www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI TA AMAIKAGARREN ERAKUSALDIA

 

Adirazten da asko edo gutxi ote diran salbatzen diran kristauak.

 

Domine, si pauci sunt, qui salvantur? Luc. 13.

 

        Ekusi dezu, Kristaua, aurreko egunetan, zein gauza andietarako egin zinduan zure Jaun Jaungoikoak; edo egin zinduala bera ezagutzeko, amatzeko, serbitzeko, ta gero betikotasun guzian berarekin batean doatsu Zeruan izateko. Ekusi dezu, zein neurri miragarriak artu dituan Jaunak zuri billaerazteko zure betiko zori ona, ta bizitza doatsua. Au guzia egin gure alde gure Jaun onak! ta alaere Adanen umeak bizi dira bizi diran eran? Ai! Aldegin due guziak, esan dezakegu Dabid Santuarekin, aldegin due betiko zori onaren bidetik, eta galdu dira Jaunarentzat. Omnes declinaverunt, simul inutiles facti sunt. Begirautrik munduari egin diteke bein batean Jesu-Kristori egin zioen galdea: Jauna, esan zion batek, gutxi ote dira Zeruratzen, edo salbatzen diranak? Si pauci sunt, qui salvatur?. Galde oni nagokala begien aurrean ipiñi nai dizkitzut bi pensamentu.

 

 

LENENGO PENSAMENTUA

 

Asko, edo gutxi ote diran Adanen ondorengo guzien artean salbatu, ta salbatzen diranak?

 

        Gure Jaun Jaungoikoak egiaz nai du, dio S. Paulok guziok salbatzea: Deus omnes homines vuli salvos fieri. Zer egin eztu bere nai onekin guziok Zerurako bidean sar-erazteko, ta guziok Zerua irabazi dezagun? Baña nola gizonari eman zion gaitzerako, ta onerako eskua, etzion kendu nai izan esku au, dio S. Agustiñek. Emendik dator gizon eskergabeak, bere Jaun Jaungoikoa amatu, ta serbitu ordean, Jaun bera utzitzea, bere gura txarrai jarraitzea, ta bekatura dabillela, galtzea betiko bizitza doatsua. Baña gizonak leialki gordetzen baditu Jaunaren aginteak, ta kontuz jarraitzen badio Jaun beraren lege Santari, onek iristen du betiko zori ona. Era onetan betiko zori ona iristen duenak, edo salbatu, ta salbatzen diranak asko, ta asko dira Adanen ondorengo guzien artean. Au aditzera eman zuan Dabidek esan zuanean: kontatuko ditut, eta ondar-aleak baño ugariago izango dira. Dinumerabo eos, et super arenam multiplicabuntur. Au bera aditzera emango zigun S. Juanek zioenan: ekusi nuan talde andi bat jende-mota guzietatik, eziñ iñork-ere konta zezakean adiñekoa. Vidi turbam magnam, quam dinumerare nemo poterat ex omnibus gentibus. Baña asko, edo gutxi ote dira betiko galdu, ta galtzen diranen aldean? Txit gutxi, nere Kristauak, txit gutxi, eta egia au ezagutzeko asko da munduari bere jaiotzatik onera begiraldi bat ematea. Nola bizitu ote zan mundua lenengo milla sei eun, eta berrogeita amasei urteetan, edo ujalderaño? Seten ondorengoak zenbait denboran ongi, Kainenak gaizki. Asi ziran ezkontzaz elkarganatzen, eta mundu guzia zikindu zan bekatuz, idolatriaz ta lujuriaz ainbesteraño, non esan izan zuan Jaunak: Kenduko det lurraren gañetik egin nuan gizona; eta ez gizona bakarrik, baita onekin batean abereak, edo animaliak berak-ere, lurrean arrastaka dabiltzanetik asi ta aidean dabiltzan egaztietarañoko guziak; damutu zat alabaña oek egiñaz: Paenitet enim me fecisse eos. Eman ziozkan munduari eun ta ogei urte bere gaiztakeriaz, eta bekatu nazkagarriaz damutu zedin; baña alferra izan; ta guziak bukatu zituan, mundu guzia estali zuan, ujalde batekin. Bakar bakarrik gorde ziran Noe, ta bere emaztea, iru seme, ta iru errañarekin, Jaunak esan zien eran arka, edo kutxa batean sarturik. Zenbat milloi anima etziran itoko ujalde artan? Eta guziak betiko galdu ziran zenbaiten iritzian. Egia da asko gizon jakintsuak uste duela, ito ziranen artean batzuek biurtuko zirala Jaungoikoagana.

        Ta kastigu izugarri onen ondoren nola bizitu ote zan mundua? Nola? len bezala gutxi gora bera, laster alabaña zabaldu zan idolatria, ta loikeria-mota guzia, Sodoma, Gomorra, ta beste iru errirekin gertatuak aditzera ematen duan bezala. Ezin esan diteke, zertaraño loitua, ta usteldua arkitzen zan erri oetako jendea aragiaren atsegin zikiñetan. Asko da esatea, beartu zuala Jauna sufre, ta betunezko su ikaragarri batekin, Lot, onen emaztea, ta bi alaba ez, beste erri aetan bizi ziranak, eta erriak berak auts biurtzera. Eta jende oek guziak amildu ziran betiko infernura. Ordutanik Jesu-Kristoren etorreraño zuzendu ote zan mundua? Batere. Israeltarren artean ezagutzen, eta adoratzen zuen gure Jaun Jaungoikoa, ta gañerako mundu guzia jainko gezurrezkoen itsumenean bizi zan. Argatik Dabidek deadar egiten zuan. Guziak aldegin due Jaunagandik, eta galdu dira. Eta Isaias Profektak zion zabaldu du infernuak bere kolkoa, ta neurririk gabe idiki du bere eztarritzar izugarria. Dilatavit infernus animam suam, et apperuit os suum absque termino. Etorri zan munduaren salbatzallea, ogei ta amairu urtean bizitu zan gizonen artean itzez, eta obraz Zerurako bidea erakusten, eman zuan gurutzean bere bizitza, ta ipiñi zuan bide bera ederki prestatua. Ta alaere munduaren lau bazterrak fedearen argi gabe bizi dira, Katolikoen erriaz osterontzean, eta oetan-ere bekatuarn llolloa errotu, ta zabaldu da nortaki zenbateraño. Adanen ondorengo guziai begiratzen badiegu beraz txit gutxi dira salbatu, ta salbatzen diranak galtzen diranen aldean. Zein gauza negargarria au gertatzea ainbeste Jesu-Kristori kosta zaizkan animakkin! Aita Santu Inozenzio irugarrenari esan zion bein gizon Santu batek: ekusi zituala animak infernura amiltzen, elurra ugari ari danean elur-maloak lurrera erori oi diran eran.

 

 

BIGARREN PENSAMENTUA

 

Kristauen artean aso, edo gutxi ote diran salbatzen diranak, galtzen diranen aldean.

 

        Salbatzen diran Kristauak berenez asko dira, eta aurtasunean iltzen diranak barrunen sartzen dirala, geiago izango dira salbatzen diranak galtzen diranak baño; jaiotzen diranetatik asko, edo alde aldean irugarren partea iltzen dira zortzi, edo amar urteetarako. Baña Kristau aziaz itzegiten dala, salbatzen diranak gutxi dira galtzen diranen pare ipintzen badira. Au aditzera eman digue S. Basiliok, S. Agustiñek, S. Juan Krisostomok, S. Gregoriok, eta S. Bernardok. S. Juan Krisostomok Antiokiako erri andian predikatzen ari zala esan zuan: zenbat uste dezue erri onetan dirala salbatuko diranak? Quot esse putatis in civitaate ista, qui salvi fiant? Gauz illun, edo samiña da esatera noana, baña esango det. Doi doaia arkituko dira ainbeste millaren artean eun salbatuko diranak, eta oez-ere dudan nago. Vix in tot millibus inveniri centum possunt, qui salvi fiant, quin et de his dubito. S. Gregoriok dio: asko dira fede Santara datozenak, eta gutxi Zerura dijoazenak. Plures ad fidem veniunt, eta ad Caeleste Regnum pauci perducuntur. Eta ez dira gutxiago ikaratzeko gauzak S. Bizente Ferrerrek, Hugo Kardenalak, Agreda beneragarriak esaten dizkiguen gauzak. Baña zertarako nekatuko gera gizonen esanak aitatzen baldin Salbatzalleak berak esan bazuan: asko dira deituak, baña gutxi autuak? Multi sunt vocali pauci vero electi?

        Ta oraindik-ere ezin sinistu badezu gutxiago dirala Kristau azien artean salbatzen diranak galtzen diranak baño, begira alde batetik gure fede Santak erakusten duanari, ta besteti gizonen bizitzari. Gure fede Santak erakusten digu, ez dala Zeruan sartuko gauza loirik, edo berbera dana bekatuarekin zikindua dagoanik. Non intrabit in eam aliquid coinquinatum. Emendik Zerura nai duanak edo garbi gorde bear du bataioan Jaunak eman zion graziaren soñeko ederra, edo penitenziarekin, au da damuz, eta negarrez garbitu bear du bere anima. Eta nork eztaki, zein gutxi diran bataioan artu zuen graziaren soñeko ederra garbi gordetzen duenak? Nork eztaki, Adanen umeak ozta gaitzarekin onaren ezagueran sartzen dira, gaitzera dijoazela lasterka, atearen umeak urtara dijoazen, eran? Gutxi dira beraz bekatuz loitu ez diranak, eta inozenziaren bidetik salbatzen diranak. Eta ugari ote dira egiaz eta biotzetik Jaungoikoagana damuz, eta negarrez biurtzen diranak, bekatuan erori ezkero? Geiago dira bekatuan oatuak bezala bizi diranak Jaunagana biurtzen diranak baño, geiago gaizki konfesatzen diranak ongi konfesatzen diranak baño, gizon jakintsu askok esaten diguenez, ta neke da bestela izatea gure usadio, gure zabarkeria, ta bizimoduari begiratzen badiegu. Zenbat, eta zenbat arkituko dira ongi konfesatzeko nola prestatu eztakienak? Zenbat alaere Jaunaren itzagandik iges egiten duenak? Zenbat nola nai Pazkoa igarotzearekin urte guziko ongi daudela, uste duenak? Zenbat bekatua, ta bekaturako bideak, etxeak, lagunak osotoro utzitzeko biotzik ez duenak? Zenbat eren oitura, griña, ta genio txarrak garitzeko neurriak artu nai ez dituenak? Zenbat lotsaz bekatuak edertzen, edo ixilik gordetzen dituenak? Aita Frai Luis Granadakoak begiraturik Kristauen bizimoduari dio: Kristauen talde, ta gorputzak oñetik asita bururaño alde aldean ez daukala osasuna osoarekin dagoan puska, edo parterik.

        Baña egin dezagun kontu, bekatariak geienak biurtzen dirala Jaunagana egiaz. Gure fede Santak erakusten digu gañera, ez dala asko salbaziorako nola nai Jaunagana biurtzea; baizik iraun bear dala bizitza onean, eta bekatutik aldegiten dala. Ill artean irauten duana salbatuko da dio Jesu-Kristok. Qui perseveraverit usque in finem hic salvus erit. Zenbat, eta zenbat Kristau betiko su, eta garren artean arkitzen dira noiz bait ongi asi ziranak? baña galdu ziran, zeren iraun etzuen. Zenbat garizuma edo Misioren batean ongi konfesatu ziranak? ta alaere beti erretzen egon bearrak dira, zeren iraun etzuen onean. Esan gidazu orain, Kristaua, Pazkoetan, edo Misioetan Jaunagana biurtzen diran bekatarietatik asko ote dira bekatura biurtu gabe dirauenak? Izango ote dira irutatik bi? Ez. Izango ote dira erdiak? Ez. Izango ote dira irutatik bat? Ez eta orrenbeste-ere, gizon jakintsuen iritzian. Oetatik batek dio: Poztuko nintzake ni, baldin Misio batean Jaunagana biurtzen diranetatik eunetatik ogei ta amarrak iraungo balue bekatura biurtu gabe; baña nik esan degikezuet, ozta dirala ogei. Au letraz ezarria utzi zuan Aita Kalataiud'ek. Ta au onela bada, zer da zer miretsi gutxi izateaz salbaten diran Kristauak galtzen diranen aldean?

        Gure fedeak erakusten digu Zeruko erreñua irabazten dala bortxaz, au da gure gura, griña, ta jenio errebesak eskuratzeko, zuzentzeko, edo ezitzeko, saiatzen gerala, eta obra onak egiteari kontuz jarraitzen diogula. Regnum Coelorum vim patitur. Eta nork eztakus, Kristaurik geien geienak ez duela konturik beren griña txarrak eskuratzeko? Gazteak gaiztakeriari ederretsi ezkero, lenago utziko du larrua bere bide okerrak baño: eta zarrak ez oi due biotzik bere jenioai kontra egiteko. Esana dago: antz azturak obiraño. Atzenean Eskritura Santak esaten digu, bekatarien eriotza izan oi dala guztiz gaiztoa: Mors peccatorum pessima. Ez zergatik, bekataria osotoro Jaunagana biurtzen bada, barkazioa ukatzen dion Jaun berak, baizik zeren neke dan, ta gutxitan gertatzen dan eriotzako denboran bekataria bear bezala Jaunagana biurtzea. Gaitzak alde batetik, bere bizitza gaiztoak, eta infernuaren beldurrak bestetik, utzi oi due alabaña bekatari tristea ezertako ez dala. Emendik atera dezakegu erraz Kristauen artean-ere gutxiago dirala salbatzen diranak, eta gertatzen dala Salbatzallearen esana. Asko dira deituak, baña gutxi autuak. Multi sunt vocati, pauci veri electi. Goazen oraiñ gai onen gañean gure zerbait pensatzera.

        Lenengo pensamentua: Asko edo gutxi ote diran Adanen ondorengoen artean salbatu, ta salbatzen diranak.

        Bigarren pensamentua: Kristauen artean-ere asko, edo gutxi ote diran salbatzen diranak galtzen diranean aldean? Gure Salbatzalleak dio asko dirala deituak, baña gutxi autuak. Multi sunt voacti, pauci vero electi. Egizue alegiñak bide, edo ate estutik sartzeko. Contendite intrare per angustam portam. Ai! ta ni salbatuko diran orietakoa, edo besteetakoa ote naiz? Emen ixilik egon bear da gutxi batean gauz oetan pensatzen.

 

 

FRUTUA

 

        Emendik atera bear degun lenengo frutua da: Jaunaren aurrean ongi damutzea oraindañoko gure bizitza anima-galgarriaz. Bigarren frutua, bertatik ar ezazu konfesio on bat egiteko, bekatutik, eta bekatuaren bideetatik aldegiteko asmo osoa. Au da, Jesu-Kristok esaten digun bezala, ate estutik sartzeko alegiña egitea. Intrate per angustam portam. Irugarren fruta ongi konfesatzeko, ta aurrera bekatura ez biurtzeko bear dezun grazia iritxi dezazun, ar ezazu zure bitartekotzat Birjiña guztiz Santa dolorez betea. Atzenean Birjiña beraren onran atoz bederatzi urren onetara, ta oitu zaite Jainkoaren itz Santura, bezpera, ta errosariora etortzera. Goazen oraiñ ongi konfesatzeko prestaera ikastera, ta egitera.

 

aurrekoa hurrengoa