www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMABOSTGARREN ERAKUSALDIA

 

Bekatuak berekin ekarri oi dituan ondoren gaiztoen artean, lenengoetatik izan oi da bekatuan erortzeko oitura, eta onen gañean izango da Erakusaldi au.

Adirazten da lenengo lekuan, zeñ minanze gaiztoa dan bekatuan erorteko erraztasuna, edo oitura.

Adirazten da urrena, nolako arreta ipiñi bear duan bekatariak miñanz onetan ez erortzeko.

 

Dereliquisti Dominum Deum tuum...
Scito et vide, quia malum, et amarum est
reliquisse le Dominum Deum tuum.
Jerem. 2.

 

        Utzi dezu; Kristaua, zure Jaun, eta Jaungoikoa, eta beraren ontasun baztergabea era askotara adirazi bazatzu ere, etzera beraganonz asi, eta ala asi bearrean, geroago eta sorrago zaudela, dirudi. Gauza bearra da beraz Erakusaldiak garraztutzea, eta samintzea zerbait: Orregatik ekitera noa, bekatuak berekin ekarri oi dituan, ondoren samiñai. Oen artean lenengoa bezala da bekatuan erortzeko erraztasuna, eta oitura: eta au izango da gaurko itzaldiaren gaya. Aditzera emango det lenengo lekuan: zeñ miñanze gaiztoa dan bekatuan erortzeko erraztasuna, eta oitura. Urrena, nolako arreta ipiñi bear duan batez ere gazteak miñanz onetan ez erorteko. Enzun, bekataria, gaitz onetatik aldegiteko gogo, eta asmo sendo batekin.

 

* * *

 

        Bekatuan erorteko oituraren izenez ez degu aditzen bekatuan nolanai erortzea; baizik sarritan eroriaz batek bere buruari erantsitzen dion griña gaiztoa. Asitzen da urlia juramentuak gezurraren gañean egiten; sandia, birauak lagun urkoari botatzen: berendia ordikerietan. Asitzen da urlia atsegiñ lizunetan bere buruarekin, edo besterekin; sandia beste bekaturen batean: lenengo bekatu oek ez dira oitura; baña baldin bekatariak jarraitzen badio asi duan lan gaiztoari, eta sarritan erortzen bada, laster erantsiko dio bere buruari bekatuan erortzeko erraztasun, eta oitura. Askotan gertatzen da Konfesoreak galdetzea bekatariari, len izan ote duan bekatu onetan, edo artan erortzeko oitura? eta orduan aitortu bear da, dana dan bezala; eta naiz galde dezala, naiz ez, baldin oraingo bekatu orietan erortzeko oitura izan badezu; eta desegin, edo garaitu gabea bada, esan bear diozu konfesoreari: Jauna bekatu onetan erori naiz onenbeste bider azkeneneko konfesiotik oraindaño; eta lenagotik det bekatu au egiteko oitura, ongi garaitu gabea. Begira dezaun oraiñ, nolako miñanzea dan oitura au.

        Bekatuan erortzeko oitura da, batek bere buruari erantsitzen dion, griña bat, berez, eta sortzetik bertatik dituan griñen anzekoa, S. Agustiñek dion bezala: Quasi secunda et affabricata natura. Emendik dator oitura gaiztoa bekatariari utzierazteko nekea. Otsoak berez dakar ardietarako, azariak olloetarako, eta arranoak sarraiskiaganako griña, eta nekez galerazoko zate au: eta onen anzekoa da oitura gaiztoa.

        Bekatuan erortzeko oitura, batezere zarra bada, da miñanze bat eziñ sendatu ditekeana. Sendatu liteke, baldin Jaunaren lagunzarekin egingo balu bekatariak egin lezakeana; baña ez oi du izan biotzik onetarako. Asiko da bearbada Konfesioko Sakramentua sarritan artzen, eta aspertzen da bereala: asiko da lagun gaiztoetatik aldegiten, eta ezin dago aetara joan gabe, eta biurtzen da leneko bekatuetara. Ala egun oro ekusten da birauak botatzeko, juramentu gezurrezkoak egiteko, ordikeriarako, keñada, eta ukiera Iotsagarriak egiteko, itz desonestoak esateko oitura zarra duenakin. Orregatik esaten digu Jaunak Eskritura Santan: Etiopiako beltz bat zuritzen danean, eta katamotzak uzten dituanean bere nabardurak, edo mantxak, utziko dituzue zuek ere artu dituzuen aztura, edo oitura txarrak: Si Aethiops mutare potest pellem suam, et pardus varietates suas, et vos poteritis bene facere, dum didiceritis malum.

        Bekatuan erortzeko oitura da miñanze bat, anima uzten duana itsua, sorra, eta gorra. Aditzen, edo irakurtzen bada zerbait, bekatuak berekin dakartzian, betiko su, eta garren gañean, bereala itzutzen ditu animaren begiak, agradatzen zaizkan gauzetara. Aditzen baditu, Jaunak bere adiskide, eta serbitzarientzat prestaturik dauzkan, atsegin-kontentuak, geratzen da Indietako ondasunen berriak adituko balitu bezala, ezeren uste, edo esperanza gabe. Onela bizi da bere oitura gaiztoan oatua bezala, eta ez du bizitza ontzeko neurririk artzen.

        Bekatuan erortzeko oitura da miñanze bat bekatariaren biotza gogortzen duana, mallukaria ari zayon ingudea gogortzen dan eran. Bidaltzen badiozka Jauanak nekeren batzuek, zentza dediñ, Jaunagana biurtu bearrean, emendik artzen du bidea, birau, eta beste bekatu berriak egiteko. Orregatik onelako bekatariaz itzegiten duala, Jaunari esaten dio Jeremiasek: Jo dituzu eta ez due beren gaiztakerien damurik artu: Percusisti eos, et non doluerunt: zeatu dituzu, eta ez due bizitza ontzeko neurririk artu nai izan: Attrivisti eos, et renuerunt accipere disciplinam (Jerem 5). Baldiñ gurasoak, edo arzayak zerbait esaten badio, utzi ditzan lagun, eta etxe gaiztoak, eranzungo du: ekusi nai ez naue zeinbaitek, eta oetakoren bat izango zan berri oen ekarlea: ennbidia da guzia, eta eztanda egingo badue ere, miñ onekin egon bearrak dira. Ez da batere lotsatzen bere bizitza gaiztoaz, eta lotsatu bearrean, emakume gizakoyaren aurpegia erakusten du, Jeremiasek dion bezala: Frons mulieris meretricis facta est tibi (cap. 1). Gertatzen da onelako bekatariarekin buztiñari eguzkiarekin gertatzen zayona: atera bitez eguzkitara argizagia, eta buztiña: bidaltzen diezte eguzkiak bere berotasuna, eta argi ederrak: argizagia gozatzen, eta biguintzen da; baña buztiña? elkortzen, eta gogortzen da: eta ona bekatuaren oitura gaiztoan dagoanarekin gertatzen dana: asko Jaunaren Itza adituaz, Sakramentuak artuaz, eta Jaunak bidaltzen diezten nekeakin biguintzen, eta benaz sartzen dira Zerurako bidean; baña bekatuaren oitura zarrean bizi dana geroago eta elkorrago egiten da, ala Jaunaren Itzarekin, eta Sakramentuakin, nola emengo neke, eta gurutzeakin.

        Bekatuaren oitura da minanze bat, bekatuen neurriaz kanpora amilderazo oi duana anima gaixoa. Au zuk ezagutzeko, jakizu, gure Jaunak gauza guziai ipiñi diela beren neurria, Espiritu Santuak esaten digun bezala: Omnia in mensura, et numero, et pondere disposuisti (Sap. 11). Emendik markatua dago Jaunagan, gutatik bakoitzari barkatuko diozkan bekatuen neurria. Iru bekatu barkatuko dieztet Damaskoarrai, zion Jaunak Amos Profetaren autik; baña lautara igarotzen badira, ez diet barkatuko: Super tribus sceleribus Damasci, et super quatuor non convertam (Amos c. 1) Jakizu gañera, neurriaz kanpora egiten dan bekatu ura dala zauri bat beñere ongi sendatuko ez dana, eta garranga bat betiko eriotzaren puzoya berekin duana: eta garranga au irinsi duana arkitzen da betiko su, eta garren arterako prestatua. Atozea oraiñ, Kristaua, bekatuaren oituran bizi dana ez dijoa eyaka, edo lasterka bezala bekatuen neurri, eta muga igarotzera? Atozea, eta alaere etzera esnatzen, bekatutik aldegiteko, eta Jaunagana biurtzeko?

        Bekatuaren oitura da atzenean miñanze bat, beartzen duana Jesu-Kristo, uztera bekataria bere gura txarren mendean, eta beragandik betiko aldegitera: banoa ni, esan zien Juduai, banoa ni, eta nere billa ibilliko zerate, baña alperrik: illko zerate zeren bekatuan: Ego vado, et quaeretis me, et in pecacato vestro moriemini (Joan 8). Au bera esango dio Jesu-Kristok bekatariari, bekatuen mugatik igarotzen danean. Ay! eskergabea! esango dio, Zerurako egin zindudan, eta egin det ainbeste alegiña, arako bidean zu ipintzeko. Egin nintzan gizon, eman nuan gurutzean nere bizitza: ipiñi nituan Sakramentuak, eta geratu ninzan Aldareko Sakramentuan, zuri emateko nere ondasun guziak, eta zu giatzeko Zerura. Baña guzia izanda zuretzat alperra. Deitu dizut, eta ez dezu aditu nai izan nere deya: gera zaite bada zure griña, eta oitura gaiztoen mendean: banoa ni zugandik betiko: Ego vado. Ordutanik aldegingo du bekatariagandik Aingeru goardakoak: aldegingo du Birjiña txit Santak, eta geratuko da doakabea Zeruko inz, eta euri gozoak ukitzen ez duan ur elkorra bezala, eta illko da bekatuaren oitura gaiztoen atzaparretan. Badira itsasoak neguan ormatzen, edo jelatzen diranak: orduan ango arrayak daude sortuak; eta illak bezala; baña andik aterata surtan ipintzen dituenean, esnatzen dira. Arrai oea eran sortua bezala bizi oi da bekataria oitura gaiztoakin; baña emengo itsaso onetatik irteten, eta su, eta garren artean bere, burua dakusanean, esnatuko da doakabea.

 

* * *

 

        Ekusten dezu bekataria, nolako minanzea dan bekatuan erortzeko oitura? Minanz onetan eroriko zera, ezpazera esnatzen bekatutik irteteko, eta zere Aita onagana biurtzeko; bekatuak alabaña, ezpada biotzetik ayenatzen damu egiazkoarekin, bere kargarekin amilderazten du bekataria beste bekatuetan, S. Gregoriok dion bezala: Peccatum, quod paenitentia non deletur, mox suo pondere aliud trahit. Onela bekatua bekatuari eransiaz erortzen da oitura gaiztoaren miñanzean.

        Zer egin bear ote du bada gazteak miñanz onetan ez erortzeko? Egin bear duan lenengo gauza da lenbait len bere Jaunagana biurtzea: ala egin zuan seme ondatzalleak: joan zan bere Aita onagana, eta esan zion damu andiarekin: Aita egindet bekatu zure aurrean, eta zure kontra: ez naiz zure semearen izenarekin onratua izateko diña. Ala egin zuan Magdalenak ere. Bekatariak egin bear duan bigarren gauza da, bekaturako bide, eta perilletatik, etxe, eta lagun gaiztoetatik aldegitea; bestela bekatuaren berrizkaturan, eta oitura gaiztoaren miñanzean ororiko da. Irugarrena da bizitza eder, garbi bati jarraitzea, Sakramentuak sarritan artzen dirala. Era onetan bizi zaitezke bekataria oitura gaiztoan erori gabe: gazteak alabaña, gazte dala, artzen duan bidea ez du zartzen danean ere utziko, dio Espiritu Santuak: Adolescens juxta viam suam, etiam cum senuerit, non recedet ab ea (Prov. 22). Jauna, esango dit norbaitek: berorrek dion au guzia ongi dator, bekatuen oituran osotoro sartu ez diranentzat; baña ni oitura onetan bizi naiz aspaldiko urteetan, ez ote da neretzat miñanz onetatik irteteko sendagairik? Bai, eta asko, ta onak, eta zuk leyalki artzen badituzu, sendatuko zera: baña ez ditu artu nai oitura zarra duanak sendagai egokiak, eta berekin darama obira oitura gaiztoaren lorra. Nai dituzu zuk sendagai egokiak artu? Zoaz bada Konfesore on bategana, eta egizu arretaz esaten dizun guzia, eta sendatuko zera. Au da S. Bernardok ematen dizun, sendagaya. Egin dezagun, nere Kristauak, denbora degun bitartean alegiña bekatutik aldegiteko, eta Jaunaren grazian irauteko: onela iritsiko degu betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa