www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI TA AMARGARREN ERAKUSALDIA

 

Atzeneko erakusaldiko gaiaren beraren gañean.

 

Benedictus Deus, et Pater Domini nostri Jesu-Chti, qui secundum
Misericordiam suam magnam regeneravit nos in spem vivam.
1. Petri cap. 5

 

        Egin zuan gure Jaungoikoak Adan, egin zuan Eba ta biak egin zituan bere Zerurako. Egiñ orduko eman zien biai lurrean bizi ziran artean ongi izateko bear zuena; bada eman zien lurreko Paradisua, ta Zeruko inozenzia, justizia orijinala, ta grazia. Bazuen Paradisuan, doarik alaere, Adanek, eta Ebak, jateko, edateko, ta gauza guzietarako nai adiña, baita askoz geiago ere. Etzuen gaitzerako makurtasunik batere, ta gauz onak aisa, ta erraz egin zitzakeen beren inozenzian, ta zuen graziarekin batean. Era onetan bizitzera gure lenengo Gurasoak, jaunak ongi zeritzanean, eramango zituan bere Zerura eriotzaren atzaparretan erori gabe, ta emango zien betiko atsegin-kontentu ta gloria. Ta au bera gertatuko zan Adanen ondorengoakin, oek ongi bizitzen baziran, ta kontatuak izango ziran oen artean gaitzerako ziranak. Zori onekoak gu baldin Adan ta Ebak egin izan balue beren Jaunaren esana; baña utsegin zuen gure lenengo guraso oek Jaunak debekatu zien fruta jaten zuela: galdu zuen Jaunaren adiskidetasuna, ta justizia orijinala: galdu zuen Zerurako zuen esku, ta deretxa, ta beratik asaldatu ziran len lo, edo illak zeuden gaitzerako griña, ta pasio anima galgarriak. Geratu ziran Zeruko ateak, bekatu jatorrizko onekin itxiak, Adanentzat, ta onen ondorengoentzat.

        Baña onegia da gure Jaungoikoa gaitz onen andia sendatzeko bidea ukatzeko. Gizonaren oker andi au zuzentzeko bidaldu zuan mundura bere Seme bakarra, ta Seme onek gizonaren jantzia arturik, ta gurutze batean ainbeste nek-oñaze ta pena igarotzen zuela, ta atzenean bere bizitza ematen zuela, egin zituan bere Aitaren, ta gizonaren arteko pakeak, ta idiki zituan lau milla ta geiago urtean itxirik egon ziran Zeruko ateak beragan sinistu, ta beraren lege garbi-zuzena gorde nai duenentzat. Jaunak siniste onetan ta bere lege garbira deitu izan gaitu nere Kristauak, ta onetan egin digun ontarte andiaren gañean izango da nere gaurko itzaldia. Adiraziko dizuet aurrena, zer nolakoa dan ontarte, edo mesede au. Bigarrena: Jaunaren siniste on, ta lege garbia artzean zer agindu degun; ta atzenean ze egin bear degun gure Jaunaren guganako onginai, ta amorioari erantzutzeko.

 

 

§ I.

 

        Zure Jaun Jaungoikoak bere ontasun, ta miserikordiari begiraturik deitu zaitu, Kristaua, bere fede Santara, ta lege eder garbira. Ta badakizu, Kristaua, zeiñ andi, ta miragarria dan zuri onetan zure Jaunak egin dizun ontarte, edo mesedea? Badakizu zer onginai, ta amorioa zor diozun Jaun berari? Edo oroitu zera zure ongille on Jesus maiteari alik umilkiena eskerrak emateaz, ontarte au zere gogoan darabiltzula? Nork sinits lezake ozta ozta oraindaño zure zor onezaz oroitu zerala? Au bera emendik aurrera gertatu ez dakigun begira ezazu Jesu-Kristoren sinistean ta lege garbian egotea zein gauza bearra, ta dignidade andia dan. Begira-ezazu gero ontarte au ukatu diela Jaunak ezin konta al Anima zu baño askoz leialago izango ziranai. Begira ezazu atzenean ez dezula zori on andi au zere irabaziz, edo zure gurasoakgatik, baizik zure Jaunaren miserikordia, ta graziaz. Au guzia ekusi ezkero izango degu biderik asko Jaunaren aurrean lotsatzeko.

        Idiki zituan Jesu-Kristok, egia da, idiki zituan bere eriotzarekin Zeruko ateak, baña idiki zituan bere siniste, ta lege garbi ederra artu ta Jesus beraren markarekin arkitzen diranentzat. Ez dago Zerurako biderik, ta ez dago Zerurako irabazirik Jesu-Kristoren siniste, ta lege gabe; galdu zuan alabaña gizonak bekatu jatorrizkoarekin Zerurako esku guztia, ta graziaren izate ederra, ta esku, ta izate au iristeko berriro jaio bear du bataioko Sakramentuan, ta Sakramentu onekin biurtzen zaizka Zerurako eskua, ta graziaren izate ederra. Salbatuko da dio S. Markos Ebajelistak, sinisten ta bataioko Sakramentua artzen duena; baña betiko galdua izango da, sinisten ez duena. Berriro jaiotzen ez dana, dio S. Juan Ebanjelistak, uretik, ta Espiritu Santuagandik, ezin sar diteke Zeruko Erreñuan. Ez dago salbatzerik ezpada Jesu-Kristoren izen Santuan, siniste, ta legean. Non est in alio aliquo salus (Actor. 4). Ekusten dezu zein gauza bearra dan Jesu-Kristoren siniste, ta legean egotea Zerura nai duanarentzat? Ta ote dakizu zein dignidade andi, ta goia dan lege onetako izatea? Da Kristaua dignidade bat, zuri ematen dizuna Jaungoiko beraren Semearen izena, ta izatea S. Juanek dionez: Ut filii Dei nominemur et simus. Da Jesu-Kristoren beraren senide izatea, ta Jesu-Kristorekin berarekin Zeruko Erreñuaren heredero geratzea. Haeredes Dei cohaeredes Chti. Ta izanik Kristauaren izate au onen andi-miragarria, gu alaere deitzea dignidade onetara! Zer ontarte, edo mesedea ez diogu onetan zor gure ongille eziñ ongilleago Jesus maitagarriari?

        Ontarte au ukatu die ezin konta al bataiorik gabe iltzen-diranai. Zenbat aur iltzen dira munduaren lau bazterretan bataioko Sakramentua gabe? Zenbat Kristau errietan beretan? Oraindaño onela ill, ta aurrera illko diranak izango dirala gutxiena, dio Alapide gizon jakintsuak, milla milloi. Nondik datorkizu bada, Kristaua, zuri, nondik niri oetako bat ez izatea? nori zor diozu, ezpada zure Jaunaren miserikordiari? Ta bataiorik gabe ill diran ta illko diran aurrak onenbeste gutxienean izango badira, zenbat, ta zenbat milloi izango ote dira federik gabe oraindaño ill diranak, ta munduaren azkeneraño illko diranak? Zenbat Asian, Afrikan, Amerikan, ta Europan bertan? Zenbat aen artekoak izango ziran Jaunarentzat gu baño leialagoak, kontu obearekin birtutearen bide eder garbiari jarraituko zioenak? Ta alaere aek utzi zituan Jaunak, ta uzten ditu bere siniste, ta legera ekarri gabe, ta guri, nere Kristauak, guri eman digu izate, ta dignidade miragarri au? Ekusi ezazue, dio S. Joanek, ekusi ezazue nolako onginai, ta amorioa agertu digun Jaunak, ematen digula Jaungoiko beraren Semeak deitzea; ta ez deitzea bakarrik, baita izatea-ere. Videte qualem charitatem dedit nobis Pater, ut filii Dei nominemur et simus (Cap. 13). Begira ezazu ongi Kristaua, zer ontartea zor diozun Jaunari, zeren Jesu-Kristoren siniste, ta lege garbira deitu zaituan.

 

 

§ II.

 

        Baña ontarte aiñ andi, ta dignidade onen goiak nai ta ez, esan oi dan bezala, berekin ekarriko ditu bere egin bear andiak. Ote dakizu zuk Kristaua, zer egin bear diran oek? Ote dakizu zer agindu zenion Eliz Ama Santari Zeruaren, ta lurraren, Aingeruen, ta gizonen aurrean? Oroitu ote zera, zure bataioko egunean emandako itzaz? Ez noaski zure oraindañoko bizitzak dionaz. Jakin dezazun bada zer agindurik arkitzen zeran egun artatik ekusi ezazu benik bein zer gisatan, ta nolako zeremonia Santuakin artu zinduan Eliz Ama Santak bere umeen artean. Ekusi ezazu gero bataioan agindu dezunari erantzuteko zertara beartua arkitzen zeran, eta arriturik noaski esango dezu: ez dala zugan oraindañokoan Kristauaren antzik izan zure bizimodu, ta azturetan.

        Lenengo zeremonia Santua izan zan Aita, ta Ama Pontekoak zurekin batean Elizara etortzea, zure ordez erantzuteko egiten diran galdeai, ta zure izenean agintzeko agindu bear dan guztia. Emendik Aita, ta Ama Pontekoak beartuak geratzen dira aurrai gurasoen faltan dotrina erakustera, dio Santo Tomasek. Bigarren zeremonia da izena ipintzea, ta onela bataiatua geratzen da Jesu-Kristoren Soldadeskan sartua munduaren, Deabruaren, ta aragiaren kontra gerra egiteko. Irugarren zeremonian galdetu zizun Eliz Ama Santaren izenean Apaizak: Zer eskatzen diozu Elizari? Zuk orduan ezin erantzun zentzakean, baña zure ordean erantzun zuan zure Aita ponteak: eskatzen zenduala fedea, ta fedeak ematen duala bizitza betikoa. Laugarren zeremonian aizeman zuan Apaizak zure aurpegira aienatzeko zure biotzetik etsaia, Espiritu Santuaren jarleku, ta Eliza bat egiñik gera zindezen. Irten adi, agindu zion Apaizak etsaiari, irten adi onegandik Espiritu enas zikiña ta egin giok leku Espiritu Santu konsolatzalleari. Exi ab eo immende Spiritus, et da locum Spiritui Sancto Paraclyto. Bostgarren zeremonia izan zan zure bularrean gurutze Santuaren siñalea egitea, lotsa etzaitezen, Kristaua izateaz, ta Kristauak gerala agertzeaz. Seigarren zeremonia da: gatz bedeikatua zure aoan sartzea, oroi zindezen Jaunak bataioan egin zizun ontarteaz, ta oroipen onekin kontuz ikasi zenezan Zeruko jakiundea, edo zure bizitza gordetzea bekatuaren usteldasun guztietatik. Zazpigarren zeremonia izan zan estola bat gañean zuri ipintzea, ta onela Elizan sartzea, aditzera eamten zatzula, Kristauak izan bear duela Jaunaren bizileku, ta Etxe. Zortzigarren zeremonia izan zan txistuarekin egitea zure sudur, ta belarriak, aek idikiak iduki ditzatzun Jaunaren itza, ta Zerurako gauzak aditzeko, ta zure bizitza onarekin birtutearen usai gozoa zabaltzeko. Bederatzigarren zeremonian, bataioa emateko aurrean, galdetu zizun Eliz Ama Santak zere izenez: Urlia: ta ukatzen dezu Satanas? Abrenuntias Sathanae? Bai, ukatzen det, zure izenean erantzun zuan Aita ponteak, edo an zeudenak. Abrenuntio. Ukatzen, ta betiko uzten dituzu Satanasen egiteko guztiak? Et omnibus operibus ejus? Ukatzen ditut, erantzun zenduan. Abrenuntio. Ukatzen dituzu, ta betiko uzten Etsayaren zorakeria, ta ponpak? Eta monibus pompis ejus? Ukatzen ditut, erantzun zenduan. Abrenuntio. Amargarren zeremonian gainzutu zinduen bularrean, ta espaldetan Kristaua, ta olio Santuarekin, onetan adirazten zala zure Anima bataioko Sakramentuan gainzutzen zala Jaunaren grazia, ta Zeruko doaiakin, ta Espiritu Santuaren presenziarekin. Amaikagarren zeremonian ipiñi zizuen buruaren gañean eun txuri bat, aditzera ematen zitzatzula Adanen jauntzi zarrak, ta bekatuaren zatar puska guztiak utzirik, jauntzitzen dezula graziaren soñeko zuri ederra, jauntzi berarekin mantxarik gabe agertzeko kontuetako egunean Jesu-Kristoren aurrean. Accipe vestem candidam, quam immaculatam perferas ante Tribunal Domini Jesu-Chti. Atzenan galdetu zizuen: Vis baptizari? Urlia: era onetan, ta Kristauari dagozkan eginbide oekin nai dezu bataioko Sakramentua artzea? Baietz, esan zenduan. Volo.

        Ona, Kristaua, nola zer gisatan artu izan zinduan Eliz Ama Santak bere umeen artean. Baña zeiñ gutxi oroitu zeran zu zer agindu zenduan Kristauaren izate ta dignidade andi au artu zenduanean! Enzun nazazu gutxi bat arreta andiarekin, ta ezagutuko dezu zein gauz andiak agindurik zauden. Agindu zenduan benik beiñ Jesu-Kristo gure Maisu, ta Erakuslea gurutzean arantzaz, ta iltzez josirik iltzan eran, zu ere bekatu diran gauza guzietarako biziko ziñala gurutzean josia, ta illa bezala. Illa aragiaren atsegin loiak dakaizten itzegite, begiratze, ukuitze, jauntzi arro guzietarako. Illa birau, juramentu, lagun urkoari bekaturako bidea emate, ta jan edan geiegietarako. Illa besteri kalte egiteko dala bizitzan, dala ondasunetan, dala honra, edo faman. Adi ezazu zer dion S. Paulo Apostoluak Jesu-Kristoren ume egiazko diranak gurutzefikatu due beren aragia bere griña makur, ta gura gaiztoakin: Qui autem sunt Chti carnem suam crudifixerunt cum vitiis, et concupiscentiis suis (Cap. 5 ad Galat). Jesu-Kristorekin gurutzean josirik nago, dio Apostolu berak: bizi naiz, baña ez naiz ni nerau bizi, bizi da nigan Kristo. Chto. confixus sum cruci: vivo jam non ego, vivit vero in me Chtus (Cap. 2 Ad Galat). Ta oraindik are geiago dio Apostolu berak, esaten duanean: bataioko Sakramentuan geratu gerala Jesu-Kristorekin batean obian sartuak illak bezala izateko munduaren, Demonioaren, ta aragiaren gauzetarako. Consepulti enim sumus cum illo per bautismum in mortem (Ad Romanos cap. 6). Ongi: ta non dira egungo egunean Kristau oek? Non dira Jesu-Kristorekin gurutzean josiak, ta obian sartuak ta illak bezala bizi diranak munduaren, etsaiaren, ta aragiaren gogaeta gaiztoetarako? Atozea zu biraugillea, edo juramentuak erraz egiten dituzuna: atozea zu gizon zere ume, ta familiari naigabez beterikako bizitza ematen diozuna, zure alferkeria, zure edan, ta berandu etxeratzearekin: atozea zu neskatx zere jauntzi arro, zere ibillera arin, ta modu gaiztoakin Demonioaren beraren maisu izan zaitezkeana: atozea zu gazte edo zar zere itzegite loialakin lagun urko askori bekaturako sarea zabaltzen diezuna: zure bizimodu ori da bataioko Sakramentuan agindu zenduana? Zertan igerriko zatzu Kristaua zeran, edo jentil fedegabekoa?

        Agindu zenduan gañera bataiatu ziñanean, zere griña, ta pasio txarrak ukatzea. Etzenduan agindu griña makurrik ez izatea: zeren oek bekatu jatorrizkoaren ondoren gurekin jaio, ta gurekin bizitzen dira, ta bataioko Sakramentuak bekatu jaiorrizkoa kentzen badu ere, uzten du gugan gaitzerako makurtasuna, ta gauz onetarako nagitasuna. Zer agindu zenduan bada bataioan? Agindu zenduan griña txarrak illduratzea, ta beti kontra egiñaz, eskatzen duena ukatuaz, eskuratzea, ta ezitzea. Nere ondoren etorri nai duanak, ukatu beza bere burua, esaten digu Jesu-Kristok, ta jarrai begit. Quicumque vult post me venire, abneget semetipsum, et sequatur me. Mira ezazu, Kristaua, miratu ongi zure bizitza, ta galde giozu zere buruari: Urlia: non, ta zertan arkituko det nik zugan Kristauaren siñalerik, edo arrastorik txikiena-ere? Arkituko ote det, nere griña, ta pasio gaiztoak garaitzeko arreta, ta kontu zintzoan? Ah! baldin alde onetatik nere buruari begiratzen badiot, ez da nigan arkitzen Kristauaren antzik! Nik alabaña nere griña makurrak eskuratzeko kontu egin bearrean ez det deretxarik galdu oek gura duena egiteko, oek bazkatzeko, ta nere Anima, ta beste askorenak galtzeko!

        Agindu zenduan gañera, Kristaua, agindu zenduan bataioko Sakramentuan biotzez ukatzeko, ta uzteko munduko ondasun, atsegin, onra, ta gauza guziak, berenez gaiztoak ez izan arren, kontentu bizi zerala zure Jaun Jaungoikoa zurea izatearekin. Ez digu eskatzen gure Jaunak, ondasunik ez izatea, atsegin-kontenturik batere ez artzea, onrarik gabe bizitzea. Ez; baizik agintzen digu gure biotzak ez ipintzea gauz oetan, baizik ontasun neurrigabea dan gure Jaunagan. Ala erakustn digu gure Salbatzalleak. Omnis ex vobis qui non renuntiat omnibus quae posidet, non potest meus esse Discipulus (Luc. c. 14). Bataioko Sakramentuan eman zenduan itz oni ongi erantzuteko alako sasoiean gorde bear dezu zure biotza, non prest egon bear dezun ondasun guztiak, atsegin-kontentu guztiak, itz batean guztia uzteko zure Jaunaren legea ez ausitzeagatik. Biotzeko sasoi au, ta era onetan prest bizitze au adirazten digu San Paulo Apostoluak, esaten digunean: Emazteak dituenak, izan bitez ezpalitue bezala: Qui habent uxores tanquam non habentes sint. Nekez, ta negarrez bizi diranak, negar gabe bizi balira bezala, ta atsegin-kontentuen artean bizi diranak atsegiñik artzen ezpalue bezala. Et qui fient tanquam non flentes, et qui gaudent tanquam non gaudetes. Eta erosturak egiten dituenak, gauzarik ezpalue bezala, ta munduko gauzaz usatzen duenak usatzen ezpalue bezala. Et qui emunt tanquam non posidentes, et qui utuntur hoc mundo, tanquam non utantur (1. Ad Corint. cap. 7). Ekusten dezu, anima, nolako sasoiean iduki bear dezun zure biotza berenez bekatu ez diran gauzetan ere? Ta nekatu zera iñoiz aginte au zein andia dan ezagutzen? Ondasunen artean bizi, ta oei biotza ez itsastea: atsegin-kontentuen artean egon, ta oetan biotza ez ipintzea: onra, ta estimazioak izan, ta ezpalira bezala oen artean igarotzea, da nere Kristauak gauza guztiz andia, ta miragarria: da gauza Jaunaren laguntza ta grazia gabe iristen ez dana: ta da Kristau gutxik bear dan eran egiten duena.

        Adirazi ditugun gauza oezaz gañera agindu zenduan Bataioko Sakramentua artu zenduanean zure Jaun Jaungoikoa biotz osoz, ta guztitik maite izatea, ta Jaunaren ontasun onegatik zure lagun urko guztiak, baita oen artean etsaiak-ere. Agindu zenduan zure Jaunaren aginte guzti guztiak leialki gordetzea. Biotz guztitik Jauna amatzeko, ez da asko aoaz esatea amatzen dezula Jaun bera. Ainbesteraño Jaungoikoaren ontasunagana jarri bear due gure biotzak non prest egon bear duen Jauna ez uzteko, ta ez ofenditzeko ez Zeruagatik ta ez lurragatik, ez goiagatik ez beagatik, ez bizitzagatik, ta ez eriotzagatik. Mira ezazu Kristauak zure biotz ori, ta ekusi ezazu era onetan egiaz bere Jaunagan jarria egon ote dan oraindañokoan, ta arkitzen ote dan oraiñ bertan ere. Ai! nere Kristauak, nola egongo ziran sasoi eder onetan, ta onenbesteraño Jaunaren ontasunagana etziñak gure biotzak: baldin dan aserrerik txikiena, bekaturako itz, edo begiratze bat, iñor aintzat artze bat, erregalotxo bat asko izan bada zure biotza bere Jaunaz aztutzkeo, ta edozein gauza makur esateko ta egiteko? Ez da ez ezpata bularrean ekustearen bearrik izan zuk zure anima, ta zure Jaun Jaungoikoa utzirik gogoak eman dizuna egiteko.

        Ona, nere Kristau onak, zeiñ gauz andiak agindu ditugun Kristauaren dignidade goia artu degunean. Andiak dira berenez, baña baldin begiratzen badegu kontuz: gerala Jaungoiko beraren Semeak, Jesu-Kristoren senideak, ta Zeruko Erreñuaren herederoak: baldin oroitzen bagera Kristauaren dignidadea artzean, geratu giñala Espiritu Santuaren graziaz ta doaiez gaintzutuak, ta Espiritu Santuaren bizileku izateko konsagratuak; au guztia ongi begiratzen badegu, nork eztakus, zein bizitza garbia, ta zein santidade andia eskatzen digun Kristauaren dignidadeak, ta nik adirazi ditudan gauza guziak ez dirala geiegi oni erantzuteko? Eztakizue, esaten digu San Paulok, ez dakizue, zuek zeratela Espiritu Santuaren Eliza, edo Tenploak? Nescitis quia membra vestra templum sunt Spiritus Sancti? Au onela da, Kristaua? Ta au onela izanik, bizitu zera zuk dakizun eran? Au onela, ta zure konfesio ta komunio oriekin, ara ona ibiltzearekin, uste zenduan Kristaua ziñala, ta Kristauaren eginbide guztiai erantzun zeniela? Ezaguezazu bada orain asko badira-ere Kristauaren izena duenak, gutxi dirala Kristau izatea zer dan ongi begiratzen duenak.

 

 

§ III.

 

        Nere Jaun Jaungoikoa! zeiñ on, ta ongille maitagarria zeran zu neretzat! Milla esker Jauna zeren zure odol preziotsuarekin erosi, ta zure siniste on, ta lege garbira deitu nazun. Nondik niri nere Jaun Jaungoikoaren Seme, Zeruko Erreñuaren heredero, ta nere Jesus maitagarriaren senide izateraño altxatze au? Nondik niri onenbat dignidade ainbeste milloi uzten dituzula fedegabetasunaren gau illunean? Zer egin al nezake nik Jauna, zure ontasun, ta Miserikordia geiegi oni erantzuteko? Quid retribuam DOmino pro omnibus quae retribuit mihi?

        Jauna gutxi da nik egin al guztia, zugan dedan zor andi oni erantzuteko, baña alaere egin uste det emendik aurrera zure laguntzarekin bat, zuk nigandik nai dezun gauza bat. Egingo det Jauna bertatik alegiña nere oraindañoko eskergabekeriak Penitenziako Sakramentuan desegiteko. Garbituko det Jauna, nere biotz au, ta prestatuko det Espiritu Santuaren jarleku izan dedin: ta bizi naizan gau egunetan aztu ez nadin nere zor andi onezaz, artuko det, Jauna, urtean egun bat bataiatu nintzanean egin zenidan ontarte andiaz oroitzeko, ta ill arte guzian zor dizudan amorioari erantzuteko egingo det zure lege Santak eskatzen duan bizitza garbi, eder bat. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa