www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

BERROGEI TA BOSTGARREN ERAKUSALDIA

 

Adirazten da lenbizia:

Zer aditzen dan Jaunaren Itz Santuaren izenez, eta nolako mesedea dan, Jaunak bere Elizari itz au utzi dion, eran utzitzea.

Bigarrena: Nolako aserrea agertu digun Jaunak beraren itz Santua entzuten ez duenen, eta gaizki entzuten duenen kontra.

Irugarrena: zer frutu emendik atera bear degun.

 

In mansuetudine suscipite verbum insitum,
quod potest salvare animas vestras.
Jacobi 1.

 

        Enzun ezazue biotz umill, eta manso batekin, zuen animak salbatu ditzakean Jaunaren itza, esaten digu Santiago Apostoluak. Gai onen gañean itzegin dizuet iru Erakusalditan, eta azkenekoan aditu zenduen, zeiñ marka gaiztoa dan dotrinak, eta Jainkoaren itza ez entzutea, eta nor diran marka onekin dabiltzanak. Aditu zenduen gañera, zeñ marka, edo siñale ona dan dotrinak, eta Jainkoaren itza ongi entzutea, eta nor diran marka onekin arkitzen diranak. Baña zeren batzuek ez dakien oraindik zer aditzen dan Jainkoaren itzaren izenez, gaur aditzera eman nai dizuet, lenbizia: zer aditzen dan itz Santu onen izenez, eta nolako mesedea dan, Jaunak bere itz au Eliz Ama Santari utzi dion eran utzitzea. Bigarrena, nolako aserrea agertu digun Jaunak beraren itz Santua entzuten ez duenen, eta gaizki entzuten duenen kontra. Irugarrena, zer frutu emendik atera bear degun. Asi gaitezen bertatik.

 

* * *

 

        Jaungoikoaren itz andia da Jainkoaren Semea bera, edo Trinidadeko bigarren Persona, Aitaren antz ederra, Aitaren adimentutik betikotasun guzian jaiotzen dana, eta ez degu oraiñ itzegiten onen gañean. Jaungoikoaren itzaren izenez aditzen da bada emen Jaunak moldatzen duan ots, eta dei bat guri adierazteko Zerurako bidean jakiñ, eta egiñ bear ditugun gauzak. Egiñ zuan Jaunak gizona bera ezagutzeko, amatzeko, ta serbitzeko, eta gero berarekin batean Zeruan beti beti doatsu izateko. Eziñ egiñ zezakean, eta eziñ egiñ dezake gizonak betiko bizitza doatsua iristkeo egiñ bear dana, ezpadaki nork, eta zertako egiñ zuan. Zeiñ on, eta maitagarria dan Egille andi au? Nola iritsi ditzakean bere lana ongi egiteko bear diran gauza guziak, zer eta nola egiñ bear duan Jauna amatzeko, ta serbitzkeo, nola aldegin bear duan bekatutik, eta bekatuaren bideetatik? eta au guzia adierazten dio Jaunak gizonari bere itz Santuaren bidez, eta erakusteaz gañera ukitzen du, eta mugitzen ongi entzuten duanaren biotza arretarekin ekiteko bere animaren egiteko andiari.

        Bazekusan Jaunak, nori nai ematen bazitzaion beraren itz Santau adi-erazteko eskua, izango zirala Erakusle, ta Profeta gezurtiak, gogoak ematen ziena erausiko zuenak, Jaunak esana bezala, eta beragatik munduaren asieratik Jesu-Kristo etorri zan bitartean, eta Jesu-Kristo etorri ezkero artu izan ditu neurri ederrak engañatuak izan ez ditezen bera serbitu nai duen animak. Adani, eta beste Patriarka batzuei berak itzegin zien. Lege zarrean adierazi oi zuan bear zana Profeten autik. Lege berrian Jesu-Kristok berak itzegin zien Apostoluai, eta Judatarrai, eta erakutsi zuan Zerurako bidea; eta bere Elizari, au da Apostolu Santuai, oen ondorengo Obispo Jaunai, eta oek bidaltzen, edo egiteko onetarako ipintzen dituenai eman zien bere itz Santua adierazteko eskua. Eta norbaitek agertzen, edo aditzera ematen ezpadu itz Santu au Eliz Ama Santak bere buruagandik, edo Jesu-Kristo gandik artu duan eran, kentzen da onelako Predikari dongea lan onetatik. Onela utzi dio Jaunak bere itz Santua Eliz Ama Santari. Emendik Eliz Ama Santak ipintzen dituan Predikariak dira Jaunaren itz Santua gugana igarotzeko bideak, eta Jaunaren itza da bide oetatik gure adimentura, eta biotzera igarotzen dana. Predikariaren otsa ez da belarrietaraño baizik iristen; baña Jaunaren itza, ongi prestatua dagoanean bat, barrena dijoa.

        Ezagutzeko orain Nolako mesedea dan era onetan Jaunak bere itz santua Eliz Santari utzitzea, begira, Kristaua, nor dan guri itzegiteko neurri onen ederrak artu dituana? Nondik datorkigun onenbeste onra guri, eta ez beste askori? Zer ondasunak ekarri dituan, eta egun oro dakartzian Jaunaren itzak? Nor ote da guri itzegiteko neurri aiñ ederrak artu dituana? Esan degu, Jauna bera dala neurri oen artzallea; baña ongi, ta betaro gogoan erabilli ote degu, Nor dan guri itzegiteko ainbeste neurri artu dituana? Jaun au da iñoren, eta ezeren bearrik ez duana. Jaun au da bera beregan ezin geiagoraño doatsua, eta doatsuna bera. Jaun au da gauza guzien Egillea, Jabea, ta guzien kontua daukana. Jaun au da Errege, ta Agintari guzien Erregea. Ta Jaun andi onek artu izan ditu ainbeste neurri gurekin itzegiteko? Izan bedi Predikaria S. Pedro, Jaun onek itzegiten dio ongi entzuten duanari; izan bedi Judas, Jaun onek itzegiten du ark bere Maisuaren itz santua adirazten duanean. Izan bedi S. Juan Krisostomo, Jaun onek itzegiten du eta au bera gertatzen da Elizako beste edozeiñ Predikarik itzegiten duanean ere. Etzerate zuek itzegiten dezuenak, baizik nere Aitaren Espiritua da zuetan itzegiten duana, esan zien Jesu-Kristok bere Apostoluai: Non estis vos, qui loquimini, sed Spiritus Patris mei, qui loquitur in vobis.

        Nondik guri onenbeste onra? Jaunaren itzaren egia partitzen da Eliz Ama Santaren barrutietan bizi diranen artean bakarrik; gañerako guziak, itz santu onen lekuan, aditzen ditue etsai galgarriak erakutsi, eta zabaldu dituan gauzak. Nondik bada onra onen andia? Nondik, Jaunaren ontasun, eta urrikimentu andiagandik baizik? Au ongi ezagutu bagendu, ez giñan Jaunaren itza entzuteko izan geran bezain zabarrak izango.

        Zer ondasunak ez ditu ekarri Jaunaren itz Santuak? Oroi zaite nolakoa arkitzen zan mundua Jesu-Kristok bere lege santa adierazteko bidaldu zituanean Apostoluak munduaren lau bazterretara. Juduak ez, bete jende guziak etzuen ezagutzen Jainko egiazkoa lenagoko denboretan-ere, Dabidek zionez. Ezagutua da Judean Jaungoikoa, zion. Notus in Judaea Deus. Gañerako bazter guzietan adoratzen ziran idoloak, edo arriz, zurez, eta beste gairen batekin egindako iduri, edo figurak, eta oetan Demonioa. Erreñu bakoitzean bazituen nortaki zenbat Jainko farragarri. Eta nolako bizitza izan al zitekean Jainko egiazkoa ezagutzen etzan lekuetan arkitzen ziranean bizitza? Naita ez guziz loi, eta itsusia, geienetan beintzat. Argatik zion Dabidek aldegin due guziak Jaunagandik, galdu dira Jaunarentzat: Omnes declinaverunt, simul inutiles facti sunt; ezta gauz onik batere egiten duanik, bear bezala beintzat. Non est qui faciat bonum, non est usque ad unum. Eta Judatarrak berak nola bizi ote ziran? Oek ere gaizki, zenbait atera ezkero; bada etzuen ezagutu nai izan beren Mesias, edo Salbatzallea, eta ezagutu ordean gurutzean illerazo zuen. Ona nolakoa zegoan mundua Jesu-Kristok bere legea adieraztera bidaldu zituanean Apostoluak. Mundu guzira joan da aditzera eman giezue jende-mota guziai nere legea, esan zien Jesu-Kristok. Euntes in mundum universum praedicate Evangelium omni creature. Gauza miragarria! Arrantzale batzuek ziran Apostoluak, eta alaere urte gutxiren barrunbean desegin ziran idoloak, ezagutzen ziran erreñuetan beintzat, asi ziran jende guziak Jainko egiazkoa adoratzen, eta Jesu-Kristoren gurutzea egiñ zan siñale guziz onragarri: S. Pedrok berak Judatarrai predikatu zien lenengo egunean bertan iru millari arrerazo zien Jesu-Kristoren legea. Ekusten dezu, Kristaua, zer ondasunak ekarri dituan Jaunaren itz Santuak? Itz onek Asia, Afrika, ta Europa ipiñi zuan Jesu-Kristoren legean. Itz onek Italia, Alemania, Inglaterra, Franzia, ta España fedearen argiz bete zituan. Itz onek Amerikako bazterretan aienatu zuan idolatriaren gau illuna. Eta denbora oetan-ere zer ondasunak ez dakartzi itz Santu onek bear bezala entzuten dan errietan? Itz onek argitzen ditu adimentuak, desegiten ditu bekatuaren gelak, eta berotzen ditu Kristauak, Zerurako bidean gogoz ibiltzeko. Argatik deitzen dio Eskriturak: Sua bezalakoa: Quasi ignis, eta Jaunaren ots indartsua: Vox Domini in virtute. Itz onek ateratzen ditu bekatuaren bideetatik, beste gisatan zentzatu ezin diran asko bekatari, garizumako denboran, eta Misioetan iñoiz ekusten dan bezala. Itz santu onek askotan desegiten, biguintzen, eta gozatzen ditu biotzik gozakaitzenak, eta arri biurtuak zirudienak. Argatik Jeremiasek ipintzen du arraiak puskatzen dituan malluskaren pare: Sicut malleus conterens petras. Ekusten dezu, Kristaua, nolako mesedea dan Jaunak bere itz santua Eliz Ama Santari utzi dion eran utzitzea? Ta ala ere itz au entzuteko bidetik iges egin dezu ainbeste bider? edo egon zera gogo gaiztoarekin, edo lo? Eskergabekeriaren itsusia! Au ezagutu dezazun, goazen ekustera nolako aserrea agertu duan Jaunak beraren itz santua entzuten ez duenen, eta gaizki entzuten duenen kontra.

 

* * *

 

        Zeiñ-ere andia, eta baztergabea dan Jaunaren ontasun, eta miserikordia, ez da txikiagoa beraren zuzentasun, edo Justizia, eta aserratzen da askotan, ekusirik gure eskergabekeriak, eta ez gutxiena oek beraren itz Santuaren kontra diranean, era askora agertu digun bezala. Nolako aserrea agertu ote du bada Jaunak beraren itz Santua entzuten ez duenen, eta gaizki entzuten duenen kontra? Au aisa ezagutuko degu, begiratzen badegu, zer esaten duan Eskritura Santak, eta zeiñ kastigu izugarriak eigñ dituan Jaunak eskergabekeria onegatik.

        Baldin begiratzen badegu, zer dion gai onetan Eskritura Santak, arkituko degu beñik beiñ Isaias Profetagan mastiaren parabola. Ipiñi zuan Jaunak masti bat; itxi zuan, eta erdian egiñ zuan torre bat bere tolareakin. Egon zan mats gozoen ustean, baña oen lekuan eman zituan basa-matsak, edo gaziak. Expectavit, ut faceret uvas, et fecit labruscas. Ekusirik au esan zuan Jaunak: Nik masti eskergabe oni kenduko diot esia, sartu dedin nai duan edozeiñ, eta artu dezan gogoak ematen diona. Botako ditut egiñ niozkan pareteak, eta erabilliko due oñen azpian. Utziko det etze; ezta moztuko, edo iñausiko, ez eta atxurtuko-ere. Estaliko due sasiak, eta arantzak, eta aginduko diet odeiai, ez dezeela masti eskergabe onetan euririk batere egiñ. Nubibus mandabo, ne pluant super eam imbrem. Zer aditera ematen ote digu Jaunak masti onekin? Zer, bere itz santua, ta bere laguntzak kenduko dizkigula baizik, baldin entzun nai ezpaditugu bearen Zeruko dotrina, eta lege santa? Arkituko degu gañera Amos Profetagan, nola aditzera ematen dituan Jaunak gose izugarri baten berriak. Nik bidalduko det lurrera gosea, dio Jaunak: Emittam famem in terram: ez ogiaren gosea, eta ez uraren egarria, baizik nere itzaren gosea.

Non famem panis, neque sitim aquae, sed audienti verbum Domini. Ibilliko dira jendeak batetik bestera itz onen billa, eta ez due arkituko. Circuibunt quaerentes verbum Domini, et non invenient. Aditzen dezu, Kristaua, zer esaten zakun Eskritura Santan? Ekusten dezu, nolako aserrea agertu digun beraren itz santua entzuten ez duenen kontra?

        Baña are obeto ezagutuko degu au, egiñ dituan kastigu izugarrietara begiratzen badegu. Begira Orienteko bazterretara; denbora baten predikatu zan an Jaunaren itz santua ederki. An predikatu zuen Apostoluak berak, eta gero S. Zirilok Jerusalenen, S. Basiliok Zesarean, S. Gregorio Nazianzikoak, S. Juan Krisostomok Konstantinoplan. Nola arkitzen dira bazter aek? Mahomaren lege zatarra gordetzen duela. Begira Afrikara, an predikatu zuen S. Atanasio Alijandriako Obispoak, S. Ziprianek, S. Agustiñek, eta beste gizon andi askok, eta gaur arkitzen da Afrikako jendea, edo Mahomaren zorakeriai jarraitzen diela, edo idolatriaren illunbean. Atoz Europara, ekusiko dezu Rusia, Prusia, Olanda, ta Ingalterra herejiaren azpian, len gure Erlijio Santan bizi baziran-ere. Baña zertako nekatuko gera anziñako gauzai begiratzen baldiñ oraiñ bertan Jaunaren aserreak egiñ baditu kastigurik izugarrienak gure auzoan, edo Franziako Erreñuan? Emen ugari ereiten zan Jaunaren itz santuaren azia. Nola arkitzen da gaurko egunean? Itz santu onen gosete negargarri batean. Ez due Apaiz Katolikoak an bizitzeko-ere eskurik, eta beragatik ainbeste milla katoliko gaixo daude Jaunaren itz gabe, Sakramenturik gabe, eta fedea galtzeko perill andian. Nondik etorri zaio Franziari gose izugarri au? Etorri zaio, zeren Jaunaren itz santuak frutu gutxi ematen zuan, ugari ereiten bazan-ere, gizon jakintsu batek dionez. Ezta oraindik berrogei urte onek Franzian bere sermoietan deadar egiten zuala, etorriko zala Jaunaren itzaren gosetea, anziñatik Amos Profetak esaten zuan bezala, ezpazuan frutu geiago ematen ereiten zanak; eta ura beldur zan eran gertatu zaio Franziari. Au da, nere Kristau onak, gerok ekusten degun kastigu izugarria. Ez ote da au bera gertatuko gurekin ere? Eztakigu zer gertatuko dan, baña badakigu, gutxitu dala Jaunaren itz santua entzuteko gure aurrekoak zuen gogoa; gutxitu dala Jaunaren etxean egoteko errespetoa. Badakigu Jaunaren itzak ez dituala ematen lengo eran frutu ugariak. Badakigu, oztuaz dijoala fedea, Jaungoikoari ta lagun urkoari zor diogun amorioa. Badakigu atzenean, ezpagera zentzatzen, gure gañean eroriko dala Jaunaren aserrea.

        Zer frutu emendik atera bear degu? Lenengo frutua, Jaunaren aurrean umillatzea, eta ezaguturik gure eskergabekeria andia beraren itz santuari dagokan gaiean, erregutu bear diogu, ez gaitzala arren utzi beste Erreñu asko utzi dituan eran. Bigarren frutua entzutea Jaunaren itz santua biotz umill, eta mansoarekin Santiagok esaten digun bezala: In mansuetudine suscipite verbum insitum, quod potest salvare animas vestras. Irugarren frutua oraindañoko utsegiteen loietatik biotza garbitzea, eta aurrera kontuz bizitzea Kristauari dagokan eran. Onela iritsiko degu Jaunaren miserikordia, eta uste izan dezakegu betiko gloria. Au opa det zuentzat, eta neretzat, Aitaren, eta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa