www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI TA AMASEIGARREN ERAKUSALDIA

 

Jaunaren aurrean gaudela leku guztietan; eta non nai, ta noiz nai begira, dagokigula sinistearen gañean.

 

 

Dominum Deum tuum adorabis;
et illi soli servies.
Deuter. 6 et Math. 4

 

        Gure lan, eta egiteko guztien artean andiena, edo obeto esateko bakar bakarra da gure Jaun Jaungoikoa ezagutzea, adoratzea, ta serbitzea. Adoratuko dezu zure Jaun Jaungoikoa, ta ura bakarrik serbituko dezu, esaten zaku Eskritura Santan. Alaere egiteko au da guztien artean aztuena, ta beti geroko uzten deguna. Ta gauza negargarria! Egiteko oni benaz ekiñ baño len etorri oi da eriotza, ta galtzen dira betiko ezin konta al anima. Au gerta eztakigun, eta denbora berean Jauna serbitzean arkitu ditekean neke guztia gozatzeko, ta arintzeko da, egun oroko asi degun jaiera, edo debozioa. Ongi begiratzen badiogu jaiera oni, ta jaiera onetarako ipintzen diran gauzai, au da Kristauari dagokan bizitza onaren zimendua bezala; ta beragatik alik ongiena agertzea, azaltzea, adiraztea dagokana. Jaiera onen lenengo gauza da Jaunaren aurrean jartzea, edo sinistea Jaunaren aurrean gaudela, ta begira dagokigula; ta onen gañean itzegingo dizuet gaur. Aditzera emango ditzuet lenbizia: zer dan Jaunaren aurrean jartzea. Bigarrena: nola egin bear dan Jaunaren aurrean jartze au. Ta atzenean, zeiñ ondasun andiak gorderik dauden Jaunaren aurrean jartze onetan, siniste bizi batekin au egiten bada.

 

* * *

 

        Edozeiñ lekutan gaudela, nere Kristauak, beti arkitzen gera gure Jaun Jaungoikoaren aurrean, eta begietan, munduaren bazter guztietan arkizen da alabaña Jaun bera bere izate, bere esku, edo al, ta Jakiunde bazterrik, mugarik, eta neurririk ez duanarekin; eta nora nai goazela, beti egongo gera Jaunaren aurrean, eta begietan. Ez dezu ongi aditzen egia au? Enzun nazazu bada gutxi batean, eta uste det, adituko dezula. Asi gaitezen Jaunaren izatearen anditasunetik.

        Begira giezu begien aurrean dauzkagun gauzai. Andiak dira itsasoak, andiak lurreko zelaiak, aldapak, mendiak. Andiak dira gure gañean arkitzen diran odeiak, izarrak, eguzkia, ta Zeruak. Baña ezpalira bezala dira oek guztiak, Jaunaren izatearen anditasunari begiratzen badiozu. Betetzen ditu Jaunak leku oek guztiak, eta era berean beteko lituke milloika leku berriak eta berriak egingo balitu, egin litzakean bezala. Argatik arriturik dio Baruk Profetak: Andia da, ta andia mugarik, eta bukaerarik gabe. Zeruaren erpiña baño goragokoa da; infernuaren ondoa baño ondoragokoa; igarotzen ditu lurraren bazter, eta muga guztiak, eta itsasoa baño zabalagoa da, dio Job Santuak. Jaungoikoaren beraren barrenen bizi gera, mugitzen gera, ta gaude esaten zien S. Paulok Athenasko jendeai. In ipso enim vivimus, movemur, et sumus.

        Jaun onen eskua, edo ala beraren itzateari dagokana da. Nai izate utsarekin, eta ezer ezetik egin zituan Zeruak, eta oetan arkitzen diran izarrak, eguzkia, ta illargia. Nai izate utsarekin, eta ezer ezetik egin zituan lurra, ta lurreko gauza guztiak. Asko izan zan egin bedi au, egin bedi ura esatea, bereala egiñik agertzeko, dio Dabid Erregeak. Ipse dixit, et facta sunt: ipse mandavit, et creata sunt. Nai izate utsarekin egin zituan eran, gordetzen-ere die eman dien izatea gauza guztiai. Au onela ez izatera, biurtua lizake bereala mundua anziñako bere ezer ezean. Atzenean Jaunaren Jakiundea ez ta batere laburragoa Jaun beraren izatea, ta eskua baño. Ekusten ditu argiro gauza guztiak, gertatuak, gertatzen diranak, eta gertatuko diranak; eta ekusten ditu bat batetan diran bezala bere betiraunde, edo eternidadetik. A seculo usque in seculum respicit. Oro bat da Jaunarentzat gauza bat gertatzea gauaz, nola egunaren erdian; illunbean nola argitan; bakarrik, edo lagunakin, zokoan, sasian, gelan, edo plazaren erdian; pensamentuz, edo lanez; Jauna bera da alabaña neurririk ez duan argia, gauza guztiak diran eran agertzen dituana; ta Jaunaren begiak eguzkia bera baño argiakoak dira, dio Eskritura Santak: ez zeren Jaunak guk bezala lurrezko begiak dituan, baizik zeren guztia argiro dan bezala dakusen. Argatik esaten zion Dabid Santuak Jaunari: Non ezkutatuko naiz, Jauna, zure Jakiunde miragarri orregandik? Nora zure aurpegi ta begietatik igesi joango naiz? Joango banintz-ere Zeruaren goieneraño, an zaude zu: jatxiko banintz infernura, oro bat zaude zu an-ere; eta joan albanindeke egazti baten eran itsasoaren beste aldeko bazterretara, ezin alaere zugandik ezkuta nindeke. Aditzen dezu orain, Kristaua, nola gure Jaun Jaungoikoa arkitzen dan munduaren bazter guztietan, ala bere izate guztiz andiarekin, nola bere esku, ta Jakiunde bazter gabekoarekin? Ekusten dezu, edozeñ lekutan gaudela gu, nai ta ez arkitzen gerala Jaun beraren aurrean, eta begietan? Au da egia bat ezaguera duen guztiak aitortzen duena. Baña ez dezu uste izan bear, oro bat dala Jaunaren aurrean arkitzea, nola Jaunaren aurrean jartzea, ta ibiltzea. Jaunaren aurrean, eta begietan arkitzen dira arriak, belarrak, aritzak, eta zentzurik ez duen gauza guztiak ere, baña ez dira oek ez jartzen, ez ibiltzen Jaunaren aurrean, eta begietan. Zer ote da bada Jaunaren aurrean jartzea, ta ibiltzea? Da fedearen argiarekin gogora ekartzea, ta sinistea gaudela leku guztietan Jaunaren aurrean, eta non nai begira dagokigula; ta siniste onekin Jaunagana biotz osoaz geren lanak egitea. Zabiltza nere aurrean, eta begietan, eta zu izango zera bear bezalakoa, esan zion Jaunak Abrahan Patriarkari. Ambula coram me, esto perfectus. Ala guk egin bear genduke; ta besterik izango lizake gure bizitza. Baña ez gaitezen geiegi emen geratu. Goazen ekustera, nola egin bear dan Jaunaren aurrean, eta begietan jartze au, emendik atera ditezkean, ondasun andiak guk ez galtzeko.

 

* * *

 

        Jaunaren aurrean, eta begietan jartzeko ta ibiltzeko jaiera ongi egiteko, bear dira iru gauza. Lenengoa da fedearen argiarekin gogora ekartzea, ta sinistea, arkitzen gerala gure Jaun Jaungoikoaren aurrean, ta begietan. Batzuek nekatzen due, ta berotzen burua Jaunaren antz, edo imajiña beregan sortzen, eta moldatzen: egin dezagun kontu Argitasunezko itsaso bat baliz bezala. Baña etzaitezela nekatu zu, Kristaua, Jaunaren antz, edo imajiñen billa; alde batetik alabaña Jaungoikoa da izate bat esan, eta gogora al ditezkean beste gauza guztiak baño andiagoa, goiagoa, eta miragarriagoa, ta beste aldetik Espiritu uts garbia; ta beragatik ezin gerengan sortu dezakegu beraren antz, ta imajiña egokirik. Beste batzuek gogoz, eta pensamentuz joaten dira Jesu-Kristoren saietseko llagara, ta guganako amorioak idiki zuan ate artatik sartzen dira: an sarritan eskatzen diozkee Salbatzalleari bere laguntzak ongi bizitzeko; an milla esker ematen diozkee egin diezten mesedeaz; ta an ezkutatzen dira edozein perill, edo tentaziok ekiten dienean. Ala egiten zuen S. Bernardok, eta S. Buenabenturak. Eta S. Franzisko Salesek-ere nai du, tentazio leiaturen batek ekitean, gogoz, eta biotzez laster egitea Jesus gurutzefikatuagana, ta an bertan begien aurrean ekusten balu bezala, berari eldutzea perilla igaro artean. Onak dira gauz oek guztiak; baña bi gauza kontuz gogoan artu bear dituzue. 1.a era onetan Jesu-Kristoren saietsera joatea, edo begien aurrean balego bezala berari eldutzea da gogo, eta pensamentu utsezko gauza; Jesu-Kristo alabaña, gizona danez, ezta arkitzen leku guztietan; baizik Zeruan, eta Aldareko Sakramentuan. 2.a Jesus gurutzefikatuakin, eta Jesusen pasioko pauso, edo llagaren baten gañean sarritan, eta benaz pensatu izan duanak, aisa edozeiñ perilletan, edozeñ ordu ta lekutan gogoz, eta biotzez laster egingo du, Jesusen llagetara, edo pasioko pausora; baña gauz oek gogoan erabiltzeko oiturarik izan ez duana nekez moldatzen da. Atzenean beste batzuek bakar-bakarrik fedearen argiarekin gogora ekartzen due, ta sinisten, leku guztietan dagoan Jaun Jaungoikoaren aurrean, eta begietan daudela, beste gauza, ta pensamentu zallagotan sartu gabe. Eta au da era ta modurik errazena guztientzat, jakintsuentzat, eta ez jakiñentzat.

        Jaunaren aurrean jartze, ta ibiltze au ongi egiteko, ez da asko gogora ekartzea, ta sinistea Jaun baeraren aurrean, eta begietan arkitzen gerala. Baldin, egia au gogora ekarrita sinistu ezkero, geratzen bazera len bezala; ezpadiozkatzu begira dagokizun Jaun Andiari zere agur umillak egiten; edo ezpadezu konturik, eta arretarik biotza beragana jasotzeko: esan gidazu, Kristaua, zertarako da Jaunaren aurrean zaudela sinistea? Ez dezu ekusten, siniste au dala siniste antzua? Argatik bada Jaunaren aurrean, eta begietan gaudela sinistu ondoan, altxa bear degu biotza beragana, aldian aldiari dagokan eran. Batzuetan edertasun baztergabearen aurrean gaudela gogorarik, esan dezakegu: O edertasun anziñakoa, baña beti berria! Non nabill zuzaz azturik, ta zeren billa? izanik zu ondasun guzien jabea ta iturburua? Besteetan beraren kontra ainbeste bider altxa gerala, ezaguturik, esan dezakegu: Ta zuk, Jauna, ekusirik nere eskergabekeria itsusiak, nere bekatu izugarriak, ez nazu alaere betiko su, eta garren artera bidaldu? Nola erantzungo diot zure ontasun, eta miserikordiari? Batzuetan eskerrak eman bear zaizka beti egiten dizkigun mesedeaz; besteetan eskeñi bear diogu asitzen degun lan, edo egitekoa. Neke, gurutze, edo naigaberen batek ekiten digunean jaso bear degu biotza, ta esan: Zure izenean izan bedi, Jauna, nere neke au: bedeikatua izan bedi zure izen Santua. Tentazioren bat datorrenean lenbait len gogo, ta biotzez joan bear degu bertan begira dagokigun Jaunagana, aur bat, otsoa ekustean, bere Aita, edo Amaren besoetara lasterka dijoan eran. Esan degiokegu orduan S. Pedrok Jesu-Kristori esan zion eran, itsasoa aserratuta galtzeko perillean zebillenean. Jauna gorde nazazu, galdua naiz bestela. Baña kontu, Kristaua; ez dezu uste izan bear, itz oekin, edo bete onelakoakin bakarrik biotza altxa bear dala Jaunagana. Eztabill Jauna itz polit-ederren billa; eta ez dira itz ikasiak ain onak, nola Jaunaganako mugimentuak eralkitzen dituanak. Jaungoikoak nai duana da biotz oso-prestu bat: jaungoikoak nai duana da biotza beragana jasotzea; naiz itzik ez esan, edo itz politik ez jakin.

        Atzenean Jaunaren aurrean jartzeko, ta ibiltzeko ejerzizio au ongi egiteko gauza bearra da arretarekin, eta sarritan, Jaunaren aurrean, eta begietan gaudela, sinistea, ta sarritan biotza beragana jasotzea, batez-ere orduren bat aditzean, lanen bat asitzean, edo bukatzean, mesederen bat egiten digunean, neke, gurutze, edo tentazioan arkitzen geranean. Era onetan gu oraindañokoan saiatu izan bagiña, etzan izango, ez, gure bizitza izan dan bezeñ txarra, ta negargarria. Nekatzen dira batzuek (eta ongi egiten due): nekatzen dira irakurtzen liburuak, ikasteko orazio egiten; baña ez due guztiak onetarako era. Nekatzen dira beste batzuek, liburuetan arkitzen dituen, orazioren batzuez gogoan artzen. Ongi egiten due oek-ere; baña ez due guztiak aukera oetan ibiltzeko era; ta bestetik gerta diteke erraz, orazio oek gogoan arturik, loroak bezala esatea biotzaren mugimenturik gabe. Ala egun oro gertatzen zaku Aita gurearekin, orazio guztien artean onena bada-ere. Baña Jaunaren aurrean jartzeko, ta ibilteko jaiera au da guztiontzat erraza, edozeñ lekutan, naiz etxean, naiz bidean, naiz lanean ari geranean, egin ditekeana: ta esan diteke jaiera au gogotik artuta egiten duana egun guztian orazioan dagoala. Au zan anziñako Patriarka Santuen orazioa; Abrahan, Isak, Jakob, Jose, ta beste anziñako Santuak etzuen alabaña izan Jaungoikoaren aurrean fede bizi batekin jartzea, ta beraren aurrean ibiltzea beste libururik. Au da atzenean jaiera bat ondasun andiak berekin dakartziana, orain ekusiko degun bezala .

        Jaunaren aurrean jartzeko, ta beraren begietan ibilteko jaiera onetatik atera ditzakegun ondasunak, bitara biur ditezke. Oetatik bata da bekatutik gordetzea. Andiak dira, ta asko, inguratzen gaituen bekaturako perillak. Perillak aurtasunean, perillak gaztetasunean, perillak zartzean. Perillak barrendik, perillak kanpotik. Perillak lagun artean, perillak bakardadean. Perillak etxeetan, perillak plazetan, bideetan, soroetan, eta leku guztietan. Beteak daude leku guztiak perillez, beteak sarez, eta lazoz, dio S. Gregoriok. Plena omnia periculis, plena laqueis. Nork gorde gaitzake perill, eta lazo oen guztien artean? Nork, ezpada S. Pedro itsasoaren baga aserreen artean gorde zuanak? Nork, ezpada Babiloniako labe erazekian iru gazte Israeldarrak erre gabe gorde zituanak? Gurekin dago leku guztietan: Guztialduna da, ta nai izate utsarekin gorde gaitzake bekatuan erortzetik. Begira dago, ta zai bezala guri laguntzeko; baldiñ gu gerok geren naiez sartzen ezpagera bekatuan amiltzeko bideetan. Oitu gaitezen bada fede bizi batekin, eta sarritan sinistera, Jaun onen aurrean arkitzen gerala, ta begira begira dagokigula. Oitu gaitezen perill guztietan biotza beragana jasotzera, bere laguntza eskatzera: ta aizerik gogorrenak ifar gozotan biurtuko, perill guztiak desegingo dira. Baldin Erregeren zaldunak, Errege begira dagoala, ezpadira gauza gaiztora atrebitzen, berenez errebesak diranak-ere: baldin ume bat ezpada trebe bere gurasoaren aurrean esateko, ta egiteko, bestela esan, eta egin oi dituan gaiztakeriak nola guk izan dezakegu ausardia Jaungoikoaren aurrean bekatuari leku emateko, baldin fede biziarekin sinisten badegu, beraren aurrean gaudela, ta begira dagokigula? Au osotoro sinisturik gera gaitezen, begira dezagun, zer gertatu zan Jose Patriarkarekin, eta Susanarekin.

        Jose, Jakob Patriarkaren seme guztiz eder, eta maitea, bere senideen enbidiak saldu zuan. Erosi zuen aurrena Ismaelita merkatari batzuek, eta gero Ejiptoko Erregeren ejerzituen buru, ta agintari Futibar zeritzanak. Egiten zituan Josek bere nagusiaren aginduak leialki, ta bere kontura utzi ziozkeen gauza guzia, irteten zitzaizkan nagusiak nai zuan bezala. Ekusirik onek Joseren leialtasuna, ta doai ederrak, bere kontura eman ziozkan etxea, ta gauza guztiak; ta bereala ugaritu ziran Joseren eskuetan. Onela bizi zan Jose bere nagusiaren borondatearen, eta biotzaren jabe, ta bere Jaun Jaungoikoak begiratzen ziola gauza guztietan Aita onaren begiakin. Baña prestatu zion etsaiak lazo ikaragarri bat, Joseren izen ona, ta anima galerazteko txit perill andikoa, eta limuria. Jarri zitzaion egun batean etxeko andrea begira, ta Joseren edertasunarekin llilluraturik, ekin zion bear ez diran gauzetarako bidea ematen. Ekin zion ez beiñ bakarrik, baizik askotan, baña beti alferrik. Egun batean sartzen da Jose etxera, ta asitzen da bere bakarrean lanen bat egiten. Sartzen zaio etxeko andre ez garbia, ta kaparen erzetik elduta ekiten dio Jose tentatzeari. Zer egin zuan onek? Zer? utzirik kapa irten zan etxetik. Elizaren gurasoetatik askok, ekusirik Josek egin zuana, geiago dala au, dioe, iru gazte Israeldarrak Babiloniako labe gorian erregabe geratzea baño. Ta zerk perill onen andietan gorde zuala, uste dezu Kristaua? Jaunaren aurrean, eta begietan zegoala fede bizi batekin sinisteak. Atozea, esan zion bere tentatzalleari: nere nagusiak zu ez, beste gauza guztiak utzi ditu nere eskuetan. Nola bada egin dezaket nik desleialtasun onen itsusia nere Jaungoikoaren aurrean, eta begietan? Quomodo ergo possum hoc malum facere, et pexxare in Deum?

        Ezta gutxiago Susanarekin gertatua. Susana Helziasen alaba ederra bere egituran, eta oraindik ederragoa bere animan, ezkondu zuen gurasoak Joakin zeritzan gizon aberats batekin. Nabuko-Donosor Erregeak desegin, eta preso eraman zituanean Juduak Babiloniara, besteakin batean joan bear izan zuan Susanak-ere, Judatarra zanak bezala. Nola Juduen usadioak, eta izkuntza berdiñak etziran Babiloniakoakin, eman izan zien Juduai Erregek eskua, aututzeko beren artean bi Juez, erabaki zitzeen oek Juduen auziak, ta beste gauza Juezen eskuetara oi diranak. Autu zituen Juduak bi gizon zar zintzoak, elduak, eta errespetokoak zirudienak. Bi Juez oek biltzen ziran Susanaren etxean Juduen gauzak aditzera, ta erabakitzera, ta onetan zeuden denboran, irten oi zan Susana etxearen ondoan zuan berjera batera. Ekusten zuen bi Juez aek, ta ekusi ezezik begiratzen ere zioen, ekustean artzen zuan atsegin, eta pozagatik. Ta oi dana: aztu ziran Juez zar oek beren adiñaz zuen karguaz, eta Jaungoikoaz. Lotsatzen ziran aurrenean zar madarikatu biak, batak beteari agertzeko kolkoan zedukeen sua; baña nola aziaz, eta egunetik egunera erazekiaz zijoan, ausi zuen aurreneko lotsa piska ura, agertu zion batek besteari bere gogo lizuna, ta geratu ziran Susana galtzeko elkar ongi artuak. Ekiten dioe Zar nazkagarri biak andre prestua tentatzeari, bakarrik, eta, leku artan usatzen zan bezala, urean sarturik maiñuan zegoan garaiean. Itxiak dadue berjerako ateak, esaten zioen; ez dago iñor-ere begira, ta ezpadezu zuk guk gura deguna egin nai, guk esango degu arkitu zaitugula gazte batekin ezkontza zikintzen duan gaiztakerian. (Ta gaiztakeria onetan arkitzen zana arrika iltzen zuan Juduak, lege zarrak ala agindurik). Ezta gogora besterik, zer kezkak, zer pena, ta naigabeak inguratuko zuan tranze onetan Susanaren barrena. Ekusten zuan alde batetik, tentatzalle lizun aek nai zuena egiten ezpazuan, galduko zioela bere onra, ta ipiñiko zuela eriotza gogor baten atzaparretan. Ekusten zuan beste aldetik, begira zegoala Jaungoikoa, ta gauza izugarria zala Jaunaren aurrean, eta begietan bekatu egitea; ta oni begiraturik, erabaki zuan lizunkeriari lekurik ez ematea, naiz kosta zekiola bere onra, eta bizitza. Obe da neretzat, esan zien, bekaturik egin gabe zuen bengantzaren atzaparretan erortzea, ezen ez Jaungoiko beraren begietan bekatu egitea. Melius est mihi absque opere incidere in manus vestras, quam peccare in conspectu Domini. Au esanda, deadar egin zuan etxeronz, eta agure zikiñak-ere asi ziran deadarrez Susanaren kontra. Egin zuen oek alegiña Susanari onra, eta bizitza gal erazteko; barreatu zuen gaiztakerian arkitu zuela; baña Daniel Profetak agertu zuan Susanaren inozenzia; ta zar berde-madarikatuak ill ziran Susanari eman nai zioen eriotza-motarekin berarekin, edo arrika. Ekusten dezu, Kristaua, nola bekatuan erortzetik gorde zituan Jose Patriarka, eta Susana, Jaungoikoaren aurrean, eta begietan arkitzen zirala, sinisteak?

        Jaiera onetatik datorren beste ona da gauz onak berak, bestela egingo lirakean baño kontu, ta arreta obearekin egitea. Baldin soldaduak arreta geiagorekin egiten baditu dagozkan gauzak Agintaria begira dagoala ekustean; baldin au bera gertatzen bada mirabeakin, eta beargilleakin, begira dagotenean nagusiaren begia, Zenbatez obeto egingo ditugu gure eginbideai dagozten lanak eta beste edozeñ gauz on fede biziarekin, eta sarritan sinisten badegu, begira dagokigula gure Jaun Jaungoikoa? Onela igo zan Henotx birtute, ta Santidade andira. Ibilli zan, dio Eskriturak, Jaunarenkin, au da Jaunaren begietan, eta Jaunarn naiari begiratuaz. Henotx ujaldiaren aurretik bizitu zan, eta etzuan izan guk ditugun adiña gauz onetarako laguntza; etzan alabaña orduan Sakramenturik, etzan sermoi, ta dotriñarik; etzan deboziozko libururik, ta alaere Jaunaren aurrean, eta begietan ibiltzeko oiturarekin iritxi zuan birtute miragarri bat; ta oraindik bizi zala, ezkutatu zuan Jaunak gizonen artetik, eta gorderik dauka berak dakian gauzetarako. Oro bat Noe Jaunaren aurrean ibiltzeko jaiera onekin izan zan gizon zuzen, eta Santua. Oitu gaitezen bada, nere Kristauak, jaiera onetara. Zabiltza nere aurrean, eta zu izango zera bear bezalakoa, esaten dio Jaunak gutatik bakoitzari, Abrahani esan zion bezala. Ambula coram me, et esto perfectus. Sarritan, ta fede biziarekin sinis dezagun Jaunaren aurrean arkitzen gerala, ta begira dagoala, zer egiten, zer esaten, eta zer pensatzen degun. Bera izango da egun batean testigu, ta Juez. Baña ez gaitezen kontentu geratu siniste utsarekin; altxa dezagun biotza sarritan begira dagokigun Jaungoiko guztiz on, eta ongille andiagana, dala lanen bat asitzean, edo bukatzean; dala neke, edo naigaberen bat datorkigunean; dala tentazioen denboran, itz batean, sarritan, sarritan, sarritan. Jaunari nai dakiola, nere Kristauak, zuek, eta nik, jaiera onetan gorderik dauden, ondasunak ez galtzea, ta oekin batean iristea betiraunde guziko gloria. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa