www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI TA AMAIRUGARREN ERAKUSALDIA

 

Adirazten da zein gauza gozoa eta ariña dan Jesusen lege Santa gordetzea.

 

Jugum enim meum suave est, et onus meum leve. Math. 11

 

        Mundu galdu-doakabeak egiten du gurekin, Moisesek Kanaango bazterrak ekustera, ta miratzera bidaldu zituan zelatariak egin zuena. Israeldarrak bizitu ziran denbora luzeetan Ijitarren mendean, ekusten zituela nork daki zenbat neke, pena, eta gogortasun. Urrikitu zan Jauna Jakob Patriarkaren jatorria era onetan ekusirik; eta Moises giari, ta buru ematen ziela, atera zituan katiberio gogor artatik. Agindu zien Jaunak bere Israeldarrai Kanaango, ta inguruetako lurra: ta lur ain gozoa, zoroa, ta ugaria, non, esnea, ta eztia darion, lurra Eskritura Santak deitzen dion. Alderatu ziran Israeldarrak bazter artara; ta an sartu baño len, bidaldu zituan Moisesek Jaunaren agintez amabi zelatari, Kanaango lekuen, eta gauza guztien berriak eramateko. Egin zuen zelatariak Moisesek agindua; ta guztiai begien aurrean ipintzeko, zein bazter zoroak ziran ekusi zituen bazterrak, artu zuen mats adar bat mordo elduz beterik zegoana, ta aga batean ipiñirik eraman izan zuen bi lagunen artean. Zelatari oek, ekusia ekusirik-ere, Josue, ta Kaleb ez, besteak Ejipton zeuden beren gogoz, ta ez Jaunak agindurikako lurrean; ta asi ziran Israeldarren artean asko gezur barreatzen, eta ipiñi zituen oek Ejiptora biurtzeko zorian. Lur ark irintsitzen ditu, zioen gezurti aek, irintsitzen ditu an bizi diranak. Devorat habitarores. Andiak, eskergabeak, ikaragarriak dira ango gizonak; ta arkitu degu jiganteen mota, edo jatorri bat ain andia, non larapoak, edo langostak baizik ez giñala zirudian aen aldean. Quasi locustae videbamur. Israeldarren mandatari gezurti oen eran erausi oi due munduaren adoratzalleak Jesu-Kristoren lege santaz, bizitza on, ta birtutearen bideaz. Illuntasun, eta tristuraz erkituak, eta bukatzeko zorian bizi dirala, esango due, gure lege santa benaz, eta biotz osoz gorde nai duenak; eta au dala ona eremuetan, edo erlijiotako paret artean ezkutaturik daudenentzat; ez jendeen artean bizi diranentzat. Itz batean, munduaren jarraikin oen iritzian Jesu-Kristoren Lege Santa arantzatz, elorriz, eta larrez guztia josirik arkitzen da. Oituak daude oek munduaren bazka loietara, eta eztakie ezkurraren, eta ezkurraren antzeko gauzen berririk baizik. Ez due biotzik janari oek uzteko, eta gure Salbatzalle Jesus maitagarriari jarraitzeko; ta badarauste edozein zorakeria, ta edozein gezur Salbatzalle berak agintzen digunaren kontra. Ta gauz arrigarria! izanik, mundua esaten diogun, Momo, edo idolo au beren griña, ta pasioen zorabioz beterikako jende utsa, alaere munduaren adoratzalleak zabaldurik arkitzen dira bazter guztietan, erri andietan, bitarteetan, txikietan, gizonetan, emakumeetan, zarretan, gazteetan, eta estadu guztietan. Doi doia arkitzen da, Jesu-Kristo utzirik, eiaka, ta lasterka munduaren ondoren ez dijoanik, naiz kosta osasuna, onra, ondasunak, eta bizitza bera; naiz begien aurrean ekusi infernuaren eztarritzar izugarria zabaldurik, eta gu irintsitzeko prest. Esan diteke alde aldean Dabid Santuak bere denboran ziona: Aldegin due guztiak Jaunagandik, eta galdu dira, ta ezta arkitzen gauz onik, bear bezala beintzat egiten duanik. Biur gaitezen, nere Kristauak gerengana, ta enzun dezagun gure Salbatzalleak esaten diguna: Nere legearen uztarria gozoa, ta leuna da. Jugum enim meum suave est. Ta nik ipintzen dedan karga ariña. Et onus meum leve. Itz oei nagotela begien aurrean ipiñi nai dizuet. 1.a zein gauza gozoa dan Jesusen Lege Santa gordetzea. 2.a Zein gauza erraza, ta ariña. 3.a Aditzera emango dizuet egun oroko jaiera bat, txit asko laguntzen duana Jaunaren legea gordetzen. Enzun nazazue kontuz.

 

* * *

 

        Ezagutzeko zuk, Kristaua, zein gauza gozoa dan zure Salbatzallearen legea, ta lege berak agintzen duana gordetzea, begira ondo nor dan lege au ipintzen diguna? Noren onerako ipintzen duan; zer ondasun, ta zer atsegin kontentuak prestaturik dauzkan bere maitatzalleentzat Jaunak, ala emen nola Zeruko Jauregi ederrean? Nor dala uste dezu, Kristaua, zure Salbatzalle Jesus maitagarria? Au da gure Jaun Jaungoikoa bera, guza guzien egille andia, ta gu ezer ezetik atera ginduana, utzirik beste asko, edo ezin konta al, beren ezer ezean. Au da munduko etxe eder galant au guretzat prestatu zuana, guk bear ditugun gauza guztiakin. Au da gau, ta egun gure bizitza gorde duana, ta gure perill, eta premia guztietan guri laguntzeko prest egon dana. Au da, bekatuaren, eta etsaiaren mendetik gu ateratzeko, gizon egin ta gurutzean bere bizitza eman zuana. Au da, gu bataioko Sakramentuarekin Adanen bekatuaren mantxatik garbitu gaituana, ta Eliz Ama Santaren ume egin, utzirik beste asko edo bataio gabe, edo federik ez duen jendeen artean. Au da, guganako onginai, ta amorioak gañez egiñik, Aldareko Sakramentuan geratu nai izan zuana, gurekin, eta gure artean egoteko, guri emateko bere gorputza, bere odola, bere anima, bere biotza, bere Jainkotasuna, itz batean, bera dan guztia. Izanik Jaun au Guzialduna, ezin alaere eman digun baña geiago eman zegikegun, izanik eziñ geiagoraño jakintsua, etzuan jakin zer geiago eman; ta izanik guztiz aberatsa, ta gauza guztien Jabea, etzuan izan zer geiago guri eman, esan zuan S. Agustiñek. Au da atzenean izate ezin geiagoraño eder, on, eta maitagarria. Ta munduko Errege, Prinzipe, ta gizon andiak serbitzea gauza gozoa, ta atsegin-kontentu andiarekin egiten dana bada: zer izango da gure Salbatzalle Jesus maitagarria serbitzea, ta beraren Lege Santa gordetzea, izanik dan bezalakoa Jaun au? Ta alaere, Jaun au utzirik, jarraitu izan diogu munduari, munduko ezerezari, iduripenai, losentxa, eta gezurrai? Ausi degu ainbeste bider Jaunaren lege Santa? Altxa gera beraren kontra, ta esan degu ez degula serbituko? Confegisti jugum meum, rupisti vincula mea, et dixisti: non serviam.

        Noren onerako ote dira gure Salbatzalleak bere legean agintzen dizkigun gauzak? Noren ezpada gure onerako? Ez du Jaunak betiraunde guzian, edo bere eternidadean gu bezeñ serbitzari zirzillen bearrik izan, eta era berean oraiñ ere ez da gure bear neurririk, eta mugarik gabe doatsua beregan izateko. Ta baldin bere lege Santan agintzen badizkigu gauzaren batzuek, eta debekatzen besteak: ori guztia da gure onra, ta onerako. Artu gaitu alabaña, Jaungoiko beraren Semeen artean, egin gaitu bere senide, ta Zeruko Erreñuaren jabegai; ta nai du gu bizi gaitean, onra onen goi, ta andia ez galtzeko eran. Eta ez da gauza gozoa Jaun bat onen ongillea serbitzea? Ezta, dio S. Anbrosiok, Jesu-Kristo serbitzea baño onra ta dignidade andiagorik.

        Ta zer esango degu, Jaunak bere maitatzalleentzat prestaturik dauzkan, ondasun, atsegin-kontentu, ta gozotasunai begiratzen badiegu? Ondasun, eta atsegin-kontentu oek ematen diezte batzuek bertatik, eta besteak agintzen diezte deserri au bukatzen daneko. Emen Jaunak bere serbitzariai ematen dieztenak dira, ez kanpokoak, eta azalekoak, baizik barrengoak, eta biotzean artzen diranak. Ematen die benik beiñ biotzeko pakea bat, munduko gurutzeak, penak, samintasunak gozatzen, eta arintzen dituana. Ala gertatzen zitzaion S. Paulori, ala beste anima onai. Eztakie munduaren adoratzalleak barrengo atsegin-kontentu oen berririk, ta ez dira berak egiaz beñere poz, eta kontentu. Egon ditezke algaraz, ibilli ditezke nai duen eran, eta nai duen lekuetan, baña biotza geratuko zate beti utsa. Galde ezperen S. Agustiñi, eta Salomoni. Progatu zituan S. Agustiñek Jaungoikoagana biurtu zan baño len, munduko atsegiñak, progatu zituan gero animari dagozkanak, eta dio: ez dirala bekatariak beñere egiaz poztutzen, baizik egiten dituela pozaren jestuak, eta iduripenak. Peccastores non propie gaudent, ses gestiunt. Ez dio gutxiago Salomonek, munduan arkitu al ditezkean atsegin guztiak progatu, ta dastatu ondoan. Progatu zituan ondasunetan gorderik daudela uste dan, atsegin-kontentuak. Eta ekusi zuan etzekartela barrengo kezkak, arantzak, eta arazoak baizik. Progatu zituan munduaren laudarioak, onrak, eta losentxak, eta gertatu zitzaion oro bat. Progatu zituan berjera ederrak, musikak, eta jauregi apainduak begiai, ta belarriai, eman oi diezten kontentuak. Progatu zituan gorputzaren atsegin lizunak, inguruetako Errege, ta Prinzipeen alaba ederrak deitzen zituala. Ez nien ukatu nere begiai gura zuen gauzarik; eta ez nion eragotzi nere biotzari, nai zituan atsegin, eta gustoetan gozatzea, dio berak. Dastaturik gisa onetan, gogora zitzaizkan, munduko atsegin mota guztiak, esan zuan: utsa da, ezereza, ta iduripena guztia. Vanitas vanitatum, et omnia vanitas. Baña bere Jaun Jaungoikoa leialki serbitzen, eta biotz osoz amatzen duan anima, neke, ta gurutzeak inguraturik dagoanean-ere, arkitzen da barrenen pake gozo batean, naigaberik andienetan ere Jaunaren naiari, edo borondateari begiratzen diola, itsas-orratzak norte-izarrai beti begiratzen dion eran. Gauza batek bakarrik samindu, eta naigabez bete dezake Jauna amatzen duan anima, eta au da igarotako bizitzan egindako utsegiteaz oroitzea. Oroipen onek umill erazten du bere Jaunaren aurrean: onek eragiten dio ugari negar, eta suspirio; baña negar oek alde batetik samiñak badira, bestetik munduan diran kontentu guztiak baño gozoagoak dira. Ala dio S. Agustiñek ongi gauz onen berri ziakianik bezala. Dulciores sunt alcrymae paenitentium quam gaudia theatrorum. Gozoagoak ziran Santa Maria Magdalenak Jesu-Kristoren oñetan ixuri zituan malkoak, lengo bizitza limurian artu zituan atsegin guztiak baño. Betor edozeiñ bekatari egiaz Jaunagana biurtu dana, itzegin beza, ta agertu beregan igaro zaiona, ta au bera esango du. Pakea gozo onezaz gañera badu Jauna serbitzen duanak beste doai preziotsu bat ere, ta da bere Jaunaren Letart, edo probidenziaren besoetan uste oso, ta sosegu andiarekin atsedetea, naiz gauaz, naiz egunaz, naiz osasunan, naiz eritasunetan, naiz eriotza bera datorrenean. Ez ditugu guk ondasun gozo oek ongi ezagutzen; baña zergatik? zeren biotz osoz jarraitu ez diogun oraindañokoan gure salbatzalle Jesus maitagarriari, ta zeren munduaren ta geren griña, ta pasio txarrak eskatzen dituen atsegiñ zirzillak utzi nai ez ditugun.

        Atsegin-kontetu, ta gozotasun oek emen bertatik eman oi diezte Jaunak bere serbitzariai; ta negarrezko ibar onetan onen ongi begiratzen badie zer ondasunak; zer atsegin kontentuak izango dira, deserri onen ondoren emango dieztenak? Jaungoikoa bera izango da anima onaren saria. Jaungoikoaren doatasun miragarriagandik irtengo da atsegin, kontentu, ta gozotasunen ujola, edo ibai bat anima ona osotoro bete, ta bete ezezik guztia inguratuko duana. Inebriabuntut ab ubertate domus tuae, et torrente voluptatis tuae potabis eos. Ezin guk ongi ezagutu ditzakegu, nere Kristauak, ango atsegin-kontentuak. Ez ditue, dio S. Paulok, begiak ekusi, ez ditue belarriak aditu; ez gizonaren adimentuak iritxi, Jaunak bere maitatzalleentzat prestaturik dauzkan ondasunak. Esan gidazu orañ, Kristaua ez da gauza gozoa, ta atsegin-kontentuz betea gure salbatzalle Jesus maitagarriaren lege Santa gordetzea? Ta alaere naiago izan degu munduaren zentzugabekeria, usadio, ta iritzi anima-galgarriai jarraitzea? naiago, ganadu beltzen eran, bazka loietan, ozalean, ta ezkurrean bizitzea? Zentza gaitezen, nere Kristauak, eta Ebanjelioko seme ondatzallearen eran biur gaitezen gure Aita onagana.

 

* * *

 

        Jaunak bere serbitzarientzat prestatu dituan ondasunak, eta atsegin-kontentuak andiegiak dira, nere Kristauak, doarik emateko. Nekatu bear da ondasun oek eskatzen duen bezala; baña neke au erraza, ta ariña da, ongi begiratzen badiogu. Ala dio Jesu-Kristok berak. Onus meum leve. Ez dezu sinisten, Kristaua? Atoz bada egia au ekustera. Jaunaren lege Santak agintzen digun lenengo gauza da Jaun bera adoratzea, ta serbitzea. Adoratuko dezu zure jaun Jaungoikoa, ta bera bakarrik serbituko dezu, esaten zaku Eskritura Santan. Ta zer neke da gure egillea, gauza guztien asiera, ta iturburua, guztien iraupena, ta fiña ezagutzea, ta dagozkan agur umillak egitea? Erregeen jauregietan arkitzen diran zaldunak, eta erreñuko andiak ez due neke anditzat artzen Erregeren aurrean beren agur umillak egitea, ez eta serbitzea ere. Ta neke andia izango da au egitea Errege guztien Erregerekin? Errege aiñ on, eta maitagarriarekin?

        Agintzen digu gañera serbitu dezagula. Egia da, serbitze onek baditu bere aldapak, baditu kontrako aizeak, ta baditu perill latzak munduaren, Demonioaren, eta aragiaren aldetik; ta eskatzen du, kontuz, eta arretarekin jarraitzea gure egn bide guztiai. Baña denbora berean egia da, neke andiagoa dala munduaren, eta gure griña, ta pasio txarren mendean bizitzea; ta barrengo pakea, ta pozik beñere gustatu, ta progatu gabe batek bere egunak bukatzea. Jaunaren serbitzean arkitu ditekean neke guztia arintzen due, Jaunak bere maitatzalleai ematen diezten, laguntza, ta grazia ugariak. Arintzen due biotzeko pakea gozoak, ta betiko ondasunen usteak. Arintzen da atzenean, zeren gure eginbide guztiak biurtzen diran bi gauzatara, Jaungoikoa ta Jaungoikoagatik lagun urkoa amatzera. Egiaz, eta biotz osoz amatzen duanak bere Jaungoikoa, nekerik gabe adoratuko du sarritan Jaun bera, umilki eskerrak emango diozka argandik artu, eta egun oro artzen dituan ontarte guztiaz, ta oei nolerebait erantzun naiez, eskeñiko diozka bere itz, pensamentu, ta lan guztiak aren onra, ta gloriarako. Sinistuko ditu aisa fedeko misterio guztiak; eta uste oso-umil bat izango du Jaunagan. Ez du juramenturik egingo, egiarekin, eta premiak ala eskatzen duanean baizik. Ez du jai egunik ausiko, ta Eliz Ama Santaren aginduak egingo ditu Jainko berarenak bezala.

        Era berean lagun urkoa benaz, eta biotz osoz amatzen duanak, onratuko ditu bere gurasoak, ez dio lagun urkoari gatzik opako; ez dio bere anima, ta gorputza loitzeko biderik emango ez itzez, ez keñada zikiñakin, ez bestela. Ez dio ezer ostuko; ez dio bidegaberik egingo bere onran, eta izen onean. Itz batean, lagun urkoari dagozkan gauza guztiak, ta bere estaduko eginbideak aisa, ta pozik egiten ditu Jaungoikoaren, eta lagun urkoaren amorio andia duanak; ta kontuz ukatzen ditu bere griña ta pasio txarrak. Baldin Jakob Patriarkak morrontzan amalau urte igaro bazituan, egun gutxi baziran bezala, Rakeli zion amorioagatik, ta igaro Laban bezeñ gizon eskergabe-gozakaitzaren etxean; zer egingo ez du Kristauak, Jaungoikoaren, eta lagun urkoaren onginai, ta amorio andia iristen duanean? Onginai, ta amorio andiak samintasunak berak goisatzen ditu, azukreak fruta samiñak goisatzen dituan eran; ta arintzen ditu nekerik andienak-ere, dio S. Agustiñek gauz onen berri ongi ziakianak bezala. Laborat nullus amor magnus: Quidquid difficile est in praecepto, leve est amanti? Ona zergatik, eta zein bidez dion gure Salbatzalleak, ariña dala beraren Lege Santaren karga.

 

* * *

 

        Ar ezazue nere legearen uztarria zeren gañean, eta zuek arkituko dezue zeren animentzat pakea, ta sosegua, esaten digu Salbatzalle berak. Nai dezu bada, Kristaua, zure Jaunaren lege Santa erraz gordetzeko bidea ikasi? ta nai dituzu lege onen gozotasun, eta atsegin-kontentuak iritxi? Ara bada onetarako bide erraza. Garbi ezazu benik bein biotza bekatuen loi, ta lia zikiñetatik konfesioko iturrian; artean alabaña etzera gai, Jaunak bere lege Santa gordetzen duenai eman oi diezten, pakea gozoa, ta atsegin-kontentuak dastatzeko. Oitu zaite gero goiz arratsetan, Jaunaren aurrean jarririk, Jaun bera umilki adoratzera, egin dizkitzun ontarteaz eskerrak ematera, zere itz, pensamentu, ta lanak beraren onra, ta gloriarako eskeintzera. Oitu zaite goiz arratsetan asmo oso bat artzera geiena ausitzen dezun mandamentua kontuz gordetzeko, ta zure griña, ta pasio nagusiena ukatzeko, ta ezitzeko; ta goiz-arratsetako jaiera au buka ezazu fede, esperanza, karidade, ta kontriziozko afektoakin. Atzenean zure nekeak, eta lan guztiak izan ditezen Jaunaren gogokoak, ta Zerurako irabaziak, noizean beiñ berri ezazu, goizean artu zenduan, nai ta intenzio ona. Asko da onetarako Jaunagana biotza altxatzea esanaz zeregan: Jauna esana esan: goizekoan bertan arkitzen naiz: zure izenean, zure onra, ta gloriarako izan bedi nere neke, gurutze, edo lan au. Zure griña, ta pasio txarren batek egiten badizu, edo ustekabean perillen batean zere burua ekusten badezu: lenbait len oroi zaite Jauna begira dagokizula, ta zuri laguntzeko prest arkitzen dala. Ots egiozu zere biotzean, eta esan: Atoz Jauna, atoz laster, gorde nazazu perill ontatik: naiago det bertan iltzea, zure begietan bekatu egitea baño. Ez due, nere Kristauak, gauz oek neke andirik, eta dan ez jakiñenak-ere erraz txit egin ditzakeanak dira. Alaere oek kontuz, eta egun oro egitea da birtute guztien zimendua, Zerurako irabazien gordallua, ta jaiera, edo debozio guztien gaña, ta lore ederra. Ta sinisturik nago, gure jende prestu-garbien artean askok artuko duela gauz oek goiz arratsetan egiteko jaiera, baldin begien aurrean ipintzen bazate argiro, zer, ta nola egin bear dan. Siniste onek mugitu nau jaiera au alik ongiena letraz ezartzera. Ta zuek ikasi dezazuen, nola bakoitzak bere bakarrean, eta nola gurasoak bere mendekoakin egin ditzakeen debozio oni dagozkan gauzak, asmo det, zenbait jaietan gai, edo lan oni ekitea. Zuekin batean esango det debozio oni dagokana; ta gañera egingo det gauza bakoitzaren gañean dotrina eder bat. Atozte, nere Kristauak; atozte, Zerurako bidean sartu nai dezuen guztiak. Egin dezagun guztiok, azken kontuen ordu ikaragarria datorkigun baño len alegiña bizitza zuzentzeko, ta beti beti iraungo duan Zeruko gloria iristeko. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa