www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI TA AMABOSTGARREN ERAKUSALDIA

 

Adirazten da, zer gisatan erraz, edo aisa ikasi dezakegun Jaunaren aurrean ibiltzea.

 

Ambula coram me, et esto perfectus. Genes. 17

 

        Ekusi genduan leneko egunean Jaunaren aurrean ibiltzeak zeñ ongi laguntzen duan naiz bekatuan ez erortzeko, naiz egin bear ditugun gauz onak kontuz egiteko. Au onela izan, ta alaere mundua galdurik, ta bekatuen osin izugarrian ondaturik arkitzen da egungo egunean! Zergatik ote? Zeren gure griña ta pasio txarren lañoak alde guztietatik inguraturik, begiratzen ez diogun gure aurrean, ta gurekin beti beti dagoen Jaungoikoa Ekusle maitagarriari: ta berari begiratu bearrean, edo ordean, naiago genduke noaski fedearen argiak animako begien aurrean ipintzen ezpaligu Jaun bera. Loiak, ta nazkagarriak dira bekatariaren lanak, dio Dabik Santuak: zeren begiratzen ez dion bere aurrean dadukan Jaun Jaungoikoari. Non est Deus in conspectu ejus: inquinatae sunt viae illius in omni tempore (Psalm. 9). Au gertatu ez dakigun emendik aurrera, ekusi bear degu gaur, zer gisatan erraz, edo aisa ikasi dezakegun Jaunaren aurrean ibiltzen. Aditu kontuz.

 

 

§ I.

 

        Jaunaren aurrean, ta begietan ibiltzea da gure lanak, ta gure bizitzako pausoak egitea. Jaun andi au begira dagokigula oroituaz, ta beraganontz biotzak mugitzen ditugula. Ta nork eztakus, nere Kristauak, zeñ gauz errazak diran bi gauz oek edozeñ Kristaurentzat, onek biotzetik bere Jaungoikoa serbitu nai badu? Baña zeñ errazak diran bi gauz oek obeto ezagutzeko, begiratu bear diegu biai banaka.

        Jaunaren aurrean ibiltzea da beñik beiñ gure lanak, ta gure bizitzako pausoak egitea, gure Jaun Jaungoikoa begira dagokigula oroituaz. Ezagutzen det, nere Kristauak, zeñ erraz gure gogo, ta biotzak munduko arazo, kontu, ta aurkerien ondoren dijoazen, ta zeñ laster aztutzen geran gure Jaun andiaz. Baña denbora berean ezin ukatu dezakegu, dan Kristaurik ezjakiñenak-ere erraz bere gauzak egingo dituala Jaunaren aurrean dagoela oroituaz, baldin oitutzen bada maiz, edo sarritan sinistera Jaun andi au arkitzen dala munduaren bazter guzietan, ta gu gauden edozeñ lekutan bere izate eder baztergabekoarekin, bere Esku, edo Al guztiarekin, ta bere Jakiundearen begiakin guztia ekusten duala. Idiki itzatzu, Kristaua, zure animaren begiak, begira giozu fedearen argiarekin zure Jaungoikoari. Ekusiko dezu ain andia dala beraren izate ederra, non ez duan, ta ezin izan-ere dezakean neurririk, bazter, edo mugarik. Betetzen ditu Zeru-lurrak, ta oetan arkitzen diran gauza guztiak, ta era berean beteko lituke mundu berriak, eta berriak egingo balitu. Andia da bai, dio arriturik Baruk Profetak, ta andia bukaerarik gabe. Ez da ez gure arteko bakoitzagandik urruti arkitzen: beragan bizi gera, beragan mugitzen gera, ta gaude esaten zien S. Paulok Athenasko jendeai. Begira giozu berriz ere zure Jaungoikoari, ta ekusiko dezu bere esku edo al guztiarekin arkitzen dala edozeñ lekutan; Guzialduna da alabaña beti, ta toki guztietan, ta nai izate utsarekin gauza guztiak egin zituana, guztiak desegin ta berriro egin ditzakeana. Begira atzenean Jaun berari, ta ekusiko dezu, bere Jakiundearekin begira dagotela gertatu diran, gertatzen, ta gertatuko diran gauza guztiai. Ez da Jaunarentzat gaurik, ez da illuntasunik, ez da zokorik. Au adirazten digu Eskritura Santak, esaten digunean, Eguzkia bera baño argiagoak dirala Jaunaren begiak. Atozea orain, Kristaua, ez da gauza erraza dan ezjakiñenarentzat-ere maiz Jaungoiko Andi au gogora ekartzea? maiz sinistea Jaun bera arkitzen dala munduaren bazter guztietan, ta gu gauden edozeñ lekutan? Ez da gauz erraza lanen bat asitzean, edo bukatzean, neke, edo estusasunen bat datorkigunean, Jaun au begira dagokigula oroitzea? Oroitzen gera aisa edozeñ lekutan, ta edozeñ denboratan, beñere oroitu bear ez gendukean gauzaz: ta ez da erraz izango, gure Jaun Jaungoikoa gure Egille andia, gure Aita maitagarria begira dagokigula, ta beraren aurrean arkitzen gerala, oroitzea?

        Onetarako batzuek, beñ gogoratzen due Jaungoikoa itsaso andi bat baliz bezala, ta beren buruai begiratzen dieza itsaso onek alde guztietatik inguratzen balitu bezala. Etzaiteztela zuek onelako antz, edo imajiñak zeren buruetan ezin moldaturik nekatu; au lizake alabaña askorentzat burua alferrik nekatzea. Gañera gure Jaungoikoa Espiritu uts-garbia da, ta beragatik ezin guk molda dezakegu beraren antz edo imajiñarik. Beste batzuek gogora ekartzen due Jesu-Kristo gure Jauna, ta egiten ditue beren gauzak, Jesu-Kristo beren aldamenean baleukee bezala. Atzenean besteak beren gogoan artzen due Jesus maitagarria bere Pasioko pausoren batean egon zan eran, egin dezagun kontu Jetsemaniko baratzan odolezko izerdia lurreraño zeriola. S. Bernardo, ta S. Buenabentura gogoz, edo pensamentuz joaten ziran Jesusen kostadura, ta an sarturik zeudela egiten zituen beren lanak, ta gordetzen ziran etsaiaren peril guztietatik. Era onetan Jaunaren aurrean ibiltzea jaiera guztiz ederra, ta gure animentzat ondasun andiak ekarriko lituakeana da; baña ez da guztientzat egokia; zeren geienak moldatuko ez lirakean Jesusen pauso oek maiz bear dan eran begien aurrean ipintzeko, edo Jesus beraren kostaduari gogoz begiratu, an sartu, ta gorderik egoteko, denbora berean beren bizimoduko lan guztiak kontuz egiten dituela. Ta onezaz gañera Jesu-Kristo gure Jauna, gizona danez, Zeruan, ta Aldareko Sakramentuan bakarrik arkitzen da. Mundu guztian, ta gu gauden, edo gabiltzan lekuetan. Jaungoikoa bakarrik da munduaren bazter guztietan, arkitzen dana: ta Jaun onen aurrean, ta begietan ibiltzeko modurik errazena, da sarritan sinistea egia au, sarritan gogoratzea nola begira dagokigun, ta berari begiratuaz gure lan, ta eginbideai jarraitzea.

 

 

§ II.

 

        Ona da, nere Kristauak era onetan, edo Jauna begira dagokiola oroituaz bakoitzak bere lanak egitea; onela ari danak alabaña nai ta ez kontuzago egingo ditu gauz onak, ta lotsatuko da askotan, Jaungoiko beraren aurrean bekatuari, edo bekaturako bidea ematen duen txorakeriai bere barrenen leku emateaz. Baña zuk, Kristaua, ez dezu onetan geratu bear, ez: baizik, zure Jaunaren aurrean zaudela, ta begira-begira dagokizula oroitzeaz gañera, alik maizena begira dagokizun Jaunagana jaso bear dezu zure biotza, ta aoaz ezpada biotzez bederik agertu beraganako onginaia, esker ona, beraren laguntzaren premia, zure bekatuen damua, itz batean eman giozu berari aldezun eran zure biotza. Ez da onetarako irakurtzen jakin bearrik, biotza altxatzea bear da gurekin ta guri begira dagoan Jaungoikoaganontz. Ongi, nere Kristauak: ez da au gauza guztiz erraza dan ez jakiñarentzat-ere? Zenbait Kristau onentzat asko da zelai bat lore ederrez betea ekustea, gauza guzien Egille andiaren edertasun paregabea gogora ekartzeko, ta S. Agustiñekin esateko: O edertasun anziñakoa, baña beti berria! Batzuek ekusten baditue labore ederrak, altxatzen due biotza Jaunagana, ta esaten dioe: O nere ongille maitagarria! ni zuzaz azturik: ni bekatua bekatuaren gaiñ egiten, ta zu onenbat ontarte niri egiten? Milla esker Jauna. Besteak neke andiren bat datorkienean, esaten dioe: Jauna geiago, eta geiago merezi due nere utsegite, ta bekatuak: egin bedi zure borondatea! Batzuek lanean ari diranean, edo tentazioren batek estutzen dituanean, bereala begiratzen dioe beren Jaungoikoari, ta biotzez otsegiten dioe: Atoz, atoz, Jauna, laster niri laguntzera. Baña ez da itz oek gogoan artu bearrik: asko da aldan eran, ta bakoitzak bere modura biotz on, ta prestu batekin begira dagokan bere Jaungoikari zerbait esatea.

        Nekatzen dira asko irakurtzen ikasten, obeto, ta errazago ezagutzeko birtutearen bidea; ta ongi egiten due. Ikasten ditue beste zenbaitek liburuetan arkitzen diran orazio, edo erregu egokiren batzuek. Gauz ona da au ere. Atzenean asko dira berengan ansiatzen diranak, zeren irakurtzeko, ta orazio piska bat egiteko denbora egokirik ezin iritsi duen; baña ez due Kristau oek zer estutu orregatik: naiz ez jakin irakurtzen, naiz ez izan bakardadean irakurtzeko deretxarik; baldin arretaz oitutzen badira, sarritan begiratzera leku guztietan, ta gu gauden tokian bertan dagoan Jaungoikoari, ta oni begiratuaz, ta oni noizean beiñ biotza jasoaz, beren lanak, ta nekeak egiten baditue, au, nere Kristauak, izango da irakurtze guztiak, ta orazio guztiak baño ondasun geiago emango diena, edo obeto esateko orazioa egiteko modurik onena, errazena, ugariena. Begira ezperen anziñako Patriarka Santuai. Etzuen egiaz oek oraiñ guk ditugun deboziozko liburu oenik, ta ala ere igo ziran Santidade goi-miragarri batera; nola uste dezue? Jaunaren aurrean zebiltzala, edo berbera dana, sarritan oroituaz begira dagoan Jaungoikoaz, ta sarritan beragana biotza jasoaz. Au da Eskritura Santak ematen dien alabantza andia aetatik batzuei. Ibilli zan Enotx Jaungoikoarekin, ta ezkutatu zan, zeren Jaungoikoak kendu zuan, dio Eskritura Santak, Patriarka aren gañean itzegiten duanean. Ambulavitque cum Deo, et non apparuit, quai tulit eum Deus (Genes. 5). S. Basiliok, neke, gurutze, ta tentazio guztien sendagaitzat ematen du Jaunaren aurrean ibiltze au. Oitu gaitezen bada, nere Kristauak, Jaunaren aurrean, ta begietan ibiltzera. Maiz sinistu dezagun munduaren bazter guztietan, ta gu gauden edozeñ tokitan arkitzen dala gure Jaun Jaungoikoa bere izate andi baztergabekoarekin bere esku, ta al guztiarekin guri laguntzeko zai bezala, ta atzenean bere Jakiundearen begiakin ekusten dituala guk egiten, ta gogoan igarotzen ditugun gauza guztiak. Ni naiz testigu, ta denbora berean ni nerau naiz Juez dio Jaun berak. Baña egia au sarritan gogora ekarri, ta sinisteaz gañera, noizean beiñ biotzak jaso bear ditugu beraganontz. Onela zuzenduaz joango da bekataria bere bizieran, ta aurreratuaz onak birtutearen bide ederrean. Ambula coram me, et esto perfectus. Au da guztioi opa dizuedana emen, ta beti betiko atsegin kontentuak Zeruan. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa