www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

LENENGO DOKTRIÑA

 

GRIÑA TA PASIO TXARRAREN GAÑEAN

 

Qui sunt Christi, carnem suam crucifixerunt
cum vitiis et concupiscentiis.
Ad Galat. cap. 5

 

        Gure griña, ta pasioak, berenez ez dira ez onak, ez gaiztoak; baña Adan bekatuan erori zanetik geratu ziran gaitzeronz etziñak, eta makurtuak, ta beti kontu egiñ bear diegu bekatura amilderazi ez gaitzaten, batez-ere gure griña, ta pasio nagusienai, edo indartsuenai. Au egiñ gabez gertatzen dira munduko oker guztiak. Atoz nerekiñ, Kristaua, ta ekusiko dituzu oker oetatik batzuek. Enzun arretaz.

        Begira ezazu munduaren edozeiñ bazterretara, ta ekusiko dituzu leku guztietan asko, ta asko berak nai duena egiteko guraz beteak, ta beren gura au ukatzeko, ta garaitzeko neurriak artu gabez, bizi dirala bekatu askotan erortzeko perill andian, ta erortzen ere dirala sarritan. Ekusiko dezu emakume bat guzia agindu bear duana, guztia berak nai duan eran egiñ gura dana; ta kontra egiten bazaio, galerazten duala etxeko pakea, zapuzturik jartzen zaiola gizonari. Ekusiko dezu mirabe bat, aginduak egiñ nai gabe dabillena, muturka, ta lotsagabekeria andiak egiten dituana; zeren festara, danzara, edo urliarekin itzegitera joaten utzi etzaion. Ekusiko dituzu errietako batzarreetan batzuek, erriko gauza guztietan buru, ta agintari izan bear duenak: erriaren izan, edo ondasunak nai duen eran iragazitzen, ezkutatzen, edo ondatzen dituenak: auzietarako bideak ematen dituenak; ta norbaitek itzegiten badu aen kontra, edo ukatzen badie botoa, geratuko dira betiko gorrotoan botoa ukatu duanagana. Bekatu oen iturburua, ta ama da gura dana egiteko nai, edo borondate gaizki oitura, ta ukatugabea.

        Begira-zazu, Kristaua, berriz munduaren bazterretara, ta ekusiko dituzu beste asko beren iritziari itsatsiak, olagarroa aitzari itsasia egon oi dan bezala. Griña onek, ezpada bera garaitzeko alegiña egiten, berekiñ dakar utsegite, ta bekatu askoren perill andia. Ai! zuen zori gaiztokoak, zeren begietan jakintsuak zeratenak, deadar egiten du Isaias Profetak Vae qui sapientes estis in oculis vestris. Era onetan beren iritziari itsatsiak bizi diranen artean ekusiko dituzu batzuek sartzen dirala gauza pisuetan itsumen andiarekiñ, ta bide zuzena erakutsi dezakenai galdetu gabe. Ta zerbait galdetzen badue, ez due gogoz adituko beren erara, ta gustora itzegiten diena baizik. Ekusiko dezu nola konseju ematen diezan lagun urkoai auzitarako, edo beste gauza okerretarako. Ekusiko dezu atzenean, bere buruz, eta iritziz puztutako oek, ongi aditzen ez dituen gauzetan ere, lotsatzen dirala besteri galdetzeaz. Emendik zenbat bekatu? zenbat kalte errietan, eta etxeetan? Bekatu oen guztien ama da gure iritzia ukatzeko zabarkeria andi bat, antuste, ta soberbia madarikatu batera biurtzen dana.

        Begira giozu berriz-ere munduari, ta ekusiko dituzu beste asko onra, ta puntura aiñ itsutuak, aiñ etziñak, eta itsatsiak, non gura au ukatu, edo ezi gabez, txit erraz galtzen duen beren anima, ta Jaungoikoa. Ez da gauza gaiztoa onra, puntua, ta izen ona; baizik gauz ona, ta bear dan neurrian amatzen dala, asko laguntzen du Zerurako bidean kontuz, ta arretaz ibiltzeko. Baña onra, eta puntuan ipintzen bada biotza, itsutzen da onrazalea, ta geratzen da aiñ minberaa onrari dagozkan gauzetan, non aisa amiltzen dan bekatuan, saiets onetatik ukuitzen badue, edo ukuitzen duela, iduritzen bazaio. Emendik dator onelako onra, ta puntu zaleak aide, ta auzoakin erraz pakea, ta adiskidetasuna galtzea: emendik lagun urkoaren faltak agertzea, gauz onak-ere alde gaiztora botatzea, edo gutxitzea. Emendik aurrekoen kontu, eta ipui egiazkoaz, edo gezurrezkoak nastutzea, lagun urkoaren izen ona itsusten, ta zikintzen dala. Emendik aren okerrak, edo gertatzen zaikan kalteak aditzea gozotoro, ta musikarik ederrena baña atsegin-kontentu geiagorekiñ. Emendik atzenean onra zalea, irozo ditzakean baño, gastu geiagotan sartzea, jan, edanean, eta jaunzi modakoetan, onra, eta puntuaren idolo, edo momoa adoratzeko. Bekatu oen guztien iturburua da onra, ta puntuaren gura ez ukatzea, ta ez ezitzea.

        Zoaz aurrera, Kristaua, munduari begiratuaz, ta topatuko dituzu beste asko, bengantzaren txingarra kolkoan duela bizi diranak, zeren auzoak, aideak, edo adiskideak aen gustora itzegin etzuan, botoa ukatu zien, edo beste mesederen bat egiñ etzien. Ez daukeela gorrotorik, esango due konfesatzean; baña ongi miratzen badira oen biotzak, prest arkituko dira lagun urkoari, deretxa datorrenean, txarkeriaz eranzuteko. Emendik dator espiritu zimur oek lagun urkoari beti kontra egitea batzarreetan, edo beste edozeiñ tranzetan. Emendik aren kontra itzegitea, deretxa agertzean. Emendik lagun urkoaren oker, edo kalteren baten berria aditzean, barren guztia gozatzea, ta zabaltzea. Bekatu oen ama da, biotzean estalirik dagoan, gorrotoaren txingarra, ta bengantzarako sasoia.

        Arkituko dituzu gañera beste asko gorputzaren era, ta sentiduen atsegin-kontentuetan llilluraturik, ta itsuturik bizi diranak, batzuek jan-edanean, besteak ara ona ibillian, utzirik umeak, mirabeak, ta etxea kezkarik, ta konturik gabe; besteak atzenean ez dagozten jauntzi, ta apaindurietan. Ezta gorputzaren erak nai izatea bekatu andia, era oek Jaunaren legearen kontra ezpadira gauza larrian; baña baldiñ biotza itsasten bazaio oen gurari, txit erraz jarriko da erazalea bekatu larrietan erorteko perill andian. Ala ekusiko dezu, Kristaua, jan-edanera itsutu ezkero bat, erraz amiltzen dala ordikerian, itzegite loietan, keñada zikiñetan, ixillik egon bear duen gauzak agertzean; ta ez dala zentzatzen ez etxea ondatzearekin, ez emaztearen, ta umeen negar, eta larrugorritasunarekin. Ekusiko dezu, oitutzen bada etxeko andre bat, bere etxea utzirik, ara ona ibiltzera, (bisitetara), ez dio ardurarik umeak, eta mirabeak gaizki azitzeaz, ta oitura gaiztoak ikasteaz. Ekusiko dituzu asko, ta asko emakume, agertzen diran jauntzi mota berriai jarraitzen, naiz etxea gaizki geratu, naiz etxeko pakea galdu, eta naiz Jaunaren legea era askotara ausi dedilla. Bekatu oen sustraia da gorputzaren era, ta sentiduen atsegin-kontentuetara biotza itsatsia egotea.

        Etzaitezela onenbesterekin geratu, Kristaua, munduari begiratzean. Begira ondo berriz etxe andi onetan bizi diranai: ta arkituko dituzu eziñ konta al gizon, eta emakume, zar, eta gazte, itsatsiak, itsuak, ta llilluratuak bizi diranak seigarren mandamentuaren kontra itzez, pensamentuz, edo bestela erorteko perill andia duan bizimodu ergel, lasai, edo zoro bati. Ez det esaten onelako oek guztiak seigarrengo mandamentuaren kontrako lizunkeria andienean erori nai duela; au izango lizake geiegira igarotzea; baizik diot, onelakoen bizitzari alde guztietara begiratzen bazaio, arkitzen dirala itzez, pensamentuz, keñadaz, edo bestela bekatuan erortzeko perill andian, perill urkoan, ta borondatezkoan. Perill andi-urkoan; zeren bizimodu ergel, lasai, edo zoro bati darraizkan bitartean, goizean, edo arratsean, egun onetan, edo bestean, nolakoak diran deretxak ala izango dira lizunkeriak. Perill au da borondatezkoa, zeren borondatez bizimodu oni jarraitu nai zaion. Goazen ezperen gertatzen danari begiratzera. Quae hic dicuntur, semper prae oculis habenda mihi videntur. Asko dira mutillen artean gaiztakeria andienetan erortzeko asmorik ez duenak, baña beti prest daudenak deretxa danean, festan, dantzan, ta zorakerietan ibiltzeko emakumeakin: beti prest emakumeakiñ egoteko, itzegiteko, jolasteko. Eziñ esan diteke mutill oen itzegite, ta ibillera guztiak bekatu larriak dirala; baña denbora berean eziñ ukatu diteke bizimodu lasai au dala bekatu askotan erortzeko perill andi-urkoa; ta ala onelakoak eroriko dira, batzuetan pensamentu loietan, besteetan itzegite zikiñetan; batzuetan begiratze goixoetan, besteetan tentaniak, keñadak, ixill-mandatu gaiztoak, eskukak egitean. Asko dira emakumeen artean, ezergatik-ere azken-azkeneko bekatu itsusian erori nai ez lukeenak, baña denbora berean ergelak, ibilkariak, edo beintzat mutillakin itzegitea, ibiltzea, jolastea, eder, eta arro agertzea asko gustatzen zatenak. Eziñ oekgatik-ere esan diteke, bekatu larrian erortzen dirala itzegite, ta ibillera, edo gauza guztian; baña esan diteke, ta esan bear-ere da, era onetan ergelkeriari, ta bizitza lasai oni ederetsirik bizi diran bitartean, arkitzen dirala bekatu larri askotan erorteko perill andi, ta urkoan: esan diteke, ez oi duela konfesio onik egiñ noizbait noizbait zentza ditezen artean. Bitartean ibilliko dira bekatutik bekatura amilduaz; oraiñ pensamentu batean, geroseago itz loiak gozotoro aditzean: oraiñ eskuka, edo keñada batean, gero musu edo laztanetan: oraiñ ipui zikiñak kontatzen, gero dantzan, edo dantza ondoan alberdanian. Ezkonduen artean-ere asko dira, gizon jakintsuen iritzian, aragizko atsegin-kontentuetan biotza ipiñi duenak, ta abererik zikiñenak baño abereago biurtzen diranak: ta itsumen onek dakar berekiñ bekatu askotarako perill andia. Emendik zikinkeria berrien billa ibiltzea: aurren, ta mirabeen ondoan, edo oek oartuko diran denboran, eta lekuan elkarganatzea. Emendik... baña asko da. Sararen aurreneko zazpi gizonak Demonioak ito zituan. Judas Patriarkaren seme bi Her, eta Onan zeriztenak ill zituan Jaunak. Sararen senarrak, S. Rafaelek Tobiasi aditzera eman zionez, ito zituan Demonioak, zeren Jauna bere gogo, ta biotzetik kendurik, zentzugabeko animalien eran gura lizunean biotza ipiñi zuen. Ta Judas Patriarkaren bi semeak bukatu zituan Jaunak zeren nazkagarriak ziran Jaunaren begietan, ta batak beintzat bekatu guztiz itsusiak egiten zituan emaztea aurdun ez geratzeagatik. Bekatu oen guztien ama da, gazteetan, bizitza lasai-berdea: ezkonduetan, atsegiñ zikiñetan biotza ipintzea; ta ezkondu nai, eta nai asi diranetan beren gura txarrari atsegin emateko egarria. Eztago onela itsuturik bizi diranentzat Zerurik, zentzatuta bizitza on bat benaz artu artean.

        Atzenean ekusiko dituzu, Kristaua, asko munduko ondasun, eta izanen ondoren osotoro itsutuak, kutiziaren idoloaren aurrean auspez, edo belauniko jarririk. Ondasunak nai izatea konbeni zakun neurrian, ta bide onez, ez da bekatu; baña ondasunai biotza itsastea ta itsastea neurririk, eta mugarik-gabe, au da gauza bat osotoro illuntzen duana adimentua, elkortzen, ta arri biurtzen biotza, ta galerazten duana Jaungoikoa. Onelakoari, dituan ondasun guztiak, biurtzen zaizka bere puzoi, eta arantza, Jesu-Kristok berak esan zuan bezala: ta ez dituanen egarriak erkiturik, eta igarturik dauka doakabea. Ekusiko ditu lagun urkoen nekeak, eta premiak, ta guztiak alferkeriak dirala usteko du. Sartuko da saldu zikiñetan, eta ezta arentzat musika aiñ gozorik: nola dan irabaziaren izena. Aberatsa Zeruan sartzea baño errazago da bagasoka bat jostorratzaren begian sartzea, dio Jesu-Kristok berak. Facilius est camelum per foramen acus transire, quam divitem intrare in regnum Coelorum (Math. 19).

 

* * *

 

        Ekusten dezu, Kristaua, zer dakarren gure griña, ta pasio nagusiak ez ukatuak, ez ilduratzeak, ez ezitzeak? Ekusten dezu, zeiñ bekatu asko gertatzen diran gure zabarkeria, ta nagitasun onegatik? Alaere bekatu oek, edo beintzat oen ama izan oi da guztiz ezkutatua, estalia, ta kolore ederrakin apaindua, ta emendik jaiotzen diran bekatuak izan oi dira beiñere, ez Pazkoetan, ez Misioetan, barkatzen ez diran bekatuak. Bere naia egiteko, bere setarekin irteteko, ta guztian agintari, ta buru izateko griña agintari duanak, ta au ukatu, ta ezigabez amiltzen danak etxeko aserreetan, ta auzoakin, aideakin, ta besteakin gorrotoan, birau, ta madarikazioetan, auzi, ta naspilletan: erraz ezagutu ditzake bekatu oek, ta bear bada konfesioan aitortuko-ere baditu. Baña oen ama, ta sustraia? Bere naia egiteko, bere setarekin irteteko, ta guztian agintari, ta buru izateko griña? Ta griña au ukatzeko, ta ezitzeko zabarkeria? Au estaliko, ezkutatuko, ta apainduko du jauntzi ederren batekiñ. Bere iritziari itsatsi danak, naiz asma al ditezkean okerrak egiñ, edo egiteko perillean jarri, gordeko du, ta edertuko bere antustea, ta itsumen arroa. Onra, ta puntuaren aizez puzturik dagoanak, ezagutu bear du, asko utsegitetan erortzen dala, gura au ezi, ta neurri onean ipiñi gabez: ezagutu bear luke zabarkeria au oraindaño izan dala, ta aurrera ere izango dala bekatu askotarako perill andia. Alaere soñeko txuriz jauntzirik ipiñiko du bere onra, ta puntuaren eragabeko gura, ta au ukatzeko, ta ilduratzeko nagitasuna, esaten duala beregan: Ez du agintzen Jaungoikoak, onrarik, eta punturik gabe bizi gaiteala. Egia da au; baña era berean egia da, agintzen digula, uka ditzakula gure gura, ta pasioak, edo geren buruak; ta au guk ez egitera eziñ sar gaitezke Zeruan. Abneget semetipsum. Gañera agintzen digu, gaudela alako aro, ta sasoiean, non prest egon bear degun onra, ta puntu guztiak utzitzeko, ta atzenean bizitza bera-ere emateko bekatuan ez amiltzeagatik; ta ez da sasoi eder onetan arkitzen onra, ta puntuan biotza ipiñi duana. Bengantzaren sua kolkoan gorderik bizi danak badaki, bere su gaizto au osotoro itzalita bere lagun urkoa egiaz eta biotzetik amatu artean, eziñ bekatutik irten ditekeala, baña alaere estaltzen du kolkoan daukan txingar gaiztoa, esaten duala: Nere buruari adiña gaitz opa diot urliari, baña ona da zentzatzea, ongi irabazia zuan aren ausardiak, ta aren ibillerak oraiñ gertatu zaiona: gutxitxo izateaz det damu. Era onetan edertzen du bere bengantzaren espiritua, ta deretxa datorrenean ez dio barkatzen lagun urkoari, ez itzez, ez lanez. Bizitza ergel, edo lasaiera oiturik dauden gizon, eta emakumeak, ala zarrak nola gazteak, nai ta ez ezagutzen due gaiztoak dirala bizimodu orretatik datozen kontuak, nola diran itz loiak, keñada zikiñak, begiratze lotsagarriak, alberdaniak; baña ez due sinisten bizimodu ergel, edo lasaia dala bekatu oen iturburua, edo obeto esateko ez dira batere begiramendu oetan nekatzen, ta esaten due: Ez giñan jaio paret artean ezkutaturik, urdindurik, edo oriturik egoteko: gazteak bear du bere jolasa, ta aitzaki oekiñ geratzen dira lengo bizitza lasaiaren, ta bekatu askotarako perill andian; naiz gaizki konfesatu, naiz etsaiak eraman. Au bera gertatzen da kutiziak erkiturik, ta itsuturik daudenakiñ.

        Era onetan griña, ta pasioak ukatzeko, ilduratzeko, ta ezitzeko zabarkeria andian bizi diran, Kristauen bekatuak izan oi dira gañera beñere barkatzen ez diran bekatuak. Au ezagutu, ta sinistu dezazun ongi, enzun itzatzu, Kristaua, egia oek. 1.a Egia: eztu bekatariak iristen bekatuen barkaziorik, biotzik ezpadu utzitzeko bekatuaren bide, eta perill andi urkoak, ta borondatezkoak. Au da Kristau guztiak, eta ezaguera ona duen guztiak-ere dakien gauza. Perillean bizi nai duena, perillean bukatuko da, esaten digu Espiritu Santuak. 2.a Egia: bere nai, ta borondatean, bere iritzian, onra, eta puntuan, bengantzan, bizitza lasi-berdean, kutizian, ta beste gura larrietan itsuturik dagoana, ta gura berak ukatzeko, ta ezitzeko konturik, eta arretarik ez duana, arkitzen da bekatu askotan erorteko perill andi-urkoan, ta arkitzen da bere naiez, ta zabarkeriaz. Zaldi ezi gabe, bere zoroak agintzen dion eran dabillen, baten pare ipintzen du onelakoa S. Anbrosiok. Qui dominari nescit cupiditatibus, quasi equus raptatus indomitus. Zergatik bait esan zuan Jesu-Kristok: etorri nai badu norbaitek nere ondoren, uka beza bere burua. Abneget semetipsum. Irugarren egia: bere griña, ta pasio larri-gaiztoetan itsuturik, ta aetara itsatsirik bizi danak ez du biotzik ukatzeko, ilduratzeko, ta ezitzeko griña, ta pasio berak ta beragatik ez du biotzik, eta almenik bekatuaren bide, eta perill andi urko onetatik irteteko. Argatik bekatu mota oek geratu oi dira barkatu gabe, ez egiaz zeren barkaziorik eziñ izan dezakeen, baizik zeren bekatariak biotzik ez duan bere griña, ta pasioak ukatzeko, ta bizitza berri ona artzeko. Ez dago beraz, Kristaua, ez dago bekatuen barkaziorik, ez dago konfesio onik, ez da Zerurik gure griña, ta pasio gaiztoak ukatzera, ta ilduratzera saiatzen ezpagera kontuz, eta arreta andiarekiñ. Qui sunt Chti, carnem suam crucifixerunt cun viliis et concupiscentiis (Ad. Galat. cap. 5).

 

* * *

 

        1. Begira-ezazu oraiñ, Kristaua, nola examinatu bear dezun zure konzienzia konfesio on bat egiteko asmo osoa artzen dezunean. Atera ezazu kontua: zenbat denbora onetan bizi zeran griña, edo pasio gaiztoren batean biotza ipiñirik: edo zere borondate, ta iritzian: onra, edo puntuan: bengantzan, bizitza lasai-berdean, kutizian, edo beste guraren batean; zenbat bekatu, ta utsegitetan amildu zeran griña, ta pasio oek ukatu gabez? Atzenean zenbat denboran bizitu zeran Jaungoikoaganako amoriozko afekto egiazko egiñ gabe.

        2. Presta zaite arreta onarekiñ, eta zoaz zere Aita Zerukoagana, eta artuko zaitu biotz bera urrikaritsu batekiñ, eta zu nor bazera, emango dizu betiko bizitza doatsua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa