www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI TA SEIGARREN ERAKUSALDIA

 

Baña gure fin goi-miragarriaren gañean bigarrena.

 

Desolatione desolata est terra,
et nullus est qui recogitet corde.
Jer. 12.

 

        Galtzez galdua dago mundua, eta ezta arkitzen beregana biurtu nai duanik, deadar egiten du Jeremias Profetak. Ona bekatuaren ondoren izugarria. Aurrenean beldurtzen da ezaguera ona duan edozeñ anima bekatuaren izen, eta gogorazio utsarekin; lotsatzen da beregan, utsegiteren bat gertatzen bazayo; baña bekatutik bekatura dabillela, ederetsitzen dio bekatuari; itsutzen, ta gogortzen da bere gaistakerian; eta geroztik ez oi dioe mallarik egin ez Zeruaren galtzeak, ez betiko su, eta garren artera joan bearrak, ez eta asma al ditezkean neurririk sendoenak ere. Ala gertatu zan Noeren denboran munduan bizi ziranakin. Aztu ziran beren egille onaz; oitu ziran bekatuaren atsegin loyetara, ta egin ziran zentzugabeko abereak baño abereago, ta zikiñago. Ainbesteraño galduak, ustelduak, ta zikinduak zeuden, non beartu zuen Jauna, mundu guzia, Noe, ta bere etxekoak ez besteak ujolaz itorik uztera. Ala gertatu zan Sodomako bekatari zikiñakin. Ala gertatu zan Juduakin, eta ala gertatzen da egungo egunean ere edozeñ munduaren bazterretan. Badakus gorrotoan bizi danae, birauak, eta juramentuak nolanai egiteko oitura duanak, zer bide daraman. Badakus guraso zabar bere ume, ta mirabeai kontu artzen ez dienak, nora dijoan bizimodu onekin. Badakus edanerako oituran itsutua dagoanak, badakus kutizian bere biotza ipiñi duanak. Badakus onra, ta arrotasunen ondoren bere anima galtzen duanak. Badakus aragiaren atsegin lizunetan dabillenak, betiko su, eta garren artean amiltzera dijoala. Ta alaere gutxi dira berengana biurtu, ta betiko galtzeko perilletik irten nai duenak benaz. Llilluratzen, ta sortuak uzten ditu bekatuaren izurriak. Alaere sendatu ditezke bekatari oek denbora egokian eskatzen badira, ta Jaunaren laguntza, ta graziarekin alegiña egiten badue. Onetarako bada, nere Kristauak, eta denbora berean presta ditezen guziak, gure bekatuak kentzen dituen, Bildots Jesus maitagarria Pazkoetan artzeko, ipiñi du Eliz Ama Santak garizuma; ta sarritan aditzera ematen dizkigu, bekataririk sorrena ere esnaerazteko gai diran egiak. Egia oetatik asko begien aurrean ipiñi dizkitzuet lenagotik; eta saill berari ekitera noa gaurdanik, Birjiña txit Santa gugatik damuz, eta penaz betea bitarteko dedala. Gaur itz egingo det gure Fiñ goimiragarriaren gañean. Atoz Espiritu Santua; atoz beartsuen gurasoa; atoz doayen emallea: argi itzatzu gure adimentuak, ezagutzeko guk gure utsegiteak; ukuitu itzatzu gure biotzak, damuz, eta negarrez bekatuaren loyetatik garbi ditezen. Ta zu, Birjiña txit Santa dolorez betea, bekatari ondu nai duen guzien Ama gozoa, izan zaite arren gure bitarteko, ta laguntzalle, orain zure onran asitzen degun, lan onetan. Ez arren begiratu gure oraindañoko eskergabekeriai: baizik gure onerako igaro zinduan pena, naigabe, ta samintasunai. Au eskatzen dizugu gaur bekatuitik irteteko nayez, eta asmoz beterik, Aingeruarekin batean diogula:

 

ABE MARIA

 

Desolatione desolata est terra,
et nullus est qui recogitet corde.
Jer. 12.

 

        Egin zinduanean, Kristaua, zure Jaun Jaungoikoak, fiñen baterako egin zinduan. Ezin alabaña egin dezake Jaunak ezer ere ustekabean, alferrik, edo gauza bakoitza zuzentzen ez duela ongien deritzan mugara. Zertarako egin zinduela, uste dezu, Kristaua? Egin ote zinduan negarrezko ibar onetan beti arrastaka, ta neketan bizitzeko? Egin ote zinduan emengo onra, arrotasun, eta txorakeriai jarraitzeko? Egin ote zinduan emengo izan, eta ondasunen billa aunaturik, eta erkiturik ibiltzeko? Egin ote zinduan, zentzugabeko abereen eran, gorputzaren atsegin zikiñen ondoren eiaka, ta irrinziaz joateko? Egin ote zinduan, zure gorputz ori ezin apaindurik, zere urterik onenak galtzeko? Edozeñ moda, ta jantzi lotsagarri artzeko? Egin ote zinduan Jaunak beraren ordez zure gura, ta griña txarrak serbitzeko, ta adoratzeko? Ez, Kristaua, ez. Etzinduan gauz onen zirzill, edo ezer-ezen ondoren nekatzeko egin, baizik bera amatzeko, ta serbitzeko, ta betiraunde, edo eternidade guzian doatsu berarekin batean Zeruan izateko. Au da zure fin guztiz goi-miragarria. Au zure zure mira, nai, ta gogo guzientzat Jaunak ipiñi duan muga. Au zure lan, ta egiteko andia. Beste gauzetan desberdiñak dira gure mallak; batzuek jayotzen dira agintzeko, besteak oen aginduak egiteko; batzuek leku altxatuetan egoteko, besteak lurraren aldean arrastaka ibiltzeko; batzuek izango dira aberatsak, besteak beartsuak; batzuek jakintsuak, besteak ez jakiñak, baña guziak dira, ta guziak daude munduko etxe andi onetan Jaungoikoa ezagutzeko, amatzeko, serbitzeko; ta betikotasun guzian doatsu berarekin batean Zeruan izateko. Guziak gera berdin Jaunak guretzat autu zuan fiñ eta muga onetan: guziok degu lan, eta egiteko bat, au da gure betiko zori on, eta bizitza doatsua billatzea, ezagutzen, amatzen, eta serbitzen degula gure Jaun Jaungoikoa. Au da, Kristaua, gure siniste onaren zimendua dan egia, baña denbora berean zuk oraindañokoan ezertan artu ez dezun egia. Au gerta eztakizun emendik aurrera, biur zaite zeregana, ta begira ezazu lenengo lekuan: zeiñ andia dan betiko doatasuna billatzeko lan, eta egiteko au.

 

 

§ I.

 

        Munduko etxe andi onetan gizonen eskutartean dabiltzan, gauzai begiratzen badiezu, Kristaua, ekusiko dituzu, nortaki zenbat lan, eta egiteko andien izena duenak. Zoaz Erregeen Jauregietara, eta ekusiko dituzu ango serbitzariak jan edanaz, ta loaz azturik zer asmatu eztakiela Erregeren, eta Erregiñaren gogora gauzak egiteko; ta au guzia emengo onra, edo ondasun zirzillen uste apur bategatik. Zoaz Erregeren urrengo gizon andietara, ekusiko dituzu ezertarako pakerik, eta sosegurik gabe nekez, arazoz, eta kezkaz beteak, batzuek gerrako gauzetan, besteak Erreñuko ondasun, gobernu, eta oek berekin dakazten lanetan. Zoaz beste errietara, ta ekusiko dituzu ezin konta al arazo, eta egiteko andien artean makurtuak, eta doi doya beren buruaz oroitzeko diña leku duela. Ala itzegin oi due berak. Baña zer dira, Kristaua, egiteko oek guziak zure betiko doatasunaren egiteko andiaren pare ipintzen badituzu? Zer, ezpada utsaren utsa, edo ezer eza, Salomonek zion eran? Vanitas vanitatum, et omnia vanitas? Zer, ezpada aurren jolasak, S. Agustinek dionez? Majorum nugae negotia vocantur? Munduko egiteko guziak, izan ditezela andiak, edo txikiak, eta irten ditezela nola nai, laster aituko diranak dira; baña zure animaren egitekoa? Zure animaren doatasuna? Au da betikotasun, edo eternidade guzirako egitekoa. Ezpadezu oraindik ongi ezagutzen egiteko onen anditasuna, Kristaua: galde giezu Apostolu Santuai, eta Martiriai, zergatik igaro nai izan zituen, igaro zituen, nekeak, eta oñaze izugarriak? Batzuek gurutzean josirik, besteak ezpatari lepoak emanik; batzuek parrilletan erretzen zituela; besteak labe gorietan sarturik. Batzuek leoi, eta artzen atzaparretan puskatuak geratzen zirala, besteak azotez, eta burniazko kakoakin urratzen zituela. Galde giezu Elizako konfesore Santuai, zergatik artu nai izan zituen ainbeste neke, eta gurutze? Batzuek gau, ta egun nekean, orazioan, barau, azote, ta ildura izugarrietan; besteak, eremuetan ezkutaturik, mendiko belar utsakin igarotzen zirala? Galde, mundua utzirik, paret artean ezkutatu, edo gorde diran ainbeste donzellari. Zenbat, eta zenbat oen artean era andiakin aziak? Zenbat, munduan onrak, ondasunak, ezkontzak izan zitzakeenak? Zenbat, Errege, gizon andi, edo etxe txit prestuetatik beren jatorria zekartenak? Galde giezu bada, zergatik utzi dituen beren etxeak, aldeak, adiskideak, ondasunak, ezkontzak, itz batean, munduan geyena nai izan oi diran gauza guziak? Eta guziak erantzungo dizue S. Eukeriok ziona: gure egiteko guzia, gure neke, eta alegiñak dira animaren doatasuna, eta betiko bizitza billatzea. Negotium, pro quo contendimus, vita aeterna est.

        Ez dezu, oraindik ere ezagutzen, zeiñ andia dan zure animaren egitekoa? Oroi zaite bada, zer egin duan zure Jaun Jaungoikoak, zuk zure betiko zori on, eta doatasuna iritxi dezazun. Zertarako egin zituan munduko etxe eder au, ta emengo gauza guziak? Zertarako urrea, zillarra, perlak, diamanteak, arri fiñak? Zertarako ardiak, beyak, egaztiak? Zertarako iturriak, ibayak, itsasoak, arrayak? Zertarako belarrak, loreak, arbolak, eta ainbeste fruta gozo? Zertarako Zeru eder oriek, eguzkia, illargia, eta izarrak? Egin zituan guziak zuri zere animaren egitekoan laguntzeko; ta ala laguntzen dieza Jaunaren maitatzalleai, dio S. Paulok. Omnia cooperantur in bonum. Zertarako Aita eternoak bidaldu zuan bere Seme bakarra mundura? Zertarako, betiko doatasuna iristeko bidean zu ipintzera baizik? Ainbesteraño maite izan gaitu, non eman izan digun bere Seme bakarra, dio S. Juanek. Sic Deus dilexit Mundum, ut filium suum unigenitum daret Mundo. Zertarako gizon egin zan Jaungoikoaren Seme-Trinidadeko bigarren Persona; ta gizon egiñik gurutzean eman zuan bere bizitza? Zertarako Espiritu Santua jatxi zan bere doayakin Eliz Ama Santagana? Zertarako eman dio Jaunak gizonari laguntzat bere Aingeruetatik bat? Zertarako ipiñi ditu bere legeko Ministroak, Sakramentuak, zeremoniak? Zertarako ipiñi du gure bitarteko, eta Amatzat Birjiña txit Santa Jaungoiko beraren Ama? Zertarako atzenean geratu nai izan du Jaungoiko-gizon Jesus maitagarriak Aldareko Sakramentuan? Ta geratu ekusten dituala ainbeste txarkeria, ta bide gabe? Ay! Kristaua! zure sinisteak erakusten dizuna ukatu nai ezpadezu, aitortuko dezu zure Jaun Jaungoikoak egin dituala gauza miragarri oek guziak, zuk zure doatasuna iritxi dezazun! Ta nai ta ez ezagutuko dezu zure animaren egitekoa dala ez nola nai andia, baizik Jaungoiko beraren obrarik miragarrienen-artean ere miragarria.

        Au onela da, Kristaua, ta alaere bizitu zera oraindañokoan, zertarako munduan zauden, begiratu ere gabe? Au onela da; ta alaere dituzun urte guzien artean ez dezu bat arkituko, Jauna serbitzen, eta animaren egitekoan igaroa! eta zer diot nik urte bat? Arkituko ote zenduke egun bat bakarra ere osotoro zure egite andi onetan igaroa? Zein gauza lotsagarria! Zentzurik ez duen gauza guziak gau, ta egun ari dira beren egille onak eman zien egitekoan. Ez dira beñere aspertzen eren jarduera onetan; ta zu, Kristaua, arturik Jaunagandik dezun adimentua, ta borondatea beste ezin konta al ontarterekin batean, aztu zera guziaz! eta egin dezu zere burua zentzurik ez duen gauzak baño ezer-ezago! Zentza bazendi orain bederik! Onetarako begiraezazu bigarren lekuan. Zenbat dijoakizun, edo zer galduko dezun, zure animaren egiteko onetan gaizki irteten bazera.

 

 

§ II.

 

        Zer galduko dezula, uste dezu, Kristaua, era orretan bizi zerala? Galduko dezu benik bein zure anima bakarra, ta galduko dezu betiraunde, edo eternidade guzirako. Eman zizun Jaunak anima, edo espiritu bat bere antzera egiña, ta beti beti iraungo duana zure obrai dagoten lekuan. Eman zizun Jaun bera ezagutzeko, amatzeko, serbitzeko, ta gero betikotasun guzian doatsu izateko, Zeruan. Zer balio eztu anima orrek, egin bazuan Jaunak Zeruko bere Jauregi ederrean berekin idukitzeko? Egin bazan gizon, eta gurutzean bizitza eman bazuan anima ori galdu etzedin! Ta anima ain balio andikoa galduko dezu, Kristaua, ezpadezu osotoro utzi nai bekatua! Ta non arkituko dezu anima orren ordaiñ ipiñi ditekean gauza, esaten dizu Jesu-Kristok? Quam dabit homo commutationem pro anima sua? Bazalbiltzateke munduaren ondoren. Txit zekoitza, zekena, gogorra, ta eskergabea da bere serbitzariakin; baña demagun zurekin izan nai duala besteakin ez bezala, ta issuri nai dituala zure alde bere ondasun guziak. Iristen dituzu gogora al ditezkean onra guziak, leku andiak goimallako ezkontzak, aidetasun, eta bernajerik bieañenak. Iristen dituzu, urean, lurraren azpian, eta gañean arkitzen diran, gauz, edo ondasun guziak, urrea, zillarra, perlak, diamanteak, zelayak, basoak, berazeak, ganaduak; eta besteak ezer izateko, lenago etorri beardue zugana baimenaren eske. Iristen dituzu atzenean zure begiak, belarriak, eskuak, gorputzak eskatzen dizkitzuen atsegin-kontentu guziak. Au guzia iritxita ere zer protxu izango dezu; galtzen badezu betiko zure anima bakarra, esaten dizu Jesu-Kristok? Quid prodest homini, si mundum universum lucretur, animae vero suae detrimentum patiatur? Au ongi ekusi zuan beregan Salomonek. Ezta izan «munduan Errege onen pare ipiñi ditekeanik jakiundean, ondasunetan, onran, eta izen andian. Asi zan eguzkiaren azpian gertatzen diran gauza guzien ezaguera iristen; ta neke onen ondoren dio: guzia da utsa, ta ezer-eza. Ecce universa vanitas. Asi zan jauregi ederrak, berjerak, loreak, arbolak ipintzen; ta oek ere utsa zirala. Asi zan ondasunak biltzen, eta beste Erregek ez adiña bildu zituan, Asko da esatea aren denboran zillarrari ezer balio etzuan gauzari bezala begiratzen zitzayola. Baña etzuan ondasunetan ere kezka, ta nekea besterik arkitu. Vidi in omnibus vanitatem, et affetionem animi. Asi zan musika, ta kantariak bere Jauregian ugari ipintzen, eta oro bat gertatu zitzayon. Ekin zion atzenean gorputzaren beste atsegin ez garbiak billatzeari. Ez nien, dio berak, ez nien begiai ukatu gura izan zituen gauzetatik batere; eta ez nion eragotzi nere biotzari prestatu niozkan gauzetan nai zituan atsegin guziak artzea. Nork izango ditu, dio, nik adiña atsegin-kontentu? Quis... deliciis affluet, ut ego? Inguruko Errege, ta Prinzipeen alabak beregana zituan, idoloen serbitzariak baziran ere: ta nornai arriturik utziko duan gauza da Eskritura Santak diona, edo zazpi eun emazte izan zituala Salomonek Erregiñen mallakoak: eta irureun beagokoak». Ta zer protxu atera zuan Errege onek munduko onra, ondasun, eta atsegin mota guziakin, galdu bazuan bere anima? lllundu zuan eta beztu betiko bere izen andia, ta utzi zuan betiko galdu zalako beldur andi bat, eta berak aitortu zuan: utsaren utsa, ta ezer-eza zirala munduko gauza guziak. Vanitas vanitatum, et omnia vanitas. Etzitzayon gutxiago gertatu Ebanjelioko aberats kutiziatsuari. Izan zuan kutiziatsu onek abuztu guztiz ugari bat, ta Jainkoari eskerrak eman ordean, eta beartsuai laguntzeko kontuak atera lekuan, kezka andiakin asi zan pensatzen, zer egingo ote zuan ainbeste fruturekin, zeren nora bildu etzuan. Esan zuan orduan: desegingo ditut nere aletegiak, eta egingo ditut beste andiago batzuek: ara bilduko ditut nere ondasunak; eta esango diot nere animari: Ea nere anima orra non dauzkatzun prest urte askorako ondasunak. Etzaitezela nekatu; jan ezazu, edan ezazu, erregala zaite. Requiesce, comede, bibe, epulare. Zer protxu atera zuan kutiziatsu onek bere ondasun guzietatik? Ay! kontu oek ateratzen zegoela, aditu zuan Jainkoaren ots ikaragarri bat esaten ziona: Zentzugabea! Gau onetan bertan zure gorputz orretatik irten bearra da zure anima: norentzat geratuko dira bildu dituzun ondasunak? Iltzan, eta ondatu zan betiko su, eta garren artean. Alferrik beraz, Kristaua; alferrik zabiltza munduari jarraitzen; alferrik nekazten zera emengo onra, ondasun, eta atsegin loyen billa. Ez dezu zure neke guziakin zure anima bakarra betiko galtzea beste protxurik aterako.

        Zer geyago galduko ote dezu, Kristaua, zabiltzan eran bazabiltza? galduko dezu zure Jaun Jaungoikoa, ta galduko dituzu Jaun berak zuretzat prestatu dituan betiko ondasunak, eta atsegin-kontentuak. Ta zer egin al dezakezu, zure Jaun onak utzi ezkero betiko? Ay! bekataria! Ezta geroztik zure gañean eroriko Jaunaren graziaren inz, eta euri gozorik; baizik betiko suak, eta garrak. Ezta geroztik zure biotzean izango Zeruaren, eta ango ondasunen usterik; baizik illuntasun, eta tristura, edo gogaizio bat beti beti ozka, ta aginka ariko zatzuna. Au izango da ar bat beiñere ilko, edo bukatuko ez dana. Enzun-ezazu, Kristaua, zer dion Jesu-Kristok gizon aberats jan-edanean, eta oek dakazten bekatuetan bizi zan batez. Janzitzen zan gizon au granaz, eta tela eder preziotsuakin; eta egunoro jaten zuan mai ugari, edo naroro ornituan. Denbora berean bizi zan gizon gaixo beartu bat Lazaro zeritzana. Au egon oi zan gizon aberatsaren arteetan illaren, biziaren baño antz geyago zuala: goseak igaroa, zauriz betea, ta aberatsaren mayetik erortzen ziran apurrakin bederik gosea iltzeko ongi zaletua. Baña etzion gaixoari iñork ezer ematen. An zetzan iltzeko zorian, zakurrak etorrita bere zauriak miazkatzen ziozkeela. Ala ere bere neke guzien artean etzuan birau, ta madarikaziorik botatzen, baizik eskeintzen zion Jaunari bere biotza, bizitza, ta bera zan guzia. II zan Lazaro beartsua: eta eraman zuen Aingeruak Abrahanen linbora, edo Jesu-Kristok Zeruko ateak idiki zituan arteak anima onak joan oi ziran lekura. Il zan aberatsa ere, eta jatxi zan betiko su, eta garren artera. Bere neke, eta oñazeen artean ekusi zuan, Jaunak ala nai izanik, urruti batean Abrahan bere atseden lekuan; eta Abrahanekin batean Lazaro eskalea ere bai. Asi zitzayon otska Abrahani, Aita Abrahan, urrikitu zaite arren nizaz. Misserere mei. Bidal-ezazu Lazaro, beatz baten punta urtan bustita nere mingaña ezatu dezan: erretzen nago alabaña su, eta gar oen artean. Crucior in hac flamma. Aditurik urrutira adia oek, erantzun zion aberats doakabeari: Ene seme, oroi zaite, bizitzan artu zinduala ondasun, eta atsegin-kontentuak; eta Lazarok nekeak: baña orain au pozez beterik dago, ta zu neke oñazez lertzen. Gañera zurekin gure artean arkitzen da lize ikaragarri bat Jainko beraren agintez egiña, eta onek eragozten du ortik onera, ta emendik orrera igarotzea. Aita Abrahan, esan zion berriz aberats doakabeak: erregutzen dizut, bidal-dezazula Lazaro nere Aitaren etxera, (baditut alabaña bost anai) aditzera eman degiezten nere nekeak, nere pena, ta oñazeak, eta amildu ez ditezen aek ere zori gaiztoko leku onetara. Erantzun zion Abrahanek: Badilue Moyses, eta Profetak; aditu bitzee oek. Ez Aita Abrahan, ez due Moysesen, eta Profeten esan-etara begiratuko; baña ildakoren bat agerturik emen gertatzen danaren berriak ematen badiezte, biurtuko dira Jaunagana, ta utziko due beren bizitza gaistoa. Eranzun zion berriz Abrahanek: Moysesen, edo Profeten esanak aditzen ezpaditue; ez lukee sinistuko or agertzen dana, ildakoren bat piztuko balitz ere. Au da Jesu-Kristok aberats doakabe onen, eta Lazaro eskalearen gañean diona.

        Ekusten dezu, Kristaua? Ekusten dezu, zer dijoakizun, edo zer galduko dezun, animaren egitekoan gaizki irteten bazera? Esangidazu orain zuk, biraugillea; zuk guraso zabar zere ume, ta mirabeai bekaturako bidea erakusten diezuna; zuk, gizon edanean zere etxea galtzen dezuna; mutil arro nondik zure, ta beste askoren animak galduko dituzun zabiltzana; neskatx ergel zere arinkeria, ta ibillera lotsagarriakin animen sare, edo lazo biurtu zerana; zuk saldu-erosi zikiñak, litxarreriak egiten dituzuna; lagun urkoaren onra, fama, izen ona utsikitzen ozka, ta aginka beti ari zerana, esangidazu arren, nola begiratzen ez dezu, zer galtzera zoazen? Eta galtzera betiko? Non da zure sinistea? Norako asmoan zabiltza, zere animaren galgarria? Ez ote diozu noiz ere bait zure animaren egiteko oni benaz ekin bear? Begira, Kristaua! etzaitezela denbora egokian zabartu. Ta zure zabarkeriaren mendean elbarrituaren eran egon etzaitezen, begira ezazu irugarren lekuan. Zein perill andian arkitzen dan zure animaren egitekoa, eta betiko doatasuna.

 

* * *

 

        Zure Jaun Jaungoikoak egin zinduan doatsu izateko betikotasun, edo eternidade guzian; baña doatsu izateko ez doarik, ez bortxaz, eta zure borondatearen kontra; baizik zerorrek nai dezula benaz, eta artarako egin bear dana kontuz egiten dezula. Zure doatasunak beraz ez du beiñere utsegingo Jaunari dagokan aldetik. Baña zure aldetik? Ay! Kristaua! Ongi begiratzen bazenio gauz oni, arrituko ziñake, beti betiko galtzeko zorian arkitzen zerala, ekustean! Atoz ezperen nerekin, eta agertuko dizut, zein egia garbia dan orain diodana.

        Edozeñek dakus, edo beintzat ekusi dezake, alde guzietatik perillez inguratuak arkitzen gerala guziok. Perillak eta lazoak zabaldurik daude leku guzietan guri betiko doatasuna gal-erazteko. Perillak errietan; perillak bakardadean; perillak itsasoan, perillak lurrean; perillak Demonioaren, eta munduaren aldetik; perillak gerengan; perillak aurtasunean; perrillak gazte denboran, eta perillak zartzean. Argatik ongi bizi danak ere ez du zer zabartu bere bidean; baizik ernai; ta kontuz jarraitu bear dio bere nekeari, gerta ez dakion beste askori gertatu zayona, edo betiko galtzea. Jaunaren beldur santuaz beterik ari zaitezte zuen animen egitekoan, esaten digu S. Paulo Apostolua. Cum melu et tremore vestram salutem operamini. Baldin Aingerua Zeruan; baldin Judas Jesu-Kristoren aldean galdu bazan: baldin S. Paulo Apostolua, eta Santu guziak galtze unen beldur andi batekin bizitu baziran, nor ezta izutuko? Ta nork eztu ezagutuko betiko galtzeko perill au?

        Ta guziak onenbat perillean badaude, zer esango degu zuzaz, ainbeste denbora onetan bekatuaren berrizkaturetan, eta gaistakeriaren bideetan bizi zeran Kristaua? Zer, ezpada arkitzen zerala beti betiko galtzeko zorian, eta infernuaren erzean? Ez dezu zuk alabaña biotzik, zure salbatzalleak agintzen dizuna osotoro egiteko; ez dezu biotzik Salbatzalle bera amatzeko, ta serbitzeko bear diran neurriak artzeko. Ez, Kristaua; ez dezu biotzik, benik bein zure Jaunaren lege Santa osotoro gordetzeko, bayetz, konfesioko Sakramentura zatozenean, esaten badezu ere. Esan dezakezu zuk, guraso dongea, zere zabarkeria, zere berandu etxeratze, zere oitura txarrakin ume eta mirabeai infernurako bidea erakusten diezuna, egin nai det Jainkoaren lege Santak agintzen dizuna; baña ongi miratzen badezu zere barrena, igerriko dezu ez dezula biotzik mirabeai ukatu bear zaizten ibillerak, itzegiteak, eta sartu irtenak ukatzeko, edo gal-erazteko, ejenplo ona emateko; goiz etxeratzeko, edanerako oitura utzitzeko. Esan dezakezu zuk, gazte arro zentzugabea, ez dezula nai geyago bekaturik egin, ta biurtu nai dezula zere Jaungoikoagana; baña itzegin beza ez mingañak baizik barrenak; eta onek esaten dizu, ez dezula biotzik osotoro eta betiko utzitzeko adiskidetasun, jolas, ibillera, ta beste zure anima galtzeko izan diran lazoak. Esan dezakezu zuk, zere ipui, ta naspillakin etxeetako pakea galerazten dezuna, zuk, zere mingaiñ madarikatu orrekin lagun urkoaren izen, eta fama beztutzeko oitura dezuna, zuk, litxarrerian, tratu zikiñetan lagun urkoaren odola edaten dezuna: esan dezakezu, diot, gorde nai dezula zure Jaun Jaungoikoaren lege Santa; engañatu dezakezu zere burua, ta konfesorea, baña zuk oraindañokoan ez dezu biotzik izan bekatu-mota oek osotoro, ta betiko utzitzeko.

        Ez dezu gañera biotzik zure Salbatzallea amatzeko, ta serbitzeko bear diran neurriak artzeko. Zer neurri ote dira oek? Neurri oek dira etsai galgarriaren, eta mundu galduaren usadio oker ta iritzi gaistoak betiko utzitzea, ta zere gure, griña, naikunde, ta jenio txarrak ukatzea, ezitzea, ilduratzea, edo mortifikatzea; ta zuk, Kristaua, ez dezu oraindaño neurri oek artzeko asmo oso, edo biotzik izan. Atozea, ezperen, Zenbat bider utzitzen diezu zure ume, ta mirabeai festara, dantza zikiñetara, lagun zentzugabeen artera, ezagutzen dezula zeregan, gauz oriek ez oi dakardela animen kaltea besterik? Atozea, zenbat bider joaten zera neskatxa-mutillen batzarre, naspilla, ta zalagarda zikiñak izan oi diran lekuetara, dakizula, ez dezula zere anima loitu gabe andik aterako? Atozea, zenbat bider zure auzoari gaitz opa izan diozu, edo aren gaitzaz poztu zera, edo onaz naigabetu, zeren arekin aspalditxo otz bizi zeran? Atozea, zenbat bider zure onran, edo zure giar-giarrean ukuitu zaituela iduritzean, asi zera zoratuaren eran edozeñ gauza esaten, diranak, eta ez diranak barreatzen; eta prest egon zera alde orretatik ukuitzen zaituanari ez barkatzeko? Atozea, zenbat bider laudatzen dituzu zerbaiten ustea danean, urliaren okerrak, arrotasunak, bengantzak? Zenbat bider batzarre orietan itzegin bear zendukean gauzetan isillik egon zera urliaren, edo sandiaren beldurrez? edo bear dan eran karguetarako botoa eman dezu, auzotasuna, edo odola ezin ukatuko dezula esanaz? Ekusten dezu, nola oraindaño biotzik izan ez dezun mundu galduaren usadio, uste, ta iritzi gaistoak betiko utzitzeko? munduaren usadio gaistoak amilderazten ditue bein baño geyagotan anima on-sendoetatik ere ez gutxi; baña biotzik ez duanak ez du amildu bearrik; beti dago amildua. Amatzen badu batek mundua, ezta argan Jaunaren amorio, adiskidetasun, eta graziarik, dio S. Juanek. Si quis diligit Mundum, non est charitas Patris in eo. Au bera gertatzen da bere gura, griña, naikunde, ta jenio txarrak ukatzeko, ezitzeko, ta ilduratzeko biotzik ez duanarekin. Jesu-Kristorenak diranak ilduratu, ta gurutzefikatu due jorputza bere gura, ta naikunde txarrakin, dio S. Paulok. Qui sunt Chti. carnem suam crucifixerunt cum vitiis, et concupiscentiis. Niri jarraitu nai didanak uka beza bere burua, edo bere griña, ta naikundeak, dio Jesu-Kristok berak. Abneget semet ipsum. Baña zuk, Kristaua, ez dezu biotzik Jesu-Kristoren agindu au egiteko. Onran, eta puntuan biotza ipiñi duanak nekez txit ukatuko du griña au, ta orobat gertatzen da kutizian, astsegin loyetan, ezkontzeko gogoan biotza itsatsia daukanarekin. Ekusten dezu, Kristaua, zein perill andian arkitzen dan zure animaren egitekoa, eta betiko doatasuna? Ekusten dezu, nola arkitzen zeran beti-betiko galtzeko zorian? Au onela da: ta zuk alaere ez dezu zentzatu nai? Au onela da; ta alaere ez dezu begiratu ere nai, zer galtzen dezun, eta nora amiltzera zoazen? Galtzez galdua dago mundua, ta ezta arkitzen bere kalteari begiratu nai dionik, dio Jeremiasek. Desolatione desolala est terra, et nullus est qui recogitet corde. Edo betiko doatsu, edo betiko doakabe izan bearra zera, Kristaua! Eztago muga onen artean bestetarako lekurik, eta biderik; ta zure bizitza guztiz makurtua dago, eta amatzeko zorian betiko su, eta garren artera. Esna zaite, Kristaua; begira arren nora zoazen: gera zaite, ta ar ezazu zure betiko doatasuna iristeko bidea. Baña ez gaitezen geyegi luzatu.

        Aditu dezu, Kristaua, zure Jaun Jaungoikoak egin zinduala bera amatzeko, eta serbitzeko: ta betiraunde, edo eternidade guzian doatsu berarekin batean Zeruan izateko; ta zein andia dan zure lan, eta egiteko au. Aditu dezu, zenbat dijoakizun, edo zer galduko dezun, egiteko onetan gaizki irteten bazera. Aditu dezu atzenean, zeiñ perill andian arkitzen dan zure egiteko au, eta betiko doatasuna. Emendik atera bear dezun frutua da lenbizia: zure animaren zori on, eta doatasuna iristeko nai andi, eta egarri erazeki bat. Santo Tomasi galdetu omen zion bere arreba batek: Nola iritxi zezakean salbatzea? Eta Santuak erantzun zion: Nai dezula. Nai oso au iritsi artean beti ibilliko gera iduripen utsetan, beiñere Zerurako bidean ongi jartzen ez gerala. Gertatzen da nai erdi, edo laurdenakin alferraren nai, edo deseoakin gertatzen dana. Nai luke alferrak etxean artoa, ta garia, urtea ongi igarotzeko-diña bederik; nai lituke ardiak, beyak, idiak, zeziña, urdaya; ta baditu bear bada gauz oek guziak eskatzen dituen lurrak, belarrak, eta ostoa; ta alaere alferra deseo aen guzien artean goseak bukatzen dago; zeren deseo antzuak, eta dagokan eran sayatzera, eta nekatzera mugitzen ez duenak diran. Nai du, eta eztu alferrak, dio Jakintsuak Eskritura Santan. Vult, et non vull piger. Egiazko nai oso au iristen badezu, Kristaua, ta leyalki berari jarraitzen badiozu, zuk ederki egingo dezu zure animaren egitekoa, ta artuko dituzu betiko doatasuna ez galtzeko neurriak. Zori onekoak zuzentasun, eta bizitza onaren gose-egarri diranak, zeren oek aseak izango diran, dio Jesu-Kristok. Beati, qui esuriunt, et sitiunt justitiam, quoniam ipsi saturabuntur. Baña emen gogoan ar ezazu, Kristaua, nai oso au dala Jaunaren ontarte, ta mesede andi bat; ta beragatik umilki eskatu bear diozu Jaun berari, eta ez dizu ukatuko bear dan eran eskatzen badiozu. Baldin zure biotzaren ateetan biotza ukuituaz ari bazatzu, berak dion bezala: Ecce sto ad ostium, et pulso: baldin eska dezazula, ta emango zatzula, esaten badizu; nola ukatuko dizu bera amatzeko, serbitzeko nai osoa? Gaurko egia oetatik atera bear dezun bigarren frutua egun oetan kontuz, eta Jaungoikoagana osotoro biurtzeko asmoarekin etortea Jainkoaren itza aditzera. Jainkoaren itza aditu nai ez duanak ez du Zerurako gogorik, eta berekin darabil etsayaren marka. Jaungoikoarenak diranak aditzen due Jaungoikoaren itza; argatik zuek aditzen ez dezue, zeren Jaungoikoarenak etzeraten, esan zien beiñ Jesu-Kristok Judu eskergabeai. Propterea vos non auditis quia ex Deo non estis. Gaurko egia oetatik atera bear dezun irugarren frutua da, zure anima bekatuaren loyetatik garbitzeko, ongi prestatzea. Sasiz, larrez, eta belar gaistoz beterik dagoan lur baten eran arkizen da, Kristaua, zure animaren soro ori, eta or Zerurako obra onen frutu gozoak egiteko, lenengo lana da ongi garbitzea zakarreria orietatik. Baña kontu emen; ez dago anima garbitzerik, ez dago konfesio onik zuretzat bekaturako bidea dakarten ibillera, itz egite, sartu-irten, eta beste perillak betiko utzi nai ezpadituzu. Aztenean emendik atera bear dezun frutua da Jaunaren serbitzen bizitzeko neurri egokiak artzea. Era onetan ederki egingo dezu emen zure animaren egiteko andiari dagokana, eta iritxiko dezu zuretzat Jaunak prestaturik daukan Zeruko gloria. Ad quam &.

 

aurrekoa hurrengoa