www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

SEIGARREN ERAKUSALDIA

 

Irutasun, edo Trinidade txit Santaren gañean.

 

        Gure fede santak erakusten dizkigun Misterio guzien artean andiena, eta ezkutatuena da gaurko Erakusaldiaren gaya. Misterio au da Irutasun, edo Trinidade guziz Santa. Au da Misterio bat Jaunak agertu etzuana Lege zarrean, Abrahanek argitasun piskaren bat izan bazuan ere. Misterio bat ez gizonaren, ez Aingeruen adimentuak iritsi dezakeana, eta alaere Zerura nai duen guziak sinistu bear duena. Orregatik gauza bearra da gai onen gañean zuei zerbait esatea begiramentu, eta beldur andi batekin. Aditzera emango det lenengo lekuan, zer sinistu bear degun Misterio onen gañean. Urrena, nolako ontarte, eta mesedeak zor diozkagun Trinidade guziz Santari, eta nola onratu bear degun. Enzun arretaz.

 

 

§ I.

 

        Irutasun, edo Trinidade txit Santa da Jaungoikoa bera, Aita, ta Semea, eta Espiritu Santua, iru Persona distinto edo bana, eta Jainko egiazko bakar bat. Misterio au aditzera eman zuan Jesu-Kristok, esan zienean Apostoluai: Zoazte munduaren lau aldeetara, aditzera eman ezazue nere Lege berria, eta nigan sinisten duenai eman zayezue nere batayoa Aitaren, eta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean (Math. 38). Au bera erakusten digu S. Juanek dionean: Iru dira Zeruan egiaren testiguak, Aita, Semea, eta Espiritu Santua, eta iru oek bat dira: Tres sunt, qui testimonium dant in Coelo, Pater, Verbum, et Spiritus Sanctus, et hi tres unum sunt (1 Joan. 5). Orregatik Eliz Ama Santak S. Atanasiorekin dio: Katolikoen sinistea, edo fedea da Jaungoiko bat iru Personetan, eta iru Persona Jaungoiko bakar batean onratzea, eta adoratzea: Fides autem Catholica hoae est, ut unum Deum in Trinitate, et Trinitatem in unitate veneremur (Symbolum S. Athanasij). Siniste au beraz guziz bearra da Zerurako.

        Gure Jaungoikoa da bat bakarra, eta ez dateke besterik: ala ez izatera, ez litzake izango Jaungoiko egiazkoa, edo esan, eta gogora al ditekean gauzarik garayen, edo exzelente, ta miragarriena: Jaun bat fingabe ona, Poderoso, jakintsu, justua: gauza guzien Asiera, ta fin, edo bukaera. Birjiña txit Santa Andre guzien artean onena, eta miragarriena da, baña ez lizake ala izango, besteren bat baliz beraren pare ipiñi ditekeana.

        Jaungoiko bakar au da iru Persona, Aita, eta Semea, eta Espiritu Santua: iru Persona distinto, edo bana, eta Jaungoiko egiazko bakar bat. Zure anima da iru potenzia, edo kemen, oroipena, adimentua, eta borondatea: iru potenzi oek bana dira, baña ez dira iru anima, baizik anima bat bakarra.

        Trinidadeko lenengo Persona izendatzen da, Aita, eta egiaz da izendatzen dan bezala, zeren betikotasun guzian bere adimentutik sortzen duan seme bat Aita berarekin guzian berdiña, eta Aitaren anz ederra. Jarri zaite ispillu garbi batean zere burua ekusten: bereala agertuko da zure iduri, edo anza. Begiratu zion bada Aita betikoaren adimentuak bere izate ederrari, eta betiraundetik sortu zan, eta sortzen da Aitaren anz ederra. Trinidadeko lenengo Persona edo Aita ez da sortua, ez da jayoa, eta ez dator bestegandik, baizik berez da betiraunde guzian: eta Juduak, ta herejeak berak ere aitortzen due dala Jaungoiko egiazkoa.

        Trinidadeko bigarren Persona da Semea, eta esan degun bezala jayo zan Aitaren adimentutik betiraunde, edo eternidadean. Au da nere Seme maitea, betiraunde, edo eternidadetik nere atsegin-kontentua, esan zuan Aita Zerukoak Taborko mendian. Hic est filius meus dilectus in quo mihi bene complacui (Math. 17). Aita betikoaren seme au egiaz Jaungoikoa da. Ala erakusten digu S. Juanek, dionean: Jaungoikoa zan, eta da beraren itza, edo Semea: Deus erat verbum, eta argiro aitortu zuan egia au San Tomas Apostoluak Jesus piztuta ondoren beraren eskuetako iltze siñaleak, eta sayetsa ekusi zituanean: Nere Jaun, eta Jaungoikoa esan zion: Dominus meus, et Deus meus. Semearen Jainkotasuna ukatu zuan Arriok, eta bere seta onetan iraun zuan ill arteko denboran, eta bukatu zan Konstantinoplan leku zikin batean. Herejia au izurriaren eran zabaldu zan leku askotara, eta ez gutxiena Españara. Leobijildo Españako Erregea, Arrioren herejiarekin zikindua zegoan, San Leandroren arrebarekin ezkondua bazegoan ere. Leobijildoren Seme S. Hermenejildo Katolikoa zan, eta bere osaba S. Leandrok erakutsi zion bezala, sendoro sinisten zuan, Aita betikoaren Seme-bakarra, Trinidadeko bigarren Persona zala Jaungoiko egiazkoa. Leobijildok egin zuan alegiña galerazteko semeari siniste au, baña alperrik, eta aserratu zitzayon S. Leandroren, eta Semearen kontra, alako eran, non erbestetu zuan osaba, eta illerazo zuan Semea. Damutu zitzayon gero, baño ez bear bezala. Gaixotu zan, eta iltzeko zegoala, deitu zion San Leandrori, eta erregutu zion, begira zegiola bere bigarren Seme Rekaredori Hermenejildori bezala. Baña zeñ gauza negargarria! Berak etzuan izan herejia uzteko biotzik Erreñuari aditzera ematen ziola nola sinistu bear zan, eta sinisten zuan Jesus zala Jaungoiko, eta gizon egiazkoa. Onela il zan bear zana egin gabe. Rekaredok bere osabaren lagunzaregin artu zuan gure Fede Santa, eta berarekin batean Erreñu guziak utzi zuan Arrioren herejia.

        Trinidadeko irugarren Persona da Espiritu Santua. Ala esaten digu Jesusek berak, eta ala sinisten degu guziok. Irugarren Persona, edo Espiritu Santua ere da Jainko egiazkoa. Ala erakusten digu S. Juanek (1.ª Joan. c. 5). Ukatu zuan egia au Mazedonio zeritzan hereje batek, baña eskomikatu zuan Elizak. Espiritu Santua dator Aitaren, eta Semearen borondatetik, asiera batetik bezala. Aitak betikotasun guzian amatzen du bere seme bakarra, eta Semeak amatzen du bere Aita, ta biak elkarri dioen amorio baztergabeko onetatik dator Espiritu Santua. Diot dator, eta ez diot, sortzen, edo jayotzen dala, zeren jayoa izatea Semeari bakarrik dagokan, eta bi seme izango lirake Trinidadean, jayoa baliz irugarren Persona. Esan det gañera, Espiritu Santua datorrela Aitagandik, eta Semeagandik asiera batetik bezala. Demagun iturri batetik datorrela erreka, eta gero erreka onetatik ainzira, edo putzu andi bat. Iturria ez dator ez errekagandik, ez putzutik: erreka dator iturritik, eta putzua bietatik. Ez dira gauz oek esaten osotoro egokiak diralako, Trinidadeko Misterioa adirazteko, baizik zeren laguntzen duen, zer sinistu bear degun jakiteko. Emendik atera dezakegu, Aita Betikoa ez datorrela bestegandik, baizik berez dala betiraunde guzian: semea sortzen dala Aitagandik, eta Espiritu Santua datorrela Aita eta Semeagandik. Ala erakusten digu Eliz Ama Santak, eta kantatzen da Kredoan: Qui ex Patre, filioque procedit. Aita Jaungoikoa da, Semea Jaungoikoa da, Espiritu Santua Jaungoikoa da, eta ez dira iru Jaungoiko, baizik Jaungoiko egiazko bakar bat. Aita ez da Semea, eta Espiritu Santua ez Aita, ez Semea da, zeren Personak distintoak, edo bana diran, izan arren Jaungoiko egiazko bakar bat. Emen Aldarean dagoan ostia konsagratua Kristo da, eta Larraulen, eta Alkizan dagoana ere bai: alaere emen dagoan ostia konsagratua ez da Larraulen dagoana, eta Alkizan dagoana ez emen, ez Larraulen dagoana da; zeren ostia konsagratuak distintoak, edo bana diran, izan arren Kristo bat bakarra Zeruan, eta Sakramentuan dagoana. Itz batean Jaungoikoa bat bakarra da, baña Personak iru.

        Aita, ta Semea, eta Espiritu Santua berdiñak dira edertasun, eta perfekzio guzietan. Aita ez da Semea baño lenagokoa, eta ez bata, ez bestea dira Espiritu Santua baño lenagokoa, irurak dira alabaña betikoak. Eguzkiagandik sortzen da argitasuna, eta alaere eguzkia ez da lenagokoa, edo zarragoa, zeren batetan biak asi ziran izaten. Aita Guzialdun, edo Omnipotentea da, eta era berean Semea, eta Espiritu Santua ere. Aitak egiñ zituan Zeru-lurrak, eta gauza guziak, eta era berean Semeak, eta Espiritu Santuak. Aitak egiten ditu egiten diran gauza guziak, baña ez bakarrik, baizik iru Personak. Alaere Eskritura Santak aditzera ematen dizkigu zenbait gauza, Aitak bakarrik egin balitu bezala. Ala Kredoan esaten da: sinisten det Jaungoiko Aita guziz Poderoso Zeruaren, eta lurraren Kriadoreagan, iru Personak Zeru-lurrak egin bazituen ere; zeren Aita dan indar, eta podere guziaren iturburua. Beste gauza batzuek aditzera ematen dira Semeari bakarrik balegozka bezala, nola diran jakiunde andia agertzen duen gauzak; Semea da alabaña Aitaren Jakiundea, asieratik bukaeraraño gauza guziak argiro ekusten, sendoro egiten, eta gozotoro prestatzen dituana: Attingit ergo a fine usque ad finem fortiter, et disponit omnia suaviter (sap. 8). Azkenean beste gauza batzuek adirazten dira Espiritu Santuak bakarrik egiñak bezala, Trinidadeko iru Personak egiñak izan arren. Onelakoak dira onginai, eta amorio andi bat agertzen duenak, zeren Espiritu Santua dan Aitagandik, eta Semeagandik betiraunde guzian datorren amorioa. Orregatik ukitzen danean Kredoan, nola Trinidadeko bigarren Persona gizon egin zan, esaten da sortu zala Espiritu Santuaren obraz, eta graziaz. Orra nere Kristauak, Trinidadeko Misterioari dagozkan, gauzen gañean zerbait esan dizuet, errazago sinistu ditzatzuen gai onetan sinistu bear ditugun gauzak. Dakuskun oraiñ, nolako ontarte eta mesedeak zor diozkagun Trinidade guziz Santari.

 

 

§ II.

 

        Baldin fedeak erakusten digunari begiratu nai badiogu, arriturik geratuko gera, Trinidadeko iru Personak guri ongi nayez egin duena ekustean; bada dirudi, Munduaren asieratik oraindaño Trinidade txit Santaren egiteko guzia izan dala guri on egitea, eta gu ontartez betetzea. Zer egin ez du gure alde Aita Betikoak? Egin ginduan ezerezetik bera ezagutzeko, amatzeko, eta betikotasun guzian berarekin Zeruan bizitzeko. Ederki prestatu zituan gizonak, emen bizi zan bitartean, bearko zituan gauza guziak: eta gerorako egin zuan Zeruko erri eder ori. Baña galdu zuan Adanek ala beretzat, nola guretzat Zerurako esku guzia; galdu zuan alabaña Jaunaren adiskidetasun, eta grazia, eta geratu giñan bekatuaren mendean, eta betiko galeran: urrikaldu zan guzaz Aita Zerukoa, eta erabaki zuan lurrera bidaltzea bere Seme bakarra, gizonaren utsegitea desegiteko, eta gu Zerurako bidean ipintzeko. Eta nola erabaki, ala bidaldu zuan. Ainbesteraño maite izan ginduan, non eman zuan bere Seme bakarra, dio S. Juanek: Sic Deus dilexit mundum, ut filium suum unigenitum daret. Ekusten dezu, Kristaua, zenbat zor diogun Trinidadeko lenengo Personari, edo Aita Betikoari ?

        Zoaz aurreraxeago, eta begira, zenbat zor diogun bigarren Personari, edo Seme Jaungoikoari. Seme Jaungoikoa jatxi zan Zerutik lurrera, au da egin zan gizon Birjiña txit Santaren Sabelean Espiritu Santuaren obraz. Arriturik geratzen da Eliz Ama Santa, gogora ekarririk, Seme Jaungoikoa aur biurtu ta bizitu zala Birjiña txit Santaren Sabelean. Et tu non horruisti Virginis uterum. Ogei, ta amairu urte igaro zituan Zerurako bidea erakusten gizonari ala itzez, nola obraz, eta Jaunari gizonak egin zion bidegabeari eranzuteko, eta Aita Zerukoarekin pakeak egiteko, eman zuan gurutzean bere bizitza. Ipiñi zituan bere Elizan zazpi Sakramentu, graziaren ur gozoa gure biotzetan ixurtzeko, eta besteen artean ipiñi zuan Aldareko Sakramentu guziz miragarria, gurekin, eta gure artean bizitzeko, eta guri emateko bera dan guzia. Arrituaren eran dio S. Agustiñek. Izanik gure Jaungoikoa Guzialdun, edo Omnipotentea eziñ alaere eman digun baño geyago eman zezakean: Plus dare non potuit. Izanik guziz jakintsua, etzuan jakin zer eman geyago: Plus dare nescivit: eta izanik guziz aberatsa, etzuan izan zer eman geyago: Plus dare non habuit, eman zigun alabaña bera dan guzia, eta zer geyago eman dezake, bera dan guzia ematen duanak? Atzenean Zerura igo zanean idiki zituan guretzat, ainbeste milla urtean Adanen umeentzat itxirik egon ziran ateak, eta agindu zuan, ez ginduala utziko ume zurtzen eran, baizik gurekin egongo zala, eta gañera bidalduko zuala, Espiritu Santua, gure nekeak arintzeko, eta jakin bear diran gauzak erakusteko. Aditzen dezu, Kristaua, zer eta zenbat zor diogun Trinidadeko bigarren Personari?

        Begira atzenean, zer zor diogun irugarren Personari, edo Espiritu Santuari. Jesus Zerura igo zanetik amargarren egunean jatxi zan Espiritu Santua, Salbatzalleak asi zuan obra andia, edo gure Erospen, edo Redenzioko egitekoa osotoro bukatzera. Bete zituan Apostoluak bere doayez: edertzen, ta apaintzen ditu animak batayoan, eta gañerako Sakramentuetan. Geratu zan Elizan, edo fededunen batzarre, bilkui, edo Kongregazioan, eta berak giatzen du emengo ekaitz guzien artean.

        Orra nolako ontarte, edo mesedeak zor diozkagun Trinidade txit Santari. Eta nola onratu bear ote degu? Onratu bear degu lenengo lekuan, sarritan oroitzen gerala, batayoko egunean egin zigun mesede andiaz; bada beraren izenean izan giñan batayatuak eta egin ginduan Aita betikoaren ume, eta Zeruaren jabegai. Nondik guri onenbeste onra, eta mesede? Mesede onen eskerrak ematen dira goizeko jayeran. Onratu bear degu bigarren lekuan, batayoko egunean eman ginduan itzak berritzen ditugula, eta leyalki eranzuten diegula. Au nola egin ederki erakusten du lenbiziko Komunioko liburuak, dala konfesioa egin ondoko Erakusaldian, dala lenengo Komunioa egin bear danean. Onratu bear degu irugarren lekuan, begiramentu, eta jayera andiarekin esaten degula Aitaren, ta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean; bada itz oekin aitortzen da Trinidade guziz Santa, eta gurutzea ongi egiten bada, aitorzen degu, nola Semea gizon egin zan, eta gugatik gurutzean eman zuan bizitza. Egin dezagun bada alegiña Trinidade txit Santa onratzeko batayoan agindu giñukan eran bizitz onari jarraitzeko, eta era onetan emango digu betiko bizitza doatsua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa