www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

ABENDUAREN
BIGARREN IGANDERAKO 3.a

 

Konfesioko sakramentuak eskatzen duan ontzeko asmoaren gañean.

 

Cum audisset Joannes in vinculis opera Christi,
mittens duos de discipulis suis ait illi:
Tu es qui venturus es, an alium expectamus?
Math. c. 11

 

        Zein ejenplo ederra gaurko Ebanjelioak begien aurrean ipintzen diguna, noizbait gu osotoro bekatutik irteteko eta Jaunagana jartzeko S. Juan Bautista, arako ogeita amaika urtean eremuan, eta bakardadean biziturik Salbatzallearen aurretik Salbatzalle beraren bideak prestatzera etorri zan gizon andi au, asi zan munduari bekatutik irteteko, penitenzia egiteko, ta Salbatzallea zegokan eran artzeko ots andiak egiten. Etzien barkatzen ez txikiai, ez andiai, ez beartsuai, ez aberatsai, ez eta Erregeri berari-ere. Prest arkitzen zan gizon andi onen biotza, ezergatik ere egi gabe ez utzitzeko Jaunak bere gañean ipiñi zion karguari zegokana. Denbora onetan Herodes Erregea bizi zan gaizki, eta bekatu askotarako bidea ematen zuala; bere anaia Feliperi kendu zion alabaña Herodias bere emaztea. Bazekusan Santuak zeiñ kalte andiak zetozen emendik. Bazekusan gañera, zer gerta zekikeon berari gai onetan argiro itzeginda. Alaere utzirik alde bat begiramentu oek itzegin zion Herodesi bere aurpegira, ta aditzera eman zion bere bekatu itsusia. Ozta jakin zuan au Herodiasek, edo Herodesen emazte ordeak, artu zuan gorroto, eta amorru aiñ andia, non etzan sosegatu Herodesi karzelan sar-erazo zion artean Santua. Atzenean ken-erazo zion bizitza-ere; eta Santuaren burua, oraindik odola zeriola, eraman erazo zuan andre ez garbi-amorratu ark Erregerekin jaten zegoan lekura. Ekusten dezue, zer dan Jaungoikoaren itza aditu nai ez izatea? Ekusten dezue, zertaraño amilderazo, ta itsutu gaitzakean bekatuak?

        Karzelan zegoan bitartean, aditu zuan S. Joanek Salbatzalleak egiten zituan gauza miragarrien berria, eta bidaldu ziozkan bere ikasle bi galde onekin: Zu zera etortzeko dagoana, edo besteren baten ustean egon bear ote degu? Tu es qui venturus es, an alium expectamus?. Artu zuan Salbatzalleak mandatu au, eta erantzun baño len, mandatarien aurrean egin zituan asko gauza andi; eta gero oei esan zien: zoazte orain, eta esan giozue Joani ekusi, ta aditu dezuena. Esan giozue, nere itzaren otsera ekusten duela itsuak, badabiltzala errenak, garbitzen dirala soraioak, edo lepraz beteak, aditzen duela gorrak, piztutzen dirala illak, eta atzenean beartsuak ikasten, eta artzen duela erakusten zaten Zerurako bidea. Au esan ta bidaldu zituan Salbatzalleak S. Joanen bi ikasleak; eta orduan egin zuan Santuaren laudario eder bat. Ebanjelio onek aditzera ematen dizkigu asko gauza, ta besteen artean, zeiñ biotz prestu-osoarekin prest arkitzen zan S. Joan ezergatik-ere bere Jaun Jaungoikoaren agintea ez autsitzeko. Ta au aditzera ematean begien aurrean ipintzen zaku gure animak konfesioko Sakramentuan garbitzeko artu bear degun ontzeko asmoa. Gaur itzegingo det konfesioko Sakramentuak eskatzen duan ontzeko asmoaren gañean. Aditzera emango dizuet lenengo lekuan: zer, eta nolakoa dan gure animak garbitzeko konfesioko Sakramentuak eskatzen duan ontzeko asmoa, edo propositua. Aditzera emango dizuet bigarren lekuan, zeiñ sarritan egiten diran konfesio gaiztoak ontzeko asmo osoa artu gabez. Baña asi baño len billa dezagun Espiritu Santuaren grazia, bitarteko ipintzen degula Birjiña guziz Santa, Aingeruarekin batean esanaz. Abe Maria.

 

 

§ I.

 

        Gure animak konfesioko Sakramentuan garbitzeko ezta asko bekatuen kontuak ateratzea, ez eta damutzea-ere. Gauza bearra da gañera ontzeko, edo bekatu larririk beintzat beiñ-ere ez egiteko asmoa. Egia au aditzera ematen digu Jaunak Eskritura Santan, eta Elizak bere Konzilioetan. Ar ezazue, esaten digu Amos Profetak, ar ezazue bekatuaren gorrotoa, eta ama ezazue ona, edo obra onak egitea, onela urrikaldu ote ditekean Jauna. Odite malum, et diligite bonum, si forte missereatur Dominus Deus (c. 5). Garbi zaitezte, esaten digu Isaias Profetak, eta zaute sendo berriz zeren animak bekatuz loitu gabe. Lavamini, mundi estote (c. 1). Egiñ ezazue biotz eta espiritu berri bat, esaten digu Ezekiel Profetak. Facite vobis cor novum, et spiritum novum (c. 18). Eta ekusia dago Jaunak esaten digun onek guziak gutxienean eskatzen duela ontzeko asmoa. Au bera aditzera ematen digu Eliz Ama Santak Florenziako, eta Trentoko Konzilioan, bada esaten digu, damutu bear zakula egindako utsegiteaz, aurrera berririk ez egiteko asmoarekin. Cum proposito non peccandi de caetero. Eta zer ote da ontzeko asmo, edo propositu au? Au da munduak uste duan baño gauza andiagoa. Au da batek Jaunaren laguntzan, edo grazian bere ustea ipiñirik, beregan osotoro erabakitzea, ezergatik-ere bekatu larririk beintzat aurrera ez egitea. Itz batean, biotzez bekatuari, ta bekatuaren bideai betiko adio esatea. Esan det bekatu larririk ez egitea; ezta alabaña premiazko gauza bekatu benialak konfesatzea, ta oen barkazioa iritsi diteke konfesio gabe. Baña konfesatzera datorrenak ezpadu aitortzen bekatu benialen batzuek baizik, orduan artu bear du oetan ez erortzeko asmoa konfesioa ona izateko. Ekusten dezu, Kristaua, zer dan konfesioko Sakramentuak eskatzen duan asmoa? Begira ezazu oraiñ nolakoa dan.

        Konfesioko Sakramentuak eskatzen duan ontzeko asmo, edo propositua da beñik beiñ asmo bat bekatu larri guzietara, leku guzietara, denbora, eta tranze guzietara begiratzen duana, ta zabaltzen dana. Au da asmo bat, zeñarekin bekatariak erabakitzen duan bekatu larririk batere, iñon-ere, ta iñoiz-ere ez egitea. Emendik asmo au duana prest arkitzen da Jaunaren Legeko amar Aginteak, Eliz Ama Santarenak, eta bere estadu, eta karguak dituan egin-bide, edo obligazioak ezagutzeko, ta gordetzeko osotoro. Prest arkitzen da bekatu larri, bat bakarrari-ere, biotzean lekurik ez emateko ez etxean, ez kanpoan ez bere bakarrean, ez lagun artean, ez astean, ez jaiean, ez festa denboran; ez bizitzan, ez eriotzan. Era onetako asmoa agertu zuan Dabid Santuak Jaunagana biurtu zanean. Ez naiz Jauna, zion, geiago aztuko zure Lege Santaz. In aeternum non obliviscar justificationes tuas. Erabaki det, Jauna, ta erabaki juramentuarekin ez geiago bekaturik egitea, ta zure aginduak gordetzea. Juravi, et statui custodire judicia justitiae tuae. Bai, jarri da nere biotza beti beti zuk agintzen dezun egitera. Inclinavi cor meum ad faciendas justificationes tuas. Ona nola Dabid Santuak artu zuan asmoa bekaturik batere, iñon-ere, ta iñoiz-ere ez egiteko. Konfesioko Sakramentuak eskatzen duan ontzeko asmo, edo propositua da gañera ez asmo erdia, edo laurdena, baizik asmo oso-osoa, eta biotz guzitik jaiotzen dana. Zer ote da asmo oso au? Au da egiaz, eta biotz osoz erabakitzea bekaturik ez egitea ez bizitzan, eta ez eriotzan, ez ondasunen ustean, ez ondasunak galtzeko beldurrez, ez besteren losentxagatik, ez erausien beldurrez, ez munduaren ustean, ez munduarekikoa galtzeko beldurrez, ez bizitzaren ansiaz, ez eriotzaren beldurrez. Asmo oso au nola artu ederki erakutsi zigun gure Salbatzalleak Jetsemaniko baratzan. Ekusi zituan bere animaren begien aurrean munduaren gaiztakeria guziak, eta asaldatu zan. Torrentes iniquitatis conturbaverunt me. Ekusi zituan bekatu oekagatik denbora gutxiren barrenen igaro bear zituan nekeak, eta alaere zein eskergabea izango zan mundua. Illuntasun, eta tristuraz bete zitzaion biotza. Caepil constristari. Eta len ainbeste egarri Pasioko kaliza edateko agertu bazuan-ere, gero gogoan ezin sartu balitzaio bezala arkitzen zan. Caepit taedere. Alaere ekusirik bere Aitaren naia, erabaki zuan au egitea, naiz kosta zekiola bere odol guzia ixurtzea, eta bizitza ematea. Egin bedi, Aita nerea, esan zion, zuk nai dezuna, ta zuk nai dezun eran. Non sicut ego volo, sed sicut tu. Ona nolako asmoa iduki bear degun guk-ere Jaunak nai duana edo agintzen diguna egiteko, edozeiñ nekeren kostuan ere. Au bera erakutsi zigun S. Pedrok-ere, ostegun santu arratsean aditzera eman zienean Jesu-Kristok bere Apostoluai, zer denbora gutxiren barrenen berarekin gertatuko zan. Ez esan zion S. Pedrok bere Maisuari, ez eta bizitza kostako bazat ere, ez det berori ukatuko. Etiamsi oportuerit me mori tecum, non te negabo. Egia da S. Pedrok alaere ukatu zuala bere Maisua; eta au da gu beldur andi, eta santu batez beterik utzi bear gaituan gauza, baña ez gure asmo erdiak, edo iduripenak edertu ditzakeana. Zeren baldin S. Pedroren biotz bizi, ta prestuak asmo aiñ andiaren ondoren iraun ezpazuan eman zuan itzean, nola nai genduke guk asmo erdiarekin bekatuan ez erortzea? Atzenean eziñ ederkiago erakutsi digu S. Paulo Apostoluak, ongi konfesatzeko artu bear degun ongitzeko asmo oso-oso au. Asitzen da Apostolu Santua bere biotza progatzen, eta zer sasoietan daukan begiratzen. Nork galerazoko digu Jesu-Kristoren grazia, ta amorioa? galdetzen dio bere buruari. Quis nos separabit a charitate Chti? Galerazoko ote dit neke, eta gurutzeren batek? An tribulatio? Galerazoko ote dit estutasunen batean nere burua ekusteak? An angustia? Galerazoko ote dit goseak? An fames? Galerazoko ote dit larrugorritasunak? An nuditas? Galerazoko ote dit ezkontza galtzeko, munduarekin aserratzeko perillak? An periculum? Galerazoko ote dit lagunen erausiak, edo isekak aditu bearrak? Urliak, edo sandiak egin dezakean txarkeriaren batek? An persecutio? Galerazoko ote dit ezpata nere lepoan ekusteak? An gladius Onela progatzen du S. Paulok bere biotzaren sasoia, ta au onela progaturik, zer diola uste dezue? Ez, ez, dio Apostolu Santuak, ez eriotzak, ez bizitzak: neque mors, neque vita; ez Aingeruak berak, ez gizon andiak: Neque Angeli, neque Principatus, neque virtutes; ezerk ere ez dit galerazoko Jesu-Kristoren grazia, ta adiskidetasuna. Neque creatura alia poterit nos separare a charitate, quae est in Chto Jesu Domino nostro. Ekusten dezu, Kristaua, nola S. Paulok artua zeukan ezergatik-ere bekaturik ez egiteko asmo oso-osoa? Ta asmo au bera ez geiago, ta ez gutxiago eskatzen digu konfesioko Sakramentuak. Atzenean konfesioko Sakramentuak eskatzen duan ontzeko asmoa ezta asmo antzua edo legorra, baizik eragillea, eta ontzeko bizimodua, eta neurri egokiak ar-erazten dituana. Egizu kontu, Kristaua, zure zabarkeriaz geratzen zatzula etze zure etxeak duan sororik gozoena. Betetzen da denboraz larrez, sasiz, arantzaz, belar gaiztoz. Bizi zera urtearen erdirako artorik ez dezula, eta iñork eman nai ez dizula, zeren emalleak nekatu diran paguaren usterik gabe ematez. Oroitzen zera zure soro onaz, eta begira jarririk esaten dezu: «Ah! soroa, soroa! soro nere nagitasunez galdua! Orain orrela bazaude-ere laster beste moduz ekusiko zaitue». Atozea, Kristaua, baldiñ au esanda ezpadezu gero arretarik zure soroko sasiak, larrak, arantzak, eta belar gaiztoak ateratzeko; ezpadezu lurra maneatzen, zimaurtzen, eta itxitzen; ezpadezu iñaurkiñik biltzen, zer esango degu zure asmoaz? Zer, ezpada zure asmoa zala antzua, legorra, nai ez nai edo iduripen utsa; etzaitu alabaña mugitu zure soroan laborea ongi egiteko bear diran neurriak artzera. Emendik atera-ezazu, Kristaua, ez dezula izan, ez eta izango-ere konfesioko Sakramentuak eskatzen duan ontzeko asmorik, naiz golpeka urra dezazula bularra, naiz milla bider esan dezazula: Artzen det bekaturik beiñ-ere ez egiteko asmo osoa, baldiñ mugitzen ezpazera onetarako bear diran neurriak artzera. Eri batek, sendatzeko neurriak ipiñi nai ezpaditu, zer esango dezu? Zer, sendatzeko asmo egiazkorik ez duala baizik? Au bera esan, eta sinistu bear dezu anima eri dagoanaz, sendatzeko neurriak artzeko biotzik ezpadu. Neurri oek asko dira, ta oen artean bearrenak, eta guzioi dagozkigunak dira oek. Lenengoa: bekatuaren bide, edo perilletatik aldegitea. Bigarrena, bekatura amilderazten gaituan gure griña nagusiak, eta oitura gaiztoak ezitzeko, ta ukatzeko alegiña egitea. Irugarrena: lagun urkoari bekaturako bidea ematen dioen gure itzegite, ta modu dongeak utzitzea. Laugarrena: lagun urkoaganako gorrotoa utzitzea, ta itzegite, ta moduetan ere gorrotorik ez erakustea. Bostgarrena: lagun urkoari ezer ostu, edo kalterik egiñ bazaio dala ondasunetan, dala onran, edo faman biurtzea zor zaiona. Seigarrena: jakitea ongi dotrina, baita gure estadu, bizimodu, eta karguak dituan obligazioak ere. Atzenean zor-artzeko, ta kontu nastuak dituanak oek garbitzeko egiñ bear du alegiña. Neurri oek dira, nere Kristauak, andiai, txikiai, Apaizai, ta Apaiz ez diranai berdin dagozkigunak; eta neurri oek artzera mugitu nai ez duan Kristauak ez du konfesioko Sakramentuak eskatzen duan asmorik. Ekusten dezu, Kristaua, zer, eta nolakoa dan gure animak garbitzeko konfesioko Sakramentuak eskatzen duan ontzeko asmoa?

 

 

§ II.

 

        Nork orain aditzera emango du, zein sarritan egiten diran konfesio gaiztoak ontzeko asmo egiazkoa artu gabez? Arritzeko gauza da gai onetan gure itsumena! Ez du bekatariak berak nekatu nai egia onen begiratzen, eta bestek begien aurrean ipintzen badio argia, edo kentzen ditu begiak argiagandik, edo aldegiten du au ipintzen dioen lekuetatik. Ala gertatzen da dotrina argiak, eta animetako zauriak ukitzen dituenak egiten diranean: Bear bada premiarik geiena duenak goiz meza entzun da iges egingo due Jaunaren itza aditzetik, beren buruak ispilluan ekusi ditzeen beldurrez. Zuk, Kristaua, begiraldi bat eman giezu ontzeko asmoaren faltaz egiten diran konfesio gaiztoai. Konfesio gaiztoak bide onetatik egiten ditugu lenengo lekuan, baldiñ artzen ezpadegu bekaturik, larririk beintzat, batere iñon-ere, eta iñoiz-ere ez egiteko asmo egiazkoa. Eta asko, ta asko dira era onetako asmo egiazko gabe konfesatzen diranak. Ala gertatu oi da guraso zabarrakkin. Izango due bear bada beste bekatuetan ez erortzeko asmoa; baña zabarkeriaren bekatua geratzen zate bere oñean. Ala gertatzen da errietako karguetan nastutzen diran askorekin; izango dira bear bada gañerakoan gizon onak baña ez due izango bear dan asmorik, duen karguak, eta erriaren onak eskatzen duana egiteko. Ala gertatu oi da Mandamenturen bat oituraz ausitzen duenakin. Kutiziaren bekatuetan sarritan erortzen danak erraz artuko du asmoa lujuriako bekaturik ez egiteko; baña tratu zikiñak, usurak, eta tranpak utzitzeko? gutxitan. Lujuriaren atsegin loien ondoren, eta adiskidetasun, jolas, ta itzegite limurietan dabillenak erraz artzen du asmoa lapurretarik ez egiteko, baña utzitzeko bere lizunkeriak? gutxitan. Gazteak, utzi ezkero, Jaunaren beldur santua, ederretsi ezkero itzegite, ibillera, ta beste lujuriaren biskarekin nastutzen diran gauzai, ez oi du izan asmo egiazkorik bekatua osotoro utzitzeko, zentzatu ditezen artean. Orobat edaleak neke andi gabe artuko du asmoa lapurretarik ez egiteko, baña ez bere oitura txarra betiko utzitzeko. Au bera gertatzen da ezkontzeko egarriarekin llilluratuak, eta aizatuak dabiltzan zenbait gazterekin, ez due asmorik itzegite loiak, keñadak, edo oei darraizten gauzak betiko utzitzeko. Zer esango det munduaren beldurrez batzarreetan, edo beste edozeiñ lekutan dagotena egiten ez duenaz? Zer esango det azaria olloaren zai dagoan eran lagun urkoari txarkeri egiteko deretxaren zai, eta prest bizi diranaz? Zer esango det beren estadu, edo karguak dituan egin bideai begiratzen ez diezanaz? Zer Eliz Ama Santaren aginteak ezertan artutzen ez dituenaz? eta ezertan ez artzea gutxi baliz bezala Elizaren Mandamentuen izenik-ere aditu nai ez duenaz? Ah! gauza samiña da esatea, baña egia da, Kristaurik geienak ez duela biotzik betiko utzitzeko bekatua; ez duela bekaturik batere, eta iñoiz-ere ez egiteko asmo egiazkorik eta beragatik egiten dira konfesio gaizto asko, ta asko alde onetatik.

        Konfesio gaiztoak egiten ditugu bigarren lekuan ezpadegu artzen ezergatik-ere bekaturik ez egiteko asmo oso-osoa; itz batean, ezpagaude geren biotzetan prest ezergatik-ere bekatuari lekurik ez emateko, ez ondasunakgatik, ez onrakgatik, ez munduagatik, ez eriotzagatik, ez bizitzagatik. Ongi. Ta au onela bada, dan bezala, zenbat, eta zenbat konfesio gaizto egingo ez dira ontzeko asmo oso onen faltaz? Zeiñ da alabaña sasoi onen ederrean, eta era onetan prest egon dana konfesatzera etorri danean? Mira ezazu, Kristaua, zure biotza, eta erantzun beza berak, dio S. Agustiñek. Respondeat cor vestrum. Prest ote zegoan zure biotza Jaunaren Legea ez ausitzeko edozeiñ nekeren kostuan-ere? An tribulatio? Prest ote zegoan onetarako naiz ekusi zere burua estutasunik andienetan? An Angustia Naiz ekusi zere burua goseak? An fames? Larrugorrian, edo guziaren gabean? An nuditas? Prest ote zegoan zure biotza Jaunaren aginduak egiteko, naiz emendik etorri aideen, adiskideen, ongilleen aserratzea? Naiz lagunen isekak eta burlak? An persecutio? Prest ote zegoan zure biotza bekaturik ez egiteko, naiz lepoan ekusi ezpata? An gladius? Erantzun bezee gure biotzak. Responeat cor vestrum. Ai! nere Kristauak! Beldur naiz nere buruaz, eta beldur naiz geien geienaz gai onetan. Atozea, Kristaua, nola asmo, ta sasoi onen prestua izan zentzakean konfesatu zeranean: baldin prestatzeko arretarik izan ezpadezu? Nola izan zentzakean asmo, ta sasoi onen prestua, edozeiñ bide asko badezu birauak egiteko? gurasoak naigabetzeko? itz desonestoak esateko? lagun urkoaren kontra nola nai itzegiteko? Nola izan zentzakean asmo, ta sasoi onen prestua, baldiñ urliaren losentxa bat, begiratze bat, edo urliarekikoa galtzeko beldur bat asko izaten bada zuk zure Jaungoikoa utzitzeko? Nola izan zentzakean asmo oso, eta sasoi prestu au, baldiñ asko izan bada, lagunak bekatura, perilletara dijoazela, ekustea: egiñ dezagun kontu danza zikiñetara, etxeren bateko jende zoroen ardalletara, zu ere an ondoren lasterka joateko? Ta au gutxiago edo geiago beti munduan gertatu bada, zer izango ezta egungo egunean? Zer? ezta egungo egunean gala egiten jokoaz, berandu etxeratzeaz? Ezta desprezio egiten gurasoaz, errietako buruaz, Abendu Santuaz? O! denbora doakabeak! denbora ondoren negargarriak ekarriko dituzuenak, ezpagera zentzatzen!

        Konfesio gaiztoak egiten ditugu atzenean, baldiñ ontzeko gure asmoak ezpadira eragilleak, au da ar-erazten ezpadizkigue ontzeko bear diran bizimodua, eta neurri egokiak. Au da, nere Kristauak, asmo egiazkoaren marka, ta siñalerik ederrena. Eta siñale au bada asmo egiazkoa ezagutzeko siñale, ta marka, zer esango degu gure ontzeko asmoaz? Non dira alabaña egungo egunean konfesatuta Kristauari dagokan eran bizitzeko neurria artzen dituenak? Non dira bekatuaren bide, eta perillak osotoro, ta betiko utzitzen dituenak? esan bezee gauetako egoerak, iskanbillak, eta jolasak. Esan bezee iñuteriko, eta beste denboretako zalagardak. Esan bezee neskatxa-mutillen billerak. Eta utzitzen ezpadira bekaturako bide, eta perillak, ekusia dago ez dirala izan gure asmoak eragilleak. Non dira konfesatuta saiatzen diranak ongi bere griña nagusiak, jenio, ta oitura gaiztoak ezitzera, ta ukatzera? Itzegin beza bakoitzaren bizitzak, ta esango digu igaz biraugillea zana, ala dala aurten-ere. Igaz zabarra zan gurasoa are zabarragoa dala aurten. Igaz itzegite, ta beste moduetan zikiña, ta desonestoa zana, are zikiñagoa dala aurten. Igaz esku luzea zuanak aurten are luzeagoa duala. Igaz lagun urkoaren kontra erraz itzegin oi zuanak, aurten askoz geiago. Non dira konfesatuta osotoro utzi dituenak lagun urkoari bekaturako bidea ematen dioen gauzak? Zer esango degu, lagun urkoaganako gorrotoan bizi diranaz? zer, lagun urkoari ondasunetan, onran, faman, eta izen onean egindako kalteak zuzentzeko mugitzen ez diranaz? Zer, dotrina, ongi konfesatzeko modua, eta bere estadu, edo karguak dituan obligazioak ikasten ez dituanaz? eta ikasi ordean iges egiten duanaz ikasteko bidetik? Zer esango degu atzenean egin-bide argiak, eta bidezko dudarik ez duenak adituta erausian dabillenaz gauza berrien batzuek nolanai esaten balira bezala? Oek guziak konfesatuta-ere ez due asmo eragillerik; zeren ezduen biotzik ontzeko bear diran bizimodu, ta neurriak artzeko. Ezta borondate osoa, dio Santo Tomasek, deretxa etorrita obraz agertzen ezpada. Non est perfecta voluntas, nisi sit talis, quae oportunitate data operetur.

        Ekusten dezu, Kristaua, nola gure animen puzo biurtzen degun konfesioko Sakramentua? Ekusten dezu zeiñ sarritan egiten diran konfesio gaiztoak ontzeko asmo egiazkoaren faltaz? Ta au guzia ezaguturik ez ote degu beste bizimodurik artu bear? Zer atera dezu, Kristaua, zure oraindañoko bizitza gaiztoaz? Zer, ezpada illuntasunak, tristurak, eta arantza gogorrak? Zer, ezpada lotsa anima galgarri bat eragozten dizuna konfesatzea? Zer, ezpada zere bizitza gaiztoa osotoro utzitzera eziñ mugitu bat? Noiz zentzatuko ote zera? Atozea, eztakizu zeiñ ona, zeiñ beraa, zeiñ miserikordiosoa dan zure Aita Zerukoa? Eztakizu zure billa dabillela aspaldiko denboran? Deitzen, eta bere barkazio eskintzen dizu. Zu argana biurtzen zeran puntuan, aztuko dala, dio, zure eskergabekeria guziaz. Biurtuko dizu galdu dezun graziaren soñeko ederra. Biurtuko dizu Zerurako esku, ta deretxa guzia. Berak, berak garbituko du zure anima; berak gau ta egun lagunduko dizu Zerurako bidean; eta ezta beraren graziarekin eziñ dezagun gauzarik. Presta zaite bada, bekataria zere Jaungana joateko, eta egitzu berarekin pakeak. Bizi zaite Kristauari dagokan eran, onela iristeko betiko bizitza doatsua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa