www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesu-Kristo, eta Birjiņa txit santaren misterioen, eta beste zenbait gauzen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1817, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

BERROGEIGARREN ERAKUSALDIA

 

Ordikeriaren gañean.

 

Sicut in die honeste ambulemus, non in commesationibus, et ebrietatibus. Roman. 13

 

        Galde egin bide zioen bein norbaiti, zar batentzat zer gauza ziran onenak? Erantzun zuan: ardo gozoa, Jaungoikoaren itza, ta konzienzia garbia; iru gauz oek baña zer gauz obeagorik, ta gozoagorik izan diteke. Dulce merum, verbum Domini, mens conscia recti. Quid tribus his senibus dulcius esse potest? Ederki esana, nere Kristauak. Eskritura Santak berak esaten digu: ardoak, ta musikak poztutzen du gizonaren biotza. Vinum et musica laetificat cor, au bera dio Dabid Santuak-ere, Vinum laetificat cor hominis. Ekusiko dezue, ta ekusi-ere dezue iñoiz gizon adiñean sartu bat bere neke, kezka, ta egin bearrakin moteldua, ta illundua, ta ardo gutxi batekin aztutzen zaizkala bere nekeak, aienatzen illuntasunak, ta jartzen dala gogotsuago nekeari ekiteko, baita Jaunkoikoaren guazetarako-ere. Argatik zarrentzat, ta zerbait eri diranentzat ardoa modu onean edatea gauza ona da. Ez oraindik urik edan: edan-ezazu ardo gutxi bat, zure estomagoari, ta zure eritasunai begiraturik, esaten dio S. Pablo Apostoluak bere Timoteori karta batean. Noli adhuc aquam bibere, sed modico vino utere propter sthomacum tuum, et propter frequentes tuas infirmitates (1 ad Timoth. c. 5).

        Izanik ardoa berez ain gauz ona, ta gure onerako gure Jaungoikoak utzia, nork sinits zezakean au gure animen puzoi biurtuko genduala? Etzan erraz sinistea, baña gertatzen dana da ardoaz baliatzea gizona bere osasuna, bere anima, ta bere Jaungoikoa galtzeko, aztutzen dala bere Jaungoikoaz, ta Jaungoikoaren lekuan adoratzen duala bere ordikeriarekin ardoa, edo onen ordeko beste edariren bat. Anziñako denboran Españian ez omen zan testigotzat artzen orditzea gertatu zitzaionik, Aita Lohner jakintsuak esaten digunez. Hispani ne in testem quidem admittunt illum, qui semel ebrius extiterit (Verb. Ebrietas). Ain gauz itsusia, ain gauza nazkagarria zan orduan ordikeria. Baña egungo egunean zabaldurik ekusten degu miñantze lotsagarri au zarretan, ta gazteetan, itsatsirik azkenean emakumezko zenbaiti-ere. Griña lotsagarri au artzen duenak ez oi due ezertan artu bekatu au, ezauzi egiten due iñoiz Predikadore-ren batek deadarren batzuek egiten baditu gauz onen gañean. Onela bizi dira gerotik gerora geiago gogortuaz beren bekatuan, ta beti illak, ta gortuak Jaunaren itzak mella egiteko: beren gogo, ta biotz guziarekin daude beren kutun, ta adiskide laztan ardoagan: oni bialtzen diozke beren neke guziak, oni beren ansia, ta suspirioak: oni inzensu guziak.

        S. Agustin gloriatsuak esaten digu: onela edanean igarotzen, ta orditzen dira gizonak, zeren uste duen ordikeria edo gaitz txikia, edo ez txikia, ta ez andia dala; baña kontu estua eman bearrak dira Apaizak uste gaizto onezaz, dio Santuak, baldin beti, ta geratu-gabe aditzera ematen ari ezpadira beren kontuko animai, zer gaitzak, ta kalteak, ta zein andiak jaiotzen diran ordikeriatik. Tanta infelicitate se inebriant homines, quia putant ebrietatem aut parvum, aut nullum esse peccatum. Sed pro ista ignorantia maxime Sacerdotes in die judicii redituri sunt rationem, si commissis sibi populis, quae, quanta mala de ebrietate nascantur asidue notuerint praedicare (Serm. 232). Griña onen mendean bizi diranak ongi ekusi dezeen beren bizitza, ta ekusirik artu dezeen Jaunaren Legeak agertzen digun bidea, gai onen gañean itzegingo dizuet gaur... Itzegingo det garbiro, baña ez uste izan itzegiten dedala urliagatik, ta sandiagatik, zenbait misto gaiztok erausi oi duen eran: baizikan itzegingo det bekatu onetan erori diranak jeiki ditezen, ta txutik daudenak erori ez ditezen. Aurrena ekusiko degu zer dan orditzea, ta au ekusi ondoan ekusiko ditugu edanean igarotzeko makurtasunetik jaiotzen diran ondoren gaizto, ta kalte andiak. Aditu arren kontuz.

 

 

§ I.

 

        Santo Tomas Doktore Aingeruak, ta onekin gizon jakintsu guziak erakusten duenaz orditzea da Jaungoikoak bakoitzari eman dion ezaguera galtzea bere naiez, ta zer egiten duan dakiala. In eo quod homo sciens, et volens privat se ussu rationis (2.2. ae q. 150). Bekatu au berez bekatu larria, ta mortala da. Au sinistu nai ez padezu bekataria adiezazu zer dion Isaias Profetak. Ai! zuek ordikeriari jarraitzera goizean jeikitzen zeratenak, deadar egiten du Profet onek, ta ai! onekin aditzera ematen du gaiztakeria au dala bekatu andia, ta bekatu berekin betiko su, eta garrak dakaizkiana. Vae qui consurgitis mane ad ebrietatem sectandam (c. 5). Adiezazu S. Pablo Apostolua, onek esaten dizu ez duela ordiak zer egiñik izango Zeruko Erreñuan. Neque ebriosi regnum Dei possidebunt. Emendik, uste duanak, esaten du S. Agustiñek, uste duanak orditzea bekatu txikia dala, ezpadu beste bizimodurik artzen, ta orditzeaz penitenzia egiten, betiko neke-pena, ta betiko su, ta garren artean egon bearra da onelakoa besteren gizon, edo emaztearekin bekatura ziranakin batean, ta eralleen artean. Qui credit ebrietatem esse parvum peccatum, si se non emendaverit, et pro ipsa ebrietate paenitentiam non egerit, cum adulteris, et homicidis aeterna illum paena cruciabit (Serm. 232).

        Ordikeriako bekatu onetan erortzen dira 1.a ardoarekin, sagardo, mistela, ta edozeñ edarirekin moskortzen diranak ta orobat beren naiez tabakoarekin ezaguera galtzen duenak ere. (Vide super hoc disputatiunculam post doctrinam n. 1) 2.a ardoa, sagardoa, ta beste edariak ematen dieztezenak ordiko dirala ezagutzen diranai. Bear bada usteko dezue estu itzegiten dedala gai onetan, baña zaute jakiñean au dala jakintsu guzien iritzia S. Tomasekin batean. Egia da, edaria saltzen duanari kalte andiren bat etorri bear bazaio edaria ukatzetik, egin dezagun kontu bizitza, edo osasuna galtzea, edo beste kalte andiren bat orduan ez dala bekatu edaria ematea ordiko diranai-ere: baña esatea gutxi bestela salduko lizakeala: beste lekuren batean joango, ta an arrapatuko lukeela: erriertan, ta erausian egingo lukeela, au da nere Kristauak aitzakiak, ta apukoak billatzea Jainkoaren legearen kontra. Gutxi salduko lizake bestela? ta zuk or izan dezakezun irabazi piska orregatik nai dezu lagun urkoaren anima galtzea? Irabaziaren ona lagun urkoaren animaren kostuko irabazia. Beste lekuren batera joango lirake? ta an orobat ordiko lirake? Nondik dakizu zuk? Zuk egizu Jaunaren legeak agintzen dizuna, ta bestek gaizki egiten badu, ez dizu aren gaizkiaz Jaunak konturik eskatuko. Erriertan asiko lirake, iñork ez luke burutuko. Ain beldurtia zera erriertaren? ain ikakorra? Atozea kontuan gutxiago ematen badizue, edo pagatu nai ezpadizue eman dezun edaria, ez diezu eskatzen, naiz errierta egin dezeela? Bai noaski: ongi; ta txanpon bat, edo lau kuarto-gatik jasotzen badezu edaten duenen erausia, ta errierta, atozea ta ez dezu jasoko lagun urkoaren anima ez galtzeagatik?

        Irugarrena: Bekatu onetan erortzen dira lagun urkoari orditzeko bidea ematen dioenak. Ekusten dezu zure adiskide bat Tolosan, errian, edo edozeñ lekutan nai adiña kargarekin, ta bide zabalak-ere estu asko dituala: ta mesede andiren bat egiten bazenio bezala asitzen zatzaizka konbidatu bearrean: primo, cuñado vecino, hermano zer dioe arreok, ta ederkok? Atoz edan dezagun aen osasunara kuartillu bat. Badaramazu gisa onetan edatera, ta len erdi galdua bazegoan uzten dezu gero osotoro galdurik. Egiten dezu bekatu larria, nere Kristaua, zeren kentzen diozun zure lagun urkoari bere animako bizitza. Ekusten dezu beste adiskidea ongitxo jarria, esan oi dan bezala, ta osotoro galtzeko ez duala askoren bearrik izango: ezagutzen dezu brindiska asitzen bazatzaizka erantzun naiko dizula basoa jasotzeko kemena duan arten, ta au guzia dakusazularik arizatzaizka brindiska: Brindo pariente, señor vecino. Alcalde, Regidor, ta beste tristea zuri erantzun bearrik zabaltzen da guzia. Egiten dezu bekatu, zeren lagun urkoa beartzen dezun bere anima galtzera. Mediku jakintsuren batek brindisetan edaten diran osasuna oen gañean ederki esan bide zuen. Quo tibi potarum plus est in ventre salutum. Hoc minus a potis hisce salutis habes. Zenbat eta zure sabelean edandako osasuna geiago diran, anbat osasuna gutxiago izango da zugan, esan nai du. Onela bere lagun urkoa beartzen duanagatik dio gisa onetan S. Agustiñek: Lagun urkoa beartzen duanak bear baño geiago edatera, ta onela orditzera, etzion ez ainbeste kalte egingo ezpata batekin eritzearekin nola egiten dion ordikeriaren bekatuz anima iltzearekin. Qui alterum cogit: ut se plus quam opus est bibendo inebriet, minus malum ei erat, si carnem ejus vulneraret gladio, quam si animam ejus per ebrietatem necaret (serm. 231 de temp). Beste batzuek eman oi dioe lagun urkoari edanean igarotzeko bidea edo zorakeriaren batzuek ekusteagatik, edo aditzeagatik, edo beren bizarrotasuna agertu bearrean. Au gerta diteke edozeñ denboraz, baña batez-ere egur zaleak diranak, festa denboran, edo iñuterian. Ea! ta gizonaren doakabetasuna, dio S. Agustiñek: zenbat dira edale, ta lujuriosoak bear baño geiago edatera beartzen dituenak, ta ateetan eske daudenai baso bat-ere ematea gogorako etzatenak! Eh! infelicitas generis humani! Quam multi inveniuntur, qui ebriosos, et luxuriosos amplius quam oportet cogunt bibere, et ante ostium pauperibus petentibus vel unum calicem disimulant dare! ibidem. Atzenean bekatu mota onetan erortzen dira zenbait jokalari, ta tratugille, egiten duela alegiña laguna orditzeko, onela zabar-erazteko jokoan, edo tratua merkeago eragiteko.

        Edanean igarotze au bekatu larria izateko bear dira iru gauza. Lenengoa da ezagutzea batek zer egiten duan, ta ezaguera onekin zenzua galtzeko perillean jartzea. 2.a bere naiez ezaguera galtzea, edo galtzeko perillean jartzea. Bi gauz oek txit ederki oi duan bezala aditzera ematen ditu S. Tomas Aingeruak. Iru gisatan gertatzen da orditzea, dio Santuak. Tripliciter contingit ebrietas. Lenbizia gerta diteke ez ezagutzea batek geiegi edaten duanik, ez eta edaten duanak orditzeko-diña indar duanik-ere, ta ustekabean ezaguera galtzea, ta onela orditzea izan diteke bekaturik-gabe, dio S. Tomasek. Et sic ebrietas potest esse sine peccato. Ala gertatu zitzaion Noe gizon Jaungoikoaren adiskide andiari. Gañera gerta diteke batek ezagutzea bear baño zerbait geiseago edaten duala, baña uste ez izatea edaten duana orditzeko diña dala, ta onela orditzea izan diteke, dio Santuak, bekatu benial utsarekin. Et sic ebrietas potest esse cum peccato veniali. Atzenean gerta diteke, gertatzen dan bezala, ezagutzea batek geiegi, ta orditzeko diña edaten duala ta ezaguera onekin edaten aritzea, ta onela orditzea, edo orditzeko perillean jartzea da bekatu larria, edo mortala dio Santuak berak: onela alabaña galtzen du batek bere ezaguera bere naiez, ta zer egiten duan dakiala. Et sic ebrietas est peccatum mortale, quia secundum hoc homo volens, et sciens privat se ussu rationis (2.2. ae q. 150).

        Bitor, esango due oraiñ edanerako oitura duenak, nere gaiztakeria guzia au da, ez det ezer ostutzen: ez iñor iltzen; jakiña da nere bekatua, ta au ur bedeikatuak daramana; ni alabaña ez naiz nere naiez sekulan orditu; galanki edatea nai izan det, baña orditzerik ez. Ona etsaiaren engañio anima galgarria. Nere Kristaua, edanerako oitura ez duan bati, edariaren berririk ez duan bati gerta dakikeo orditzea ustekabean, ta bere borondatearen kontra, Noeri bezala, baña ordiari? ez, geienean beintzat: onelakoa orditzen bada orditzen da bere naiez, ta orditzen da zer egiten duan dakiala, badaki alabaña lenago zer gertatu zaion, ta jakin beer du gutxi bat gora bera aurrera zer gertatuko zaion. Ezin izan diteke maiz orditzea bat, ta ez orditzea bere naiez, ta zer egiten duan dakiala, esaten du S. Tomasek. Non potest esse quod homo asidue inebrietur, quin sciens, et volens ebrietatem incurrat.

        Edanean igarotzea bekatu larri, edo mortala izateko orditzeak bear du izan osoak, au da osotoro ordi bear da, edo osotoro orditzeko perillean jarri bear da. Noiz dan ordikeria osoa, noiz bitartekoa, edo erdimerdi esaten zaiona ez da beti erraz ezagutzen. Edaten dezu ongitxo, ta jartzen iztun, edo mututurik; edo mingaña asitzen zatzu tillipillit, tillipillit egiten dizula olio geiegiarekin; belaunak jartzen zaizkitzu kargapean dardaraz, iduritzen zatzu bat bi, lurra, ta etxeak mugitzen dirala uste dezu: aldeskoan gabiltza. Edan da egin dituzu, edo esan edan gabe zaudenean egin, edo esan ez oi dituzun gauz loiren batzuek: etzera oroitzen norekin egon ziñan, non, ta nola: etzera oroitzen zer esan, zer egin, ta nola etxera ziñan? Arrasto oetatik atera ditekeala, dioe Doktoreak, otso zarra, edo otsakumea zan. Baña emen, emen ongi gogoan artu bear didazue gauza bat: naiz ordikeria ez osoa izan, baldin edanerako makurtasun, ta oitura orretatik kalte andiren bat badatorkizu zuri, edo zure emazteari, edo umeai, edo beste lagun urkoren bati dala osasunan, dala animan, edo ondasunetan, orduan oitura ori kalte oekgatik izango da bekatu larria. Argatik oitura onen mendean jartzen diranak geienak bizi dira bekatu larrian, bizi dira konfesio onik egin gabe, ta atzenean Sakramenturik ezin artu dezakeen bezala, griña onetatik jaiotzen diran kalteakgatik.

        Ekusirik zer dan orditzea, ongi ezagutzeko zein lotsagarria dan ordikeriaren griña, ekusi bear ginduke onen ume onak, edo garbiroago esateko edanerako makurtasunetik jaiotzen diran ondoren gaizto, ta kalte arrigarriak. Edanerako makurtasunetik jaiotzen dan aurreneko kalte, ta ondoren gaiztoa da Jaungoikoak gizonari eman zion bere antz, ta imajiña ederra illundurik, itsusturik, loiturik, ta zikindurik uztea. Fedeak erakusten digun gauza da, gizona egin zuala bere Egille andi, ta Jaungoiko onak bere antzera: egin dezagun, esan zuan Trinidade guziz Santak, gizona gure antzera. Faciamus hominem ad imaginem, et similitudinem nostram. Argatik eman zizun zuri, bekataria, zere animan esku-indarra gauz on asko egiteko: eman zizun adimentua ona, ta gaitza, ta zere Egille ona ezagutzeko: eman zizun oroipena beraz oroitzeko, ta borondatea bera maite izateko. Onela ipiñi zinduan bere antz, ta imajiña eder egiñik. Ongi: ta non da Jainkoaren antz, ta imajiña eder au edanarekin galtzen zeranean? non da gauz onetarako esku-indar ura? non ezaguera? non oroipena? ta non borondatea? ez da ya ezagun Jaunaren antz, ta imajiña ederra, ta ez da ezagun zentzugabeko animalien arteko zeran, edo ez. Esazu, o gizona, dio S. Basiliok, zer gauzatan zentzu gabeko animalien goitik ipiñia zeran? etzera arkitzen zentzurik ez duen guzien gañetik gauza guzien Egille andiagandik artu zenduan ezagueraren doaiarekin, etzera arkitzen guzien jabe, ta agintari egiñik? Baña zure ezagueraren doai, ta argi au galdurik zere ordikeriarekin, ongi konta zaitezke zentzugabeko animalien artean, ta aen antzeko idurin dezakezu. Qua in re, homo miser, a brutis differs? nonne rationis munere, quan a Deo omniun Conditore accepisti, reliquae creaturae factus Dominus, et imperator? hoc igitur te mentis lumine per ebrietatem privans inter bestias ratione carentes numerari poteris et illis similis videri (D. Basil. Homil. inebrietatem). S. Juan Krisostomok dio zentzugabeko animaliak baña ere gaiztoago biurtzen dala gizona ordikeriarekin zenbatez obea da astoa gizon ordia baño, zenbatez zakurra? Zentzurik ez duen animalia guziak asko duen janariaz, ta edariaz gañera ez dira igaroko, naiz milla gizonek onetarako tenta ditzala. Zentzugabeko animaliak baña-ere bada gaiztoagoak zerate zuek edanean igarotzen zeratenak, dio Santuak. Quanto melior asinus ebrioso est? quanto expertes sunt, cum bibunt, aut cogerent, ultra quam salis est, etiamsi mille homines cogerent, nunquam elabuntur: pejores igitur irrationabilibus vos estis, qui inebriamini (Homil. 58 in Math). Orobat esaten du S. Agustin gloriosoak (serm. 231). Emen ongi gogora ekarri, ongi ezagutu ezazu, Kristaua, orditzearekin zere Jaungoikoari egiten diozun bidegabe ikaragarria. Esan gidazu baldin gure Errege Jaunaren antz, ta imajiña bat ekusiko bazendu nork-ere bait oiñ pean darabillela, ta loiez, edo txistuz loitzen, da zikintzen zer esango zenduke? Bidegabe ikaragarria Erregeri egiten zaiola esango zenduke, ta pena andia dagokana. Zer izango da Trinidade guztiz Santaren antz, ta imajiña ederra zuk edanarekin ipintzen dezun eran ipintzea? guzia loitua, illundua, zikindua, ta zentzugabe animalien antz egiñik? Edanerako oitura, ta makurtasunetik jaiotzen dan 2.ren ondoren gaizto, ta kaltea da osasunaren, ta bear bada bizitzaren galtzea. Edanean igarotzea osasunaren galgarria dala, esaten du Hipokrates, Medizinaren Gurasoak. Espiritu Santuak berak dio, asko bukatu dirala edan geiegiarekin. Propter crapulam multi obierunt (Eccl. 37). S. Juan Krisostomok dio, edanerako makurtasun onetatik jaiotzen dirala gaiz senda ezin ditezkeanak, edo sendatzen txit gaitzak diranak, eta ezpaliz infernurik-ere dakaizkian eritasunak-gatik berak-gatik utzi bear lizakeala. Etiamsi nulla esset gehena, nullumve alius incommodum propter morbos, merito esset fugienda (D. Chrisost. hom. contra crapul. t. 5). Atozea, Kristaua, zenbat bider aditzen dezun egia au zeregan ezagutu dezu? astean zere nekean ari zerala ongi arkitzen zera, azkar edozein guzatarako, baña onera etorri, ta arrapatzen dezunean geratzen zera moteldua, buru pisuarekin, ta asterdiraño bear bada bearrerako gauz etzerala. Zenbat berri gaizto izaten dira urte bakoitzean edanagatik?

        Edanerako oitura, ta makurtasunetik jaiotzen dan 3.ren ondoren gaizto, ta kaltea da ezertako ez dala bat uztea. Asko gizon dira berenez zintzoak, ta gauz askotarako azkarrak, baña beren edanerako makurtasunarekin ezertarako ez biurtzen diranak. Zertarako izan diteke erri batean edanari jarritako gizon bat? Ezin onelakoari erriko kargurik eman dakikeo, zeren bere oitura gaiztoarekin berekin beste askoren animak galduko litukean. Zer kontu egingo luke onelako Alkate batek taberna goiz itxi-erazteko, ta ordu onean bakoitza bere etxera bialtzeko? Zer kontu Meza nagusiko, edo bezperetako denboran ardoa saltzen duenai, ta jokalariak beren etxeetan idukitzen dituenai dagoten pena emateko? Bera guziak baño gaiztoago izango lizake. Ta zer izango lizake onelakoak Errejidore, edo Diputadu egingo balira? Zer? trago bategatik beren animak bear bada etsaiari ematea. Kontu, kontu karguak aututzeko eskua izaten duenak; bada onelako aukera makurretatik oker, ta kalte asko etortzen dira, ta guziak karguak ematen dituenen gañean.

        Edanerako makurtasunetik jaiotzen dan 4ren ondoren gaizto, ta kaltea da etxeari dagozkan gauzetan zabartzea, ta alferkeriari ematea; ta nekazari batek alferkeriari eder-etsitzera ezkero zer uste izan diteke, ezpada emaztearen, da umeen negarra, biraba, larrugorritasuna, ta guziaren gabea? Ardoa adiskide duana ez da aberastuko, dio Espiritu Santuak. Qui amat vinum, et pinguia non dilabitur. Nekazari edalea ez da aberastuko, dio beste leku batean. Operarius ebrius non locupletabitur (Eccles. 19). Athenas deritzan erri andi batean zuan guzia garbitu zuan edanean Kalias zeritzan batek: neguaren erdian ekusten du norbaitek kaleetan larrugorrian, ta badio isekaz: Kalia ardoak lumarik gabe, ta mutildurik utzi du. Hic a vino deplumatus est. Zenbategatik au bera esan diteke, nere Kristauak, egungo egunean? Au guzia ederki adirazten digu Arsdekin deritzan gizon jakinsu batek era onetan: gizon edalea da, dio, anzararen antzekoa: anzarak nai du beti mokoa iduki bustian, nai du egon deadarka, ta nekerik-gabe, ta au bera nai oi du gizon edaleak. Baña zer gertatzen zaio atzenean? gertatzen zaio antzarari gertazen zaiona bera: antzara gaixoari kentzen diozke atzenean dituan luma guziak, sartzen due burruntzi batean, ta erretzen due; eta ori da gizon edalearen bukaera, edalea bere edan bearrarekin, ta alferkeriarekin zorrez betetzen da, uzten due lumarik gabe artzeko-dunak, eramaten due etsaiak betiko su ta garren artera, ta an erretzen due, ta erreko due Jaungoikoa Jaungoiko dan artean. Sicut anser in fine deplumatur, et ad ignem asatur, ita ebriosus tamdem omnibus bonis deplumatur a creditoribus, et positus in inferno assatur a Daemonibus. Edanerako makurtasunetik jaiotzen dan 5ren ondoren gaizto, eta kaltea da guzien farragarri, edo obeto esateko guzien lotsagarri egitea; edanak eragiten ditu alabaña, ta erasaten gauza lotsagarriak. Argatik Konzilio batean esaten da: orditzea Kristabarentzat gauz itsusi, ta lotsagarria dala. Ebrietas dedecus est cuique Chtiano. (Conc. Aquisgran. Sub Greg. IV). Noe Eskritura Santak esaten digunaz batean, zan Jaunaren adiskide andia, bere adiñagatik, bere bizitza, ta oitura onagatik gizon guziz beneragarria: seieun urte urarekin igaro ondoan ipiñi zuan mastia, egin zuan ardoa, ta uura bezala zalako ustean edan zuan bear baño geiago, ta galdu zuan bere ezaguera. Edanaren kontua: seieun urtean ain beneragarria izan zan gizona jartzen da guzia erauntzirik, agerturik, ta lotsatzeko eran, ta bere umeetatik batzuek iseka egiten dioela. Emendik etorri zan gero Noeren aserrea bere ume lotsagabe oen kontra, emendik ume oek, ta oen jatorria madarikatua izatea. Noe gizon ain beneragarriarekin au edanak egin zuanean, zer egingo ez du berenez ariñak, zentzu gutxikoak, edo Jaunaren beldur gutxikoak diranakin? Agrijento deritzan leku batean jarri ziran egun batean edaten mariñel batzuek: edaten due galanki, ta edaten, due arrapatzeraño. Edanak eman oi dituan iduripenakin iduritzen zate itsasoan daudela, ta ontzia galtzeko perillean dabillela: etxea zebillen alabaña aen buruan azpikoaz goora irauliaz: iduripen onekin asitzen dira ontziari karga gutxitzen: artzen ditue oiak, botatzen ditue leiotik bera: artzen ditue koltxak botatzen ditue: artzen ditue kutxak, an dijoaz oek-ere. Etzan alaere ontzia geratzen bere iraultzeko mugimentuan, guzia zegoan alabaña mariñelen buruko zorabian; zer egiten due? etsirik ontziaren galtzeaz erauntzitzen dira guziak, ta larrugorrian jarririk ateratzen dira egunaren erdian, edo beintzat argitan igari itsasoan bazeuden bezala. Begira, nere Kristabak, zer ekuskaria gisa onetan legorrean, ta egunaz gizonak ekustea igari! Farra egiten dezu, Kristaua, ipui au aditzean, baña atozea etzatzu zuri onenbeste gertatu? Atozea, etzera iñoiz bide orietan eraunzi oira zuazelako ustean? Etzera aritz, edo gaztañekin borroka asi gizonen batzuek diralako ustean? Etzera deadarka, ta ojuz ibilli lorretan bazenbiltza bezala? Ai! nere Kristau onak! oek, ta beste leku onetatik ezin adierazi nitzakean gauz asko ekusi dituzue zerok, edo gutxienean aditu.

        Edanerako makurtasunetik jaiotzen da 6ren ondoren gaizto, eta kaltea da emaztea, ta umeak naigabez, kezkaz, ta atsakabez igartzea. Gizona ezkontzeko Sakramentuarekin geratu zan beartua bekatu larriaren azpian bere emazteari bizitza pakeazkoa, ta ona bere alegiñean ematera, naigabez, kezkaz, premiaz gogaitzeko biderik batere ematen ez diola. Ongi: ta gizon batek edanerako makurtasun au artu ezkero zer bizitza emango die bere emazte, ta ume tristeai? zer kezkak, gauak gizonaren zai, ta noiz berri gaiztoren bat izango duen beldurrak aidean daudela? Zer gogaitzeko bideak betiko billabearrarekin, umeen negar eta larrugorritasunarekin, zorren estutasunakin? Izan diteke gurutze pisuago, ta martirio luzeagorik bizimodu au baño? Non dira bizimodu onek geienean ekarri oi dituan birabak, erriertak, ta auzoak asaldatzea? Nork kontatu onelako bizitzak dakaizkian kalteak, ta bekatuak?

        Edanerako makurtasunetik jaiotzen dan 7ren ondoren gaizto, ta kaltea da erausia, ta ixillik egon bear lukeen gauzak agertzea. Ez da sekretorik batere ordikeria dan lekuan, esaten digu Espiritu Santuak berak. Nullum secretum est ubi regnat ebrietas (Prov. 31). Nork estali, ta gorde du tragoen artean, gorderik iduki nai zuan gauza? esaten du S. Anbrosiok. Quis inter Cyathos texit quod tacere cupiebat. Edanean igarotzea da tarantula deritzan puzoia bezala. Tarantularen puzoiak batzuek ipintzen ditu algaraz, lertzeko zorian, besteak uzten ditu illun, ta beltz; batzuek pozez asitzen dira saltoka, ta ezin iñork gera-erazi ditu; besteak artzen ditu arrabia latzak guziai ekiteko ortzka, aginka, ta golpeka. Ala da, edo puzoi onen antzekoa bada edanean igarotzea. Edanaren tarantularekin ekusiko dituzue batzuek, ezeri ez dagokala, eragabeko farra, algara, deadarrak, ta iru oiduak egiten, beste batzuek saltoka, ta lasterka ta iñoiz gauaren erdian zezenka, iñoiz neronek ekusi dedan bezala: batzuek mututurik, ta besteak txit iztun. Ta atzeneko au da geienean eskusten dan edanaren miraria. Edanarekin egiten zaio mingañari ezin ixillik egon bat erlejuari olio geierekin egiten zaion bezala: ardoarekin batean igari asitzen dira biotzean gorderik zeuden gauzak igotzen dira mingañaren puntaraño, ta gero an dioaz guziak. Etzaie orduan barkatzen Apaizai, Predikadore, ta konfesoreai; etzate barkatzen etxekoai, eta ez auzoai; etzate barkatzen ezkonduai, ez donzellai, agertzen dira bear bada oekin egindako ibillerak, ta bekatuak.

        Edanerako makurtasunetik jaiotzen dan 8ren ondoren gaizto, ta kaltea da aserrea, leia, ta tximera. Auzien Ama deitzen dio S. Buenabenturak. Parens litium (De sex alis Cherub). S. Isidorok dio orditzea dala biotzean aserrearen baga gaiztoak eraigitzea. Cordis furorem (De summo Bon). Baña gutxi da au guzia Eskritura Santak dionaren aldean. Jendearen asaldazio, aserre, ta kimerak dakazkian gauza da ordikeria, dio Espiritu Santuak leku batean. Luxuriosa res vinum, et tumultuosa ebrietas (Prov. 20). Ardoak, ubari edanda, berekin dakaizki aserrea, ta kalte asko, dio beste leku batean. Vinum multum potatum irritationem, et iram, et ruinas multas facit (Prov. 31). Norgan dira aiak! noren gurasoak ditu naigabea, ta negarra? Norgan aserrea ta leia? norgan zuloak, norgan bidegabeko zauri, edo eridak, norgan begietako kataratak, ezpada beren etxea ardoaren lekuan ipintzen, ta beren ansia basoak itzultzen daukeen aetan? Au guzia Espiritu Santuak berak dio. Cui vae? Cuius. Patri vae? Cui rixae? cui foveae? cui sine causa vulnera? Cui suffusio oculorum? nonne his, qui commorantur in vino? et student calicibus epotandis? (Prov. 23). Ezagutu dituzue zenbait gizon, edan gabe daudenean, txit pakeatsuak, ongi itzegiñak, ta biotz onekoak, baña, zer lastima! edatearekin dirudi sartzen zatela aserrearen, leiaren, ta tximeraren Demonioren bat: iduritzen zate zuria nabal: iduritzen zate guziak beren kontra dazaustela, ta emendik zer kalteak! Zer aserreak etxeetan, auzoetan, errietan! Zenbat anima etsaiaren atzaparretan! Nere Kristau onak, egun oro ekusten da egia au.

        Edanerako makurtasunetik jaiotzen dan 9ren ondoren gaizto, ta kaltea da, etxekoai, auzoai, ta errikoai ejenplo gaiztoa ematea. Edozeñ guraso, ta etxetako buru beartua dago bere ume, mirabe, ta gañerakoai Zerurako bidea erakustera ez itz utsakin, baizikan itzez, ta bizitza onez. Onetan zabarra, ta nagia dan gurasoa ez absolbitzeko esaten digu S. Karlos Borromeok; ta S. Pablok dio, onelako gurasoa dala fedegabea, ta fedegabea baño ere gaiztoagoa: est infidelis, et infideli deterior. Atozea, gizon edalea, ta nola zuk erakutsiko diezu zere ume, ta mirabeai Zerurako bidea? baldin zerori bide au utzirik bide okerretik bazabiltza? Nola erakutsiko diezu maiz, ta ongi konfesatzen, zerori berandutik berandura, ta gaizki konfesatzen bazera? Nola erakutsiko diezu bekatuaren bideetatik aldegiten, zerorrek aldegiten ezpadezu? Nola goiz etxeratzen, zerori umeen kontu gabe beranduraño tabernan bazaude?

        Edanerako makurtasunetik jaiotzen dan 10ren ondoren gaizto, ta kaltea da lujuriaren sua erazekitzea. Nork dio ori? Elizako Konzilioak; Lujuriaren gurasoa deitzen dio Remni deritzan erri batean oraiñ berreun urte bezala egin zan Konzilioak. Libidinis parens (Conc. Rem. anno 1589). Nork dio au? Au dioe Elizaren guraso, ta gizon jakiundez, ta birtutez beteak. Edanaren ume nagusia da lujuria, dio S. Zirilo Alejandriakoak. Gauza miragarriagoa da edaleentzat garbi bizitzea, edo lujuriaren loikerietan ez erortzea illak piztutzea baño, dio S. Bizente Ferrer-ek. Ebriosis caste vivere est majus miraculum, quam mortuos suscitarek (Dom. 2 post oct. Pasch.). Demonio beraa, puzoi dultzea, ta bekatu goixoa da ordikeria, dio S. Agustiñek. Ebrietas est blandus Daemon, dulce venenum, suave pecatum (Ad Sacras Virg.). Gauza luzea izango lizake, dio S. Jeronimok, ordikeriak ekartzen dituan kalteak, ta bekatuak banaka ukuituaz joatea, ta zentzugabekeria guziak adiraztea. Asko izan bedi oraiñ esanik uztea: ez det nik iñoiz-ere ordia garbi, edo kastotzat sinistuko. Longum est ire per singula, et insanias, quas ebrietas suggerit, explicare: Hoc nunc dixisse sufficiat: nunquam ego ebrium castum putabo (In cap. 1 epist. ad Titum). S. Anbrosiok ez du gutxiago esaten: ez dituzue ekusi zaldiak lujuriaren luarekin nola irrintziaz, ta asaldatuak bere gurarekin egon oi diran? Zaldi onelako biurtzen dira gizonak edan geiegiarekin dio Santuak, zeren berenez duen berotasunaz gañera ardoarekin erazekirik ezin eskura ditue beren buruak, ta mugitzen dira zentzurik ez duen animalien zikinkerietara: Per hanc (id est ebrietatem) fiunt ex hominibus equi adhinientes: siquidem naturali vapore corporis calidi, et praeter naturam vini calore flamati, cohibere se non queunt, et in bestiales libidines excitantur (De Elia et ieiun.). S. Basiliok oraindik geiago dio. Askoz gaiztoak deriztet ordikeriak azpian artu dituanai bestia, edo zentzugabeko animaliai baño, dio Santuak. Animaliak alabaña baditue elkarganatzeko lege denbora, ta ordu jakiñak, baña edaleak denboren, ta orduen begiramenturik gabe, izan gaba izan eguna, izan bakarrean, edo iñor begira dagoala, edo oartzen dala lujuriaren atsegin loietarako dira. Ino et bestiis longe pejores existimaverim eos, qui ab ebrietate superantur, com illae coueundi status habeant leges, et horas, hi vero nullius temporis, et horae rationem habentes, negissimis complexibus, et amoribus inter se utuntur (Homil. in ebriet.). Au guzia asko ezpada zuk sinisteko nik esan dedan egia, adiezazu zer dioan Espiritu Santuak S. Pabloren ezpañaz: etzaitezela ardoan igaro, esaten digu S. Pablok, zeren onetan dagoan lujuria. Nolite inebriari vino, in quo est luxuria. Nere Kristauak, ez da maiz asko ekusten edaleetan au? Ez dituzue ekusi edaleak naiz zarrak, naiz ezkonduak izan itz lasai-loiak darieztezela, keñadak edozeñ emakumeri egiten, edo bearbada geiago? Zer esango det Matrimonio Santuak debekatzen dituan asko kontuz?

        Aditu bear dezue Eskritura Santak Lothen gañean dakarren gauz arrigarri bat. Loth bizitu zan urte askoan Sodoma zeritzan erri batean: erri onetako jende guzia txikia, ta andia itsutua, etziña, ta usteldua bizi zan lujuriaren zikinkerietan, gizonak gizonakin, ta emakumeak emakumeakin elkarrekin lotsatzen etziran bezala. Ainbesteraño itsutuak zeuden, zeñ Lothen etxera etorririk Aingeruak zaldun ederren idurian, bildu zan erriko jendea, inguratu zuen Lothen etxea, ta deadarrez eskatzen ziozkeen zaldun aek, aekin beren gura loiari atsegin egiteko. Atzenean Jaunak erria, ta errikoak auts biurtu zituan Zerutik bialtzen zuala sufrez, ta betunezko sua. Erri onetan bizitu zan Loth Jaungoikoaren beldurrean, ta bere emazte, ta umeakin atera erazi zuan Jaungoikoak Loth erriaz kanpora erriaren gañ su, ta garrak bialdu baño len. Atera zan Loth, ta gelditu mendi batean. Bere alaba zarrenak esaten dio gazteagoari. Adiezan gure Aita zartu den ya, ta ez den gizonik geratu lurrean gurekin ezkondu ditekeanik. Pater noster senex est, et nullus virorum remansit in terra, qui possit ingredi ad nos iuxta morem universae terrae. Uste zuen Lothen alabak Sodoma Gomorra, ta beste iru erri erreak ziranean gizon guziak aitu zirala, edo laster aituko, ta beldur ziran ekzongai geratzeaz. Zer egiten, ta zer asmatzen due? Zer? ezkondu bearrik zuzen, edo oker jartzen diran askok egiten duena, edo bide oker galdua artzea. Ator, esaten dio, aizpa batak besteari, ardoz moskor dezagun, ta lo egin Aitarekin. Veni inebriemus eum vino, dormiamusque cum eo. Aita, txurrut, ta txurrut emanaz, moskortzen due, ta gauz arrigarria, nere Kristauak! Sodoman ain jende galdu-ustelduaren artean Jaunaren beldurrean iraun zuan gizona edanean igarorik erori zan bere bi alabakin, biak aurdun uzten zituala (Gen. 19). Ekusten dezu, Kristaua, zer dan edanean igarotzea lujuriarentzat? (Homil. 7 in Lev.) Baña zer diot lujuriarentzat? deitzen badio vitiorum omnium mater, bizio guzien Ama; deitzen badio Konzilio batek bizio guzien ardagaia, ta iñudea? Omnium vitiorum fomes, ac nutrix (Conc. Agath.). Eta atzenean bizio au utzi nai ez duana eskomikatzeko agintzen badu Mogunziako Konzilio batek.

        Atzenean, noiz-ere bait doktrina au bukatzeko, edanerako makurtasunetik jaiotzen dan ondoren izugarriena da animako gorreria, gogortasuna, eta eriotza gaiztoa. Ez uste izan, bekataria, zu ikaratzeagatik nere burutik ateratzen dedala au, ez, ez; au da egia bat Elizako Doktoreak aditzera ematen diguena. Eskritura Santak esaten du bekatuaren bidez dabiltzanak-gatik: Dagroien beazuna oen ardoa, ta suge lotariaren puzoi ezin senda ditekeana. Fel draconum vinum eorum, et venenum aspidum insanabile (Deut. 32). Eskritura Santaren itz oei dagotela esaten du S. Anbrosiok gisa onetan: ederki dio Eskritura Santak puzoi ezin senda ditekeana; asko sendatzen dira alabaña beste suge, edo bekatuen puzoietik, baña ordikeriaren puzoietik iñor ere, dio Santuak. Pulchre additur insanabile; multi enim a reliquorum serpentum veneno curantur nemo ab ebrietate (De Elia, et ieiun. c. 14). Geiago oraindik aditu nai badezu, galde giozu S. Juan Krisostomori, zer dan gizon ordia, ta zer ordikeria? gizon ordia da, erantzungo dizu, ill oraindik animarekin arkitzen dana, bere naiez Demonio biurtu dana: Homo ebrius est mortuus animatus, Daemon voluntarius. Ordikeriarako makurtasuna, da, esango dizu animaren tisika, edo minantze kurarik, ta barkaziorik ez duana. Morbus veniam non habens, ruina excusatione carens, commune generis nostri oprobim (Hom. 1. ad Pop. Anthiochen.). Badakizue nondik jaiotzen dan minantze au onen gaiztoa izatea? Ara nondik: gazterik artzen du askok ardorako, ta edanerako griña au; Jaunaren graziarekin aisa gazteak garai lezake bere griña au, baña ezauzi egiten da denbora aetan; zartzen da gizona, ta bere zartasuna alde batetik, ta bere griña beste aldetik eske, ta eske dagozka edariaren berotasuna, ta ezin daude ya beren buruak galdu arte. Ustai gaia berde dan artean, okertu arren, erraz zuzenduko da, baña zartu bada, ta legortu upelari dauskiola ez da geiago zuzenduko. Gerrietako miñarekin gizon gaztea zenbait denboran makurturik ibilli arren, uste izan diteke zuzentzea, baña baldin gaztetanik zartzeraño kakoturik, ta makurturik egon bada, nola zartzean zuzenduko da?

        Zer bada, esango dezue, ez da onelako bekatarientzat sendatzeko, ta Jaunaren legeko bide zuzenean sartzeko usterik? Etsirik egon bearrak ote dira Zeruaz? Nere Kristau onak ez nuke nai esan iñor geiegi izutzeko gauzarik, baña alaere aditzera emango det gaiak eskatzen duana. Oitura onetan sartu ez diranak, ekusirik, ta ezaguturik berekin duen perill andia, egin bezee alegiña iges-egiteko makurtasun onen mendean jartzetik, aldegiten duela edaleen batzarre guzietatik. Baña miñantze onekin arkitzen diranak zer egingo due? egin bear duena da zerbait denbora artzea negar egiteko, ta ezagutzeko beren bekatuak, beren utsegiteak, ta egin dituen kalteak, ta ongi prestaturik egin gobada on bat, zeren lenekoak onak izan ez diran. 2.a Aldegin tabernetatik; aldegin edanean igarotzeko perilletatik. 3.a Iñoiz nai ta ez lagunakin bildu bearren bat tabernan, edo beste lekutan gertatzen bazaio, edo ez edan, edo edan urarekin, edo beintzat ez igaro on egingo dioela dakian trago aetatik. Premiarik ez danean lagunakin egoteko aldegin arras, ta osotoro sendatu nai duanak. 4.a egunean bein gogoan erabilli Jesusen neke oñazeak, ta batez-ere gure jan-edan geiegiagatik gurutzean igaro zuan egarria, ta eman zitzaion edari samiñ beazunez nastua, onela egun oro saiatzen dala, maiz konfesatuaz, ta bere animaren sendatzalleak esaten diona egiñaz, mugituko du onelako bekatariak bere Jauna bere graziaren indar-laguntzeak ubari ematera, mugitzeko bekatu guzien barkazioa, ta grazian irauteko indarra ez ukatzera. Au egin nai duanak, nere kontu, bere etsaiaren gorri gaiztoan-ere, izango du eriotz on bat, ta atzenean eriotza onaren saria betiko glorian. Au opa dizuet guzioi Jesu-Kristoren Pasio Santuaren bitartekoz Aitaren, ta Semearen, ta Espiritu Santuaren izenean. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa