www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

BOSTGARREN ERAKUSALDIA

 

Espiritu santuak animan isurtzen duan graziaren doai miragarriaren gañean.

 

Dereliquisti Dominum Deum tuum...
Scito, et vide, quia malum, et amarum est
reliquisse te Dominum Deum tuum
(Jerem. 2.)

 

        Uitzi dezu zure Jaun, eta Jaungoikoa, eta zu zere Aita onagana biurtzeko, alegiñ asko egin bada ere, etzera esnatu bekatutik aldegiteko. Jakizu bada, esaten dizu Jeremiasek; jakizu, eta ekusi ezazu, gauza gaizto, eta samiña dala, zuk zure Jaun, eta Jaungoikoa utzi izan dezun eran utzitzea: Scito, et vide, quia malum, et amarum est reliquisse te Dominum Deum tuum. Atzo itzegin nuan Espiritu Santuaren etorreraren, eta oni dagozkan gauza miragarrien gañean; eta denbora berean aditzera eman nuan nola guk ere iritsi dezakegun beraren doayak. Espiritu Santua jatxi zan Jesu-Kristoren Elizara, edo berbera dana Apostoluetara, eta aekin batean anima onetara, eta arreizkero ez du utzi, eta ez du utziko Jesu-Kristoren Eliza, Jesu-Kristok berak Apostoluai esan zien bezala (Joan. 14). Bete zituan bere doyaez, eta gertatu ziran atzo aditu zinduen gauza miragarriak. Espiritu Santu ura bera dator gure animetara, Sakramentuak ongi artzen ditugunean, eta ixurtzen ditu bere doayak bakoitzaren prestaeraren neurrian; baña doai oen artean andiena, eta guzien sustraya da grazia: esaten diogun doaya. Onen gañean izango da gaurko Erakusaldia: eta doai onen berriak eman ondoan ukituko det, zeñ gauza gaizto, eta,samiña dan, doai miragarri au ematen digun Jauna guk utzitzea. Enzun arreta andiarekin.

 

* * *

 

        Graziaren izenez batzuetan aditzen degu edozeñ ontarte, eta mesede, eta era onetan guk ditugun gauz on guziak dira Jaunaren grazia; guziak dira alabaña beraren esku ongilleak emanak; baña ez degu emen graziaren izenez aditzen edozeñ mesede. Beste batzuetan graziaren izenez aditzen ditugu, bekatutik irteteko, edo aldegiteko obra onak egiteko, eta oei jarraitzeko Espiritu Santuak bidaltzen dizkigun, gogorazio onak, eta biotzeko ukierak. Oek dira Zeruko mandatari batzuek, animari mandatua egiñ ondoan, gugan gelditu gabe, aurrera igarotzen diranak. Espiritu Santuaren mandatu oekin batzuetan esnatzen da anima, bekatutik irteteko, beste batzuetan ez. Atozea, Kristaua, etzatzu au gertatu askotan, Jaunaren Itza enzuteko denboran? Etzatzu au gertatu Pazkoetik oraindaño aditu dituzun egiakin? Zeruko mandatu oek gabe ez genduke gogorazio, edo pensamentu on batere egingo betikotasun guzian, S. Paulok erakusten digun bezala (2.ª ad Coriut. 3): orregatik mandatu oek aditu bear ditugu biotz umill batekin; baña ez degu gaur oen gañean itzegiten. Atzenean graziaren izenez aditzen da arako Espirituak animari Sakramentuen bidez ematen dion doai, edo apaindura eder ura. Doai, edo janziera eder au geratzen da animan, eta ez da gaitzen bekatu larri, edo mortalarekin baizik. Lenengo aldian artzen du animak doai au batayoan; gero konfesio ona egiten duanean, eta ugaritzen zayo gañerako Sakramentuakin.

        Beraz zuk, Kristaua, batayoko egunean, eta ongi konfesatu zeranean, zere animan bertan artu dezu graziaren doai, eta janziera ederra. Ay! eta baziñaki zeñ miragarria dan doai au! Si scires donum Dei! Doai onek animan sartzen dan unean bertan egiten du gizona Jaungoikoaren beraren seme, ez bere izatez, baizik aintzakotzat Jainkoak artzen dualako. Gizona bere izatez ez da, eta ezin izan diteke Jainkoaren Seme; onetarako alabaña izan bearko luke Jaungoiko, eta ezin dateke au. Era onetan Jesu-Kristo bakarrik da Jaungoikoaren Semea. Baña ainbesteraño maite izan ginduan, non onratu gaituan bere Semeen izenarekin, eta aintzakotzat artu gaituan, graziaren doaya ematean. Demagun Españako Erregek seme bat bakarra duala, eta onez gañera semetzat artu nai duala beste bat. Eragiten du janziera guziz eder bat, eta agintzen du, janziera au daramana onratu, eta ezagutu dedilla Erregeren semetzat. Atozea, janziera au Erregegandik iristen duana ez da izango Erregeren seme? Berez, eta bere izatez ez, esango didazu, baña bai aintzakotzat artua, eta onratua. Au bera gertatzen da bada graziaren soñeko ederra daukanarekin. Ez da, eta ezin izan diteke bere izatez Jainkoaren seme, zeren Jainkotasunik ezin izan dezakean, baña graziaren soñeko ederra daukan bitartean bere semetzat dauka, eta aintzakotzat onratzen du Jaunak. Orregatik esaten digu S. Juanek: ekusi ezazue, nolako onginai, eta amorioa guganonz agertu duan Jaunak: Videte, qualem charitatem dedit nobis, bada eman digu bere semeen izena, eta izatea: Ut filii Dei nominemur, et simus (Joan. 3).

        Graziaren doayak, gizona Jainkoaren Seme egiteaz gañera, denbora berean egiten du Zeruaren jabegai, edo heredero. Semea Aitaren ondasunen jabegaya da, edozeñek dakian bezala: beraz graziaren doayak, gizona Jainkoaren Seme egiten duan ezkero, denbora berean egiten du, dio S. Paulok, bere jabegai (Ad Rom. c. 8). Ni nerau izango naiz zure animaren sari, eta betegarria, esan zion Jaunak berak Abrahani: Ego merces tua magna nimis (Genes. 15).

        Egiten ere du graziaren doayak gizona Jainkoaren beraren adiskide, Jesu-Kristoren senide, eta Espiritu Santuaren bizileku, eta Eliza bezala. Jaungoikoaren adiskide; Anima bat bekatuan dagoan bitartean nazkagarria da Jaunaren begietan; baña graziaren apaindura artzen duan bezala egiten da Jaunaren adiskide, Trentoko Konzilioak erakusten digun bezala: eta au aditzera eman zigun Jesu-Kristok berak, esan zienean Apostoluai, emendik aurrera ez dizuet deituko: nere serbitzariak, baizik nere adiskideak (Joan. 5). Miretsitzen da S. Gregorio onenbeste onra Jaunak guri eman nai izateaz, eta dio, ez gera serbitzarien izenaren diña, eta onratzen gaitu adiskideen izenarekin: O mira Divinae Bonitatis dignatio! servi non sumus digni nominari et amici nominamur! Egiten du Jesu-Kristoren señide; Aita baten umeak alabaña senideak dira: orregatik dio S. Paulok, Jesu-Kristo dala senide askoren artean lenik jayoa: Primogenitum in multis fratribus (Roman. 8). Esan det, graziaren doayak gizona egiten duala Espirituaren bizileku, eta Eliza bezala; bada S. Paulok dio, doai onekin batean animari ematen zayola Espiritu Santua: eta an bizi da bere gogo, ta gustoko jauregian bezala. Alako eran nai du Espiritu Santuak graziaren apaindurarekin dagoan animan bizitzea, non an egon naiko lukean, leku guzietan Jaungoikoa ezpalego ere. Orregatik esaten digu S. Paulok: eztakizue zuen gorputzak dirala Espiritu Santuaren Eliza? An nescitis, quoniam membra vestra templum sunt Spiritus Sancti? (1ª ad corint. 6). Au onela izan, eta alaere zure gorputz ori loitu dezu ainbeste bider, atsegin lotsagarrien ondoren zabiltzala? zenbat bider bakarrik? Zenbat bider besterekin? Atozea, izango ote zenduke ausardia, Aldareko Sakramentua dagoan onzia esku zikiñakin erabiltzeko? Eta eztakizu, onen anzeko gauz itsusi bat egiten dezula, zure gorputz ori bekatuz zikintzen dezunean? Baña goazen aurrera, eta ekusi ditzakun, graziaren doai miragarriari dagozkan, beste alabantzak.

        Baziñaki, Kristaua, zeñ andi, ta miragarria dan animako graziaren doaya! Si scires donum Dei! Au da doai bat, bekatuan illak, eta ustelduak dauden animak ere piztutzen dituana. Anima bat, bekatuan erortzen danean, dala itzez, dala gogoz, edo pensamentuz: dala obraz, illa geratzen da, Ezekiel Profetak dion bezala: Anima, quae peccaverit, ipsa morietur (cap. 18). Orduan animari gertatzen zayo gorputz illari gertatzen zayona. Gorputz illak baditu eskuak, eta ez da gai, edo gauza beatz bat ere altxatzeko. Baditu oñak, eta ezin jaso ditu. Baditu begiak, eta ez du ezer ekusten. Baditu belarriak, eta ez du ezer aditzen. Eta orra animari bekatu mortalarekin gertatzen zayona. Bekatutik ezin berez irten diteke, eta irteten dan bitartean ez da gai Zerurako irabazirik txikiena ere egiteko; eta onela bekatuan datzala usteltzen da, eta kiratza dario begiratzean, itzegitean, ibilleran, eta modu guzietan. Zoaz festa batera: ekusiko dezu arako gizon, eta mutili ura alik ongiena janzia, eta norknai begiratu degiokean bezalakoa; baña animaren aldetik illa, eta usteldua, zeren bekatuaren bideetan dabillen. Ez da kontentatzen bere burua galtzearekin, beste asko galtzen ditu. Ekusiko dezu arako emakume, edo neskatx ura, nornai llilluratzeko eran apaindua; baña begira animaren aldetik, eta arriturik geratu zera... ekustean, usteldua dagoala guzia bekatuan, eta bere kiratzarekin, edo moduakin dala askorentzat bekaturako sarea. Alaere añ miragarria da graziaren doaya, non bekatari usteldu oek ere piztutzen dituan, animan sartzen dan unean bertan. Ala gertatzen da beñ baño geyagotan, onelako zenbait bekatari ezagueran ongi erortzen, eta biotz osoarekin Jaunagana biurtzen diranean.

        Graziaren doaya añ miragarria da, non munduan gertatu diran bekaturik itsusienak ere animan sartze utsarekin ayenatuko litukean, eguzkiak gauaren illuntasunak ayenatzen dituan eran. Au aditzera ematen digu isaias Profetak, dionean, elurra bezeñ zuri egingo dirala gure bekatuak, grana bezalakoak balira ere: si fuerint peccata vestra, ut cocinum, quasi nix dealbabuntur (cap. 1). Zer esango det, doai onek animari ematen dion edertasunaz? Demagun, Kristalezko onzi garbi batera biltzen dala eguzkiak, eta izarrak, berjeretako loreak, urreak, zillarrak, perlak, eta diamanteak duen edertasun guzia. Ateratzen due eguzkitara onzi ura, zeñ ederra agertuko lizake? Alaere edertasun au guzia ezer-ez izango litzake graziaren doayak animari ematen dion edertasunaren aldean. Santa Katalina Senakoari agertu zion beñ Jaunak, grazian zegoan, anima baten edertasuna, eta arriturik geratu zan, eta esan zion konfesoreari: O aita! eta ekusiko balu grazian dagoan anima baten edertasuna! Uste det, pozik beñ, ta berriz jarriko lizakeala eriotzaren perillean, anima bat alako edertasunean ipintzeagatik.

        Graziaren doaya da Espiritu Santuak animan ixurtzen duan ur bizia, Jesu-Kristok deitzen dion bezala. Aquam vivam. Ur au, animak galtzen ezpadu bere zabarkeriaz, egiten da iturri, eta iturri onen ura igotzen da Zeruraño: Fons aquae salientis in vitan aeternam (Joan. 4).

        Doai au da Espiritu Santuak animan ipintzen duan Zeruko zepa, eta sustrai bat, birtute, eta doai guzien mentuak berekin dituana. Anima bat batayoan, edo konfesioko Sakramentuarekin grazian jarri dediñ artean, da arbola makatza bezala, eta ez du Zeruko frutu gozorik ematen; baña batayo, edo konfesioarekin ipintzen dio graziaren zepa, edo sustraya. Sustrai onetan daude fede, esperanza, eta karidadearen, eta beste birtute, eta Zeruko doayen mentuak. Mentu oek, animak ongi gordetzen baditu, asiko dira beren alsuma ederrak botatzen: loratuko, eta obra onen frutaz beteko dira. Onela egiten da arbola bat guziz ederra, uda, ta negu loretan, eta frutaz betea dagoana, arbola bat lurretik Zeruraño azitzen, eta igotzen dana.

        Atzenean graziaren doaya añ balio andikoa da, non obra on txikienari ere Zeruko erreñuaren balioa ematen dion. Kristauak, bekatuan dagoan bitartean egiten dituan obrak, berenez onak, eta laudagarriak izan arren, illak dira, zeren graziaren sustraya galdu zan. Zabaldu bitza batek bere ondasun guziak beartsuen artean, irabazi bitza Zerurako, Apostoluak irabazi zituen baño ere, anima geyago: piztu bitza illak, alda bitza batetik bestera mendiak. Obra oek guziak, berenez andiak, eta miragarriak izan arren, ezer ez dira Zerurako, zeren graziaren zepatik ez datozen. Ala erakusten digu S. Paulok (1 ad Corint 13). Baña Jaunaren grazian arkitzen bada anima bat, onen obra on txikienak ere, ongi egiñak, badira, balioko due Zeruko Erreñua; zeren graziaren doayak ala balio duan. Gauza txikia da egarri danari ur piska bat ematea, eta alaere balio du Zeruko Erreñua. Ala erakusten digu S. Paulok: Quod in praesenti est momentaneum, et leve... aeternum gloriae pondus operatur (2.ª ad corint. 4).

 

* * *

 

        Ekusten dezu, Kristaua, zeñ miragarria dan animako graziaren doaya? Egizu kontu, zure baratzan, edo berjeran agertzen dala iru orriko lore guziz eder bat. Begiratzen diozu, eta ekusten dezu, orri bakoitzean ezarriak daudela urrezko letra batzuek. Lenengo orriko letrak dioe: Illak pistutzen ditut. Bigarren orrikoak dioe: gaitz-mota guziak ayenatzen ditut. Irugarren orrikoak dioe: gorde ni ongi, eta etzera gaisotuko, eta ez illko. Arriturik geratzen zera, letra oek dioena irakurririk. Aditzen dezu, ill dala zure adiskide bat; kentzen diozu lenengo orriari piska bat; ipinizen diozu adiskideari ezpañetan, eta piztutzen da. Nork esan, norañokoa izango lizakean orduan zure poza? Aditzen dezu, zure auzoan dagoala norbait etsia, eta azkeneko asnasetan bezala. Artzen dezu bigarren orritik piska bat, eta ematen diozu eriari ardo, edo saldan: eta bereala geratzen da sendatua. Arriturik, eta zer gertatzen zatzun ez dakizula geratzen zera. Artzen dezu irugarren orria: sartzen dezu kutun batean, eta zerekin darabiltzu: geroztik etzera gaixotzen, zartzen, eta iltzen. Atozea, zer ezluke balioko lore miragarri ark? Kristaua, eta ez dakizu lore au dala, Jesu-Kristok bere odolaren kostuz zuretzat irabazi zuan, graziaren doaya? Eztakizu, Espiritu Santuak batayoko egunean, eta ongi konfesatu zeranean lore eder au ipiñi zuala, eta duala zure animan? Atozea, eta ezta gauza gaizto, eta samiña, doai añ miragarri arekin apaindu zinduan, Jauna utzitzea? Ea, bekataria, biur zaite noizbait zure aita onagana: bizi zaite alako Aitaren umeari dagokan eran: eta zuk iritsiko dezu betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa