www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

GARIZUMAREN
LENBIZIKO IGANDERAKO

 

Bekatari, denbora egokian jaunagana biurtu oi danaren eriotzaren gañean.

 

Ductus est Jesus in desertum ab Spiritu
ut tentaretur a Diabolo.
Math. c. 3.

 

        Zein ona gure Salbatzalle Jesus maitagarria! Badakus, gure emengo bizitza guzia dala soldadeska, ta gerra utsa, Job Santuak zion eran: Militia est vita hominis super terram. Eta au dakusanak bezala jartzen da Salbatzallea bera pelean etsaiaren kontra, erakusteko guri animaren gerran egiñ bear deguna. Eraman zuan Espiritu Santuak bakardade, edo eremu batera. Barautu zan berrogei egun, eta gauean, igarotzen zuala denbora au guzia ezer-ere jan gabe, ta edan gabe. Gosetu zan, eta ona non datorkion etsaia tentatzera al duan saiets guzietatik. Etziakian etsaiak, Jesus zala Jainkoaren Semea, ta munduaren Salbatzallea, baña bazuan bere beldurra, eta jakiñ nai zukean au. Argatik iru aldiz tentatu zuan aiñ trebe, non uste izan zezakean, gizon utsa bazan Jesus, garaituko zuala erraz; eta Jainkoaren Seme, eta Mesias bazan, agertuko zala nor zan. Lenengo ekiñ aldian esan zion: Jainkoaren Semea bazera zu, esazu, biur ditezela ongi, orrako arri oriek. Si filius Dei es, dic, ut lapides isti panes fiant. Erantzun zion Jesu-Kristok: Letraz ezarria dago: ezta gizona ongi utsarekiñ bizi; bizi da (animaren aldetik) Jainkaoren itza entzuten, eta itz onez adierazten diona kontuz egiten duala. Mututurik geratu zan etsaia Jesusen erantzuerarekin; baña etzuan ala ere etsi berearekiñ irteteaz. Artu zuan Jesus (gure onagatik utsitzen zion alabaña etsaiari tentazio oek prestatzen); artu zuan Jesus, eraman zuan Jerusalengo Elizaren gañera, eta esan zion: Jainkoaren Semea bazera, salta zaite or beera; bada letraz ezarria dago: Agindu zien bere Aingeruai zaitu zaitzeela, eta emendik erortzean artuko zaitue beren eskuetan, miñik artu ez dezazun zure oñetan. Si filius Dei es mitte te deorsum. Eskritura Snatako itzakkiñ ekiñ bazion, Eskriturarekiñ berarekiñ erantzun zion Jesu-Kristok: Eskribitua dago: Ez dezu tentatuko zure Jaun Jaungoikoa. Bigarren pelea onetan gaizki irten bazan-ere etsaia, etzuan utzi bere aria. Artu zuan berriz Jesus; eraman zuan mendi guztiz goi baten erpiñera; bat batean erakutsi ziozkan munduko erreñu guziak, eta begien aurrean ipiñi ziozkan guzietan arkitzen ziran edertasunak, eta esan zion: Emango dizkitzut ekusten dituzun gauz oek guziak, belauniko jarri ta adoratzen banazu zure Jauna bezala. Haec omnia tibi dabo, si cadens in terram adoraveris me. Erantzun zion Jesu-Kristok: Oa ortik Satanas eskribitua zeagok: Adoratuko dezu zure Jaun Jaungoikoa, eta ura bakarrik serbituko dezu. Dominum Deum tuum adorabis, et illi soli servies. Lotsaturik, eta naigabez betea joan zan etsaia andik bere lekura. Bereala etorri ziran Zeruko Aingeruak, eta ekarri zioen Jesus onari bear zuan jan edana. Au da, nere Kristauak, gaurko Ebajelioak dakarrena. Zenbat gauz eder ez dizkitzu emen erakusten gure Salbatzalleak? Erakusten digu, nola gure animak prestatu bear ditugun etsaiarekin peleatzeko. Erakusten digu, ez degula geren naiez bekaturako bide, perill, eta tentazioetan sartu bear, batez-ere garbitasunaren kontrako perilletan; eta sartzen dana goizago, edo beranduago loitua geratuko da. Erakusten digu gañera, beinta berriz garaituagatik etsaia, ez degula zabartu bear, zeren ura era onaren zai dagoan, gu gaitzera amil-erazteko. Atzenean adirazten digu, leialki peleatzen duanari bidaltzen diozkala Jaunak Zeruko laguntzak, eta indar berriak. Baña egiñ ote degu, ta egiten ote degu gure Salbatzalleak aiñ ederki erakutsi diguna? Au egiñ ordean ederretsitzen die bekatariak bere griña txarrai, eta amilduaz dijoa bekatuaren mallatik mallara, eta arreizkero eztu zer egiñ andirik etsaiak atzeneko tranzeraño. Argatik gaur itzegiñ nai dizuet bekatari, denbora egokian Jaunagana biurtu ez danaren, eriotza ikaragarriaren gañean. Bekatariaren eriotza zeiñ ikaragarria dan adierazteko, begien aurrean ipiñiko dizkitzuet lenbizia: bekatariaren biotza inguratzen duen gogorazio samiñak. Bigarrena: tranze artan Jainkoagana biotza jasotzeko bekatariaren nekeak eta etsimen ixill bat. Atzenean eriotza bera. Goazen oraiñ Espiritu Santuaren argiaren billa, bitarteko ipintzen degula Birjiña guziz Santa Aingeruarekin batean esanaz. Abe Maria.

 

 

§ I.

 

        Ill bearra da gauza bat guziok aitortzen deguna, onak, eta gaiztoak, fededunak, eta fedegabeak. Au aditzera ematen digu alabaña ezaguera zuzenak. Zer? Ez gera bizi lurrezko ontzi batzuetan? Eta ontzi egun oro loia, ta zikinkeria dariezenetan? Ez gera adiñ batera ezkero egunetik egunera desegiten, aultzen, usteltzen? Ill bear degu beraz. Au aditzera ematen digu gañera beste guziakkiñ gertatu danak, eta gertatzen danak. Non dira gure lenbiziko gurasoak? Il ziran. Non dira ondorengo Patriarkak? Il ziran. Non dira lege zarreko Patriarkak, Erregeak, Aita Santauk, beste gizon andi, ta txikiak? Il ziran. Non dira geroztik mundura agertu ziranak, oraingoaz osterontzekoak? Il ziran. Il bear degu beraz guk-ere. Bai; eta ez die eriotzak barkatuko, Ez Erregeai, ez oen mendekoai, ez Aita Santuai, ez oen mendekoai; ez andiai, ez txikiai, ez aberatsai, ez beartsuai, ez ederrai, ez itsusiai. Berdiñ sartzen da erioa beartsuen etxoletan nola Erregeen Jauregi, eta torreetan, esan zuan jentil batek. Palida mors aequo pulsat pede pauperum tabernas, regumque turres. Au erakusten digu atzenean gure fede Santak. Adan gure lenbiziko gurasoak ausi ezpalu Jaunaren agintea, Adan eta beraren ondorengoak etzuen ill bearrik; baña etzuan egiñ Adanek Jaunaren esana, eta berekiñ bere ondorengoentzat irabazi zuan eriotzaren pena. Autsa zera, ta auts biurtuko zera esan zion Jaunak. Pulvis es, et in pulverem reverteris (Genes. c. 3). Argatik dio S. Paulok: erabakia dago gizonentzat iltzea, ta iltzea beiñ. Statutum est hominibus semel mori (Ad Heb. c. 9.). Justuak sarritan ipintzen du begien aurrean egia; aldegiten du bekatuaren bideetatik, saiatzen da ongi iltzeko bear diran neurri guziak artzera, beti dago prest eriotza datorreneko; eta datorrenean humilki aditzen du Jaunak guziontzat emana daukan sentenzia. Statutum est hominibus semel mori. Ekusten du era onetan prestaturik dagoan animak, bukatzen zaizkala emengo nekeak, elkar eziñ ekusia, bekaturako perillak. Ekusten du, etorri zaiola bere errira joateko denbora; eta noizbait utsegiteen batzuek gertatu bazitzaizkan ere, bere barrunbeak esaten dio, nola alegiña prestaturik aitortu zituan, eta geroz nola bizitza onari jarraitu dion, eta emendik sortzen zaio bere biotzean Jaunaren ontasun, eta Miserikordiaren uste, edo esperantz andi bat. Zori onean entzun nituan, dio beregan, arako dotrina, ta sermoi aek; zori onean utzi nituan bekaturako bideak, perillak, jolas gaiztoak, itz egite, ta adiskidetasun limuriak; zori onean utzi nituan usurak, tratu zikiñak, erriko kontu nastuak. Zori onean ekiñ nion Zerurako bideari. Aratzeko ustea ematen dit Jaunak. O! Jesus ona! noiz ekusiko zaitut? Era onetan justuak sosegu andi batekiñ ematen du bere bizitza Jaunak dionean. Ala eman zuen Santo Domingok, Santa Katalina Senakoak, S. Franzisko Jabierrek, Santa Teresak, eta beste eziñ konta al anima onek, eta Suarez beneragarriak zion: Ez nuan uste izan beñere, onen gauza gozoa zala iltzea. Numquam putabam esse tan dulce mori.

        Baña ill bearraren berriak atxitzen duanean bekataria bere griña, ta pasio txarren ondoren itsuturik dabillena, nork esan, zeiñ illuntasun, eta tristura andiak, zeiñ gogorazio samiñak inguratzen duen beraren biotza? Etzuan bekatariak aditu nai izan denbora egokian, zeiñ gauza gaiztoa, ta samiña dan guk gure Jaun Jaungoikoa utzitzea, ta zeiñ ondoren negargarriak datozen emendik. Eta noizta gutxiena uste duan iltzea, arkitzen da bereala ill bear dualako berriarekin. Orduan nere Kristauak; orduan desegiten dira, munduak, eta pasio txarrak animaren begietan zabaldu ziozkeen lañoak, eta bat batetan ekusten ditu gauzak diran bezala. Ai! dio batzuetan, nik uste nuan nigandik urruti arkitzen zala eriotza, eta ez nituan ezertan artzen konfesore, ta Predikadoreen esanak; eta ona zer tranzean ipiñi dedan nere burua. Ill bear det, eta ill bereala! Ecce morior! Gaitz erdi lizake bi aldiz ill bear banu, baña iltzea da beiñ bakarrik egiten dan lana. Statutum est hominibus semel mori! Ill bear eta ill bear bereala. Ecce morior. Egiñ ninduan Jaunak ezer ezetik, eta egiñ ninduan bera amatzeko, serbitzeko, ta berarekiñ betikotasun guzian doatsu izateko; au zan nere lan bakarra, baña au da nik ezertan iduki ez dedan lana: ta oraindik lan oni ekiñ baño len iltzera noa! Ecce morior. Ni mundura agertu orduko, ederki prestatu zituan Jaunak, emen bizitzeko bearko nituan gauza guziak, eta gauz oezaz baliatu naiz beraren kontra altxatzeko, eta ezta neretzat izan nere gura txarrak beste Jainkorik. Eta oraiñ iltzera noa, eta iltzera bereala! Ecce morior. Deitu ninduan Jaunak bere fede, ta Lege Santara, utzirik beste asko fedearen argirik ez duen jendeen artean; egiñ ninduan Jainko beraren ume, ta Zeruaren jabegai, edo heredero; eta ontarte, edo mesede onen andiari esker onez, eta bizitza on batekiñ erantzun bearrean, fedegabearen eran, ta askoz gaizkiago bizitu naiz: ai! ta iltzera noa! Ecce morior. Nere onerako utzi ziozkan Jaunak bere Elizari zazpi Sakramentu, eta oen artean konfesioko, ta Komunioko Sakramentua; baña oek biurtu izan ditut nere kaltetan; ez nintzan alabaña ongi prestatzen; ez nuan esamiñarik egiten; ez nintzan ongi damutzen; ez nuan biotzik bekatuaren bideak betiko utzitzeko, nere griña txarrak ezitzeko, eta besteren gauzak jabeari biurtzeko; eta nere konfesio guziak izan dira iduripen uts bat. Eta oraiñ iltzera noa? Ecce morior. Ni Zerurako bidean sar erazteko, utzi zion Jaunak Elizari bere itz Santuaren sendagai miragarria; baña ni igesi ibilli naiz dotrina, ta sermoietatik, eta enzun ditudanean ere erausian, eta aditzen ez ditudan gauzetan nola nai itzegitea izan da nere frutu guzia: ta oraiñ ill bear nik bereala? Ecce morior. Ai! eziñ konta al dira nik egiñ, eta eragiñ ditudan bekatuak, asko dira nigatik betiko galdu diran animak! eta oraiñ ill bear nik bereala? Ecce morior? Gogorazio samiñ oek ekingo dioe bekatari gaixoari, eta zenbat alderago daukan bere ill bearra, anbat geiago illuntasunez, eta tristuraz beteko due Antioko Erregeari gertatu zitzaion eran. Antioko Erregea, usterik gutxiena zuanean, artu zuan iltzeko gaitzak bere erritik kanpoan; eta ezaguturik iltzera zijoala, aiñ illuntasun, eta tristura ikaragarriak artu zuan, non geratu zan lorik eziñ egiñ zuala, ta ezertarako etzala. Deiturik bere adiskideak, joan da nigandik loa, esaten zien: Recessit somnus ab oculis meis. Zenbat neke, ta tristuraren artean ez det nere burua ipiñi. Oraiñ oroitzen naiz Jerusalenen egiñ nituan gaiztakeriaz. Nunc reminiscor malorum, quae feci in Hierusalem. Oraiñ ezagutzen det, emendik datorkidala nere gaitza: ta orra tristuraz iltzera noa leku arrotzean. Ecce pereo tristitia magna in terra aliena (Machab. 1. c. 6). Ekusten dezu, Kristaua, zeiñ gogorazio samiñak inguratzen duen bekatariaren biotza, ill bearra datorkionean? Ekusten dezu, zeiñ ikaragarria dan alde onetatik bekatariaren eriotza? Ta asiera besterik ezta au guzia.

 

 

§ II.

 

        Badakus bekatariak iltzera dijoala, ta bereala. Badakus, egiaz ta biotzetik Jaunagana biurtzen ezpada galdua dala betiko; baña neke da, eta neke andia, alaere, Jaunaren aserreak era onetan atxitu duan bekatariaren biotza, bear dan eran, Jaun beragana biurtzea. Argatik dio S. Paulok: Gauza izugarria da Jainko biziaren eskuetan erortzea. Horrendum est incidere in manus Dei viventis (Ad. Heb. c. 10). Ta ala arkitzen da bekatuaren bide, perill, eta oituretan dabillena; ill bearra datorkion bekataria; atxitua dago gaiztakeriaren bidean bizi dala, ta iltzeko sentenzia bere gañean dauka. In operibus manuum suarum comprehensus est peccator (Ps. 9). Eta erraz da tranze onetan bekataria, bear dan eran, Jaunagana biurtzea? Ez; nere Kristauk, ta gauz ederra izan ordean da gutxitan gertatzen dana. Alde askotatik datorkio neke au bekatariari. Datorkio benik beiñ bere buruagandik. Azaldatzen du alabaña bere il-bearrak. Azaldatzen due umeen, etxekoen, eta aideen negarrak. Azaldatzen due eta loturik bezala utzitzen bere gaiztakeriak; ta beste aldetik gaitzak berekin dakartzian nekeakin ez dago ezertarako. Gaiztoa atxitzen due, eta loturik ipintzen bere gaiztakeriak, dio Eskritura Santak. Iniquitates suae capiunt impium, et funibus peccatorum constringitur (Prov. c. 5). Baldin osasuna onean gaudela ezin askotan moldatu bagera konfesio on bat egiteko, ta gure utsegiteaz bear dan eran damutzeko; baldin naigabe batek, buruko, edo agiñetako miñ batek ezertarako ez gerala utzitzen bagaitu, zer izango da eriotzaren beldurrak, eta nekeak inguratzen gaituenean? Bekatariaren biotza bere oitura gaiztoakkin gogortua, ta txingude biurtua dago; eta neke da, neke da, era onetako biotza bat batean gozatzea, eta ongi maneatzea. Neke da, nere Kristauak, osotoro usteldua, edo igartua dagoan arbola batek batetan lore ederrak, eta frutu gozoak ematea. Neke da zalkea ebakitzen danean, ogi biurtzea. Neke da ongi bizitzen, eta ongi iltzeko prestatzen beiñ-ere ikasi ez duanak batetan ikastea. Neke da Etiopiako batek bere larru beltza, eta tigreak bere mantxak utzitzea. Eta neke onen antzekoa da bekatariak iltzeko denboran Jaunagana biurtzeko duan nekea. Si Aethops mutare potest pellem suam, et pardus varietates suas, et vos poteritis bene facere, cum didiceritis malum.

        Neke au datorkio gañera bekatariari bere etsaiagandik. Ekusten du etsaiak, ordu artaraño berea izan duala bekataria, eta atzeneko bizitzaren kondoan kontu egiten ezpadio iges egin lekiokela bere atzaparren artetik. Kezka onekin biltzen dira infernuko etsaiak, eta goseak igarorik eizaren zai dauden leoien eran inguratzen due bekatari gaixoa. Ekiten dioe alde guzietatik; batzuek buruan sartzen dioe; ez dala gaitza uste duan bezeiñ andia, ta bear bada igaroko zaiola; besteak ekiten dioe bere denboran erren egin duan alde artatik. Kutiziara, usura, ta tratu zikiñetara makurtua izan danari begien aurrean ipiñiko diozkee irabaz bide berriak. Auzilariari paperak, egiñ oi diran tranpak, eta engañioak. Antuste ta soberbiara etziña izan duanari soñua joko dioe alde onetatik eta au bera egingo due jolas, ibillera, itzegite, ta adiskidetasun gaiztoetan bizitu danarekin. Eta bere denbora guzian etsaiaren kontra peleatzen ikasi ez duanak, bere griña, eta oitura gaiztoak ezitzera saiatu ez dana, nola bat batetan ikasiko du etsaia garaitzen? Neke da nere Kristauak. Au aditzera eman zion Jerusaleni, eta gutatik bakoitzari Salbatzalleak esan zuanean: Etorriko da egun bat, dio, zeñean inguratuko zaituen zure etsaiak: Cirbumdabunt te inimici tui vallo; eta ez dira sosegatuko zu mendera artean; ta au gertatuko zatzu, zeren enzun nai izan ez dituzun nere Aingeruen, konfesore, ta Predikadoreen autik bidaldu dizkitzudan gaztigu, edo abisoak. Eo quod non cognoveris tempus visitationis tuae.

        Atzenean bekatariaren Jaungoikoagana biurtzeko nekea etorri oi zaio bekatariari, zeren Jaunak bere eskergabekeriaren penan gutxitzen diozkan bere laguntzak. Ekusten du bada bekatariak bere tranze onetan alde batetik bere il bearra; bestetik ezin ongi moldatu duala bere burua Jaunagana biurtzeko. Ekusten du infernua bere eztarritzarra zabaldurik, eta iges egin nai luke eriotzagandik, baña alferrik. Emana dago sentenzia, ta nai ta ez joan bear du mundu onetatik, dio S. Pedro Damianok. Manere satagit, ire compellitur. Nork esan oraiñ zeiñ estutasun andiak inguratuko duen bekatari tristea tranze artan? Geratu nai luke emen eta ez dio utzitzen dio S. Pedro Damianok: Manere satagit, ire compellitur; Atozea oraiñ, Kristaua, ezta ikaragarria era onetan arkitzen dan bekatariaren eriotza?

 

 

§ III.

 

        Baña goazen eriotzari berari begiratzera. Badatorkio lasterka bekatari gaixoari bere ordua. Norgana biurtuko da bekatari tristea tranze onetan. Biurtuko ote da bekataria gure bitarteko, eta Ama onagana, edo Birjiña guziz Santagana? Baña Birjiña guziz Santak ez du adituko. Zoaz eskergabe madarikatua, esango dio bere biotzera; zoaz nere Semearen, eta Eliz Ama Santaren etsaia; zoaz lizunkerien, eta bizitza loiean irabiatzea besterik nai ez dezuna, zoaz dagokizun lekura. Biurtuko ote da S. Migel Aingeruagana? Baña onek lagundu ordean bere aurpegira emango dio, nola Demonioaren banderai jarraitu dien, utzirik Jesu-Kristo. Biurtuko ote da Apostoluetara? Baña oek esango dioe: Judasek saldu zuan Jesu-Kristo ogeita amar diruan, baña zuk saldu dezu askoz merkeago. Saldu dezu itz deshonesto bategatik; saldu dezu keñada lotsagarri bategatik; saldu dezu ukitze zikiñ bategatik. Zoaz, zoaz Judas zere lagunagana. Biurtuko ote da Zeruko beste Santuetara? Baña oek esango dioe: non dira zuk Jainkotzat adoratu dituzun munduko gauz oriek? Non dira atsegiñ kontentuak? Non dira gauetako egoerak, esamesa, ta erausirako bidea ipintzen zenduala? Non dira edanean, jokoan meza arteak, eta bezperetako denbora igarotzeak? Non dira zure irabaziak, usurak, litxarreriak? Non dira zure adiskideak, zure lagunak, eta estalkiak. Ubi sunt Dii tui, qui fecisti tibi?. Betoz oraiñ, eta atera zaitzeela estutasun orretatik? Surgant, et liberent te in tempore afflictionis tuae. Norgana bada itzuliko da bekataria ordu ikaragarri onetan? Bere Jaunagana? Baña esango dio Jaunak: deitu dizut ainbeste bider, baña ez dituzu ezertan artu nere deiak. Vocabi, et renuistis. Eman dizkitzut ainbeste ateleka konfesoreen, Predikadoreen, eta liburuen bidez, baña guzia izanda alferra. Increpationes meas neglexisti. Dotrina, sermoi, ta Misioetan ibilli nintzan zure billa, nere eskua luzaturik zu bekatutik ateratzeko baña zu eskergabea ibilli ziñan nere igesi. Extendi manum meam, et non fuit qui aspiceret. Oraiñ, oraiñ nik ere zuzaz farra egingo det. Ego quoque in interitu vestro ridebo. Au egin oi du Jaunak bekatari eskergabearekin Eskritura Santak aditzera ematen digunez. Iltzen da bekataria era onetan, bearbada Sakramentuak arturik, eta munduaren begietan ongi, baña Jaunaren aurrean gaizki, eta amiltzen da beti betiko su, eta garren artean.

        Ekusten dezu, Kristaua, zeiñ ikaragarria dan bekatariaren eriotza? O eriotza! dio Eskritura Santak; O eriotza! zeiñ gauza samiña dan zure oroipena munduko gauzetan biotza daukanerentzat! O! mors, quam amara est memoria tua homini pacem habenti in substantiis suis! Ez gaitezen bada geiago engañatu; utzi ditzagun bekatuaren bideak, baita eskandaloa ematen duen itzegiteak, egoerak ere; egiñ ditzagun konfesio on batekin pakeak gure Jaun onarekin, eta Birjiña guztiz Santa bitarteko degula bizi gaitezen kontuz, iristeko eriotza on bat, eta gero beti betiko bizitza doatsua. Ad quam nos &.

 

aurrekoa hurrengoa