www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI TA BEDERATZIGARREN ERAKUSALDIA

 

Adirazten da Jaunak bere fede, ta lege Santara deitzean Kristauari egin dion ontarte edo mesede andiaren gañean.

 

Desolatione desolata est omnis terra, quia nullus est qui recogitet corde. Jer. 12

 

        Zer da au, Kristaua? Etzaitu zure Jaun Jaungoikoak egin bera ezagutzeko, amatzeko, ta serbitzeko? Etzaitu egin betikotasun guzian doatsu berarekin batean Zeruan izateko? Zer egiñ eztu zure Egille onak zu betiko doatsu izan zaitezen? Ta alaere mundua azturik bizi da Jaunak guretzat prestatu, ta ainbeste nekeren kostuan Jesu-Kristok irabazi zigun betiko zori onaz! Munduko atsegin zirzillen ondoren llilluratuak, edo txoratuak dabiltza Adanen umeak! Amilka dijoaz betiko su, eta garren artera, ta alaere ezta arkitzen, dio Jeremiasek, bere onari dagozkan gauzen pensamentuak egin nai dituanik. Desolatione desolata est omnis terra, quia nullus est qui recogitet corde. Aurreko egunean itzegin nizun, gu doatsu izateko Jaunak artu dituan neurri miragarrien gañean. Gaur itzegin nai dizut Jaunak bere fede, ta lege Santara, edo bere Elizaren ume izatera deitzean egin dizun ontarte, edo mesede andiaren gañean. Onetarako begien aurrean ipiñi nai dizkitzut bi pensamentu.

 

 

LENENGO PENSAMENTUA

 

Nolako ontarte, edo mesedea dan, Jaunak bere fede, edo lege Santara deitzean egin dizun, ontarte, edo mesedea.

 

        Nolako ontarte, edo mesedea dala, uste dezu Kristaua, ontarte au? Ote dakizu, edo jakiteko alegiñarik egiñ ote dezu? Ez noaski oraindañokoan beintzat. Alakoa da alabaña animari dagozkan gauzetan gure nagitasuna, ta itsumena. Jakin ezazu bada, ontarte edo mesede au dala Jaunaren ontarte, ta doai guzien artean andiena; au dala onra, ta ondasun guzien zimendua, ta asiera; ta au dala atzenean, Jaunaren ontasunez, eta urrikimentu utsez dezun ontarte, edo mesedea. Bai, Kristaua, bai: Jaunak bere fede, ta lege Santara deitzean egin dizun, ontarte, edo mesedea da benik beiñ Jaunaren ontarte, ta doai guzien artean andiena. Andia da ezerezetik ateratzea. Andia da Zerurako egitea. Andia da gugatik gizon egin ta gurutzean bizitza ematea. Andia da Sakramentuak ipintzea, ta guganako amorioz Aldareko Sakramentu guztiz miragarrian geratu nai izatea; baña ontarte, edo mesede oriek guziak alferrak ziran zuretzat, bere fede, ta lege Santara deitu ezpazindu zure Jaunak, edo bataioko Sakramentuarekin egin ezpazindu berekin bere Elizaren ume. Ala gertatzen da fedearen argi gabe bizi diran jende guziakkin. Ala gertatzen da Turkoakkin, Rusiatarrakkin, Prusian, Alemanian, Olandan, Inglaterran, Franzian bizi diran fede gabeakkin. Ez ditu Jaunak deitu bere fede, ta lege Santara, edo deitu bazituan ere oetatik asko, aldegin due fede Santagandik, eta Eliz Ama Santaren barrutietatik, ta ez due protxurik Jaunak gure onerako egin dituan ontarte, edo mesede guziaz; oek alabaña betiko bizitza doatsuarekin batean prestaturik dauzka gure Jaun Jaungoikoak, Jaun beraren umeen izatea, duenentzat, ez besterentzat. Eta izate miragarri onetara deitu zinduan, eta altxa bere fede, ta lege Santara, edo berbera dana bataiora deitu zinduanean. Ontarte, ta doai onek garaitzen ditu gañerako guziak, dio S. Leonek. Omnia dona excedit hoc donum.

        Ontarte, edo mesede au da gañera onra, ta ondasun guzien asiera, ta zimendua. Oroi zaite, Kristaua, zein urrikarria, ta doakabea arkitzen ziñan, Jaunak bataioko Sakramentuarekin bere fede, ta lege Santara ekarri zinduan artean. Loitua zeunden Adanen bekatuarekin. Arkitzen ziñan Zerurako esku guzia galdurik, Jaunaren aserre, ta madarikazioaren azpian, eta etsai galgarriaren mendean. Oroi zaite era berean bataioko Sakramentuarekin zugana etorri ziran onraz, ta ondasunaz. Garbitu zinduan Adanen bekatuaren mantxatik. Gainzutu zinduan olio, ta balsamoarekin Erregeen eran, aditzera emateko Zeruko Erreñuaren jabegai ziñala. Eman zizun graziaren soñeko ederra. Aita Eternoak artu zinduan bere umetzat, Jesu-Kristok artu zinduan bere senidetzat, eta Espiritu santuak bere Esposatzat, ta jarri zan zure biotzean zure giari. Aditzen dezu, Kristaua, norañoko onrak, eta ondasunak zugana etorri ziran bataioko Sakramentuarekin? Zer da au, Kristaua, zuri, ta niri onenbeste onra ta ondasun eman gure Jaun onak, eta gu ain eskergabeak gure ongille andi onentzat! Zu Jaungoiko beraren Seme, ta adiskidearen goiendean jarria? Ala erakusten digu S. Joanek. Zu Jesu-Kristoren senide egiña? Ala dio S. Paulok. Zu Espiritu Santuaren Esposa, bizileku, eta Eliza izateko edertua, ta apaindua? Ala dio S. Paulok berak. Ta zu alaere bizitu zera dakizun eran? Baña ez gaitezen geiegi onetan geratu. Esan ditugun ondasun oek ezezik beste geiago-ere etorri zazikitzu bataioko Sakramentuarekin. Bataioan bertan apaindu zinduan Espiritu Santuak bere doaiakin, eta zugan ixuri zituan fedea, esperanza, karidadea, eta beste birtuteak; eman zizun beste Sakramentuak artzeko eskua; ta zuri Zerurako bidean laguntzeko ipiñi zituan legeko Ministroak, bere itz Santua, Ejenplo onak, eta atzenean, zuk zure emengo deserri au uzten dezuneko, zuretzat prestatua dauka betiko bizitza doatsua, betiko ondasunak, eta atsegin kontentuak. Ona nola Jaunak zu bere fede, ta lege Santara deitu zaituan eran deitzea dan onra, ta ondasun guzien zimendua, ta asiera.

        Ta nondik zuri, nondik niri onenbat ontarte, edo mesede? Unde hoe mihi? Ez egiaz zure aurrekoetatik, oetatik ez dezu alabaña bekatuan sortua, ta zikindua izatea beste gauzarik, Dabidek zion bezala. Ecce enim in iniquitatibus conceptus sum, et in peccatis concepit me mater mea. Ez dezu onra, ta mesede au zure obra onakgatik; etziñan alabaña gai, ta etzenduan ezaguerarik-ere obra onak egiteko bataioa artu zenduanean; ta ezaguera izan bazendu-ere nola obra onak egin zintzakean fedearen argirik gabe, ta bekatuz loitua zeundela? Ez dezu onra, ta mesede au Kristau-errian jaio zeralako, asko, ta asko alabaña jaio izan dira, ta jaiotzen dira Kristau-errietan, eta iltzen dira bataioa, ta bataioarekin datozen ondasuna iritxi gabe. Nondik bada, Kritaua, nondik zuri, ta niri onenbeste onra, ta mesede? Ezin konta al dira Jaunak onra, ta mesede egiten ez dienak, eta betiko galtzen diranak. Ta zuri, ta niri egin digu onra, ontarte, ta mesede au? Nondik ote ditugu bada ondasun oek? Ez gaitezen nekatu, Jaunaren ontasunez, eta urrikimentu utsez degu au guzia. Esan dezakegu S. Paulorekin: Jaunaren graziaz, ta doaiez naiz naizana. Gratia Dei sum id quod sum. Ekusten dezu, nolako ontarte, edo mesedea dan, Jaunak bere fede, ta lege santara deitzean egin dizun, ontarte, edo mesedea? Ai! au guk ongi ezagutu bagendu, besterik izango zan gure bizitza! Zer egin al dezakegu? Zer S. Joanek diona baizik. Oroi zaite, esaten digu, nondik erori, edo amildu ziñan, biur zaite zere Jaunagana. Memor esto ilaque unde excideris, et age paenitentiam.

 

 

BIGARREN PENSAMENTUA

 

        Nola artu zinduan Jaunak bere fede, ta lege santara?

        Ezta erlijioko ordenetan iñor ere artzen, agintzen ezpadu, autu duan ordenako egin bideai kontuz erantzutea; ta era berean eztu Jaunak, edo Jaunaren Elizak bere fede, ta Lege Santara iñor-ere artzen, agintzen ezpadu Lege onek eskatzen duan eran bizitzea, ta dituan egin-bideai ongi erantzutea. Urlia esaten dio bataioa artzera dijoan bakoitzari Eliz Ama Santak, zer eskatzen diozu Elizari? Quid petis ab Ecclesia? Zure ordez erantzun zuan Aita-ponteak, fedea eskatzen zenduala. Galdetu zizun berriz: Fedeak zer ematen dizu? Erantzun zenduan: Bizitza betikoa. Orduan esan zizun Elizako Ministroak: nai badezu bada betiko bizitza doatsuan sartzea, gorde itzatzu aginte oek: amatuko dezu zure Jaun Jaungoikoa zure biotz guziaz, zure anima guziaz ta zure adimentu guziaz; ta amatuko dezu zure lagun urkoa zere burua bezala. Diliges Dominum Deum tuum ex toto corde tuo, et ex tota anima tua, et ex tota mente tua, et proximum tuum sicut te ipsum. Bi Aginte oetara biurtzen dira Kristauaren egin bide guziak; oek gordetzea eskatu zizun Eliz Ama Santak, ta etzizun Elizan sartzen utzi au agindu artean.

        Baña nola ezin gorde ditezkean Jaunaren lege Santako egin bideak, aldegiten ezpada, Demonioak, eta onekin batean munduak, eta aragiak prestatzen dituen, bekaturako bide, eta perilletatik, galdetu zizun Elizak: Urlia, itza ematen dezu gaurdanik betiko ukatzeko, ta utzitzeko Santanas? Abrenuntias Sathanae? Bai ala agintzen, eta itza ematen det, erantzun zenduan. Abrenuntio. Galdetu zizun bigarren aldian: urlia, itza ematen dezu betiko utzitzeko Satanasen lan, gaiztakeria, ta bekatuak? Et omnibus operibus ejus? Baietz erantzun zenduan. Abrenuntio. Galdetu zizun irugarren aldian. Itza ematen dezu betiko utziko dituzula, ta orain bertatik utzitzen dituzu Satanasen zorakeriak bekaturako bidea, ta perilla dakarten gauza guziak? Et omnibus pompis ejus? Baietz erantzun zenduan. Abrenuntio. Era onetan betiko adio egin zenien Deabruari, munduari, ta aragiari, edo oen atsegin lizun guziai, S. Anbrosiok dionez. Renuntiasti Diabolo, et operibus ejus, renuntiasti mundo, luxuriae, ac voluptatibus ejus. Aditzera guri emateko eman ginduan itz oen indarra illakkin bat egiten gaitu S. Paulok. Illa dagoan batek eztu begirik zabaltzen bekaturako bidea ematen duen gauzak ekusteko; eztu mingaña itz loiakin zikintzen; ez du eskurik, oñik, ta gorputzik mugitzen gaitzerako: eta auxe bezala geratzen da Kristaua, bataiorako agindu zuanez. Ill ziñaten Jesu-Kristorekin, dio S. Paulok; ta ill ezezik obiratuak geratu giñala gañera, esaten digu. Consepulti enim sumus com illo per baptismum in mortem. Au guzia agindurik, ez bestela, artu zinduan, Kristaua, zure Jaunak bere fede, ta lege Santara, edo bataiora; ta bataioko ura eman ta bereala ipiñi zizuen zapi zuri bat esaten zizuela: ar ezazu soñeko zuri au: eramango al dezu bekatuaren loiez zikindu gabe Jesu-Kristoren jarlekuaren aurrera, iritxi dezazun betiko bizitza. Ipiñi zizuen atzenean argi erazeki bat, aditzera emateko Jaunaren aginduak, ta obra onak egiñaz argi egin, ta exenplo ona eman bear dezula lagun urkoen artean.

        Ona, Kristaua, nola artu zinduan Jaunak bere fede, ta lege Santara. Ona zer agindu edo zer itz eman zinduan. Ongi: ta zure, ta nere bizitza izan ote da eman ginduan itzai dagoten bezalakoa? Agindu zenduan, amatuko zenduala zure Jaun Jaungoikoa zure biotz guziaz, zure anima, ta adimentu guziaz, ta bizitu zera Jaunaren aginduak egin naigabe, ta Jaungoikoarik ezpaliz bezala. Agindu zenduan zure lagun urkoari ongi nai izatea. zere buruari bezala, ta au egin ordean egin dituzu, nortaki, zenbat txarkeria, ta bidegabe lagun urkoen kontra dala itzez, dala obraz, dala gogoz. Agindu zenduan, kontuz gordeko zinduala Jaunaren, eta Elizaren Mandamentuak, eta ezta guzien artean batere autsi ez dezunik. Agindu zenduan Deabruaren, munduaren, eta aragiaren lan, eta lazoetatik betiko aldegitea, ta oei jarraitzea izan da zure atsegin-kontentu guzia. O! itsumenarn izugarria! Pensa dezagun gutxi bat gauz oen gañen.

        Lenengo pensamentua: nolako ontarte, ta mesedea dan, Jaunak bere fede, ta lege Santara deitzean egin dizun, ontarte, edo mesedea. Au da Jaunaren ontarte, eta doai guzien artean andiena. Au da onra, ta ondasun guzien zimendua, ta asiera. Ta au da atzenen, Jaunaren ontasunez, ta urrikimentu utsez dezun ontarte, edo mesedea.

        Bigarren pensamentua: nola artu zinduan zure Jaunak bere fede, ta lege Santara? au da, zer itz eman bear izan zinduan onetarako? Apaiz bat, Erlijioko ordenaren batean bizi dan bat, ekusten badezu, edo aditzen, lizunkerietan dabillela, arritzen zera, eta bidez alaere. Zergatik ote? Zeren Apaizak, eta erlijosoak eren bizimodua artzean agindu zuen beti betiko aldegitea gauz orietatik. Eta ezta arritzeko gauza, bataioan agindu zenduana agindurik, zu fedegabeen eran, eta are gaizkiago bizitzea? (Emen gutxi bat egon bear da ixilik gauz oen gañean pensatzen).

 

 

FRUTUA

 

        Bi pensamentu oetatik atera bear dituzu frutu oek. Lenengo frutua. Lotsa gaitezen Jaunaren aurrean gure eskergabekeria izugarriaz, eta egin dezagun negar gure oraindañoko bizitza gaiztoaz. Bigarren frutua, ar ezazu bertatik konfesio on bat egiteko, ta aurrera bekatutik, ta bekatuaren bideetatik betiko aldegiteko asmo osoa. Irugarren frutua: ongi konfesatzeko, ta aurrera ez biurtzeko grazia iritxi dezazun ar ezazu zure bitartekotzat Birjiña guztiz Santa dolorez betea. Atoz Birjiña beraren onran, atoz kontuz bederatzi urren onetara. Goazen oraiñ ongi konfesatzeko prestaera ikastera, ta egitera.

 

aurrekoa hurrengoa