www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI TA ZAZPIGARREN ERAKUSALDIA

 

Baña gure fiñ-goi-miragarriaren gañean irugarrena.

 

Porro unum est necesarium. Lucae capite 10.

 

        Gure Jaun Jaungoikoak egin zituan gauza guztiak, gizona ez besteak, beren sortzetik asi ta beñere nekatu gabe ari dira bakoitza bere fiñari dagokan egitekoan. Eguzkia, illargia, izarrak, lurra, sua, ura, aizea, ta beste gauza guziak gau ta egun egiten due, ta munduak dirauen artean egingo due beren Egille Andiak eman zien lana. Ta gauz arritzekoa! Zentzurik ez duen gauzak aiñ leyalki, ta zuzen beren fiñari jarraitzen dioe: ta izanik gizona, bere Jaun Jaungoikoak adimentuaren arkitasunez edertu, ta apaindu zuan gauza: gizona alaere da bere Egille Andiaz aztu, ta zertarako egiña dan ongi begiratu-gabe, egunak, asteak, urteak ezer-ezaren, edo munduko aukeria, ta atsegin zirzilla ta lausoen ondoren igarotzen dituana: txit gutxi dira alabaña gizonen artean beren fin goi, ta andiari kontuz jarraitzen dioenak. Gizonaren eskergabekeria itsusi au aditzera ematen du gizon birtutetsu batek ipui onekin. Usatu zion bein gizon bidez zijoan bati Unikornio, edo Adarbakoitza deritzan animalia aserre batek. Ekin zion bidezkoak lasterrari, baña alaere Adarbakoitzak denbora gutxiren barrunbean atxitzeko zorian jarraituko zion. Estu, ta larri zan bidezko gajoa, ta bere estutasunaregin salto egin zuan bide ondoan ekusi zuan leize izugarri batera, ta an beera zijoala eldu zion leizearen alde batetik zegoan lertxun baten adarrari, ta geratu zan aidean itxikirik. Begiratzen du goora, ta an zegoan Adarbakoitz aserrea noiz igoko dan zai. Begiratzen du beera, ta ekusten du dragoitzar izugarri bat aoa zabaldurik, beera erortzen dan puntuan irintsitzeko txintxilik dagoan gizon tristea. Begiratzen du lertxunaren sustrayera, ta ekusten ditu bi sagu, txuria bata, beltxa bestea, sustraya gutxika janaz ari dirala. Zer pena, zer kezka, ta naigabeak etzuan gizon au inguratuko, bere burua era onetan ekustean? Ala gertatuko zala uste izan zitekean, baña engañatzen gera. Gure bidezkoa perill aiñ andian zegoalarik, arkitzen zan alaere kezka, ta ardurarik batere-gabe, lertxunaren orrietatik erortzen ziran ezetasun goiso baten tantoai aoa zabaldurik: Ez da au zentzugabekeria eskargea? Gizon bat alde guzietatik perillen artean inguratua, goyen Adarbakoitza aren zai: bean dragoitzarra eztarria zabaldurik gizon onen begira: lertxun medar baten adar txarretik itxikirik leizean ondatzeko zori zorian: ta lertxunaren sustrayari gau ta egun janaz ari zaizkala bi saguak! ta tranze onen estuan gure gizona arkitzen da lertxun-ostoetatik erortzen zaizkan tanto goisoai aoa zabaldurik, eta txoraturik! O itsumen izugarria! Ongi Kristaua, ta ipui onek zer aditzera ematen digu, ezpada gurekin egun oro gertatzen dana? Bidez dijoan gizona da jayo dan gizon, ta emakumea. Adarbakoitza, edo unikornia da, gure sortzetik asi ta beti orpoz orpo darraikigun eriotza. Leize da mundu galdu au, ta leize onetan sarturik gizona itxikirik arkitzen da, edo txintxilik lertxun baten, edo bizitzaren adar mee batetik. Gure bizitzari beti ari zaizka puska kenduaz bi sagu, txuria bata, belza bestea, au da gaua, ta eguna, ta beera begiratzen badegu ekusten degu dragoi bat, edo infernua bere eztarritzar izugarria zabaldurik, gu irintsi nairik. Ta alaere gu bizi gera lertxunaren orrietatik, edo gure bizitzaren ostoetatik erortzen diran zenbat tanto goisori aoa zabaldurik, txoraturik, ta arkitzen geran perill andiari begiratzen ez diogula, ta zertarako gure Egille on maitagarriak emen ipiñi gaituen aztuak. Ez ote gera, nere Kristauak noizbait noizbait zentzatuko? Nai dakiola Jaunari, noiz ere bait gu biotzetik Zerurako bide zuzen garbian sarturik ipintzea. Nai onekin adiraziko det: Zeiñ fin goi, ta andirako egin gaituan gure Jaun Jaungoikoak.

 

Porro unum est necesarium.

 

        Egin zinduan zu, Kristaua, ta egin ninduan ni gure Egille onak ezer-ezetik, ta egin ginduan bere antzera, edo gure animan ezartzen zuela Trinidade guztiz Santuaren imajiña ederra. Egin dezagun gizona gure antzera, esan zuan Jaunak, gizona egitean. Faciamus hominem ad imaginem et similitudinem nostram (Genes. c. 1.º). Ekusten zuan, Jaunak, zein eskergabeak izango giñan berarekin. Ekusten zuan gure biotz gogorraren kontra desegingo zirala berak emango zizkigun laguntza, argitasun, ta mugimentu on guztiak, itsas bazterrean dagoan arkaitzaren kontra bagak urratzen, ta ausitzen diran bezala. Ekusten zuan, Jaunak, bizi on batekin lagun urkoari Zerurako bidean lagundu bearrean, zure asmo, zure gogo, ta zañezurrak aspertuko etzirala lagun urkoari bekaturako bidea ematez. Ta ekusten zuan atzenean Jaun berak, bere Semearen odol preziosoa, ta Sakramentuak alferrak izango zirala gutatik askorentzat, ta alaere egin ginduan, ainbeste ta ainbeste egin gabe uzten zituala! Faciamus hominem ad imaginem et similitudinem nostram.

        Egin gintzakean gu emen bizitzeko, baña ez du nai izan gure Jaunak mundu onetan gu beti izatea, ta are gutxiago munduko gauza oen mendean bizitzea, ta au nai izan ordean, gauza oek guztiak egin zituan gizonarentzat. Begira munduaren lau bazterretara, ta ekusiko degu oetan guztietan arkitzen diran gauzak serbitzen due gizona. Mundua da gizonarentzat emen bizi dan arteko Jauregia: Zeruko Eguzki eder ori da egunaz gizonaren argia, ta illargia, ta izarrak arratsean. Lurrak, itsasoak, ibayak, suak, aizeak, ta beste gauza guziak prest daude gizonaren serbitzeko. Jauna, esaten dio Dabid Santuak: gauza guziak ipiñi dituzu gizonaren mendean. Omnia subjecisti sub pedibus ejus.

        Zein ote da bada, ta nolakoa gure Jaunak guretzat autu duan fiña, edo zertarako egin gaituela, uste dezu Kristaua? Fin guztiz goi, ta miragarria da fin au nere Kristauak: au da alabaña emen bizi geran artean Jaun bera ezagutzea, ta biotz on batekin maite izatea, ta gero, Jaungoikoa bera bere ondasun, ta edertasun guztiarekin beti beti ekustea, amatzea, ta beraren atsegin kontentuz beterik bizitzea Zeruan.

        Ezagutzeko zuk, Kristaua, zein gauz andietarako egin zaituen zure Egille onak, edo berbera dana zeiñ goi ta miragarria dan zure fiña, oroi zaitez, zerala Zeruko Erreñu eder artako Prinzipe, edo Prinzesa izateko egiña, ta Jaungoiko beraren semearen senide izateko autua. Ala esaten diz Dabidek: Ego dixi Dii estis, et filii Excelsi omnes. Oroi zaitez: zuk galdu ez dezazun Jaunak zuretzat nai izan zuen fin miragarria au, etorri dala Zerutik lurrera, ta gizon egiñik emandu bere bizitza gurutzean. Ekusten dezu orain, Kristaua, zein dan, ta nolakoa zure fiña? Ekusten dezu zertarako egin gaituan gure Egile onak? Ekusten deku au? baña oroitu zera zu, ta oroitu naiz ni fin miragarri au gogo, ta biotzean erabiltzeaz? O! Itsumen ta eskergabekeria izugarria!

        Egin gaitu jaunak ezer-ezetik, ezin konta al egin gabe uzten dituala: baña oroitu gera gure jaunari onetan zor diozkagun amorio, ta ontarteai erantzuteaz? Non ziñan, esaten dizu, Jaunak, Job santuaren aoaz, non ziñan lurraren zimenduak ipintzen ari nintzanean? Ubi eras quando ponebam fundamenta terrae? Non ziñan orain milla, orain bosteun, edo orain eun urte? Ubis eras? Atozea orain Kristaua, baldin atzo, esateko eran, ezer ezpagiñan: baldin degun izate piska au gure Egille onak prestatuz bezala eman badigu, nola izan degu ausardia Egille beraz aztutzeko? Beraren kontra altxatzeko? Argatik espadasun andiak agertzen dizkigu Jaunak Isayas Profetaren ezpañaz, esaten digula: «Idiyak ezagutu du bere jabea, ta astoak bere nagusiaren trisipua: baña Israelgo jendeak ez nau ezagutu, ta nere erriak ez nau aditu». Ay! dio, Ay! bekatuaren bidean dabillen jendearen zori gaiztokoa! Congnovit bos posesorem suum, et asimus praesepe Domini sui: Israel autem me non cognovit, et populus meus non intellexit: vae genti pecatrici (Isai. C. 1).

        Ezgaitu egin gure jaunak, aditu degun bezala, munduko gauz oen mendean bizitzeko, ta gauza berak serbitzeko baizik gauz oezaz Zerurako bidean bear adiña baliatzeko. Ongi, ta nola erantzun diozu zuk, ta nola nik jaunak egindako ontarte andi oni? Esan beza zure aurtasunak, zure gaztedasunak, ta atzenean zure zartzeak. Aurtasunean etzan zuretzat aurkeria beste Jaungoikorik: gazte denboran arinkeria, atsen loyak, adiskidetasun anima galgarriak, ta zartzean kutizia, ta onra nai, ta antustea izan da zure Jaungoikoa, ta zure biotz, ta zure alegin guzien Jabea. Ona! Munduko gauzen Jabe egiñik gu gure jaunak, gauz oen zerbitzari, ta esklabo egin ditugu geren buruak. O! Zentzugabekeriaren andia!

        Altxa bada Kristaua, zure animaren begiak, ta begira ondo zein gauz andietako egiña zeran. Zeru eder oriek zure bizi leku izateko egiñak dira, an zuk beti beti edo eternidade guzian Jauna bere ondasun guztiakin gozatzeko. Izan zaitezke emen beartsu, ta ekusi ditzaketzu zure nekeak, gurutzeak, lagun urkoen desleyaltasun, saltze gaizto, txarkeria, ta bidegabeak, baña alaere, zuk ongi begiratzen badezu zein fin andi, goi, ta miragarria dan zure fiña; baldin fin oni dagokan eran moldatzen badezu zure bizitza: Zori onekoa zu! Zu izango zera Zeruko Erreñu eder artan Zeruko Prinzipe, ta Zeruko Erregeren Semearen senide.

        Ay baña! Zuk ez oraindañokoan begiratu ere zertarako jayoa zeran! Ibili zu oraindaño aurkeriaz aurkeri, bekatuz bekatu ganaduen artean irabiotzeko egiña bazin bezala! Zentza zaite bada noiz ere bait, ta presta zaitez lenbizia zure anima loitu ori garbitzeko, konfesio humill, ta egiazko bat egiten dezula. 2.a Emendik aurrera ezi itzatzu orrako zure griña txar ainbeste aldetara galdu zaituen, ta galtzen zaituen oriek. 3.a Arrezazu, Jaungoiko beraren Seme Zeruan izateko jayo danari dagokan bizi modu bat. Au da Jaunari eskatu bear dioguna, ta guziontzat deseatzen dedana. Nai dakiola Jaunari gure erregu au aditzea. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa