www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

ABENDUAREN
LAUGARREN IGANDERAKO 1.a

 

Konfesioko sakramentu santuaren gañean.

 

Factum est verbum Domini super
Joannem Zachariae filium in deserto.
Et venit in omnem regionem Jordanis
praedicans baptismum paenitentiae
in remisionem peccatorum.
Luc. cap. 3

 

        Gaurko Ebanjelioak aditzera ematen digu, noiz, eta nola asi zan San Juan Bautista Salbatzalle Jesus maitagarriari bideak, edo gizonen biotzak prestatzen. Amabostgarren urtea zijoan Tiberio Erromako Enperadore arkitzen zala. Juduen Erreñua Erromatarren mendera zanean lau puska egiñ zan, Judean presidente zegoan Ponzio Pilatos. Galileako Probinzian Prinzipe, edo Errege txiki bat zan Herodes. Iturea esaten zioen beste bazter batean zegoan Pilipe Herodesen anaia Tetrarka, edo Prinzipearen izenarekin; eta Abilina zeritzan beste bazter, edo Probinzia batean zegoan Lisanias. Atzenean Anas, eta Kaifas ziran Juduen Aita Santuak urteka. Denbora onetan irten zan S. Juan Bautista eremutik, eta asi zan Jordango inguru guzietan deadarrez, egiteko penitenzia, utzitzeko bekatuaren bideak, eta prestatzeko biotzak Salbatzallearen etorrerarako. Aspaldi da gu-ere asi giñala lan onetan fiñ berarekin. Ekusi dezue, nere Kristauak, nola bekatariak bere animaren puzoi biurtzen duan konfesioko Sakramentua bere aldetik egiñ bear lukeana egiñ gabez, batzuetan esaminaren faltaz, besteetan ongi damutu gabez; beste askotan ontzeko asmo egiazkoa artu gabez. Au bera gertatzen da ez gutxitan bekatuak ongi aitortu gabez; eta argiro ezagutu dezazuen egia au, itz egiñ nai dizuet gaur konfesioaren gañean. Aditzera emango dizuet lenengo lekuan Jesu-Kristok, eta Eliz Ama Santak konfesatzeko ipintzen diguen Agintea. Aditzera emango dizuet bigarren lekuan, zer, eta nolakoa dan agintzen zakun konfesio au. Aditzera emango dizuet irugarren lekuan, zer lazo, ta koloreakin engañatzen dituan etsaiak asko bekatari. Goazen oraiñ Espiritu Santuaren argiaren billa, bitarteko ipintzen degula Birjiña guziz Santa Aingeruarekin batean esanaz. Abe Maria.

 

 

§ I.

 

        Lege zarraren denboran, edo Moisesen legean etzan konfesioko Sakramenturik. Alaere lege zarrekoak, beren bekatuen barkazioa iristeko, aitortu bear zituen oek, Morino jakintsuak dionez. Zer, eta nolakoa zan Juduen konfesio au? Ez dira Autoreak iritzi batekoak. Guk dakiguna da, konfesio au etzala Sakramentua, eta eziñ lege zarrean iritxi zezakeala bekatariak egiñ zituan utsegiteen barkazioa onezko damuarekin, edo kontrizioarekin baizik. Etorri zan gero munduaren Salbatzallea, ta guganako onginai, ta amorioak mugitzen zuala utzi zizkigun zazpi iturri edo Sakramentu guziz ugariak, ta beñere agortzen ez diranak, eta oetatik bata da konfesioko Sakramentua. Iturri bat animaren loi guziak garbitzen dituana, bekataria ongi prestatzen bada. Iturri bat illik dauden animak itz birekin piztutzen dituana. Ar ezazue, esan zien Jesu-Kristok Apostolu Santuai; ar ezazue Espiritu Santua: zuek barkatzen dieztezuenean bekatuak barkatuak izango dira. Quorum remisseritis peccata remittuntur eis. Eta zuek barkatzen ez dieztezuenenak barkatu gabe geratuko dira. Et quorum retinueritis retenta sunt. Au da egia bat Katoliko guziok sinisten deguna, eta egia au ukatzen duana, edo onen kontra darausena eskomikatzen du Trentoko Konzilioak. Si quis dixerit, in Catholica Eccla. Penitentiam non esse vere, ac proprie Sacramentum... a Chto Domino nostro institutum, anathema sit. Jesu-Krisok Apostolu Santuai esan ziezten itzetan utzi zion bekatariari bere utsegiteak aitortzeko, edo konfesatzeko agintea. Ala sinistu du Eliza guziak bere asieratik gaurdaño. Ala erakusten du Trentoko Konzilioak, eta ala sinisten degu guziok. Jesu-Kristoren Aginte, edo mandamentu onek bekatu larrian erori dan Kristaua beartzen du konfesatzera eriotzako perillean dagoanean: beartzen du Jauna artu bear duanean: beartzen du konfesioaren laguntza, eta grazia gabe eziñ iraun duanean bekatuan erori gabe, edo eziñ bestela garaitu duanean griña txarren bat. Atzenean beartzen du bekatuan erori dan Kristaua konfesatzera asko asko luzatu gabe. Ona non dezun, Kristaua, Jesu-Kristok konfesatzeko utzi zigun Agintea, eta ona noiz onek beartzen gaituan konfesatzera.

        Elizaren lenengo urteetan etzan Eliza beraren Mandamentuaren bearrik izan Kristauak sarritan artzeko konfesioko Sakramentua, orduan alabaña Mezatara zetozen geienak komulgatzen ziran, eta beragatik sarritan konfesioko iturrian garbituko zituen beren animak. Onela bizitu ziran Kristauak aurreneko urte urrezko aetan; baña asi zan oztutzen jaiera andi au, ta agindu bear izan zuan Elizak, Kristau guziak iru Pazkoetan bederik konfesatu, ta komulgatu zitezela, au da Eguerrietan, Pazkoa loratuan, eta Espiritu Santuaren etorreran. Baña Eliz Ama Santaren aginte au etzan asko izan, ar-erazteko Kristauai galdu zuen bide ona; eta San Juan Letranen egin zuan Konzilio batean agindu zuan orain bost eun, eta larogei urte danean, urtean bein gutxiena konfesatu, eta komulgatu ditezela ezagueran sartu diran Kristau guziak. Agindu zuan gañera, Mandamentu au gordetzen ez duanari debekatu dakiola Elizan sartzea, ta ez dakiola eman iltzen danean Eliz-lurrik. Bazekusan Eliz Ama Santak, bere umeen artean arki zitekeala nor, edo nor sasoi onean egongo etzana bear dan denboran artzeko konfesioko Sakramentua, ta komunio Santua; eta tranze onetarako eman zien animen Arzaiai eskua bekatariari luzatzeko denbora konfesatzeko, eta Jauna artzeko. Noso forte de proprii Sacerdotis consilio ob aliquam rationabilem causam ad tempus ab ejus perceptione duxerit abstinendum. Ekusten dezu, Kristaua, zeiñ beratasun, eta kontu andia duan Eliz Ama Santak bekatari errenakkin-ere? Baña guziak saiatu ote ziran, ta saiatzen ote dira Eliz Ama Santaren Mandamentu au gordetzera? Ez, nere Kristauak; batzuek nola nai konfesatu, eta komulgatu izan dira, eta Elizak aditzera eman bear izandu eztala konfesatzeko, ta komulgatzeko Mandamentua gordetzen konfesio, ta komunio gaiztoarekin; besteak igeska ibilli izan dira Elizaren Mandamentuak estutzera egin duanean. Argatik Obispadu onetan agindua dago, lenbizia: gaitzarekin onaren ezagueran sartu diran guziak konfesatu ditezela al duen damurik andienarekin urtean beiñ gutxiena garizumako denboran. Bigarrena: erramu egunetik asita amabost egunen barrunbean komulgatu ditezela komulgatzera beartuak daudenak eskomiku nagusiaren, eta lau errealen penan. Irugarrena: erramutik asita urrengo amabost egunen barrunen egin ezpadue nagiren batzuek Elizaren agindua, Erretoreak, edo animen Zaiak Elizan aditzera eman, edo agertu ditzala oek, eta ez degiela utzi egoten ez Mezatan, ez bezperetan. Laugarrena: baldiñ beste amabost egunen barrunbean ezpadira oek konfesatzen, eta komulgatzen, desobedienzia onegatik erortzen dirala eskomiku nagusian. Bostgarrena, urte oro Korpus bitartean bidal ditzeela Erretoreak Probisore Jaunagana onelako errenen izenak. Denbora luzeetan aztua bezala egon da lege oek agintzen duena, zeren Kristauak kontuz gordetzen zuen Elizaren Mandamentua; baña ugaritu dira onelako errenak, eta Elizaren Mandamentuak ezertan artzen ez dituenak, eta igaz agindu zan, legeak zion eran bidal ditezela Elizarekin kunplitzen ez duenen izenak. Ekusten dezu, Kristaua, Eliz Ama Santak konfesatzeko ipiñi digun mandamentua? Ekusi-ezazu oraiñ zer, eta nolakoa dan agintzen zakun konfesio au.

 

 

§ II.

 

        Egiten dezu, Kristaua, zure bekatuen examiña, aurretik erakutsi zatzun eran. Artzen dezu egiñ dituzun utsegiteen damu egiazkoa eta ontzeko asmo osoa, leneko dotrinetan aditu zentzakean bezala. Bazatoz konfesatzera zere Jaungoikoarekin pakeak egiteko nai andi batekin. Ez dezu ibilli bear besteri bere santxa kendu naiez. Ez dezu etorri bear arrotasuna, ta antustea agertzen dezula jauntzian, eta zere moduetan. Ez dezu belaunikoka, ta arrastaka joan bear konfesatzera, zenbait mutill kaskar joan oi diran bezala. Ez dezu konfesorearen aora begira jarri bear konfesatzeko, baizik eskuieko, edo ezkerreko belarrironz; belarriakkin alabaña, ez aoarekin aditu bearko du zuk esango diozuna. Jartzen zera bada modestia ederrarekin belauniko, ziñatzen zera, eta esaten dezu: Ni bekataria konfesatzen naitzaio Jainko Guzialdunari, eta zuri nere Aita, ta asitzen dezu zure konfesioa. Ni bekataria, diot, zeren biotzeko damua sortzeko alegiñak lenago egiñ bear dituzu, konfesatzen asitzeko puntu edo unearen zai egon gabe, aurreko dotrinetan esan dan bezala. Era onetan aitortzen diozkatzu konfesoreari, gertatu zaizkitzun utsegiteak, zere konzienzian arkitu dituzun eran, pensamentuak alde batera, itzak bestera, eta obrak beste batera. Au da nere Kristauak konfesioa. Ta nolakoa ote da Sakramentu onek eskatzen duan konfesioa? Autoreak modu, edo kondizio asko dakazte, batzuek konfesioa obeto egiteko diranak, besteak osotoro bearrak, eta premiazkoak. Oetatik batzuek aditzera emango ditut oraiñ begien aurrean ipintzen ditzuedala nola gure bekatuen konfesioa egiñ bear degun.

        Konfesatu bear dezu lenengo lekuan humiltasunarekin; au da zere itzetan, eta modu guzietan aditzera ematen dezula, ezagutzen dezula Jaungoikoaganako zere eskergabekeria, eta damuturik arkitzen zerala. Umiltasun au agertu zuan Ebanjelioko seme ondatzalleak bere Aitagana biurtu zanean: Aita esan zion, egiñ det bekatu zure kontra, ta Zeruaren aurrean: eta ez dagokit geroz zure semearen izena. Pater, peccavi in Caelum, et coram te; jam non sum dignus vocari filius tuus. Konfesatu bear dezu bigarrena ixillik. Au izan da Kristauen oitura, ta usadioa Elizaren aurreneko denboretatik, dio Trentoko Konzilioak. Egia da Elizaren lenengo denboretan konfesio ixilla ezezik usatu izan zala konfesio agiria ere egitea Obispo Jaunen, Elizako Ministroen, eta Elizan arkitzen ziran guzien aurrean, edo zeren Obispo Jaunak ala agindu zion bekatariren bati, edo zeren bekatariak berak ala nai zuan; baña onelako bekatari batek Konstantinoplako Elizan, Nektario ango Obispo zan denboran, bere bekatuak aitortzeaz gañera aditzera eman zuan bekaturen batean lagun izan zuana ere: eta emendik artu zan bidea konfesio agirikoaren usadioa kentzeko; ta zori onekoak gu ixillik bederik konfesio onak egiten bagendu. Konfesatu bear degu irugarrena lotsa, ta modestia eder batekin. Bada lotsa bat gaiztoa, eta berekiñ bekatua dakarrena, esaten digu Espiritu Santuak: Est confusio adducens peccatum. Onelakoa da bekatariari bere utsegiteak uka-erazten diozkan lotsa. Ta bada beste lotsa bat txit ederra Jaunaren begietan: Et est confusio adducens gloriam, et gratiam. Au da arako lotsa ura, zeñarekiñ bekataria lotsatzen dan bere Aita Zerukoaren kontra izan dan bezeñ eskergabea izanaz. Konfesatu bear degu laugarrena argiro, eta ipui edo konturik nastu gabe. Ezta konfesioa kontuak kontatzeko; baizik bakoitzak bere utsegiteak garbiro esateko. Bereak, diot, ez besterenak. Eta kontu, ez dezu esan bear nor lagun izan dezun bekatuan. Konfesatu bear dezu bostgarrena ederkatura gabe. Egiñ dezagun kontu: Bota diozu lagun urkoari birau, edo madarikazio bat: esan ezazu bada: Bota det birau bat era onetan edo artan nere pazienziaren faltaz, eta ez dezazula esan bota dezula zeren emazteak, umeak, edo auzoak aserrerazo dizuen. Konfesatu bear dezu seigarrena egiaz, edo gezurrik esaten ez dezula, eta gezurra esaten badezu, gai larrian beintzat, egiten dezu sakrilejioa. Atzenean konfesatu bear dituzu zeregan arkitzen dituzun utsegite larriak osotoro, naiz galde ditzala konfesoreak, naiz ez. Osotoro aitortzeko, edo konfesatzeko zure utsegiteak aitortu bear dezu, zer birtute, edo mandamenturen kontra utsegiñ dezun: nola utsegiñ dezun au da, edo pensamentuz, edo itzez, edo obraz. Zenbat bider utsegiñ dezun. Iñori bekaturako biderik eman badiozu, zenbat laguni, eta zenbat bider? Eta oen artean ote zan umerik edo miraberik, eta zenbat? Garbitasunaren kontrako bekatuetan erori danak, aitortu bear du urlia aidea, ezkondua, edo beste estadutakoa zan, edo ez. Baldiñ utsegiteak oiturazkoak eta berrizkaturarekin badira, orduan aitortu bear degu oraiñ geranak len-ere izan gerala (batezere konfesoreak galdetzen badigu). Bekatuaren bide, edo perill urkoan dagoanak aitortu bear du au; zeren borondatez perillean egotea, edo jartzea bera bekatu dan, eta gañera zeren perill au agertzen ez dala, eziñ konfesoreak ezagutu dezakean zer egin bear duan. Ekusten dezu zer, eta nolakoa dan Penitenziako Sakramentuak eskatzen duan konfesioa? Badakus etsaiak, zeiñ andiak diran konfesio onetik datozen frutuak, eta oek eragozteko, ta bekatariak engañatzeko prestatzen ditu bere lazoak, eta era onetan eragiten diezte asko konfesio gaizto. Lazo oetatik batzuek begien aurrean ipiñi nai dizkitzut oraiñ Kristaua; oetan erori bazera, irten zaitezen lenbait len, eta erori ezpazera, bizi zaitezen kontuz, eta perilletik aldegiten dezula.

 

 

§ III.

 

        Gure Jaungoikoak eman zigun lotsa dio S. Juan Krisostomok, bekatu egiteko, ta eman zigun barkazioaren ustea egiñ ditugun utsegiteak aitortzeko. Pudorem, et verecundiam Deus dedit peccato, confessioni fiduciam. Zer egiten du etsai anima galgarriak? Aldatzen ditu bi gauza oek; bekatu eragiteko ematen du barkazioaren ustea, eta bekatua aitortzeko lotsa. Invertit rem Diabolus: et peccato fiduciam praebet, eta confesioni pudorem. Etsaiaren lenengo lazoa izan oi da au: Bekatua diozu zeregan, Kristaua, bekatua egiñ dedilla pensamentuz, edo itzez, edo obraz, beti da bekatu, eta asko izango da esatea bekatu egiñ dedala pensamentuz onenbeste bider. Zertarako esan nere buruarekin, edo besterekin egiñ ditudan gauza itsusi oek? Onela engañatzen dira zenbait bekatari, ta bear bada era onetan dijoaz beste mundura. Bekataria, zuk zure utsegiteen barkazioa iristeko, aitortu bear dituzu zere biotzean arkitzen dituzun eran; pensamentuak pensamentuak bezala, itzak itzak bezala, ta obrak era berean. Bigarren lazoa: nik egiñ nuan gauza itsusi ura, baña ez nuan nai bekatu egitea, ta ez det zer konfesaturik. Atozea, etziñan zere naiez perillean jarri edo egon? Etzenduan bekatu dan gauza egiñ, aldegin zentzakeala, edo beintzat aldegiteko neurriak artu zintzakeala? Zertarako dira bada aitzakia oriek? Irugarren lazoa: Gauza itsusi oek egiñ nituanean txikitxoa nintzan zer niakian nik orduan, zer zan bekatua? Atozea, ta etzenduan zeregan ezagutzen gauza gaiztoa, edo itsusia zala oriek egitea? Etzenduan gurasoen begietatik aldegiten? Utzi giezu, Kristaua, aitzakia oriei, ta esan giozkatzu konfesoreari gertatu zaizkitzun gauzak gertatu diran bezala: eta ez esan, zerbait gogortzera egiña ziñan denboran gertatu zitzaizkitzun gaiztakeriak, ezaguerarik batere etzenduan denborakoak dirala. Laugarren lazoa: Nik ez nukean nai bekatu ura egitea; eta esan nion berak konfesatu bearko zuala. Atozea, Kristaua, ta eztakizu konfesioa bakoitzak berak, ez bestez egiñ bear duala? Zuk aitortu bear dezu egiñ dezun utsegitea bere saiets, edo zirkunstanziakin; eta besteak aitortu bear ditu bereak. Ezta urte asko asko, inguru oetan gertatu omen zala oraiñ esatera noana. Neskatxa batek egiñ zituan lotsatzen zuen zikinkeriaren batzuek. Gaixotu zan iltzeko gaitzarekin. Konfesatu zan, baña gaizki. Artu zuan Jauna, baita Oleazioa-ere. Aurrera zijoan gaitza, eta alaere etzuan biotzik bere utsegiteak aitortzeko. Jartzen da iltzeko izerdiakin, eta ezaguturik iltzera zijoala, esan zion neskatxa-lagun bati: Urlia, iltzera noa; gertatu zitzaiztan onako utsegite oek, eta ez ditut konfesatu lotsaz; zuk nere ordez konfesatu itzatzu. Era onetan iltzan. Ona nola engañatzen dituan etsaiak asko anima! Bostgarren lazoa: Bekatu au esaten badiot konfesoreari, eramango naue Inkisiziora. Zergatik? Atozea, eztakizu eziñ konfesoreak agertu dezakeala ezergatik-ere esaten zaion gauzarik? Eztakizu, konfesorea aiñ zakar-anima gabea baliz-ere, eziñ onek esandako gauzaz baliatuko litzakeala ez inkisizioa, ez besterik? Seigarren lazoa: Jesus, nork esango ditu bekatu onen itsusiak? Ez nik beintzat. Atozea, txoraiska: ukatu dezu Jesu-Kristo? eta eztakizu ukatu zuala S. Pedrok-ere? eta ala ere da Santu aiñ andia! Egiñ dezu eriotzaren bat? Eta eztakizu Dabidek-ere illerazo zuala Urias, eta gañera zikindu ziola bere emaztea? eta Dabid ala ere da Santu andi bat! Egiñ dituzu Elizaren, eta Elizakoen kontra gauza gaiztoak? Eta eztakizu egiñ zituala S. Paulok-ere era onetako gauzak? Ta ala ere, S. Paulo da Jesu-Kristoren Apostolua, ta Santu andia; ta berak aitortzen du bere bekatua. Izan zera emakume desleiala zere bizi lagunarentzat? Eta eztakizu, nola Jesu-Kristok barkatu zion emakume zure antzeko bati? Izan zera mutill arro loikerietan ondaturik bizitu zerana, eta nori nai bekaturako bidea eman diozuna? Eta eztakizu S. Agustiñ-ere denbora batean bizitu zala atsegiñ loien ondoren itsutua? baña biurtu zan Jaunagana, eta da guziok dakigun bezalako Santua. Izan zera neskatx ergela, zere ibillera, zere itz egite, eta jauntziarekiñ bekaturako biska, ta lazoak ipiñi dituzuna? Eta eztakizu denbora batean Magdalena batek au guzia egiñ zuala? ta alaere da Santa txit andia. Zergatik bada zuk txorakeria oriekiñ geratu nai dezu etsaiaren mendean, Santu edo Santa bat izan zaitezkeala?

        Zazpigarren lazoa: Eztago neretzat zerurik; eztago barkaziorik, eta miserikordiarik. Atozea, zer darauskizu tristea? Eztakizu, Jaunak berak diola, ez duala nai bekataria galtzea, baizik beragana biurtzea, ta beraren grazian bizitzea? Eztakizu, berak diola, bekataria argana biurtzen dan puntuan aztuko dala aren gaiztakeriaz? Eztakizu, zuri zure bekatuak barkatzeko gizon egiñ zala, gurutzean bizitza eman zuala, eta deitzen dizula Arzai onaren eran? Eztakizu zure zauri guziak sendatzeko (diranak dirala) utzi zuala konfesioko iturria? Eztakizu, zenbat epe, edo denbora eman dizkitzun? zenbat bider ukitu dizun zure biotza aspaldiko denboran? Ta, au guzia dakizula, zorakeria oriekiñ zabiltza? Billa ezazu zure Aita ona humilki, billa ezazu garai onean; arkituko dezu, eta jarriko zera Zerurako bidean. Zortzigaarren lazoa: Ikaratuko da konfesorea, esaten badiozkat nere bekatu itsusiak; eta ez dit absoluziorik emango. Ikaratu konfesorea? Eztu Eskritura Santa irakurtzea besterik, ekusteko zuk dituzun bekatu oriek, eta are itsusiagoak anziñatik munduan gertatu izan dirala. An ekusiko du, Adanen umeai darraiztela bekatua gutxiago, edo geiago, lurrari belar gaiztoak darraion eran. Jakiñ ezazu, Kristaua, ez duala konfesorea izutzen bekatu asko, ta andiak aditzeak, baizik bekatariak ontzeko biotzik ez duala, ekusteak. Presta zaite bada zu ondo, utzi itzatzu bekatuaren bideak, eta ar itzatzu ongi bizitzeko neurriak, eta orduan konfesoreagan arkituko dezu, zuk nai dezun atsegin-kontentua; ta iñoz esaten badizu, obeto presta zaitezela, ori da zure onagatik, eta Sakramentuak gaizki artu ez ditzatzun. Bederatzigarren lazoa: Jesus, eta zer bere gogoan idukiko du nere konfesoreak, esaten badiozkat bekatu oek? Oraindaño iritzi onean iduki nau, ta aditzen duanean gertatu zatana zer esango du? Zer esango du diozu konfesoreak? Baldiñ zu ongi prestaturik, eta bizitza onaren neurriak artzeko egarriarekin ekusten bazaitu, alde batetik urrikimentu andi bat artuko bere biotzean, eta bestetik len baño-ere iritzi obean idukiko zaitu. Soldadeskan dabillen batek artzen badu erida andi bat, eta lenbait len badijoa sendatzalleagana, esaten diola: Ea ona ni herida oekin, egin bedi laster sendatzeko bear dana ekin degiodan gero berriro etsaiari. Atozea, zer esango zenduke soldadu onez? Zer, ezpada biotz andiko soldadu bat dala? Au bera esango du zuzaz konfesoreak, baldiñ zere herida oriekiñ bazoaz ongi prestatua, eta etsaiaren kontra ongi peleatzeko asmoarekiñ. Amargarren lazoa: Badator garaizuma, edo etorriko da Misioren bat, eta orduan guzia esango det baña artean ez? Atozea, Kristaua, tan nondik dakizu lekurik izango dezun edo ez? Nondik dakizu, lekua izanda-ere, garaituko dezula zure lotsa, ta atzerapen ori? Ah! Beldur naiz, gerta dakizun Isaias Profetak dion gauza bat: Etorri ziran, dio, Profeta onek; etorri ziran jaiotzeko zori zoriraño, eta etzuan amak izan erditzeko indarrik. Venerunt filii usque ad partum, et virtus non est pariendi. Zure lotsa ori bekataria egunetik egunera aziaz joango da, eta beti geroko utziko dezu zure utsegiteen aitortzea. Franziako erri batean aurdun zegoan Kolanba zeritzan emakume bat. Asi zitzaizkan erdiratzeko miñak, baña eziñ erdi zan. Iru urtean iraun zuen miñ oek, eta etzan beñere erdi. Ogei ta bost urtean bizitu zan bere aurra sabelean zuala: il zan, eta askatuta, arkitu zioen narrua arri biurtua. Ah! aditzen zauden Kristaua: ez aditu, edo enzun gor egiten diozu oraiñ Jaunaren gaztiguai; gero egingo dezula, diozu, bekatu guzien gobada; baña begira beste askori gertatu zatena, gertatu eztakizun, begira zure bekatu oriek arriaren eran gogortuak gera ez ditezen. Atzeneko etsaiaren lazoa: Oraindik badet denbora Jainkoari eskerrak, ilzerakoan egingo det bizitza guziko konfesio bat. Iltzerakoan, Kristaua, iltzerakoan? Egin dezagun kontu, ematen dizula Jaunak denbora. Jakiñ ezazu, eztala ordu ura egokia lan oetarako; jakiñ ezazu, gaitzak, il bearrak, eta betiko infernua begien aurrean ekusteak, uzten duela bekatariaren biotza, ezertarako ez dala, ta gauz onetarako kemenik gabe. Enzun ezazu Españako erri batean neskatxa gazte bati gertatua. Neskatxa au zan ederra, ta doai onez apaindua, baña il zitzaizkan gurasoak, eta geratu zan ume zurtza. Artu zuan gazte batek onenganako jaiera, ta etzan geratu gaitzera kuturtu zuan artean. Konfesatzen zan sarritan, baña etzuan biotzik bere utsegitea esateko: lotsak alabaña garaitzen zuan. Onela bizi zan anima doakabe au, munduaren begietan ongi baña Jainkoarekiko txit gaizki. Erri artara joan zan Misionari jakintsu bat, eta deitu zion oni gaixo egiten zuala bere burua. Joan zitzaion batere luzatu gabe, ta utzirik laguna konfesioko gauzarik eziñ aditu zezakean lekuan, asi zan bekatariari ongi zegozkan gauzak esaten: aditu zion aitortu zuan guzia, eman zion absoluzioa, eta biurtu zan bere lekura. Berekiñ zuan lagunak aditzera eman zion, eria konfesatzen zegoan bitartean ekusi zuala gauza izugarri bat. Ekusi det, zion, oiaren bazter batetik agertzen zala noizean beiñ atzapar itsusi-ikaragarri bat; artzen zuan neskatxa zintzurretik, eta itotzear ipiñtzen zuala zirudian. Au ekusi det beiñ ta berriz. Aditurik au laster egiñ zuan Misionistak bere bekatariagana; baña, begira zeiñ ikaragarriak diran Jaunaren juizioak! osasunarekiñ arkitzen zan neskatxa au ill otza geratu zan konfesorea bigarren aldian aren etxean sartzean. Ezta gogora ekarri besterik, nolako illuntasun, eta tristurarekiñ geratuko zan konfesorea. Asitzen da Jaunari erregutzen, eta onetan dagoala, aditzen ditu kateen otsak, ai! eta adia ikaragarria batzuek. Begiratzen du, ta agertzen zaio norbait guzia suz, eta garrez inguratua. Nor, edo zeiñ zera zu? galdetu zion. Ni naiz, ni zurekiñ konfesatu naizan bekataria, erantzun zion. Atozea, eta etziñan ongi konfesatu? Ez osotoro, ta gertatu zatana zuri aditzera ematera nator. Jakiñ bear dezu, nere ama il zanean geratu nintzala bakarra, ta nola itxura onekoa nintzan, asi zan gazte bat niganako adiskidetasuna artzen. Denboren buruan bere erregu, ta palakkuakiñ eragiñ zidan bekatu. Iru urtean bizitu nintzan, sarritan konfesatzen nintzala, baña beti lotsaz gordetzen nuala bekatu au. Bidaldu zinduan Jaunak zu erri onetara Misioa egitera; aditu nituan zure sermoiak, eta bakoitzak arpoi baten eran igarotzen zidan biotza, eta neritzan neretzat bakarrik itz egiten zenduala. Biurtzen nintzan etxera, ta negarrez eziñ aspertu nintzan. Urlia, esaten nion nere buruari. Gerta diteke zuk betiko galdu nai izatea zere burua? Etzenduan lotsarik izan bekatu egiteko; eta oriañ lotsaz zaude bekatua aitortzeko? Deitu zindudan, gaixo nere burua egiten nuala: ta ai! asi nintzan bekatu txikietatik andienak azkenerako utzitzen nituala; gero etsaiak buruan ipiñi zidan, asko galduko nuala nere faman aitortzen banuan nere bekatua; orduan osasuna nuala, ta gaixotzean egingo nuala konfesio on bat. Ozta irten ziñan zu nere etxetik, geratu nintzan itz gabe, ta denbora gutxiren barrenen illa. Arritu zan konfesorea, ta onek galdetu zion anima doakabe ari: Atozea, ta zer da oraiñ zuri pena, ta naigaberik andiena ematen dizun gauza? Ekusteak, erantzun zion; ekusteak, Jaunak bidaldu zinduala zu leku urrutietatik onera ni bekatutik ateratzeko, eta galdu dedala era aiñ ederra. Au esanda, adia, eta kateen ots izugarriak egiten zituala, ezkutatu zan anima doakabea beti-betiko su, eta garren artera. Ekusten dezu, Kristau beldurtia? Ekusten dezu, zer dakarren lotsa anima galgarri bati emateak?

        Aditu dezu, Kristaua, nola Jesu-Kristok utzi zion Eliz Ama Santari Konfesioko Sakramentua gure animak garbitzeko, sendatzeko, ta Zeruko bidean ipintzeko. Aditu dezu Jesu-Kristok, eta Jesu-Kristoren Elizak bere umeai agintzen diena. Aditu dezu zer, eta nolakoa dan agintzen zakun konfesio au. Aditu dezu atzenean, zer lazo, eta koloreakkin engañatzen dituan etsaiak asko bekatari? Atozea oraiñ; zenbat, eta zenbat konfesio gaizto ez ditu eragiten etsaiak era onetan? Atozea zu, neskatxa gaztea: zenbat denbora da lotsaz bizi zerala arako bekatu ura garbiro esateko? Atozea zu mutil gaizki oitua, zenbat urte da lotsaz gordetzen dezula arako egiñ zenduan lizunkeria itsusi ura? Eta ez ote dira zarren artean eziñ mugitu diranak beren bekatuak osotoro aitortzera? Utzi itzatzu, Kristaua, txorakeria oriek; presta zaite ongi, ta naiz herejia bazendu-ere, zoaz nai dezun konfesoreagana, eta aurrenetik esan giozu kezkarik geiena ematen dizun bekatu ori. Zure anima gaixoagatik ez dezazula lotsaz utzi esan gabe egia. Pro anima tua ne confundaris dicere verum. Zuk ekusiko dezu, nolako atsegin-kontentua artuko dezun, zere burua bekatuaren kargatik libre ateratzen dezunean. Zuk ekusiko dezu, zeiñ gauza gozoa dan zure Aita Zerukoarekin pakean egotea. Ta pakea au gordetzeko bizimoduan irauten badezu, berak emango dizu zuretzat prestaturik daukan betiko bizitza doatsua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa