onela emango digu betiko bizitza doatsua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa